Sailkatugabeak

Pertsonen garrantzia, sare batean

Antolatzeko modu berri baten eredu izan nahi du Errenteriako Saretuz taldeak. Eredu horren oinarria pertsona da, norbanakoaren balioa eta indarra. Eta, horren atzean, jendeari pentsatzeko, erabakiak hartzeko eta arazoak daudenean horiek konpontzeko aukera ematea dago; horrek pizten baititu, Saretuz elkarteko kideen ustez, pertsonen konpromisoa eta parte hartzea. Oinarri horiek ez dira berriak; Errenteriako taldekoek enpresaren mundutik hartu dituzte, baina gizarteko lanean txertatu nahi dituzte, zehazki euskara normalizatzeko lanean nahiz Euskal Herriko identitateari balioa gehitzekoan.

Lan egiteko eremua Errenteria osoa —auzoei garrantzi berezia ematen diete— eta Euskal Herria dute; ezagutza nahiz elkar ezagutza dute horren abiapuntu. Eta, talde dinamizatzailean hamazazpi bat lagun dauden arren, sareari ematen diote garrantzia, herritarren sareari. Sare horrek dagoeneko zortziehun bat partaide ditu, eta kideek taldeak egiten dituen gauza guzti-guztien berri dute. Han daudenek euren borondatez eman dute izena, batik bat Saretuz-ek antolatu dituen jardueretan jasotako datuen bidez.

Baina euskara eta Euskal Herria lanerako ardatz hartzea ez da izan ausazko erabakia, Antton Aizkorreta taldeko kideak esan duenez: "Zenbat eta gehiago zabaldu euskara eta Euskal Herria, orduan eta gizarte demokratikoagoa, parte hartzaileagoa, kohesionatuagoa, egingarriagoa eta gizatiarragoa izango dugu".

Hori gauzatzeko, urteko asmoa dute lanabes. Talde eragileak erabakitzen du zer egin asmo horren barruan, eta horrek aztertzen du plana eta baloratzen ditu emaitzak. Hori inportantea da Saretuz-eko kideentzat: egin denaren gaineko gogoeta egin, zertan hobe daitekeen hausnartu eta, enpresetan egiten den bezala, helburuak bete ote diren identifikatu prozedura sistematizatu baten bidez. Urteko asmoa amaituta, hurrengo urtekoa prestatuko dute, noski, eztabaida luze baten ondoren, ahalik eta ekarpen gehienekin eta taldearen oinarriak berriz ere izendatuz. Talde eragilea astero biltzen da, eta, sareko kideekin astero harreman zuzena duten arren posta elektroniko bidez, batzar orokorrak edo juntaizoak egiten dituzte urtean hiru-lautan; azkena asteartean egin zuten.

Bakoitzak ahal duena

Baina taldeak edo eragileak ez dira nolanahi sortzen. Hutsune edo gabezia bat dagoenean hasten dira lanean horietako asko. Horrela hasi zen Errenteriako taldea ere. Gaur egun Saretuz-en daudenetako askok BERRIAlaguna kanpainan izan zuten elkarren berri, eta, hango esperientzia ikusita, erabaki zuten egiteko asko zegoela herrian nahiz Euskal Herrian.

Ordutik urte eta erdi pasatu da, eta ia elkar ezagutzen ez zuten herritar batzuk lankide bihurtu dira jada, borondatezko langileak betiere. "Ezingo genuke egin dena bi pertsonaren artean. Hori maiz gertatzen da herrietako edozein eragiletan. Asmatzen ari gara herritarrengana hurbiltzen, bakoitzari lana ematen, ahal duen neurrian lagun dezan", esan du Txuss Alfonso Saretuz-eko partaideak. "Bakoitzak bere ibilbidea du egina aurretik. Talde dinamizatzailean astero-astero biltzen gara; bakoitzak nolabait bere ardurak ditu, eta hortik aurrera goaz bakoitza", adierazi du Mikel Azkune kideak.

