Sailkatugabeak

Euskal Jaira, karrozan

Urretxuko Santa Anastasia jaiek gailurra joko dute etzi arratsaldean, idiek tiratutako karroza segizioak kaleak betetzen dituenean dantzariek, txistulariek, dultzaina jotzaileek eta erraldoiek lagunduta. Urretxuko jaiek bihotza badute, bihotz hori Eus...

Bertso bazkari “kategoriakoa” Elizalde eskolan

Egundoko bertso bazkaria antolatu du Oiartzungo Elizalde herri eskolak biharko. 14:00etatik aurrera, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Ander Lizarralde bertsolariak ariko dira kantuan, baina, horiek ez ezik, herriko bertso eskolan dabiltzan gazteek ere parte hartuko dute. 200 lagunentzako tokia atondu dute Elizalde eskolan bertan, eta sukaldari lanetan irakasleak, ikasleak eta gurasoak arituko dira. Bazkarirako txartelak salgai dira Garmendi txokolategian, kiroldegiko leihatilan eta baita eskolako idazkaritzan ere, 25 euroko prezioan.

Elkartasuna lemazain izango dute Tolosan

Elkarteetan gertatu ohi den moduan, afaltzen ari zirela otu zitzaien ideia. "Oier Iribarreni laguntzeko zerbait sortu nahi genuen", azaldu du Luis Oruezabal Txinparta elkarteko kideak. "Estropadaren gaia atera zen, eta ideia zabaldu genien beste elkarteei. Hasieran uste genuen lau edo bost izango ginela, eta azkenean 18 elkarte ari gara antolatzen".

Estropadan izena ematea ez zen hain zaila izan. Lan handiagoa eman zien prestaketak: elkarte bereko bost edo sei arraunlari lortu, arraunean ikasi, patroi lanak egin... "Azkenean lortu dugu ikastea".

Antolatzaileak hemezortzi elkarte izan arren, hamasei batel ikusiko dira Oria ibaian. "Elkarte guztiek ez dute lortu ontzia osatzea, eta, horregatik, beste zeregin batzuetan ariko dira", dio Oruezabalek. 11:30ean hasiko da ikuskizuna. Batelak binaka aterako dira, Dama Berdeko zubitik, eta Zerkausi bitartean hiru luze egingo dituzte, eta, ondorioz, bi ziaboga. 600 metro baino pixka bat gehiago egingo dituzte ontziek; beraz, proba guztia indar bete-betean egin beharko dute. Bi denbora onenak lortzen dituztenek finala jokatuko dute, baina ez da izango ez irabazlerik ez saririk. "Uste dugu saria denak elkartzea dela, eta ahal den diru gehiena lortzea Oierri laguntzeko", dio Txinparta elkarteko kideak.

Hala ere, ezin da ukatu lehia sortu dela batelen artean, eta horren erakusgarri da arratsaldero estropada eremuan egin diren entrenamenduetan arraunlariek jartzen duten gogoa. San Esteban elkarteko Agustin Pagolak, baina, nahiago izan du taldeen artean sortu den giroa nabarmendu: "Giro ona sortu da denon artean. Abuztuko oporrak izan direla-eta lasai egon da, baina, oporrak bukatuta, bete-beteta dago ibaia".

Oruezabalen ustez, horixe zen asmoa: "Tolosako ehun pertsona inguruk, arraunean gutxi arituak edo ia batere aritu gabeak, kirol hori pixka bat ezagutzea; txukun egitea egunean bertan; eta festa giroa jartzea Tolosan". Lizardi elkarteko batelean patroi lanetan ariko da Josune Sanz, eta hark ere bat egin du iritzi horrekin; aurrera begira berriro ere estropada egiten bada "emakume gehiagok parte hartzea" nahiko luke.

Estropadan parte hartuko duten asko ez dira aurretik arraunean ibili, eta ikasi behar izan dute. Sanzentzat lehendabiziko aldia izan da, bai arraunean, bai patroi lanetan: "Uda eman dugu arraunean eta patroi lana ikasten, eta komeria ugari izan ditugu. Egia esan, primerako laguntzaileak izan ditugu. TAK Tolosako Arraun Klubekoen eta lagunen artean oso ondo ibili gara, eta ikasi ditugu gutxienekoak behintzat". Oruezabalek berretsi du gogorra izaten ari dela arraunean aritzea eta eskuak eta ipurdia "porru eginda" dituela.

