Sailkatugabeak

Irakurtzeko aukera denen eskura jarriz

Eibarko Juan San Martin Udal Liburutegia da Irakurtzea, plazer bat, eskubide bat erakusketa hartuko duen Gipuzkoako aurreneko geltokia. Bilboko Alondegian egon da estreinakoz, eta datorren astelehenetik hilaren 26ra bitartean Portalea kultur etxean dagoen liburutegiaren sarreran jarriko dute, egunkariak egoten diren tokiaren ondoan. Hantxe dute jarria gaur egun Irakurketa Erraza etiketapean ateratako liburuen txokoa. Orain gutxi ipini dituzte liburu horiek han, liburutegiaren erabiltzaileen eskura.

Irakurtzeko zailtasunen bat dutenentzako liburuak dira Irakurketa Erraza etiketapean sortutakoak. "Kolektibo zabala da; biztanleen %30 inguruk irakurketaz gozatzeko zailtasunen bat dute: dislexia edo zailtasun psikologikoak dituztenek, hizkuntza erabat menperatzen ez dutenek, etorkinek...", Euskal Herriko Irakurketa Erraza elkartearen arabera. Irakurketa Erraza etiketa duten liburuak ez dira erraz irakurtzeko moduko liburuak bakarrik; nazioartean dauden hainbat irizpide bete behar dituzte hala sailkatuak izateko.

Ongi katalogatuta

Eibarko udal liburutegian, Irakurketa Errazeko materiala behar bezala sailkatu eta apaleratzeko lana egin dute uda honetan; erabiltzaileek erraz aurkitzeko eran sailkatu dituzte. "Lehendik liburutegian genuen Irakurketa Errazeko materiala berriro katalogatu eta sailkatu, eta apal batean bilduta jarri dugu, seinalatuta eta izendatuta. Lehendik genuena gaizki kokatua genuen, beste liburuen artean eta galduta", azaldu du Eva Alberdi Eibarko Juan San Martin Udal Liburutegiko arduradunak. Horrez gain, gaur egun Irakurketa Erraza etiketapean dauden liburu gehiago ere erosi dituzte, liburutegiaren erabiltzaleei eskaintzeko eta "aukera osatzeko".

Alberdik esan du erabiltzaileek oraindik ez dutela eskatzen irakurtzeko errazak diren liburu asko: "Aukera handirik ez dago, baina dagoena ere ez da asko ezagutzen". Horregatik, aukera ezagutarazteko irekiko dute erakusketa, datorren astelehenean. Panel batzuek eta ikus-entzunezko batek osatzen dute erakusketa.

Hilaren 17an, hitzaldia

Erakusketarekin batera, datorren asteazkenerako hitzaldia antolatu dute Eibarren. 18:30ean da, liburutegian bertan. Blanca Mata Fauri ariko da hizlari, Euskal Herriko Irakurketa Erraza taldearen arduraduna. Hitzaldian, irakurketa erraza zer den eta horren etiketapean sortutako materiala zein kolektiborentzat den azalduko du Matak: "Kolektiboa askotarikoa baita". Gainera, material horrekin zer-nolako jarduerak egin daitezkeen ere jakinaraziko du. Esaterako, badira Irakurketa Errazeko irakurle taldeak; Gipuzkoan, Oñatiko liburutegikoa eta Elgoibarko Gotzon Garate Udal Liburutegikoa dira aitzindariak. Baina, Mataren arabera, beste talde batzuk ere badira: Donostian, Matia fundazioak bi talde ditu, eta Atzegik ere badu beste bat.

Euskal Herrian, 2012an sortu zuten Irakurketa Erraza taldea. Aurrena, gazteleraz sortu zituzten irakurketa errazeko liburuak, baina, maiatzetik, euskaraz ere badira Irakurketa Erraza etiketapean sortutako liburuak. Gaumin argitaletxeak bi liburu itzuli zituen katalanetik: Nuria Marti Constansen Traizioa lakuan eta Montse Flores Pallaresen Rif mendietako ura. Bi propio euskaraz sortutakoak ere badira: Ander Izagirreren Txernobil txiki bat etxe bakoitzean eta Fernando Morillo Granderen Santiago Bidearen misterioa.