Eneko Guridik, berriz, nabarmendu du taldean edozein ideiak izan dezakeela lekua, bere esperientziatik abiatuta: "Saretuz eskolaren ideia nirea izan zen; planteatu, eta aurrera atera da; laguntzarekin, noski. Buruan duzun ideia hori betetzeko aukera badago". Hala, Guridiren ustez, Saretuz-en ez dago ezer aldez aurretik zehaztuta: "Urteko plangintza badugu, baina hori molda daiteke. Jendeak entzun egiten zaitu hemen; partekatzeko joera izugarria dago, eta hori oso positiboa da, asko ikasten delako besteak entzunez".

Iazko Korrika-n, Saretuz-eko kideak Zangozara joan ziren kilometro bat egitera, hamar bat lagun. Esan dute hango esperientziak argudio gehiago eman zizkiela taldeari bultzada emateko: "Sinetsi genuen, eta egin. Indar handia eman zigun horrek. Zertan ari zaren sinesten baduzu, horrek arrakasta izateko aukera handia ematen dizu".

Harremana talde askorekin

Zangozan hasitakoa ez zen horretan gelditu. Saretuz-i esker, Errigora proiektuaren barruan Nafarroako Erriberako produktu gehien saltzen duten herrietako bat da Errenteria; Euskaraz Bizi Nahi Dut dinamikaren barruko herri lasterketan ehunka lagun bildu ziren taldearen lanari esker —herriko kirolariekin harremanetan jarri, eta haiek eman zioten bultzada Errenteria-Oreretako lasterketari—; Herri Urratsen harira, Ipar Euskal Herriko ikastolen eta euskararen gaineko jardunaldiak egin dituzte; Saretuz eskola ere abian da —bi saio egin dituzte: bat, Olatukoopen gainekoa, Beñat Irasuegirekin, eta bestea, sexu askapena gai hartuta, Mikel Martinekin—; eta Trintxerpeko sutean kaltetuen aldeko diru bilketa egin dute. Egindakoen adibide batzuk besterik ez dira horiek.

Errenteriako euskalgintzarekin harremanetan daude, Juneren Hegoak taldearekin harremanetan hasi dira, ikastetxeekin ere badute zabalik zubia, baita Urdaburu mendi taldearekin ere, udalarekin... Baina ez daude konforme horrekin; eragile eta jende gehiagorengana zabaldu nahi dute jarduteko eremua. Izan ere, uste dute zenbat eta gehiago izan hainbat eta etekin handiagoa aterako diotela egiten dutenari: "Pertsona bakoitzak sarea osatzen badu, hobe".

Saretuz-eko kideek argi dute euren lanaren emaitza ez dela berek bakarrik gozatzeko; herriarentzat eta ondoren etor daitezkeenentzat ari dira. Gainera, esperientzia konpartitu nahi dute, ziur baitaude Saretuz-en filosofia zabaltzen bada "denen bizi-kalitatea" hobetuko dela.

Oholtzak betetzen

Arte eszenikoen sektorea aspaldidanik ari da eskatzen Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola bat irekitzeko Euskal Herrian. Urteetan hainbat elkartek eta profesionalek egindako eskaerei erantzunez, Eusko Jaurlaritzak 2010ean aurkeztu zuen eskola ofizial baten proiektua. Hain zuzen ere, asmoa zuen 2012-2013ko ikasturtean martxan jartzeko Eszenika izeneko eskola ofiziala. Arte dramatikoko eta dantzako bost gradu eskainiko zituzten Bilbon. 2012-2013ko ikasturtea joan zen, 2013-2014koa ere bai. "Apurka" urratsak egiten ari dira, baina datorren ikasturtean ere ez ditu irekiko ateak Eszenikak. Bitartean, eskola ez ofizialak datorren ikasturtea prestatzen ari dira, goi mailako eskolari buruzko berrien zain, baina haien zereginetan arretarik galdu gabe. Horietako bat da Donostiako AET Arte Eszenikoen Tailerra. AETk 20 urte beteko ditu hurrengo urtean.

AET 1995ean jarri zuten martxan. Ana Perez (Irun, 1959) bertako irakasle eta koordinatzaile pedagogikoak azaldu duenez, Antzerti eskola desagertu zenean, orduko profesionalek "hutsune handia" ikusi zuten sektorean. Hori dela eta, AET irekitzea erabaki zuten. Geroztik, urtez urte garatzen joan da proiektua, eta 400 lagunetik gora igaro dira eskolatik. Egun ezagunak diren aktore bat baino gehiago hezi dituzte bertan.

