Sailkatugabeak

“Elizako artearen garrantzia nabarmen ari da areagotzen”

Orain hogei urte hasitako azterlanaren "zirkulua" itxi nahi du Esteban Elizondo organo jotzaile eta ikerlariak (Donostia, 1945) La música para órgano en el Pais Vasco y Navarra desde 1880 hasta 1980 (Organorako musika Euskadin eta Nafarroan 1880tik 1980ra) izenburu duen liburuarekin. Gaur zortzi aurkeztuko du Donostian, Kutxaren Camino liburutegian, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen sorreraren 250. urteurreneko antolatutako ospakizunen barruan.

Organo erromantikoa uztarri duen bi ataletako liburua da Elizondok eginikoa.

Nondik nora etorri da orain argitara emango duzun liburu berri hau?

Euskal Herriko organo erromantikoak eta instrumentu horientzat idatzitako musika aztertzen urte asko daramatzat. Nazioartean lehen mailako eta balio handiko ondarea dugula esan izan dut beti. Aurrez, gai honen inguruan hainbat liburu idatzi ditut: Gipuzkoako organoen ingurukoa, partituren liburua eta baita nire doktore tesia ere. Orain, organo erromantikorako obren katalogoa eginez, lan hau ixtea nahi dut nolabait. Katalogoan, organo erromantikoari lotutako eta ehun urteren epean EAEn eta Nafarroan idatzitako 800 obra bildu ditut.

Katalogoan denetariko obrak egongo dira, ezta?

Bai, horrela da. Punta-puntako obrak egoteko, atzetik oinarri sendo batek egon behar du. Lehen, beste liburu bat atera nuen euskal konpositoreen obra handien ingurukoa. Orain, ordea, denak batera argitaratu ditut, katalogo eran. Oinarri sendo bat dago elizarako edo liturgiarako idatzitako obra txikiekin, eta, hortik, gero eta obra garrantzitsuagoak sortu dira. Obra garrantzitsuak asko daude, eta, gainera, konpositore askorenak: Guridi, Beobide, Aita Otaño, Usandizaga, Tolosako Mokoroa...

Liburuaren lehen zatia da katalogoa, baina bigarrengoa Akilino Amezuari buruzkoa da. Zergatik?

Akilino Amezua Azpeitian jaiotako organo egilea, Espainian organo erromantikoaren ordezkari nagusitzat hartuta dago. Espainian lehen organo erromantikoa egin zuen, eta garaiko organo egile garrantzitsua izan zen. Esaterako, Bartzelonako Nazioarteko Erakusketarako organo handi eta garrantzitsu bat egin zuen, eta gero Kolonbiarako ere egin zituen beste batzuk; orain Bogotako katedralerako Amezuak egindako organo bat berritzen ari dira. Horrez gain, Andres Camilo Moreno historialari kolonbiarraren kolaborazioa jaso dut liburuan. Honek, Akilino Amezuak Kolonbiarako eraiki zituen organoei buruz idatzi du. Bi atal horien ondoren, argazki bilduma bat ere badu liburuak: Hego Euskal Herriko organo erromantiko garrantzitsuenei ateratako koloretako 30 argazki zoragarri dira. Katalogoak eta Amezuak lotura badute, eta biak batera argitaratu nahi izan ditut.

Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen sorreraren 250. urteurreneko ekitaldien barruan aurkeztuko duzu liburua.

Urteetan egindako lanaren fruitua da, eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak liburua argitaratzeko laguntza bat eman dit, beste zatia, berriz, neuk jarri dut. Gaur egun, inondik ez dago laguntzarik, eta hala egin behar izan dut. Liburu hau, 20 urtean egin dudan lanaren zirkulua ixteko da.

Gipuzkoan, bereziki, nolako garrantzia dauka organo erromantikoak?

Obren katalogoa kontuan hartuta, garai hartan Gipuzkoa buruan zegoen: han daude organo erromantiko handi, garrantzitsu eta adierazgarrienak. Gipuzkoan egon zen konpositore gehien, eta, gainera, garrantzi berezia izan zutenak. Akilino Amezua bera ere gipuzkoarra zen. Beraz, esan daiteke Gipuzkoak garrantzi handia duela arlo honetan.

Gaur egun, organo erromantiko asko kontserbatzen al dira Gipuzkoan?

