Sailkatugabeak

Musika beltza Bergaran

Joan den ostiralean abiatu zen Bermuga musika zikloaren aurtengo edizioa, Bergaran, Jimmy Barnatan & The Coconuts taldearen kontzertuarekin. Gaurkoa izango da bigarren emanaldia, eta abuztuaren 20an bukatuko da. Antolatzaileen asmoa musika beltza herritarren eskura jartzea da. Uztail eta abuztuan, kaleko sei musika ikuskizunekin gozatzeko aukera izango da Bergaran. Hilabete honetako ostiral guztietan, kontzertuak Espoloian izango dira. Abuztuako kasuan, berriz, asteazkenetan izango dira, Usondo eta Irizar parkeetan.

Gaurkoan, 2009. urtean Kantabrian (Espainia) sortutako Vespa Groove proiektua ezagutzeko parada izango da. Bermugaren antolatzaileen arabera, "jazzeko eskarmentuzko musikariak soul eta funky doinuak lantzen" arituko dira 22:00etan abiatuko den kontzertuan. Jazz fusion egiteko gogoz zeuden bost lagunek osatu zuten hasierako banda: Chisco Villanueva saxoan, Rafael Santana teklatuetan, Javier Garcia Escudero gitarran, Toño Gutierrez baxu elektrikoan eta Rodri Irizabal baterian.

Bandaren lehenengo urtean, Kantabria osoan barrena euren gaiak eta jazz fusion moldeko cover-ak eskaini eta gero, hasierako planteamendua eta bandaren formatua erabat aldatzeko erabakia hartu zuen taldeak, eta soinua soul eta funk moldeetara lerratzen hasi zen. Macarena Soto Maki abeslaria batu zitzaien, eta, gero, Benjamin Blanes tronpeta jotzailea eta Edu Diz tronboi jotzailea. Egun, zortzi lagunek osatzen dute Vespa Groove, eta kontzertu bakoitza energiaz beteriko ikuskizun bihurtzen ahalegintzen dira, Billy Cobham, Marcus Miller eta Herbie Hancock musikarien abestiak interpretatuz.

Datozenak

Hurrengo emanaldia hilaren 18rako antolatu dute, eta "Euskal Herrian musika beltza lantzen duen talderik garrantzitsuena" izango da emanaldia eskainiko duena: Travellin' Brothers. Duela hamar urte sortu zen, Leioan; familia taldea da, eta bidaiaria. Espainiako jaialdi, klub eta areto handi askotan jotzeko aukera izan du, baita Europako hainbat herrialdetan birak eta itzuliak egiteko ere.

Musikaren arloan eskarmentu handiko taldea da, eta taldekideek batez beste 35 urte baino ez dituzten arren, 600 emanalditik gora eskaini dituzte. Seigarren diskoa otsailean aurkeztu zuten, Magnolia Route deiturikoa. 1930 eta 1940 hamarkadetako banda handiek berezkoa zuten estiloko swing eta jazza topa daitezke bertan. Zuzeneko emanaldiei dagokienez, kontzertu bizi eta ikusgarriak eskaintzen dituzte.

Bermugaren aurtengo edizioak beste hainbat emanaldi bilduko ditu datozen asteetan ere. Hilaren 25ean, Lluis Coloma & Trio eta Paul San Martin piano jotzaileen txanda izango da. Abuztuko lehen saioa hilaren 6an izango da, 20:00etan, Usondo parkean. Euskal Herriko bi kantari berezik elkarrekin duten egitasmo berria erakutsiko dute bertan: Morau eta Beñardok Arrainentzako himnoak elkarlaneko ikuskizuna aurkeztuko dute. Zikloaren azken emanaldia abuztuaren 20koa izango da, 20:00etan, Irizar parkean. Bertan, Los Gatos Bizcos taldea osatzen duten lau musikariek —Quique Gomez, Pablo Sanpa, Hector Rojo eta Petek— swing, blues eta jazz estiloak jorratuko dituzte.

Vespa Groove

Gaur, 22:00etan, Espoloian.

