Sailkatugabeak

ESKER ONA ARRANTZALE IZANDAKOEI

Gipuzkoako arrantzale ohiek eta saregintzan aritutako hainbat emakumek omenaldi beroa jaso zuten asteartean Donostian, Karmengo amaren egunean. 70 urtetik gorako arrantzaleak omendu zituzten; adina dela eta, guztiek ezin izan zuten omenaldian egon. Ha...

Modari zuku guztia ateraz

Gizonentzako arropa egiten dut, baina emakumea dut buruan diseinuak lantzen hasten naizenean". Kontraesana dirudi Roberto Lopez Etxeberriak dioenak (Eibar, 1976), baina argudio argiak ditu esandakoa defendatzeko: "Emakumeak jakin du gizonena zen arro...

Subiranotasun teknologikoa helburu

Lakaxita gaztetxea hacker-en topagune izango da asteburuan. Informatikazaleak elkartuko dira Irunen, Labkaxita Hacklab taldeak antolatu duen Topahack egitasmoan. "Urte guztian hacklab-etan ikasitakoa praktikan jartzea da topaketaren helburua. Gehiago ikasi baino, aurreikusitako proiektuak martxan jarri nahi dira", azaldu du Iune Trecet Labkaxita Hacklabeko kideak.

Gaurtik igandera bitarte izango da Topahack, eta subiranotasun teknologikoaz hitz eginez hasiko dute topaketa; multinazionalek informatikaren munduan duten botereari nola aurre egin dakiokeen aztertuko dute. "Bai hacklab-etatik eta baita hacker mundutik ere beti bultzatu izan da software eta hardware askea", esan du Trecetek. "Pentsatzen dugun hori guztia jendeari nola helarazi aztertuko dugu. Azken finean, apustu indartsu bat egin behar da hori aurrera eramateko. Pentsamendu aldaketa bat egin behar da. Programak erremintak dira, aldatu behar dena norberaren burua da: egin duzun hori askea izatea, zuk egin dezakezun hori guztien mesederako izatea".

Erabiltzaileen artean zabalduta dagoen ustea da software askea ez dagoela nahi adina garatuta, eta uste horixe izaten da subiranotasun teknologikoa lortzeko bidean izaten diren oztopoetako bat. Trecetek badu horrentzako erantzuna: "Ni diseinatzailea naiz, eta diseinuaren arloa da zailenetarikoa programa askeak erabiltzeko. Nik behintzat lortzen dut besteek egiten duten lanaren antzekoa garatzea software askearekin. Gainera, kontua ez da bakarrik erabiltzea, baita norberak garatzen duena aske uztea ere".

Hain justu, software askea horrela garatzen da, hacker bakoitzak egiten dituen berrikuntzak partekatuz. "Horregatik da hain garrantzitsua komunitatea eta denen artean gauzak egitea", gaineratu du Trecetek. "Jendeak egiten duen lanarekin eta partekatzeko gogoarekin elikatzen da". Hori eginez ere bizi daitekeela azaldu du: "Free izateak ez du esan nahi dohainik denik, askea dela baizik. Desberdina da. Zuk sortzen duzuna askea da, baina zuk kobratu ditzakezu hori sortzeko sartzen dituzun orduak".

Proiektuak praktikan

Gaur 14:00etan hasiko da topaketa, bazkariarekin. Horren ondoren etorriko da Topahackaren aurkezpena eta subiranotasun elektronikoari buruzko mahai ingurua. Afariarekin emango diote bukaera egunari. Larunbatean goiz eta arratsaldez, eta igande goizean, hacklab-ean lantzen aritu diren zenbait proiektu praktikara eramaten saiatuko dira parte hartzaileak. Gosaria eta gero 11:00 aldera hasiko dira saioak.

