Sailkatugabeak

“Bizi direnekin hitz egiten saiatzen ari gara, baina oso gutxi gelditzen dira”

Herriko historia eta, batez ere, 1936ko gerran gertatutakoak ikertzeko asmoarekin sortu zuten iaz Lasarten Islada Ezkutatuak taldea. Bertako kidea da Mailu Arruti (Lasarte, 1962). Oraingoz gerra garaiko informazioa biltzen ari badira ere, aurrerago frankismo garaia lantzeko asmoa dute.

Nolatan sortu zenuten Islada Ezkutatuak taldea?

Orain memoria historikoa berreskuratzeko talde ugari ari dira sortzen, eta guk Andoaingoaren erreferentzia genuen. Han asko ikertu da, eta liburu bat ere argitaratu dute. Guk gerrari buruz irakurri dugu, baina gure herrian, Lasarten, gertatutakoa ezagutu nahi genuen. Taldeko bati gizon heldu batek esan zion herrian lubakiak zeudela; horiek aurkitu genituen. Horrek ikertzen jarraitzera animatu gaitu. Orain arte egindakoak gure herria gehiago ezagutzeko balio izan digu, eta ilusio handiarekin ari gara.

Ikerketa lanetan zailtasunak izan dituzue?

Lasarten artxiboetan ikertzea oso zaila da, udalerri berria baita. Ondorioz, Urnietako, Hernaniko eta inguruko herrietako artxiboetan begiratu behar da.

Zer motatako lana ari zarete egiten taldekideok?

Oraindik dena dago egiteko, baina lehentasuna eman diogu lekukotasunak jasotzeari. Bere istorioa kontatu nahi duenarentzat ateak irekita dauzkagu; gu entzuteko prest gaude. Oraindik bizi direnekin hitz egiten saiatzen ari gara, baina oso gutxi gelditzen dira. Errepresaliatuak izandakoen familiakoekin ere hitz egin dugu. Gure ezagunekin saretxo bat osatu dugu, baina beste familia batzuk jada ez dira Lasarten bizi; horietako asko artxiboetatik ikertzen ari gara. Oraindik datu zehatzak eta kopuruak ez ditugu, baina horretan lanean ari gara.

Jendea joan zaizue istorioak kontatzera?

Taldea aurkeztu genuenetik, gutxien espero genuen jendea etorri da; badirudi norbait mugitzen hasteko zain zeudela. Antolatutako hitzaldietan ere jende asko izan zen. Dokumentu idatziak ere ekarri dizkigute; kartzeletatik bidalitako eskutitzak, esaterako. Herritar batek Iruñeko Ezkabako espetxean aitak egindako eraztun bat ekarri zigun. Oso istorio hunkigarriak agertu dira; drama ikaragarriak daude horien atzean.

Informazioarekin zer egiteko asmoa duzue?

Gauzak ongi egin nahi ditugu. Oraingoz, informazioa biltzen ari gara, eta artxibo bat osatu nahi dugu. Oraindik ez dakigu informazio horrekin zer egingo dugun; liburu bat, film bat... Errespetuz eta zuhurtasunez jokatu behar da. Zauriak oraindik irekita daude, eta min egitea erraza da. Istorio eta datu asko ongi egiaztatu arte ez ditugu jakinaraziko.

Ekonomian aditua, eta aritua

Ibermaticako presidentea da Jose Luis Larrea elgoibartarra. Orain 18 urte iritsi zen enpresara, eta 3.300 langile ditu bere aginduetara. Bulegoan, traineruen irudiak ditu: "Enpresaren irudia da; talde lana oso ondo irudikatzen du, bat dator gure filos...

327

Errenta kanpainan aldundiak zergadunei itzulitako kopurua, milioi eurotan. Gipuzkoako Foru Aldundiak 327 milioi euro itzuli dizkie herritarrei 2012ko errenta kanpainan, eta 140 milioi jaso. Guztira 380.699 aitorpen bildu ditu aldundiak, iaz baino 14.000 gutxiago. Xabier Olano Gipuzkoako Ogasun zuzendariak aste honetan azaldu duenez, kanpaina "oso ona" izan da.