Normal

Bost kilo galdu nahi ditu lagun batek; izenik ez dut esango, txikitu egingo nau eta. Nire miseriak kontatzea, tira, baina besterenak azaltzea lotsagabe samarra iruditu izan zait beti.

Duela astebete hasi du prozesua; bikini berde bat erosi du, zoragarria, baina ispilu aurrean ez da nonbait bere gustura azaltzen, eta erregimenean jarri dela kontatu dit gaur goizean, kafesnea sakarinarekin hartzen zuen bitartean. Badira hitz batzuk, uda joan eta uda etorri, modaz pasatzen ez direnak: Georgie Dann, After Sun eta Bikini Operazioa. Baina euren artean erlazionatzea zaila izaten da askotan; bikini operazioan bete-betean zaudela Georgie Dann jartzen badizute "La barbacoa, la barbacoa, como me gusta..." abestuz, after sun pote handienarekin abeslariaren hortzak hausteko gogoa jartzen zaizu. Halaxe da, matematika perfektuagorik ez dago. Eta, hala ere, urtero tranpa berean jausten gara.

Ni, momentuz, konforme nago nire pottoka hanka hauekin; pottoka hankak, bai, alegia, daukaten luzerarako sendoegiak diren zango motzak —ahizpak poni izenaz bataiatu nau, atera kontuak—. Baina toki guztietara eramaten nauten pottoka hankak dira, eta bere horretan maite ditut. Laguna, ordea, ez dago hain gustura ispiluak esaten dionarekin, eta buru-belarri ari zait kontatzen medikuak asteotarako jarri dion erregimena.

Gosaria, bazkaria, afaria, zenbat ur edan behar duen, otordu artean zer jan dezakeen... "Eta hurrengo larunbateko afaria zer?", galdetu diot, afarira azalduko ez den beldurrarekin. Kafesne tragoa egin aurretik erantzun dit, poz-pozik: "A, lasai, horrelakoetan esan dit eguerdian tomate entsalada bat bazkaldu eta gero normal afal dezakedala; ogirik, edaririk eta postrerik gabe, baina bestela normal".

Normal? Hori al da normal? Aizu, ba nire normaltasunean ez da agertzen ogirik, edaririk eta postrerik gabeko afaririk. Bizio gehiegi dut, akaso? Esan dezatela: "Gintonika har dezakezu normal, izotzik eta limoirik gabe, baina bestela normal", ea nork irensten duen zopa garratz hori... Edota "txortan egin dezakezu normal, arroparik kendu gabe, laztanik gabe eta musurik gabe, baina bestela normal".

Normaltasuna ez da berdina guztiontzat; hori garbi gelditu zait gaurkoan. Baina nire laguna gustura dago; erabat konbentzituta hasi du erregimena, eta bere etxeko arau berriekin pozik dagoela kontatzen ari zait. Ez nau kezkatzen, pertsona zentzuduna da, arduratsua eta osasuntsua, badakit ez duela astakeriarik egingo, bere buruari ez diola kalterik eragingo. Txin-txin egin dugu katiluekin: "Gugatik, bikini berdeagatik eta bakoitzaren normaltasuna errespetatzeagatik". Kafesneari azken tragoa eman dio, azken arnasa hartzen duenaren moduan, papo.

Ahuldadea, non?

Barrua husteko premia daukat. Ezin dut haurdunaldi bat bertan behera uzteko eskubidearen aldeko jarrera eragotzi. Bizitzaren defentsak ez omen du kolorerik. Ez omen da ezkertiar edo eskuindar izatea auziaren gakoa. Ez kolore, ez hanka, eta ez buru.Hil...

90

BoluntarioakEsklerosi anizkoitzaz kontzientziatzeko tresna garrantzitsua da Busti zaitez kanpaina, antolatzaileen ustez. Dena ongi joan dadin, beharrezkoa izango da hainbat jenderen laguntza, eta Gipuzkoan, jadanik, 90 boluntario prest dituzte lanerako.