Perez eta tailerraren zuzendaritzako gainontzeko kideak datorren ikasturtea antolatzen ari dira egun hauetan. Eskola kontseilua duela astebete bildu zen, eta orain posta elektronikoaren bidez ari dira azken xehetasunak lotzen. Uztailaren erdia baino lehen bilduko dira berriz, datorren ikasturteko programa ixteko.

Beste eskola edo elkarte askori bezala, AETri ere alderdi ekonomikoak eragiten dio buruhauste gehien. "Badakigu zein den egungo egoera ekonomikoa. Sektore guztietan eragiten du krisiak, eta gu ere ez gaude horretatik salbu". Donostiako eskolak hiru bidetatik jasotzen ditu diru laguntzak: Gipuzkoako Foru Aldunditik, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailetik eta Donostiako Euskara Patronatutik. Laguntza ekonomikoa emateaz gain, azpiegiturekin ere laguntzen die udalak. Egiako Kultur Etxeko hiru gela uzten dizkiete, programa aurrera eramateko. Perezek dioenez, ez dira "garairik onenak" diru laguntzak jasotzeko, "are gutxiago" kulturaren sektorearentzat.

Eskolaren aurrekontuaren beste alderdia ikasleek matrikulatzean ordaintzen duten diru kopurua da —1.275 euro ordaintzen dute—. Horretan ere ez die batere mesederik egin krisiak: "Krisiak familia gehienei eragin die. Ondorioz, ia familia guztiek nahi dute euren seme-alabek unibertsitate ikasketa formalak egitea". Perezek azaldu duenez, matrikulazio garaian igarri dute hori. Ikasleek izena emateko ahalegin handiagoa egin behar dute: "Krisialdian inoiz baino gehiago konbentzitu behar dugu jendea antzerkigintza ikastea denei datorkiela ondo". Familia batzuek dituzten zailtasun ekonomikoen jakitun, "erraztasunak" ematen saiatzen da eskola, ordainketa egiteko epea ikasturte osora zabalduz.

Eszenikaren "beharra"

Egungo zailtasunei aurre egiteko, Perezek "ezinbestekotzat" jo du Euskal Herrian "behingoz" goi mailako eskola ofizial bat sortzea. Hori dela eta, arloko beste hainbat talderekin eta profesionalekin batera lanean ari da AET, Eszenika sortzearen aldeko plataforman. Goi mailako eskola bat sortu nahi dute hezkuntza aldetik arte eszenikoei aitorpena egiteko, gainontzeko diziplina artistiko guztiei bezala; eta, horrez gain, arlo horretan goi mailako ikasketak egin nahi dituenak hemen egiteko aukera izan dezan nahi dute.

Ikasleek titulu ofizial bat lortu ahal izatea "garrantzitsutzat" du AETko koordinatzaileak: "Pentsa, nik 55 urte ditut, eta bizitza erdia daramat antzerkiaren inguruan lanean, titulazio bat ere izan gabe. Hala, edozein tituludun etor daiteke, eta ni paretik kendu. Ez dut inolako titulurik nire ikasketak eta esperientzia frogatzeko".

Eszenika martxan jartzeko prozesua "nahi baino gehiago" ari da atzeratzen, baina "pixkana" aurrera doala dio Perezek: "Badakit urtero diogula gauza bera, baina ea 2015-2016ko ikasturterako irekitzea lortzen dugun".

Hiru ikasturtetako eskola

Sektorean lan egiten duten profesional gehienak daude balizko goi mailako eskola horri begira. Eguneroko lana ahaztu gabe, ordea. Donostiako zein Euskal Herriko beste eskoletan buru-belarri jarraitzen dute aktoreak hezten.

Donostiako eskolak, adibidez, hiru ikasturte ditu. Hamalau irakasle guztira, eta dozena bat ikasle maila bakoitzean. Urritik ekainera bitartean ematen dituzte klaseak, astelehenetik ostegunera, arratsaldez eta lau ordu eta erdiz.

