Sailkatugabeak

Atea ireki, itxaropena zabaldu

"Hau da guk bilatzen genuen zentroa. Hau da umeak behar duena". Esperantzazko mezu hori guraso askoren ahotik entzun izan du Maiteder Requejok, Pausoka elkarteko lehendakariak, duela bi urte Hernanin errehabilitazio zentro bat martxan jarri zutenetik....

Jaialdi “zaratatsua” Donostian

Muturreko metal, hardcore, thrash eta grindcore doinuek Larratxo kultur etxeko paretak astinduko dituzte bihar, Buenawista Prolleckziom's elkarteak eta Donostia Kultura erakundeak antolatutako Etengabeko Zarata jaialdian. Muturreko metal eta grindcore...

100.000

Donostiako Aquariuma bisitatu dutenak

Gipuzkoak turismo datu onak lortu ditu uda honetan, eta hori nabaritu da lurraldeko museoetan ere. Donostiako Aquariuma, esaterako, 100.000 lagunek bisitatu zuten uztailean eta abuztuan. Azken hamar urteetako bigarren datu onenak dira —2011ean jaso zituen bisitari gehiago—.

Fernando Amezketarra gogoan

Fernando Amezketarraren 250. urteurrena ospatzeko ekitaldi sorta antolatu du Amezketako Udalak. Hitzordu nagusia gaur arratsaldekoa izango da, eta Eñaut Agirre, Aitor Atxega eta Imanol Kamiok Fernandoren bertsoetan oinarritutako saioa eskainiko dute. Amezketarra oso bertsolari eta gizon berezia izan zen. Umoretsua eta argia, haren ateraldi asko Gregorio Mujikak bildu zituen Pernando Amezketarra liburuan.

Fernando Amezketarraren 250. urteurrena

Gaur, 19:30ean, Amezketako kultur etxean.

Pausoka Eguna ospatuko dute bihar, Hernanin

Pausoka Elkarteak egitarau oparoa antolatu du bihar Hernanin ospatuko duten Pausoka Egunerako. Elkarteko lehendakari Maiteder Requejok adierazi duenez, jaialdiaren helburuetako bat "normaltasun" giroa sortzea izango da. Horregatik, prestatu dituzten e...

Arrasate eta Oñati arteko bidea korrika

Bihar arratsaldean, Arrasate eta Oñati arteko herri lasterketa jokatuko dute 31. aldiz. Korrikalariak 17:00etan aterako dira Arrasatetik, eta hamabi kilometroko ibilbidea egin beharko dute Oñatiko helmugara iritsi aurretik. Azken urteetan ospea hartu duen lasterketa da biharkoa, 400 korrikalari inguruk hartzen baitute parte.

Gaur da izena emateko azken eguna www.kirolprobak.com helbidean. Antolatzaileek jakinarazi dute Oñatitik Arrasaterako autobusa 15:30ean aterako dela.

XXXI. Arrasate-Oñati

Bihar, 17:00etan, Arrasaten hasita.

Ahalduntzeko bidean sendo ari dira Pasaian

Emakumeen autonomia indibiduala eta kolektiboa indartzea, emakumeen artean sareak sortu eta esperientziak partekatzea, eta historian emakumeek egin dituzten ekarpenak ezagutaraztea eta aitortzea. Horiek izan dira hasiera-hasieratik Pasaiako Jabekuntza Eskolak izan dituen helburuak.

Iaz sortu zuten Pasaian bertako emakumeen parte hartzea eta mobilizazioa sustatu nahi duen eskola. Bigarren ikasturtea hastera doaz aurki, eta lehengo astean aurkeztu zuten aurten prestatu dituzten ikastaroen eskaintza, Trintxerpeko alkateordetzan.

Udaleko Berdintasun Mahaiak sortu zuen proiektua iaz. Berdintasun Mahaian parte hartzen dute Pasaiako emakume taldeek —Harremantxo, Bekoz Beko, Lagun Artea eta Topaketa— eta haiekin batera, Pasaiako Udaleko Berdintasun Arloak.

Maider Andonaegi udaleko Berdintasun Arloko teknikaria da, eta bera aritzen da Jabekuntza Eskolaren inguruko guztia dinamizatzen. Adierazi duenez, prestakuntza da Jabekuntza Eskolan emakumeen parte hartzea eta mobilizazioa sustatzeko erabiltzen duten tresna, ikastaroen bitartez topagune bat sortzen dutelako adin, jatorri eta ideologia askotariko emakumeentzat.