Egitasmoaren helburu nagusia Stop Sanfilippo fundaziorako dirua lortzea da. Estropada bera ikusteagatik ezin denez sarrerarik jarri, beste bide batzuk jorratu dituzte. Batetik, zozketa antolatu dute: "Estropadaren berri jakitean, tabernak galdezka etorri ziren ea nola parte har zezaketen, eta azkenean egunean bertan zozketa bat egitea pentsatu dugu". Urdaiazpiko bat, hainbat produktu dituzten bi saski, afaria eta bazkariak zozkatuko dituzte, eta baita egunean bertan jakingo diren pare bat sorpresa ere. Bestetik, bazkaria antolatu dute estropadan parte hartuko dutenentzat, horien senide eta lagunentzat, eta hala nahi izan duten guztientzat. Tolosako Ferialekuan egingo dute, estropadaren ondoren, eta laurehun inguru elkartuko dira.

Historia duen estropada

Tolosan, estropadek oihartzun eta arrakasta handia izan zuten garai batean; orduan ere, elkarteen artekoak izaten ziren, eta San Joan jaietan egiten zen txapelketa. 1988an egin zen azkena. "Traineruetan Kontxa den bezala, bateletan Tolosa izaten zen", dio Pagolak. Hark estropada haietan parte hartu zuen: "Txapelketa asko ziren: Gipuzkoakoak, Euskadikoak, Espainiakoak... Baina Tolosakoa ezberdina zen. Sartzen zinen errekan, eta ikusten zenuen dena jendez beteta, Donostian sortzen den moduko giroa. Beste txapelketetan lau katu izaten ziren ikusten".

Pagolak espero du gainezka egongo direla bihar Oria ibaiaren inguruak, garai bateko estropadetan bezala. Sanzek gogoan du txikia zela estropadak ikusten zituela, eta Oruezabalek gogora ekarri du bere aitona estropadetan parte hartutakoa zela.

Afizionatu mailako arrauna izaten zela dio Pagolak: "Elkarteek gazteak fitxatzen zituzten; arraunean erakutsi, eta aurrera". Pagola bera hainbat elkartetan aritu zen; eta, gerora, Orioko klubean ere ibili zen arraunean. Aldea izugarria zen. Tolosan bateletan aritzen zenean azpiegiturak oso ezberdinak zirela ekarri du gogora: "Espainiako txapeldunak izan gara bi aldiz, eta batela baserri batean uzten genuen, behien ondoan, eta gure dutxa sukaldeko harraskara lotutako hodia izaten zen".

Oria ibaian egin beharreko lanak zirela eta, bertan behera utzi zituzten estropadak, eta horrek nahigabea sortu zuen herrian. Pagolak gogoan du Iñaki Linazasoro orduko alkateak bilera batean esandakoa: "Presa botata ere Tolosako sanjoanetan festak aurrera egingo zuela esan zuen. Eta Karlos Muñoa Aiz-Orratz elkarteko managerrak bota zion galdera: 'Sanferminetan entzierroak kenduko balira, festak berdinak izango lirateke?'. Estropadek betetzen zuten sanjoanetan festa".

Aurrera begira, eta elkarteetan sortu den giroa ikusita, agian berreskuratuko dituzte berriro ere sanjoanetako estropadak. Biharko erronkak sortuko duen ikusminak eta elkarteek nahiz arraunlariek duten gogoak erabakiko dute hori.

Dantzalekutik plazara

Dantza Hirian jaialdiak, ohiko agertokietatik ihes egin, eta dantzaleku bihurtzen ditu plaza, parke eta kaleak. Zehazki, Donostia eta Baiona inguruko hiri paisaiak. Izan ere, asteburu honetan Donostia eta Errenteriako karriketan barna sartuko da jaialdia, eta berekin batera ekarriko ditu gaur egungo dantzaren alorrean ospe handia duten konpainia eta koreografo profesionalen lanak.

Jaialdi ibiltaria da, eta eredu parte hartzailearen aldeko apustu garbia egiten du. Osagarri horiekin guztiekin, arkitekturaren, dantzaren eta ikuslearen arteko fusioa eskaintzen du Dantzan Hirian-ek, eta, horri esker, Donostia eta Pasaiako oinezkoek aukera izango dute dantza garaikidea bertatik bertara ezagutzeko, dohainik.

Bederatzi urte beteko ditu aurten jaialdiak, eta egitarau zabalarekin iritsiko da Donostiara, gaur arratsaldean. 18:00etatik aurrera, Retrato de Oscar Wilde dantza ikuskizunarekin gozatzeko aukera izango dute bulebarreko kioskora joaten direnek. Gustavo Ramirez artistak zuzenduriko lana da, eta mugimendu eta bideo bidezko proiekzioen bitartez, Wilde idazle ezagunaren bizitzako pasarteak erakutsiko ditu. Ondotik, beste lau proposamenentzako tartea irekiko da. 18:20ean, Babirusa Madrilgo konpainiak Brea y plumas lana aurkeztuko du, La Bretxa merkataritza gunean.

