Sailkatugabeak

Artistaren eta pertsonaren isla

Isileko artista zela nabarmentzen dute haren gertukoek, ez zela bere lana bereziki plazaratu zuen pertsona, eta guztia ematen zuela ezer trukean jaso gabe. Margolari nahiz eskulturgile gisa ezaguna zen Iñaki Epelde tolosarra, eta txikitatik zetorkion dohain eta sen hori hamaika egitasmotan garatu zuen. Joan den urteko martxoan hil zen Epelde, 54 urterekin, gaixotasun larri baten ondorioz.

Parte hartu zuen egitasmoen artean daude Tolosan kaleko museoa sortzeko egitasmoa, Koldobika Jauregirekin naturaren erdian lanak ikusgai jarri zituen Alkizako Urmara proiektua eta Eskulturastea. Azken jaialdi hori 2012an sortu zuten, eta aurten egingo dute bigarrenez, haren hutsunearekin. Hutsune hori omenaldi bilakatu nahi izan dute, eta jaialdi osoan nabaria izango da tolosarraren presentzia. Halaber, beste hutsune handi bat ere izango du aurtengo Eskulturasteak, Nestor Basterretxea artista hondarribiarrarena.

Epelderen omenez, egunotan ikusgai jarri dute haren ondare artistikoaren zati bat Tolosako hiru gunetan. Aranburu jauregian, artistaren lanak daude Pinturak izenburupean, 1980ko hamarkadatik hasi eta azken obretaraino; Topic Txotxongiloen Nazioarteko Zentroan dagoen Diseinuak erakusketak, berriz, tolosarraren alderdi pertsonalagoa erakusten du, parte hartu zuen hamaika egitasmo erakusten dituelarik; azkenik, GKo galerian Epelderen garai ezberdinetako margoak zintzilikatu dituzte, formatu txikian.

Kristina Martija Iñaki Epelderen emaztea arduratu da erakusketak antolatu eta osatzeaz. Aitortu duenez, "poz handia" sentitu zuen Tolosako Udalak artistaren lanak Aranburu jauregian erakusteko gonbita egin zionean: "Iñakik horrelako zerbait egitea merezi zuela uste nuen nik ere". Bertan zer jarri pentsatzen hasi zenean erabaki zuen "artista batek bere estudioan isilean egiten duen lana" erakutsi behar zuela. Kronologikoki daude banatuta koadroak, eta azken obretan Epelderen lanetan ohikoak ez diren koloreak eta margotzeko moduak ageri dira. "Lan horiek ezagutzea gogorra izan zen niretzat, Iñakiren gaixotasuna ikusten bainuen bertan. Baina, denborarekin, koadro horiek ere maite ditut azkenean", azaldu du Martijak.

Alderdi pertsonala

Aranburu jauregirako erakusketa prestatzen ari zela, konturatu zen bertan erakutsiko zena baino gehiago ere bazela Epelde. "Ikusten nuen banuela beste material bat erakusteko, hala nola berak egindako kartelak, logotipoak, inauterietako lantxoak eta ilustraturiko liburuak. Gauza horiek erakusteko beharra sumatzen nuen". Martijaren ustez, hori guztia erakusteko lekurik egokiena Topic zentroa da, "gazte-gaztetik Tolosako Ekinbide Etxeari lotua egon baita". Hala, Epelde zenaren emazteak dioenez, Topic zentroko erakusketara doanak "Iñakiren bihotza ikusiko du, eta baita Tolosaren historiaren zati bat ere". Erakusketekin eta omenaldiarekin "gustura" dago Martija, eta baita ekimena gauzatzeko moduarekin ere: "Iñakiren bizitzan zutabe izan diren bi erakunde, Udala eta Ekinbide Etxea, elkarlanean aritu dira".

Erakusketekin batera, liburuxka bat ere kaleratu dute, Afizio, ofizio, baina batez ere, debozio izenburupean. Epelderen ibilbidea islatzen du lanak, eta haren hitzak nahiz haren inguruan esandakoak jaso ditu. Artistaren emaztea arduratu da liburuaren edukiez, eta, adierazi duenez, artea azaltzea zaila den arren, jarraibide batzuk ematen saiatu da: "Erakustea eta irakastea du helburu liburuak, jendeak Iñakiren lana ezagutu eta hala gehiago mirets dezan".

