Sailkatugabeak

Modari zuku guztia ateraz

Gizonentzako arropa egiten dut, baina emakumea dut buruan diseinuak lantzen hasten naizenean". Kontraesana dirudi Roberto Lopez Etxeberriak dioenak (Eibar, 1976), baina argudio argiak ditu esandakoa defendatzeko: "Emakumeak jakin du gizonena zen arro...

Subiranotasun teknologikoa helburu

Lakaxita gaztetxea hacker-en topagune izango da asteburuan. Informatikazaleak elkartuko dira Irunen, Labkaxita Hacklab taldeak antolatu duen Topahack egitasmoan. "Urte guztian hacklab-etan ikasitakoa praktikan jartzea da topaketaren helburua. Gehiago ikasi baino, aurreikusitako proiektuak martxan jarri nahi dira", azaldu du Iune Trecet Labkaxita Hacklabeko kideak.

Gaurtik igandera bitarte izango da Topahack, eta subiranotasun teknologikoaz hitz eginez hasiko dute topaketa; multinazionalek informatikaren munduan duten botereari nola aurre egin dakiokeen aztertuko dute. "Bai hacklab-etatik eta baita hacker mundutik ere beti bultzatu izan da software eta hardware askea", esan du Trecetek. "Pentsatzen dugun hori guztia jendeari nola helarazi aztertuko dugu. Azken finean, apustu indartsu bat egin behar da hori aurrera eramateko. Pentsamendu aldaketa bat egin behar da. Programak erremintak dira, aldatu behar dena norberaren burua da: egin duzun hori askea izatea, zuk egin dezakezun hori guztien mesederako izatea".

Erabiltzaileen artean zabalduta dagoen ustea da software askea ez dagoela nahi adina garatuta, eta uste horixe izaten da subiranotasun teknologikoa lortzeko bidean izaten diren oztopoetako bat. Trecetek badu horrentzako erantzuna: "Ni diseinatzailea naiz, eta diseinuaren arloa da zailenetarikoa programa askeak erabiltzeko. Nik behintzat lortzen dut besteek egiten duten lanaren antzekoa garatzea software askearekin. Gainera, kontua ez da bakarrik erabiltzea, baita norberak garatzen duena aske uztea ere".

Hain justu, software askea horrela garatzen da, hacker bakoitzak egiten dituen berrikuntzak partekatuz. "Horregatik da hain garrantzitsua komunitatea eta denen artean gauzak egitea", gaineratu du Trecetek. "Jendeak egiten duen lanarekin eta partekatzeko gogoarekin elikatzen da". Hori eginez ere bizi daitekeela azaldu du: "Free izateak ez du esan nahi dohainik denik, askea dela baizik. Desberdina da. Zuk sortzen duzuna askea da, baina zuk kobratu ditzakezu hori sortzeko sartzen dituzun orduak".

Proiektuak praktikan

Gaur 14:00etan hasiko da topaketa, bazkariarekin. Horren ondoren etorriko da Topahackaren aurkezpena eta subiranotasun elektronikoari buruzko mahai ingurua. Afariarekin emango diote bukaera egunari. Larunbatean goiz eta arratsaldez, eta igande goizean, hacklab-ean lantzen aritu diren zenbait proiektu praktikara eramaten saiatuko dira parte hartzaileak. Gosaria eta gero 11:00 aldera hasiko dira saioak.

Proiektuetako bat pankarten inprimagailua izango da. "Denbora guztian pankartak egiten aritzen gara gaztetxeetan, eta pentsatu genuen lan hori errazteko inprimagailu bat egitea", adierazi du. "Ez dakit nola aterako den, baina hori da topaketako proiektu izarra. Arduinorekin egingo dugu; domotikaren arlo hori garatzen duen robot txikia bat, eta ia guztia askea da. Arduinorekin gauza asko garatzen ari dira hacker munduan".

Blender programarekin bideo edizioa ere landuko dute, "ikusteko arlo horretan software askearekin zerbait egin daitekeela". Bestetik, Enekenbat sare soziala euskaratuko dute. "Euskarak garrantzia handia du gure hacklab-ean, beti dena euskaraz egiten baitugu", zehaztu du. Sare sozial hori Katalunian sortu zen, eta orain Euskal Herrian euskaratzen ari dira. Oraingoz erdia inguru euskaratu dute, eta falta den beste zatia Topahacken egitea espero dute. "Sare sozial hori erabiliz, multinazionalek hain kontrolatuta dituzten sare sozialak gure bizitzatik kentzea lortu nahi da". Katalunian Loreak-en eta Euskal Herrian Auzolan proiektuaren eskutik kudeatzen da sare sozial hori.

