Sailkatugabeak

Alde zaharra biziberritzen

Hondarribia Gipuzkoako herrietan gehien bisitatuetako bat da. Urtero-urtero, milaka turista jasotzen ditu, uda sasoian batez ere. Hala ere, gisa horretako herri turistiko askok ez bezala, badu gabezia bat: alde zaharrean ez da behar besteko girorik.Ho...

Soka gaineko trebezia ikusgai Tolosako Waterline Festivalen

Slackline kirola pixkana-pixkana zabaltzen ari da Euskal Herrian. Soka edo zinta lasai baten gainean ibiliz egiten da slacklinea, eta asteburu honetan ikusgai izango da Tolosan, lehen aldiz Waterline Festival Tolosa jaialdia antolatu baitute. Iñigo Manso antolatzaileak azaldu duenez, jaialdiaren helburua herrira ahalik eta jende gehiena erakartzea da. Oria ibaiaren gainean zazpi soka jarriko dituzte: "Tolosak leku aproposa du herriaren erdian. Berezia izango da".

Mansok begiz joa zuen Zerkausiaren eta Nafarroako Zubiaren artean sortzen den gunea. "Ibaia ikusi, eta pentsatzen nuen erronka moduan ea posible izango zen zeharkatzea". Slacklinearen munduan apurka sartu zen Manso. Egun, Flow Balance elkarteko kidea da, eta haren bitartez antolatu du topaketa. Leku "berezia" dela nabarmendu du antolatzaileak: "Oria ibaiaren eta Zerkausiaren ingurua gero eta indar handiagoa hartzen ari da. Ibaiari bizi hori ematea polita da".

Berrogei parte hartzaile

Waterline Festivalen berrogei kirolari inguru elkartzea espero du Mansok: "Toki askotatik etorriko dira: herritik bertatik lauzpabost, Donostiatik, Bilbotik, Ipar Euskal Herritik, Madrildik, Cuencatik (Espainia), Bartzelonatik, Valentziatik (Herrialde Katalanak)... Baita Italia, Alemania eta Argentinatik ere". Mansok berak ere parte hartzeko asmoa du: "Herrikoak izanik, uretan sartu beharra daukagu".

Parte hartzaileek, jaialdia hasi ondoren, sokak probatuko dituzte. "Sokek zer tentsio duten ikusi behar du bakoitzak. Tentsioaren arabera, batzuentzat errazago eta beste batzuentzat zailagoa izaten da. Soka gainean ibiltzeko, saiatu behar duzu lasai egoten, zure gorputza kontrolatzen eta kontzentratuta egoten. Gero, bakoitzak, mailaren arabera, trukoak egiteko gaitasun handiagoa izango du".

Jaialdirako, saio libreez gain, hainbat joko antolatu dituzte. Spaceline deitutakoan, erdian elkartzen diren hiru sokatan jarriko dira parte hartzaileak, eta erdiko puntura lehenengo iristen denak irabaziko du. Soka luzeena zeinek lehenago igaro izango da beste jokoetako bat. Borrokak izeneko jarduerak ere egingo dira, hau da, soka baten gainean bi pertsona jartzea eta trukoak egitea, edo batak bestea uretara botatzea. Tricklinea ere egingo da, erakusteko jendeak zer-nolako abileziak dituen soka gainean. "Azken finean, jokoak ikusgarritasuna emateko antolatu dira, parte hartzaileek gozatzeko, eta ikusleek ere bai". Waterline Festival ez dela txapelketa nabarmendu du Mansok: "Parte hartzaileak ondo pasatzera datoz, eta ikusleek ere ondo pasatzea nahi dugu".

Probatzeko aukera

Slacklinean arituak direnak soilik ibiliko dira Oria ibaiaren gainean jarriko diren soketan, baina saiatzeko aukera izango dute kirol horretan lehen pausoak eman nahi dituztenek ere. Zerkausiko terrazan atonduko dute leku bat jendeak oreka probatzeko, eta larunbat arratsaldean eta igande goizean slacklinea egiteko aukera izango da Zerkausian. "Soka txikiak jarriko ditugu, distantzia motzekoak, jendeak ikasteko eta gurekin praktikatzeko", azaldu du Mansok. "Jendeak kirol hau zer den probatzea nahi dugu; hori da jaialdi honetako helburuetako bat".

