Sailkatugabeak

“Elkarlanean hainbat egitasmo sortzen ari dira”

Kostaldeko museoen sareko kide den heinean, elkargunearen egitekoarekin ados dago Xabier Lasaga Donostiako Aquariumeko marketin eta komunikazio arduraduna (Lezo, 1977).Turismoa sustatzeko egitasmoa baino askoz gehiago da museoen elkargunea, ezta?Egita...

‘Santismoa’ da bide bakarra

Andaluziarrak ostrak bezalakoak dira. Gutxi batzuek perla preziatu bat ezkutatzen dute. Beste asko freskoak eta zaporetsuak dira. Zoritxarrez, nahikoa da ale ustel bakar bat egundoko beherakoarekin bukatzeko.Nik ez dut lurralde hartako morroiekin apar...

Kresal usaineko museoak

Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldeko ondarea sustatu eta balioa emateko, museo egitasmo komunak garatuz sortu dute Euskal Kostaldearen Museoen Sarea. Horren barruan, bi herrialde horietako 43 museo eta kultur azpiegitura daude egun, horietatik erdiak Gipuzkoan. Horien lankidetzari esker, itsas kultura ezagutarazi nahi dute, betiere kostaldearen eskaintza turistikoa osatzeko bidean. Kresal usaina duten museo eta ekipamenduen zerrenda aberatsa da: Getariako Balentziaga, Donostiako Aquariuma, Zestoako Ekainberri...

Joan den astean aurkeztu zuten sarea. Jendaurreko lehenengo agerraldian arraun bana izan zuten esku artean egitasmoarekin bat egin duten hainbat museo eta interpretazio zentrotako ordezkariek, elkarrekin arraun egin nahi baitute. Baina turismoari begirako egitasmoa baino askoz gehiago dela ohartarazi zuten Donostian, elkarlana, elkar ezagutza eta ondarea herritarrei zabaltzea baita euren asmoa.

Bide horretan, museo horietara sartzeko txartela aurkeztu berri dute. Txartela egiten dutenek —egitasmoaren kide diren kultur ekipamenduetan egin daiteke, baita tokian tokiko turismo bulegoetan ere— hainbat abantaila izango dituzte museo horietan; gehienetara sartzeko, adibidez, %50eko deskontua izango dute txartelaren jabeek. 100.000 banatu nahi dituzte orotara.

"Euskal kostaldeak itsas ondare oparo eta aberatsa dauka. Museoek, ikertzaileek eta artxiboek babesten dute hori guztia. Hori zabaldu nahi dugu, ondare horri balioa eman nahi diogu denen elkarlanarekin", esan zuten museoetako arduradunek aurkezpenean.

Enpresak, gerrarako tresna

Francisco Francoren aldeko indar militarrek Bergarako Movilla lantegia konfiskatu zuten 1937ko martxoaren 24an. Hain zuzen, 1936ko gerran indar matxinatuen esku geratu zen Gipuzkoako lehen enpresa izan zen. Harrezkero, gerrako interesen zerbitzura egongo zen lantegia. Lehena izanagatik, ez zen bakarra izan. Bi hilabete geroago, Oñatiko Celaya, Emparanza y Galdos enpresa ere komandantetzaren esku geratu zen, eta armada frankistarentzat pila elektrikoak ekoizten hasi ziren. Garai hartako industria estrategiko guztia "militarizatu" eta gerrarako tresna bihurtu zen. Horrela azaldu dute Ainara Martinez Matia, Amaia Apraiz eta Beatriz Herreras historialariek Gipuzkoa militartua lanean. Garai hartako Gipuzkoako industria ondarea aztertzeko eta atzetik zeuden pertsonen istorioak jasotzeko helburuarekin egin dute ikerketa. Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteko kideak dira hirurak. Memoria historikoa berreskuratzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak banatu dituen diru laguntzen bidez egin dute ikerlana.

