Sailkatugabeak

Elkartasun fruitua Zangozara

Euskara, ikastola, Euskal Herria, Nafarroa, elkartasuna eta auzolana: kontzeptu horiek bilduko ditu Errenteriako Saretuz taldeak Nafarroa Oinez-Oinez. Elkartasun fruitua egitasmoan. Datozen bi asteetan dirua jasoko dute Zangozako ikastolaren alde —han egingo da Nafarroa Oinez, urriaren 19an—, eta Errenteria eta Zangoza arteko bidea oinez egingo dute, urriaren 17an, 20:00etan abiatuta. Diru bete motxila eramateko helburua dute Zangozako ikastolari laguntzeko.

Saretuz taldearen oinarrizko asmoa euskara indartzea da, eta Euskal Herriaren kohesioa eta nortasuna indartzea. Hori dela eta, Nafarroa Oinez-en inguruan zerbait egitea pentsatu zuten.

Haien arabera, Nafarroako ikastolen egoera "oso larria" da, eta laguntza ekonomikoa ematea da Zangozako ikastolari elkartasuna adierazteko modurik onena. Babes ekonomiko hori lortzeko bi aste dituzte. Lantegietara, ikastoletara, dendetara, elkarteetara... Ahalik eta leku gehienetara helarazi nahi dute mezua: "Motxila bete behar dugu". Diruaz gain, elkartasun mezuak ere sartuko dituzte motxilan, eta Zangozako ikastolako ordezkariei emango dizkiete ibilaldi amaieran.

Berriz ere Zangozara

Saretuz taldea duela urte eta erdi inguru jarri zuten martxan. Taldean dauden askok BERRIAlaguna kanpainan egin zuten topo, eta ikusi zuten egiteko asko zutela elkarrekin. Hori horrela, euskara eta Euskal Herria ardatz hartuta, taldetxo bat sortzea erabaki zuten. Egun, astero biltzen da talde eragilea, eta jadanik 1.200 kide baino gehiago ditu sareak.

Azken urte eta erdian askotariko proiektuetan parte hartu du Saretuz-ek: Herri Urratsen harira, ikastolen eta euskararen gaineko jardunaldiak antolatu zituen, Euskaraz bizi nahi dut lasterketa antolatzen parte hartu zuen, taldeari esker Nafarroako Erriberako produktu gehien saltzen duten herrietakoa da Errenteria, Saretuz eskola sortu dute...

Eta, hain justu, Zangozan egin zuen lehenengoetako egitasmoa. Iazko Korrika-n, hamar bat lagun hara joan ziren kilometro bat egitera. Hurrengo jomuga ere Zangozan dute, orduko balio berak indartzeko asmoz: euskara, Euskal Herria, elkartasuna...

Heroi bat naiz; ezin izan dut ekidin

Norberaren printzipioei zehatz-mehatz jarraitzen diena izan daiteke eredugarri, baina izan daiteke baita perilos edo gogaikarri ere. Inori gogaikarri suertatzeak ezerk baino gehiago izutzen nau ni, eta horregatik sarri-sarri nire printzipio titularrak aulkian uzten ditut ordezkoekin jokatzeko. Batzuetan, ordea, bizitzak nire printzipio titularrekin aritzera behartzen nau, nik horretarako gogorik batere ez dudanean ere. Bi pertsonarentzat gogoz kontra ustekabeko heroi nola bilakatu naizen kontatu nahi dizut.

Oporretara abiatu baino lehen, Renato etxekideak aditzera eman zidan bueltakoan bi lagun ekarriko zituela. Berlinen geratzeko asmoarekin omen zebiltzan biak ala biak, eta logela topatzen zuten bitartean, gehienez astebetez, gurean gera zitezkeen kontsultatu zidan -teknikoki, ni naiz maizterra etxean-. Batere hausnartu gabe erantzun nion baietz, epea inola ere beteko ez zen susmoarekin.

Laster asko genituen Liliana eta Kevin goizero-goizero dutxa okupatzen, sukaldean endredatzen, lehen ere bientzat eskas antzekoa zen espazioa ñimiño bihurtzen. Agudo edan zuten biek hiria tragora; batere presarik gabe itxi zituzten hamaika diskoteka.

Gehienak baino bizkorrago ausartu ziren hizkuntz eskolan ikasitakoak kalean estreinatzen, ordea. Eta orduak eta orduak eman zituzten zokomiran, ostatu bila, lasaikerian erori gabe. Renatok eta nik ederki genekien, hori bai, hitzartutako epea luzatzea saihetsezina zela.