Erakusketarekin, Irakurketa Erraza ezagutarazi nahi dute, eta erabiltzaileak liburutegira erakarri: "Oro har, irakurtzeko dituen zailtasunengatik, kolektibo hori ez da liburutegien erabiltzailea; beraz, Irakurketa Errazaren zailtasun nagusia horiengana iristea da. Horregatik, liburutegiek aukera hori ere badagoela erakutsi beharra dute".

Herritarren interesa asez

Eibarrera udal liburutegiko arduradunen ekimenez ekarriko dute erakusketa, uste dutelako herrian bertan material horretarako interesa eduki dezakeen jendea dagoela. "Leioako liburutegian irakurketa errazaren inguruan antolatutako jardunaldi batzuetan egon ginen, eta gero pentsatu genuen Eibarrera ekartzea interesgarria izango zela, hemen ere badaudelako irakurtzeko arazoak izan ditzaketen pertsonak. Horrez gain, liburutegian material hori aukeran izatea ere interesgarria zela iruditu zitzaigun", esan du Alberdik.

Interesatuta egon daitezkeenek erakusketa ikustea eta liburutegian duten eskaintzaren berri izatea dute orain helburu. Gero, behin erakusketa eta hitzaldia pasatutakoan, liburutegitik zerbait martxan jartzeko aukera aztertuko dute Eibarren: "Ikusi beharko da zerbait egiteko aukerarik badagoen eta interesatuta dagoenik badagoen".

Mataren arabera, gero eta liburutegi gehiago ari dira jartzen irakurketa errazeko materiala, sailkatuta eta bereizita: "Baina hori liburutegi bakoitzeko arduradunen araberakoa da. Liburutegi publiko gehienetan badakite zer den Irakurketa Erraza, liburutegiko langileek trebakuntza bat jaso dutelako edo materiala dutelako. Baina, gero, baliabide honi garrantzi handiagoa edo txikiagoa ematen diete liburutegi bakoitzean".

Eibarren egon ondoren, Donostiara eramango dute Irakurketa Errazari buruzko erakusketa, Koldo Mitxelena kulturunera. Han urriaren 2tik 17ra egongo da, eta gero berriz Bizkaira itzuliko da, Iurretara. Urtearen bukaeran, abenduaren 9tik urtarrilaren 7ra artean, Donostiako Udal Liburutegian jarriko dute.

Plastiko beltzak berriz ere

Beste urte bat, beste alarde bat. Eta, berriz ere, Hondarribiko Kale Nagusia plastiko beltzez estalita aurkitu zuen Jaizkibel konpainiak. Alarde parekidearen aldekoak etsaitzat jotzen zituen pankartetako batek; Jaizkibelek borregismo politikoa egiten ...

Elkarte Babesleko animaliak hartzera deitu dute

Talde animalistek dei egin dute Gipuzkoako Abere eta Landare Elkarte Babeslearen instalazioetan dauden animaliak adopzioan hartzera. Hamahiru elkartek sinatu dute oharra, eta salatu dute Elkarte Babeslearen instalazioak "leporaino" beteta daudela, har...

Naziotasunaren aitzakian, festa

Naziotasuna eta lurraldetasuna lantzen pauso bat gehiago emateko xedez eta ideia praktikara eramatearen ondorioz sortu zen Euskal Herria Eguna. Duela sei urte jaio zen, Ibarratik eta Lizarratik, Bai Euskal Herriari egitasmoaren ondotik. Bihar seigarrenez ospatuko da, eta hirugarrenez hartuko du Ibarrak, berrikuntza edo nabarmentzeko ezaugarri batekin: zazpi lurraldeetako ordezkaritza izango duela estreinakoz.

