Sailkatugabeak

Ordiziarock, entzuteko prest

Urriaren 16tik 18ra Ordiziarock jaialdia egingo dute Ordizian, eta bertan hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Aurtengoa antolatu duten 11. aldia da, eta, urtero moduan, kontzertuak izango dira jaialdiaren bizkarrezurra. Helburu nagusia jendea Ordiziara erakartzea da, gazteak musikara gerturatzea eta edonork bertako ekintzez gozatu ahal izatea. Horretarako, gainera, emanaldiak egokitu egingo dituzte, entzumen arazoak dituztenek ere kontzertuez gozatu ahal izateko.

Ordiziarockek kontuan hartzen ditu entzumen urritasuna duten pertsonak; entzumen urritasuna dutenek zein gorrak direnek Ordiziarockeko kontzertuez gozatzea lortu nahi dute antolatzaileek. Horregatik, 2011. urtetik proiektu berri batekin ari dira lanean. "Hasiera batean ez genekien nola lortuko genuen, baina argi geneukan entzumen urritasuna zutenek ere gozatu behar zutela gure jaialdiko kontzertuez", azaldu du Urko Ruiz de Apodaka antolatzaile taldeko kideak.

Iaz lortu zuten lehenengoz helburua: "Kontzertu batean ikusi genituen barrez eta dantzatzen; ondo pasatzen ari zirela nabari zen, eta guretzat garaipen baten modukoa izan zen". Aurtengo kontzertuetatik Kalakan perkusio taldearena izango da bereziki entzumen urritasuna dutenentzat. Hala ere, kontzertu guztietan aurkituko dituzte erraztasunak.

Globo batzuk banatuko dituzte, eta, horien bitartez, musikak sortzen dituen uhinak bibrazio moduan jasoko dituzte entzumen urritasuna dutenek eta gorrak direnek.

Gainera, kontzertuetan bukle magnetiko bat ere egingo dute. "Hau da, protesia edo inplantea duten pertsonek kontzertu batean dagoen soinuagatik, askotan, arazoak izaten dituzte ondokoari entzun ahal izateko eta musika garbi entzun ahal izateko". Hori dela eta, bukle magnetikoak "soinu zikina" isolatzen du, musikaren entzumena zailtzen duena. Aldiz, giro soinua garbiago entzuteko aukera ematen du; frekuentzia zehatz batzuetan jarriko dute musika, inplanteak dituztenek garbi entzuteko.

Musika jaialdietarako ez ezik, egunerokorako da baliagarria sistema hau entzumen arazoak dituztenentzat. Nazioartean normalizatuta dagoen prozesua edo sistema da, ahozko komunikazioaren osagarri bat.

Indarra hartzen ari da

Orain arteko Ordiziarock jaialdiko edizio guztiak antolatzen ibili da Urko Ruiz de Apodaka. Hala ere, azaldu du aurten inoiz baino jende gehiago aritu dela lanean, batez ere, jende gaztea. Horrela, esperientzia dutenak eta orain arte lan hori egiten aritu gabeak elkarlanean aritu dira aurtengo jaialdia antolatzeko.

Ordizian dauden musika talde guztiek dute aukera Ordiziarock jaialdian parte hartzeko. Aurten, udalak entsegu lokalak hainbat talderen esku utzi ditu, eta horrek lanak erraztu dizkie.

Horrez gain, baina, aurtengo edizioko kartela "indartsua" dela uste du Ruiz de Apodakak, "kalitate ona" duela, eta "profesional handiak" gerturatuko direla. Willis Drummond, Mery May, Disasters, Kashbad eta Kalakan taldeak izango dira kartelburuak. Datorren ostegunean hasiko da jaialdia, eta kontzertuak ostegunean, ostiralean eta larunbatean izango dira —informazio guztia OrdiziaRocken Facebookeko orrian eskura daiteke—.

Ordiziarocken, ordea, ez dira rock taldeak bakarrik izango. Hasiera batean rock kontzertuak eskaintzen zituzten arren, urteak pasatu ahala beste musika mota batzuk ere ekartzen dituzte jaialdira; esaterako, soul eta jazz musikak lekua izango dute Ordiziarocken. "Zabaldu egin behar dugu; itzali gabe dagoen sua mantendu behar dugu", azaldu du Ruiz de Apodakak. Hori, ordea, "ez da lan erraza izaten, askotan bakoitzak bere nahiak izaten dituelako", baina saiatzen dira gehiengoaren nahiari eta gogoari kasu egiten. Hala, beti saiatzen dira zerbait berria ekartzen, urtetik urtera erreferentziazko jaialdia izan dadin. Aurtengoan, adibidez, Kashbad taldeak emango du kontzertua, hainbat urtetan agertoki batera igo gabe egon eta gero.