Asko dira kontserbatzen direnak, alde horretatik Gipuzkoak altxor garrantzitsua dauka. Cavaillé-Collenak ditugu organo handi asko: Donostian Santa Marian eta San Bizenten, Azkoitian, Azpeitia n Loiolako basilikan eta beste txikiago batzuk hainbat herritan. Gero, beste organo esanguratsu batzuk ditugu Tolosan, Bergaran edota Usurbilen.

Eta Gipuzkoan Amezuak egindako organoren bat ba al dago?

Gipuzkoan Amezuak egindako hainbat daude, baina bat, Zegamakoa, justu hil aurreko urtean eraiki zuen. Gainera, organo hori jatorrian zen bezala gorde dute. Organo jotzaileok balio handia ematen diogu organoak eraldaketarik izan ez izanari, instrumentua jotzean jatorrizko espiritua edota egilearen espiritua present izateari. Gero, Nafarroan, Beran, Amezuaren organo garrantzitsuena daukagu: hiru teklatukoa da, eta jatorrian zen bezala dago hura ere.

Gaur egun, nola dago organoaren mundua?

Organoaren alde erlijiosoa gaizki dago: gero eta jende gutxiago joaten da elizkizunetara, eta, horrekin batera, eliza barruan musikaren garrantzia txikitzen ari da; hori begien bistakoa da. Bestalde, ordea, elizako artearen garrantzia nabarmen ari da areagotzen. Alde horretatik, ondare garrantzitsua dugunez, horren balioa handitzen ari da: liburu aldetik, disko aldetik, organo zikloak edota kontzertuak antolatuz. Esate baterako, Donostiako Musika Hamabostaldian organoaren zikloak biltzen du jende gehien. Aurten bertan, Santa Mariako, San Bizenteko, Artzain Oneko eta San Ignazioko kontzertuetan elizak goraino beteta egon dira. San Ignazioko kontzertua baino ordu laurden lehenago, elizan ez zegoen tokirik, eta jendea elizako txoko guztietatik egon zen organo kontzertua entzuten. Gaur egun, organoko kontzertuak jende asko erakartzen duten musika ekitaldiak dira.

49

ABERASTASUNAREN GAINEKO ZERGATIK IHES EGIN DUTENAKGipuzkoako Foru Aldundiak 47 milioi euro bildu zituen iaz aberastasunaren gaineko zergaren bidez, 2012an ondasunen zergarekin bildutakoa baino %47,6 gehiago. Hala ere, aldundiko ogasun sailak jakinaraz...

Bertsotan ekingo diete Donostiako Euskal Jaiei

Bete-betean murgilduko da bihar Donostia Euskal Jaietan, eta bertso artean egingo du. Eguerdian, 12:00etatik aurrera, Sagardo Egunaren harira, Sebastian Lizaso eta Aitor Mendiluze bertsolariak arituko dira Konstituzio plazako oholtza gainean. Ez da izango eguneko saio bakarra: gauean, berriz ere, 22:30etik aurrera, beste saio bat izango da agertoki berean. Saio horretan, Unai Agirre, Igor Elortza, Sebastian Lizaso —bigarrenez—, Maialen Lujanbio, Jon Maia eta Alaia Martin arituko dira. Amaia Agirrek izango du bertsolariei gaiak jartzeko ardura.

‘Euskaraz.net’ webgunea eraberritu dute

Donostiako Udalak webgune eraberritua aurkeztu du, administrazioak, herri mugimenduek eta eragileek hirian eskaintzen dituzten ekitaldi, jarduera edo zerbitzuen berri emateko. Hiru berrikuntza nagusi izan ditu www.euskaraz.net atariak, Nerea Txaparteg...

Euskal musika Europan zehar

Alemaniako eta Austriako hainbat hiritako kale kantoietan euskal musika entzun dute uda honetan. Izan ere, Itziarko familia bat, musika tresnak hartu, eta Europa erdialdean barrena ibili da abuztuko azken bi asteetan. Itziartarrek bi zaletasun uztartu...

Hil arte, kokaina ekologikoa

Haurdun dauden auzoko neskatilek atarian pipak janez eta zigarretak errez pasatzen dituzte arratsaldeak. Horregatik bizi naiz hain eroso nire auzoan: ez dirudielako bizilagunek inongo anbiziorik dutenik 100. urtebetetzearen eguna mendi maratoi bat eginez ospatzeko.

