Sailkatugabeak

ONTZIOLAK, IRAUTEKO IRTENBIDE ESKE

Gipuzkoako ontzioletako langileek protesta egin zuten asteartean, sektorearen alde eta ontziolen laguntzen balizko itzulketaren aurka. EBren arabera, ontziolek 2005. eta 2011. urteen artean tax lease bidez jasotako laguntzak legez kanpokoak ziren; hil...

NAZIOARTEKO BLUESA HONDARRIBIAN

Hondarribiko blues jaialdiak mundu guztiko musikariak elkartu ditu herrian. Atzo eman zioten hasiera festari, eta, igandera bitarte, kontzertuek ez dute etenik izango. Gaur, 20:00etan izango da lehenengoa; Wax & Boogie taldeak Apezpiku plazako gun...

Kirol bat da droga

Quebrantahuesos klasikoa beste behin gipuzkoar batek irabazi izanak ez ninduen ustekabean harrapatu, usadio bilakatu baita. Are gutxiago aztoratu nintzen ustezko amateur guztien artean metara lehenbiziko iritsi zenak dopin kontutan curriculum mardula duela irakurri nuenean. Alpe D'Huezen gora aritzen ez dakit, baina farmaziak husten ezin iaioagoa den tropela osatu baitugu azkenaldian.

Martxa hirutan irabazitako goierritarrak, Angel Vazquezek, galarazita dauka triatloi eta duatloi txapelketatan aritzea, EPOarekin positibo emateagatik. Urte batzuk lehenago ere, txirrindulari profesional zenean, makinatxoari argi gorria piztu zitzaion hura pasatakoan, substantzia berbera antzeman ziolako. Tipoak Quebrantahuesos korritzeko lizentzia bat lortu izanak arraro samarra dirudi. Halere, ez dakit halakorik saihesteko modurik zegoen, teorian lasterketa herrikoia eta ez-lehiakorra izanda.

Maillotean daramatzaten petatxuak ikusita, elitetik kanpo baina prestakuntza eta bizio profesionalekin aritzen diren kirolariek sos batzuk bilduko dituztela imajinatzen dut. Afizioa ofizio bihurtzeko adina ez, baina bizikletarekin, bidaiekin eta beste hainbat osagarri garestirekin bultzadatxoa emateko bai. Nolanahi ere, halako bizigarri apalak izanda, inork bere gorputza laborategi kimiko nola bihur dezakeen ez zait buruan sartzen. "Norberaren mugak" aurkitzearen harra barruan ez daukadalako izango da, ziur aski.

Aitor Osarekin pare bat garagardo gustura hartuko nituzke, hark azaldu diezadan ia 40 urterekin mendi martxetan korritzeko EPOa hartzera zerk bultzatu zuen. Hori bai, atleta bat tranpatan harrapatzen duten bakoitzean bezala benetako biktima bera dela esango balit, nire partea ordaindu —edo ez, zer arraio— eta ernegatuta alde egingo nuke, esateko duenetik gehiago batere entzun gabe. Ziztu batean, inongo dopinik gabe errekor olinpiko pare bat puskatuz, gainera.

Lehengoan, Virginia Berasategik bere positiboa —bigarrena horrek ere— arrazoitzeko prentsaurrekoa eman zuen. "Aurreneko biktima ni neu naiz" potolo askoa malko pare batekin bustita jaurti zigun, eta tranpatien betiko topiko sorta atzetik. Triatleta bilbotarrak Antena3eko bazkalosteko telefilm erdipurdiko bat osatu ondoren, bertaratu ziren kazetariek txaloka eta bibaka agurtu zuten. Hori ikusita, niri behintzat Polonia inbaditzeko gogoa sartu zitzaidan —esaldi hori errazegia zen ziur aski, baina hurbil geratzen zait eta berandu baino lehen idatzi nahi nuen—.

Ezeren biktima ez garenon elkartea sortuko dut laster; aspalditik bueltaka daukadan ideia bat da. Ondarretako Tenisa baino askoz klub esklusiboagoa izango delakoan nago, hainbeste koitadurekin inortxo ere ez delako apuntatuko.

