Sailkatugabeak

Zureak dira kaleak, Inaxito

Inaxito Albisu errenteriarra omenduko dute bihar, sorterrian. Bi ekitaldiko gorazarrea izango da. Lehenak haren bizitzeko era, pentsamolde eta helburuekin bat egingo du: herrian zehar omenaldi ibiltaria egingo dute, hainbat gunetan geldituz, eta, bakoitzean, Albisurekin harremana izan zutenek hura oroituko dute. Antolatzaileen arabera, "gizarte harremanetako aktibista" zen Albisu: "Kalea zuen bere bizimoduaren oinarria. Hark erakutsi zigun gauza bat praktikan jarriko dugu bihar. Egunerokoan gertatzen zirenekin zerikusi handia zuen Albisuk". 18:00etan hasiko da, Biteri Txikiko plazatik. Bigarrena 22:30ean da: Errenteria Musikal Kultur Elkarteko bandak film mutu bati musika jarriko dio Herriko Enparantzan.

Urtebete eta ia bost hilabete pasatu dira Albisu hil zela. Arras ezaguna zen Errenterian zein herritik at. Besteak beste, Gipuzkoako Alkoholiko Anonimoen sortzaileetakoa izan zen, bai eta Errenteriako Sustapen Kultur Elkartearena ere. Euskalgintzarekin konprometitua zegoen; euskara eskolak emanaz, besteak beste. Kultura eta sorkuntzaren zalea ere bazen. Omenaldiaren antolatzaileek adierazi dutenez, arazoak zituztenen —arazo horiek edozein motakoak izanda ere— ondo-ondoan bizi zen beti: "Haren ohiko esaldi honek ederki azaltzen du haren filosofia: Bizitza zama bada zuretzat, niretzat ere bai. Zure beharrean nago".

Ohikoa izaten da horrelakoetan omenaldiak berehala egitea. Baina ez dute horrela egin Errenterian. Nahiago izan dute omenaldia denborarekin prestatu: "Ez genuen ohiko omenaldi bat egin nahi, berotasunean egitea arrotza egiten zitzaigun". Beharbada, "nahi baino gehiago" luzatu da omenaldia, baina antolatzaileek diote denborak gorpuztu egin duela Inaxitorekiko sentimendua: "Sentitzen genuena azaldu nahi genuen omenaldian, eta horrek denbora behar zuen".

Horrelako lanketa bat egiteko jende askoren koordinazioa behar dela esan dute antolatzaileek, eta ia nahi gabe luzatu dela dena: "Modu horretan arau bat ere hautsi dugu, Inaxitok egiten zuen bezala. Hark ez zuen presarik, beti zuen zerbait buruan, baina presarik gabe egiten zuen lan".

Errenteriako hainbat talde, eragile eta norbanakok antolatu dute omenaldia, Inaxitoren kaleak, gora bekatua! izenekoa. Gipuzkoako Hitza-rekin talde bezala hitz egin nahi izan dute, nor bere izenik eman gabe.

Kortseak hausten

Omenaldiaren antolatzaileek nabarmendu dutenez, Errenteriak 100 urte hauetan izan duen herritarrik garrantzitsuenetakoa izan da Albisu. Haien esanetan, "solemnitateetatik at", kortseak hausten zituenetako zen; ezberdinen arteko harremanean sinesten zuen, eta beti zen kritikoa zein autokritikoa: "Sortzeko, eta hori nola hobetu zitekeen pentsatzeko gaitasuna zuen; betiere, gizarte ikuspegitik, beharra zutenen larrutik. Injustiziari aurre egiteko grina zuen, finean".

Argia Eguna, bueltan

Bi hamarkadako etenaldiaren ondoren, Usurbilen Argia Eguna egingo dute bihar. Azkeneko aldiz 1992an antolatu zuten, eta astekariak egitarau zabala prestatu du itzulerarako. Egun osorako antolatu dituzte ekintzak. 22 urte igaro dira azken Argia Egunetik, baina astekariaren helburua lehengo bera da orain ere: "Argia-ren proiektu komunikatiboa herriarekin konpartitzea".

Jaialdiak, besteak beste, euskaltzale, Argia-ren irakurle, langile, kolaboratzaile, harpidedun eta sare sozialetako jarraitzaileen topagune izan nahi du, eta esan dute Argia astekariaren balioetan oinarrituko dela: garapen iraunkorrean oinarrituriko ekonomia eta ekologian, parekidetasunean, lurraldetasunean, euskaltzaletasunean eta parte hartzean.