Unai Igartua Ibarrako antolaketa taldeko kideak azaldu duenez, beste herrietako errealitatea gertutik ezagutzea da jai eta senidetze honen helburua: "Gure ingurua ongi ezagutzen dugu, baina beste herrietako egunerokoa, euskararen egoera, naziotasun ikuspegia, borroka… oso ezberdina izan daiteke". Ibarra eta Lizarra "arlo guztietan" senidetuz hasi zen guztia; "Bi herrietako taldeak, elkarteak, kirol taldeak, dantza taldeak, ikastolak, udalak… guztiak senidetzeko elkarrekin harremanetan jarri ginen, eta urte osoan egitasmoak antolatzen hasi ginen, herri batean zein bestean". Euskal Herria Egunaren izenpean biribildu zen guztia 2009. urtean Ibarran egin zen festarekin.

Lekukoa Lizarrak hartu zuen hurrengo urtean, eta hirugarren EH Egunean pauso bat gehiago eman nahi izan zuten Bizkaiko Algorta herria gonbidatuz. Ibarran egin zen hirugarren senidetze eguna, eta laugarrena Algortak hartu zuen. Joan den urteko jaia, berriz, Lizarran ospatu zuten hiru herriek, eta, horrez gain, urte hauetan guztietan urte osoan egitasmo ugari antolatzen jarraitu dute, hala nola mendi martxak, futbol partidak edota sagardotegietarako txangoak.

Pauso berria

Seigarren Euskal Herria Egunerako nazio eraikuntzan eta senidetzeari begira, "pauso garrantzitsua" eman dute: "Zazpi lurraldeetako herriak batzea erabaki dugu, eta, horrela, aurten zazpiak bat egingo gara". Hala, Lapurditik Itsasu, Nafarroa Beheretik Baigorri, Zuberoatik Maule eta Arabatik Agurain gonbidatu dituzte festara. Dena den, antolatzaileek argi utzi dute "jai irekia" dela eta ateak zabalik daudela herritar ororentzat: "Ez dago herri horietako biztanlea izan beharrik parte hartzeko, edonor dago gonbidatuta, guztiok herri bat gara", dio Unai Igartuak.

Egitarauari begira, askotariko ekitaldiak izango dira Ibarran egun osoan. Harrera ekitaldiaren eta hamaiketakoaren ondoren, kalejiran herri guztia zeharkatuko dute "herritar orok festaren berri izan dezan". Gaztetxoenen gozagarri, eguerdian plazan pailazoen ikuskizuna izango da, eta, ondoren, mahaiaren bueltan elkartuko dira parte hartzaile guztiak bazkaltzeko.

Arratsalderako erronka "ikusgarria" prestatu dute: "Herriak nor gehiago ariko dira joku berezietan parte hartuz: errekatik sare batetik eskalatuz, goitiberak, globo batzuk igo, traktore gurpilekin zirkuitu bat egin…". Erronka bukatuta, kalejira egingo dute, eta Subegi elkartean elkartuko dira afari legea egiteko. Gauean, berriz, zuzeneko musikaz gozatu ahalko da gaztetxean. Bestalde, egun guztian ikusgai izango da Bai Euskal Herriari egitasmoak antolaturiko erakusketa, naziotasuna lantzen duena, plazan.

Badu, gainera, beste berritasunik aurtengo festak, izan ere, kanpotik datozen herritarrentzat lo egiteko aukera jarri dute. "Beraz, Tolosaldeko nahiz Euskal Herriko jende guztia gonbidatu nahi dugu senidetze festa honetan parte hartzera". Eta, jende guztia esatean, adin guztietako jendeari dei egiten diete antolatzaileek: "Ez da soilik gazteentzako festa; azken finean, naziotasuna landu behar badugu, ezin du soilik izan zazpi lurraldeetako herri batzuk batzea edo adin jakin batekoak batzea, baizik eta pertsonak eta herriak batzea da helburua, eta egitasmo honekin gu gure harritxoa jartzen saiatzen gara".

Mafalda ez da zahartu

"Polita litzateke egun batean esnatzea, eta norberaren bizitza norberaren esku dagoela ikustea". Joaquin Salvador Lavado Quino marrazkilariak Mafaldaren ahotan jarri zituen hitzok orain dela mende erdi. Quinok 1973. urtean utzi zion Mafaldaren zintak ...