Lehen ikasturtean, "beldur eszenikoa" galtzea da helburua. Interpretazio jardunarekin kontaktuan jartzen dira askotariko jolas eta ariketen bidez. Bigarrenean, berriz, testuak lantzen dituzte ikasleek, eta agertokira begira jartzen dira gehiago. Hirugarren eta azken urtean, pauso bat gehiago ematen dute, eta muntatze bat egiten dute, lan bat eszenaratzean kontuan hartu beharreko alde guztiak aztertu eta ikasi ondoren.

Perezen esanetan, hiru urte horiek garrantzitsuak izan daitezke aktore izan nahi duen batentzat: "Ariketen bidez ikusten joan daiteke aktore izatea zer den". Aktoreentzat ez ezik, uste du komunikazioaren munduan lan egiten dutenentzat ere balio dezakeela Donostiako tailerrak. "Norbera ezagutzen erakusten dugu eskolan, ingurua entzuten, begiratzen, hitz egiten... Denentzat da baliagarria hori". Azaldu duenez, azken urteetan ikasleen soslaia aldatu egin da. Lehen, batik bat 20 urtetik gorako jendea matrikulatzen zen eskolan; egun, berriz, askok 16-17 urte dituzte.

Perezek zazpi urte daramatza irakasle gisa AETn, eta "gozatu" egiten du ikasle bakoitzaren bilakaera ikusita. "Lehen ikasturtean ikusten dituzu nola datozen, fresko-fresko haien gabezia guztiekin. Bigarren urtean ikusten duzu nola doazen heltzen eta baliabideak jasotzen. Hirugarren urtean, berriz, muntatzean pentsatzen duzu: 'Ai ama! Nola iritsi ziren eskolara lehen egunean, eta nola aterako diren'". Ikasle batzuek ibilbide oparoa hasten dute aktore gisa, eta beste batzuek ez. Hala ere, guztiek ikasten dute zerbait Donostiako aktore eskolan.

Subiranotasun teknologikoa helburu

Lakaxita gaztetxea hacker-en topagune izango da asteburuan. Informatikazaleak elkartuko dira Irunen, Labkaxita Hacklab taldeak antolatu duen Topahack egitasmoan. "Urte guztian hacklab-etan ikasitakoa praktikan jartzea da topaketaren helburua. Gehiago ikasi baino, aurreikusitako proiektuak martxan jarri nahi dira", azaldu du Iune Trecet Labkaxita Hacklabeko kideak.

Gaurtik igandera bitarte izango da Topahack, eta subiranotasun teknologikoaz hitz eginez hasiko dute topaketa; multinazionalek informatikaren munduan duten botereari nola aurre egin dakiokeen aztertuko dute. "Bai hacklab-etatik eta baita hacker mundutik ere beti bultzatu izan da software eta hardware askea", esan du Trecetek. "Pentsatzen dugun hori guztia jendeari nola helarazi aztertuko dugu. Azken finean, apustu indartsu bat egin behar da hori aurrera eramateko. Pentsamendu aldaketa bat egin behar da. Programak erremintak dira, aldatu behar dena norberaren burua da: egin duzun hori askea izatea, zuk egin dezakezun hori guztien mesederako izatea".

Erabiltzaileen artean zabalduta dagoen ustea da software askea ez dagoela nahi adina garatuta, eta uste horixe izaten da subiranotasun teknologikoa lortzeko bidean izaten diren oztopoetako bat. Trecetek badu horrentzako erantzuna: "Ni diseinatzailea naiz, eta diseinuaren arloa da zailenetarikoa programa askeak erabiltzeko. Nik behintzat lortzen dut besteek egiten duten lanaren antzekoa garatzea software askearekin. Gainera, kontua ez da bakarrik erabiltzea, baita norberak garatzen duena aske uztea ere".

Hain justu, software askea horrela garatzen da, hacker bakoitzak egiten dituen berrikuntzak partekatuz. "Horregatik da hain garrantzitsua komunitatea eta denen artean gauzak egitea", gaineratu du Trecetek. "Jendeak egiten duen lanarekin eta partekatzeko gogoarekin elikatzen da". Hori eginez ere bizi daitekeela azaldu du: "Free izateak ez du esan nahi dohainik denik, askea dela baizik. Desberdina da. Zuk sortzen duzuna askea da, baina zuk kobratu ditzakezu hori sortzeko sartzen dituzun orduak".