Kirola lurrean hasten dela azaldu du Mansok: "Ur gainean zerbait polita egitera goaz, baina, elkartekook erakustera joaten garenean, lurretik gertu izaten da; bi arbolaren artean jartzen dugu soka, eta soka bera ondo nola lotzen den ere erakusten dugu, ez izateko inongo arazorik".

Manso asko betetzen du sokaren gainean ibiltzeak. "Lasaitasun handia sentitzen da soka gainean zaudenean eta nabaritzen duzunean zure gorputzarekin eta buruarekin oreka mantentzen duzula soka estu baten gainean. Sentsazio hori ez dut lortzen beste kiroletan". Soka gainean lortutako oreka eta lasaitasun horrek egunero laguntzen dio Mansori: "Ikusten duzu zure gorputzak asimilatu egiten duela ikasten ari zaren hori guztia". Sentipen hori pixkana etortzen da, soka gaineko eskarmentua handitu ahala. Hori dela eta, jaialdiaren antolatzaileak Tolosara gonbidatu ditu slacklinea gehiago ezagutu nahi duten herritarrak, Oriako ikuskizunaz gozatzera.

Gipuzkoako larreen erabilera antolatu egingo du aldundiak

Gipuzkoako Foru Aldundiak plangintza berri bat jarri du abian, Gipuzkoako mendietako larreen eta han ibiltzen den ganaduaren joan-etorria modu ordenatuan antolatu ahal izateko. Plangintza berri horrekin, ganaduaren eta larreen gestio integrala egingo duen sistema jarri nahi du abian aldundiak, eta, bide batez, ganaduzaleak, albaitariak, teknikariak, eta larreen jabeak diren udalak eta mankomunitateak tresna horren erabileran inplikatu.

Etzi Legazpin egingo den Gipuzkoako Artzain Egunaren aurkezpena baliatu du aldundiak plangintzaren berri emateko. Koldo Lizarralde Nekazaritzako eta Landa Garapeneko zuzendari nagusiak azaldu duenez, orain arte, artzain batek larreetara igo nahi zuenean, udalari jakinarazi besterik ez zuen egin behar: "Ez zuen ez epe ez kopuru jakinik ematen, eta, beraz, ez zegoen migrazio horren jarraipen sistematikorik".

Plangintza bete eta sistema abian jartzen denean, eragile guztiek jakingo dute zehazki eta une oro zein den larre bakoitzaren egoera: "Zenbat animalia dauden eta zer motatakoak diren, zenbat denbora daramaten larreetan eta zenbaterako dauden, nor den abelburu horien jabea, edo ganaduaren osasun egoera zein den".

Programa horrekin, beraz, larreen okupazioa, han dauden espezie eta arrazak, haien egoera sanitarioa eta abar denen eskura eta une oro gaurkotuta eskainiko du aldundiak. Gipuzkoa da tresna berri hori ezarriko duen lehen lurraldea.

Urtea amaitzerako, bukatua

Aldundiak martxan jarri duen plangintzan larreak identifikatu, deskribatu, eta bakoitzaren ñabardurak eta erabilerak zehaztu dituzte lehen urratsean. Ondoren, datu horiek guztiak, kode baten bidez, programa baten barruan kokatu dituzte.

Larre bakoitza ganadu ustialekuen erroldan sartuko dute gero, eta aldundiak aurreikusi du urte amaierarako bukatuta egongo dela zentsu berria, "legeak eskatzen dituen kodeekin".

Gipuzkoan 29 larre gune daudde, eta gehienak udalen jabetzakoak dira; gainontzekoak, mankomunitateenak. Behin zentsua osatuta, eta larre bakoitzak identifikazio gakoa duenean —beste edozein ustialekuk bezala, aldunditik zehaztu dutenez—, ganadua bertaratzen duten jabeek "gidak" egin beharko dituzte. Dokumentu horietan adierazi beharko dute abereak nondik nora eramaten dituzten, noiz, zenbat denborarako, zein osasun egoera duten... Etorkizunean albaitari bat izendatuko dute larre edo lurraldeko gune bakoitzeko.