Kontzertu gehienak frontoian, Herri Antzokian eta D'elikatuz interpretazio zentroan izango dira. Hala ere, Ruiz de Apodakak azaldu du Ordiziako auzo guztietara zabaldu nahi dutela musika. Horregatik, kamioi musikatu bat ibiliko da auzoz auzo: "Musika, betiko guneetan izan ezik, herriko auzoetara ere zabaldu nahi genuen".

Musikaz gain, ordea, bestelako ekintzek ere izango dute lekua aurten jaialdiaren aitzakian. Abentura kirolak egongo dira plaza nagusian, hala nola tirolina eta parapentea egiteko aukera. Bestalde, Ordiziako espeleologia taldeak herriko antzokian bideoak eta argazkiak jarriko ditu, egiten duten lana erakusteko.

Urrats bat gehiago

Entzumen arazoak dituztenak kontuan hartuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere jarri du martxan egitasmo bat, gorren elkarteekin batera; Zeinu Hizkuntzaren Interpretazio Zerbitzua jarri du martxan, gorrei erraztasunak emateko. Hiru ildo nagusi landuko dituzte proiektuan. Alde batetik, hizkuntza interpreteen zerbitzuak ezarriko dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiko hainbat egoitzatan. Eskaera Gipuzkoa.eus atarian egin ahalko da. Bestetik, webgune hori haientzat egokia izatea ere lortu nahi dute. Horregatik, hainbat albiste eta bideo irudi azpidatziz zein keinu hizkuntzaz osatuko dituzte. Azkenik, antolatzen diren ekitaldietan pertsona gorrek parte hartzea nahi dute, eta, horretarako, keinu hizkuntzen interpretazioa bermatuko dute gor batek eskatzen duen aldiro.

Elkarte hauekin batera landu du aldundiak egitasmoa: Gainditzen, Tolosaldea-Goierriko pertsona gorren elkartea, APSG Gipuzkoako pertsona gorren elkartea, AransGi Gipuzkoako gorren familien elkartea, Asocide Euskadi gor eta itsuen elkartea eta Manos K Rien elkarte artistiko kulturala.

32.040

palestinarrak laguntzeko bildutako euroak.Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak abuztu hasieran kanpaina bat jarri zuten martxan palestinarrentzako anestesia makina bat erosteko. Bada, bi hilabetean, 32.040 euro bildu dituzte. Gipuzkoarrek e...

Festa eta aldarrikapena

Mendira egitasmoak egun osoko egitaraua antolatu du biharko, Oiartzunen. Euskal Herriko mendiko kirolariek aurkeztu zuten Mendira uztailean, euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko aldarria mendira eramateko, eta herritarrak deitu zituzten "bakoitzak bere harritxoa jartzera". Biharko jaialdia Oiartzungo Udalarekin elkarlanean antolatu dute, eta bestelako eragile eta talde ugarik parte hartu dute eguna prestatzeko lanetan.

08:30erako jarri dute hitzordua antolatzaileek. Oiartzunera joaten direnei ongi etorria egingo diete, eta izen ematea zabalduko dute. 09:30ean mendi ibilaldiak hasiko dituzte. Bi ibilbide prestatu dituzte: 10 kilometrokoa bat, eta 28 kilometrokoa bestea. 5 euroko laguntza eskatuko zaie parte hartzaileei, eguneko gastuei aurre egiteko. Ibilbide luzean anoa postuak jarriko dituzten arren, gomendatu dute norberaren janaria eta edaria eramateko.

10:00etan, eskalada txapelketa herrikoia egingo dute Madalensoro pilotalekuan. Goiz osoan bideo omenaldiak proiektatuko dituzte, eta haurren txoko bat ere prestatu dute.

Bazkaria 14:00etan izango da plazan, garagardo festak antolatuta daukan gunean. Izan ere, igandera bitartean garagardo festa da Oiartzunen. Menuak 10 euro balioko du, eta txartelak bihar bertan eskuratu ahal izango dira Madalensoron. Bazkaldu ondoren, eskalada txapelketaren finala jokatuko dute 17:00etan.

18:00etan, slackline ikuskizuna eskainiko dute, eta 18:30ean ekitaldia egingo dute, preso eta iheslarien eskubideen alde.

Eguneko ekitaldi nagusietakoa 19:00etan hasiko da. Lehen aldiz, Bertso eskalada show-a egingo dute. Ikuskizunean parte hartuko dute sei eskalatzailek (Gorka Karapeto, Irati Anda, Ander eta Gorka Mendieta, Zuriñe Arrue eta Itziar Zabala) eta sei bertsolarik (Alaia Martin, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Jokin Uranga eta Aitor Sarriegi). Antolatzaileek iragarri dute egitarauan ageri ez diren sorpresa gehiago ere antolatu dituztela biharko, eta herritar guztiak gonbidatu ditu parte hartzera.

