Sailkatugabeak

Doctor Deseo eta Kashbad taldeek La Flamenka gunean joko dute

Edozer dugu posible egunak utzitako biharamunari buelta emanda, Donostiako Piratak buru-belarri ari dira Aste Nagusiko egitaraua prestatzen. Azken urteetan indartzen joan da La Flamenka gunea, eta aurten ere hura izango da piraten gune nagusia. Aste honetan iragarri dute zeintzuk izango diren bertan joko duten taldeetako batzuk. Besteak beste, portuko oholtza gainera igoko dira Doctor Deseo...

Jostorratz begi batetik ikusita

Azkoitiko Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak Mundua jostorratz begi batean. Argazkiak hitzetan, hitzak argazkitan erakusketa zabaldu du Torre Zuri erakustokian. Iragan astetik daude ikusgai Jon Andoni Martin Pegote argazkilariaren irudi estenopeikoak. A...

Pobrezia, poemetan eta musikatuta

Idatzita zeukaten poesiari probetxua ateratzeko burutazioa izan zuten Eñaut eta Aimar Uribesalgok: disko bat kaleratzea; poesia, musikaren laguntzaz errezitatuta. Emaitza: Pobresiak emanaldia. Esaten ez dena, eta esateko zeukatena adierazteko asmoz, Aimarrek idatzi ditu poemak, eta Eñautek lagundu dio gainerako prozesuan. Orain, herriz herriko emanaldietan murgildu dira. Bihar, esaterako, Arrasateko Udazabal jaialdian; 22:30ean hasita, Monterron parkean.

'Pobresiak' poesia errezitala

Bihar, 22:30ean, Arrasateko Monterron parkean.

Elkar ezagutuz, herri hobe bat

Lasarte-Orian 70 jatorritako herritarrak bizi dira, eta herritarren erdiak inguru ez dira bertan jaioak. Datu horiek abiapuntu gisa hartuta, 2011n aniztasunaren gaia lantzen hasi zen udala. Azken hiru urteetan, herriko elkarteekin elkarlanean proiektu...

Arroa Beheko Karmen jaiak

Asteartean hasi ziren Arroabeko (Zestoa) Karmengo jaiak eta igandean amaituko dira. Biharkoa izango da gehien betetako eguna. 10:30ean hasiko da festa bikotekako paella lehiaketarekin, eta 14:30ean bazkaria egingo dute. 17:30ean, herri arteko norgehia...

Egoera lehertzear dagoenean

Seme-alabek eskuetatik ihes egin didate". Lotsa, kulpa eta porrot sentipena izaten da. Gizartean gutxi hitz egiten da etxeko arazoei buruz, elkarbizitza ezinezko egiten duten gatazkei buruz. Nerabeen eta gurasoen arteko elkarbizitza arazoak ez du egoera ekonomiko edo arrazarekin zerikusirik. Heziketa kontua da, seme-alabekin izaten den harreman emozionalaren ondorio; eta gizarte guztiz autoritario batetik erabat malgura pasatzeak ere izan dezake zerikusia. Hainbat arrazoi direla medio, elkarbizitza ezinezko bihurtzen da etxe askotan. Lehen keinu txikietatik hasi eta indarkeriazko gertaera gogorretaraino.

Gizarte zerbitzuetan laguntza eskatzen duten familiek bi aukera izaten dituzte: terapeuten edo hezitzaileen laguntza jasotzea edo salaketa bidez nerabeak etxetik ateratzea. Bi aukera horien artean zer egin badagoela sinetsita, ideia bati bueltaka hasi ziren duela bizpahiru urte Karlos Escaño eta Oscar Abajo. Idoia Mendibilekin batera, Gailur Kooperatiba jarri zuten martxan apirilean.

Psikologian, pedagogian, familia bitartekaritzan, gizarte heziketan, lanbide trebakuntzan eta orientazioan, soziologian, ikerkuntzan eta garapen komunitarioan prestakuntza duten taldea dira. Familia esparruetako arazoen aurrean esku hartzeko antolatuta daude. Egoera gatazkatsuetan bizi ziren nerabeek, etxetik atera eta terapia zein orientazio programetatik igaro ondoren, falta edo delituak egitearren Justiziaren eskuetan amaitu dutela ikusi izan dute Gailurreko kideek euren lan ibilbidean. Horregatik, muturreko egoeretara iritsi baino lehen esku hartu ahal izateko egitasmoa da Hezika.