Kontrol administratiboa

Aldundiak jakinarazi duenez, plangintza horrekin diru laguntzen kontrol administratiboa ere egingo dute, "iruzurrik izan ez dadin". Izan ere, aurrerantzean larreetara ganadua eramateagatik dauden diru laguntzak "errealitate eta datu zehatz eta konfirmatuetan oinarrituko dira, eta ez, orain arte bezala, eskaera egin duenak esan duenean".

“Elizako artearen garrantzia nabarmen ari da areagotzen”

Orain hogei urte hasitako azterlanaren "zirkulua" itxi nahi du Esteban Elizondo organo jotzaile eta ikerlariak (Donostia, 1945) La música para órgano en el Pais Vasco y Navarra desde 1880 hasta 1980 (Organorako musika Euskadin eta Nafarroan 1880tik 1980ra) izenburu duen liburuarekin. Gaur zortzi aurkeztuko du Donostian, Kutxaren Camino liburutegian, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen sorreraren 250. urteurreneko antolatutako ospakizunen barruan.

Organo erromantikoa uztarri duen bi ataletako liburua da Elizondok eginikoa.

Nondik nora etorri da orain argitara emango duzun liburu berri hau?

Euskal Herriko organo erromantikoak eta instrumentu horientzat idatzitako musika aztertzen urte asko daramatzat. Nazioartean lehen mailako eta balio handiko ondarea dugula esan izan dut beti. Aurrez, gai honen inguruan hainbat liburu idatzi ditut: Gipuzkoako organoen ingurukoa, partituren liburua eta baita nire doktore tesia ere. Orain, organo erromantikorako obren katalogoa eginez, lan hau ixtea nahi dut nolabait. Katalogoan, organo erromantikoari lotutako eta ehun urteren epean EAEn eta Nafarroan idatzitako 800 obra bildu ditut.

Katalogoan denetariko obrak egongo dira, ezta?

Bai, horrela da. Punta-puntako obrak egoteko, atzetik oinarri sendo batek egon behar du. Lehen, beste liburu bat atera nuen euskal konpositoreen obra handien ingurukoa. Orain, ordea, denak batera argitaratu ditut, katalogo eran. Oinarri sendo bat dago elizarako edo liturgiarako idatzitako obra txikiekin, eta, hortik, gero eta obra garrantzitsuagoak sortu dira. Obra garrantzitsuak asko daude, eta, gainera, konpositore askorenak: Guridi, Beobide, Aita Otaño, Usandizaga, Tolosako Mokoroa...

Liburuaren lehen zatia da katalogoa, baina bigarrengoa Akilino Amezuari buruzkoa da. Zergatik?

Akilino Amezua Azpeitian jaiotako organo egilea, Espainian organo erromantikoaren ordezkari nagusitzat hartuta dago. Espainian lehen organo erromantikoa egin zuen, eta garaiko organo egile garrantzitsua izan zen. Esaterako, Bartzelonako Nazioarteko Erakusketarako organo handi eta garrantzitsu bat egin zuen, eta gero Kolonbiarako ere egin zituen beste batzuk; orain Bogotako katedralerako Amezuak egindako organo bat berritzen ari dira. Horrez gain, Andres Camilo Moreno historialari kolonbiarraren kolaborazioa jaso dut liburuan. Honek, Akilino Amezuak Kolonbiarako eraiki zituen organoei buruz idatzi du. Bi atal horien ondoren, argazki bilduma bat ere badu liburuak: Hego Euskal Herriko organo erromantiko garrantzitsuenei ateratako koloretako 30 argazki zoragarri dira. Katalogoak eta Amezuak lotura badute, eta biak batera argitaratu nahi izan ditut.

Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen sorreraren 250. urteurreneko ekitaldien barruan aurkeztuko duzu liburua.

Urteetan egindako lanaren fruitua da, eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak liburua argitaratzeko laguntza bat eman dit, beste zatia, berriz, neuk jarri dut. Gaur egun, inondik ez dago laguntzarik, eta hala egin behar izan dut. Liburu hau, 20 urtean egin dudan lanaren zirkulua ixteko da.

Gipuzkoan, bereziki, nolako garrantzia dauka organo erromantikoak?

