Sailkatugabeak

‘Musikazuzenean’ atariaren festa

Musikazuzenean.com atari digitalaren festa egingo dute bihar, Andoaingo gaztetxean. 22:00etatik aurrera, hiru musika talde igoko dira agertoki gainera: Willis Drummond, Borrokan eta Tutan Come On. Kontzertuak amaitzen direnean, Mikel Sxtysxrs musika...

Errealitateak ikusarazten

G izartearen begietan oraindik estu dirauten bendak kendu eta ezkutuan diren errealitateen berri ematea dute helburu hainbat elkartek. Haien artean dira gizarte eredu jakin batetik kanpo gertu direnei laguntza ematen dietenak. Baita behar bereziak dit...

Artzain txakurren proba Oñatin

Azken urteetako ohiturari jarraituz, Oñatin egingo da artzain txakurren nazioarteko 55. txapelketa. Igandean jokatuko da, 10:30ean, eta hainbat arraza motatako txakurrak lehiatuko dira. Han izango dira iazko txapelduna, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako txakur txapeldunak, Ipar Euskal Herriko txapelduna eta azpitxapelduna, Herrialde Katalanetako txapelduna eta azpitxapelduna, eta Espainiako eta Frantziako txakurrak. Proba ikusi ahal izateko, hiru euroko sarrera ordaindu beharko da.

Artzain txakurren txapelketa

10:30ean, Oñatin.

Atlantikoaren zentro izango da Errenteria

Asteburu honetan, Atlantikoak lotzen dituen herri eta kulturen hiriburu bihurtuko da Errenteria. Atlantikaldia jaialdiak igandera bitarte iraungo du, eta, egitarau zabala osatzeko asmoz, musika eta dantza emanaldiak, erakusketak, bisita gidatuak eta e...

Udazken koloreak

Uda amaitu ostean, baimena eskatu beharko balu bezala agertzen zaigu udazkena, atea isil-isilik joz, inori minik eman nahi gabe bezala.

Kolore gorriz, horiz, urdinez eta morez jantzi dira ikastetxeetako gelak. Ilusioz, kezkaz, beldurrez… Hasi da 2014/2015 ikasturtea!

"Kolore, kolore, kolore guztiak/ denontzat denontzat ez dira berdinak..." Horixe dio kantuak, eta horrelakoa da udazkena. Zoritxarrez, ez dira berdinak Ziburu, Donostia eta Tuterako ikastolako irakasle, guraso eta ikasleen ikasturte hasierako koloreak; musika, antzerki, dantza… eskoletako koloreak ere nekez argituko dira ez baditugu gure herriko koloreak aldatzen. Gure haurrei euskaraz ikasteko eskubidea mugatzen zaien bitartean, nekez izango ditugu kolore berdinak.

Herri txiki eta ertainetan, goxo-goxo maitasunez hazi diren antzerki, musika, dantza eta kultur adierazpide oro ez badago, nekez sortuko dira musikariak, aktoreak edota dantzariak. Nekez erakutsiko dugu Europan gure kolorea.

Baina, zein da gure kolorea? Zein, euskaldunok maite dugun kolorea?

Haurrek kolore argiak maite dituzte: gorriak, laranjak, moreak... kolore biziak. Guk, aldiz, hamarkada batzuk aurrerago jaio garenok, kolore beltza maite dugu. Iluntasuna, zapalkuntza, tristura… Hori guztia adierazi nahian, beltzez janzten ginen, gara.

Iluntze egoeretatik argietara igarotzean, koloredun kamixak jantziko genituela kantatzen genuen (Ruperrek dioen bezala) igande gaueko azken autobusean.

Bitartean, Donostia 2016 ekinbideari zer kolore emango niokeen pentsatzen hasita, kolore bizia, argia eta dinamikoa behar lukeela bururatu zait. Eta hori guztia merezi badu ere, hori baino lehenagoko iluntasunak konpontzen ez baditugu, ez da kolore bizirik izango. Euskarak, lurraldetasunak, hezkuntzak,berdintasunak... kolore biziak dituzte, eta udazken koloreak dira.

Gorriz eta horiz jantzi dira Bartzelonako kaleak, kolorez adierazi dute beren nahia, kolore biziaz munduak ikus ditzan

Milaka kilometrotara preso dagoen laguna ere berdez jantzita agertu zen azken bixitan. Berdez adierazten du bere nahia, irribarretsu, kolorez. Udazken koloreak denontzat berdinak izan daitezen jantzi du kamixeta berdea, ilusioz, munduak ikus dezan.