Beste proiektu bat guifi.net da. Hori ere Katalunian sortutako da, eta Gipuzkoan hainbat udaletan jartzen ari dira egun. "Helburu nagusia da munduan zehar sare bat sortzea, Interneterako sarbidea guztiz askea izateko, egun sarbidea ematen duten konpainietatik aske izateko", dio Trecetek. Topagunean sare horren nodo bat martxan jartzea da euren asmoa.

'Hacker' hitzaren esanahia

"Ez dakit zehazki zer den hacker hitza, buelta asko eman dizkiot", azaldu du Trecetek. "Enpresa multinazionalek, bai hardware eta baita software aldetik, dena egina ematen digute, eta niretzat hacker-a den pertsona batek zerbait berria sortzeko grina du, dagoena ikasi eta eraldatzeko".

Trecetek gaineratu duenez, ez da min egitera doan norbait. "Sistemaren aurka doazen guztiak gaizkiletzat hartzen dituzte, eta multinazionalentzako hacker-ak beti izango dira gaizkileak", esan du. Izenak adierazten duenez, Labkaxita Hacklaba hacker laborategi bat da. Zenbait hacker elkartzen dira bertan astero, eta hor ikasi eta partekatzen dituzte informatikaren inguruko euren ezagutzak.

Aurten lehenengo aldiz antolatu dute Topahack egitasmoa. Aurreko urtean Ud4kamp antolatu zuen Hack.in#badakigu elkarteak Gernikako gaztetxean, Katalunian egin ohi den Summer Camp Garrotxaren ildotik. Elkarte horretaz gain, bi hacklab daude Euskal Herrian, Gernikan eta Irunen, hain zuzen. Aurretik beste talde bat zegoen Iruñean, baina egun ez dago martxan.

Elikadura subiranotasuna

Teknologikoaz gain, elikadura subiranotasuna ere bultzatzen dute Lakaxita gaztetxetik. Beraz, otorduak gaztetxean elkartzen diren hiru baratza kooperatiboen bidez prestatutako dituzte —Aldatsa, Xixare eta Barealaia—. Bestalde, gaztetxean bertan lo egiteko aukera izango dute topaketara joaten direnek. "Espero dugu hogei lagun inguru etortzea, eta gero Labkaxitan ibiltzen direnak ere azalduko dira".

Aurrera begira, horrelako topaketak antolatzeko asmoa dute hacker taldeetan aritzen direnek. "Polita da denak elkartzea eta ikasi duguna elkarbanatzea".

4

Akordioa lortu berri duten zahar etxeak. ELAk aste honetan jakinarazi duenez, greban zeuden Gipuzkoako lau zaharren egoitzatan lan hitzarmena sinatu dute, eta, beraz, soilik hiru zentrok jarraitzen dute lanuzteekin. Zumarragako Argixaon, Zumaiako Otezurin eta Donostiako Txara 1 eta Zubiaurren lortu dituzte akordiorako oinarriak; "hirurehun langileri baino gehiagori" eragiten diete.

Pedalkadak Gipuzkoan barrena, AHTaren kontra

"Bizikleta martxa desobeditzailea" antolatu du Mugitu mugimenduak AHTaren aurka. Proiektua oro har salatzearekin batera, bereziki lurrari eman nahi diote garrantzia; horregatik, askotariko ekintzak prestatu dituzte ibilbidean: topaketak bizilagunekin, kale ikuskizunak, bilkurak lurraren defentsan aritzen diren hainbat talderekin...

Hilaren 25ean abiatuko da martxa Altsasutik (Nafarroa), eta, egun bat geroago, ostiralarekin sartuko da Gipuzkoan. Arrasatera 15:30ean iritsiko da, eta, ondoren, Bergaran egingo du geldialdia. Larunbatean, Antzuola, Urretxu, Zumarraga, Ezkio-Itsaso, Beasain, Ordizia eta Zerainetik igaroko da. Igandean, Zerain-Andoain bidea egingo du bizikleta martxak; hilaren 29an Andoain-Zarautz; hilaren 30ean Zarautz-Irun —zati bat trenez—, eta, hurrengoan, Irun eta Donostia artekoa. Abuztuaren 1ean, amaierako ekitaldia egingo dute Donostian, Bulebarreko kioskoan, 12:30ean.