Bandera ez da urrutira joango

Aurreneko aldia da emakumezkoen Kontxako Banderan lau ontzi gipuzkoar lehiatuko direla garaipenaren bila. San Juanek, Hibaikak, Zumaiak eta Oriok merezimendu osoz bereganatu zuten txanda esklusiboan aritzeko baimena, Kontxako sailkapen estropadan lau trainerurik azkarrenak izan baitziren. Ez zen zori kontua izan, lortutako balentria horren atzean urteetan egindako lan gogorra eta neketsua dagoelako.

Leire Alcala Hibaikako arraunlariaren ustez, "lana, sakrifizioa eta dedikazioa" dira Gipuzkoako ontzien arraskastaren giltza, eta, hain zuzen ere, igandeko Kontxako estropadan lau traineru gipuzkoar lehian egotearen arrazoia. "Sekulako lana egiten ari da Gipuzkoan emakumezkoen arraunean. Lehia estua dago, eta horrek maila hobetzen du. Aurtengo denborak, iazkoekin konparatuz gero, hobeak dira. Horrek zerbait esan nahi du". Emakumezkoen Kontxako Bandera 2008an sortu zenetik, galiziarrak jaun eta jabe izan dira, guztira bost bandera irabazita. Aurten, hala ere, aurrenekoz ez dute sailkatzerik lortu. "Arraunlari berdin-berdinak dira. Baina ez dute beti eurek irabaziko, ezta? Guk ere bi esku ditugu, eta gogo handia. Sendo entrenatu gara, eta aurten beraiek baino hobeto egin dugu arraun. Horregatik gaude Gipuzkoako lau ontzi Kontxan".

Alcalarentzat gauza ederra da lurraldeko lau traineru txanda nagusian ikustea, eta gaineratu du egun dagoen maila onari esker etorkizun oparoa duela Gipuzkoako arraunak. "Lan handia egiten da hemen. Horren lurralde txikian hainbeste talde on ikusteak zerbait esan nahi du. Ikusten da etorkizuna dagoela".

Miren Salvadorrek, berriz, bigarren urtea du traineruan. Tolosan bateletan, eta iaz Zarautzen traineruan, aurtengoa du aurreneko urtea Zumaian. 19 urte ditu, eta bera baino nagusiagoak direnek emakumezkoen arraunean eman diren aurrerapausoak ezagutu dituztela dio: "Arraunean urte asko daramanak sumatu du aldaketa. Orain urte batzuk ezingo zukeen imajinatu gaur egun ze giro egoten den Kontxako estropadan. Lan asko egin da, baina oraindik ere pausoak eman behar dira".

Oriok aurreneko agerraldia du arraunaren Olinpiar Jokoetan. Izen horrekin bataiatu dute askok eta askok Kontxako Bandera. Duela astebete Kaiarribako arrapalan bizi izandako giroak txundituta utzi zuen Ohiane Iraola Orioko arraunlaria. "Gauza berezia da. Arranpatik jaitsi, animo artean, gero berriz igo, jende guztia zuri txaloka…. Ez daukat hitzik bizi izandakoa deskribatzeko!".

Sei urte daramatza arraunean Iraolak, hiru traineruan, eta aitortzen du "gogorra" dela negua arraunlariarentzat, batik bat, uda noiz iritsiko zain egoten delako. "Ia urte osoa igarotzen dugu udako denboraldia prestatzen. Uda iristen ari dela ikusten duzunean, gogo handiagoarekin entrenatzen zara". Iraolarentzat garrantzitsua da oso lau traineru gipuzkoar aritzea Kontxako Banderan: "Izugarria da. Gainera, horrela, kanpoko jendeak ikusi egiten du zer-nolako lana egiten den hemen. Oso kirol polita da. Giro ezin hobea dago, eta nik edonori gomendatuko nioke arraunketa probatzea".