“Berrikuntza kultura aldaketa da”

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak kide berria du maiatzaren 31z geroztik: Jose Luis Larrea enpresaburua (Elgoibar, 1956). Ekonomia arloan ibilbide luzea du, eta Ibermatica enpresaren burua da egun. Hain zuzen, ekonomia izan zuen hizpide elkartearen sarrerako irakasgaian; Berrikuntza, krisia eta belaunaldi aldaketa izenburua du. EAEk ezagutza du oinarri, eta kultura, zientzia eta ekonomia jorratzen ditu, besteak beste. Iragana, oraina eta etorkizuna ditu hizpide, eta hainbat hitzaldi eta argitalpen bultzatzen du. Azkoitiko Intsausti jauregian du egoitza.

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko (EAE) kiderik berriena zara.

Niretzat, ezusteko txiki bat izan zen, baina espero ez dituzun gauzek sortzen dute ilusiorik handiena, hain justu. Instituzioaren ezaugarriekin oso identifikatuta sentitzen naiz, eta ohore handia da 250 urteko ibilbidea duen elkarte baten parte izatea. Badirudi horrelako elkarteek unibertsitate edo hezkuntza munduari lotuago egon behar dutela, baina nik uste dut enpresa mundua ez dagoela batere urrun gizarte bateko bizitzatik; alderantziz. Beti oso argi izan dut enpresaren giza dimentsioa oinarrizkoa dela; gizartearen aurrerakuntzaren zerbitzura dagoen aktibitate gisara ulertu behar da.

EAEn zure parte hartzea ildo horretatik ikusten al duzu?

Konpromiso gisa ulertzen dut. Uste dut nire ikuskera plano ekonomiko-sozial batetik ematea espero dutela elkartean. Orain, dezente hitz egiten da hazkundea gutxitzearen teoriaz, iraunkortasunaz, eta nik uste dut hor mundu oso bat dagoela; mahai gainean jarri behar dugu guztia, eta ikusi horrek nola aldarazten dituen gauzak. Oraindik beste ekonomia eredu baten itsasontzian gaude, eta kostatu egiten zaigu gauzen norabidea aldatzea, konplikatua delako. Baina uste dut hori dela orain mahai gainean dugun debatea.

Lan eta politika eremuetan belaunaldi aldaketa falta dela uste duzu. Horrek kezkatu egiten zaitu, ezta?

Uste dut eredu ekonomiko eta soziala aldatzea nahi badugu beharrezkoa dela helduen eta gazteen artean koalizio bat egitea. Normalean nagusitzen diren eliteak helduak dira, eta garrantzitsua da helduen elite horretan gazteek portzentaje bat edo beste izatea. Orain, heldu gehiegi eta gazte gutxiegi ditugu erabakiak hartzen diren guneetan.

Baina beti ez da horrela izan, ezta?

Ez. 1980ko hamarkadan, esaterako, belaunaldi gazteentzat aukera pila bat egon ziren instituzioetan eta politikan, gauzak egiteko. Eta garai hartan gazteak zirenak ia 40 urte geroago hor daude oraindik; gazteek ez dute txanda hartu enpresa, politika eta instituzietan. Boterea bahituta daukagu, nolabait esatearren. Niretzat belaunaldi helduen ardura da gazteei apur bat irekitzea alor hori, gazteak inoiz baino prestatuago daudelako.

Berrikuntza hitzetik hortzera darabilgun kontzeptua da. Zer da zuretzat?

Berrikuntzari buruz zegoen diskurtsoa zeharo teknologikoa zen hasieran. Produktuaren gainekoa oso. Hori garrantzitsua da, baina ez da berrikuntza osoa. Zerbitzuetan, gizartean, kulturan, antolatzeko moduan... Berrikuntza arlo horietan guztietan dago. Eta teknologikoa ez den berrikuntza hori teknologikoa adina edo garrantzitsuagoa da. Hori denok argi ikusten dugu, eta hala esaten dugu. Horrek dakar bat-batean denok berrikuntza sozialari buruz hitz egiten hastea. Baina berrikuntza, soziala ez bada, ez da berrikuntza. Gizartearentzat baliagarria izan dadin egiten dugu berrikuntza. Berrikuntza produktu bat egitea baino zerbait gehiago da, kultura aldaketa da: nola aurre egin gizarteari, ditugun erronkei eta abar. Eta, noski, kultura aldaketa bat ez da goizetik gauera egiten; nahas-mahas horren erdian gaude.