"Zer moduz okupekin? Kostako zaizu horiek etxetik ateratzea; ederra daukazu. Gogor hartu behar dituzu, zuenean aspalditik eta oraindik bertan; ez dago eskubiderik!". Etxeko anabasak baino gehiago, lagunen diagnostikoek —ez dirudi haientzat solidaritatea printzipio titularra denik— puztu zuten nire barneko harra. Ahaztu elkartasuna: behin hilabete pasata, urrun nahi nituen bizkarroi siziliarrak. Lilianak bere irlako gutiziaz mukuru betetako bost kutxatzar jaso eta gurekin partekatzeak ere ez zuen nire bihotza bigundu.

Nire balizko printzipioei fidel banintz —hurkoa beti lagundu, auzolana, eta beste—, testuinguru deserosoa luzatu izana modu estoikoan nozitu izango nuen. Gabonak arte? Gabonak arte, behar dute eta. Baina Neckarstrasse 11tik gaztetxo parea harrikadaka bota ez izanaren atzean arrazoi bakarra dago. Tipo kakatia naiz zeharo, arazoen aurrean konponbidea topatu baino gehiago ostrukarena egin eta bakarrik ea konpontzen diren zain geratzen diren horietakoa. Rajoy konpletoa naiz, alegia, eta ez nuen Kevin eta Lillianari ezer esateko kuraiarik sekula bildu.

Patuak nire alde egin zuen beste behin, alabaina, eta iritsi zirenetik sei aste betetzearekin logela bana topatu zuten biek. Maletekin eskaileratan behera laguntzearekin, malko batean eskertu zuten nire eskuzabaltasuna. Gustura jaso nituen mimo zintzoak. Haiek ez zekitena da ni ez naizela urrezko printzipiodun heroi abegitsu bat, ordezko printzipio oportunistak atera eta egoista izateko ere koldarregia izan zen gizagaixo bat baino.

Bonberenean lau talde bi egunetan

Tolosako Bonberenea gaztetxean indartsu ekingo diote urriari, gaurko eta biharko kontzertuak antolatu baitituzte. 22:30ean hasiko dira kontzertuak. Bi taldek joko dute egun bakoitzean.

Gaur, Han eta Ghetto taldeak igoko dira oholtza gainera. Han proiektu berria da, aurrez beste talde batzuetan (Mokaua, Yakuzi...) aritutako musikariek osatua. Ghetto 2007an sortu zuten eta bi disko ditu kalean —aurten, azkena—. Bihar, berriz, Brutal Calling taldeak joko du. Beasain eta Tolosa inguruetakoa da, eta punka eta rock estiloak lantzen ditu, batez ere. Ondoren, Algortako (Bizkaia) Mamut taldeak joko du.

Kontzertuak

Gaur eta bihar, 22:30ean Tolosako Bonberenean

“Familia bat era dezakete familia biologikoak eta harreragileak”

Beroa Gipuzkoako harrera familien elkarteko lehendakaria da Aitor Peñagarikano. 15 urteko alaba bat du, Adirane, umea zela adoptatu zutena berak eta emazteak, eta 13 urteko beste alaba bat, Maria, harrera familia baten beharrez txikitatik etxean hartuta dutena.

Mariari asko lagundu al dio ahizpa zaharrago bat izateak?

Bai, dudarik gabe. Ahizpa nagusiak esperientzia bera izan du, eta haren ondoan izan da.

Eta zuri zer eman dizu urte hauetan Maria ondoan izateak?

Asko. Hasteko harrotasun eta poztasun handi bat jakitea haur baten alde zerbait egiten ari zarela. Zu ez bazina egon, haur horren egunerokoa guztiz ezberdina izango zatekeen. Arreta eskatzen dute hasieran, baina gerora asko ematen dizute.

Zerk bultzatu zintuen haur bat etxean hartzera?

Adirane ere lehenago harreran egon zen. Gurasoak galdu eta adoptatu egin genuen. Esperientzia positibo horrek bultzatu gintuen. Hasieran guk ere ohiko ezjakintasunak, beldurrak eta kezkak izan genituen, baina bide osoan teknikarien laguntza izan genuen. Duela hamabost urtetik hona Beroa elkartearena ere bai. Gurasoek eskura dute beharrezko duten informazio guztia, baita elkartean antolatzen diren hitzaldi, udaleku eta irteerena ere. Haurrek, gainera, laguntza teknikoa izaten dute, psikologoena.