Proiektuetako bat pankarten inprimagailua izango da. "Denbora guztian pankartak egiten aritzen gara gaztetxeetan, eta pentsatu genuen lan hori errazteko inprimagailu bat egitea", adierazi du. "Ez dakit nola aterako den, baina hori da topaketako proiektu izarra. Arduinorekin egingo dugu; domotikaren arlo hori garatzen duen robot txikia bat, eta ia guztia askea da. Arduinorekin gauza asko garatzen ari dira hacker munduan".

Blender programarekin bideo edizioa ere landuko dute, "ikusteko arlo horretan software askearekin zerbait egin daitekeela". Bestetik, Enekenbat sare soziala euskaratuko dute. "Euskarak garrantzia handia du gure hacklab-ean, beti dena euskaraz egiten baitugu", zehaztu du. Sare sozial hori Katalunian sortu zen, eta orain Euskal Herrian euskaratzen ari dira. Oraingoz erdia inguru euskaratu dute, eta falta den beste zatia Topahacken egitea espero dute. "Sare sozial hori erabiliz, multinazionalek hain kontrolatuta dituzten sare sozialak gure bizitzatik kentzea lortu nahi da". Katalunian Loreak-en eta Euskal Herrian Auzolan proiektuaren eskutik kudeatzen da sare sozial hori.

Beste proiektu bat guifi.net da. Hori ere Katalunian sortutako da, eta Gipuzkoan hainbat udaletan jartzen ari dira egun. "Helburu nagusia da munduan zehar sare bat sortzea, Interneterako sarbidea guztiz askea izateko, egun sarbidea ematen duten konpainietatik aske izateko", dio Trecetek. Topagunean sare horren nodo bat martxan jartzea da euren asmoa.

'Hacker' hitzaren esanahia

"Ez dakit zehazki zer den hacker hitza, buelta asko eman dizkiot", azaldu du Trecetek. "Enpresa multinazionalek, bai hardware eta baita software aldetik, dena egina ematen digute, eta niretzat hacker-a den pertsona batek zerbait berria sortzeko grina du, dagoena ikasi eta eraldatzeko".

Trecetek gaineratu duenez, ez da min egitera doan norbait. "Sistemaren aurka doazen guztiak gaizkiletzat hartzen dituzte, eta multinazionalentzako hacker-ak beti izango dira gaizkileak", esan du. Izenak adierazten duenez, Labkaxita Hacklaba hacker laborategi bat da. Zenbait hacker elkartzen dira bertan astero, eta hor ikasi eta partekatzen dituzte informatikaren inguruko euren ezagutzak.

Aurten lehenengo aldiz antolatu dute Topahack egitasmoa. Aurreko urtean Ud4kamp antolatu zuen Hack.in#badakigu elkarteak Gernikako gaztetxean, Katalunian egin ohi den Summer Camp Garrotxaren ildotik. Elkarte horretaz gain, bi hacklab daude Euskal Herrian, Gernikan eta Irunen, hain zuzen. Aurretik beste talde bat zegoen Iruñean, baina egun ez dago martxan.

Elikadura subiranotasuna

Teknologikoaz gain, elikadura subiranotasuna ere bultzatzen dute Lakaxita gaztetxetik. Beraz, otorduak gaztetxean elkartzen diren hiru baratza kooperatiboen bidez prestatutako dituzte —Aldatsa, Xixare eta Barealaia—. Bestalde, gaztetxean bertan lo egiteko aukera izango dute topaketara joaten direnek. "Espero dugu hogei lagun inguru etortzea, eta gero Labkaxitan ibiltzen direnak ere azalduko dira".

Aurrera begira, horrelako topaketak antolatzeko asmoa dute hacker taldeetan aritzen direnek. "Polita da denak elkartzea eta ikasi duguna elkarbanatzea".