Eguna ordubeteko ibilaldi batekin hasiko dute, 10:15ean; Usurbilgo herriko plazatik aterako da. Adin eta ezaugarri guztietako pertsonek egiteko moduko ibilbidea prestatu dute, eta hiru gida berezik aholkuak eta azalpenak emango dizkiete txangoa egingo dutenei. Alde batetik, Josu Tellabidek ibilbidearen inguruko datu historiko eta etnografikoak emango ditu; bestetik, Jakoba Errekondo txangoan zehar egingo diren geldiune bakoitzaren paisaia kulturalaz mintzatuko da; eta, hirugarrenik, Jon Ander Galarragak, Argia-ren webguneko Konpostazank! blogaren egileak, konposta egiteko irizpideak azalduko ditu.

12:00etan herriko frontoian izango dute ordua argiazaleek. Han, astekariaren komunitatea osatzen duten harpidedun, laguntzaile, irakurle eta langileak elkartuko dira, ondoren eztabaidatu eta adostuko diren proposamenekin egitasmo ezberdinak abiarazteko.

Bertsoak eta musika

Egunak aurrera egin ahala, musika eta bertso doinuek girotuko dute Usurbil. Lehenago, baina, Argia Egunera joandakoek aukera izango dute herri bazkariaz gozatzeko. 15 euroren truke, Euskal Herriko garaiko produktuekin kozinatutako jakiak dastatu ahal izango dira. Gainera, kafe ordua alaitzeko, Asisko Urmeneta eta Kike Amonarrizen konpainia izango dute. Bazkalostean, berriz, Herrialde Katalanetan herriz herri zabaltzen ari den nortasun agiriaren jaurtiketa txapelketa egingo dute. Parte hartzaileek eskuz bota beharko dituzte euren nortasun agiriak.

Jaialdiko ekitaldi nagusietako bat arratsaldeko seietan izango da: ordu horretan hasiko da bertso saioa. Besteak beste, astekariaren kolaboratzaile ezagunak igoko dira Usurbilgo frontoiko oholtza gainera: Amets Arzallus, Uxue Alberdi, Miren Amuriza, Julio Soto, Sustrai Colina eta Rosi Lazkano. Sei bertsolari horiekin, kartel "koloretsua" osatu nahi izan du Argia-ko lantaldeak, belaunaldiari, lurraldetasunari, euskalkiei, bertsokerari eta generoari dagokienez. Urko Apaolaza arduratuko da gaiak aurkezteaz.

Jaialdia kontzertuekin amaituko da; gaueko hamarretan hasiko dira. Lau talde arituko dira: Behi Bi Blues, Eñaut Elorrieta, Perlak eta Esther Sound Sister.

Argia Eguna

Bihar, Usurbilen.

Artistaren eta pertsonaren isla

Isileko artista zela nabarmentzen dute haren gertukoek, ez zela bere lana bereziki plazaratu zuen pertsona, eta guztia ematen zuela ezer trukean jaso gabe. Margolari nahiz eskulturgile gisa ezaguna zen Iñaki Epelde tolosarra, eta txikitatik zetorkion dohain eta sen hori hamaika egitasmotan garatu zuen. Joan den urteko martxoan hil zen Epelde, 54 urterekin, gaixotasun larri baten ondorioz.

Parte hartu zuen egitasmoen artean daude Tolosan kaleko museoa sortzeko egitasmoa, Koldobika Jauregirekin naturaren erdian lanak ikusgai jarri zituen Alkizako Urmara proiektua eta Eskulturastea. Azken jaialdi hori 2012an sortu zuten, eta aurten egingo dute bigarrenez, haren hutsunearekin. Hutsune hori omenaldi bilakatu nahi izan dute, eta jaialdi osoan nabaria izango da tolosarraren presentzia. Halaber, beste hutsune handi bat ere izango du aurtengo Eskulturasteak, Nestor Basterretxea artista hondarribiarrarena.

Epelderen omenez, egunotan ikusgai jarri dute haren ondare artistikoaren zati bat Tolosako hiru gunetan. Aranburu jauregian, artistaren lanak daude Pinturak izenburupean, 1980ko hamarkadatik hasi eta azken obretaraino; Topic Txotxongiloen Nazioarteko Zentroan dagoen Diseinuak erakusketak, berriz, tolosarraren alderdi pertsonalagoa erakusten du, parte hartu zuen hamaika egitasmo erakusten dituelarik; azkenik, GKo galerian Epelderen garai ezberdinetako margoak zintzilikatu dituzte, formatu txikian.