Handienetan handienak

Mendi lasterketak

Beasain

Distantzia luzeetan espezializatutako korrikalarien elkargune izango da Beasain gaurtik igandera bitarte. Ehunmiliak eta Goierriko Bi Handiak lasterketak bertan hasi eta amaituko dira. Bi lasterketak antolatzen diren laugarren aldia da, eta inoiz baino korrikalari gehiago hartuko dituzte —630-640 inguru; iaz baino ehun gehiago—.

Euskal Herrian jokatzen den lasterketarik luzeena da Ehunmiliak ultra traila; 168 kilometro luze ditu. Parte hartzaileek mendiz zeharkatuko dituzte Goierri, Tolosaldea, Urola eta Debagoiena. Gaur, 18:00etan irtengo dira lasterkariak. Lehen parte hartzailea bihar 16:00 aldera iristea espero dute helmugara; azkena, berriz, igandean 18:00etan.

Goierriko Bi Handiak lasterketak Txindoki eta Aizkorri hartzen ditu —eskualdeko bi mendi nagusiak—. Gaur, 23:00etan hasiko da. Ibilbide horrek Ehunmiliak proba nagusiarekin bat egiten du 99. kilometroan; azken 69 kilometroetan, bi probek ibilbide bera dute.

Boluntario gehiago

Euskal Herrikoez gain, Europako hainbat herrialdetako lasterkariek ere parte hartuko dute bietan; Herrialde Katalanetatik, Espainiatik, Frantziatik, Ingalaterratik, Poloniatik eta Suediatik etorritakoek, besteak beste.

Boluntario gisa, 1.200-1.300 lagun ariko dira guztira, orain artekoko kopururik handiena. Gainera, lasterketak ikustera joan nahi duenarentzat autobusak jarri dituzte Gipuzkoako hainbat herritatik aterata; www.ehunmilak.com webgunean kontsulta daitezke lekuak eta ordutegiak.

EHUNMILIAK ETA GOIERRIKO BI HANDIAK (GAURKO EGITARAUA)

10:00etatik 13:00etara. Falta diren dortsalen banaketa.

13:00etatik 16:00etara. Pasta Party-a.

13:00etatik 17:00etara. Horniketa lekuetarako materialaren uztea.

17:00etan. Ehunmiliak lasterketaren irteera kontrola.

18:00etan. Ehunmiliak lasterketaren irteera.

23:00etan. Goierriko Bi Handiak lasterketaren irteera.

Herriz herri epaia idaztera

Luis Mari Azkargorta Bergarako presoak 25 urte daramatza kartzelan. 2007ko urrian zuen kalera ateratzeko data, baina urte horretan 197/2006 doktrina, Parot doktrina deiturikoa, aplikatu zioten, eta ondorioz, beste 11 urte luzatu zioten espetxealdia. Azkargortari bezala, beste 69 presori ezarri diete zigor gehigarria Euskal Herrian; horietatik 32 gipuzkoarrak dira.

Laster, Parot doktrinari buruzko behin betiko epaia emango du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, Ines del Rio presoaren kasuan. Baina horren zain ez egotea erabaki du Herrira mugimenduak. Herriz herri abiatu dira, jendeak bere sententzia idatz dezan Herritarron Epaia egitasmoaren bidez. "Doktrina bertan behera uzteko adostasuna dago gizartean, eta hori jaso nahi dugu", azaldu du Nagore Garcia Herrira-ko kideak. Sententzia idazteko, mota askotako adierazpenak erabiltzen dituzte herritarrek. "Aukera eman nahi diogu jende guztiari esaldi, marrazki, olerki edo bertso baten bidez beren ekarpena egin eta iritzia liburuan plazaratzeko. Herriz herri, bertako norbanako, elkarte, talde eta eragileek parte hartuko dute". Ekainaren 8an abiatu zen Herritarron Epaia Tafallatik. Irailaren 14an helduko dira helmugara, Iruñeko Anaitasunara. Bitartean, Euskal Herriko hamaika herri igaroko dituzte, tartean, baita Gipuzkoakoak ere. Eibarren, Lasarten, Usurbilen, Pasaian eta Errenterian izan dira dagoeneko. Arrasaten eta Oñatin izango dira gaur, Bergaran eta Tolosan bihar.