Bisita XVIII. mendeko jantziak ikusteko

XVIII. mendeko jantzien bilduma egin, eta Frivolité erakusketan ikusgai jarri du San Telmo museoak. Ekainaren 14an zabaldu zen erakusketa, eta irailaren 28ra arte egongo da ikusgai. Bihar, erakusketaz gozatzeko bisita gidatua egingo dute.

XVIII. mendeko jantzien aukeraketa da bilduma: soinekoak, kasakak, jipoeak, haize emaileak, estanpak eta moda aldizkariak... Piezen testuingurua XVIII. mendean Europako gorteetan jarraitzen zuten frantziar modaren menpekoa da. Biharko bisitan, ikus-entzunezko lan batek ikusgai jarritako pieza batzuen zaharberritze prozesua azalduko du.

'Frivolité' erakusketa ikusteko bisita gidatua'

Bihar, 12:30ean euskaraz eta 17:30ean gazteleraz, San Telmo musoean.

Elkartasunezko igeri saioa

Herritarrak esklerosi anizkoitzaren inguruan kontzientziatzea eta gaixotasuna dutenen errehabilitazio zerbitzua finantzatzea. Horiexek dira Esklerosi Anizkoitzaren Eugenia Epalza Euskal Fundazioak antolatzen duen Busti zaitez kanpainaren helburuak. Igandean hamazazpigarren aldiz egingo da igeriketa solidarioa, eta milaka gipuzkoarren parte hartzea aurreikusi dute.

1994. urtean ekin zioten, eta aurten hamazazpigarren aldiz egingo da esklerosi anizkoitza duten herritarren aldeko igeriketa solidarioa, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako laurogei hondartza eta igerilekutan, igandean. Gipuzkoan, hamasei Busti zaitez gune izango dira, bizi ohitura osasuntsuen alde igeri egiteko: Arrasate —uztailaren 6an egin zuten—, Azpeitia, Deba —uztailaren 6an egin zuten—, Donostia —Zurriola, Kontxa eta Ondarreta—, Errenteria, Hondarribia, Legazpi, Mutriku, Oñati, Ordizia, Urretxu, Zarautz eta Zumaia. Igerilari guztiek libreki eta dohainik parte har dezakete, eta, amaieran, bakoitzak egiten dituen metroak batzen dituzte.

Arrasaten, joan den igandean egin zuten igeriketa, eta Toki Argiko boluntario taldeak balorazio positiboa egin du. Izan ere, eguraldi eskasa egin arren, 1.709 euro lortu zituzten, esklerosi anizkoitza dutenentzako errehabilitazio zerbitzua finantzatzeko. Egun berean, gainera, Debako VI. Itsas Mila Igeriketa Zeharkaldia egin zen, eta Busti zaitez kanpainaren barnean egin zuten. Horrez gain, Mutrikuko VIII. Hondartzako Waterpolo Txapelketa jokatuko dute bihar, eta 12:00etan partiden etena egingo da, esklerosi anizkoitza dutenen aldeko igeriketarako.

Fundazio antolatzailearen arabera, Esklerosi anizkoitza dutenen errealitatea ezagutarazteko "tresnarik garrantzitsuena" da Busti zaitez; hainbat gipuzkoar ezagunek ere bat egin dute kanpainarekin: Borja Cobeaga gidoigile eta zinema zuzendaria, Iñaki Gabilondo kazetaria, Martin Berasategi eta Pedro Subijana sukaldariak, eta Ander Vilariño pilotua. Horietako askok parte hartuko dute igandean egingo duten ekitaldi nagusian, 12:00etan, Kontxan.

Hamaseigarren ekitaldia, iazkoa, arrakastatsutzat jo zuten antolatzaileek, guztira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 900 hondartza eta igerilekutan egin baitzen igeriketa solidarioa. 110.000 herritarrek eta 3.000 boluntario inguruk parte hartu zuten. Kontzientziatzen laguntzeko, Busti zaitez kanpainarako irudi berria diseinatu du Kukuxumusu enpresak. Kartelak, kamisetak eta eskuoihalak egin ditu, besteak beste.