Norbere burua eta ingurukoen osasuna zaindu nahi horri berekoikeria hutsa deritzot. Gure existentzia kosmosaren iraupenerako ezinbesteko baldintza balitz bezala jokatu ohi dugu, ahal den luzeen bizirik jarraitzea mandatu sakratua balitz bezala. Eta kontrakoa gertatzen da; gutako gehienok lurrazalari irtendako pikorta mingarriak baino ez gara funtsean. Planetak lasaitutxoa hartuko luke, adibidez, egunkari honen irakurle guztiok Ibarrako piperrek zabaldutako Ebola berri eta zital batek bihar bertan bat-batean hilko bagintu. Edo Troposferan eta Estratosferan oraintxe bertan —eltxo nekosoak balira bezala— hegan ari zaizkion milaka hegazkinak supituki desagertuko balira, Malaysian Airlinesek patentatutako moduan.

Mendebaldeko biztanleen aztarna ekologiko onartezinak eta herrialde jendetsuenak suspertu izanak osatzen duten koktel asasinoa aintzat hartuta, bakoitzaren ekologismoa aldarrikatzeko modu eragingarriena berandu baino lehen harakiria egitea da. Suizidioak oso prentsa txarra dauka, ordea, eta gehienok ez daukagun kuraia eskatzen du. Horrela, irtenbide zentzuzkoena abiadura ertaineko agurra iruditzen zait. Hau da, laster samar hilko garela bermatzea, prozedura zorrotz bat dela medio. Bitartean natura mimatuz.

Diziplina behar da gorputza lantzeko, baina baita hondatzeko ere. Heriorainoko etapa, hala ere, paradisuan barreneko txango bat izan daiteke, gurutze-bidea baino gehiago. Flora eta fungi erreinua prest daude eutanasiarekin laguntzeko. Gutizi kuttunenak, debekatuak ziruditenak eta trantze misteriotsuak eragiten dituztenak, eskura jarriko ditu. Taxuzko masajeak jasoz gero, zelaiek eta sastraka bazterrek kolore guztietako opari lisergikoak ernatuko dituzte. Agure izatera iristearekin tematutakoan bakarrik bihurtzen dira bizioak arazo. Beste aldera badoanarentzat ez da egongo ez errehabilitaziorik, ez delirium tremens-ik.

Zigortu behar bezala gorputza izadia laztantzen duzun bitartean: horixe behar du mezuak. Erein kokaina ekologikoa, sustatu bidezko merkataritzaren bitartez iritsitako speeda. Hartu biak kontrol gabe, busti zintzurra sulfito gabeko ardo litroekin, desagertu azkar, hil lasai asko. Ama Lurrak jakingo du sakrifizio eskuzabala nola eskertu.

Musika, jaiak alaitzeko

Iraila iritsi da, baina herrietako eta auzoetako jaiak ez dira bukatu oraindik. Gipuzkoako txoko asko festan murgilduko dira asteburu honetan: Tolosako Izaskun auzoa, Hondarribia, Zizurkil, Zarautz, Eibarko Arrate... Leku horietan guztietan ez da musi...

Baratzea, natura eta lana, gizarteratzeko lanabes

Ateak zabalik ditu Karabelekok hara bildu nahi duen ororentzat, eta gauza arrunta bihurtu da hernaniar asko eta asko etxaldeko eremuetan bueltaka ikustea. Sarreran dagoen denda, esaterako, begiluze askoren topaleku bihurtu da, hango fruta arbolek eta landare apaingarri eta aromatikoek erakarrita.

Bada, halere, egunero-egunero, astelehenetik ostiralera hutsik egin gabe etxaldera lanera gogotsu etortzen den dozena bat laguneko taldea. AGIFES Buru Gaixotasuna duten Pertsonen eta Senideen Gipuzkoako Elkarteko erabiltzaileak dira, eta denetariko lanak egiten dituzte baratzean. Izan ere, Karabelekok gizarteratze psikosozialerako eta suspertzerako zentro gisa funtzionatzen du, bai buru osasun gaitzak dituzten pertsonentzat eta bai bazterketa arriskuan dauden beste kolektiboentzat ere.

Berotegietan eta kanpoko baratzeetan aritzen dira lanean egunero, tomateak bildu, otarreak osatu, pabiloia zaindu edota hazi berriak landatzen, besteak beste. Tartean ibiltzen da, aurrera eta atzera, Unai Alberdi. Bi hilabetez AGIFES elkartean boluntario aritu ostean, orain taldeko monitorea da.