Gipuzkoa osoko egoera kontuan hartu duten arren, Debagoiena eta Debabarrenan sakondu dute gehien Gipuzkoa militartua lanean. Horrela azaldu du Martinez Matiak: "Gipuzkoako zatirik handiena oso goiz geratu zen Francoren aldeko indarren esku; Eibarko eta Elgetako fronteak izan ziren salbuespena, 1937ra arte eutsi baitzioten. Beraz, oso bailara esanguratsua da. Alde batetik,Bergara bezalako herriak ditugu; horko enpresak oso goiz hasi ziren Francoren alde lanean, 1936ko irailerako herria Francoren indarren esku baitzegoen. Bestetik, Eibarko lantegietan, Errepublikaren alde lan egin zuten. Bi aldeak sakon aztertzeko aukera eman digu". Metala, ehungintza, papergintza eta larrugintza sektoreak ziren gerrarako sektorerik garrantzitsuak. Papergintza ez ezik, beste hiru sektoreak ere bazituzten Deba bailaran. Datuetatik haratago joan nahi izan dute ikerketan. "Datu horien atzean dagoen jendearen istorioa bilatu nahi izan dugu, lantegi haietako langileen istorioak". Horretarako, zailtasun ugari izan dituzte, batez ere, ia lekukorik ez delako gelditzen. "Gerraren arloan egin diren lanetan, ia beti gudariei buruz hitz egin da. Baina guri interesatzen zitzaizkigunak ez ziren gerrara joan, fabriketan lanean gelditu ziren. Artxiboetan ere jende horren lekukotzarik ez dago". Enpresen argazkiak ere gutxi topatu dituzte. "Badaude gerrari buruzko irudiak, baina enpresen ingurukoak gutxi. Industria hain estrategikoa zenez, ez zuten argazkirik egiten, horrekin etsaiari informazioa emango ziotelakoan".

Industria indartsua

1930eko hamarkadan, industria indartsua zegoen Gipuzkoan. 1936ko gerra hasi zenean, gudako bi aldeentzat oso baliagarriak izan ziren enpresa horiek; batez ere, frankistentzat. Historialariaren hitzetan, "industria handitu" egin zen Gipuzkoan gerra garaian. "Ekonomiaren ikuspuntutik oso momentu ona izan zen; baita ondorengo urteak ere. Horrek gu ere harritu gaitu, krisi sakona topatzea espero baikenuen", azaldu du Martinez Matiak. Alde batetik, sektore estrategikoak gerrarako ekoizten hasi ziren, baina guda amaitutakoan, herriak ere berreraiki behar ziren. "Berreraikuntzan industriak lan handia izan zuen. Gerraren hasieratik Francoren alde lan egin zuten enpresek oso kontratu onak lortu zituzten".

Enpresen artean ere bereizketa egin dute ikerlanean: batetik, Euzkadiko Gobernuak militarturiko industriak, eta, bestetik, matxinatuen alderdian militartutako enpresak. Dena den, Gipuzkoako industria gehiena Francoren aldekoek kontrolatzen zuten. "Horiek hobeto antolatuta zeuden, hasieratik antolakuntza militarra sartu baitzuten enpresetan". Errepublikaren aldekoek arazo gehiago izan zituzten. Eibarren ekoitzitako armei buruz, hainbat gudarik esandakoak jarri ditu adibide: "Eibartik iritsitako armak ehizarako onak zirela zioten, baina gerrarako ez zutela balio".

Enpresaren jabeak errepublikarrak eta, batez ere, "nazionalistak" baziren, enpresa horietako asko konfiskatu egin zituzten indar frankistek. "Halere, konturatu ziren enpresaburu horiek kartzelan edukita oso zaila zela enpresa aurrera ateratzea; isun izugarria ordainarazi ondoren, hainbat enpresaburu espetxetik atera zituzten lanean jarraitzeko".

Eibarko adibide bat ere jarri du. "Francoren aldekoek herriko zentral elektrikoko teknikoa kendu zuten, errepublikarra zelako. Lanposturako lehiaketara deitu zuten, eta garbi ikusten da zeintzuk ziren kontuan hartzen zituzten merituak: gudan Francoren alde egitea, espainiarra sentitzea, tradizionalista izatea...".

Izan ere, industriaren militartzeak langileei zuzenean eragin zien. "Barneko antolakuntza erabat militarra zen; langileak ere militarizatu zituzten. Egiten zuten lanaren arabera, maila militar bat hartzen zuten; arduradunek ofizialen maila zuten, eta langileek soldaduena. Gainera, Errepublikaren alde agertu ziren langile asko kendu egin zituzten, eta beste batzuk jarri zituzten haien ordez". Martinez Matiaren hitzetan, lan baldintzek ere okerrera egin zuten: "Errepublika garaian egindako aurrerapenak kendu zituzten militarrak sartu zirenean, eta, batez ere, gerra amaitutakoan".