Elkarbizitza eta jarrera arazoak familia esparruan bertan lantzen dituzte, etxean. "Behin arazoa dagoela onartuta, terapia bila joan gaitezke, guztiz beharrezkoa dena, eta behin kontsultatik irtenda, dena oso argi ikusten da. Etxera iritsitakoan, ordea, orain arteko ohitura txar guztiei buelta ematea oso zaila da", azaldu du Abajok. "Hor sartuko ginateke gu, etxean bertan zuzenean. Noiz dira egoera gatazkatsuak, jaikitzeko garaian? Otorduetan? Ba, hor egongo gara gu", dio Mendibilek.

Egoerak gainezka egin duen kasuetan, arauak edo ohiturak jartzea beharrezkoa da, Escañoren arabera. "Aisialdi denbora ezin da hutsik egon, eta formazioa ere ez. Hori Guztia antolatu egin behar da". Gailurreko kideen lana laguntza terapeutikoaren eta gizarte hezitzaileen osagarri izan daiteke.

Apirilean proiektua martxan jarri zutenetik, egitasmoari forma eman eta Goierrin ezagutzera ematen ari dira. Horretarako, lau lan lerro landu dituzte. Politikariekiko edo administrazioarekiko harremanak; udaletako nahiz gizarte zerbitzuetako teknikariekin; hezkuntza munduan ikastetxeekin; eta eskualdeko kooperatibekin izan dira harremanetan.

Escañoren hitzetan, gizarte zerbitzuen eta heziketa zentroen bidez euren burua ezagutzera eman dute: "Ikastetxeetan baieztatu digute profil hauetako ikasleak badituztela; orain, zentroek badakite gure zerbitzua badagoela".

Ez da erraza izaten gurasoek edo gazteek laguntza behar dutela onartzea. Gurasoek gaizki egin duten sentsazioa izaten dute, kulpa sentsazioa. Abajok argi du, ordea, ez dela kulpa kontua: "Muturreko egoerara iristea etxeko denen arazoa da, eta ez inoren errua".

Arazoa gizarteratzen

Guraso txarra izatearen sentipenak edo porrotarenak mugak jartzen ditu etxean arazo bat dagoela onartzeko garaian. Gailurreko kideek irailetik aurrera hitzaldiak antolatzeko asmoa dute gai horren gainean hitz egiteko. Arazoa gizarteratu eta mahai gainean jartzea da euren asmoa, jendea identifikatuta senti dadin, Mendibilen hitzetan: "Agian, gurasoak identifikatuta sentituko dira, eta laguntza eskatuko dute". Egoera horiek, gainera, ez dira egun batetik bestera sortzen. Lehenik, zantzu txikiak agertzen dira, jokaerak, denborarekin larritzen joaten direnak, eta gerta daiteke gurasoak berandu ohartzea. Indarkeria fisikoa baino lehen, hitzezko indarkeria, psikologikoa nahiz ekonomikoa ere gertatzen dira. Beste hainbat sintoma ere badira: drogen kontsumoa, esate baterako, arazo emozionalen presentzia eta maitasun gabezia bera.

Irristatze kirol arraroen aitzindari eta harrobia

Hondarribiko SUP Skola ireki zutenean, oso gutxik ezagutzen zuten SUP kirola. Baina jadanik ohiko bilakatu da Hondarribian norbait surf taula luze batekin arraunean ikustea.Are gehiago, hondarribiarrek normal ikusten dituzte jada kanoa hawaiiarra, neu...

1,6

lapatza enpresari jarritako isuna, milioi eurotanAldundiak ebatzi du Lapatza enpresak erantzukizuna izan zuela Deskargako lanetan Jose Ignacio Alkortaren heriotza eragin zuen istripuan, iazko irailean; 1,6 milioi euroko zigorra ezarri dio, martxoko pr...

Oreka bide, oreka helburu

Olatu gainean erori gabe ibiltzen dira surflariak, oreka mantenduz. Ongizate fisikoa eta mentala lortu nahi dute yoga egiten dutenek, gorputzaren eta arimaren arteko oreka. Oreka garrantzitsua da yogan, eta ezinbestekoa surfean. Oreka da Gipuzkoara duela hiru urte iritsi zen SUP yogaren funtsa ere; oreka mantentzea, barne oreka helburu. Azken batean, Surf Up Paddle baita SUP yoga: arraun surfean ibiliz egiten den yoga.