Lehia oso estua

Igandean erabakiko den banderari dagokionez, San Juanek oso alde estuarekin ekingo dio igandeko lehiari; aurreko igandean Donostiako badian jokatutako estropadan, 1,32 segundo atera zizkion Hibaikari, ia bost Zumaiari, eta hamabost Oriori, laugarren iritsi zenari.

Abantaila "eskasa" iruditzen zaio Sarai Lizaso San Juaneko arraunlariari, baina helburua abantaila horri eustea izango dela dio: "Lehertzera aterako gara, eta ahal den guztiarekin saiatuko gara diferentziari eusten". Bost bandera eta Euskotren liga irabazita, denboraldi bikaina osatu du Pasaiako Batelerak ontziak, baina, Lizasoren iritziz, horrek ez du esan nahi gaurko estropadan faborito direnik: "Hiru ontzi gaude bost segundotan; beraz, ez dago faboritorik.Gu presiorik gabe aterako gara. Ikusi genuen bai Zarautzen eta bai sailkapen estropadan ere presiopean ez genuela gustura egin arraunean".

Irabazteko presio horretatik aldentzearren, gustura dago Leire Alcala duela astebete lortutako bigarren postuarekin. "Atzetik gaude. Segundo eta erdira, baina atzetik. Positiboa da, presioa beraiena delako. Gu presiorik gabe aterako gara, eta, irabaziz gero, mundiala izango da". Alcalak zazpi urte daramatza arraunean. Errenteriarra da, eta barru-barrutik bizi izan du Hibaika proiektuaren bilakaera, nahiz eta hasierak ez ziren "errazak" izan. Duela hiru urte, Zumaian egin behar izan zuen arraun, herrian ez zutelako ez trainerurik ezta jende nahikorik ere uretara ateratzeko. "Urtez urte hobetzen joan gara. Asko entrenatu gara, eta orain zure herriko taldearekin Kontxan aritzea izugarri polita da".

Igandera begira, baikor da Salvador. Itsasoak apur bat altxatzen badu, bost segundo ez dira ezer. "Psikologikoki indartsu gaude. Aurrekoan ez genuen arraunean asmatu, eta ea oraingoan segundo horiek jateko gai garen".

Etzi jokatuko den estropadari begira, aurreko igandeko planteamendu berarekin ureratuko direla dio Iraolak. "Berdin-berdin aterako gara. Denboraldi osoan ezin izan gara beraien parean ibili, eta gustura gaude egindakoarekin. Ea beraien erritmoari eusteko gai garen".

Sailkapen estropadan onenekin batera ibili ziren oriotarrak, baina Kontxako lehen jardunaldian hasieratik gelditu ziren atzean. Estropadaren hasiera atzeratzea erabaki zuten epaileek, estropada eremuan zebiltzan ontziek handik alde egin arte, eta Iraolak uste du atzeraldi hori beraien kalterako izan zela: "Denbora asko eman genuen geldirik, eta egia da oso hotz ekin geniola estropadari. Espero dugu datorren igandean hobeto ekitea lehiari".

Gauzak hobetzeko, edota dauden horretan mantentzeko, lau traineruek bigarren aukera izango dute igandeko estropada erabakigarrian. Gauza bat segurua da, behintzat: Donostiako Bandera ez dela Gipuzkoako uretatik urrunduko.

Zoramena

Opor sasoian gaude. Askori amaituak bazaizkigu ere, beste batzuk oraindik badabiltza bazterretan deskantsu egunez gozatzen. Baina atsedenik hartzen dugu ala benetan zoratu egiten gara?Gustuko dut bidaiatzea, gauza berriak ikustea eta ezagututako tokia...

Haurrentzako ipuin eta kantak Bergaran

Etxeko txikienek aukera paregabea izango dute gaur ipuinez eta kantuz osatutako ikuskizun batekin gozatzeko, Bertsolharitza izeneko egitasmoa antzeztuko baita Bergaran, 18:30ean.Kontakizuna eta kantakizuna uztartzen dituen ipuin kontaketa da. Haritz b...