Guraso harreragile asko joaten al zaizue elkartera?

Elkartean gaudenok gauza onak eta txarrak partekatzen ditugu. Egun batean guraso bat etorriko da esanez haurra familia biologikoa bisitatzera joan dela eta urduri xamar bueltatu dela. Beste batek esango digu umeek egindako txango baten ondotik ikastolatik dei bat jaso duela eta irakasleak azaldu diola haurra lehen baino zentratuagoa dagoela orain ikasgelan. Asko eskerrak ematera ere etortzen zaizkigu, hasieran ez zirelako ausartzen azken pausoa ematera, eta orain damutzen ez direlako. Harrera guztiek dute puntu gazi-gozo bat.

Zer-nolako beldurrak izaten dituzte, bada, harrera familiek?

Betiko galdera: gai izango ote naiz haur hori aurrera ateratzeko? Gure kasuan bi alabak txikitatik izan ditugu gurekin etxean. Aldiz, 5-6 urteko haur bat umetatik etxe batean bizi izan bada, gero familian txertatzeko prozesu bat behar du. Nahiz eta zentroetan oso ondo egon, begirale bat ez da aita edo ama bat. Hor tirabirak sor daitezke. Talkak. Eta hasierako beldurrak sortzen dira.

Zer-nolako prozesuaz ari gara hitz egiten? Epe luzekoaz?

Ez dago epe jakinik, baina sei hilabeteren ostean egoera normaldu egiten da. Aurreneko hilabeteetan umeek moldatu egin behar dute. Etxe batean urteak bizi izan denak zaila du ulertzea behin familia berrian sartuta familia horretako kide bat gehiago dela. Edozer gauzatarako baimena eskatzeko joera izaten dute. Ikasi behar dute etxe horretan dagoen guztia denena dela. Ama harreragile batek kontatu zidan duela gutxi bere kasua: umeak 8 urte ditu eta sei hilabete daramatza etxean, eta, askotan, amak umearen ohea egiten duenean izara artean ogi eta gaileta pusketak aurkitzen ditu.

Beste beldur bat: haurrari agur esateko unea.

Beldur hori hasierakoa izaten da, baina harrera familiei esaten diegu itzulera prozesua ez dela bat-batekoa izaten. Ez zaie eskutitz bat iritsiko Gipuzkoako Foru Aldunditik esanez ezin direla gehiago haurrarekin egon. Lehen hiruzpalau hilabeteetan haurrak asteburuak pasatzen ditu familia biologikoarekin. Gero, opor txiki batzuk. Prozesu luzeak dira, normalean kontaktua egoten da bi familien artean, eta, azkenean, bi familia horiek familia bat izaten bukatzen dute.

Familien arteko harremana ona izaten da normalean?

Egia da kasu batzuetan, batik bat hasieran, familia biologikoek errezelo txikiak izaten dituztela, baina denborarekin desagertzen dira. Askotan esaten dut hasieran gu izaten garela harrera familiak, eta itzulera ematen denean, familia biologikoek betetzen dutela harrera familien rola.

Nola hartzen dute haurrek jakitea bi familia dituztela?

Hasieran normala izaten da haurrek euren buruari galdetzea zein familia maite duten gehiago. Hor errezelo txikiak sortzen dira. Baina denborak aurrera egin ahala ulertuz joaten dira zergatik dauden harrera familia batean eta ez biologikoan. Gainera, oso garrantzitsua da familia biologikoarekin harremanak mantentzea. Bestela, hanka bat falta zaion mahaia izango litzateke. Nahiz eta amaieran, agian, ez den itzulerarik emango, garrantzitsua dute beren errealitatea ezagutzea. Ume hori, bestela, ez litzateke bere osotasunean pertsona bat izango.

Zenbat urte egon daiteke haurra gehienez harrera familiarekin?

Bi harrera mota daude. Sinplea, bi urtera artekoa, eta iraunkorra, bi urtetik aurrerakoa. Normalean ez da jakiten zenbat iraungo duen. Kasu batzuetan 18 urtera arte. Adin horretan pertsona heldu bihurtu eta berak aukeratuko du bere kaxa jarraitu ala ez.

Zer esango zenieke zalantzan dauden harreragileei?