Jaiak, komunitateak eta gorputzak

Uztailaren lehen egunetan hainbat lagun elkartu ginen Eibarren gorputzaren inguruan gogoeta egiteko, UEUk antolaturiko Generoa eta gorputza euskal kulturan eta euskal literaturan udako ikastaroan. Topaketa horien ondoren, gorputz(en) inguruko galderak kolpeka izan ditut. Udako jaiak ezin aproposagoak dira espazio publikoan gorputzek hartu ohi dituzten lekuez eta jarrerez aritzeko. Gainera, jai giroko kultur praktikak imajinario kolektiboa eraikitzeko bide eraginkor izan dira; eta egun ere badira. Jai giro horietako gorputz adierazpenetan eta gorputz irudikapenetan islatu ohi dira jendarteko arauak, edo kontrara, jai giro horietan arau horiek auzitan jartzeko gorputz praktikak ere proposa litezke. Ez da harritzekoa, beraz, azken urteotan mugimendu feministak jai giro feministak aldarrikatzeko egindako ahalegina, eta jai giroetan txoko feministak sortzeko egin diren ekimenak.

Bide horretatik, jai giroetako gorputz praktikez aritzeko, imajinario kolektiboaren bitartez jaso ditugun gorputz irudikapenen gogoeta egitea komeni da. Gogora ditzagun, bada, imajinario kolektiboan hedatu diren espazio sozial zenbait: erromeriak, kantaldiak eta jaialdiak. XX. mende hasieran erromeriak espazio sozial garrantzitsuak ziren, eta erromeriak batez ere dantzarako gune ziren, taldean zein binaka aritzeko gune. Ez dirudi kasualitatea, beraz, XX. mende hasiera hartan euskal dantza tradizionala hain arauturik egotea, bai genero ikuspegiari dagokionez, baita gorputz adierazpenari dagokionez ere. Nolabait, espazio publikoan genero-praktikak zeintzuk izan behar ziren arautzeko modua ere bazen. Zoritxarrez, egun badugu oraindik ere arau zurrun horien oihartzunik. Binaka euskal dantzan aritzerakoan, emakumez osaturiko bikoteak plazan ikustea ohikoa bada ere, ez dago horren hedaturik bi mutil elkarrekin dantzan aritzea, eta sarritan ingurukoen marmarrak entzun behar izaten dira halako egoeratan —nik behintzat ikusi izan ditut—.

1960ko hamarkadan kantaldiek hartu zuten indarra euskal kantagintza berriaren bidetik, besteak beste. Kantaldi horietan kantuak, hizkuntzak eta hitzaren adierazpenak garrantzi berezia hartu zuten, hizkuntzaren aldarrikapena ere ardatz zutelako. Kantaldi horietan, beraz, parte hartzaileen gorputza kanturako prest zegoen gehientsuenetan: besoak lagunen sorbaldetan lotu, eta balantzaka mugituz, alde batera zein bestera, kantuan aritzen ziren lagun taldeak, ahotsa gorpuztea helburu nagusi zutela. Nork ozenago kantatu, hark espazio soziala ahotsaren bitartez bete. 1980ko hamarkadatik aurrera, ordea, euskal rockaren eta punkaren gorakadarekin, musika jaialdiak ugaritu ziren, eta dantza zein kantua indar erakustaldirako gune ere bihurtu ziren; lagun taldeak elkarri bultzaka eta elkarri zirika dantzatzeko joera zabalduz.

Imajinario kolektiboak erromerien, kantaldien eta jaialdien bitartez eraikitako gorputz-eredu horiek eraginik badute egun ere, neurri batean. Esanguratsua da Oier Guillanek, Arra arraroa antzezlanean, gizontasunaz hitz egiten duen testuan, hain zuzen, "lotsaren lege ez-idatzien" artean kokatzea honako hauek: "tabernetan dantzatu inor bultzatu gabe", eta "kontzertuetan gorputz osoa astindu eta ez soilik burua". Alegia, geure genero identitateak (des)eraikitzeko praktika esanguratsu bihurtu da egun espazio publikoetan dantzan nola aritu. Eraldaketa soziala proposatzeko ekimenek dantza behar dutela entzun dugu sarri; areago, dantzarako eredu berriak eta bestelako gorputz adierazpenak lantzeak eraldaketa sozialerako urratsak ekar ditzake, dinamika sozial berriak eraikiz.

