Sailkatugabeak

Bisita XVIII. mendeko jantziak ikusteko

XVIII. mendeko jantzien bilduma egin, eta Frivolité erakusketan ikusgai jarri du San Telmo museoak. Ekainaren 14an zabaldu zen erakusketa, eta irailaren 28ra arte egongo da ikusgai. Bihar, erakusketaz gozatzeko bisita gidatua egingo dute.

XVIII. mendeko jantzien aukeraketa da bilduma: soinekoak, kasakak, jipoeak, haize emaileak, estanpak eta moda aldizkariak... Piezen testuingurua XVIII. mendean Europako gorteetan jarraitzen zuten frantziar modaren menpekoa da. Biharko bisitan, ikus-entzunezko lan batek ikusgai jarritako pieza batzuen zaharberritze prozesua azalduko du.

'Frivolité' erakusketa ikusteko bisita gidatua'

Bihar, 12:30ean euskaraz eta 17:30ean gazteleraz, San Telmo musoean.

Elkartasunezko igeri saioa

Herritarrak esklerosi anizkoitzaren inguruan kontzientziatzea eta gaixotasuna dutenen errehabilitazio zerbitzua finantzatzea. Horiexek dira Esklerosi Anizkoitzaren Eugenia Epalza Euskal Fundazioak antolatzen duen Busti zaitez kanpainaren helburuak. Igandean hamazazpigarren aldiz egingo da igeriketa solidarioa, eta milaka gipuzkoarren parte hartzea aurreikusi dute.

1994. urtean ekin zioten, eta aurten hamazazpigarren aldiz egingo da esklerosi anizkoitza duten herritarren aldeko igeriketa solidarioa, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako laurogei hondartza eta igerilekutan, igandean. Gipuzkoan, hamasei Busti zaitez gune izango dira, bizi ohitura osasuntsuen alde igeri egiteko: Arrasate —uztailaren 6an egin zuten—, Azpeitia, Deba —uztailaren 6an egin zuten—, Donostia —Zurriola, Kontxa eta Ondarreta—, Errenteria, Hondarribia, Legazpi, Mutriku, Oñati, Ordizia, Urretxu, Zarautz eta Zumaia. Igerilari guztiek libreki eta dohainik parte har dezakete, eta, amaieran, bakoitzak egiten dituen metroak batzen dituzte.

Arrasaten, joan den igandean egin zuten igeriketa, eta Toki Argiko boluntario taldeak balorazio positiboa egin du. Izan ere, eguraldi eskasa egin arren, 1.709 euro lortu zituzten, esklerosi anizkoitza dutenentzako errehabilitazio zerbitzua finantzatzeko. Egun berean, gainera, Debako VI. Itsas Mila Igeriketa Zeharkaldia egin zen, eta Busti zaitez kanpainaren barnean egin zuten. Horrez gain, Mutrikuko VIII. Hondartzako Waterpolo Txapelketa jokatuko dute bihar, eta 12:00etan partiden etena egingo da, esklerosi anizkoitza dutenen aldeko igeriketarako.

Fundazio antolatzailearen arabera, Esklerosi anizkoitza dutenen errealitatea ezagutarazteko "tresnarik garrantzitsuena" da Busti zaitez; hainbat gipuzkoar ezagunek ere bat egin dute kanpainarekin: Borja Cobeaga gidoigile eta zinema zuzendaria, Iñaki Gabilondo kazetaria, Martin Berasategi eta Pedro Subijana sukaldariak, eta Ander Vilariño pilotua. Horietako askok parte hartuko dute igandean egingo duten ekitaldi nagusian, 12:00etan, Kontxan.

Hamaseigarren ekitaldia, iazkoa, arrakastatsutzat jo zuten antolatzaileek, guztira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 900 hondartza eta igerilekutan egin baitzen igeriketa solidarioa. 110.000 herritarrek eta 3.000 boluntario inguruk parte hartu zuten. Kontzientziatzen laguntzeko, Busti zaitez kanpainarako irudi berria diseinatu du Kukuxumusu enpresak. Kartelak, kamisetak eta eskuoihalak egin ditu, besteak beste.