Epelderen ondarea

Eskulturastearen antolatzaile eta bultzatzaileek, artistaren obra eta izana eta utzi duen hutsunea nabarmentzearekin batera, haren emazteak erakusketak antolatzean egin duen lana goretsi dute. Elena Basagoitia Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakariak artista tolosarrari omenaldia egiteko beharra sentitzen zutela azaldu du: "Eskuzabala zen, guztiei laguntzeko prest azaltzen zen beti, eta ez zekien ezetz esaten".

Nisa Goiburu Ekinbide Etxeko eskultura batzordeko kideak ere hutsune handia sumatzen duela adierazi du. Esate baterako, Eskulturastearen egitaraua bien artean osatzen baitzuten: "Oso ondo ulertzen genuen elkar, eta gauzarik gehienetan ados egoten ginen".

Ibai Iriarte Tolosako alkateak Eskulturastea "Iñakiren itzal luzea omentzeko modua" izango dela azpimarratu du. "Pertsona handiek itzal handiak uzten dituzte, eta horren erakusle dira Iñaki Epelderen erakusketak". Era berean, Tolosarekiko zuen konpromisoa ere nabarmendu du Iriartek: "Hori dela eta, udalak asko du eskertzeko, eta Aranburuko erakusketa eta argitaratu den liburua omenaldi txikiaren isla dira". Emaztearen lana eskertzekoa dela gehitu du alkateak: "Erakusketan ikusten den elementu bakoitzak haren historia du, eta hori dena gogora ekartzea ez da batere erraza". Tolosako alkateak herritar guztiak gonbidatu ditu erakusketak bisitatzera eta nola margotzen zuen ikustera. Baita liburua eskuratzera ere, "Iñakiren zatitxo bat norberak bere etxean izateko".

6.000.000

arriskuan dauden enpresen esku utzitako Euroak.Gipuzkoako Foru Aldundiak Ekintza plana deitutako programa jarri du martxan, egoera txarrean dauden enpresa txikiei eta ertainei laguntzeko. Sei milioi euro utziko ditu enpresa horien esku. Aurrez, diag...

Indarrez eraman dituzte Madrilera

Loiolako basilikako Aske Guneak lekukoa hartu die Donostiakoari, Ondarroakoari eta Iruñekoari. Segiko kide izatea egotzita, 28 gazteren aurkako epaiketa astelehenean hasi zuten Madrilen. Bost gaztek, ordea, epaiketara ez agertzea erabaki zuten, "desobedientzia" ekintza gisa, eta Loiolako herri harresian gelditzea. Angela Murillo epaileak astelehen goizean bertan eman zuen bostak atxilotzeko agindua. Ertzaintzak arratsaldean desegin zuen Aske Gunea, indarrez. Tentsio handiko uneak izan ziren basilikako atarian.

Irakurle taldearen aldeko bertso saioa

Getarian, herriko Katukale irakurle taldearen aldeko bertso saioa egingo dute gaur gauean. 22:00etan hasiko da jaialdia, eta lau bertsolari igoko dira Iturzaeta eskolako oholtza gainera: Miren Amuriza, Amets Arzallus, Onintza Enbeita eta Beñat Gaztelumendi. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Uxue Alberdi arituko da; bertsolaria eta Katukale taldeko gidaria da.

Bi helbururekin antolatu dute jaialdia: batetik, taldearentzat babes ekonomika lortzea, eta, bestetik, beren jarduna gizarteratzea. Getariako irakurle taldeak atzo ekin zion laugarren ikasturteari. Hilean behin biltzen dira hilabete osoan irakurri duten liburuaz hitz egiteko eta sortutako sentsazioak partekatzeko.

Bertso jaialdia

Gaur, 22:00etan, Getariako Iturzaeta eskolako areto nagusian.

“Bi herrientzat onuragarri izango diren ekintzak lantzen jarraituko dugu”

Inma Beristain Antzuolako alkatearen arabera, zazpi lurraldeko Euskal Herria lortu nahi bada gaurdanik hasi behar da "lurraldeen arteko harremanak josten", Antzuolak eta Aiherrak bezala.

1984an zergatik erabaki zenuten Aiherrarekin senidetzea?