Zinemaren begiez, errealitatea

Iragan abuztuaren 26an, Suediarren Alderdi Neonaziak immigrazioaren kontrako manifestazioa antolatu zuen Norrkoping herrian. Adierazpen eskubidea bermatze aldera, hango udalak ez zuen elkarretaratzea debekatu. Horren ordez, Schindler's List filmeko (Steven Spielberg, 1993) soinu banda udaletxeko 80 kanpaiekin jotzeko eta doinua bozgorailuetatik zabaltzeko agindua eman zuen. Mezuak ez zuen azalpenik behar izan. Holokaustoari buruzko pelikula famatu bat gogora ekartzea nahikoa izan zen nazismoaren kontrako jarrera azaltzeko. Zinemak, finean, eragin itzela duelako gaur egungo gizartearen pentsamoldean eta oinarri kultural komun bat osatzen duelako. Errealitatearen iturrietatik edateaz gainera, errealitate hori bera moldatzen eta eraldatzen duelako.

Fenomeno horri buruz hausnartu eta eztabaidatzeko, solasaldi zikloa egin dute Donostiako Zinemaldiak, Euskadiko Filmategiak, San Telmo museoak eta Euskal Herriko Unibertsitateak aste honetan. Zinema-ideiak eta zinema ideiaduna izenburupean, zazpigarren arteak gizarte gaiekin, narratibarekin eta filosofiarekin dituen hartu-emanak aztertu dituzte hainbat adituk.

Izan ere, kulturaren esparrua aise gainditzen du zinemak, eta historiari, teknologiari, politikari nahiz soziologiari buruz jendeak duen pertzepzioa baldintzatzen du. Hala, antzineko denborak imajinatzean, Ben-Hur (William Wyler, 1959) eta Cleopatra (Joseph L. Mankiewicz, 1963) bezalako filmen estetika gogoan izango dute gehienek —askotan, estetika horrek ebidentzia historiko eta arkeologikoetan oinarririk ez duen arren—. Era berean, etorkizuna irudikatzean ere, zeluloideak ezarritako arketipoak izan dira imajinario kolektiboan gailendu direnak, Metropolis (Fritz Lang, 1926), Blade Runner (Ridley Scott, 1982) eta Matrix-en (Andy eta Lana Wachowski, 1999) gisako filmei esker.

Are gehiago, gaur egungo aurrerabide teknologiko aipagarrienek aurrekari zuzenak dituzte fikzio-zientziazko zineman: bideokonferentzia, robotika, ziberespazioa, errealitate birtuala, eskanerrak, klonazioa... Egiazki, literatura izan zen jendearen irudimena kitzikatu eta errealitatea eraldatzen lagundu zuen lehena, baina, XX. mendeko erdialdeaz geroztik, zinemak hartu dio lekukoa pertsonen arteko lokailu kultural gisa.

Bi noranzkoko bidea

Errealitatea eraldatzeko eta ideietan eragiteko duen gaitasun hori abiapuntu hartuta, zinemak gizarte arazoen konponketan joka dezakeen rolaz ere hitz egin dute jardunaldietan parte hartu duten adituek. Fermin Muguruza, Irati Jimenez, Iratxe Fresneda, Koldo Almandoz... Kulturaren edota unibertsitatearen alorretako hamaika ordezkari bildu dira egunotan EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzen fakultatera, sozietatearen eta zinemagintzaren arteko loturaz solastatzeko.

"Errealitatearen eta fikzioaren arteko bidea bi noranzkokoa da", azpimarratu du Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek. "Batak bestea elikatzen du. Aurtengo Zinemaldian, adibidez, errealitatearekin konprometitutako film asko emango ditugu. Egungo garai korapilatsuetan, bereziki, indar handia hartu du bizia hizpide duen zinemak; finean, pelikula horien helburua errealitatea bera eraldatzea delako".

Hala ere, Rebordinosen esanetan, "inozokeria litzateke pentsatzea pelikula batek mundua alda dezakeela", baina horretarako baldintzak ezar ditzaketela uste du: "Eztabaidarako espazioak edo elkarguneak zabal ditzake zinemak, eta, hortik abiatuta, errealitatea aldatzen has gaitezke".