Zaldibiako XVII. Gazte Festak

Atzo hartu zuen herria Zaldibiako gazte festen hamazazpigarren edizioak, eta ekintzaz betetako bi egun geratzen dira oraindik.Gaurko hainbat ekintza antolatu badituzte ere, biharkoa izango da egun nagusia. Mozorro Eguna hasiko dute 12:30ean, pintxo et...

“Nahi dut txapelak balio izatea Donostian pilota indartzeko”

Jose Mari Kalonjek (Donostia, 1967) pilotari gisa parte hartutako finaletan baino gehiago sufritu zuen joan den igandean. Donostiako taldeko entrenatzailea da Kalonje, eta bere taldea 3-0 nagusitu zitzaion Oiartzuni Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako finalean: 22-12, 22-21 eta 22-11. Duela hilabete batzuk zendu zitzaion ama, eta hari eskaini dio txapela. "Oso pilotazalea zen; ziur txapelak ilusio handia egingo ziola".

Hamasei urteren ondoren, Donostia txapeldun berriz Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan. Pozik, ezta?

Bai, gustura. Egia esan, ilusio handia egin digu txapelak. Beti da pozgarria txapelketa bat irabaztea, eta are gehiago azken txapela irabazi genuenetik hamasei urte igaro direnean.

Bazenuten zer ospatua, beraz. Asko luzatu al ziren ospakizunak?

Nirea ez asko, jada kanpoan bainago. Finalaren aurretik ere gaua bidaiatzen pasatu nuen finalera iristeko. Gero, segituan, alde egin nuen berriz. Baina bai, finalaren ondoren guztiek elkarrekin bazkaldu genuen jatetxe batean. Giro bikaina zegoen gure artean.

Txapelketa luzea izan da zuentzat. Lau kanporaketa gainditu behar izan dituzue finalera heltzeko. Maiatz hasieran, txapelketa martxan jarri zenean, espero al zenuten txapela lortzea?

Esperantza bagenuen zerbait egiteko. Baina hemen kontuan hartu behar da kanporaketak nola gainditzen dituzun eta pilotarien eskuak nola dauden. Azken finean, sasoiko egotea garrantzitsua da. Eskuak minduz doaz, eta ia ez duzu denborarik osatzeko. Bederatzi jardunaldi segidan dira, atsedenik gabe astebururo-astebururo jokatzen. Oso zaila da txapelketa guztian eskuei ondo eustea. Guk ere oso justu bukatu dugu.

3-0 izan zen finaleko emaitza. Hala ere, dirudien baino zailagoa izan zen irabaztea.

Bai. Zaila izan zen. Gazteen mailako lehiak erabaki zuen finala —22-21 irabazi zuen Donostiak—. Gero, azken partidan oiartzuarrak motibazio gutxiagorekin kantxaratu ziren, eta 3-0eko emaitza lortu genuen. Bigarrena galduz gero, agian hirugarrena berdin-berdin irabaziko genuen. Hala ere, uste dut bigarren partida hori irabaztea izan zela gakoa.

Kadeteen mailan, 22-12 zuen alde. Iñigo Bikuña aurrelariaren indarra nagusitu zen.

Bikuña txapelketa osoan nabarmendu da. Indar handia du. 16 urte besterik ez izan arren, 1,90 metro da luze, eta 85 kilo pisatzen du. Fisikoki gainontzekoen gainetik ibili da. Beste abiadura bat ematen dio pilotari, eta partida guztiak irabazi ditugu.

Gazteen mailan gehiago sufritu zenuten. 19-13 aurretik jarri zineten markagailuan, 19-21 atzetik gero, eta azken hiru tantoak jarraian egin zenituzten.

Julen Chiapuso gure aurrelariak gaizki zituen eskuak. Bestela, uste dut erosoago irabaz genezakeela. Eskuetako mina dela eta, ordea, ez zuen asmatzen, ez mozten, ezta pilota astintzen ere. 20-21 jarri ginenean, pilota aldatu genuen, eta uste dut asmatu genuela. Zorionez, guk egin genituen azken bi tantoak. Leon-kastillo bat izan zen. Askotan, tituluak lortzeko zorte apur bat behar da. Ordubetetik gorako lehian xehetasun txiki batek erabaki zuen guztia.

