Sailkatugabeak

AUZOKO JAIETAN, HERRIKO MUSIKA

Tolosako Amarotz auzoko jaietan askotariko jarduerak prestatu dituzte astebururako; horien artean daude Tolosaldeko hiru talderen kontzertuak: Wainot, Rei Kimera eta Atila y los Unos igoko dira oholtzara bihar, 23:00etan. Wainotek iazko ekainean eman zuen bere lehen kontzertua, Tolosan. Hilaren 18an kaleratuko dute Sputnik13 diskoa, inguruko beste hainbat talderekin batera. Lan horretan parte hartu du Atila y los Unos taldeak ere —irudian—. 25 urte baino gehiagoko esperientzia dute; 2010ean Zuretzat gurekin... Javi DVDa kaleratu zuten Bonberenea Ekintzak zigiluarekin. Rei Kimerak La puerta de los mil ojos diskoa aurkeztuko du.

San Fermin Pasaian da

Jaiak

Pasaia

Sanferminetan murgilduta daude Pasaian. Txupinazoak lau eguneko jaiei zabaldu zien atea atzo; astelehenera bitarte askotariko jarduerak izango dituzte herrian.

Haurrek ekintza ugaritan parte hartzeko aukera dute gaur. Buruhandi eta erraldoien ondotik, arrantza txapelketa egingo dute, 15:30ean, Marealtan. Ondoren, haur jolasak eta apar festa izango dira. Iluntzean, txikientzako bigantxak antolatu dituzte Luzuriagan (20:00etan). Haurrek ez ezik, helduek ere izango dute gaur zertaz gozatu. 19:00etan sardina jana antolatu dute Zumardian; ordubete geroago Egan taldeak kontzertua emango du toki berean. Gauean ere talde berak joko du, 23:30etik aurrera. Gauerdia iristearekin hasiko da helduen danborrada Luzuriagan; 01:30ean, larrain dantza eskainiko dute Oarso kalean.

Larunbata Gauerdi txarangaren dianak esnatuko du. Hortik aurrera, ez da etenik izango: bigantxak Luzuriagan, inude eta artzainak herriko kaleetan, buruhandiak eta erraldoiak... Punta-puntako bertsolariek ere bat egingo dute festarekin: Andoni Egaña, Aitor Sarriegi, Arkaitz Estiballes, Amets Arzallus, Sebastian Lizaso eta Xabier Silveirak bertso saioa eskainiko dute 19:30ean, Azokan. Gauerako hainbat musika estiloko kontzertuak prestatu dituzte: Tarantella orkestra, Iñigo Perurenaren saioa haurrentzat, Son Kandela, Dj Beñat...

Igandean, gazte eguna

Iganderako gazteen eguna antolatu dute herrian. 12:00etan olinpiadetan parte hartuko dute herriko hainbat gaztek, Zumardian. Jarraian, bazkaria egingo dute toki berean. Batelen estropadak ere izango dira eguerdian, 12:30ean, Marealtan.

Arratsaldea jai giroan igaroko dute: musika, poteoa Elektrotxarangarekin, danborrada... Itsusien munduko txapelketak ez du hutsik egingo aurten ere. 23:00etarako iragarri dute, feriak diren tokian.

Gazteen egunaren ondotik, astelehena haurren eta erretirodunen eguna izango da. Su festa, zezen suzkoa eta Gaixoa ni ekitaldia prestatu dituzte festei amaiera emateko.

Lanuztea egin dute ituna berritu gabe dutenek

DONOSTIA. LAB, CCOO, UGT, ESK eta CNTk deituta, lau orduko lanuztea egin zuten atzo hitzarmena berritzeke duten sektoreetako hainbat langilek. Horrez gain, Donostiako kaleetara irten ziren, itun kolektiboen alde. Adegiri argi utzi zioten ez dietela ha...

Gipuzkoako industriaren erakusketa, Donostian

Gerra amaitu ondoren, ekonomia hazten ari zela aldarrikatzeko, Gipuzkoako industriaren erakusketa egin zuten 1940an Donostiako Kasinoan. Franco diktadoreak parte hartu zuen inaugurazioan. Sektore gehienetako enpresak joan ziren beren produktu garrantz...

Erriberako euskaldunak

Larunbat gauean kontzertu paregabeaz gozatu ondoren, igandean zapore gazi-gozoa ekarri nuen etxera. Argia ikastolako guraso eta irakasleek antolatutako kontzertua zegoela-eta joan ginen Erriberara (Muguruza Kontrakantxa, Zuloak eta Culebras).

Gipuzkoatik Tuterara, ordu bi inguruko ibilbidean, orografiaz gain, bestelako aldaketak ere, kulturalak edo identitatekoak, nabarmenak egin zitzaizkigun Tuterako kaleetan genbiltzan bitartean. Miresgarria begitantzen zitzaigun han euskarari iraunarazten lan egiten dutenen jarduna. Miresgarria han ikastola mantentzea. Miresgarria euskaltegia mantentzea… Kalean egin genituen bi orduetan ez genuen euskaraz inor entzun. Bertakoen hizkuntza gaztelania da, eta bertakotutako atzerritarrena zer esanik ez.

Argia ikastolako langile eta guraso den batekin hitz egiteko parada izan genuen. Guraso arduratsua eta arduratua. Kezkatuta eta konprometituta ikusi genuen euskarak Erriberan izan dezakeen etorkizunarekin, euren seme-alaben euskarazko ikasketekin, eta hegoaldeko mutur hartako ikastolen etorkizunarekin. Baina aldi berean, lasai, zentzudun eta positibo. Ezkortasun paralizatzailetik urruti, baikortasun errealistan oinarrituta, lanerako prest.