Emakumeak, lanera

Lanerako adinean zeuden gizon asko frontera bidali zituztenez, emakume eta gizon gazte asko hasi ziren lantegietan lanean. "Gerra garaian, gizonen lana egin zuten emakumeek, baina gerra amaitutakoan, emakumeak kaleratu egin zituzten. Gainera, dekretu bat atera zuten; horren arabera, gizonek lanerako lehentasuna zuten. Emakume alargunek bakarrik jarrai zezaketen lanean". Baina Francoren alde borrokan hildakoen alargunek zuten lehentasuna. "Gauza horiek oso nabarmenak izan ziren. Oso istorio mingarriak daude; horietan sakontzea eta azaleratzea da gure helburua". Franco agintera iritsi ondoren, emakumearen egoera are gehiago okertu zen. "Gaizki ikusita zegoen emakumeek lan egitea, batez ere, lantegietan. Erregimenaren estrategia izan zen".

Eskulan merkea lortzeko presoak ere erabili zituzten. "Berreraikuntza eta lan publikoetarako presoak erabili zituztela ezaguna da gaur egun. Baina presoek enpresa pribatuetan ere lan egin izan zuten; batez ere, gerraostean. Sistema bat asmatu zuten, eta, horren arabera, egun bateko lanak bi edo hiru eguneko espetxealdiaren balioa zuen".

Lanik gabe zeudenen artean, berriz, bi zerrenda egin zituzten, gerran izan zuten eginkizunaren arabera. "Langabezian gogoz kontra zeudela frogatu zutenen zerrendatik hartu behar zituzten langileak enpresaburuek. Gerra garaian Francoren alde agertu zirenek bakarrik egin ahal zuten lan".

Militarizazioak gerra amaitu ondoren ere jarraitu zuen. "Topatu ditugun istorio asko gerra ondorengoak dira. Ofizialki enpresen militarizazioa 1941ean amaitu zen, baina enpresa indartsuenek jarraitu zuten Francoren erregimenaren alde lanean. Militarizatuak izan ziren enpresek beste batzuek baino hobeto egiten zuten lan militarizazioa amaitutakoan ere".

Ikerketa egiterakoan aurkitu dituzten "isiltasunak" esandakoak baino adierazgarriagoak direla pentsatzen du Martinez Matiak. "Isiltasun horietan sakontzeko gogo handia dugu. Benetako istorioak daude, berreskuratu behar den historia. Historia irabazi zutenek idazten dute beti, baina galdu zutenen historia askoz interesgarriagoa da egun garena ulertzeko".

Elikadura burujabetzari eta alternatibei buruzko saioak

Saretuz proiektuaren ekimenez, Elikaduraren inguruan alternatibak eraikitzen hitzaldi eta tailer sorta egingo dute gaur eta datorren ostiralean, Donostiako Añorga auzoan. Donostian kontsumo arduratsua bultzatzea helburu duen egitasmoa da Saretuz, eta Gipuzkoako EHNE horko kide da beste hainbat elkarterekin batera. Añorga auzoan kontsumo taldea sortzekotan dira, eta horren harira antolatu dute jardunaldia. Mundu mailatik herri mailara, nola funtzionatzen du elikadura sistemak? Ba al da alternatibarik? eta Elikadura burujabetza hitzaldiak emango dituzte gaur. Gero, Ez ezazu mundua jan tailerra egingo dute. Kontsumo taldeekin solasean ariko dira hilaren 28an.

“Mundua umearen nahieran egokitzen badugu, umea ez da mundura egokitzen gero”

Hainbat ikastetxetan, haurren hezkuntzari buruzko hitzaldiak ematen ari da Alvaro Beñaran psikomotrizista eta pedagogoa (Donostia, 1957). Irakasleei psikomotrizitate arloko ikastaroak ere ematen dizkie. Pedagogia terapeutikoan lizentziaduna da, eta Bergarako UNEDeko psikomotrizitate eskolako irakaslea.