18:45ean, berriz, Judith Argomaniz koreografoaren Lauesku estreinatuko da San Telmo museoan. Hiru dantzarirentzat prestatutako lana da, euskal pilotari buruzkoa, eta, partida baten bitartez, joko arauak zalantzan jartzen dituzten hainbat egoera aurkeztuko dituzte.

Konstituzio plazan 4x4 antzeztuko du Ertzak konpainiak, 19:15ean, eta 20:00etan amaiera emango zaio jardunaldiari, Trinitate Plazan, Cia Birabusasek aurkezturiko ¿Me regalas un movimiento? obrarekin.

Igandean, Errenterian

Jaialdiak Donostiatik Errenteriara egingo du jauzi igandean. Lehenago, ordea, bihar bertan, Irun Break Irungo dantza konpainiak Urban Dance ikuskizuna emango du Bidarteko Udaleko plazan (Lapurdi), 17:45etik aurrera. Errenterian bi emanaldi izango dira igandean: bata Retrato de Oscar Wilde izango da, Donostiako ikuskizun berbera, Donibane plazan, 12:30ean; eta, bestea, Chameleon: Dantzaz konpainiak aurkeztuko du, San Pedro enbarkaderoan, 13:15ean.

Bai Chameleon eta bai Urban Dance ikuskizuna ere Ibili programan dauden lanak dira. Ertzak konpainiaren 4x4, berriz, Aterpean programaren barruan dago. Ibili eta Aterpean programek sormen lanak sortzen eta jendeari ezagutarazten laguntzen diete Akitaniako eta Euskal Herriko konpainiei.

Bestalde, Dantza Hirian jaialdiak Acieloabierto sarea bultzatu du Espainiako hamar jaialdirekin batera. Sare hau ezohiko eremuetan egiten diren gaur egungo dantza jaialdien sarea da, eta lankidetza, mugikortasun eta truke arloko proiektuak sustatzen ditu. Hain zuzen ere, proiektu horien artean kokatzen da Retrato de Oscar Wilde ikuskizuna. Era berean, jaialdiak bat egin du Europako Lankidetzaren Eguneko ospakizunekin, eta Donostia 2016 kulturaren Europako hiriburuaren proiektua ere proiektu horri batu zaio.

Dantza Hirian jaialdia

Bost lan aurkeztuko dira gaur, Donostian; beste bi etzi, Errenterian.

Tabakalerako plaza berria, hurrengo urterako

Donostiako Udalak jakitera eman duenez, datorren urteko uztailean Tabakalerako plaza berria errealitate bilakatuko da. Lanak 2015eko urtarrilaren bukaeran hasiko dituzte eta Egian bi espazio publiko zabal irekitzea ahalbidetuko dute. Pasabidearen zati...

Irratigintza tailerrak, zabalik Donostian

Casares irratiak irratigintzari lotutako hainbat ikastaro antolatu ditu 2014-15eko ikasturterako. Guztira, zazpi ikastaro emango dituzte, eta era guztietako alorrak landuko dituzte, betiere irratia ardatz hartuta. Hona ikastaroen zerrenda: Irratigintz...

“Baimenarekin eta kobratuz margotzen dugu; gure lana da”

Duela bi urte eta erdi sortu zuten Iñigo Arrietak (Lasarte-Oria, 1993) eta haren gelakideek Artefactory enpresa, eta grafitiak zein muralak egiten dituzte. Artea zer den eta zer ez balorazio subjektiboa dela uste du, baina baimendutako pintaketak egitearen aldekoa da.

Marrazkilaria, mural margolaria, grafitigilea... zer zara zu?

Artefactory enpresaren barnean arte murala eta grafitiak egiten ditudala esango nuke.

Ikasketek eraman zaituzte ofizio horri heltzera.

Mondragon Unibertsitatean Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza gradua ikasten ari naiz. Ez da beste graduak bezalakoa; gurearen helburua egiazko negozioak aurrera ateratzea da. Duela bi urte eta erdi, gelakide batzuk eta ni Lander Subiza artistarekin lanean hasi ginen, Donostiako zenbait pertsiana eta komertzio pintatzen. Ideiari heldu genion, eta pixkanaka lana etortzen ari zaigu.

Ez zarete, ordea, besterik gabe pertsianak eta hormak koloreztatzen ibiliko.

Hasieran, kalera irten eta egiten genuena saltzen hasi ginen, eta, oraindik ere, gu gara muralak egiteko aukera proposatzen dugunak. Hala ere, jendea hasi zaigu egiteko eskatzen.