“Denboraldia hasieratik serio hartu dut, eta gero etorri da guztia”

Urte borobila izaten ari da Xabier San Sebastian txirrindulari gaztearentzat (Tolosa, 1995). Oriako-Limousin taldean aritzen da, junior mailan, eta bederatzi garaipen lortu ditu dagoeneko denboraldian, tartean Gipuzkoako Klasikoan.

Denboraldi on horren ondorioa izan da Omega Pharma-Quick Step talde profesionalak gazteentzat antolatu zuen proban parte hartzea eta Txekian jokatuko den Europako Txapelketarako hautatua izatea.

Noiztik zaude txirrindularitzaren munduan?

Haurren mailako bigarren urtean hasi nintzen, beraz, aurtengoa seigarren denboraldia da. Lehenengo urtean Urnietan aritu nintzen, eta bigarrengoan hasi nintzen Oriako Txirrindulari Eskolan.

Eta nola sortu zitzaizun bizikleta gainean aritzeko gogoa?

Etxetik. Nire aita betidanik aritzen zen bizikletan, eta nire arreba Irene ere hasi zen. Txirrindularitza etxean beti egon da presente, eta batez ere horrek bultzatuta hasi nintzen.

Garaipen asko eskuratu dituzu dagoeneko aurtengo denboraldian.

Aurten lasterketa dezente irabazi ditut; guztira bederatzi garaipen. Garrantzitsuena Gipuzkoako Klasikoa izan da, gero Frantzian lasterketa bat, Gipuzkoako Txapelketa eta bigarren postua Gipuzkoako Itzuliko sailkapen nagusian.

Pistan ere aritzen zara. Garaipenik lortu duzu modalitate horretan?

Gipuzkoako txapelduna izan naiz aurten, eta beste garaipen batzuk ere lortu ditut.

Garaipen garrantzitsuenak aurtengo denboraldian eskuratu dituzu. Nola gertatu da jauzi hori?

Aurten askoz serioago hartu dut. Lehengo urtean ikasturtean ez nintzen ia ezer entrenatzen, lasterketak gaizki ateratzen ziren... Udan hasi nintzen pixka bat entrenatzen, lasterketa bat irabazi nuen, eta ondo aritu nintzen. Aurtengo denboraldia hasiera-hasieratik serio hartu dut, eta horren atzetik etorri da beste guztia.

Ohikoa izaten da gazteen mailetan txirrindularia errepidean eta pistan aritzea?

Geroz eta gehiago gertatzen da hori. Gipuzkoako Itzulia batez ere pistan prestatu nuen. Mendateetan ez nuen saiorik egin, baina gero mendiko saria irabazi nuen itzulian. Gero eta gehiago ikusten da txirrindulariak pistan aritzen direla, eta gero emaitzak izaten ditu, gainera.

Zer garatzen da pistan gero errepiderako baliagarria dena?

Batez ere indarra eta bizkortasuna, erasoei azkar erantzuteko. Hemengo mendateak ez dira oso garaiak, eta pistan pultsazio altuetan denbora tarte labur bat mantentzea lantzen da. Pistan proba laburrak direnez, ohitu egiten zara esfortzu horietara.

Nola definituko zenuke zeure burua txirrindulari gisa?

Gorputz handia dut, pisu handienetariko bat tropelean, baina, esaterako, asteburuan Mendaron, %20ko aldapak zeuden, gogorrak, eta 60 kilo baino gutxiagoko eskalatzaile bati eutsi nion. Arlo guztietan ondo moldatzen naiz: esprinta nahiko txukun egiten dut, igotzen ere eusten diot, eta batez ere zelaian eta aldapa txikietan ondo moldatzen naiz.

