Sailkatugabeak

Klownen topagune

Lehen Klownaldiak erdietsi zuen arrakasta ikusita, bigarren jardunaldia antolatu du Banda Bat elkartea. Iragan larunbatetik abian da Donostiako Guardetxean aurtengo jaialdia. Antolatzaileen hitzetan, "energiaz beteta, ausardiaz eta inkonzientziaz lepo" dator iazko uztailean horrenbeste barre eragin zituen zikloa, Banda Bat elkartearen eskutik. Tailerrez gain, ikuskizun mordoa antolatu dituzte, baita hitzaldi, proiekzio eta topaketak ere.

Klown erregistroa gogoko dutenen bilgune eta erakustoki izan nahi du jaialdiak. Aurten, hilaren 12tik gaur arte, pailazoen munduan ezagunak diren irakasleak arduratu dira tailerrak eskaintzeaz: Virginia Imaz, Carmelo Muñoz, Gabriel Chame eta Fanny Giraud. Astelehenetik gaur arte eskaini dituzte klown lezioak Guardetxean.

Baina ikasteko aukeraz gain, gozamenerako tartea ere bada aurtengo Klownaldian, eta horren erakusle dira asteburu honetarako antolatu dituzten ikuskizunak. Gaur, 21:00etan hasita, gaztelaniazko bi antzezlan ikusteko aukera egongo da. Lehenik, Flamenquito deituriko klown antzerkia eskainiko du Badut taldeak. Gorka Gansok zuzendutako ikuskizun horretan, Anduriña Zurutuza eta Txefo Rodriguez arduratuko dira interprete lanez. Hain justu, gitarrista baten eta dantzari baten larruan sartuko dira, flamenko errezital handi bat eskaintzeko prestakuntzetan murgiltzeko.

21:30ean, zuzendari beraren beste lan bat interpretatuko du Cecilia Paganini klownak, 90 semanas y media deiturikoa. Haurdun dagoen Esperanza Martinen azalean sartuko da Paganini, amatasunari eta haurdunaldiari buruzko ikuspegi atsegina eskaintzeko asmoz. Denetarik probatu du haurra munduratu dadin, baina haurdunaldi oso luzea izaten ari da. Itxarongelan erditzeko zain dagoen artean, haurdunaldiko bizipen eta esperientzia intimoenen berri emango du.

Klown erregistroa, euskaraz

Bihar, berriz, euskarazko klown emanaldi bat izango dira Guardetxean. 21:00etan, Berak zuzendutako Sisiforen amarrua antzeztuko du Ander Basalduak. Keinuz osatutako antzerki ikuskizuna da, klown ezaugarri askokoa, eta Ignacio Libanoren zuzeneko musikaz lagundua. Aristides Smith jauzilari profesionalaren larruan sartuko da Basaldua. Europako Base jauzi federazioaren urrezko intsignia jasotzeko egin beharreko 5.000 jauzietatik 4.999 eginak ditu jada Smithek; eta azken salto horren inguruko gorabeherak taularatuko ditu bihar Guardetxean.

Aurtengo Klownaldiko azken ikuskizuna, berriz, Bartzelonako Star Tres konpainiaren Bye bye betsy antzerkia izango da, bihar, 21:30ean hasita. Cabaret zantzuak dituen antzezlan horretan, Lluna Albert eta Cristi Garbo aktoreak arduratuko dira Su Helen Smiten istorioa interpretatzeaz. Ospetsu izatera heltzeko asmoz Chicagora joan den Wisconsingo neskato xumea da Smith. Adorez beterik eta oztopo guztien gainetik, dituen ametsak harrapatzera joko du. Patuak prestatu dionari jaramonik egin gabe, beste zerbait izatea amesten baitu.

Guardetxeko Klownaldiko asteburuko ikuskizunak

Flamenquito, gaur, 21:00etan; eta 90 semanas y media, gaur, 21:30ean. Sisiforen amarrua, bihar, 21:00etan; eta Bye bye betsy, bihar, 21:30ean.

Neurrira egindako zirkua

"Gure neurrira egindako mundua. Upelez, taulez eta hainbat tramankuluz propio eraikitako unibertsoa, errutinaz, ahultasunez eta ametsez ere osatua". Hala definitu dute Malas Compañias zirkukoek Txatarra ikuskizuna. Inora ere ez daramatzan bidetik doaz, konformismo eta onarpenetik harago igo, jaitsi, bira eta salto egingo dute asperraldirik astunena ere dibertsio bihurtzeko.