Acouturier praktikan oinarritutako psikomotrizitatea erabiltzen duzue. Zer da metodo hori?

Psikomotrizitatea hezkuntzaren barnean ulertu behar da, curriculumaren barneko tresna bat baita. Bere burua adierazteko espazioa eta denbora ematen zaizkio umeari psikomotrizitate gelan, ahalik eta modu autonomo eta libreenean, tresna egokien bidez. Ekintza, jolasa eta mugimendutik abiatuz, heldutasunerako ibilbidea proposatzen du psikomotrizitateak. Mugimendu eta sentipenekin, emozioak eta afektuak mugitzen dira haurrarengan; egiten duenaren bidez, nola dagoen azaltzen du haurrak. Bere gogo, beldur, nahi, plazer, sufrimendu eta gaitasun horiek sinbolizatzen ditu jolas sinbolikoaren bidez, hitzaren bidez eta baita adierazpen plastikoaren bidez ere. Haurraren izaera oso-osorik hartzen du.

Zer balio lantzen dituzue?

Guk ez dugu zuzentzen haurraren jolasa. Estrukturak sortzen ditugu, haurrak bere gogotik abiatuta ekiteko, baina horrek ez du esan nahi haurrak nahi duena egin dezakeenik. Irakatsi beharrean, garrantzitsua da haurrak egoera horiek sentitzea. Egoerak biziz eta sentituz, bere identitatea indartzen du haurrak. Horretarako espazioak diseinatu behar dira, material egokiak jarri eta gure jarrerak zaindu, haurra gehiegi ez inbaditzeko. Autonomia utzi behar zaio, baina, aldi berean, segurtasuna eman. Psikomotrizitate gelan oinarrizko araua hau da: "Hemen, dena egin daiteke, minik eman gabe eta minik hartu gabe". Hori errespetatuz gero, dena posible da jolasean eta modu sinbolikoan eginez gero; baita bestea hiltzea ere.

Batez ere, haur txikienentzat da garrantzitsua?

Egun, oso argi ikusi da 0-3 urte artean oinarri guztiak ezartzen direla, baita biologikoki ere. Garrantzitsua da urte horiek zaintzea. Haurrak ikusi behar du helduek konfiantza dutela berarengan, barruan daukana ager dezakeela baina denak ez duela balio. Bere barneko indarra ez dugu zapalduko; bideratu egingo dugu, apargomazko materialekin, dorreak botata, jauzi eginez... Baina indarra ezin dute erakutsi lagun bat joz.

Beraz, autonomia eman behar da, baina mugak ere jarri behar dira.

Bai, mugak badirudi murriztea esan nahi duela. Guk estrukturak eta erreferentziak aipatzen ditugu, haurra autonomoagoa izateko eta heldutasun prozesu bat egiteko. Haurrari nahi duen guztia egiten uzten badiogu, heldutasun falta izango du, eta nahastuta egongo da. Frustrazio legea erabiltzen dugu. Badago unea jolasteko eta garrasi egiteko, baina denok borobilean eserita hitz egiten ari garenean, ez da jauzika hasteko momentua. Ezin da dena beti eta leku guztietan egin, baina, aldi berean, haurraren premiak errespetatu behar dira. Errespetuaren araua da garrantzitsuena, besteenganako errespetua.

Hezkuntza perfektuaren mitoaz hitz egin izan duzu. Hori existitzen da?

Ez, ez da existitzen, eta eskerrak. Hezkuntzan badago paradoxa bat. Haurrari buruz ahalik eta gehien jakin nahi dugu, guk jakiteko nola jokatu, baina dena jakingo bagenu, haurrak makinak bezala maneiatuko genituzke. Beti egon behar da espazio bat erabat menderatzen ez duguna. Hor dago gizakiaren askatasuna eta autonomia. Guraso gisa ere, denok nahi dugu gure seme-alabak onak izatea; gizartean oso sartuta dago onena izatea, arrakasta izatea... Kontzeptu horiek pertsona arriskuan jartzen dute. Ez baduzu lortzen, zer?

Gurasoei zaila egiten zaie bide egoki hori aurkitzea?