Lortutako garaipenez gain, aurtengo denboraldia berezia izaten ari da, talde profesional batek —Omega Pharma-Quick Stepek— prestatu zuen gazteentzako proba batean parte hartu zenuelako.

Facebooken hasi zen guztia. Belgikar bat lagun egin zitzaidan, eta argazkietan sartu nintzen ikusteko zein zen: Omega taldeko elastikoarekin ikusten zitzaion edo Omegako txirrindulariren batekin. Gazteen ikuskatzailea da, masajista; ezagun asko ditu txirrindularitzan, eta Omegako proba batera gonbidatu ninduen.

Eta nolakoa izan zen proba hori?

Bi entrenamendu egin genituen, eta esfortzu proba bat, eta, egia esan, nahiko txukun ibili ginen. Harremanetan egoteko esan ziguten, eta nik aukera izango dut junior mailako Flandriako Tourrean parte hartzeko. Ikuskatzaile horrek gonbidatu nau, eta hilabetez egongo naiz haren etxean eta haren semeen taldean, Tieltse Renners izenekoan.

Zer esan nahi izan du zuretzat Belgikara joan eta Omega taldeko proba batean parte hartzeak?

Motibazioa. Ikusten da jendeak erreparatu egiten diola egiten duzunari. Agian gazte mailako lasterketak irabazten ari naiz, ondo ari naiz, baina gero horrek ez du bestelako eraginik izaten. Eta, kasu honetan, nik egindakoari kasu egiten diotela ikusteak motibazio handiagoa ematen du.

Zein herrialdetako txirrindulariak joan zineten proba horretara?

Junior mailakoak eta 23 urtez azpikoak zeuden. Juniorretan, nitaz aparte, beste bost zeuden: bi belgikar, hegoafrikar bat, espainiar bat eta italiar bat. Esperientzia berezia izan zen.

Beste esperientzia berezi bat izango duzu, junior mailako Europako Txapelketan parte hartuko baituzu aurki Espainiako selekzioarekin.

Txekian izango da, eta errepideko lasterketan eta erlojupekoan parte hartuko dut. Maila handiko lasterketa izango da. Lehenengo ikusi beharko dugu zer topatzen dugun, beti etxean korritu dugu eta. Esperantza banuen hautatua izateko, juniorretan bederatzi lasterketa irabazi ditudan bakarra izan naizelako. Baina gauza bat da denboraldi ona egitea, eta beste bat da hautatua izatea. Hiru joango gara, eta, esaterako, zortzi garaipen izan dituen bat ez dute eramango.

Datorren denboraldian afizionatuen mailan ariko zara. Aukerarik ez zaizu faltako.

Afizionatuen lehenengo urtean ezin gara aritu Gipuzkoakoa ez den talde batean. Aukerak baditut, baina hori denboraldia amaitzen denean ikusi beharko dugu.

Eta profesionaletara iristea nola ikusten duzu?

Afizionatuetara jauzi handia dago, eta hortik profesionaletara izugarria da. Beraz, lehenengo afizionatuetara pasatu eta ahal den ondoen ibiltzea da helburua, eta, bestea iristen bada, iritsiko da.

Egunotan, hurrengo probak prestatzen ariko zara.

Gaur [asteartea] 110 kilometroko entrenamendua egin dugu, Flandriako Tourreko antzeko aldapa txikiak igoz, eta gogorra izan da. Autotik errazago ikusten dira malda horiek.

Kultur ekitaldiak eta aldarrikapenak egingo dituzte asteburuan

Aldarrikapenarekin batera, hainbat kultur ekintza antolatu dituzte Gipuzkoako hainbat herritan, Herritarron Epaia egitasmoaren barnean. Gaur, Arrasaten eta Oñatin izango dira; bihar, berriz, Tolosan eta Bergaran. Herritarrak Parot doktrinari buruzko iritzia plazaratzen ari diren bitartean, herriko musika taldeek joko dute Arrasaten, gaur. Oñatin, berriz, elkarretaratzea egingo dute. Bergaran, ekitaldiaz gain, erakusketa bat jarriko dute, bihar.