Berrikuntzaren arloan, zein puntutan dago Gipuzkoa?

Nik neuk uste dut Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoko berrikuntzaren puntan dagoela. Euskadi bera aurreratuta dago Espainiako Estatuaren aldean. Eta ez dut esango puntan dauden Suedia eta halako herrialdeen pare dagoenik, baina estatuaren gainerako tokiak baino nabarmen hobeto dago; beharbada, bertako ekonomia eta gizartea biziagoak direlako. Innobasque jarri zen martxan; urte askotako ahalegin ugari zeuden teknologiaren euskal sarean. Berrikuntza sozialago bat ere bazegoen: Euskalerriaren Adiskideen Elkartea bera horren adibide bat litzateke. Orain 250 urte zerbait sortu zen gizartearen zerbitzura. Beraz, badago aktibitate bat aurreratuago dagoena estatuarekin alderatuta.

Eta zergatik Gipuzkoa horren puntan?

Gipuzkoako gizartea askotarikoa da, plurala, eta berrikuntzak zerikusi handia du aniztasunarekin. Kontrasteak egotea, nahasketak batzuen eta besteen artean, hori beti oso positiboa da berrikuntzarentzat. Beti, noski, aniztasun hori elkarlanean aritzen bada. Bestetik, oreka handiagoa dago hiriburuaren eta probintziaren artean Araban edo Bizkaian baino. Gainera, tamaina ertaineko enpresa eta ekonomia sare oso garrantzitsua du, eta, aldi berean, enpresa handiak ere baditu: Mondragon Taldea eta CAF, esaterako. Aktibitate asko eta askotarikoak daude. Beraz, alde horretatik, ez gaude toki txarrean berrikuntzaz hitz egiteko.

Toki onean bagaude, norabide egokian ere bai?

Berrikuntzak joan behar duen norabidea jartzean, uste dut ez gaudela bide okerrean. Arlo teknologikoan, esaterako, apustu izugarri garrantzitsuak egin dira bioteknologien arloetan. Informatikan ikusten da berrikuntza teknologikoaren eragina gehien, IKT delakoetan —informazioaren eta komunikazioaren teknologietan—. Teknologia inportantea da berrikuntzan, eta IKT gakoa da, eta izango da aurrerantzean ere; berrikuntzari bultzada ematen dio. Baina badaude beste era bateko teknologiak ere, jada lantzen ari direnak, eta mundua aldatuko dutenak.

Zeintzuk dira horiek?

Materialen teknologiak, nanoteknologiarekin lotutakoak: grafeno material berria, ordenagailuak ikaragarri txikiagoak izatea ahalbidetuko duena edo tamaina berarekin ikaragarri ahaltsuagoak. Beste era bateko teknologiak ere badaude, bizitzaren teknologiak: bioteknologiak, biogenetika... Energiarekin lotutako teknologiak ere bai; batez ere, energia garbiarekin lotura dutenak. Eta gero daude kognitiboaren teknologiak. Gure burmuinean zer gertatzen den ikertzen ari direnak. Eta horietatik guztietatik badugu; batez ere, Gipuzkoan.

Esaterako?

Kognitiboaren teknologia zentro bat dugu. Adibidez, bertsolari baten burmuineko prozesua ikertzen ari dira, bertsoa sortzen duenean haren burmuinean zer gertatzen den. Eta horrek gauza askotarako balio du; balio du jakiteko zergatik funtzionatzen duten prozesuek era batera edo bestera. Nanogunea ere hor dago. Piezak baditugu. Zer zaindu behar dugu orain? Krisi garaian diru sarrerak gutxitzen ari da, eta egindako inbertsioak ez zapuztea zaindu behar dugu.

Zer da garrantzitsua berrikuntza arloan aurrera egiteko?

