Sailkatugabeak

Rock doinuak errekako uretan

Hilaren 4an abiatu zuten aurtengo Errekan Gora musika jaialdia, Eskoriatzan. Amparo Sanchez, J&P Brass Band eta Anje Duhalderen emanaldien ostean, bihar amaituko dute Aitzorrotz kultur elkarteak antolatutako zikloa, Kashbad eta Eratu taldeen kontz...

Madalenako ospitale zaharra, umiltasunaren santutegia

Santutegiak izaki bereziak gurtzeko herri eta kultura desberdinek sortutako lekuak dira, eta garai bakoitzean gizon-emakumeok transzendentziarekin izandako harreman mota adierazten dute: Egiptoko Karnak, Java uharteko Borobudur, edo Vatikanoko San Petri, eta antzeko eraikuntza ikusgarriek, gizarte egitura bortitzen lekukotasunaz harago, lezio ederra ematen diote bisitari harroari: sakratua irudikatzen duen arkitektura handiaren aurrean, gizabanakoa zein txiki eta ezgauza den konturatzera bultzatzen dute. Loiolako santutegia da, alde horretatik, Euskal Herrian dugun ondare unibertsal nagusietako bat. Barroko garaiak jainkoarekiko harremana nola ulertu zuen adierazten duen eraikin miresgarria.

Handik oso hurbil, Azpeitiko herrian, Madalena auzoan, santutegiarekin lotura zuzena izanik, oso bestelakoa den eraikin bat inauguratu zen maiatzaren 1ean: Madalenako ospitale zaharra. Erortzeko zorian zegoen eraikina eraberritu eta interpretazio zentro bihurtu dute jesuitek.

Erdi Arotik, lepradunak eta behartsuak zaintzeko lekua zen Madalenako ospitale zaharra. Hori garrantzitsua izanik, eraikin horren ezaugarri nagusia Ignazio Loiolakoaren historian betetzen duen leku esanguratsua da. 1535ean, Parisen Jesusen Lagundiaren hazia izango zen taldetxoa sortu ondoren, Ignazio bere jaioterrira itzuli zen. Azpeitira iristean, Madalenan ostatatu zen 1535eko apiriletik uztailaren amaierara arte. Senideek dorretxea eskaini zioten arren, nahiago izan zuen behartsuentzako etxea. Anaiari enkargu hau eman omen zion: bera ez zela "Loiolako etxea eskatzera etorri, ezta jauregietan ibiltzera ere, Jaunaren hitza ereitera baizik". Gaixoak zaindu, behartsuei lagundu eta ondoan dagoen Madalenako ermitan eta parrokian predikatzen zuen. Telletxea Idigoras historialariak, Ignazioren biografian, garai hartako hogei testiguren esanak errepasatu ondoren, Ignaziok "jaioterrian sortu zuen dardara" aipatzen du, eta handik joan zenean Azpeitian utzitako "halako on-distira eta on-ereintza" (Bakarrik eta oiñez, Berrondok euskaratua, 1987).

Merezi du Madalenako eraikin eraberritua bisitatzea; hango solairuetan patxadaz ibiltzea; ospitale zaharreko egurrezko oheak ikustea; tradizioaren arabera Ignazioren gela izan zen txokoan geldiune bat egin, eta han jarri duten irudian Ignazioren begirada sakonari erreparatzea. Argibide taula batean irakur dezakegu Madalena dela "San Ignazioren egiazko santutegia", hona etorri zelako Ignazio konbertituta, ez Loiolako jauregira, eta hemen egin zuenak islatzen duelako aurreneko jesuita haien izpiritua.

Carlo Fontana arkitekto ospetsuak Loiolako Santutegirako diseinaturiko zutabe, arku, kupula eta haitzurdin aberats guztiek bezalaxe, Madalenak txiki eta apal sentiarazten gaitu, baina beste modu batera lortzen du hori. Barrokoaren edertasun liluragarriaren ordez, Madalenak gizatasunaren berotasun xumea dakarkigu. Bizitzan aukera egiteko unean, txikien eta ahulen aldeko apustua egiten dutenek gugan pizten duten miresmen eta umiltasuna.

Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak inaugurazio ekitaldian adierazi bezala, bestelako mundu bat eraiki nahi dutenentzat inspirazio iturri ederra da Madalenako ospitalea. Loiolako santutegiak osatzen duen harribitxi espiritualari muzin egin gabe, XXI. menderako santutegi ezin hobea begitantzen zait Madalenakoa.

Gizakiaren eta lurraren arteko oreka

Zenbat lur behar du gizon batek? 1886an Lev Tolstoik idatzitako ipuin baten izenburua da. Han, nekazari batek, gero eta lur gehiagoren jabe egitearen irrikaz, guztia galtzen du. Izenburu berarekin, Cristina Enea fundazioak Oier Etxeberriaren erakusket...

“Jendea esker onekoa da gure lanarekin, eta hori motibagarria da”

Zortzi urtetik gora daramatza Beñat Sanchezek (Zarautz, 1985) ehorzle lanetan. Lan faltan zegoelako ekin zion ofizio horri, eta denboraren poderioz ez zaio hasieran bezain gogorra egiten. Edonola ere, ez du uste hildakoak ikustera ohituko denik.

Nondik nora hasi zinen ehorzle lanetan?

Zortzi urtetik bederatzira bidean noa jada. Lan beharrean nengoen, ordaintzeko gastu dezente neuzkan eta aukera sortu zitzaidan ehorzle gisa hasteko. Probatzeagatik hasi nintzen. Enpresa batentzat aritzen naiz lanean, Antzuola, Astigarraga, Mendaro, Zarautz eta Zumaiako hilerriez arduratzen da gure enpresa.

Gogorra izan al zen hasiera?

Bai, pixka bat bai. Inoiz ikusi gabeko gauzak ikusi behar izaten dira gure lanean, eta hasieran errespetu dezentea ematen du. Pixkanaka ikasi beharreko lanak dira ehorzlearenak, besteei begira egon eta ikasi beharrekoak. Lankideekin hiletetara joaten hasi nintzen, gorpuak atera behar zirenean laguntzen, eta poliki-poliki ausartu ere egiten da bat. Ohitu, ordea, esango nuke inoiz ez garela ohitzen hildakoak ikustera.

Nolakoa da zure lan egun bat?

Erabat ezberdinak izan daitezke, egunetik egunera asko aldatzen da gure lana. Gehienbat, hilerrien mantenuaz arduratu behar izaten dugu. Orain, uda partean, belarra moztu beharra izaten dugu; udaberrian eta udazkenean, berriz, hostoak jasotzeaz-eta arduratzen gara. Ez da lan monotonoa. Hiletak tokatzen diren egunetan, adibidez, egun osoa horren arabera antolatu behar izaten dut; eta hiletak egon ez arren, batzuetan gorpuak ateratzea-edo tokatzen zaizu. Hiletak daudenean, edozer gertatzeko aukera egoten da, eta hileta bakoitza mundu bat dela esango nuke, faktore askok dute eragina.

Jende gehienak elizkizunetarako joera du oraindik, ezta?

Denetik dago, herriaren arabera ohiturak aldatu egiten dira. Hala ere, elizako kontu hori guztia asko mantentzen dela uste dut, tradizio gisako zerbait da, oso indarrean dago.

Zer egiten zaizu gogorrena?

Oraintxe bertan, neure lanera ohituegia nagoela esango nuke, eta ez dakit ba... Adibidez, gazte bat hiltzen denean, edo istripuz hildako norbait dagoenean, espero ez duzun norbait hiltzen denean, beti egiten da gogorra. Eta gainera, familiaren inguruan egotea tokatzen zaigu, tentsio handiko momentuak izaten dira guretzat ere.

Ba al du zerbait politik ehorzle lanak?

Beno, normalean hilerriak alturan egoten dira, eta oso bista politak izaten dituzte [barreak]. Gainerakoan, jendea oso esker onekoa izaten da gure lanarekin, laguntzen ari garenaren sentipena izaten dute. Beste lan batzuetan, akaso, arazoak izan ditzakezu jendearekin, baina gure kasuan, esker ona jasotzeak motibazio puntu bat ere ematen du. Une zail horietan jendeari lagun izanaren sentsazioarekin geratzen baikara.

Psikologia lana egitea ere tokatuko zaizu tarteka.