1980ko hamarkadan, Donostiarekin hainbat final jokatu zenituen. Aurten entrenatzailea zinen. Non sufritzen da gehiago, kantxa barruan edo kanpoan?

Zalantzarik gabe, askoz gehiago sufritzen da kanpotik. Xehetasun guztiak zaindu nahi dituzu. Gazteei lagundu behar diezu: zein pilota hartu, nola kokatu... Finaleko gazteen mailako partidan izugarri izerditu nintzen. Dutxatu-eta dena egin behar izan nuen gero.

Donostiako taldeko pilotari gehienak Antiguako pilota eskolakoak dira. Zu eskola horretako entrenatzailea zaren aldetik, ilusio berezia egingo dizu.

Finala jokatu zuten sei pilotarietatik lau gure eskolakoak ziren —Chiapuso eta Iker Urmeneta kenduta—. Eta, horiez gain, beste batzuek ere jokatu dute txapelketan: Joseba Baezek, Julen Iribarrek, Endika Manzisidorrek... Bai, txikitatik jokatzen ikusi dituzunean ilusio berezia egiten dizu haien bilakaera ikusteak.

Herriartekoa irabazi duzue. Baina hain ona al da pilotaren egoera Donostian?

Zaila da egoera. Uste dut honek balio behar ligukeela analisi sakonago bat egiteko. Pentsatzeko ea Donostian pilotarekin zer egin nahi dugun. Antiguako eskola da ia pilota eskola bakarra Donostian. Urte osoan ahalegin handia ari gara egiten autofinantzatu, eta aurrera egiteko. Bestalde, azpiegituren kontua dago. Gaur egun, udalak Atano III.a frontoia herriartekoak irauten duen bi hilabeteetan soilik uzten digu. Urte osoan ordu gehiagoz entrenatu ahal izatea nahi genuke. Horren inguruan hitz egitekotan gaude.

Donostian pilota bultzatzeko aukeratzat daukazu txapela?

Aukera bat izan daiteke, bai. Donostian pilotaren inguruan bi katu gabiltza. Elkarrengandik aparte samar, gainera: Antiguan, Parte Zaharrean, Añorgan... Ea lortutako txapelak gehiago elkartzeko balio digun. Nahi dut txapelak balio izatea Donostian pilota indartzeko. Beste herri batzuek inbidia ematen didate batzuetan. Herri kontzientzia dute. Denak doaz frontoira, denek animatzen dute. Badakit Donostia hiria dela eta zailagoa dela, baina zer edo zer egin genezakeela uste dut.

Asteburu honetan jokatuko duzue Euskal Herriko Herriartekoko Txapelketako finalerdia. Zein da zuen helburua?

Zaila da helburu handiak jartzea. gure pilotari asko oso larri baitabiltza eskuetatik: Chiapuso, Joseba Baez, Bikuña, Xabier Ortiz de Urbina. Gure arazoak beste talde batzuek ere izango dituzte. Hori dela eta, uste dut komeniko litzatekeela apur bat gelditu eta irailean jokatzea. Pena da egoera honetan jokatu behar izatea.

Monologoa ‘oroitza-penez’

30 urteko gazte baten oroitzak eta penak kontatzen ditu Joseba Usabiaga aktoreak Oroitza-penak bakarrizketan. Igandean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian izango da, 21:00etatik aurrera.Zein den, nondik datorren, bere bizipenak zeintzuk diren, zer ...

Magiaz jositako gaua Ataunen

Bihar gauean, garai bateko ipuin eta kondaira harrigarrien munduan sartzeko aukera egongo da Ataunen, Joxemiel Barandiaran bizi izan zen inguruan.Ibilaldi harrigarri eta sorpresaz betea antolatu du Gipuzkoako Parketxe sareak. Garai bateko herribidean...