Gastu ekonomikoa

Lurraren alde egitearekin batera, AHTak dakarren gastu ekonomikoa ere salatu nahi du Mugitu mugimenduak. "Hego Euskal Herrian AHTaren obretan 10.000 milioi euro xahutzea aurreikusita dago; zifra horiek ulertezinak dira jende ugari kale gorrian dagoela ikusita", adierazi zuten mugimenduko kideek asteartean egindako agerraldian. Haien arabera, garraioari dagokionez amaitu da beti urrunago, beti azkarrago eta beti mugikorrago leloaren garaia. "Konponbidea helduko da ekonomia zein gizarte jardueren ardatz gisa herria eta eskualdea jarriko dituen eredu baten sorreratik".

Leon eta Kastillo ikurrina astintzen

Sanferminak bukatu arren, Leonek eta Kastillok txupinazo eguneko ikurrina mintzagai izaten jarraitzen dute. Izan ere, azkenaldian epaileek ikurrina udaletxeetan bandera espainolaren mende jartzeko hainbat agindu eman dituzte, eta, hori dela eta, uda honetako festetan ere bandera-gerra ziurtatuta dago. Beraz, gaiak hor jarraitzen du.

—Ederra arrantzaleena! —hasi da Leon—.

—Ekintza bikaina —Kastillok—, baina gogaikarria ere bada bandera puta batengatik oraindik horrela ibili beharra.

—Bai; izan ere, gogaikarria ere bada mundua mundu denetik iraupenaren eta eskubideen alde borroka egin beharra —erantzun dio Leonek, sarkasmo nabarmenaz—.

—Banderak trapuak baino ez dira!

—…harik eta haize bolada batek astindu eta dantzan ipintzen dituen arte!

Harrituta begiratu dio Kastillok, ezagutuko ez balu bezala. "Leonek eta enparauek —pentsatu du— modernitatez janzten dituzte diskurtsoak, baina, deskuidatu bezain pronto, barruan gorderik duten abertzalerik klasikoena azaleratzen zaie".

—Hara! Zu banderazale? Noiztik? —itaundu dio Leoni sarkasmoa txanpon berean ordaindu nahian—.

—Inoiz ez naiz banderazale izan, eta gorroto diot banderak nonahi eta, are, testuingururik xelebreenetan ere erabiltzeari. Baina asper-asper eginda nago, edo, nahiago baduzu, gogaikarria ere bada gero eta sarriago entzun behar izatea "denak berdinak dira" eta antzeko errazkeriak.

—Errazkeriak? Bandera guztiak, funtsean, berdinak dira, ordea! —tematu da Kastillo—.

—Bandera guztiak sinboloak dira, jakina. Baina sinbolo guztiek adiera bera ez duten bezala, bandera guztiek ere ez dute adiera bera. Stop eta Aparkatzea debekatuta dago zirkulazio seinaleak dira, biak ala biak, baina ez dute gauza bera esan nahi; beraz, ez dira berdinak. Banderak ere ez. Horren lekuko da ikurrina. Zergatik jazartzen diote Nafarroan Portugalgoari edo Kazakhstangoari jazartzen ez dioten bezala? Euskaltasunaren sinbolo delako, hots, ukatu nahi duten zerbaiten sinbolo delako. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko eraikin ofizialetan zergatik jarri behar da espainolaren mende? Euskal naziotasunaren sinbolo ere badelako, eta esanahi hori ezabatu edo "bere lekuan" jarri nahi dutelako, hots, espainolaren mende.

—Ja, baina doilorkeriarik doilorrenak beti bandera nazional batean bildu izan dira, eta hemen estatu baten sinbolo nagusiari estatua izan nahi duen beste zerbaiten sinboloa kontrajartzen zaio. Egun batez Euskal Herria independentea balitz, ikurrinak egun piperpotoak ordezkatzen dituen balio berberak edo oso antzekoak ordezkatuko lituzke.