Tolosan, egitarau zabala prestatu dute bihar 11:00etatik 13:00era, Triangulo plazan: dantzariak, bertsolariak, kantariak, antzerkia, herri kirolak, grafiti egileak... Amaitzeko, denek batera argazkia aterako dute, eta Herritarron Epaia egitasmoaren liburuan itsatsiko dute. Oihana Peñagarikano Tolosako Herrira-ko kideak azaldu duenez, eskualdeko "mota guztietako eragileei" egin diete ekitaldian parte hartzeko deia: "Ia beti pertsona berak aritzen gara presoen alde lanean. Oraingoan, deialdi zabalagoa egin, eta jendea parte hartzera animatu nahi genuen. Arazoa sozializatzeko sarea zabaltzea komeni baita". Aldi berean, Pello Odriozola herriko presoaren egoeraren berri eman nahi diote jendeari: "25 urte baino gehiago daramatza kartzelan". Parot doktrina aplikatu zioten Odriozolari, eta 2018ra arte ez da kalera aterako.

Jendearengandik jaso duten erantzunarekin oso gustura daude antolatzaileak. "Ekarpena egin eta parte hartzeko prest agertu dira gehienak. Izan ere, giza eskubideen aurkako urraketa garbia da Parot doktrina". Ibarrako sokatira taldeak, Gazteluko herri kirolariek, Tolosa, Ibarra eta Villabonako dantza taldeek, Tolosako bertso eskolak, Garbiñe Biurrun epaileak eta Kike Amonarriz aurkezleak parte hartuko dute, besteak beste.

Horretarako, bi gune jarriko dituzte: alde batean, liburua egongo da, herritarrek epaia idatzi eta ekarpenak egin ahal izateko. Bestean, kultur ekintzetarako oholtza bat prestatuko dute.

Goi tentsioa, argitasunik gabeko kezka

Eguzkitsu eta baketsu dago Mutiloako plaza (Gipuzkoa). San Pedro jaietako sagardo dastatzerako prestatzen ari dira herritarrak. Sagardoaren txinpartak jendetza erakarri aurretik, hiru goierritar goi tentsioko argindar linearen txinpartez ari dira plazan, kezkatuta. REE Red Electrica de España enpresaren egitasmoa gauzatzen bada, Nafarroako eta Gipuzkoako 216 udal eta kontzejutatik igaroko den 400.000 volteko Deikaztelu-Itsaso lineak benetako buruko mina sortzeko arriskua dago.

Aurrera darama REEk Deikaztelu (Nafarroa) eta Ezkio-Itsaso (Gipuzkoa) artean goi tentsioko linea eraikitzeko asmoa. Proiektuari helegiteak jartzeko epea uztailaren 19an bukatuko da, eta ordurako 10.000 alegazio bildu nahi ditu Autopista Elektrikorik Ez plataformak. "Orain arte [ekainak 28] alegazio dezente jaso ditugu. Soilik Mutiloan hirurehun bat egongo dira. Herri galdeketan bozkatzera etorri ziren guztiei eskatu zitzaien sinatzeko", esan du Iñaki Ugalde Mutiloako alkateak.

Osasun arloan, ingurumenean, paisaian nahiz turismo zein nekazaritza arloko jarduera ekonomikoetan kaltea sortuko du goi tentsioko lineak, plataformaren arabera. 127 kilometro luze izango litzateke, eta 35 udalerriri eragingo lieke; zenbaitetan herrigunetik gutxieneko tartea baino gertuago igaroko litzateke. 35 horietatik sei daude Gipuzkoan: Idiazabal, Zegama, Segura, Zerain, Mutiloa eta Gabiria.