Asko sinplifikatu beharko balitz, nik erreparatuko nieke balioei, teknologiari, jakintzari, elkarlanari, lidergoari eta abiadurari. Hori guztia pertsonek egiten dugu. Eta nola lortu pertsonek hori ondo egitea? Orduan hezkuntza sistemara goaz. Unibertsitatearen aurreko hezkuntza garrantzitsua da, baina unibertsitatean jokatzen da partida. Unibertsitate onak ditugu, baina asko hobe daitezke berrikuntzari dagokionez. Baliabideak bideratu behar genituzke; dirua ere bai, baina ez hori bakarrik; arreta jarri beharko genuke unibertsitateak eraldatzeko, benetako berrikuntza agente bihurtzeko.

Gipuzkoan proiektu jakinen bat ikusten duzu inportantea?

Gipuzkoan denon artean konpondu beharreko arazo bat ikusten dut: azpiegiturekin lotutako proiektuak. Gizarte hau konektibitatea dela uste dut, ez bakarrik teknologikoa, baita fisikoa ere. Komunikazio edo garraio linearen mapatik kanpo gelditzen bazara, galduta zaude munduan. Nik ez dakit proiektu hau ala bestea egin behar den; horretaz dakitenek erabaki beharko dute, baina lehen aipatutako aniztasunak, kasu honetan, kezkatu egiten nau. Gehiegikeria horrek, kakotx artean esanda, gauza batzuetarako hain ona izanik, beste gauza batzuetarako paralisia ekartzen du.

1936ko gerrako Bergarako gertakariei buruzko filma

Bigarren Errepublika garaian eta 1936ko gerran Bergaran gertatutakoa kontatzeko ikus-entzunezkoa egin du Intxorta 1937 kultur elkarteak: Bergara 1936, gerra eta errepresioa. 25 bergararren ahotsak bildu dituzte lan horretan; gudari ibilitakoak, gerrak...

Depresioa, azal barruko ubela

Etenik gabeko tristura, interes falta, gozatzeko gaitasunik eza, erruduntasuna, autoestimua urritzea, kontzentratzeko zailtasunak, energia gabezia edo loaren zein jateko gogoaren desorekak dira depresioaren sintomarik nabarmenenak. Buruko gaitz horren diagnosia egin ahal izateko, seinale bat baino gehiago agertu behar da hainbat astetan jarraian. Horrez gain, sintoma horiek eguneroko jarduna oztopatu egiten dute giza harremanetan nola lanaren esparruan. Batzuetan, depresioak jota egoteko arazoak agerikoak dira; beste batzuetan, azal barruko ubeldura abisurik gabe agertzen da.

Gipuzkoako Buruko Osasun Sarean depresioaren gaineko informazioa zabaltzeko programa pilotuak martxan jartzen ari dira, suizidioa prebenitzeko helburuarekin. Andrea Gabilondo psikiatra donostiarra horretan ari da lanean: "Suizidioa buruko osasun arazoren batekin lotuta egoten da gehienetan, eta ohikoena depresioarekin erlazionatuta egotea da". Hala ere, depresio mota eta gradu ugari daude. "Depresioa senda daiteke, tratamendua baitauka. Hori dela eta, ezinbestekoa da laguntza eskatzea, ohiko medikuari, adibidez". Tratamendu hori izan daiteke hainbat hilabetetan botikak hartzea edo psikologo baten laguntza jasotzea.

Adituen arabera, depresioak hamar biztanletik bati eragiten dio bizitzan, eta, batez ere, emakumeei. Gipuzkoako Buruko Osasun Sareak ez du lurraldean depresioa dutenen datu zehatzik, baina sareko zentroetan 2.483 paziente artatu zituzten iaz depresioa izateagatik. Datu horren barnean ez daude lehenengo arretako osasun zerbitzuetan artatutako gaixoak. Buruko osasun zentroen sarean, 742 paziente berri edo berriz ere gaixotutakoak hartu zituzten. Guztira, depresioarekin lotutako 15.736 kontsulta eta proba egin zituzten.