Alberdiren esanetan, "oso gustura" jarduten dute lanean Karabelekon: "Pentsa, lehen zazpi-zortzi bat erabiltzaile etortzen ziren, eta, orain, ia halako bi. Egunero dituzte zereginak, eta beharrezkoa dute lan munduan sartzen hasteko. Hemengo lasaitasuna ederra da".

Karabeleko elkartearen esanetan, buru gaixotasunak dituzten pertsonen portzentaje oso handi batek ez du lan egiten, eta, aisialdia euren osasunarekin hertsiki lotuta egonik, egun osoan zer eginik gabeko ordu asko izaten dituzte. "Goizean goiz etortzen gara etxaldera, eta, behin Amaiak eta Oierrek aginduak emanda, zereginak banatzen ditugu gure artean", dio Alberdik.

Amaia Odriozola, Oier Iurramendi eta Javi Lopez Karabeleko langileak dira. Etxaldean dagoen dendaz, etxaldearen zainketaz eta AGIFESeko erabiltzaileen lan koordinazioaz arduratzen dira, besteak beste. Estimu handia diete, Iñaki San Sebastian erabiltzaileak adierazi duenez: "Oso ondo portatzen dira gurekin. Ikusten bagaituzte zereginik gabe, guregana etortzen dira galdetzera zer nahiko genukeen egin. Adibidez, berenjenak aldatu, letxugak banatu edo porru errenkadak osatu. Hori bai, belar txarrak kentzea da gutxien gustatzen zaidana. Askotan, gau txarra pasatu dudalako-edo ez banaiz ongi aurkitzen, Oierri, Amaiari edo Unairi deitu eta ez da inolako arazorik egoten. Harreman oso ona dugu", dio San Sebastianek.

Zoriontsu da San Sebastian paisaia berdearen erdian: "Naturarekin dudan harremanak betetzen nau gehien. Ez da pertsona batekin izan dezakezun harremana. Hemen, guretzat oso onura handikoak diren produktuak ekoizten ditugu, lurretik aterata. AGIFESeko bazkidea naiz, eta astero-astero otarre bat eramaten dut etxera. Astelehenetan osatzen ditugu otzara hauek. Denetarik gustatzen zait: lekak, bainak, letxugak, tomateak...".

Alberdik ere gustura ikusten ditu lanean: "Eskertzen dute. Orain arratsaldez ere etor daitezke, eta bistan da pozik egiten dutela. Irteerak antolatzen dituzte, eta, bazkalorduan, elkarrekin esertzen gara etxaldeko produktuak dastatzeko. Gainera, hemengo produktuekin gauza berriak prestatzen ikasi dute. Zentroetan esaten digute, batek hau prestatu duela edo besteak honela prestatzeko esan diela".

Ekintza ugari, helburu bat

Askotarikoak dira Karabelekon egiten dituzten ekintzak, nahiz eta zati handi bat baratzezaintzari lotuta egon. Hala nola kanpoko baratzeen zaintza, banakako lorontzien produkzioa eta baratzeko produktuekin eginiko errezeten osaketa, betiere ingurumenaren zainketa eta birziklapena ardatz hartuta. Baina badira bestelako ekintzak ere, batik bat buruko gaixotasunak dituzten pertsonen errehabilitaziorakoak: talde dinamikak indartzeko ekintzak, inguruneko komunitateetarako irtenaldiak, bisita gidatuak, kirol ekintzak edo denetariko jolasak.

Ekintza horiekin, Karabelekok erabiltzaileen autoestimua indartu eta norbanakoaren balio sentipena indartu nahi du. Helburu ditu, halaber, bizi-ohitura osasuntsuak bultzatzea, hasierako lan gaitasunak berreskuratzea eta giza gaitasunak garatzen laguntzea, beste kideekin izaten diren harremanei esker.

Lantaldeko giroari eta Alberdiren hitzei erreparatuz, helburu horiek gero eta hurbilago daudela antzematen da Karabelekon: "Giro ederra daukagu. Haiek gustura ibiltzen dira, eta nik ere asko gozatzen dut beraiekin".

Lurrarekin esperimentatzen

Munduko hainbat hiri handik bezala, Hernanik badu bere eremu berdea maiatzaz geroztik. Ez du New Yorkeko Central Park-en antzik, ez eta Londresko Hyde Park-enik ere. 10.000 metro karratuko lursaila da, Karabel auzo ondoan kokatua, eta han finkatzen d...