25.000

Iazko partaideakIazko Busti zaitez-en 25.000 lagunek parte hartu zuten Gipuzkoan, eta 450.000 metro baino distantzia luzeagoan igeri egin zuten. Igandean 30.000 partaide edo gehiago biltzea nahi dute.

Hondartzan denek gozatzeko

Beren kasa moldatu ezin diren herritarrek aurtengo udan ere Hondarribiko hondartzan ibili eta bainu fresko bat hartzeko aukera izango dute. Zortzigarren urtez, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak asteartean jarriko du martxan Oztoporik gabeko bainua programa. Abuztuaren amaierara arte eskainiko dute zerbitzua, 11:00etatik 18:00etara.

Gainontzeko herritarrek bezala, aniztasun funtzionala dutenek ere hondartzako aisialdi ekintzak egiteko aukera edukitzea. Irati Fernandez proiektuaren koordinatzailearen esanetan, horixe da kirol egokituen federazioak bultzatutako egitasmoaren helburua: "Guretzat erraza da agian. Hondartzara joan, hondarretan paseatu, eta nahi dugunean uretan sartu. Herritar askok, ordea, zailtasun handiak dituzte erraza dirudien hori egiteko".

Hori horrela, 2007az geroztik, zailtasunak dituztenei baliabideak eskaintzen dizkiete Hondarribiko hondartzan. Doan, gainera. Euskal Herriko beste hondartza batzuetan badaude antzeko egitasmoak, baina ez Hondarribikoan bezain "osoak". Urtez urte, erabiltzaileek proposatuta berrikuntzak egin dituzte, eta hori eskertu dute erabiltzaileek.

Hondartzaren zati bat guztiz egokituta dago programa aurrera eraman ahal izateko; aldapa egokituak dituzte, pasabide finkoak, aldagela, dutxa eta komun egokituak, gurpil aulkian iristeko moduko eguzkitakoak, hondarretan eta ur gainean ibiltzeko aulkiak, makuluak, pertsonak lekuz aldatzeko garabi autonomoak. Zerbitzuak koordinatzaile bat du, eta sei teknikari espezializatu, erabiltzaileei bainua hartzen laguntzeko. Gidari batek osatzen du taldea, garraio zerbitzua ere eskaintzen baitute.

Garraio zerbitzua erabili nahi dutenek 651-90 26 66 telefonora deitu behar dute aurrez, eguna, lekua eta ordua zehazteko. Adostutako tokian jasotzen dute erabiltzailea, hondartzara eramateko. Aldagelara eramaten dute lehenik, eta bainu gunera gero.

Fernandezek azaldu duenez, azken xehetasunak lotzen ari dira, baina jada prest daude astearterako. Herritarrak beren aldetik joaten dira, baina batez ere eguneko zentroekin lan egiten dute. Haiekin egutegia adosten ari da azken egunetan.

Izan ere, egunak "ahalik eta ondoen" antolatzen saiatzen dira, "behar bezalako" zerbitzua eman ahal izateko. Egun batean zortzi talde eta hurrengo egunean bakarra izan beharrean, lana banatzen saiatzen dira. Hala ere, badakite eguraldiaren menpe daudela. Hori dela eta, egun eguzkitsuetan "ahalegin berezia" egiten dute, ahalik eta jende gehienari zerbitzua eskaintzeko.

Programaren koordinatzaileaak azaldu duenez, erabiltzaile gehienak gipuzkoarrak dira: Hondarribi ingurukoak, Donostia ingurukoak, Zarauzkoak... Abuztuan, ordea, iristen da urrutiagoko jendea. Hainbat taldek herriko aterpe batean pasatzen dituzte egun batzuk, eta aisialdiko ekintzetako bat izaten da hondartzara joatea. Talde horiek "finkoak" bihurtu dira, urtero samar joaten dira Hondarribira. Zornotzakoak (Bizkaia) eta Burgoskoak (Espainia), esate baterako.

Aurten, deitu diete Valladolideko (Espainia) Aspace elkartetik ere. Fernandezek uste du "ahoz ahokoaren" bidez ari dela proiektua zabaltzen: "Burgosko Aspacekoak uda batean etortzen badira eta zerbitzuak ondo funtzionatzen badu, beste elkarte batzuei emango die honen berri. Haiek, gero, beste batzuei hitz egingo die programaz. Horrela, apurka-apurka zabaltzen doa".