Teoria asko daude, eta, askotan, gurasoek ez dakite zeri egin kasu. Nik beti aipatzen ditut marra gorriak. Horietako bat da haurrari jolasteko eta esperimentatzeko espaziorik ez uztea, eta oso zorrotza izatea. Bestea da uztea haurrak heldua menperatzen. Bi marra horiek pasatu gabe, batzuek alde batera gehiago joko dute, eta besteek, beste aldera. Ados ez gara denok jarriko, baina marra gorria ez gainditzea da kontua; perfekzioa ez du inork egiten.

Irakasleak prestatzen aritzeaz gain, haurrekin ere zuzenean lan egiten duzu. Egun, zer gabezia antzematen dituzue gehien?

Sozializazio zailtasunak. Frustrazio pixka bat onartzeko, besteekin egoteko eta estrukturetan sartzeko arazoak dituzte askok. Haur oso berekoiak gero eta gehiago ikusten dira. Garai batean, autoritate handiegia zegoen, eta, orain, estruktura falta dago. Umeari nahi duena ematea eta frustratzen ez uztea garrantzitsua da lehen urtean, segurtasuna ematen diolako. Baina, gaur egun, denboran gehiegi luzatzen da. Haurra handitzen ari den heinean, askotan familia ez da gai hezkuntza beste modu batera egiteko; frustrazio batzuekin, errealitatera moldatzen hasi behar du. Haur horiek eskoletara iristen direnean, ez daude sozializatzeko prest; mundua umearen nahieran egokitzen badugu, umea ez da mundura egokitzen gero. Beren burua defendatzen dute, eta sintoma asko azaltzen dituzte. Garai batean, hezkuntzan haurrari tratu txarrak ematen zitzaizkion, eta, orain, kasu batzuetan, alderantziz gertatzen ari da. Ezin da onartu ez bat eta ez bestea. Biok gara subjektuak, eta biok ditugu eskubideak. Helduok ardura bat dugu; erabaki garrantzitsuak helduok hartu behar ditugu. Horren barnean, haurrari utz dakioke erabaki txikiak hartzen, espazioa eman, esperimentatzeko. Espazio izugarria dago, helduak bere lekua galdu gabe.

Zer gomendatuko zenieke gurasoei?

Bakoitzak jakin behar du zein den bere lekua. Gurasoak pentsatu behar du nola dagoen bikotearekin eta haurrentzako estrukturak eta denbora dituen; gero, arazoak eta gabeziak ez proiektatzeko haurrarengan, eta harreman aberatsa izateko haurrarekin. Oinarrizko balioak familiaren barnean jasotzen dira; ez dira ikastetxean ikasten. Haurraren aurrean pertsona oso gisa agertu behar da. Haurra zaindu eta baloratu, baina, behar denean, ezetz ere esan behar da. Ahal bada, modu egokian, baina, batzuetan, haserretzen gara, eta ez gaude hain lasai. Haurrek ezagutu behar gaituzte, gu ere pertsonak baikara.

Arazoak dituzten haurrei laguntzeko terapiak ere egiten dituzue.

Hezkuntza eta terapia desberdintzen ditugu guk. Eskoletan taldeekin lan egiten dugunean, hezkuntza mailan aritzen gara. Gero, terapian, ez gara oinarritzen haurraren zailtasunetan, baizik eta haurraren gaitasunetan. Ez dugu haurraren sintoma lantzen. Haurra espazioan jartzen dugu; konfiantzazko giroa sortzen da, eta, hortik abiatuta, haurrarengan eragiten da, egiteko, izateko eta bere gogoa adierazteko. Zailtasunak gainditzeko haren baliabideak garatzen laguntzen diogu haurrari. Oro har, gure helburua da tresnak eta baliabideak ematea, haurra eta haren garapena hobeto ulertzeko; hezitzaile gisa ere jakiteko gure rola eta funtzioa zein den. Haurraren eta gure arteko harremana zaintzeko tresnak behar dira.

12

Inbiomed fundazioaren balizko kaleratzeak. Inbiomed fundazioko langileek salatu dute zuzendaritzak soldatak jaitsi eta hamabi langile kaleratu nahi dituela. Erakundeen babesa eskatu dute, ikerkuntzan lanean jarraitu ahal izateko. Biomedikuntza arloan aritzen dira, eta Donostian dute egoitza.