Proiektuak praktikan

Gaur 14:00etan hasiko da topaketa, bazkariarekin. Horren ondoren etorriko da Topahackaren aurkezpena eta subiranotasun elektronikoari buruzko mahai ingurua. Afariarekin emango diote bukaera egunari. Larunbatean goiz eta arratsaldez, eta igande goizean, hacklab-ean lantzen aritu diren zenbait proiektu praktikara eramaten saiatuko dira parte hartzaileak. Gosaria eta gero 11:00 aldera hasiko dira saioak.

Proiektuetako bat pankarten inprimagailua izango da. "Denbora guztian pankartak egiten aritzen gara gaztetxeetan, eta pentsatu genuen lan hori errazteko inprimagailu bat egitea", adierazi du. "Ez dakit nola aterako den, baina hori da topaketako proiektu izarra. Arduinorekin egingo dugu; domotikaren arlo hori garatzen duen robot txikia bat, eta ia guztia askea da. Arduinorekin gauza asko garatzen ari dira hacker munduan".

Blender programarekin bideo edizioa ere landuko dute, "ikusteko arlo horretan software askearekin zerbait egin daitekeela". Bestetik, Enekenbat sare soziala euskaratuko dute. "Euskarak garrantzia handia du gure hacklab-ean, beti dena euskaraz egiten baitugu", zehaztu du. Sare sozial hori Katalunian sortu zen, eta orain Euskal Herrian euskaratzen ari dira. Oraingoz erdia inguru euskaratu dute, eta falta den beste zatia Topahacken egitea espero dute. "Sare sozial hori erabiliz, multinazionalek hain kontrolatuta dituzten sare sozialak gure bizitzatik kentzea lortu nahi da". Katalunian Loreak-en eta Euskal Herrian Auzolan proiektuaren eskutik kudeatzen da sare sozial hori.

Beste proiektu bat guifi.net da. Hori ere Katalunian sortutako da, eta Gipuzkoan hainbat udaletan jartzen ari dira egun. "Helburu nagusia da munduan zehar sare bat sortzea, Interneterako sarbidea guztiz askea izateko, egun sarbidea ematen duten konpainietatik aske izateko", dio Trecetek. Topagunean sare horren nodo bat martxan jartzea da euren asmoa.

'Hacker' hitzaren esanahia

"Ez dakit zehazki zer den hacker hitza, buelta asko eman dizkiot", azaldu du Trecetek. "Enpresa multinazionalek, bai hardware eta baita software aldetik, dena egina ematen digute, eta niretzat hacker-a den pertsona batek zerbait berria sortzeko grina du, dagoena ikasi eta eraldatzeko".

Trecetek gaineratu duenez, ez da min egitera doan norbait. "Sistemaren aurka doazen guztiak gaizkiletzat hartzen dituzte, eta multinazionalentzako hacker-ak beti izango dira gaizkileak", esan du. Izenak adierazten duenez, Labkaxita Hacklaba hacker laborategi bat da. Zenbait hacker elkartzen dira bertan astero, eta hor ikasi eta partekatzen dituzte informatikaren inguruko euren ezagutzak.

Aurten lehenengo aldiz antolatu dute Topahack egitasmoa. Aurreko urtean Ud4kamp antolatu zuen Hack.in#badakigu elkarteak Gernikako gaztetxean, Katalunian egin ohi den Summer Camp Garrotxaren ildotik. Elkarte horretaz gain, bi hacklab daude Euskal Herrian, Gernikan eta Irunen, hain zuzen. Aurretik beste talde bat zegoen Iruñean, baina egun ez dago martxan.

Elikadura subiranotasuna

Teknologikoaz gain, elikadura subiranotasuna ere bultzatzen dute Lakaxita gaztetxetik. Beraz, otorduak gaztetxean elkartzen diren hiru baratza kooperatiboen bidez prestatutako dituzte —Aldatsa, Xixare eta Barealaia—. Bestalde, gaztetxean bertan lo egiteko aukera izango dute topaketara joaten direnek. "Espero dugu hogei lagun inguru etortzea, eta gero Labkaxitan ibiltzen direnak ere azalduko dira".