Zabaltzen joatea helburu

Urtebetean gauza asko bizi izan ditu Tolosaldeko Ataria-k, eta guztiak balio izan du esperientzia hartu eta ikasteko. Esperientzia hori argitara ateratzeko ordua iritsi da, eta, lehen urtea bete ostean, hainbat hobekuntza plazaratuko ditu hedabideak: ...

Orioko festa igarota, Usurbilera begira

Orioko Herri Ikastolak antolatutako Kilometroek aurreikuspen guztiak bete zituzten joan den igandean. Goizean eguraldiak lagundu ez bazuen ere, eguna bukatzerako herritar ugari agertu zen Oriora. Bildutako dirua Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako erai...

Desobeditzeaz

Legea errespetatu, zintzoak izan, diskrezioz lan egin, akordioak erregutu, eskubideak mesedez eskatu: "Emadazu, faborez! Zintzo, leial eta fidela naiz". Horrela gabiltzala uste dut: gobernuak, politikariak, jendea… gizartea oro har. Aldarrikapena, aurrez aurre jartzea ez dago ondo ikusia. Hong Kongetik hasita, Madrileraino, Gasteiztik Bruselaraino.

Esaneko, zintzo, txintxo, on, obeditzaile… Teorian adjektibo hauek positiboak dira zerbait edo norbait deskribatzen dutenean. Baina, azken aldi honetan, entzuten ditudanean euren sinonimo edo antzeko batzuk ulertzea iruditzen zait: meneko, agindupeko, jopu…

Txikitatik dakigu, eskolan eta etxean ikasia, obeditzaile izatea dela konturik garrantzitsuena. Izan ere, etxe eta eskolaren helburua heztea da, bezatzea, alegia. Txikitatik erakusten digute zein garrantzitsua den arauak betetzea. Eta hala da, gizartean bizitzeko nahitaezkoa da, argi daukat.

Baina, ez ote dugu araua, legea, sakratu egin? Horregatik du garrantzia zintzotasunez betetzeak, ezeren gainetik inportanteena txintxoa izatea delako. Baliteke legea zaharkituta egotea, gurea ez izatea, premiak ez asetzea, baina, hala ere bete beharrean gaude. Hori dioskute gurasoek, irakasleek, komunikabideek, gobernuek. Baita gure barne ahotsak ere.

Baina injustiziaren kontra ezin justizia arrunta erabili, ez baita itsua, bera ere meneko delako. Orduan, mundua eraldatzeko ezin dugu desobedienteak izan? Ezin dugu protestatu? Aurre egin? Managaitz bihurtu zerbaiten alde (edo kontra)?

Jakina, baietz erantzungo dut. Historiak erakutsi digulako ez dela ezer lortzen men eginez. Bestela, nola litzateke posible munduan izan diren iraultzak, Eibarren 1931ko apirilaren 14ko goizaldean II. Errepublika aldarrikatzea, emakumeen boto eskubidea, ikastolak sortzea, Hegoafrikan apartheid-a desagertzea, mutilak soldadutzara ez joatea… Inork indarrean zegoen legeari aurre egin izan ez balio, ziur nago emakume euskalduna naizen aldetik ez nintzatekeela zutabe hau idazten ibiliko: gizonen eremua eta hizkuntza ez-egokia liratekeelako gure aurrekoek borroka egin izan ez balute.

Horregatik, beti ezin gara obedienteak izan. Ez da komeni. Intsumisioa eta desobedientzia beharrezkoak ditugu. Jarki aditz ia ezezaguna gehiagotan erabili beharko genuke: aurre egin, eutsi eta iharduki esan nahi duelako. Otzan izan barik, beti adi, beti prest.

Desobedientziarena ez da, uste genezakeenaren kontra, hain kontu modernoa. XIV. mendetik erabili izan zuten Foru Pasea, Foruen kontra egiten zuten Gaztelako legeak ez errespetatzeko formula. Gaur egunean, ahotan foraltasuna darabiltenek ahaztuta, hain zuzen. Foralista horiek meneko eta jopu bihurtuta daudelako, diskrezioz. Hau guztia ikusita, askotan gogoratzen naiz Morauren Super euskalduna kantuarekin: "Morroitzarako aproposa behar du/ umil eta langilea/ inork ez dituelako maite/ euskaldun alprojak/ eta hori guztia aski ez balitz/ zintzo eta egiazale behar/ elizkoi, ondradu, kantuzale, mozkor/ izatea da bere kondena/ non da euskaldun ezin hobea/ zeu zara euskaldun perfektoa/ hori al da super euskalduna?".

‘Nazioarteko Argazki Erakusketa’, Zarautzen

Argazkien erakusketa lekua izango da Zarauzko Sanz Enea kultur etxea, urriaren 26ra bitartean. Izan ere, han daude ikusgai Zarauzko Argazkizale Elkarteak antolatutako Nazioarteko Argazki Mostrako lanak. Argazkizale elkartea 1993an hasi zen ekitaldia a...