Zailtasun ekonomikoak

Zerbitzuaren erabiltzaile kopuruak 2012an jo zuen goia —1.200 erabiltzaile—. Iaz, ordea, erdira jaitsi zen kopurua, krisialdiaren eraginez "gutxieneko baliabideak" baitzituzten; hilabete batera murriztu zuten eskaintza, eta begirale bat gutxiago aritu zen.

Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioaren nahia da zerbitzua herri gehiagotan eskaintzea. Baina, oraingoz, ez zaie posible. "Nahiko lan" badute orain artekoari eusten. Hondarribiko Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Kutxaren diru laguntzak jasotzen dituzte, baina hainbat enpresa pribatutara jo behar izan dute proiektuari eusteko.

Jokoa eta hizkuntza parez pare

Lau hamarkada daramatza Lazkaoko Maizpide euskaltegiak udako euskara ikastaroak eskaintzen. Beti izan dute "lotura handia" herriarekin, Jon Urdangarin zuzendariaren arabera, eta, horren harira, euskara eta esku pilota ikastaroa antolatu dute datozen bi asteetarako.

Duela urte batzuk aldatu egin zuten udan euskara irakasteko modua Maizpiden. Urdangarinen arabera, ikastaro eskaintza erakargarriagoa egitearren hartu zuten erabakia: "Ohartu gara jendeak zazpi ordu eserita egon ondoren mugitzea nahi izaten duela, eta kirolaren aukerari heldu genion". Hala, lehen baino ikastaro motzagoak eskaintzen dituzte orain, hamabost egunekoak; eta teoriarekin batera tailerrak eskaintzen ere hasi dira: euskal musika, euskal dantzak, sukaldaritza, ibilaldiak...

Aurtengo eskaintza antolatzen ari zirela ohartu ziren Lazkaon pilotaren inguruan zerbait egiteko eta herritarrekin elkarlanean aritzeko aukera zutela: "LAPKE [Lazkaoko Antzar Pilota Kirol Elkartea] herrian izanda, Kemen Kirol Osasun Zerbitzuen zentroa ere bertan egonda, eta udalak azpiegiturak uzten dizkigunez, herria eta euskaltegia lotzeko beste modu bat izan zitekeela iruditu zitzaigun". Hala, datorren astelehenetik hilaren 25era bitartean eskainiko dute 22na, euskara eta pilota ikastaroa Maizpiden.

Pilotan jokatu eta euskaraz ikasi aldi berean egiteko aukera emango dutelako hautatu zuten ikastaroaren izena: "Badakigu pilotan ezinezkoa dela 22na egitea; baina islatu nahi genuen ikastaro horretan bi gauza egingo direla: pilotan jokatu eta euskara ikasi. Biak, gainera, maila bertsuan. Horregatik irudikatu nahi dugu berdinketa hori, bi aldeetatik irabazten irtetea esan nahi duelako".

Hasieran, pilota eskoletan-eta dabiltzan 16-17 urte bueltako gazteentzako ikastaroa prestatzea pentsatu zuten, baina gero ohartu dira edonorentzat izan daitekeela. Goizetan, ikasleak euskara mailaren araberako taldeetan kokatuko dituzte, eta, arratsaldez, ikastarorako izena eman duten ikasle guztiak batuko dituzte. "Ordu batez, pilotaren inguruko hizkuntza landuko lukete: hiztegia, testuak, pilotariei egindako elkarrizketak... Ondoren, pilotan arituko lirateke: bi egunetik behin, arlo teknikoa landuko dute LAPKEko kideekin; eta, gainerakoetan, Kemeneko Etor Mendia prestatzaile fisikoarekin arlo fisikoa lantzen arituko dira".

Euskara eta pilota ikastaroa eskainiko duten lehen urtea izanik, talde bat osatzea aurreikusi dute: "Zortzi eta hemezortzi lagun artean, alegia". Parte hartu nahi dutenek Maizpidera bertara dei dezakete, 943-88 92 31 telefonora; edo mezu elektronikoa bidal dezakete lazkao@maizpide.com helbidera.