Publiko guztiarentzat egokia den antzerki edo zirku ikuskizuna da: umorea, objektuen manipulazioa eta akrobazia uztartzen dituen "lan ikusgarri, dibertigarri eta hunkigarria". Bihar arratsean, 20:00etatik 21:00etara, Arrasateko Seber Altube plazan egongo da ikusgai.

'Txatarra' zirku ikuskizuna

Igandean, 20:00etan, Arrasateko Seber Altube plazan.

“Tren museoak Azpeitian segitzea bermatu behar dugu”

Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoaren Fundazioa desegiteko erabakiaren berri iazko uztailean jakin zen. Joan den astean, Azpeitiko Udalak museoak herrian segitzeko hitzarmen bat eskatu du. Iñaki Portilla (Azpeitia, 1952) Merkataritza eta Industria zinegotziaren arabera, turismoa sustatzeko egiten ari diren ahaleginetan trenaren museok badu bere garrantzia, eta kezkatuta daude.

Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoaren etorkizuna Azpeitian bermatuko duen hitzarmen bat behar dela esan duzue. Kolokan ikusten al duzue museoak Azpeitian segitzea?

Kezkatuta gaude. Segurtasuna nahi dugu, eta segurtasuna hitzartutakoan lortzen da. Orain arte ikusitakoaren arabera, Euskal Burdinbidearen Museoaren Fundazioa desegin, eta alternatibarik ez lantzea atzerapausoa da: museoan bertan izandako eraginengatik, herriko eskaintza turistikoaren beherakadagatik, kanpotik etorritako finantzaketa galtzeagatik, langileek salatutako kaleratzeengatik... Azpeitiko Udalak Trenaren Museoak herrian jarraituko duenaren bermea behar du, kudeaketa konpartitu garden batekin eta eskaintza egokiarekin. Horregatik eskatzen dugu hitzarmena. Trenaren Museoko inbertsioak %50ean jaitsi dira, hau da, eskaintza jaitsi da.

Inbertsioa jaisteak orduan Azpeitian eragina izan du.

Diru horren gehiengoa herrira zetorren, hemen gastatzen zen. Gainera, kuriosoa da Jaurlaritzak murrizketak zein lekutan egin dituen ikustea: Azpeitia krisi ekonomiko latza pasatzen ari da, eta arlo ekonomikoko faktore honetan jaitsiera nabarmena justu Azpeitian egin du. Burdinbidearen museoko fundazioak hainbat diru ekarpen lortzeko aukera ematen zuen, hainbat patrono zeuden prest parte hartzeko, eta dirua jartzeko. Diru hori dena galdu da, eta ez da berreskuratu. Proiektuan dirua jartzeko prest zeudenek ez dute biderik dirua jartzeko. Baina fundazioa desagertu arren, edukiak mantentzea kontrol konpartituarekin eginez gero, ez legoke arazorik. Gauza da hori ez dela egiten, eta hori egiteko tresnak, hitzarmenak, ez direla abian jartzen.

Museoaren fundazioan Azpeitiko Udalak gutxiengoan zegoen.

Udalak beti gutxiengoa izan du museoan, Eusko Jaurlaritzak nahi duena erabaki du beti, baina orain zer gertatzen den ez dakigu: ez dakigu zenbat bisitari dituen, zer informazio ematen zaien bisitariei, nola antolatzen den, zenbat diru kostatzen den, zer egitasmo dauden... Aurreko hainbat zerbitzu kendu egin dira, eta herriak nabaritu du. Trenaren Museoa herritartzen ari zen: erakusketak, argazki lehiaketak, dokumentazioa… Non dira egitasmo horiek?

Gaur egun Eusko Trenek kudeatzen du museoa. Nolakoa da Azpeitiko Udalaren eta Eusko Trenen arteko harremana?

Ez dago inolako harremanik eurekin.

Zergatik da garrantzitsua burdinbidearen museoa herriarentzat?