—Beharbada, baina gaur egun inola ere ez. Beraz, bien bitartean, neurea ikurrina. Eta egun hori iritsiko balitz, eta, esaten duzun bezala, ikurrinak bere egingo balitu piperpotoak egun dituen balio gaitzesgarriak, agian nik neuk ere esango nuke: banderak trapuak baino ez dira, trapu zikinak, gainera. Guztiak berdinak… bandera pirata izan ezik!

"Izan ere —pentsatu du Leonek bere kolkorako—, horretara propio jarrita, inork baino modernoago eta guai-ago jokatzen ere badakit".

Ekintzailetza programarekin, 1.500 lanpostu sortu nahi ditu aldundiak

"Enpresa berrien sorrera eta, beraz, lanpostu berrien sorrera" sustatu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horretarako, 7,3 milioi euro bideratuko ditu aurten ekintzailetza programara, iaz baino % 62 gehiago. Aldundiaren aurreikuspenen arabera, egitasmoak 1.500 lanpostu inguru sor ditzake aurten —iaz 308 enpresaren eta 750 lanpostu sortzea bultzatu zuen—. Aste honetan onartu du diputatuen kontseiluak sail horretarako diru laguntzen zenbatekoa.

Programaren zati bat Txekin I eta Txekin II azpiprogrametara bideratuko da; aurtengo berrikuntzetako batzuk dira sail horiek. Lehenengoaren bitartez, aholkularitza eskaintzen zaie enpresa sortu aurretik bideragarritasun planak eta finantzaketa lortzeko bilaketak egiten dituzten ekintzaileei. Txekin II azpiprogramarekin, berriz, merkatuan gehienez bost urte daramatzaten enpresei marketin planak eta finantza azterketak eskaintzen zaizkie, besteak beste.

Aurretik martxan jarritako hainbat arlo ere bilduko ditu aurten programak. Indarrean jarraituko dute Txekintek egitasmoak —oinarri teknologikoa edo berritzailea duten enpresa berrien sustapena du helburu—, Barnetekin atalak —lanean dauden enpresetatik enpresa berriak sortzen laguntzeko—, eta Emekin programak —enpresen sorrera prozesuarekin konprometituta dauden emakumeei laguntzeko—.

@sarean

www.heinekenjazzaldia.com. Aurtengo jaialdiari eta bertan parte hartuko duten musikari guztiei buruzko informazioa dago webgune horretan. Kontzertuetarako sarrerak eta bonuak ere eros daitezke atari horretan. Bestela, Donostiako Viktoria Eugenia antzokiko lehiatilan eskura daitezke sarrerak.

Bainujantzia eta gogoa, nahikoa

Hondartzan egun-pasa egitea ez da normalean lan nekeza izaten, eguraldia petraltzen ez bada, behintzat. Bainujantzia eta toalla hartu, oinez edo gurpil gainean itsasertzera heldu, eta, behin hara iritsita, aukeren kutxa irekitzen da: eguzkipean etzanda geratu, bainua hartu, jolastu, inguruko haurrek altxatutako hondarrarekin zipriztindu... Horiek guztiak egitea, ordea, ez da horren erraza mugikortasun arazoren bat duten lagunentzat. Bada, hala ere, haiei horrelako egun batez gozatzeko aukera ematen dienik. Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak zazpi urte daramatza Hondarribian Oztoporik gabeko bainua jarduera prestatzen; aurten, abuztuan egingo dute. Helburua: ezintasunen bat dutenei hondartza gerturatzea.

Taldeka zein banaka, edonork du egitasmoan parte hartzeko aukera; hainbat zentrotan dauden lagun askorekin jarduten dute. 11:00etatik 18:00etara aritzen dira begiraleak lanean, egunero, hondartzan prestatutako gune batean. Jose Luis Mujika egitasmoaren koordinatzailearen arabera, "Gipuzkoa osotik eta Gipuzkoa ez denetik" iristen zaizkie eskaerak. Haiek Donostia eta Hondarribia bitarteko zerbitzua ematen dute; furgonetarekin lagunak jaso, eta hondartzara eramaten dituzte —itzuliko bidea ere egiten dute arratsaldean—.