Obren katalogoa kontuan hartuta, garai hartan Gipuzkoa buruan zegoen: han daude organo erromantiko handi, garrantzitsu eta adierazgarrienak. Gipuzkoan egon zen konpositore gehien, eta, gainera, garrantzi berezia izan zutenak. Akilino Amezua bera ere gipuzkoarra zen. Beraz, esan daiteke Gipuzkoak garrantzi handia duela arlo honetan.

Gaur egun, organo erromantiko asko kontserbatzen al dira Gipuzkoan?

Asko dira kontserbatzen direnak, alde horretatik Gipuzkoak altxor garrantzitsua dauka. Cavaillé-Collenak ditugu organo handi asko: Donostian Santa Marian eta San Bizenten, Azkoitian, Azpeitia n Loiolako basilikan eta beste txikiago batzuk hainbat herritan. Gero, beste organo esanguratsu batzuk ditugu Tolosan, Bergaran edota Usurbilen.

Eta Gipuzkoan Amezuak egindako organoren bat ba al dago?

Gipuzkoan Amezuak egindako hainbat daude, baina bat, Zegamakoa, justu hil aurreko urtean eraiki zuen. Gainera, organo hori jatorrian zen bezala gorde dute. Organo jotzaileok balio handia ematen diogu organoak eraldaketarik izan ez izanari, instrumentua jotzean jatorrizko espiritua edota egilearen espiritua present izateari. Gero, Nafarroan, Beran, Amezuaren organo garrantzitsuena daukagu: hiru teklatukoa da, eta jatorrian zen bezala dago hura ere.

Gaur egun, nola dago organoaren mundua?

Organoaren alde erlijiosoa gaizki dago: gero eta jende gutxiago joaten da elizkizunetara, eta, horrekin batera, eliza barruan musikaren garrantzia txikitzen ari da; hori begien bistakoa da. Bestalde, ordea, elizako artearen garrantzia nabarmen ari da areagotzen. Alde horretatik, ondare garrantzitsua dugunez, horren balioa handitzen ari da: liburu aldetik, disko aldetik, organo zikloak edota kontzertuak antolatuz. Esate baterako, Donostiako Musika Hamabostaldian organoaren zikloak biltzen du jende gehien. Aurten bertan, Santa Mariako, San Bizenteko, Artzain Oneko eta San Ignazioko kontzertuetan elizak goraino beteta egon dira. San Ignazioko kontzertua baino ordu laurden lehenago, elizan ez zegoen tokirik, eta jendea elizako txoko guztietatik egon zen organo kontzertua entzuten. Gaur egun, organoko kontzertuak jende asko erakartzen duten musika ekitaldiak dira.

49

ABERASTASUNAREN GAINEKO ZERGATIK IHES EGIN DUTENAKGipuzkoako Foru Aldundiak 47 milioi euro bildu zituen iaz aberastasunaren gaineko zergaren bidez, 2012an ondasunen zergarekin bildutakoa baino %47,6 gehiago. Hala ere, aldundiko ogasun sailak jakinaraz...

Bertsotan ekingo diete Donostiako Euskal Jaiei

Bete-betean murgilduko da bihar Donostia Euskal Jaietan, eta bertso artean egingo du. Eguerdian, 12:00etatik aurrera, Sagardo Egunaren harira, Sebastian Lizaso eta Aitor Mendiluze bertsolariak arituko dira Konstituzio plazako oholtza gainean. Ez da izango eguneko saio bakarra: gauean, berriz ere, 22:30etik aurrera, beste saio bat izango da agertoki berean. Saio horretan, Unai Agirre, Igor Elortza, Sebastian Lizaso —bigarrenez—, Maialen Lujanbio, Jon Maia eta Alaia Martin arituko dira. Amaia Agirrek izango du bertsolariei gaiak jartzeko ardura.

‘Euskaraz.net’ webgunea eraberritu dute

Donostiako Udalak webgune eraberritua aurkeztu du, administrazioak, herri mugimenduek eta eragileek hirian eskaintzen dituzten ekitaldi, jarduera edo zerbitzuen berri emateko. Hiru berrikuntza nagusi izan ditu www.euskaraz.net atariak, Nerea Txaparteg...

Rock doinuak errekako uretan

Hilaren 4an abiatu zuten aurtengo Errekan Gora musika jaialdia, Eskoriatzan. Amparo Sanchez, J&P Brass Band eta Anje Duhalderen emanaldien ostean, bihar amaituko dute Aitzorrotz kultur elkarteak antolatutako zikloa, Kashbad eta Eratu taldeen kontz...