Aurrera begira, horrelako topaketak antolatzeko asmoa dute hacker taldeetan aritzen direnek. "Polita da denak elkartzea eta ikasi duguna elkarbanatzea".

4

Akordioa lortu berri duten zahar etxeak. ELAk aste honetan jakinarazi duenez, greban zeuden Gipuzkoako lau zaharren egoitzatan lan hitzarmena sinatu dute, eta, beraz, soilik hiru zentrok jarraitzen dute lanuzteekin. Zumarragako Argixaon, Zumaiako Otezurin eta Donostiako Txara 1 eta Zubiaurren lortu dituzte akordiorako oinarriak; "hirurehun langileri baino gehiagori" eragiten diete.

Pedalkadak Gipuzkoan barrena, AHTaren kontra

"Bizikleta martxa desobeditzailea" antolatu du Mugitu mugimenduak AHTaren aurka. Proiektua oro har salatzearekin batera, bereziki lurrari eman nahi diote garrantzia; horregatik, askotariko ekintzak prestatu dituzte ibilbidean: topaketak bizilagunekin, kale ikuskizunak, bilkurak lurraren defentsan aritzen diren hainbat talderekin...

Hilaren 25ean abiatuko da martxa Altsasutik (Nafarroa), eta, egun bat geroago, ostiralarekin sartuko da Gipuzkoan. Arrasatera 15:30ean iritsiko da, eta, ondoren, Bergaran egingo du geldialdia. Larunbatean, Antzuola, Urretxu, Zumarraga, Ezkio-Itsaso, Beasain, Ordizia eta Zerainetik igaroko da. Igandean, Zerain-Andoain bidea egingo du bizikleta martxak; hilaren 29an Andoain-Zarautz; hilaren 30ean Zarautz-Irun —zati bat trenez—, eta, hurrengoan, Irun eta Donostia artekoa. Abuztuaren 1ean, amaierako ekitaldia egingo dute Donostian, Bulebarreko kioskoan, 12:30ean.

Gastu ekonomikoa

Lurraren alde egitearekin batera, AHTak dakarren gastu ekonomikoa ere salatu nahi du Mugitu mugimenduak. "Hego Euskal Herrian AHTaren obretan 10.000 milioi euro xahutzea aurreikusita dago; zifra horiek ulertezinak dira jende ugari kale gorrian dagoela ikusita", adierazi zuten mugimenduko kideek asteartean egindako agerraldian. Haien arabera, garraioari dagokionez amaitu da beti urrunago, beti azkarrago eta beti mugikorrago leloaren garaia. "Konponbidea helduko da ekonomia zein gizarte jardueren ardatz gisa herria eta eskualdea jarriko dituen eredu baten sorreratik".

Leon eta Kastillo ikurrina astintzen

Sanferminak bukatu arren, Leonek eta Kastillok txupinazo eguneko ikurrina mintzagai izaten jarraitzen dute. Izan ere, azkenaldian epaileek ikurrina udaletxeetan bandera espainolaren mende jartzeko hainbat agindu eman dituzte, eta, hori dela eta, uda honetako festetan ere bandera-gerra ziurtatuta dago. Beraz, gaiak hor jarraitzen du.

—Ederra arrantzaleena! —hasi da Leon—.

—Ekintza bikaina —Kastillok—, baina gogaikarria ere bada bandera puta batengatik oraindik horrela ibili beharra.

—Bai; izan ere, gogaikarria ere bada mundua mundu denetik iraupenaren eta eskubideen alde borroka egin beharra —erantzun dio Leonek, sarkasmo nabarmenaz—.

—Banderak trapuak baino ez dira!

—…harik eta haize bolada batek astindu eta dantzan ipintzen dituen arte!

Harrituta begiratu dio Kastillok, ezagutuko ez balu bezala. "Leonek eta enparauek —pentsatu du— modernitatez janzten dituzte diskurtsoak, baina, deskuidatu bezain pronto, barruan gorderik duten abertzalerik klasikoena azaleratzen zaie".

—Hara! Zu banderazale? Noiztik? —itaundu dio Leoni sarkasmoa txanpon berean ordaindu nahian—.