Bai, jendearekin tratatzen asmatu behar izaten dugu. Kasu batzuk oso gogorrak izaten dira eta distantzia mantendu behar izaten da. Denbora luzez gaixorik egondako senidea hiltzen den kasuetan, familiaren egoera bestelakoa izaten da.

Bitxikeriak ere izango zenituen.

Tira, lan guztietan bezalako kontuak izaten dira. Gertatu izan zait hilkutxa panteoian ez kabitzea eta puzzlea nola osatu pentsatzen denbora asko pasatzea. Panteoia gorpuz beteta egotea eta beste bat sartzeko hustu beharra ere tokatu zait noizbait. Baina normalean, familiekiko errespetuagatik, guretzat gordetzen ditugu halako bitxikeriak.

Jendeari arraroa egiten zaio ehorzle lanak egiten dituzula entzutea?

Uste dut jendea nahiko ohitua dagoela, ezagutu dudan jendeari ehorzlea naizela esaten diodanean behintzat ez du aurpegi txarrik jartzen. Hasi nintzenean beldur gehiago izaten nuen jendeak zer pentsatuko ote zuen. Normalean, jakin-mina edo kuriositate puntua izaten du jendeak, lana nolakoa den-eta galdetzen didate.

Sarriugarte eta Anariren munduak

Donostiako Garoa liburu dendak antolatutako Paperezko Kontzertuak ekitaldian, bigarren aldiz parte hartuko du Anari musikariak, aldi honetan Danele Sarriugarte idazlea lagun duela. Sarriugarteren Erraiak liburuko (2014, Elkar) hainbat zati hautatuko d...

Energia adimena duen kalea

Donostiako Udaleko Ekonomia Garapen, Enplegu eta Merkataritza sailak Alde Zaharreko kale Nagusia smart kale edo kale adimendun bihurtzea sustatu du. Kale Nagusiko saltoki batzuek proiektuan hartu du parte negozioen lehiakortasuna eta iraunkortasuna hobetzera bideratutako hainbat ekintza finantzatuz. Momentuz, 23 dendek eta 21 etxebizitzetako bizilagunek bat egin dute proiektuarekin. Saltoki horiek beren kontsumo elektrikoak monitorizatuko dituzten gailuak jada jarri dituzte. Lehenengo neurketa hilabeteak igarota, energia eraginkortasunari eta uraren kontsumoari dagozkion lehen emaitzak ikus daitezke. Josu Ruiz Garapen Ekonomikoko zinegotziaren hitzetan, "jasangarritasuna eta merkataritzako zein etxebizitzetako energia eraginkortasuna dira xedeak".

Kale Nagusirako smart kalea proiektua Donostiako Sustapena hirirako garatzen ari den Smart Planean jasotako probako egitasmoetako bat da. Egin berri den Enertic-en —Euskal Herriko lehen eraikin ekoadimentsua— inaugurazioa gehitzen zaio horri. Kasu batean zein bestean, xedea iraunkortasunean oinarritutako hiria garatzea da, herritarren bizi kalitatea aktiboki hobetuko duena eta enpresei onurak ekarriko dizkiena; komunikazioan, mugikortasunean zein energia eraginkortasunean izango lituzkete onurak, IKT Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien erabilera zabalduari eta ingurumenaren eta baliabide naturalen arrazoizko erabilerari esker. Ekintza horrekin energia eraginkortasuna lortu nahi dute, kontratatutako potentzia optimizatuz eta zaharkitutako instalazioak eguneratuz. Horretarako, parte hartu duten dendek aholkularitza berezitua jaso dute eta hainbatek beren argiztapen sistema berritzeko inbertsioak egin eta ingurumen mailan eraginkorragoak izatea ere lortu dute. Kontagailuek eguneko kontsumoaren jarraipena egiteko aukera ematen dute, eta, modu horretan, aurreztu ahal izateko neurriak har ditzakete erabiltzaileek. LED bonbilletara aldatzeak, esaterako, beren kontsumoan 5.600 kW/urtean baino gehiago murriztea ahalbidetu du eta horrek urtean 1.000 euroko aurrezpen ekonomiko erreala dakar. Urari dagokionez, zurrusta hausteko gailuak erabiltzeak hainbat saltokiren kontsumoan %50 baino handiagoko aurrezpenak eragin ditu.