Jarduera martxan jarri aurretik egin beharreko lana ez da makala. Mujikak azaldu du lekua arranpa baten ondoan hartzen badute ere asko dela egokitu beharrekoa: moduluak muntatu, aldagelak jarri, lurra leundu, itzalguneak sortu... Hondarribiko hondartza aproposa da hori egin ahal izateko; aldeko beste aldagai bat ere badu: itsaso barea. Mujikaren arabera, erabiltzaileei segurtasuna ematearekin batera, horrek begiraleei ere erraztu egiten die euren egitekoa. Gozatzea ez ezik, erlaxatzea eta ariketak egitea ere bada egitasmoaren helburuetako bat. "Gauza asko lortzen ari gara, batzuetan euren zentroetan lor dezaketena baino gehiago". Badira ezindu asko urteak itsasoan bainua hartu gabe daramatzatenak; federazioaren egitasmoan parte hartzen dutenek, hala ere, ez dute zertan bainatu. "Bakoitzaren beharretara egokitzen saiatzen gara, bainatu nahi ez dutenentzat, esaterako, aulki anfibioak ditugu uretan sartzeko".

Aukera egokiena

Proiektua Hondarribian abiatu aurretik, hainbat aukera izan zituzten buruan, baina ez zuten hura baino egokiagorik topatu. "Donostian jarri nahi genuen, baina baldintzak ez ziren egokiak: Zurriolan ur-laster txikiak daude, Kontxan marea altuarekin hondartzarik gabe geratuko ginateke eta Ondarretan ia dena hartuta dago".

Oztoporik ez bainuan, baina bai antolatzeko orduan. Federazioak diru laguntzetan izandako murrizketen ondorioz, programa soilik abuztura mugatu dute aurten —bi hilabete izaten ziren orain arte—. "Babesle nagusiak, Kutxak, asko murriztu du bere laguntza, eta beste babesle batzuk lotu behar izan ditugu", azaldu du Mujikak. Hori horrela, begiraleen kopurua ere gutxitu egin behar izan dute; zazpi begirale eta gidari bat aritzen ziren lehen, eta bost dira orain. Zailtasunak zailtasun, zerbitzuak eskaria baduela ikusita, aurrera egitea erabaki dute. Iaz, esaterako, 1.260 erabiltzaileri eskaini zieten zerbitzua: "Horrek ez du esan nahi bainu kopurua hori izan zenik, batzuek bitan ere hartzen dutelako bainua". Aurten bakarrik hilabetez aritzeak erabiltzaileen kopurua murriztu dezake; eguraldiak ere badu zerikusia —2011n 650 erabiltzaile izan zituzten, eguraldi txarra zela medio—.

Haurrentzako egitaraua prestatu dute lehen aldiz

Haurrak jazz musikara hurbiltzeko helburuarekin, Txikijazz egitasmoa antolatu dute aurten lehenengo aldiz. Uztailaren 26an, esaterako, haurrentzako kontzertu didaktikoa izango da Zurriolako terrazako agertokian. Musikaren bidez, jazzaren historia kontatuko diete lau eta hamabi urte arteko haurrei; Musikanaiz elkarteak antolatu du. "Haurrek emanaldian parte hartuko dute, jolastuz, kantatuz eta inprobisatuz", azaldu du Musikanaizeko Sara Varasek. Hilaren 27an eta 28an, berriz, birziklatutako materialarekin musika tresnak nola sortu irakatsiko die Varasek hiru eta hamabi urte artekoei. "Danborrak, marakak, gitarrak eta abar egingo ditugu. Birziklatzea eta musika inprobisazioa ere landuko ditugu tailerrean".

Uztailak 26

Kontzertu didaktikoa. 10:15ean eta 11:30ean, Zurriolako terrazan.

Uztailak 27 eta 28

Dj Makalaren sorkuntza tailerra. 10:30ean eta 12:00etan, Frigo guneko agertokian.

Crearte gunea. 11:00etatik 14:00etara, Zurriolako terrazan.

Musika tresnak sortzeko tailerra. 11:00etatik 14:00etara, Frigo terrazan.

Ipuin kontalaria. 12:00etan, Coca Cola gunean.

Dj Loro. 12:00etan, Zurriolako terrazan.

Uztailaren 25etik 28ra

Fnac Junior Kluba. Hamaika urte arteko haurrentzako tailerrak egingo dituzte, eguerdietan, Frigo gunean.