Hondarribiko SUP Skolak ematen ditu SUP yoga ikastaroak Hondarribiko hondartzan —laburturik, HS2—, eta edozeinek eman dezake izena, Ane Otxoteko irakasleak azaldu duenez: "Bi diziplina horiek elkartzea da. Hutsetik has zaitezke lehen egunetik, bai SUParen aldetik, bai yogarenetik. Noski, jakin behar duzu arraun egiten pixka bat, taulan oreka hartzen". Aurretik taulara igo direnek abantaila txiki bat dute, baina, yogari dagokionez, ez da beharrezkoa eskarmentua izatea. "Ez duzu zertan jakin yoga egiten, nik azalpenak ematen ditudalako; nik zuzentzen dut egin beharrekoa. Gorputza taula gainean landu behar da".

Otxotekok bietatik daki: surflaria da, eta yoga praktikatzen du, eta irakatsi ere egiten du. "Yogako irakaslea naiz, eta hemen ere —HS2n— surf entrenatzailea naiz. Baldintza horiek betetzen nituen: yoga jakitea eta taulan ibiltzea, eta praktikan jarri nuen". Aurten laugarren udaldia da Hondarribian itsasoan yoga egiteko aukera eskainiko dutena. Larunbatero elkartzen dira, baina, eskaera egonez gero, igandean ere antola ditzakete klaseak, "baita astean ere".

SUPeko taulak erabiltzen dituzte yoga egiteko. Zutik eta arraun batekin egiten den surf modalitatea da SUP, eta taula handiak darabiltzate, zutik joatea errazten dutenak. Hondarribiko hondartza, berez, olatuetatik gordeta dago, eta egokia da SUPean hasiberriak direnentzat. Gainera, hondartzaren ezkerraldean daude HS2koak, eremu babestuenean. Hortaz, surfean eskarmentu handirik ez dutenak ere erraz molda daitezke SUP yogan.

"Presentzia handiagoa"

Itsasertzetik hurbil egiten dute SUP yoga, buia bati lotuta. Taulak elkar lotzen dituzte, eta irakasleak buian amarratzen du soka. Beste batzuetan, denak lotzen dira buiara, bitxilore bat osatuz. Horrekin nahikoa dute itsasoan yoga egiten hasteko.

Bi diziplinak elkartzen ditu SUP yogak, baina, Otxotekorentzat, ez da bien batura soila: "Ez da gauza bera yoga areto batean egitea edo kanpoan egitea, eta nik horrek ematen diguna aprobetxatzen dut: batetik, naturarekin harremanetan egotea; eta, bestetik, taula uretan egoteak, mugikorra izateak, laguntzen digu presentzia handiagoa edukitzen egiten ari garen horretan, eta hori oso inportantea da yoga egitean". Inportantea, eta nahitaezkoa: "Oinarri finko batean, ohituragatik edo jarrerak dakizkizulako, presentzia joan egiten zaizu. Hemen ezin duzu galdu, galduz gero uretara erortzen zarelako".

Udan eta neguan

Berez, yogako mugimendu edo jarrera guztiak egin daitezke olatu gainean, baina HS2n errazenetik hasten dira. "Jendeak uste du dena baino zailagoa dela. Argi eta garbi, maila desberdinetan egin daiteke, baina gorputza oso itsatsia baduzu taulara, orekari errazago eusten zaio; etzanda ere jar zaitezke, eta hori bada yogako jarrera bat". Hala, errazetik hasi eta poliki-poliki altxatuz joaten dira, eta erronka handitzen da: "Lehen egunean, gauza oso xumeak egin daitezke, eta oso ondo sentitzen zara". Otxotekok onartu duenez, batzuk behin probatu eta kito, ez zaizkio bueltatzen, baina beste batzuekin taldetxoa osatu du, eta ia astero errepikatzen dute. "Batzuek lurrean ere egiten dute yoga, baina hemen beste erronka bat aurkitzen dute; ez dauka zerikusirik".