Madalenako ospitale zaharra, umiltasunaren santutegia

Santutegiak izaki bereziak gurtzeko herri eta kultura desberdinek sortutako lekuak dira, eta garai bakoitzean gizon-emakumeok transzendentziarekin izandako harreman mota adierazten dute: Egiptoko Karnak, Java uharteko Borobudur, edo Vatikanoko San Petri, eta antzeko eraikuntza ikusgarriek, gizarte egitura bortitzen lekukotasunaz harago, lezio ederra ematen diote bisitari harroari: sakratua irudikatzen duen arkitektura handiaren aurrean, gizabanakoa zein txiki eta ezgauza den konturatzera bultzatzen dute. Loiolako santutegia da, alde horretatik, Euskal Herrian dugun ondare unibertsal nagusietako bat. Barroko garaiak jainkoarekiko harremana nola ulertu zuen adierazten duen eraikin miresgarria.

Handik oso hurbil, Azpeitiko herrian, Madalena auzoan, santutegiarekin lotura zuzena izanik, oso bestelakoa den eraikin bat inauguratu zen maiatzaren 1ean: Madalenako ospitale zaharra. Erortzeko zorian zegoen eraikina eraberritu eta interpretazio zentro bihurtu dute jesuitek.

Erdi Arotik, lepradunak eta behartsuak zaintzeko lekua zen Madalenako ospitale zaharra. Hori garrantzitsua izanik, eraikin horren ezaugarri nagusia Ignazio Loiolakoaren historian betetzen duen leku esanguratsua da. 1535ean, Parisen Jesusen Lagundiaren hazia izango zen taldetxoa sortu ondoren, Ignazio bere jaioterrira itzuli zen. Azpeitira iristean, Madalenan ostatatu zen 1535eko apiriletik uztailaren amaierara arte. Senideek dorretxea eskaini zioten arren, nahiago izan zuen behartsuentzako etxea. Anaiari enkargu hau eman omen zion: bera ez zela "Loiolako etxea eskatzera etorri, ezta jauregietan ibiltzera ere, Jaunaren hitza ereitera baizik". Gaixoak zaindu, behartsuei lagundu eta ondoan dagoen Madalenako ermitan eta parrokian predikatzen zuen. Telletxea Idigoras historialariak, Ignazioren biografian, garai hartako hogei testiguren esanak errepasatu ondoren, Ignaziok "jaioterrian sortu zuen dardara" aipatzen du, eta handik joan zenean Azpeitian utzitako "halako on-distira eta on-ereintza" (Bakarrik eta oiñez, Berrondok euskaratua, 1987).

Merezi du Madalenako eraikin eraberritua bisitatzea; hango solairuetan patxadaz ibiltzea; ospitale zaharreko egurrezko oheak ikustea; tradizioaren arabera Ignazioren gela izan zen txokoan geldiune bat egin, eta han jarri duten irudian Ignazioren begirada sakonari erreparatzea. Argibide taula batean irakur dezakegu Madalena dela "San Ignazioren egiazko santutegia", hona etorri zelako Ignazio konbertituta, ez Loiolako jauregira, eta hemen egin zuenak islatzen duelako aurreneko jesuita haien izpiritua.

Carlo Fontana arkitekto ospetsuak Loiolako Santutegirako diseinaturiko zutabe, arku, kupula eta haitzurdin aberats guztiek bezalaxe, Madalenak txiki eta apal sentiarazten gaitu, baina beste modu batera lortzen du hori. Barrokoaren edertasun liluragarriaren ordez, Madalenak gizatasunaren berotasun xumea dakarkigu. Bizitzan aukera egiteko unean, txikien eta ahulen aldeko apustua egiten dutenek gugan pizten duten miresmen eta umiltasuna.

Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak inaugurazio ekitaldian adierazi bezala, bestelako mundu bat eraiki nahi dutenentzat inspirazio iturri ederra da Madalenako ospitalea. Loiolako santutegiak osatzen duen harribitxi espiritualari muzin egin gabe, XXI. menderako santutegi ezin hobea begitantzen zait Madalenakoa.