Kristina Martija Iñaki Epelderen emaztea arduratu da erakusketak antolatu eta osatzeaz. Aitortu duenez, "poz handia" sentitu zuen Tolosako Udalak artistaren lanak Aranburu jauregian erakusteko gonbita egin zionean: "Iñakik horrelako zerbait egitea merezi zuela uste nuen nik ere". Bertan zer jarri pentsatzen hasi zenean erabaki zuen "artista batek bere estudioan isilean egiten duen lana" erakutsi behar zuela. Kronologikoki daude banatuta koadroak, eta azken obretan Epelderen lanetan ohikoak ez diren koloreak eta margotzeko moduak ageri dira. "Lan horiek ezagutzea gogorra izan zen niretzat, Iñakiren gaixotasuna ikusten bainuen bertan. Baina, denborarekin, koadro horiek ere maite ditut azkenean", azaldu du Martijak.

Alderdi pertsonala

Aranburu jauregirako erakusketa prestatzen ari zela, konturatu zen bertan erakutsiko zena baino gehiago ere bazela Epelde. "Ikusten nuen banuela beste material bat erakusteko, hala nola berak egindako kartelak, logotipoak, inauterietako lantxoak eta ilustraturiko liburuak. Gauza horiek erakusteko beharra sumatzen nuen". Martijaren ustez, hori guztia erakusteko lekurik egokiena Topic zentroa da, "gazte-gaztetik Tolosako Ekinbide Etxeari lotua egon baita". Hala, Epelde zenaren emazteak dioenez, Topic zentroko erakusketara doanak "Iñakiren bihotza ikusiko du, eta baita Tolosaren historiaren zati bat ere". Erakusketekin eta omenaldiarekin "gustura" dago Martija, eta baita ekimena gauzatzeko moduarekin ere: "Iñakiren bizitzan zutabe izan diren bi erakunde, Udala eta Ekinbide Etxea, elkarlanean aritu dira".

Erakusketekin batera, liburuxka bat ere kaleratu dute, Afizio, ofizio, baina batez ere, debozio izenburupean. Epelderen ibilbidea islatzen du lanak, eta haren hitzak nahiz haren inguruan esandakoak jaso ditu. Artistaren emaztea arduratu da liburuaren edukiez, eta, adierazi duenez, artea azaltzea zaila den arren, jarraibide batzuk ematen saiatu da: "Erakustea eta irakastea du helburu liburuak, jendeak Iñakiren lana ezagutu eta hala gehiago mirets dezan".

Epelderen ondarea

Eskulturastearen antolatzaile eta bultzatzaileek, artistaren obra eta izana eta utzi duen hutsunea nabarmentzearekin batera, haren emazteak erakusketak antolatzean egin duen lana goretsi dute. Elena Basagoitia Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakariak artista tolosarrari omenaldia egiteko beharra sentitzen zutela azaldu du: "Eskuzabala zen, guztiei laguntzeko prest azaltzen zen beti, eta ez zekien ezetz esaten".

Nisa Goiburu Ekinbide Etxeko eskultura batzordeko kideak ere hutsune handia sumatzen duela adierazi du. Esate baterako, Eskulturastearen egitaraua bien artean osatzen baitzuten: "Oso ondo ulertzen genuen elkar, eta gauzarik gehienetan ados egoten ginen".

Ibai Iriarte Tolosako alkateak Eskulturastea "Iñakiren itzal luzea omentzeko modua" izango dela azpimarratu du. "Pertsona handiek itzal handiak uzten dituzte, eta horren erakusle dira Iñaki Epelderen erakusketak". Era berean, Tolosarekiko zuen konpromisoa ere nabarmendu du Iriartek: "Hori dela eta, udalak asko du eskertzeko, eta Aranburuko erakusketa eta argitaratu den liburua omenaldi txikiaren isla dira". Emaztearen lana eskertzekoa dela gehitu du alkateak: "Erakusketan ikusten den elementu bakoitzak haren historia du, eta hori dena gogora ekartzea ez da batere erraza". Tolosako alkateak herritar guztiak gonbidatu ditu erakusketak bisitatzera eta nola margotzen zuen ikustera. Baita liburua eskuratzera ere, "Iñakiren zatitxo bat norberak bere etxean izateko".