Probatu nahi duenak aukera izango du irailera arte Hondarribiko hondartzan, ezkerreko aldean. Han daude HS2koek jarri duten dendatxoa eta SUP taulak alokatzeko edukiontziak. Hori bai, komeni da aldez aurretik haiekin harremanetan jartzea, Facebook bidez edo 696 41 33 75 telefono zenbakira deituta. Ordutegiez, prezioaz eta abarrez informatzen dute han.

Yoga eta surfa batzen ditu SUP yogak. Zalantzarik gabe, yoga praktikatzen dutenentzako aukera ona da uda garaia iristen denean. Baina ez oraingo bakarrik, Hondarribitik turistak joaten direnean ere modalitate hori praktikatuko baitute; badian, Arraun Elkartearen inguruan. "Hori bai: udazkenetik aurrera neoprenoa jantzita ateratzen gara".

Euskal selekzioa ekidin dezagun

Euskal Herria Munduko Kopako 32en artean. Txinan, demagun, 2026ko ekainean. Imajinatzeak bakarrik hotzikara eragiten du.

To, zirriborro azkarra:

20.000 lagunek osatutako jendetza —"uholde berdea" bezala bataiatu du nazioarteko prentsak—, selekzioak jokatu beharreko hirietan indar, grazia eta umore erakustaldiak eginez. Txangoaren hirugarren geltokia, Shangai. Jaurlaritzaren Basque Country 2.000 metro karratuko karpa, sagardo eta txakolin upel, talo egile eta txalapartaz hornitua. Kalejirak estadio bidean. Multzoa gidatuz, Mujika taldea, Herri Norte eta Indar Gorri bat eginik. Ozen deiadarka, uzkietan ezkutaturik 10.000 kilometro egin dituzten speed gramoak partekatu izanak senidetuta.

ETBren zortzi orduko saio bereziak Munduko Kopan. Irailean, selekzioa sailkatu bezain laster abiatu zen arratsalderoko programazioa. Ordubete hasieran, eta luzatuz pixkanaka. Apirilaz geroztik, Asier Aranguren, Mikel Mendizabal eta Pedro Mari Goikoetxea eternalak Txinatik bertatik zuzenean. Behin eta berriz errepikaturik, trajean kabitu ezinik dabilen lehendakariak, ahaldun nagusiek eta lauzpabost alkatek jokalariei hotelean egindako bisitaren irudiak. "Gu guztion taldeari" lehen faseko azken partida baino lehen emandako animoak mikrofonoetan, irribarre faltsuz betetako solasaldian. Gazteleraz ahots guztiak, politikarienak eta kirolarienak.

Ilunabarra. Kolonbiaren aurkakoa galduta amaitu da euskal ibilbidea Munduko Kopan. Harmailan negarrez ari den neskatoaren irudiarekin jolasean kamerak. Masail bakoitzean, malkoekin urtzen ari den ikurrin bat margotuta. Erreferendumaren garaian sinbolo nazionalen aferak tertulietan eztabaida aspergarri pare bat eragin zituen, baina trapu jeltzalea ez da ordezkatu. Neskatoak ez daki masaileko ikurrinaren gurutze zuriak selekzioaren patua jaungoikoaren eskuetan ipini duela.

Biharko BERRIAk —Jaurlaritzak mantentzen du bizirik— azal osoa Kolonbiaren aurkakoari. "Harro behar dute" mezu bikoitzarekin jokoa argazkiaren gainean. Taldea mimatzen du tituluak, baita hiru arbitraje eskandalagarri sustatu dituen FIFA egurtu ere. Asmo txarrekin eta bulegoetatik iritsitako agindupean aritu da, ezbairik gabe, epaile nigeriarra. Egunkariko iritzigileek ez dute hitz goxorik harentzat, ikusle neutralarentzat irudien errepikapenak hain argigarriak ez badira ere. Euskal zaleen manifestazio inprobisatua Shangain FIFAren bidegabekerien aurka. Baketsua, hori bai.

Hemen amaitzen etorkizunaren zirriborro beldurgarria.

Orain bezala, Munduko Kopak Espainiako selekzioaren arerioen elastikoa jantzita bizi behar hau ez da gauza mundiala, noski. Alternatiba are gutxiago gustatzen zait, ordea. Baina izan gintezke originalak oraindik, eta eraiki dezakegu selekzio nazionalik gabeko nazio bat. Askoz garrantzitsuago, Basque Country karpa gabeko mundu bat.