Sailkatugabeak

Elikadura burujabetzari eta alternatibei buruzko saioak

Saretuz proiektuaren ekimenez, Elikaduraren inguruan alternatibak eraikitzen hitzaldi eta tailer sorta egingo dute gaur eta datorren ostiralean, Donostiako Añorga auzoan. Donostian kontsumo arduratsua bultzatzea helburu duen egitasmoa da Saretuz, eta Gipuzkoako EHNE horko kide da beste hainbat elkarterekin batera. Añorga auzoan kontsumo taldea sortzekotan dira, eta horren harira antolatu dute jardunaldia. Mundu mailatik herri mailara, nola funtzionatzen du elikadura sistemak? Ba al da alternatibarik? eta Elikadura burujabetza hitzaldiak emango dituzte gaur. Gero, Ez ezazu mundua jan tailerra egingo dute. Kontsumo taldeekin solasean ariko dira hilaren 28an.

“Mundua umearen nahieran egokitzen badugu, umea ez da mundura egokitzen gero”

Hainbat ikastetxetan, haurren hezkuntzari buruzko hitzaldiak ematen ari da Alvaro Beñaran psikomotrizista eta pedagogoa (Donostia, 1957). Irakasleei psikomotrizitate arloko ikastaroak ere ematen dizkie. Pedagogia terapeutikoan lizentziaduna da, eta Bergarako UNEDeko psikomotrizitate eskolako irakaslea.

Acouturier praktikan oinarritutako psikomotrizitatea erabiltzen duzue. Zer da metodo hori?

Psikomotrizitatea hezkuntzaren barnean ulertu behar da, curriculumaren barneko tresna bat baita. Bere burua adierazteko espazioa eta denbora ematen zaizkio umeari psikomotrizitate gelan, ahalik eta modu autonomo eta libreenean, tresna egokien bidez. Ekintza, jolasa eta mugimendutik abiatuz, heldutasunerako ibilbidea proposatzen du psikomotrizitateak. Mugimendu eta sentipenekin, emozioak eta afektuak mugitzen dira haurrarengan; egiten duenaren bidez, nola dagoen azaltzen du haurrak. Bere gogo, beldur, nahi, plazer, sufrimendu eta gaitasun horiek sinbolizatzen ditu jolas sinbolikoaren bidez, hitzaren bidez eta baita adierazpen plastikoaren bidez ere. Haurraren izaera oso-osorik hartzen du.

Zer balio lantzen dituzue?

Guk ez dugu zuzentzen haurraren jolasa. Estrukturak sortzen ditugu, haurrak bere gogotik abiatuta ekiteko, baina horrek ez du esan nahi haurrak nahi duena egin dezakeenik. Irakatsi beharrean, garrantzitsua da haurrak egoera horiek sentitzea. Egoerak biziz eta sentituz, bere identitatea indartzen du haurrak. Horretarako espazioak diseinatu behar dira, material egokiak jarri eta gure jarrerak zaindu, haurra gehiegi ez inbaditzeko. Autonomia utzi behar zaio, baina, aldi berean, segurtasuna eman. Psikomotrizitate gelan oinarrizko araua hau da: "Hemen, dena egin daiteke, minik eman gabe eta minik hartu gabe". Hori errespetatuz gero, dena posible da jolasean eta modu sinbolikoan eginez gero; baita bestea hiltzea ere.

Batez ere, haur txikienentzat da garrantzitsua?

Egun, oso argi ikusi da 0-3 urte artean oinarri guztiak ezartzen direla, baita biologikoki ere. Garrantzitsua da urte horiek zaintzea. Haurrak ikusi behar du helduek konfiantza dutela berarengan, barruan daukana ager dezakeela baina denak ez duela balio. Bere barneko indarra ez dugu zapalduko; bideratu egingo dugu, apargomazko materialekin, dorreak botata, jauzi eginez... Baina indarra ezin dute erakutsi lagun bat joz.

Beraz, autonomia eman behar da, baina mugak ere jarri behar dira.

Bai, mugak badirudi murriztea esan nahi duela. Guk estrukturak eta erreferentziak aipatzen ditugu, haurra autonomoagoa izateko eta heldutasun prozesu bat egiteko. Haurrari nahi duen guztia egiten uzten badiogu, heldutasun falta izango du, eta nahastuta egongo da. Frustrazio legea erabiltzen dugu. Badago unea jolasteko eta garrasi egiteko, baina denok borobilean eserita hitz egiten ari garenean, ez da jauzika hasteko momentua. Ezin da dena beti eta leku guztietan egin, baina, aldi berean, haurraren premiak errespetatu behar dira. Errespetuaren araua da garrantzitsuena, besteenganako errespetua.