Emakume asko bildu ziren Trintxerpen egindako aurkezpenean, eta, horregatik, besteak beste, "oso balorazio ona" egin du udaleko Berdintasun Arloak Jabekuntza Eskolak orain arte egindako bideaz. "Ikustea elkarte desberdinetako emakumeak, herrialde ezberdinetakoak, ideologia ezberdinetakoak... denak proiektu honek aurrera egiteko gogoarekin, guretzat oso gauza handia izan da".

Eskaintza oparoa

Ikastaroak orain hasiko dira —gutxi batzuk eginak dituzte— eta ekaina bitartean izango dira martxan. Guztiak doakoak dira, eta ikasturte osoan egongo da izena emateko aukera, ikastaroen hasiera eguna gerturatu ahala.

Aurten gai asko jorratuko dituzte, baina, Andonaegik azaldu duenez, bada arreta bereziarekin landu nahi izan duten gaia: "Oso kontuan eduki dugu indarkeria sexistaren inguruan hausnarketa bat egitea". Horretarako, hainbat ikastaro landu dituzte, emakume heldu nahiz gazteentzat, formatu desberdinetan, baina biak gai beraren bueltan. Autodefentsa, mikromatxismoa, bortizkeria sexista eta xenofoboa, sexualitatea... horiek eta beste askok dute tokia aurtengo eskaintzan.

Kasernat taldea Elkar Estudioa Sesioak amaitzeko

Aurreko egunetan Libe, Skasti, Larregi eta Aguxtin Alkhatek jo ondoren, gaur, 19:00etan, Kasernarat taldeak —argazkian— emango du kontzertua Donostiako Elkar estudioan. Elkar Estudioa Sesioak lehiaketara aurkeztutako maketa eta proposamenen artean bost lan aukeratu zituzten, eta, aste honetan, horien zuzeneko sesioak grabatzen ari dira. Hamaika telebistarekin elkarlanean egindako proiektua da. Elkar estudioa agertoki bilakatzen dute, eta 50 ikus-entzulerentzako tokia dago egun bakoitzeko. Sarrera aurrez hartu behar da, proiektuaren webgunean.

Elkartasun fruitua Zangozara

Euskara, ikastola, Euskal Herria, Nafarroa, elkartasuna eta auzolana: kontzeptu horiek bilduko ditu Errenteriako Saretuz taldeak Nafarroa Oinez-Oinez. Elkartasun fruitua egitasmoan. Datozen bi asteetan dirua jasoko dute Zangozako ikastolaren alde —han egingo da Nafarroa Oinez, urriaren 19an—, eta Errenteria eta Zangoza arteko bidea oinez egingo dute, urriaren 17an, 20:00etan abiatuta. Diru bete motxila eramateko helburua dute Zangozako ikastolari laguntzeko.

Saretuz taldearen oinarrizko asmoa euskara indartzea da, eta Euskal Herriaren kohesioa eta nortasuna indartzea. Hori dela eta, Nafarroa Oinez-en inguruan zerbait egitea pentsatu zuten.

Haien arabera, Nafarroako ikastolen egoera "oso larria" da, eta laguntza ekonomikoa ematea da Zangozako ikastolari elkartasuna adierazteko modurik onena. Babes ekonomiko hori lortzeko bi aste dituzte. Lantegietara, ikastoletara, dendetara, elkarteetara... Ahalik eta leku gehienetara helarazi nahi dute mezua: "Motxila bete behar dugu". Diruaz gain, elkartasun mezuak ere sartuko dituzte motxilan, eta Zangozako ikastolako ordezkariei emango dizkiete ibilaldi amaieran.

Berriz ere Zangozara

Saretuz taldea duela urte eta erdi inguru jarri zuten martxan. Taldean dauden askok BERRIAlaguna kanpainan egin zuten topo, eta ikusi zuten egiteko asko zutela elkarrekin. Hori horrela, euskara eta Euskal Herria ardatz hartuta, taldetxo bat sortzea erabaki zuten. Egun, astero biltzen da talde eragilea, eta jadanik 1.200 kide baino gehiago ditu sareak.