Dendetan teknologia berriak txertatzea ere ari dira lantzen ekintza osagarri modura. Batetik, prestakuntza teknologikoko programa bat ari dira diseinatzen dendei beren produktuen eta zerbitzuen salmentan eta fideltasunean smart teknika berriak txertatzen laguntzeko eta bezeroentzat erosketa esperientzia berriak erabilgarri jartzeko.

Etxebizitzen monitorizazioa

Donostiako Udala, Donostiako Sustapenaren, Ingurumen Departamenduaren eta Urak Ustiatzeko eta Saneamenduko Zerbitzuen bidez, Kale Nagusiko etxebizitzetan energia eta ur kontagailu adimendunak jartzen ere ari da. Batetik, elektrizitatea neurtzeko gailu adimenduak doan jartzen ari dira, kontsumoa aztertzeko balioko dutenak, eta elektrizitatearen urteko kontsumoa %16ra arte murriztea ahalbidetu dezaketenak, horrek fakturan dakarren aurrezpenarekin. Egun, hogei etxek baino gehiagok dute jada kontagailu hori instalatuta eta Santa Maria eliza ere gehitu zaie.

Bestetik, Kale Nagusiko bizilagunek, ur kontagailu adimendun berriak ere erabilgarri dituzte, beren ohiturak eta kontsumoak aztertzeko aukera eskaintzen dietenak. Uraren eta elektrizitatearen kontsumoen monitorizazioarekin batera, udalak herritar bakoitzari jardunbide egokietarako aholkuak eskaintzen dizkio etxeetako energia eraginkortasunaren hobekuntzan eragingo duen ingurumen kontzientziaziorako, horrek dakarren aurrezpen ekonomikoarekin. Etxebizitzek energia neurgailuak jartzeko izena emateko epea irekita dago igandera arte. Ruizen hitzetan, egitasmoarekin bat egin dutenek balorazio positiboa egin dute: "Pozik daude eta oso modu aktiboan parte hartu dute eta prozesuetan integratu ditugu. Espero dugu gero eta eskaera gehiago izatea, azken finean denon onurarako izango delako".

Argiztapen adimenduna

Kale Nagusia smart kale bihurtzeko beste jarduera bat argiztapena aldatzearena da, egungo bonbillak led bonbillekin ordezkatuz. Sistema horrek instalazio konbentzionalekiko %50eko energia aurrezpena ahalbidetzen du. Sistema berri horrek ekarriko dituen onuren artean, argiaren intentsitatea urrutitik programatzea eta mantentze anetan hobekuntzak bermatzea daude.

Kale Nagusikoa probako esperientzia da, baina asmoa hiriko auzoetan pixkanaka zabaltzea da. "Eredu jasangarri baten bila goaz eta azken hilabeteotan Enertic eraikina martxan jarri dugu. Han energia berriztagarrien alorrean lan egiten duten enpresak instalatzen ari dira eta hori aktibo garrantzitsua izango da hiriaren etorkizuneko eredu ekonomikoari begira". Horrez gain, Enertic energia berriztagarrien alorrean gogoeta foro bat izatea ere nahi dute.

Donostiako Udalak bizilagunei gutun bana bidaliko die orain epeekin eta informazioarekin, etxebizitzetan eta dendetan ur kontagailu adimendunen doako instalazioan parte har dezaten. Kasu guztietan, izena emateko modua 943-48 33 90 telefono zenbakira deituta edo ingurumena@donostia.org helbidera idatzita izango da.

Batelariak gogoan, arraunean

Duela 52 urte egin zuten lehenbizikoz, Pasai Donibanen, emakumeen batel estropada. Garai hartan, ez zen orain bezain ohikoa emakumeak arraunean ikustea, baina Santio jaiak ziren, eta, testuinguru horretan, ordura arte inork egin ez zuen urratsa egiter...

Txirrindularitzaren harribitxi

Tradizio luzeko ekintza ugari antolatzen dituzte urtero Ordiziako jaietan. Danborrada, santanazaleen esku-dantza eta haurren ohiko aurreskua, esate baterako. Uztailaren 25arekin, Santa Ana jaietan murgilduta, hutsik egin ezinezko beste ekitaldi bat ere izaten dute: Ordiziako Klasikoa.