Bergarako ekitaldian izango da bihar Luis Mari Azkargortaren familia ere, bere herrian. Herritarren iritzia jasotzeko egitasmo hau garrantzitsua dela pentsatzen du presoaren seme Markel Azkargortak: "Horrelako babesa sentitzeak asko laguntzen du". Badaki ere zer idatzi nahi duen liburuan: "Aita etxera ekartzeko".

197/2006 doktrinaren aurkako epaia dagoeneko eman zuen Giza Eskubideen Europako Auzitegiak iazko uztailean. Ines del Rio presoaren kasua aztertu ondoren, doktrina horrek giza eskubideak urratzen dituela ebatzi zuen. Halere, Del Riok espetxean jarraitzen du, eta epaiaren aurkako helegitea jarria du Espainiako Gobernuak. Orain behin betiko epaiaren zain daude. Erabaki hori garrantzitsua da, Del Riori ez ezik, doktrina aplikatu dieten euskal preso guztiei ere eragingo dielako.

2006ko otsailaren 28an Espainiako Auzitegi Gorenak kaleratutako epaia da Parot doktrinaren oinarria. Unai Parot presoa ez askatzea erabaki zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, presoari irteteko data iritsi zitzaion arren, eta Auzitegi Gorenak erabaki hori berretsi zuen, Parotek ezarritako helegiteari erantzunez. 2006an Gorenak jurisprudentzia ezarri zuen, eta Konstituzionalak 2008an berretsi.

Doktrina aplikatzen hasi baino lehen, 1973ko Zigor Kodearekin epaitutako presoei zigor guztiak batu eta gehienezko 30 urteko espetxealdia ezartzen zieten; espetxe onurak, horrela, 30 urteko gehienezko epeari aplikatzen zizkioten, eta espetxealdia murrizteko aukera zuten. Baina orain, doktrinarekin, zigor bakoitzari aplikatzen dizkiote onurak; zigor bat bete ondoren, hurrengoa betetzen hasten dira, 30 urtera iritsi arte; eta, ondorioz, espetxe onurak baliogabe gelditzen dira. Hala, kalera ateratzeko data duten presoei espetxealdia luzatzen diete. "Zigor luzapen horiek giza eskubideen aurkakoak dira eta baita guztiz legez kanpokoak ere", azaldu du Garciak.

Aitari espetxealdia luzatuko ziotela jakin zuen unea oso ondo gogoratzen du Azkargortak: "Bat-batean ilusio guztiak zapuzten dira, eta onartu behar da beste 11 urtean aita ez dela etxera itzuliko. Horrela esatea gogorra den arren, ni ohitu naiz aita kartzelan ikustera, 8 urte nituela eraman baitzuten. Halere, kolpe handia da. Kosta zitzaigun horri buelta ematea. Ez genuen egoera ulertzen". Aurretik, 2003an, baldintzapean aske atera zen, zigorraren hiru laurdenak beteta. "Egun batetik bestera, zigor osoa bete behar zuela esan ziguten, 2007ra arte, eta berriz espetxeratu zuten. Kolpe hori gainditu ondoren, 2007an kalera ateratzeko eta bizitza berrirako prestatzen ari ginela, Parot doktrina iritsi zen. 2018ra arte ez da aterako".

Presoen "egoera larria"

197/2006 doktrina aplikatu dieten presoek zein ingurukoek bizi duten "egoera larria" aipatu du Garciak: "Urte asko daramatzate kartzelan, eta doktrinak ondorio psikologiko handiak eragiten ditu. Baita segurtasun falta ere, ez baitakite noiz aterako diren espetxetik. Gainera, pertsona hauek adinean sartzen ari dira, eta horrek osasunean ere eragiten du. Gainerako presoek bezala, espetxe politikaren ondorioak ere jasaten dituzte: sakabanaketa, bakartzea, osasun arreta bermatzeko zailtasunak..."

Ondorioz, zigor luzapen guztiak bertan behera uzteko dinamika bat abiatu du Herrira-k. "Herritarron Epaia egitasmoarekin, jarraipena eman nahi diogu orain arte egindako lanari". Garciaren hitzetan, herrietan gaia lantzeko "tresna" bat da. Orain arte jasotako ekarpenekin "oso gustura" daudela gaineratu du. "Doktrinaren aurka eta presoen eskubideen alde agertzeko modu asko daude, eta jendearen irudimenari ere bidea ireki nahi izan diogu". Mezu argi bat eman dute herritarrek: "Presoen eskubideak errespetatzeko, espetxe politika amaitzeko eta Parot doktrina bertan behera uzteko eskatu dute. Espetxe zigorraren luzapenak zer dakarren azaldu dute batzuek modu grafikoan. Esaterako, herriaren duela 25 urtetako argazkia eta gaur egungo beste bat jarri dituzte".