Badituzu egindako zenbait lan kuttun.

Indiako Solaris kiroldegian egindako murala da horietako bat. Aurten, unibertsitatearen bidez Indian eta Txinan egon gara, eta Subiza gurekin eraman genuen Indiara. Asko arriskatu ginen; lana topatzeko gai izango ginela espero genuen, baina kostata lortu genuen kiroldegiko muralak egitea. Horregatik oroitzen naiz lan horretaz, polita izan zelako, baina ordu asko sartu behar izan genituelako. Pedro Subijanaren Akelarre jatetxean ere pintatu genuen mural bat, eta jatetxeak duen izenagatik asko gustatzen zait. Amaitzeko, akaso ez da egin ditugun mural guztietan politena, baina gogoratzen dut Antiguoko Tilin Talan haurtzaindegian egin genuena ere.

Azkena Deban egin duzue, eta Gipuzkoako handiena da.

Oso esanguratsua da lan hori; hilabete oso bat behar izan dugu horretarako, eta gure lanik handiena da; gainera, Debako sarreran dago. Egiten ari ginen bitartean pasatzen zen jendeak animatzen gintuen, "ea noiz bukatzen duzuen" esanez. Olatu ikusgarri bat eta neska surflari bat margotu genituen, bertan bultzatzen ari diren kirola delako eta emakume bat agertzea nahi zutelako.

Kaleko pintaketak baldarkeriatzat har daitezke, eta muralak, berriz, artea dira. Non dago muga?

Ez zait gustatzen eztabaida horretan sartzea; egia da gatazka handia dagoela: guk grafiti suntsitzaileak direla esaten dugunak beste batzuentzat artea dira. Guk horien ondoan dugun ezberdintasuna da baimenarekin eta kobratuz egiten dugula; lana da.

Zeintzuk dira ba "grafiti suntsitzaileak"?

Hori nire iritzi pertsonala da. Esaterako, eremu publikoa guztiona da, eta batek esan dezake: "Hau guztiona denez, nik nire grafiti hau, nire artelan zatia, bertan egingo dut". Izan daiteke, baina eremu pribatuan sartuz gero, komertzio baten pertsianan, esaterako, nire iritziz suntsitzailea bilakatzen da. Baimena izatearen aldea nabarmenduko nuke nik, zerbait artea den edo ez edonork balora baitezake.

Eta horma bat eraldatzen ari zaretenean, nola erreakzionatzen du paretik pasatzen denak?

Bi jarrera agertzen dira. Hasieran, irudia markatzen dugunean, jendeak ez du oraindik zer egingo dugun ikusten, eta pintaketa bat egiten ari garela pentsatzen du; etorri izan zaizkigu udaltzainak eta ertzainak ea baimenik badugun galdezka. Muralak itxura hartzen duen heinean, ordea, onarpena handiagoa da: animatu egiten gaituzte, muralari argazkiak ateratzen dizkiote...

Zein horma eraldatuko zenuke?

Donostiako murruak eraldatu nahiko nituzke; zenbait eremuri beste bizi bat ematea gustatuko litzaidake. Gonbita egingo nieke udalei espazio publikoak eraldatzeko. Mural ikusgarri batek paretik pasatzen denaren aldartea ere alda dezake.

Isilunearen ondotik, Kashbad Urretxun

Hamabost urte diskorik kaleratu gabe egon ondoren, Kashbad taldeak bere azken lana aurkeztu zuen orain lau hilabete: Arrakala. Geroztik, abendura arte iraungo duen kontzertu biran murgilduta dago musika banda errenteriarra, eta bihar Urretxuko txosnet...

Europako garagardo onena, Errenterian dastagai

Laugarren urtez, Municheko Oktoberfest famatuari aurrea hartu dio Errenteriako Landare Kultur Elkarteak, Garagardo Festa antolatu baitu asteburu honetarako. Errenterian bertan egindako Olañeta garagardoa dastatzeaz gain, Belgikako, Txekiako, Alemaniako zein Herbeheretako zerbezak eskatzeko aukera ere izango dute hara biltzen diren guztiek. Bestalde, jaki alemaniar tipikoak ere eskainiko dituzte Koldo Mitxelena plazan atondutako gunean, eta pantaila erraldoiak paratu dituzte, Errealaren partida nahiz estropadak ikusteko.

Dantzarien topaleku

Liburu zaharretatik jasotako kontakizun eta leienda zantzuek ematen duten misterioz inguratuta, Igartzako ezpata dantzaren saio berri baten lekuko izango da Beasain bihar.Ibilbide laburreko tradizioa izan arren, jadanik Igartzako Monumentu Multzoaren ...