Euskal Herriko lasterketarik zaharrena da Ordiziakoa. Urtez urte egutegiari eustea lortu duen txirrindularitzako harribitxia. Parte hartzeak gorabehera ugari izan ditu azken urteetan. Goi mailako txirrindularitzaren bilakaerak kalte egin die Ordiziakoaren gisako lasterketei.

Historia luzeko lasterketa da klasikoa. 1922an jokatu zen lehen aldiz, eta Francisco Sarasolak irabazi zuen. 36ko gerrak hala behartuta, bi urteko etena egin zuten gero. 1938an berriro hasi ziren, eta, geroztik, urtero egin da.

Afizionatuak biltzen zituen hasieran, baina urte gutxiren bueltan, 1925ean, profesionalentzako lehiaketa bihurtu zen. Gaur jokatuko dute, 91. aldiz. Parte hartuko dutenen artean daude Gorka Izagirre (Movistar) —2012ko irabazlea—, Igor Anton (Movistar), Luis Leon Sanchez (Caja Rural) eta Jerome Coppel (Cofidis).

Lagun talde batek antolatu zuen klasikoaren aitzindari izango zen lehen proba. Frantziako Tourrari begira, Ordizian txirrindulari lasterketa bat egiteko grina piztu zitzaien. Villafranca kirol elkarteak eta Santa Ana kirol elkarteak hartu zuten antolatzeko ardura. 1940an, berriz, Txapel Gorri elkarteak hartu zuen klasikoa antolatzeko lekukoa, Josetxo Sarasolaren eta Angel Sanzen eskutik.

36ko gerraren ondorenetik gaur egunera arte, etenik gabe egin da lasterketa. Hala ere, Tourraren egutegiaren mende, aldaketa ugari egin izan dituzte. Urteen joanean, bestelako aldaketak ere izan dira, noski. Hasierako urteetan, adibidez, antolatzaileek eurek egiten zituzten epaile lanak. Ez zegoen ez ibilbide libururik, profilik edo arautegi zehatzik.

Ibilbidean aldaketak

Klasikoa egun bakarreko lasterketa da gaur egun, baina hiru urtetan bi etapa izan zituen probak. Hain justu, 1949, 1952 eta 1974. urteetan. Deskarga eta Bergararaino ere iritsi zen lasterketa 1940ko hamarkadan. Hasierako urteetan, 215 kilometroko lasterketa izaten zen; klasikorik luzeena 1963an izan zen, 225 kilometrokoa.

2007tik hona antzeko ibilbidea egiten du lasterketak urtero. Ordizian hasi eta bukatuta, 30en bat kilometroko zirkuituari bost bira ematen dizkiote. Abaltzisketa eta Altzotik pasatzen da lasterketa. Hirugarren mailako mendateak dira horiek. Aurten, gainera, Zaldibiatik Gaintzarako bigarren mailako igoera gainditu beharko dute azken kilometroetan —iazko Euskal Herriko Itzulian estreinatu zen, eta ezagun egin da bizikletazaleen artean—. Guztira, 170 kilometroko ibilbidea izango dute.

Lejarreta, Olano, Jalabert...

Urteetan izan den aldaketa nabarmenetako bat txirrindulari kopuruari dagokio. Irteera puntuan txirrindulari gutxi izaten ziren lehen urteetan. Antolatzaileek eurek banaka batzuk gonbidatzen zituzten, garaian sona zutenak, eta zuzenean beraiei ordaintzen zieten. Gaur egun, ordea, taldeak gonbidatzen dira, taldeei ordaintzen zaie, eta bakoitzak sei eta hamar txirrindulariren artean ekartzen ditu.

Inazio Esnaola, Jose Mitxelena, Txomin Perurena, Marino Lejarreta, Abraham Olano, Laurent Jalabert eta Gorka Izagirre. Horiek Ordiziako helmugan garaile izan direnetako batzuk. Marino Lejarreta txirrindulari bizkaitarra bera ohorezko zuzendaria da.

Edonola ere, Jose Luis Sanz da azken hamarkada hauetan probaren antolaketan buru-belarri lanean aritu dena. Barru-barrutik ezagutzen ditu lasterketaren nondik norakoak. Aitarengandik jaso zuen zaletasuna. Lasterketaren koordinazio lanetan aritzen da, baita epaile gisa ere. Iazko klasikoaren irteeran omenaldia jaso zuen egindako lanagatik.