6.000.000

arriskuan dauden enpresen esku utzitako Euroak.Gipuzkoako Foru Aldundiak Ekintza plana deitutako programa jarri du martxan, egoera txarrean dauden enpresa txikiei eta ertainei laguntzeko. Sei milioi euro utziko ditu enpresa horien esku. Aurrez, diag...

Indarrez eraman dituzte Madrilera

Loiolako basilikako Aske Guneak lekukoa hartu die Donostiakoari, Ondarroakoari eta Iruñekoari. Segiko kide izatea egotzita, 28 gazteren aurkako epaiketa astelehenean hasi zuten Madrilen. Bost gaztek, ordea, epaiketara ez agertzea erabaki zuten, "desobedientzia" ekintza gisa, eta Loiolako herri harresian gelditzea. Angela Murillo epaileak astelehen goizean bertan eman zuen bostak atxilotzeko agindua. Ertzaintzak arratsaldean desegin zuen Aske Gunea, indarrez. Tentsio handiko uneak izan ziren basilikako atarian.

Irakurle taldearen aldeko bertso saioa

Getarian, herriko Katukale irakurle taldearen aldeko bertso saioa egingo dute gaur gauean. 22:00etan hasiko da jaialdia, eta lau bertsolari igoko dira Iturzaeta eskolako oholtza gainera: Miren Amuriza, Amets Arzallus, Onintza Enbeita eta Beñat Gaztelumendi. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Uxue Alberdi arituko da; bertsolaria eta Katukale taldeko gidaria da.

Bi helbururekin antolatu dute jaialdia: batetik, taldearentzat babes ekonomika lortzea, eta, bestetik, beren jarduna gizarteratzea. Getariako irakurle taldeak atzo ekin zion laugarren ikasturteari. Hilean behin biltzen dira hilabete osoan irakurri duten liburuaz hitz egiteko eta sortutako sentsazioak partekatzeko.

Bertso jaialdia

Gaur, 22:00etan, Getariako Iturzaeta eskolako areto nagusian.

“Bi herrientzat onuragarri izango diren ekintzak lantzen jarraituko dugu”

Inma Beristain Antzuolako alkatearen arabera, zazpi lurraldeko Euskal Herria lortu nahi bada gaurdanik hasi behar da "lurraldeen arteko harremanak josten", Antzuolak eta Aiherrak bezala.

1984an zergatik erabaki zenuten Aiherrarekin senidetzea?

Ez zen bat-bateko erabakia izan. Ordurako baziren antzeko harremanak; Makea eta Zeanuriren artekoa, adibidez. Lehenik, bi herrietako zenbait pertsonaren artean hasi zen, ondoren Antzuolako Udalaren eta Aiherrako Beltzuntze elkartearen artean jarraitu zuelarik. 20. urtean egin zen ofizial, bi udalen erabakiz, Antzuola eta Aiherraren arteko senidetze hitzarmena.

Senidetzeak Antzuolari zer ekarpen egin diola uste duzu?

Antzuolar askori aukera eman dio ezagutzeko Ipar Euskal Herrian badirela euskaldunak, gure hizkuntza eta izaera berbera dutenak, eta Euskal Herri aske eta independentea amesten dutenak.

Aurrera begira zein erronka ditu bi herrien arteko senidetzeak?

Senidetzeak gainditu du jadanik belaunaldi bat. Aurrerantzean, herrietako gazteak ere animatuz, bi herrientzat onuragarri izango diren ekintzak lantzen jarraituko dugu.

Hego eta Ipar Euskal Herriko bi herriren senidetzea da zuena. Horrelako harremanek zer onura egiten diote Euskal Herriari?

Indarrez bi estatutan banatu gintuzten arren, egitura administratibo inposatu horien gainetik, harreman honek erakusten du posible dela Euskal Herri osoko herritarren arteko harreman zuzenak eraikitzea —Udalbiltzaren jardunak bezala, adibidez—. Etorkizun batean zazpi lurraldez osaturiko Euskal Herria lortu nahi badugu, gaurdanik hasi behar dugu lurraldeen arteko harremanak josten.

Euskaraz bizi nahi dutelako

"Euskaraz bizi den Goierrirekin egiten dugu amets. Euskaraz bizi diren eta eleaniztunak diren herritarrak nahi ditugu Goierrin". Lehengo astean, euskaraz bizi nahi duen Goierri "elkarrekin" eraikitzeko "lehen harria" jarri zuten Beasaingo Igartza jaur...