—Inoiz ez naiz banderazale izan, eta gorroto diot banderak nonahi eta, are, testuingururik xelebreenetan ere erabiltzeari. Baina asper-asper eginda nago, edo, nahiago baduzu, gogaikarria ere bada gero eta sarriago entzun behar izatea "denak berdinak dira" eta antzeko errazkeriak.

—Errazkeriak? Bandera guztiak, funtsean, berdinak dira, ordea! —tematu da Kastillo—.

—Bandera guztiak sinboloak dira, jakina. Baina sinbolo guztiek adiera bera ez duten bezala, bandera guztiek ere ez dute adiera bera. Stop eta Aparkatzea debekatuta dago zirkulazio seinaleak dira, biak ala biak, baina ez dute gauza bera esan nahi; beraz, ez dira berdinak. Banderak ere ez. Horren lekuko da ikurrina. Zergatik jazartzen diote Nafarroan Portugalgoari edo Kazakhstangoari jazartzen ez dioten bezala? Euskaltasunaren sinbolo delako, hots, ukatu nahi duten zerbaiten sinbolo delako. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko eraikin ofizialetan zergatik jarri behar da espainolaren mende? Euskal naziotasunaren sinbolo ere badelako, eta esanahi hori ezabatu edo "bere lekuan" jarri nahi dutelako, hots, espainolaren mende.

—Ja, baina doilorkeriarik doilorrenak beti bandera nazional batean bildu izan dira, eta hemen estatu baten sinbolo nagusiari estatua izan nahi duen beste zerbaiten sinboloa kontrajartzen zaio. Egun batez Euskal Herria independentea balitz, ikurrinak egun piperpotoak ordezkatzen dituen balio berberak edo oso antzekoak ordezkatuko lituzke.

—Beharbada, baina gaur egun inola ere ez. Beraz, bien bitartean, neurea ikurrina. Eta egun hori iritsiko balitz, eta, esaten duzun bezala, ikurrinak bere egingo balitu piperpotoak egun dituen balio gaitzesgarriak, agian nik neuk ere esango nuke: banderak trapuak baino ez dira, trapu zikinak, gainera. Guztiak berdinak… bandera pirata izan ezik!

"Izan ere —pentsatu du Leonek bere kolkorako—, horretara propio jarrita, inork baino modernoago eta guai-ago jokatzen ere badakit".

Ekintzailetza programarekin, 1.500 lanpostu sortu nahi ditu aldundiak

"Enpresa berrien sorrera eta, beraz, lanpostu berrien sorrera" sustatu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horretarako, 7,3 milioi euro bideratuko ditu aurten ekintzailetza programara, iaz baino % 62 gehiago. Aldundiaren aurreikuspenen arabera, egitasmoak 1.500 lanpostu inguru sor ditzake aurten —iaz 308 enpresaren eta 750 lanpostu sortzea bultzatu zuen—. Aste honetan onartu du diputatuen kontseiluak sail horretarako diru laguntzen zenbatekoa.

Programaren zati bat Txekin I eta Txekin II azpiprogrametara bideratuko da; aurtengo berrikuntzetako batzuk dira sail horiek. Lehenengoaren bitartez, aholkularitza eskaintzen zaie enpresa sortu aurretik bideragarritasun planak eta finantzaketa lortzeko bilaketak egiten dituzten ekintzaileei. Txekin II azpiprogramarekin, berriz, merkatuan gehienez bost urte daramatzaten enpresei marketin planak eta finantza azterketak eskaintzen zaizkie, besteak beste.

Aurretik martxan jarritako hainbat arlo ere bilduko ditu aurten programak. Indarrean jarraituko dute Txekintek egitasmoak —oinarri teknologikoa edo berritzailea duten enpresa berrien sustapena du helburu—, Barnetekin atalak —lanean dauden enpresetatik enpresa berriak sortzen laguntzeko—, eta Emekin programak —enpresen sorrera prozesuarekin konprometituta dauden emakumeei laguntzeko—.

@sarean

www.heinekenjazzaldia.com. Aurtengo jaialdiari eta bertan parte hartuko duten musikari guztiei buruzko informazioa dago webgune horretan. Kontzertuetarako sarrerak eta bonuak ere eros daitezke atari horretan. Bestela, Donostiako Viktoria Eugenia antzokiko lehiatilan eskura daitezke sarrerak.