Antonio Casado da Rocha EHUko irakaslea da Zinema-ideiak eta zinema ideiaduna jardunaldien antolatzaileetako bat, eta argi du zinemagintzaren garrantzia entretenimendu hutsaz harago doala, belaunaldi berrien artean, batez ere: "Gure gazteek ez dute kultura literario komun bat; bai, ordea, kultura zinematografiko bat, mainstream edo komertziala bada ere. Esan nahi dut zaila dela Shakespeare leitu duen ikasle bat aurkitzea, baina denek ikusi dituzte hainbat telesail eta film. Irudi eta istorio komun horiek osatzen dute gure narrazio-memoria, gure imajinario kolektiboa, eta etengabe darabiltzagu geure burua ulertzeko". Irakaslearen aburuz, gaur egungo humanitateak ezin uler daitezke ikus-entzunekoen esparrua aintzat hartu gabe. "Gure etika aztertzeko, adibidez, filmetara jo behar dugu halabeharrez".

Kapitalismoa pantailan

Etikaren, gizarte arazoen eta zinemaren arteko lotura izan zen, hain zuzen, Donostiako jardunaldien abiapuntua. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Filosofia katedradun emeritu Victoria Campsek eta UNEDeko katedradun Amelia Valcarcelek heldu zioten gaiari, eta pelikulek "sozializatzeko erreminta" gisa betetzen duten rola nabarmendu zuten biek ala biek.

"Masa-fenomeno bat da zinema, pelikula komertzialen kasuan bederen, ahalik eta publiko zabalena erakartzea helburu duelako. Horrek, ordea, zeharkako eraginak ditu. Besteak beste, AEBetako bizitza eredua eta star-system delakoak ezagun egin dira mundu osoan, eta oharkabean bada ere, eredu gisa hartu ditugu", azaldu du Campsek. Haren irudiko, eredu homogeneizatzaile horrek "lilura" eragin du ikusleengan, "eta, askotan, ez dugu asmatu ikuspuntu kritiko propio bat sortzen".

Zeluloidezko erakusleihoan salgai jarri diren balio eta ideia asko "neokapitalismoarenak" direla dio. "Txikitan, zinemara joan eta txundituta gelditzen ginen pantailan azaltzen ziren gauzekin: auto handiak, etxetresna elektrikoak... Izan ere, produktuak, zerbitzuak eta balioak saltzeko erabiltzen dira pelikulak".

Ideien hedatze horretan, argumentu soilek baino askoz indar handiagoa du fikzioak, Campsen esanetan: "Tresna boteretsua da zinema, diskurtso teoriko edo espekulatiboak baino aukera gehiago dituelako jendea konbentzitzeko eta haiengan eragina izateko. Pertsona arrazista bat, esaterako, nekez konbentzituko dugu bere jokabideak eragin ditzakeen kalteez, baina argumentu soilen ordez fikzioa erabiltzen badugu, aukera gehiago izango ditugu bere sentimenduetan zuzenean eragiteko eta barruak astintzeko. Zeregin horretan, sekulako baliabideak eskaintzen dizkigu zinemak, irudia, hitza eta musika uztartzen dituelako".

Korapiloak askatzen

Ukaezina da AEBetan ekoitzitako zinema dela mundu osoan eraginik handiena duena eta errealitateari buruzko pertzeptzioak aldatzen dituena, baina Euskal Herriko zinemagintzak antzeko rola joka al dezake, maila txikiagoan bada ere? Jose Luis Rebordinosek baietz uste du: "Begira diezaiogun berriz aurtengo Zinemaldiaren egitarauari. Hortxe ditugu Lasa eta Zabala, [Pablo Malo] torturari, indarkeria polizialari eta memoria hurbilari buruz hausnarketa egiten duen filma; Loreak [Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga], galerari buruzko pelikula intimista eta hurbila; El Negociador [Borja Kobeaga], ETAren eta Jesus Egigurenen arteko negoziazioa abiapuntu gisa hartuta parodia eta gogoeta uztartzen dituen lana; eta Los tontos y los estupidos [Roberto Caston], familiaz eta pertsonen arteko harremanez mintzo den filma. Euskal Herrian egindako pelikulak dira guztiak ala guztiak, eta sustraiak sendo dituzte errealitatean sartuta, hori nolabait eraldatzeko edo mugiarazteko helburuarekin". Kostunbrismo edo kritika sozialetik kanpo ere, Euskal Herrian badira imajinario kolektiboa zizelkatu duten zenbait pelikula —Alex de la Iglesiaren El día de la bestia filmak, adibidez, antikristoaren gordeleku bihurtu zituen Madrilgo Kio dorreak—, baina salbuespenak besterik ez dira. Kasu gehienetan, orainean iltzatuta dago euskal zinemagintza. Casado da Rocha irakaslearentzat "logikoa" da hori, "gatazkak behartu gaituelako orainean fokoa jartzera, iragana edo etorkizuna bazterrean utzita".