Ez zen bat-bateko erabakia izan. Ordurako baziren antzeko harremanak; Makea eta Zeanuriren artekoa, adibidez. Lehenik, bi herrietako zenbait pertsonaren artean hasi zen, ondoren Antzuolako Udalaren eta Aiherrako Beltzuntze elkartearen artean jarraitu zuelarik. 20. urtean egin zen ofizial, bi udalen erabakiz, Antzuola eta Aiherraren arteko senidetze hitzarmena.

Senidetzeak Antzuolari zer ekarpen egin diola uste duzu?

Antzuolar askori aukera eman dio ezagutzeko Ipar Euskal Herrian badirela euskaldunak, gure hizkuntza eta izaera berbera dutenak, eta Euskal Herri aske eta independentea amesten dutenak.

Aurrera begira zein erronka ditu bi herrien arteko senidetzeak?

Senidetzeak gainditu du jadanik belaunaldi bat. Aurrerantzean, herrietako gazteak ere animatuz, bi herrientzat onuragarri izango diren ekintzak lantzen jarraituko dugu.

Hego eta Ipar Euskal Herriko bi herriren senidetzea da zuena. Horrelako harremanek zer onura egiten diote Euskal Herriari?

Indarrez bi estatutan banatu gintuzten arren, egitura administratibo inposatu horien gainetik, harreman honek erakusten du posible dela Euskal Herri osoko herritarren arteko harreman zuzenak eraikitzea —Udalbiltzaren jardunak bezala, adibidez—. Etorkizun batean zazpi lurraldez osaturiko Euskal Herria lortu nahi badugu, gaurdanik hasi behar dugu lurraldeen arteko harremanak josten.

Euskaraz bizi nahi dutelako

"Euskaraz bizi den Goierrirekin egiten dugu amets. Euskaraz bizi diren eta eleaniztunak diren herritarrak nahi ditugu Goierrin". Lehengo astean, euskaraz bizi nahi duen Goierri "elkarrekin" eraikitzeko "lehen harria" jarri zuten Beasaingo Igartza jaur...

Bizirik eta libre irrati dialean

M ugimendu handia izan zen Euskal Herriko kaleetan 1980ko hamarkadan. 1984ko azaroan Espainiako Polizia Nazionalaren tanketak Bilboko Euskalduna ontziolan sartu ziren, eta entzutetsua izan zen langile eta polizien arteko gatazka. Hil bereko hogeigarren egunean, GALek Santi Brouard Herri Batasuneko mahaikidea erail zuen, tiroz.

Aste berean eta testuinguru horretan hasi zen emititzen aurrenekoz Txapa irratia Bergarako estudiotik. Lau hilabete lehenago estreinatu zen Errenteriako Zintzilik irratia. Herri mugimenduak eta kolektiboak haziz zihoazen, eta horietako askok irratsaio propioak zituzten auzoetako irrati libreetan (talde antimilitaristek, okupatzaileek, ekologistek, feministek...). Izan ere, hedabide horiek herriko mugimendu sozialetako pertsonek sortu zituzten, batik bat hedabide ofizialetan ahotsik ez zutenei ahotsa emateko. Irrati askeen loraldia zen, eta Euskal Herriko ia herri guztietara zabaldu ziren, baina urteekin gutxituz joan dira. Ez guztiak, aurten 30. urteurrena ospatzen ari baitira Zintzilikirratia (Errenteria) eta Txapa irratia (Bergara).

Garai berriek aldaketa ugari ekarri dituzte, ikusi besterik ez dago egungo irrati lokal baten ekipamendua, baina funtsean irrati libre horien ideologia berbera da gaur egun ere: baimenik gabe emititzen jarraitu, uhinak okupatuz; kontra-informazioa landu, informazio ofizialari aurre egiteko; kultura alternatiboa bultzatu, eta entzuleen parte hartze zuzena sustatu.

Zintzilik irratiak 27 urte ez dira ezer dokumentala kaleratu zuen urte hasieran, eta bertan biltzen dira ibilbide luze horretan errenteriarren oroitzapenetan gorde diren borroka, bizipen eta pasadizoak. Irratiko historia kontatzeaz gain, garai hartako herriko giroa ere islatzen da. Hortik azpititulua: Herri baten historia.