Gabilondok dio depresioa nozitzen duten pertsona askok ez dutela medikuarengana jotzen. Ez dituzte Gipuzkoako datuak, baina uste dute Espainiakoekin bat etor daitezkeela. Espainian depresioa dutenen %40 ez dira medikuarenera joaten; ez dute, beraz, ez diagnostikorik, ezta sendabiderik ere. "Horrek gaitza kroniko bihurtzea ekar dezake edo heriotza ideiak agertzeraino larritu".

Depresioa dutenek laguntza eskatzean sentitzen dituzten hesi batzuk nabarmendu ditu Gabilondok: "Pertsonak pentsa dezake bolada txar bat igarotzen ari dela, eta errudun edo indarrik gabe sentitu daiteke egoera jakin bati ezin diolako aurre egin. Gainera, buruko gaixotasunei buruzko tabua ere badago".

Krisia eta depresioa

Gaur egun, buruko gaixotasunen diagnosi gehiago egiten dira, eta egiten diren horiek hobeto egiten dira. Etiketa bat jarri eta tratamenduak ipintzen dira, baina arriskuak ere badaude: "depresioa ez denari depresioaren etiketa jartzeko arriskua". Gabilondoren arabera, "mutur batean medikuarenera ez doazen %40 horiek daude, eta, bestean, egunerokoan ondoeza sentitu eta medikuarengana jotzen dutenak daude, depresiorik ez izan arren tratamendua jaso dezaketenak".

Egungo krisiaren eta depresio nahiz suizidio kopuruen artean lotura zuzenik ote dagoenaren inguruan psikiatra donostiarrak dio ezin dela esan Gipuzkoan zenbat depresio kasu dauden. "Ez dago krisia gaitz horrekin zuzenean lotu duen aditurik; lotura bakarra langabezia eta suizidio tasaren artean aurkitu dute, eta, horregatik, esparru honetan baieztapenak egitean ezinbestekoa da oso zuhurrak izatea".

Datuak eskuan, joerei erreparatzen diete, batik bat, adituek. Europan, 2007ra arte, suizidio kopuruak behera egiteko joera izan zuen. Urte hartatik aurrera, joera goranzkoa izan da, eta horrek osasun arloko profesionalak erne jarri ditu. Ohitura osasuntsuak izatearen garrantzia azpimarratu du Gabilondok, eta lagungarria da egunerokoan urduritasuna areagotzen duten faktoreak kontrolatzen saiatzea. Depresioak eragin dezakeen bakartzearen kontra, "besteekin harremanetan egoteak laguntzen du, baita ingurukoen babesa bilatzeak eta drogen eta alkoholaren kontsumoa saihesteak ere".

Suizidioak eta adin tarteak

Emakumeek depresio gehiago sufritzen duten arren, gizonezko gehiagok egiten du bere buruaz beste. Ñabardura ahaleginen eta burura eramandakoen arteko aldeak ezartzen du: ahalegin gehiago egin ditzakete emakumeek, baina gizonezko gehiagok eramaten dute azkeneraino.

Adin tarteei dagokienez, 2011n Gipuzkoan bere buruaz beste egin zuten gehienek 30 eta 49 urte artean zituzten (%34,3); ondoren, 50 eta 69 urte bitartekoak (%27,8) eta 70 eta 90 urte artekoak (%26,1). Azkenik, 19 urtetik beherakoak eta 29 urte bitartekoak %11,4 izan ziren. Gazteen kopurua txikiena izanda ere, adin tarte horretan izandako gorakadak kezkatzen ditu osasun zerbitzuak azken urteetan. "Gazteak biktima berriak dira, eta ahaleginak suizidioak baino askoz gehiago" direla ondorioztatu dute jada.

"Depresioa suizidioaren arrisku faktorerik nabarmenena" izanda, arreta berezia jarri diote azken urteotan, eta Osakidetzak buruko gaitza prebenitzeko hainbat programa pilotu jarri ditu martxan dagoeneko; horietako batzuk Gipuzkoan. Gabilondok azpimarratu duenez, "depresioari buruzko informazioa zabaldu, eta osasun zerbitzuen arteko elkarlana bultzatu" nahi dute.