Nazioartera begira

Herritarron Epaia egitasmoaren gune nagusia Euskal Herria den arren, nazioarteari begira ere badaude. "Euskal gizartea Parot doktrinaren aurka dago, eta adostasun horren berri eman nahi diogu nazioarteari". Liburuan biltzen dituzten ekarpenak Europako ordezkariei bidaliko dizkiete. "Nazioarteko komunitateak konpromisoak hartzea nahi dugu, neurri hauek bertan behera gera daitezen. Preso eta iheslarien egoera ezagutarazteko nazioartean egin dezakegun lana garrantzitsua da". Xede horrekin abiatu zuten urte hasieran Give peace a chance kanpaina —Eman aukera bat bakeari—. Martxoaren 20ari begira hasi zuten egitasmo hura; Estrasburgoko Epaitegiak Espainiaren helegitea aztertu zuen eguna, hain zuzen. Kanpaina horren barruan kokatu dute Herritarron Epaia ere.

Europara begira daude Parot doktrina aplikatu dieten presoak eta haien senideak ere; horrela adierazi du Luis Mari Azkargorta presoaren semeak: "Beste kasu batzuetan giza eskubideen alde egin duten bezala, Parot doktrinari buruzko Europako epaia ere gure aldekoa izatea espero dugu. Hankak lurrean izan behar ditugu, baina itxaropena ez da inoiz galdu behar".

Herrilab, elkarlanean ekiten ikasteko

Herrilab egitasmoa abiatu du Oarsoaldea Garapen Agentziak Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean. Egitasmoak hub filosofia du oinarri —elkartrukerako gune izan nahi du—, eta ekintzailetasuna sustatzea du helburu, Beatriz Brosa garapen agentziako ekintzailetasun arloko arduradunak adierazi duenez. Proiektua zergatik abiatu duten azaltzeko, berriz, datuetara jo du: "2006. urtean oso eskualde ekintzailea zen Oarsoaldea. Zabaldutako saltoki berrien kopurua Gipuzkoako eta Euskal Autonomia Erkidegoko batez bestekoaren gainetik zegoen". Baina krisiaren eraginez, jendea "beldur" da, eta orain zazpi urteko errealitate hura erabat aldatu dela dio Brosak: " Ekintzailetasunak leku guztietan behera egin badu ere, Oarsoaldean are gehiago egin du".

Krisitik harago, Brosak argi du Oarsoaldean "ideia handiak eta talentu are handiagoa" duen jendea dagoela, baina gakoa "hori ateratzea da". Helburu horrekin abiatu dute Herrilab: "Bertako sormen gaitasuna eta kolaborazio dinamikak sustatu, ekintzailetasuna erraztu eta konexio espazioak sortu nahi ditugu".

Komunitatea eta espazioa

Ekintzailetasuna bera eta ekintzailearen profila aldatzen ari dela kontuan hartzea ezinbestekoa da, Brosaren esanetan. "Elkarlanak garrantzi handia hartu du, eta, hortaz, proiektuak modu kolektiboan eraikitzeko modua bilatu behar dugu". Horren harira, Herrilaben giltzarriak bi direla azaldu du: komunitatea eta espazioa. "Lehenik, ekintzaileen komunitatea sortu behar dugu. Softwarea da garrantzitsua eta ezinbestekoa. Eta, ondoren, komunitate hori kokatzeko eta elkarlanean jartzeko espazioa sortu behar dugu", nabarmendu du.

Izan ere, espazioak berebiziko garrantzia du Herrilab egitasmoaren barruan, "sormena eta ekintzaileen arteko sinergiak sustatzeko balio beharko duelako". Oraingoz Oarsoaldea Garapen Agentziak Oiartzunen duen egoitzan hub filosofia duen espazioa prestatu dute horretarako. Ez du ohiko lanerako espazioekin zerikusirik, eta egitasmoaren arduradunak argi du hainbat funtzio bete behar dituela: "Harreman espazioa da, eta proiektu ezberdinen arteko komunikazioa ahalbidetzen du. Sormena errazteko tresna bihurtzen da espazioa".