Krisi ekonomikoak eragina izan du: industria bortizki jo du, eta horren aurrean, ekonomia sustatzeko turismoa indartzea ezinbestekotzat jotzen dugu. Ezin dugu ahaztu, Tren Museoa eta Loiolako gunea bisitari asko erakartzen dituzten bi erreferentzia direla, eta ez bailara mailan bakarrik. Euskal Herri osoko turismo punturik garrantzitsuenetakoak dira. Horrek zer esan nahi du? Bisitariak Azpeitira etortzen direla, asko gainera, eta gure helburua bisitari horiek herrian dirua gastatzea da. Zentzu horretan, Museoa Loiolatik herrira turismoa erakartzeko puntu indartsua da.

Zuen arabera, duela urtebete museoa Azpeitian mantentzeko konpromisoak agindu zituen Jaurlaritzak. Ordutik udalaren eta jaurlaritzaren artean harremanik ez al da egon?

Eusko Jaurlaritza fundazioa desegiten ari da oraindik. Eta Jaurlaritzak, Trenaren Museoa Azpeitian mantentzeko asmoa ahoz agertu du, baina ez dugu izan harreman formalik, ezta hitzarmenik ere Fundazioaren ondorengo egoera erregulatzeko. Baina, tartean, hainbat eragileren ekarpen ekonomikoak galtzeko arriskua areagotu da. Adibidez, Gipuzkoako Foru Aldundia dirua jartzeko asmotan zebilen orain urtebete, ez al dago diru ekarpen hori hitzarmen bidez jasotzeko aukerarik?

Horretan ardura baduela eta Azpeitiko Udaleko oposizioari (EAJri) ere horretan lan egiteko eskatu diozue.

Gu udalera iritsi aurretik, museoan dagoeneko gatazka zegoen zuzendari aukeraketa bat abian jarri zelako. PSE-EEren eta EAJren arteko gatazka izan zen, eta museoa erabili zuten. Museo oso baten proiektua egina zegoen, eta EAJ Jaurlaritzara iritsi ondoren %50 jaitsi zen museoko inbertsioa. Museoa trenean oinarritu zuten, eta hori ere, justu-justu. Jakinda Azpeitiko Udalak fundazioan boto bakarra izan duela (gutxienekoa), eta beti Jaurlaritzak erabaki dituela hango kontuak, EAJk beste aldera begiratu du, eta era horretan, gure herriko proiektu ekonomiko bat zalantzan jartzea onartu du. Azpeitian gehien behar dugunean, murrizketak egin dituzte. Kuriosoa. Ez da beste herri batzuetan hala gertatu. Eurek sortu zuten gatazka, eta ondorioak herritarrok jasan behar ditugu. Gutxienekoa eskatzen ari gara, eta arduraz, eta arrazoia dugula uste dugulako, behar den erakundeetan formalki eskatuko dugu.

Ekonomia suspertzeko turismoa estrategikotzat duzue, zergatik?

Guk ezin dugu ezkutatu gure ekonomiaren sekretua industria izan dela. Baina industria bereziki eta lehentasun gisa lantzeaz gain, turismoa ere aktibitate ekonomiko eta lanpostuak sortzeko tresna oso garrantzitsua da. Turismoak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatu egin behar ditugu. Azpeitiak gainera, ondare artistiko, historiko eta kultural izugarria du: Loiola, Tren Museoa, Munoaundi, Bakardadearen Kapera... Eskaintza gastronomikoa ere handia da, eta horrek turista asko erakartzen ditu. Azpeitia bisitariak erakartzeko prestatuta dago.

Bide horretan zein beste proiektu ari zarete lantzen?

Bi lerro nagusitan ari gara lanean: eskualdeko ikuspegia lantzea da orain gure erronka nagusia; eskualdean turismoaren sektorea sendotzeko eta hobekuntzarako aukera gehiago daudela uste dugu, eta horiek baliatzeko lanetan ari gara. Hor ditugu 5 geldialdi historian, eskaintza gastronomikoa eta turistikoa uztartzen dituen Urola gustagarri; horiez gain, baita Loiola eta Manresa lotzen dituen ibilbidea eta Hiru Tenpluen Ibilbidea ere. Azpeitiko herriak aukera asko ditu eta denak ezagutarazi behar dira. Bestetik, gaur egun, turismoaren etorrera nagusiki Loiolan kokatzen da, eta Loiolatik herrira turistak erakartzeko baliabideak antolatzea da garrantzitsua. Horretan berebiziko garrantzia dute Madalenak, gastronomiak, Trenaren Museoak, Alde Zaharrak, Ingurugiro Museoak, Parrokiak…

Bisitarien kopuruak gora egin du Azpeitian eta inguruetan. Zergatik dela uste duzue?