EHUko adituaren irudiko, egoera politikoa baretu ahala helduko dira "espekulaziorako joera handiagoa" duten lanak ere. "Film batek baliabide asko behar ditu, kulturalak zein ekonomikoak, eta hamarkadak behar izaten dira tradizio bat eraikitzeko. Adibidez, zientzia fikzioa indartsua da orain AEBetan, baina 1950eko hamarkadan jada bazegoen tradizio sendo bat".

"Genero zinema lantzen duten autoreak baditugu hemen", gaineratu du Rebordinosek. Ohitura eta, batez ere, baliabideak dira falta direnak, Euskal Herrian ekoitzitako pelikulak ikusleen narrazio memoriaren parte izan daitezen eta etorkizuneko errealitateak eraldatzeko aukera izan dezaten.

Herrimina, behintzat, ez da

Atzerriratu eta aste gutxira, Zarauzko Euskal Jaia igande batean egokitu zen. Tasunek eta keriek zirikatuta, data gorena Berlingo diskoteka ospetsuenean igaro behar nuela erabaki nuen. Metodologia eta emaitzen berri zutabe honetan bertan eman nuen, techno-aurreskua-ri buruz izkiriatuta.

Oraindik herrimina nabaritzeko goiz izanagatik, uste dut orduko hartan eginbeharra jator bete izanaren sentipena-edo bilatu nuela. Irailaren 9a beste pare bat aldiz igaro da, ordea, eta ez dut akelarrea errepikatu. Denboraren logikak sorlekuaren aldentzea modu naturalean adieraztera eramango ninduela espero nuen. Baina bulkada aberkoien zain jarraitzen dut, oraingoz ez baitut ezertxo ere sentitu. Ez dut euskal herritar bihurtzen nauen ezer faltan sumatzen.

Eta gero eta tipo sentiberagoa naiz, ez pentsa. Gurasoak jauresten ditut, eta izugarri gogorra suertatzen zait haien urruntasuna. Inaxio edo Felipe ez ditut apur bat ere ahaztu; Aguexen lehorkeria maitagarriak zorioneko jasango nituzke igande arratsaldero golf zelaian. Nire nostalgiak ez du aberririk, ordea. Familia, malekoiko gin-tonica edo garai bateko errutinen alderdi alaiena maitasunez gogoratzeak ez du esan nahi herriminik dudanik. Horiek guztiak hemen izango banitu, ez nuke Zarautzera hurbiltzeko inongo tentaldirik sentituko.

Diasporaren parte ofizial izan nendin zeren gabezia igarri beharko nukeen galdetu izan diot neure buruari. Janaria litzateke, beharbada, erantzun automatiko samarra. Edonon aurki daitezke jaki atseginak, ordea, eta On Egin kalean behera bi minutura izanda ere ez naiz sarri bertaratzen pintxo pare bat berdindu eta txakolin tragoxka edatera. Aita tematuta ere, sekula ez dut etxetik bueltan natorrenean txistor muturrik edo atun-potorik sartzen maletan.

Hizkuntza da beste aukera agerikoa. Baina bizitzak Ijurko oparitu zidan, eta biok metroan alai aritzen gara alboan eseritakoan traza xelebreak gure kode sekretuan iruzkinduz. Plaza Musikatik 2.000 kilometrora ere posible da euskaraz aritzea.

Beharbada, Euskal Herriko kultur eta kirol adierazpen nagusiak sumatu beharko nituzke faltan. Bertso saio batera edo Kontxako estropadetara ez naiz sekula nire borondatez joan, ordea. Are larriago, sanferminak azkar asko ahaztu ditut, txupinazoa entzutera hamabost urtez jarraian debozio erlijiozkoaz Iruñeratu eta gero. Angel Errori irakurri nion lehengoan Lore Joko posmodernoak antolatuta dantzan borrokatu nahi duela etorkizuna Ernaik. Maitagarria, baina nik nahiago oraindik techno-aurreskuak, Euskal Jaiekin batera ez badira ere.

Herrimin peto-petorik eduki ez, eta Sidneyn jaio izan banintz hutsune berberak izango nituela konturatzeak euskal herritar negargarri bihurtzen nau hamaikagarrenez. Zorionez, ez didazue nire traizioengatik pasaporterik erretiratu ahal izango.