Horrekin batera, Brosak dio herritarrentzat erreferente izan behar duela: "Ekintzaileen espazioa dela jakin behar dute Oarsoaldeko biztanleek". Oraindik ekiteko espazioaren kokapena zehaztu gabe dute; ekintzaile komunitatearekin batera bilatuko dute gunerik egokiena abiatu nahi dituzten proiektuetarako. "Oarsoaldeko udalerrietako batean eta erdigunean izan beharko du".

Ekintzaileen espazio hori noiz sortuko den ere ez dute zehaztu. Brosak dioenez, beste esperientzia batzuen arabera, bi urte behar izaten dira komunitatea eratu, sendotu eta espazioa sortzeko.

Bitartean, "laborategi" antzeko bat sortu dute garapen agentziak Oiartzunen duen egoitzan. Han elkartzen dira hamabost egunean behin egitasmoan parte hartzen ari diren 30 ekintzaileak. Apirilean, lehen urratsak egin zituen proiektuak, eta, horren bidez, ideia eta helburuak identifikatzen erakutsi diete parte hartzaileei: "Ideiatik proiektura pasatzen dira, eta, horretarako, hainbat tresna ematen dizkiegu: negozio mota, bideragarritasun plana eta mapa estrategikoa, besteak beste. Ondoren, komunitateak hizkuntz komun bat eta proiektu ezberdinen arteko sinergiak sortu behar ditu".

Horrez gain, nabarmendu du lanketa kolektiboaren bidez esperientziak trukatzen direla eta horrek aberasteaz gain beldurrak gainditzen laguntzen duela: "Batak besteari esaten dio: 'Nik ere pasatu nuen halako egoera bat, eta halakoa eginda gainditu nuen'. Esperientzia hori izugarri lagungarria da, azken batean, proiektu berri bat hasi nahian dabilenarentzat".

Askotariko proiektuak

Lanketak, berriz, bi bide ditu: batetik, ekintzaile bakoitzaren proiektuaren jarraipena egiten dute. Brosak eta ekintzailetasun arloan berekin lanean diharduten Estibaliz Susperregik eta Asier Salaberriak egiten dute jarraipen hori; "proiektuari forma ematen laguntzen diote ekintzaileari, eta aurrera egiten"; bestetik, Mondragon Unibertsitatearekin taldeko lan saioak egiten dituzte parte hartzaileek. Horien bidez, tresna berritzaileak jasotzen dituzte, eta "helburu komunak eta sinergiak" identifikatzen saiatzen dira.

Herrilab egitasmoaren bidez ez dituzte irabazi asmo hutseko proiektuak bilatzen. "Egitasmoan parte hartzen ari diren ekintzaileen proiektuak ez dira soilik helburu ekonomikoak dituztenak, badira beste balioak bultzatzea helburu duten proiektuak; oraintxe bertan, esaterako, denbora bankuak sustatzea edo aberastasun soziala lortzea helburu duten hainbat proiektu ari dira lantzen".

Egitasmoak hiru hileko ibilbidea egin badu ere, Brosak azaldu du ez dagoela itxita. "Herrilab komunitate irekia da, eta interesa duen edozein ekintzailek har dezake parte oraindik". Horretarako, interesa dutenek Oarsoaldea Garapen Agentziaren ekintzaile arloko arduradunarekin harremanetan jarri beharko dute.

4.564

Renove planaren bidez aldatutako etxetresna elektrikoak. Aurten Eusko Jaurlaritzak emandako diru laguntzari esker, 4.564 etxetresna elektroniko aldatu dira Gipuzkoan. Amaitu dira horretara bideratutako laguntza guztiak.

Ahoa txukun eta osasuntsu, egunero

Larunbat arratsaldean ezkontza bat eduki, eta ordu batzuk lehenago hortz zorro bat erortzea ez da egunero pasatzen, baina noizbehinka gertatzen dira horrelakoak. Hala dio, behintzat, Tomas Gastaminzak, Gipuzkoako Odontologo eta Estomatologo Elkarteko ...