Orokorrean, gure eskaintza turistikoa egokia dela uste dut, hobetu beharrekoa, baina ona; ikusteko eta gozatzeko leku asko ditugu, eta inguru zoragarria. Euskal kostaldean gaude, eta hortik bisitarien fluxua handitzen ari da. Ohituren aldaketa ere nabari dugu: hondartzako turismoa gaindituz, beste mota batetako turismoa dator. Krisi ekonomikoak turismoan ere izan du eragina: lehen bidaia luzeak egiten ziren, eta orain diru gutxiagorekin gertuko lekuak bisitatzen dira. Bereziki, Loiolaren inguruak izan du bisitarien igoera nabarmenena: hor Inaziotar bideak eta Aita Santua jesulaguna izateak ere eragin nabarmena izan dute.

Jostorratz begi batetik ikusita

Azkoitiko Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak Mundua jostorratz begi batean. Argazkiak hitzetan, hitzak argazkitan erakusketa zabaldu du Torre Zuri erakustokian. Iragan astetik daude ikusgai Jon Andoni Martin Pegote argazkilariaren irudi estenopeikoak. A...

Pobrezia, poemetan eta musikatuta

Idatzita zeukaten poesiari probetxua ateratzeko burutazioa izan zuten Eñaut eta Aimar Uribesalgok: disko bat kaleratzea; poesia, musikaren laguntzaz errezitatuta. Emaitza: Pobresiak emanaldia. Esaten ez dena, eta esateko zeukatena adierazteko asmoz, Aimarrek idatzi ditu poemak, eta Eñautek lagundu dio gainerako prozesuan. Orain, herriz herriko emanaldietan murgildu dira. Bihar, esaterako, Arrasateko Udazabal jaialdian; 22:30ean hasita, Monterron parkean.

'Pobresiak' poesia errezitala

Bihar, 22:30ean, Arrasateko Monterron parkean.

Elkar ezagutuz, herri hobe bat

Lasarte-Orian 70 jatorritako herritarrak bizi dira, eta herritarren erdiak inguru ez dira bertan jaioak. Datu horiek abiapuntu gisa hartuta, 2011n aniztasunaren gaia lantzen hasi zen udala. Azken hiru urteetan, herriko elkarteekin elkarlanean proiektu...

Arroa Beheko Karmen jaiak

Asteartean hasi ziren Arroabeko (Zestoa) Karmengo jaiak eta igandean amaituko dira. Biharkoa izango da gehien betetako eguna. 10:30ean hasiko da festa bikotekako paella lehiaketarekin, eta 14:30ean bazkaria egingo dute. 17:30ean, herri arteko norgehia...

Denak ez daude pozik

“Uste dut Mutrikuko herriarentzat garrantzitsua dela portuaren eraberritzea. Herria leku zoragarrian dago, eta espero dugu itsas turismoari erakargarri egingo zaiola. Horretarako egin dugu eraberritzea: Mutrikuren garapen ekonomikoa bultzatzeko”. Kirol portuaren inaugurazio egunean egin zituen hitzok Edurne Egaña Euskal Kirol Portuen zuzendariak. Urte luzeetako gorabeheren ondoren, joan den ostiralean aurkeztu zuten. Egañak ez ezik, inaugurazioan parte...

“Espero dugu portuak zeharkako onurak ekartzea Mutrikuri”

Almudena Ruiz de Angulo Eusko Jaurlaritzako Portu Azpiegituren zuzendariaren arabera, kirol portu berriaren inaugurazioa “ez da amaiera, pauso bat gehiago baizik”. Ez du zehaztu, ordea, zein izango diren hurrengo pausoak. “Prest” agertu da herritarrek portuko proiektuaren inguruan pentsatzen dutena entzuteko. Kirol portu berriak zein onura ekarriko dizkio Mutrikuri? Hasteko, uste dugu portu berria erosoagoa izango...