Autobusen ordutegiak luzatzea, ospitaleetako zerbitzuak areagotzea, herrietako jaietako zerbitzuak indartzea, gauetako hainbat zerbitzu hobetzea eta garraio bideak koordinatzea. Herritarren iritziak kontuan hartuta, horiek dira Gipuzkoako Foru Aldundiak autobus zerbitzuan egingo dituen aldaketa orokorrak. Urtebeteko parte hartze prozesuaren ondoren, eskualde gehienetan 2015. urte hasieran jarriko dute martxan zerbitzu berria. Aldundiak lehen baino %36 diru gehiago erabiliko du autobus zerbitzuan, eta 57 lanpostu sortuko ditu.
Larraitz Ugarte Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatuak eta Unai Erroitzenea Mugikortasuneko eta Garraioetako zuzendariak lehengo astean eman zituzten zerbitzu berriaren inguruko azalpenak. Datozen asteetarako, berriz, hainbat bilera informatibo antolatu ditu aldundiak, eskualdez eskualde. Hiru bilera eginak dituzte aste honetan —Beasainen, Arrasaten eta Eibarren—, eta beste bost egingo dituzte azaro aurretik: Zumarragan, Hernanin, Azpeitian, Tolosan eta Zarautzen. Herritarrei parte hartzeko deia egin diete.
Autobus zerbitzua hobetzeko prozesua iazko urrian jarri zuen martxan diputazioak, eta lau fase nagusi izan ditu. Herritarren beharretara egokitutako zerbitzua eskaintzeko ezinbesteko jo zuen haien ekarpenak kontuan hartzea. Hori horrela, herritarren iritziak bildu zituen lehen fasean, urritik azarora bitartean.
Herritarrekin, eragileekin eta udalekin datuak kontrastatu zituen, egoeraren diagnostikoa osatu, eta haien proposamenak jaso. Diputazioaren datuen arabera, 4.000 herritarrek baino gehiagok parte hartu dute, eta 56 herritan egin dute gaiari buruzko parte hartze prozesua. "Sektore bereziengana" iristeko ahalegina egin du aldundiak, eta herritar guztientzako komunikazio kanpainak egin ditu.
Iazko abendua eta aurtengo otsaila bitartean aurreproiektua idatzi zuten teknikariek, herritarrek egindako ekarpenekin. Hirugarren fasea, berriz, martxoan eta apirilean egin zuten. Bertan, aurreproiektua erakutsi zieten herritarrei; hainbat bileratan azaldu zieten zein ekarpen onartu zituzten eta zein ez. Herritarren ekarpen gehiago ere jaso zituzten.
Orain, azken fasean sartuta daude buru-belarri. Behin betiko proiektua onartu dute, eta lehiaketa publiko bidez adjudikatuko dute zerbitzua. Prozesuaren azken faseko zereginen artean dute herritarrei zerbitzuaren berri ematea ere. Urrats horiek eginda, 2015. urte hasieran jarriko dute martxan zerbitzu berria.
Ekarpenen %75 onartuta
Herritarrek askotariko eskaerak egin dituzte autobus zerbitzuaren inguruan. Hauek, batez ere: zerbitzuaren gaineko informazioa hobetzea, autobusen arteko koordinazioa hobetzea, gauetako autobus zerbitzua hobetzea, ospitaletarako lotura indartzea —Donostia, Mendaro eta Zumarraga—, hezkuntza zentroetarako loturak areagotzea, geltokiak berritzea eta Euskal Herri osoan txartel bakarra jartzea. Diputazioak ezin izan die kasu egin eskaera guztiei, baina horiek oinarri hartuta osatu du zerbitzu berria. Herritarren ekarpenen %75 onartu ditu.
Hala, ordutegiak luzatuko dituzte. Zerbitzu nagusiak 06:00-06:30ean hasiko dira, eta 22:00-22:30ean bukatu. Horrez gain, asteburu iluntzeetan zerbitzua luzatuko dute, eta gauetakoa hobetu. Ospitaleetako zerbitzuak areagotzea ere jarri dute lehentasunen artean. Helburua da gaua pasatzera joan behar duenak autobusez joan ahal izatea. Bestalde, herrietako jai egutegi berezia egingo dute, egun horietan zerbitzua indartzeko.
Autobus arteko aldaketak koordinatzeko saioak egin ditu aldundiak. Gainera, Euskotreneko, Renfeko nahiz Bizkaibuseko zerbitzuekin loturak ziurtatzen ahalegindu dira. Zerbitzu berriak aldaketa ugari eragingo ditu autobusen ibilian. Lehena, kilometro kopuruan. Urtean 21 milioi kilometro egitea aurreikusi dute, lehen baino bost milioi gehiago.