Autopista Elektrikorik Ez plataformako kideak "azkenera arte" borrokatzeko asmotan dira. Proiektua geratzeko itxaropena gero eta murritzagoa dela aitortu dute. 172 alkatek linearen aurkako agiriak sinatu eta proiektua geratzeko eskatu arren, Espainiako Gobernuak du azken hitza. Ekainean Jose Manuel Soria Industria ministroak "ingurumen eskakizun guztiak" betetzea eskatuko duela zehaztu zuen. Aurka daudenek uste dute proiektua ez dela behar. "Azkenean enpresa pribatu batek bere plangintza estrategikoan duen proiektu bat da. Baina, horretarako, ondare natural bat behar du, denona den ondare bat. Dirua irabazteko eta helburuak lortzeko, gure paisaiarekin eta ondarearekin jokatuko du. Nahikoa da", dio Gema Palmas mutiloarrak. Ingurumen eraginaren azterketa erakunde publiko batek egiteko ere eskatu du, eta ez enpresak berak, "proiektua inpartziala izateko".

Askotariko kalteak ikusten dizkiote herritarrek goi tentsioko lineari. "Lehendabiziko kezka osasunarengan eragin ditzakeen kalteek sortzen digute. Ez dago ezer frogatuta oraindik, baina aterako dira datuak Mutiloan eta Zerainen minbizi kasuek gora egin dutela", dio Itxaro Alustiza Zeraingo zinegotziak.

Garapen ekonomikoa, kolokan

Azpiegitura eraikitzeko, bideak ireki beharko dituzte mendi eta basoetan, eta paisaia ikuspegiaren galera ekarriko dute linearen 258 dorreek eta lineak azpian hartuko duen 50 metro zabaleko korridoreak. "Turistikoki Goierri berdea, bidegorriak eta halakoak bultzatzen ari gara, eta gero industria instalazio hori egin nahi dute. Bateraezinak dira", salatu du Palmasek. Landa eremuko eskualdeen eta herrien garapen ekonomikoa mugatuko lukeela iritzi diote.

2010ean bertan behera geratu zen Muru Artederreta (Nafarroa) eta Gasteiz arteko goi tentsioko linea, "presio sozialagatik eta ingurumen kalteengatik", Espainiako Gobernuak berak aitortu zuenez. Deikaztelu-Ezkio Itsaso da haren "alternatiba". Ezkio-Itsasoko azpiestaziotik Gueñesera (Bizkaia) luzatzeko asmoa du REEk 400.000 volteko norabide bikoitzeko linea, handik itsaso azpiko kableetan Frantziara garraiatzeko. "Negozioa egiteko azpiegitura da", Ugalderen arabera. Autopista Elektrikorik Ez taldekoek garbi dute goi tentsioa ez dutela nahi "ez hemen, eta ez beste inon".

Herritarrak, aurka

Linea igaroko litzatekeen Nafarroako eta Gipuzkoako zenbait herritan galdeketa egin zuten ekainaren 16an, herrietako batzordeek antolatuta. 3.248 lagunek bozkatu zuten —erroldaren %63k—, eta 3.228k (boto-emaileen %99,32k) proiektua baztertu zuten. Emaitzak REEri eta Espainiako Gobernuari bidali dizkiote, baina erantzunik ez dute jaso.

Geratzen den argi izpia gizartearen indarrean jarrita daukate. Udalez gaindiko erakundeetatik ez dute espero eta eskatu zuten babesik jaso. "Ahaztuta gaude", dio Palmasek. "Daukagun itxaropena da herritar asko orain ari direla jabetzen etor daitekeenaz; orain konturatu dira proiektua zein motatakoa den. Lehenengo pausoa proiektua ezagutzea da. Orain arte ia-ia ez genekien ezer, ez nondik nora joango zen, ez dorreak nolakoak eta zer neurrikoak diren, zenbat pista izango ziren... Jendea kezkatu egin da, eta nahiko larri etorri zen galdeketan bozkatzera. Itxaropena, nik behintzat, badaukat".