Hezkuntza perfektuaren mitoaz hitz egin izan duzu. Hori existitzen da?

Ez, ez da existitzen, eta eskerrak. Hezkuntzan badago paradoxa bat. Haurrari buruz ahalik eta gehien jakin nahi dugu, guk jakiteko nola jokatu, baina dena jakingo bagenu, haurrak makinak bezala maneiatuko genituzke. Beti egon behar da espazio bat erabat menderatzen ez duguna. Hor dago gizakiaren askatasuna eta autonomia. Guraso gisa ere, denok nahi dugu gure seme-alabak onak izatea; gizartean oso sartuta dago onena izatea, arrakasta izatea... Kontzeptu horiek pertsona arriskuan jartzen dute. Ez baduzu lortzen, zer?

Gurasoei zaila egiten zaie bide egoki hori aurkitzea?

Teoria asko daude, eta, askotan, gurasoek ez dakite zeri egin kasu. Nik beti aipatzen ditut marra gorriak. Horietako bat da haurrari jolasteko eta esperimentatzeko espaziorik ez uztea, eta oso zorrotza izatea. Bestea da uztea haurrak heldua menperatzen. Bi marra horiek pasatu gabe, batzuek alde batera gehiago joko dute, eta besteek, beste aldera. Ados ez gara denok jarriko, baina marra gorria ez gainditzea da kontua; perfekzioa ez du inork egiten.

Irakasleak prestatzen aritzeaz gain, haurrekin ere zuzenean lan egiten duzu. Egun, zer gabezia antzematen dituzue gehien?

Sozializazio zailtasunak. Frustrazio pixka bat onartzeko, besteekin egoteko eta estrukturetan sartzeko arazoak dituzte askok. Haur oso berekoiak gero eta gehiago ikusten dira. Garai batean, autoritate handiegia zegoen, eta, orain, estruktura falta dago. Umeari nahi duena ematea eta frustratzen ez uztea garrantzitsua da lehen urtean, segurtasuna ematen diolako. Baina, gaur egun, denboran gehiegi luzatzen da. Haurra handitzen ari den heinean, askotan familia ez da gai hezkuntza beste modu batera egiteko; frustrazio batzuekin, errealitatera moldatzen hasi behar du. Haur horiek eskoletara iristen direnean, ez daude sozializatzeko prest; mundua umearen nahieran egokitzen badugu, umea ez da mundura egokitzen gero. Beren burua defendatzen dute, eta sintoma asko azaltzen dituzte. Garai batean, hezkuntzan haurrari tratu txarrak ematen zitzaizkion, eta, orain, kasu batzuetan, alderantziz gertatzen ari da. Ezin da onartu ez bat eta ez bestea. Biok gara subjektuak, eta biok ditugu eskubideak. Helduok ardura bat dugu; erabaki garrantzitsuak helduok hartu behar ditugu. Horren barnean, haurrari utz dakioke erabaki txikiak hartzen, espazioa eman, esperimentatzeko. Espazio izugarria dago, helduak bere lekua galdu gabe.

Zer gomendatuko zenieke gurasoei?

Bakoitzak jakin behar du zein den bere lekua. Gurasoak pentsatu behar du nola dagoen bikotearekin eta haurrentzako estrukturak eta denbora dituen; gero, arazoak eta gabeziak ez proiektatzeko haurrarengan, eta harreman aberatsa izateko haurrarekin. Oinarrizko balioak familiaren barnean jasotzen dira; ez dira ikastetxean ikasten. Haurraren aurrean pertsona oso gisa agertu behar da. Haurra zaindu eta baloratu, baina, behar denean, ezetz ere esan behar da. Ahal bada, modu egokian, baina, batzuetan, haserretzen gara, eta ez gaude hain lasai. Haurrek ezagutu behar gaituzte, gu ere pertsonak baikara.

Arazoak dituzten haurrei laguntzeko terapiak ere egiten dituzue.