Lehen herri mortuaren bila

Goi Erdi Aroa VIII. eta XIII. mendeen artean kokatzen dute. Aro horretako aztarnategirik baliotsuenetakoa, Gipuzkoan, Bidania-Goiatzen dago; San Pedroburun. Bertan, XIX. mendera bitarte ermita bat egon zen. Egun, muino bat besterik ez da, abereen erem...

“Digitalerako pausoak nahiko buruhauste sortu zizkigun”

30 urte bete ditu Azpeitiko Argazki Elkarteak. 1984ko urtarrilaren 21ean inauguratu zuten elkartearen lokala, Azpeitiko kuartel zaharra izandakoan. Elkartea sortzeko lanak aurretik hasi zituzten, ordea, hala azaldu du sorreran parte hartu zuen Iñaki Aranburu (Azpeitia, 1953) Azpeitiko Argazki Elkarteko kideak. Herriko hainbat ekitalditan eta jaietan egiten duten lana aitortuz, aurten, saninazioetako etxafuegoa botako dute udaletxeko balkoitik.

Nolakoa izan zen Azpeitiko Argazki Elkartearen sorrera?

Lokala inauguratu aurretik ere lan mordoxka egin genuen. 1982an, udaletxeari lokala eskatu genion, eta bi urte barru eman ziguten: proiekzioetarako areto handi batekin, bilera gela batekin eta argazkiak errebelatzeko bi laborategirekin.

Nondik nora sortu zitzaizuen argazki elkarte bat osatzeko asmoa?

1977an-edo hasi zen kontua. Ni, garai hartan, Lagun Onak Mendi Bazkunako batzordean nengoen, baita Joxe Atxa ere; biok argazkigintzarako zaletasuna genuen, eta pixkanaka herrian zaletasun bera geneukan batzuk biltzen hasi ginen. Orduan, bileretarako ia lokalik ez zegoen Azpeitian, baina Harkaitza elkarteak bazuen lokal eder bat, eta han elkartzen hasi ginen. Zerbait egiten hasteko gogoarekin, 1978an-edo, aurreneko argazki rallya egin genuen zuri-beltzean. Esperientziarik ez genuen, baina ondo irten zitzaigun. Hasieran, hamabost bat lagun hasi ginen, eta pixkanaka osatuz joan da taldea.

Elkartea sortu aurreko argazki rallyak segida izan al zuen?

1978koa eta gero beste bat ere egin genuen zuri-beltzean, baina gero koloretan egiten hasi ginen. Ordutik, udaberrian urtero antolatzen dugu bat. Baina beste bi ere antolatzen ditugu gaur egun: udazkenekoa, Lagun Onak Mendi Bazkunarekin batera; eta azken urteetan, Gau Txori gaueko argazki rallya. Urtean hiru egiten ditugu, eta nik dakidala hiru argazki rally egiten dituen beste elkarterik ez dago inguruan. Horrez gain, argazki erakusketak ere antolatzen ditugu. Herrian erakustoki apropos bat edukitzeko ere borrokatu gara elkartekook, eta Betharram aretoan toki aproposa dago gaur egun. Lortu genuen hori ere.

Garai hartan Gipuzkoan ba al zegoen beste argazki elkarterik?

Nik dakidala, Donostian bakarrik zegoen argazki elkarte bat. Guk haiekin harreman pixka bat eduki genuen orduan, eta ez dut gogoratzen beste elkarterik zegoenik.

Argazkizale batentzat, zergatik da beharrezkoa elkartea izatea?

Ez dakit zenbateraino den: azken batean argazkigintza oso pertsonala da, indibiduala, eta inoren beharrik ez dago argazkia ateratzeko. Baina gu hasi ginenean informazio askorik ez zegoen, Internetik ere ez zen. Orduan, norberaren bizipenak eta jakinduria besteekin partekatzen genituen: elkarri gauzak erakusten genizkion, ateratako argazkiak elkarrekin ikusten genituen; elkarren beharra bazegoen argazkilaritzan. Gaur egun, desberdina da, Internet bidez-eta informazio asko eskura daiteke, eta indibidualagoa da. Baina, hala ere, argazki elkarteak funtzionatzen du.