Zaldibiako XVII. Gazte Festak

Atzo hartu zuen herria Zaldibiako gazte festen hamazazpigarren edizioak, eta ekintzaz betetako bi egun geratzen dira oraindik.Gaurko hainbat ekintza antolatu badituzte ere, biharkoa izango da egun nagusia. Mozorro Eguna hasiko dute 12:30ean, pintxo et...

“Nahi dut txapelak balio izatea Donostian pilota indartzeko”

Jose Mari Kalonjek (Donostia, 1967) pilotari gisa parte hartutako finaletan baino gehiago sufritu zuen joan den igandean. Donostiako taldeko entrenatzailea da Kalonje, eta bere taldea 3-0 nagusitu zitzaion Oiartzuni Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako finalean: 22-12, 22-21 eta 22-11. Duela hilabete batzuk zendu zitzaion ama, eta hari eskaini dio txapela. "Oso pilotazalea zen; ziur txapelak ilusio handia egingo ziola".

Hamasei urteren ondoren, Donostia txapeldun berriz Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan. Pozik, ezta?

Bai, gustura. Egia esan, ilusio handia egin digu txapelak. Beti da pozgarria txapelketa bat irabaztea, eta are gehiago azken txapela irabazi genuenetik hamasei urte igaro direnean.

Bazenuten zer ospatua, beraz. Asko luzatu al ziren ospakizunak?

Nirea ez asko, jada kanpoan bainago. Finalaren aurretik ere gaua bidaiatzen pasatu nuen finalera iristeko. Gero, segituan, alde egin nuen berriz. Baina bai, finalaren ondoren guztiek elkarrekin bazkaldu genuen jatetxe batean. Giro bikaina zegoen gure artean.

Txapelketa luzea izan da zuentzat. Lau kanporaketa gainditu behar izan dituzue finalera heltzeko. Maiatz hasieran, txapelketa martxan jarri zenean, espero al zenuten txapela lortzea?

Esperantza bagenuen zerbait egiteko. Baina hemen kontuan hartu behar da kanporaketak nola gainditzen dituzun eta pilotarien eskuak nola dauden. Azken finean, sasoiko egotea garrantzitsua da. Eskuak minduz doaz, eta ia ez duzu denborarik osatzeko. Bederatzi jardunaldi segidan dira, atsedenik gabe astebururo-astebururo jokatzen. Oso zaila da txapelketa guztian eskuei ondo eustea. Guk ere oso justu bukatu dugu.

3-0 izan zen finaleko emaitza. Hala ere, dirudien baino zailagoa izan zen irabaztea.

Bai. Zaila izan zen. Gazteen mailako lehiak erabaki zuen finala —22-21 irabazi zuen Donostiak—. Gero, azken partidan oiartzuarrak motibazio gutxiagorekin kantxaratu ziren, eta 3-0eko emaitza lortu genuen. Bigarrena galduz gero, agian hirugarrena berdin-berdin irabaziko genuen. Hala ere, uste dut bigarren partida hori irabaztea izan zela gakoa.

Kadeteen mailan, 22-12 zuen alde. Iñigo Bikuña aurrelariaren indarra nagusitu zen.

Bikuña txapelketa osoan nabarmendu da. Indar handia du. 16 urte besterik ez izan arren, 1,90 metro da luze, eta 85 kilo pisatzen du. Fisikoki gainontzekoen gainetik ibili da. Beste abiadura bat ematen dio pilotari, eta partida guztiak irabazi ditugu.

Gazteen mailan gehiago sufritu zenuten. 19-13 aurretik jarri zineten markagailuan, 19-21 atzetik gero, eta azken hiru tantoak jarraian egin zenituzten.

Julen Chiapuso gure aurrelariak gaizki zituen eskuak. Bestela, uste dut erosoago irabaz genezakeela. Eskuetako mina dela eta, ordea, ez zuen asmatzen, ez mozten, ezta pilota astintzen ere. 20-21 jarri ginenean, pilota aldatu genuen, eta uste dut asmatu genuela. Zorionez, guk egin genituen azken bi tantoak. Leon-kastillo bat izan zen. Askotan, tituluak lortzeko zorte apur bat behar da. Ordubetetik gorako lehian xehetasun txiki batek erabaki zuen guztia.