Aitor Sarasuak 1990ean hartu zuen aurrenekoz eskuetan Zintzilik irratiko mikrofono bat. Irratiaren eta talde antimilitaristaren ahotsa bihurtu zen oso azkar, Rompan filas deitutako irratsaioari esker. Orduko hartan intsumisioaren gaia pil-pilean zegoela gogoratu du Sarasuak, epaiketak, manifestazioak eta mobilizazioak eguneroko gauza zirelako. Sarasuaren ustez, dokumentalak "garbi asko" erakusten ditu urte hauetan izan diren aldaketak. "Hasierako urteetan, herriko jaietako txupinazoaren zuzeneko emanaldia egin ahal izateko, gure berriemaileek sekulako walkie-talkieak eraman behar izaten zituzten, eta, askotan, Polizia manifestazioetan oldartzen zitzaienean, izugarrizko pisuarekin egin behar izaten zuten ospa handik".

Baina inplikazio hori irratitik haratago zihoan; Sarasua irratian hasi eta denbora gutxira Balkanetako gerrak eztanda egin zuen Jugoslavian, eta gogoan du talde antimilitaristako hainbat kide elkartasun karabana bat osatu eta Bosniaraino joan zirela SOS Balkanak lelopean.

Julen Etxegaraik umorezko irratsaio bat zuzentzen du egun Zintzilik irratian: Matxura buruan eta ibili munduan. "Ganberro xamarra da", dio. Sarasuak bezala, Etxegaraik ere uste du gaur egungo belaunaldien inplikazioa txikiagoa dela. "Gizartea ez da orain 30 urte bezalakoa, bistan da. Nabaritzen dugu gazteentzako irratia zerbait ezezaguna dela". 27 urtez ez dira ezer dokumentala herriz herri eta gaztetxez gaztetxe aritu dira aurkezten, eta irratiarekiko ezjakintasun hori hurbiletik antzeman dutela dio: "Gazteak sare sozialekin hezi dira, eta ahotsa bigarren mailan geratu da. Whatsappez mintzatzen dira gaur egun". Halere, Etxegaraik uste du Interneteko erreminta berriak eta irratia "guztiz" bateragarriak direla. "Gazteei erakutsi behar diegu irratia erreminta ahaltsua dela. Hori ikusaraztea izango da gure erronka nagusienetakoa".

Etxegaraik ere gogoan ditu Zintzilik irratiaren hasierako garaiak, eta 30 urte hauetan gauzak "izugarri" aldatu direla dio. "Beti lan egin izan dugu baldintza prekarioetan. Baina irudimenarekin eta malabarismoak eginez, aurrera atera gara", dio. Denboran atzera egin du: "Gogoan dut Negu Gorriak taldeak Herrera de La Mancha kartzela aurrean [Ciudad Real, Espainia] jo zuen kontzertua. Jende mordoa bildu zen presoen elkartasun martxan, eta irratitik motozikleta txiki bat eraman zuten autobus barruan. Berriemaileak kartzela aurrean gertatzen zena grabatu, motozikletan hurbilen zegoen herrira joan, hamaika kontrol pasatu, eta kabina batetik kontatzen zuen kartzela aurrean gertatzen ari zena. Gaur egun nahikoa da sakelako telefono bat".

Loralditik krisira

Euskal Herriko aurreneko irrati librea Donostiako Ostina irratia izan zen, 1979an. Informazio orokorra emateaz gain, gai monografikoak ere lantzen zituzten. Donostian beste bi irrati aske ere sortu ziren: Erresistentzia Amara irratia, 1985ean, eta Antiguako nuklearren aurkako komiteek sortutako Txantxangorri irratia, 1986an. Halere, EHUko irakasle Arantza Gutierrezek Euskal irratigintzaren historia liburuan esaten duenez, 1989an irrati askeen krisia heldu zen.

Eusko Jaurlaritzak 1987an irratiak emititzeko baimenak banatu zituen. Baimenik gabeko hainbat irrati itxi zituen Poliziak, baina, herri mugimenduen erantzunei esker, beste hainbeste zabaldu zituzten, harik eta debekuak malgutu ziren arte. Gutierrezen iritziz, malgutasun horrek eragin zuzena izan zuen krisian, errepresioarekin batera erreakzioa ere jaitsi egin zelako. "Leku askotan belaunaldi berriek ez zuten lekukorik hartu. Indarrak beste gauza batzuetan zentratu zituzten".