Atzerrikoentzako eskaintza

Astelehenean lehen aldiz abiatuko den euskara eta pilota ikastaroaz gain, urteroko udako eskaintzari eutsiko diote aurten ere Maizpiden: "Kultur ekintzak ere izaten ditugu: antzerkiak, jaialdiak, bakarrizketak, ikus-entzunezkoak... Hamabostaldi polita pasa daiteke Lazkaon; euskaltegia ere herrian bertan dago, eta herritarren artean murgiltzea oso erraza da. Gainera, aurten, aurreko urteetan baino jende gehiago dabilkigu".

Hain justu, Lazkaora bertaratu direnen artean atzerritarrak ere badaude aurten: "Hizkuntzalaritzan aritzen diren hainbat irakasle eta ikasle etorri dira". Horiek gaur amaituko dute Euskaraz idatzitako testuak ulertzen ikastaroa. Etxepare Euskal Institutuak eskatuta antolatu dute, Mario Santana Hizkuntzen Departamentuko irakasleak iradokita —Chicagoko Unibertsitatean, literatura espainiarra, euskalduna, galegoa eta katalana ikertzen ditu, bai eta haien arteko harremanak ere—. Eusko Jaurlaritzak HABE erakundearen bidez homologatutako ikastaroa da, gainera.

NABO Ipar Ameriketako Euskal Elkartearen bidez etorritako bost ikasle ere Maizpideko barnetegian parte hartzen ari dira. Ekainaren 30ean abiatu zuten egonaldia, eta aste honetan amaituko dute. Idahotik, Kaliforniatik eta Illinoisetik etorri dira, eta egunean zortzi orduz euskara ikasten aritu dira bi astez. NABOk antolatutako kurtso berezi horretan, ingelesez egiten duen irakaslea eta eurentzat diseinatutako materiala izan dituzte. Euskaraz gain, Euskal Herriko kulturaz gozatzeko tartea ere hartu dute.

“Udalekuen berri izatean, bi aldiz pentsatu gabe izena eman nuen”

Iñigo Odriozolak ezaguna du Fraisoroko baratzeko jarduna, aitak baratzea baitu. Horregatik, akaso, baratzeko landareekin lan egitea gustatu zaio gehien. Leyre Iriartek, berriz, txikitatik du gustuko sukaldean "saltsan" ibiltzea. Horregatik erabaki zuen udalekuetan izena ematea. Profesionalki bide hori hartuko duen ez daki, baina zaletasunari eutsiko dio.

Nolatan eman zenuen izena ikastaroan?

IÑIGO ODRIOZOLA: Asko gustatzen zaidalako sukaldaritzaren mundua, baita baratzearena ere.

LEYRE IRIARTE: Txikitatik aunitz gustatu izan zait sukaldaritza, eta beti ibiltzen nintzen sukaldean saltsan. Jakin nuenean horrelako udaleku bat zegoela, ez nuen bi aldiz pentsatu, eta izena ematea erabaki nuen.

Gustura ibili al zara?

I. O.: Bai, asko gustatu zait, eta, gainera, oso ondo pasatu dut.

L. I.: Bai, hagitz gustura ibili naiz.

Udalekuetan ikusi eta ikasitakoaren artean, zer nabarmenduko zenuke?

I. O.: Baratzeko gauzak gustatu zaizkit gehien, batez ere, landareak nola eta noiz moztu behar diren ikastea.

L. I.: Gozogintza tailerra. Asko gustatzen zait txokolatea; beraz, hori azpimarratuko nuke.

Etorkizunean sukaldaritzan jarraitzea espero duzu?

I. O.: Ez, ez dut neure burua sukaldaritzaren munduan ikusten. Hemendik urte batzuetara garbitzaile izatea gustatuko litzaidake.

L. I.: Oraindik ez nago ziur, baina hau zaletasun bat bezala hartu nahi dut. Profesionalki ez dakit, baina zaletasun bezala jarraituko dut.