Azken urte eta erdian askotariko proiektuetan parte hartu du Saretuz-ek: Herri Urratsen harira, ikastolen eta euskararen gaineko jardunaldiak antolatu zituen, Euskaraz bizi nahi dut lasterketa antolatzen parte hartu zuen, taldeari esker Nafarroako Erriberako produktu gehien saltzen duten herrietakoa da Errenteria, Saretuz eskola sortu dute...

Eta, hain justu, Zangozan egin zuen lehenengoetako egitasmoa. Iazko Korrika-n, hamar bat lagun hara joan ziren kilometro bat egitera. Hurrengo jomuga ere Zangozan dute, orduko balio berak indartzeko asmoz: euskara, Euskal Herria, elkartasuna...

Heroi bat naiz; ezin izan dut ekidin

Norberaren printzipioei zehatz-mehatz jarraitzen diena izan daiteke eredugarri, baina izan daiteke baita perilos edo gogaikarri ere. Inori gogaikarri suertatzeak ezerk baino gehiago izutzen nau ni, eta horregatik sarri-sarri nire printzipio titularrak aulkian uzten ditut ordezkoekin jokatzeko. Batzuetan, ordea, bizitzak nire printzipio titularrekin aritzera behartzen nau, nik horretarako gogorik batere ez dudanean ere. Bi pertsonarentzat gogoz kontra ustekabeko heroi nola bilakatu naizen kontatu nahi dizut.

Oporretara abiatu baino lehen, Renato etxekideak aditzera eman zidan bueltakoan bi lagun ekarriko zituela. Berlinen geratzeko asmoarekin omen zebiltzan biak ala biak, eta logela topatzen zuten bitartean, gehienez astebetez, gurean gera zitezkeen kontsultatu zidan -teknikoki, ni naiz maizterra etxean-. Batere hausnartu gabe erantzun nion baietz, epea inola ere beteko ez zen susmoarekin.

Laster asko genituen Liliana eta Kevin goizero-goizero dutxa okupatzen, sukaldean endredatzen, lehen ere bientzat eskas antzekoa zen espazioa ñimiño bihurtzen. Agudo edan zuten biek hiria tragora; batere presarik gabe itxi zituzten hamaika diskoteka.

Gehienak baino bizkorrago ausartu ziren hizkuntz eskolan ikasitakoak kalean estreinatzen, ordea. Eta orduak eta orduak eman zituzten zokomiran, ostatu bila, lasaikerian erori gabe. Renatok eta nik ederki genekien, hori bai, hitzartutako epea luzatzea saihetsezina zela.

"Zer moduz okupekin? Kostako zaizu horiek etxetik ateratzea; ederra daukazu. Gogor hartu behar dituzu, zuenean aspalditik eta oraindik bertan; ez dago eskubiderik!". Etxeko anabasak baino gehiago, lagunen diagnostikoek —ez dirudi haientzat solidaritatea printzipio titularra denik— puztu zuten nire barneko harra. Ahaztu elkartasuna: behin hilabete pasata, urrun nahi nituen bizkarroi siziliarrak. Lilianak bere irlako gutiziaz mukuru betetako bost kutxatzar jaso eta gurekin partekatzeak ere ez zuen nire bihotza bigundu.

Nire balizko printzipioei fidel banintz —hurkoa beti lagundu, auzolana, eta beste—, testuinguru deserosoa luzatu izana modu estoikoan nozitu izango nuen. Gabonak arte? Gabonak arte, behar dute eta. Baina Neckarstrasse 11tik gaztetxo parea harrikadaka bota ez izanaren atzean arrazoi bakarra dago. Tipo kakatia naiz zeharo, arazoen aurrean konponbidea topatu baino gehiago ostrukarena egin eta bakarrik ea konpontzen diren zain geratzen diren horietakoa. Rajoy konpletoa naiz, alegia, eta ez nuen Kevin eta Lillianari ezer esateko kuraiarik sekula bildu.

Patuak nire alde egin zuen beste behin, alabaina, eta iritsi zirenetik sei aste betetzearekin logela bana topatu zuten biek. Maletekin eskaileratan behera laguntzearekin, malko batean eskertu zuten nire eskuzabaltasuna. Gustura jaso nituen mimo zintzoak. Haiek ez zekitena da ni ez naizela urrezko printzipiodun heroi abegitsu bat, ordezko printzipio oportunistak atera eta egoista izateko ere koldarregia izan zen gizagaixo bat baino.