Taldea helburu zehatz batzuekin sortu al zenuten?

Ez, bakar-bakarrik argazkigintzarako zaletasuna genuenak elkartzeko eta zerbait egiteko asmoz sortu genuen. Bakoitza bere aldetik ibiltzen ginen argazkiak ateratzen, baina elkarri erakusteko eta elkarrengandik ikasteko, elkartzeko eta antolatzeko beharra sentitu genuen. Liburuak-eta baziren, baina batak besteari erakutsiz ikasi genuen argazkilaritzaz eta errebelatzeko kontuez.

Gaur egun, elkarte barruan ere, bazkideon artean, halako argazki lehiaketa antzeko bat egiten duzue?

Bai, 12x12 du izena. Hilero gai bat jartzen dugu, eta bakoitzak horren gaineko argazkiak ateratzen ditu. Gero, elkarrenak ikusi eta puntuatu egiten ditugu. Oraingoz, ez daukagu saririk, baina motibazio bat da; hemezortzi lagun inguruk hilero parte hartzen du. Argazkigintza ikasteko eta lantzeko asko balio du lehiaketak.

Sortu zenetik elkarteak gorabeherarik izan al du?

Toki guztietan bezala, olatua gorako eta beherako izaten da; batzuetan euforia kolektiboa izaten da, eta beste batzuetan, indibiduala. Gorabeherak beti egon dira, baina mantendu egin da elkartea: sorreran astero biltzen ginen eta gaur egun ere halaxe segitzen dugu.

Elkartean argazkilaritza analogikotik digitalerako pausoa ezagutu duzue, nolakoa izan da?

Digitala hasi zenean, gu jokoz kanpo gelditu ginen: analogikotik gentozen, eta digitalaren etorrerak nahiko buruhauste sortu zizkigun. Hasieran, ikastaro batzuk eman genituen elkartean, jende gaztea etortzen hasi zen, eta harremana sortu zen. Hala, jende berria eta gazteak sartu dira elkartean, eta horiek erakutsi digute digitalaren mundua nolakoa den. Aldaketa jende gaztearen etorrerarekin batera egin da elkartean, eta eskerrak haiei. Guk, lehendik gabiltzanok, argazkigintzaz erakutsi diegu haiei. Elkarrengandik ikasi dugu. Gaur egun ere argazkilaritzako ikastaroak antolatzen ditugu, eta jende askok parte hartzen du.

Gaur egun, sasoiko al dago elkartea?

Bai, ondo dago. Lehengook hor segitzen dugu, baina gazte asko ere badago. Gainera, oraintxe arte emakumerik ez genuen ezagutu elkartean. Gaur egun, berriz, taldean hamar bat emakume badaude, mugitu, lan egin eta ardurak hartuz gainera. Elkartea osasuntsu dago.

Eta zein erronka ditu?

Erronka berezirik ez daukagu, baina gaur egun egiten duguna egiten segitzea ez da gutxi.

Herrian argazkilaritzarako zaletasun handia al dago?

Bai, badago, jende askok du argazkilaritzarako zaletasuna. Gainera, seguru nago, jende asko dagoela argazkiak ateratzeko afizioa duena, bere kasa dabilena, baina argazki elkartera etortzen ausartzen ez dena.

Asko aldatu da argazkigintza elkartea sortu zenetik hona?

Asko aldatu da. Orain edozeinek dauka kamera bat, eta erraztasun asko daude. Oraingoa ere ederra da, baina lehen argazki bat ikusteko, handiagotu eta paperera ateratzen genuen. Gaur egun, ordea, paperera oso gutxi ateratzen da, eta ia dena pantailan ikusten dugu; alde horretatik, ni lehengoarekin gelditzen naiz. Argazkia ateratzerako ere gehiago pentsatzen zen lehen, agian, oraingo digitaleko belaunaldiak kontzeptu hori ezezaguna du: argazkia atera aurretik ikusi eta eszena memorizatzearena. Gaur egun, dena oso azkar doa: lehen, kamera berri bat ateratzen bazuten, hari begira hiru urte pasatu, eta laugarrengoan erosten genuen. Orain, ezin da kamera bati begira bi hilabetean ere egon, hirugarren hilabeterako modelo berriagoa ateratzen baitute.