Txapa irratiaren hasierak

XXI. mendea ate-joka zela hasi zen Iñigo Herreros bergararra Txapa irratian musika saio bat aurkezten. "14 bat urte genituenean gaztetxean ibiltzen ginen. Txapa irratitik hitzaldi bat ematera etorri ziren, eta mikrofono bat probatzeko gogoarekin gelditu nintzen".

Txapa irratia 1984ko ekainaren 23an sortu zuten. Hasieran, herriko sindikatu batek utzitako lokalean hasi ziren emititzen, baina, bost urte geroago, udalak utzitako lokal batera eraman zuten estudioa. Gaur egun, Bergarako Gaztetxetik zuzentzen dituzte irratsaioak. Hasierako lokalean aritzen ziren asko eta asko ikasleak zirela dio Herrerosek, gehienak ikasle garaian Bilboko irrati libreetan ibilitakoak. Izan ere, garai hartan Informazio Zientzien Fakultatea eraiki zela gogoratu du Gutierrezek. "Jende asko hasi zen fakultatean ikasten, eta lan bat bilatzea zuten xede. Asko irrati libreetan trebatu ziren. Beraz, ideologia gabeko jendea ere bazegoen herriko irrati askeetan".

Izan ere, kontuan hartu behar da irrati libreetan irratsaioak zuzentzen dituzten pertsonak boluntarioak direla, nahiz eta azken urteetan liberatuaren figura, langile profesionalarena, alegia, ugalduz joan den. Ez irrati batek ez besteak ez du liberatutako pertsonarik taldean. Finantzaketari dagokionez ere, funtzionamendu bera dute biek: autogestioa. Hori dela eta, diru laguntzarik gabe lortzen dute urteko aurrekontuak ateratzea. "Krisiarekin ikusi da diru laguntzetatik bizi ziren proiektu asko erori direla. Guk aurrera jarraitzen dugu, baliabide urriagoak izan arren".

Arrosa sarea

Irration arteko elkarlana areagotu eta beren baliabideei probetxu hobea ateratzeko sortu zen Arrosa irrati sarea. Hogeitik gora irrati, gehienak lokalean edo ertainean aritzen direnak, euren helburu eta jarduera komunak indarberritzeko asmoz elkartu ziren. Geroztik, euskarazko edukiak trukatzen dituzte. "Oso lagungarria da. Gu beti egon gara prest elkarlanean aritzeko. Orain sekulako potentziala lortu dugu, eta Euskal Herri osora irits gaitezke", azaldu du Etxegaraik. Herrerosek ere positibotzat jotzen du elkarlan hori: "Aurreneko bilera egin genuenean guk ez genuen ordenagailu bakar bat ere. Gauetan bost CD jartzen genituen martxan, eta horrekin betetzen genituen irratsaioak. Pentsa! Gaur egun, ahotsari garrantzi handia ematen diogu, eta parrillako programa asko Arrosa sareko edukiekin betetzen ditugu". Egun, irrati aske gehiago ere badaude Gipuzkoan: Arraio (Zarautz), Antxeta (Bidasoa), KKinzona (Urretxu-Zumarraga), Molotoff (Hernani), Oiartzun eta Ataria —lehengo Txolarre— (Tolosa).

‘Musikazuzenean’ atariaren festa

Musikazuzenean.com atari digitalaren festa egingo dute bihar, Andoaingo gaztetxean. 22:00etatik aurrera, hiru musika talde igoko dira agertoki gainera: Willis Drummond, Borrokan eta Tutan Come On. Kontzertuak amaitzen direnean, Mikel Sxtysxrs musika...

Jokin Lasaren ‘Zortziko txiki bat’

Jokin Lasa lazkaotarrak Zortziko txiki bat diskoko kantuak aurkeztuko ditu gaur, 22:00etan, Debako Plaza Zaharrean. Lana, zortzi kantukoa, iazko urte amaieran aurkeztu zuen Lasak. Kaki Arkarazo taldekide izandakoak ekoitzi zuen diskoa, eta Mikel Abreg...