Animatzeko, merezi du eta. Gutxienez informazio bila etortzeko eskatuko nieke, ezagutzeko harrera familia bat zer den. Haur bati familia bizitza ematea ezinbestekoa da. Familia bat barrutik ezagutu ez duenak zailtasunak izango ditu etorkizunean familia bat osatzeko. Gurpil bati aurreneko bultzada ematea bezala da. Agian, gurpil horrek maldan behera bide luzea egingo du.

Aurrera egiteko babes bila

Gaur, biharko eguna amets. Zeu zaitut aukeran. Hori da Gipuzkoako Foru Aldundiak harrera familiak aurkitzeko martxan jarri duen sentsibilizazio kanpainaren leloa. Irudia ere jarri diote kanpainari: amesten ari den haur batena da, arrazoiren batengatik bere etxetik bereizi duten haurrarena, hain zuzen ere. Harrera familia baten beharra du, zeinak ingurune egonkor bat eskainiko dion, familia biologikoak eskaini ezin diona. Haurra amesten ari den irudien artean ageri dira bikotea osatzen duten bi emakume gazte, bakarrik ageri den gizonezko gazte bat, nagusiagoa den emakume bat eta bikote heterosexual bat.

Izan ere, Euken Barreña Haurren Babeseko foru zuzendariak nabarmendu du profil ezberdinetako pertsona eta familiak izan daitezkeela harreragile; izan alargun, ezkongabe, ezkondu, homosexual edo heterosexual. "Guztiok izan gaitezke harreragile. Familia tipologiak ez du axola. Garrantzitsuena gogoa eta ilusioa dira. Ohikoak dira hasierako zalantzak eta beldurrak, baina harreragileek eskura dituzte laguntza teknikoko zerbitzu bat, haurrentzako psikologoak eta diru laguntzak".

Barreñaren esanetan, ona ari da izaten orain arteko erantzuna, jende ugarik agertu baitu interesa Foru Aldundiak tutoretzapean dituen 55 haur eta nerabeak etxean hartzeko. Hala ere, aldundiko ordezkariak ohartarazi du harreragile gehiagoren beharra dutela, batez ere nerabeak diren adingabeak eta anai-arreba taldeak hartzeko prest diren familiak. Oraintxe bertan, bi anai-arrebako bost bikote daude eta hiru anai-arrebako hiru hirukote. Hortaz, guztira 44 familia behar dira.

"Bigarren aukera baten zain dauden adingabeak dira. Zentroetan ondo zainduta egon arren, familia batekin egoteak egonkortasun handiagoa ematen die", azaldu du. Helburua adingabea bere jatorrizko familia biologikoarekin bueltatzea da, eta zehaztasun hori garrantzitsua deritzo Barreñak, haren esanetan garbi bereizi behar direlako adopzioa eta harrera. "Harrera familia ez du ordezkatzen familia biologikoa. Elkar osatzen dute".

Horregatik, adingabearen eta familia biologikoaren arteko harremanari eusten zaio, bisita erregimen baten bitartez. Adingabeak harrera familiarekin igaroko duen denbora ez dago zehaztuta. Asko 18 urtera arte gelditzen dira harreragileekin, eta horietako batzuek inguru egonkor hori eman dien familiarekin geratzea erabakitzen dute, nahiz eta ez duten familia biologikoarekin dituzten harremanak hausten.

Familia biologikoekin ere egiten du lan aldundiak, eta guraso horiek izan ditzaketen arazoak gainditzen laguntzen ahalegintzen da. Adingabeak familia biologikoetatik bereizteko ohiko arrazoia arduragabekeria dela zehaztu du Barreñak, nahiz eta kasu bakan batzuetan tratu txarrak eta droga arazoak ere tartean izaten diren.

Esperientzia aberasgarria

Adingabeek egokitze prozesu bat behar izaten dute, denbora tarte batean. Horregatik, soinean "motxila" bat dakartela dio Barreñak. Hala ere, "harreragileentzat ere esperientzia aberasgarria da", nahiz eta egoera gorabeheratsuak ere izaten dituzten. "Gutxi dira pausoa eman eta gero atzera egiten dutenak. Gainera, familiako seme-alabei ere modu onean eragiten die etxean adingabe bat hartuta izatea. Harreman politak sortzen dira".

Gaur egun, Gipuzkoan 329 adingabe bizi dira harrera familietan, zentroetan bizi direnak (277) baino gehiago. Gainera, harreragileekin bizi diren adingabeen %55 familiaz (osaba, izeba, aitona-amona) kanpoko sendietan bizi dira. "Kontuan hartzeko datua da. Horrek garbi erakusten du gizarte honen elkartasuna zenbaterainokoa den".