Kontzertuko orduarekin batera zezen plazara gerturatu ginen. Antolaketan nor eta gurasoak: kamisetak saltzen, tabernan, segurtasun kontuetan, sarrerak saltzen, sarrera kudeatzen… denak zain zezen plaza betetzeko. Han ere, ezagun apurrekin gai bertsua elkarrizketetan: diru laguntzak behera, matrikulei eusteko nahikoa lan, eta inguruan ez dutela inolako babes azpiegiturarik eurena mantentzeko; Sartaguda, Viana, Tutera… egoera benetan zaila.

Gipuzkoako ikastoletan seme- alabak ditugunok badakigu hemen ere txakurrak oinutsik dabiltzala, diru laguntzen murrizketak… Baina errealitatea oso bestelakoa da Nafarroa hegoaldean. Historikoki egoera soziolinguistikoa eta dirua arazo izan badira, orain biek egin dute okerrera.

Ferminek oholtzatik hamaika aldiz omendu eta zoriondu zituen Erriberan euskara ikasten duten pertsonak kontzertu osoan. Gaztelaniaren lurraldean euskararen nekazariak. Lehorterik gordinenean ere lurrari fruitua aterako diotela sinetsita kemenez lanean.

Euskaraz eta euskararekin bizi nahi dugu Bardeako euskararen basamortuan oasiak sortzen ari diren Erriberako euskaldunek, iparraldekoek, eta baita gainerakook ere; osotasun bat osatzen dugulako, eta gu haiek gabe ere, ez garelako izango.

Bizi dugun zurrunbilo honetan, erakunde bateratu eta bateratzaileak sortzea hain zaila egiten zaigunean, elkartasunaren adierazgarri bizi dut Ikastolen Elkartea. Bere argi-ilunekin nazio osoa hartu eta babes sare bat osatu du ahulago dauden errealitateak laguntzeko. Ez ote genituzke birpentsatu beharko sareak? Abagune politiko egokia izan daiteke orain; herri egituraketa indartu behar dugula uste dut, eta ahulegi daudenei behar duten babes ekonomiko eta soziala eman behar diegu, ahaleginean jarrai dezaten.

Erriberako euskararen egoeraren iluntasuna argitzen lagundu didan Argia ikastolari, eta bera osatzen duten guraso, ikasle eta irakasleei, miresmen guztia. Badugu non ikasia eta nork irakatsia.

HIRIKO PLAZAK ETA KALEAK, DANTZAN

Azken urteetan bezala, aurten ere Lauarin folklore jaialdia antolatu dute Donostian Euskal Dantza Talde Federazioa osatzen duten hiru dantza taldeek: Goizaldik, Eskolak eta Trebeskak. Atzo hasi zen jaialdia, eta, igandera arte, askotariko emanaldiak izango dira hiriko hainbat gunetan. Zenbait plaza eta kaletatik ibilbidea egin ondoren, Konstituzio plazan amaituko da eguna gaur eta bihar —20:00etan izango dira ekitaldi horiek—. Azken egunean, igandean, haurrek ikuskizuna eskainiko dute toki berean, 12:00etan. Irudian, Trebeska taldeak iazko Aste Nagusian egindako dantza saioa, Konstituzio plazan.

Auzoak herri osoa sorgindu du

Oria beti izan zen musika eta dantza begiko zituen tokia; liluratu egiten ninduen ikusteak 650 bizilaguneko herri batean abesbatza bat, musika banda bat eta sorgin dantza talde bat izateak". Maria Luisa Brunetenak dira hitzak, Oriako Sorgin Dantza argitalpenean aurki daitezkeenak. Haren familiaren Brunet lantegiak badu zerikusirik sorgin dantzak irautearekin; handia, gainera. XIX. mende erdialdean Lasarte-Oriako Oria auzoan ireki zuten fabrika, eta uste da hara lan egitera joan zen Bergarako langile talde bat izan zela dantza bultzatu eta babesteko ahaleginetan gogotsu aritu zena. Hori horrela, Oria auzotik abiatu ohi da sorgin dantza sanpedroetan; 17:00etan aterako da gaur, eta Okendo plazan amaitu.

Garai batean, Gipuzkoako beste hainbat herritan ere eutsi zioten sorgin dantzari —Antzuola, Azkoitia eta Mutrikun, esaterako—, baina Lasarte-Orian tradizioarekin jarraitu dute. Hasieran, mutilek bakarrik dantzatzen zuten; helduak gazteei erakutsiz joan dira, belaunaldiz belaunaldi, gaur egunera arte. Orain, haur, gazte eta helduek parte hartzen dute; gero eta gehiago dira, gainera.

Bi ilaratan kokatuta, erdiak intxixu deiturikoak dira, eta beste erdiak sorginak. Lehenak zuriz jantzita doaz, buruan kono itxurako kapela batekin; parean, berriz, emakumez jantzitako gizonezkoak jartzen dira.

Dantza soila baino gehiago da. Parodiarako tartea ere bada sorgin dantza. Emanaldiaren bigarren zatian, musuak, irribarreak eta besarkadak antzezten dituzte parte hartzaileek, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko harremanaren erakusgarri. Hori horrela, inauterietako festa eta dantzekin lotzen dute hainbat adituk.