1980ko hamarkadan, Donostiarekin hainbat final jokatu zenituen. Aurten entrenatzailea zinen. Non sufritzen da gehiago, kantxa barruan edo kanpoan?

Zalantzarik gabe, askoz gehiago sufritzen da kanpotik. Xehetasun guztiak zaindu nahi dituzu. Gazteei lagundu behar diezu: zein pilota hartu, nola kokatu... Finaleko gazteen mailako partidan izugarri izerditu nintzen. Dutxatu-eta dena egin behar izan nuen gero.

Donostiako taldeko pilotari gehienak Antiguako pilota eskolakoak dira. Zu eskola horretako entrenatzailea zaren aldetik, ilusio berezia egingo dizu.

Finala jokatu zuten sei pilotarietatik lau gure eskolakoak ziren —Chiapuso eta Iker Urmeneta kenduta—. Eta, horiez gain, beste batzuek ere jokatu dute txapelketan: Joseba Baezek, Julen Iribarrek, Endika Manzisidorrek... Bai, txikitatik jokatzen ikusi dituzunean ilusio berezia egiten dizu haien bilakaera ikusteak.

Herriartekoa irabazi duzue. Baina hain ona al da pilotaren egoera Donostian?

Zaila da egoera. Uste dut honek balio behar ligukeela analisi sakonago bat egiteko. Pentsatzeko ea Donostian pilotarekin zer egin nahi dugun. Antiguako eskola da ia pilota eskola bakarra Donostian. Urte osoan ahalegin handia ari gara egiten autofinantzatu, eta aurrera egiteko. Bestalde, azpiegituren kontua dago. Gaur egun, udalak Atano III.a frontoia herriartekoak irauten duen bi hilabeteetan soilik uzten digu. Urte osoan ordu gehiagoz entrenatu ahal izatea nahi genuke. Horren inguruan hitz egitekotan gaude.

Donostian pilota bultzatzeko aukeratzat daukazu txapela?

Aukera bat izan daiteke, bai. Donostian pilotaren inguruan bi katu gabiltza. Elkarrengandik aparte samar, gainera: Antiguan, Parte Zaharrean, Añorgan... Ea lortutako txapelak gehiago elkartzeko balio digun. Nahi dut txapelak balio izatea Donostian pilota indartzeko. Beste herri batzuek inbidia ematen didate batzuetan. Herri kontzientzia dute. Denak doaz frontoira, denek animatzen dute. Badakit Donostia hiria dela eta zailagoa dela, baina zer edo zer egin genezakeela uste dut.

Asteburu honetan jokatuko duzue Euskal Herriko Herriartekoko Txapelketako finalerdia. Zein da zuen helburua?

Zaila da helburu handiak jartzea. gure pilotari asko oso larri baitabiltza eskuetatik: Chiapuso, Joseba Baez, Bikuña, Xabier Ortiz de Urbina. Gure arazoak beste talde batzuek ere izango dituzte. Hori dela eta, uste dut komeniko litzatekeela apur bat gelditu eta irailean jokatzea. Pena da egoera honetan jokatu behar izatea.

Monologoa ‘oroitza-penez’

30 urteko gazte baten oroitzak eta penak kontatzen ditu Joseba Usabiaga aktoreak Oroitza-penak bakarrizketan. Igandean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian izango da, 21:00etatik aurrera.Zein den, nondik datorren, bere bizipenak zeintzuk diren, zer ...

Magiaz jositako gaua Ataunen

Bihar gauean, garai bateko ipuin eta kondaira harrigarrien munduan sartzeko aukera egongo da Ataunen, Joxemiel Barandiaran bizi izan zen inguruan.Ibilaldi harrigarri eta sorpresaz betea antolatu du Gipuzkoako Parketxe sareak. Garai bateko herribidean...