Hain zuzen ere, elkartasun horri heltzen dio Barreñak, eta dei egiten dio jendeari "gutxienez" informazio bila hurbiltzeko aldundiak Txara II eraikinean duen bulegora. Telefono zerbitzu bat ere jarri dute: 943-11 25 22. "Askok beldurra izaten dute aurreneko pausoa emateko. Baina ziur nago denok garela gai adingabe bat aurrera eramateko".

‘Goierriko Hitza’-ren urteurren festa

Igandean hamar urte beteko dira Goierriko Hitza egunkariak aurreneko zenbakia argitaratu zuenetik. Urteurren seinalatu hori ospatzeko, ikuskizun berezia antolatu dute biharko, 18:00etatik aurrera, Urretxuko Ederrena pilotalekuan. Bertan izango dira Ir...

Boluntarioen lana ezagutzeko eguna

Norbere denbora librea besteei eskaintzea, behar dutenei laguntzea, trukean ezer espero gabe norbere esku dagoen hori guztia ematea. Horixe da, besteak beste, boluntario izatea. Egungo gizartearen erritmoak, estresak, indibidualismoak, berekoikeriak e...

Herrien arteko jaialdia, Legazpin

Oripavi elkarteak sustatuta, III. Kultur Arteko Eguna ospatuko dute bihar Legazpin Euskal Herria plazan. Aurtengo ekitaldiak komunikazioa izango du ardatz, eta hainbat herrialdetako dantza eta folklore ikuskizunak izango dira. Eguerdiko 14:00etara art...

Gipuzkoan lehenengoz, film mutu musikatua

Inaxito Albisuren aldeko egunak, eta EMKE Errenteria Musikal Kultur Elkartearen bandaren 150. urteurrenak bat egingo dute bihar. Bi arrazoi horiek baliatuta, Gipuzkoan estreinakoz, film mutu bati musika jarriko dio bandak kalean, Errenteriako Herriko Enparantzan, 22:30ean.

Josu Mitxelena EMKEko lehendakariaren arabera, biharko proposamena "berritzailea" izango da. "Sekula ez dugu halakorik egin, eta Gipuzkoan egiten den lehen aldia izango da". 3-4 metroko pantaila batean, hainbat filmen zatiak proiektatuko dituzte, eta horri musika jarriko diote bandako 55 kideek.

Nazioarteko hainbat zinema musikagilek film batzuetarako egin dituzten piezak joko dituzte, hala nola Enio Morriconerenak, John Williamsenak, Klaus Badelt eta Alfred Newmanenak. Pantailan, bitartean, euren film batzuen muntatzeak proiektatuko dituzte. Muntatze lana Julen Nieto bandako kideak egin du, eta Irudi Hots enpresak egokitu du.

Errenteriari lotutako irudiak ere sartu nahi izan dituzte, eta horrela Miguel Angel Quintanaren —kontzertuan izango da— Rentería en fiestas 1964 dokumentalarekin hasiko dute kontzertua. "Bertan agertzen den musika errespetatu nahi izan dugu, eta guk musika jarriko diogu. Horrela, Diana, Zentenarioa eta abar joko ditugu, irudietan agertzen diren heinean", azaldu du EMKEko presidenteak.

Egun osoan antolatutako ekintzetara joateko deia egin diete herritarrei bandako kideek nahiz Albisuren gertukoek.

"Langintza zaila izan da"

Aitor Mitxelenak zuzenduko du banda. Haren esanetan, langintza "zaila" izan da entseguetan musika irudiekin koordinatzea: "Lan dezente eman digu".

Ordubete inguru iraungo du kontzertuak, eta, irudi piezen artean, bandaren argazki zaharrak jarriko dituzte, trantsizio gisa, ikuskizunak geldialdirik izan ez dezan.

Irune Balentziaga Errenteriako Udaleko Kultura zinegotziaren arabera, "ohorea" da hiriko erakunde batek 150 urte betetzea eta, horiek ospatzeko, biharkoaren antzeko hainbat ikuskizun egitea. "Jauzi kualitatiboa egin du aurten bandak 150. urteurrenaren harira, eta eurentzako ere apustu indartsua izan da".

Beraz, berriz ere bat egingo dute EMKEk eta Inaxito Albisuren oroimenak. Nola ez, kalean.