Hezkuntza eta terapia desberdintzen ditugu guk. Eskoletan taldeekin lan egiten dugunean, hezkuntza mailan aritzen gara. Gero, terapian, ez gara oinarritzen haurraren zailtasunetan, baizik eta haurraren gaitasunetan. Ez dugu haurraren sintoma lantzen. Haurra espazioan jartzen dugu; konfiantzazko giroa sortzen da, eta, hortik abiatuta, haurrarengan eragiten da, egiteko, izateko eta bere gogoa adierazteko. Zailtasunak gainditzeko haren baliabideak garatzen laguntzen diogu haurrari. Oro har, gure helburua da tresnak eta baliabideak ematea, haurra eta haren garapena hobeto ulertzeko; hezitzaile gisa ere jakiteko gure rola eta funtzioa zein den. Haurraren eta gure arteko harremana zaintzeko tresnak behar dira.

12

Inbiomed fundazioaren balizko kaleratzeak. Inbiomed fundazioko langileek salatu dute zuzendaritzak soldatak jaitsi eta hamabi langile kaleratu nahi dituela. Erakundeen babesa eskatu dute, ikerkuntzan lanean jarraitu ahal izateko. Biomedikuntza arloan aritzen dira, eta Donostian dute egoitza.

Eredu berri baten alde

Aretxabaletan, mendi ingurune eder batean dago Etxezuri baserria. Ardiak eta behiak dituzte bertan. Idiazabalgo gazta egiten dute, eta, orain, behi gazta egiten hasi dira. Haragitarako behiak ere badituzte. Euskal kulturaren ikur garrantzitsu izan diren milaka baserri txikiren adibide bat besterik ez da. Baserri horietako nekazari eta abeltzainen behar eta eskakizunei erantzuten dihardu EHNE sindikatuak urte askoan. Dena den, gaur egun hainbat arazo dituzte sindikatuaren barnean, batez ere, Gipuzkoan. Eredu aldaketa eta Euskal Herri mailako egitura izango duen sindikatua aldarrikatzen dute hainbat kidek. Etxezuri baserriko Jon Murgiondo da horietako bat. Zuzendaritzako kide izan da, duela gutxi dimisioa eman duen arte: "Azken urteetan, espezializaziorako eta ekoizpen handietarako joera egon da, eta, ondorioz, sindikatuan ere botereguneak sortu dira". Interesen arteko talka dagoela gaineratu du. "Boteregune" horiek amaitu, eta "baserritar txiki askoren eredua" sortu nahi dute.

Murgiondok ez ezik, zuzendaritzako beste bost kidek ere dimititu dute azken hilabeteetan. Egun, 11 kidetik lau gelditzen dira zuzendaritzan, batek ez baitu parte hartzen. Lau kideren artean, zuzendaritzan erabakiak hartzeko quorumik ez dago. Hori dela eta, lehenbailehen Gipuzkoa mailako kongresua egitea eskatu du Murgiondok, baita sindikatuaren egungo ildoarekin ados ez dauden beste hainbat kidek ere. Horien artean daude Maite Aristegi EHNEko idazkari ohia, eta Iñaki Lazarobaster eta Marije Intxausti EHNEko Gipuzkoako presidente izandakoak. Joxi Azpillaga da eredu aldaketa eskatzen duten horietako beste bat; sindikatuaren barnean hausnarketa sakona behar dela adierazi du: "Horretan, nekazari guztiek parte hartu ahal izango dute".

Desadostasunak

Murgiondok azaldu du arazoaren oinarrian nekazaritza eta sindikatu ereduari buruzko "desadostasunak" daudela: "Oso zaila zen sindikatuaren egunerokotasunarekin jarraitzea, barneko giroa oso txarra zelako. Azaroan egin behar zen kongresua, baina, arazoari konponbidea bilatzeko, sei hilabete atzeratzea erabaki zen. Tarte hori pasatu da, eta ez da ezer egin; kongresua egiteko borondaterik ere ez dago. Baina ni ez nengoen prest egoera kaotiko horretan jarraitzeko; hori mozteagatik eman nuen dimisioa zuzendaritzan". Halere, bai Azpillagak eta bai Murgiondok ere garbi dute beren helburua ez dela sindikatua zatitzea. "Bi ikuspegi daude; biak mahai gainean jarri, eta EHNEko kideek erabakitzea nahi dugu. Pertsonen arteko arazoak daudela diote batzuek, baina hori ez da horrela. Gatazka ez da oraingoa, aspalditik dator".

Duela bost urte sartu zen Murgiondo EHNEn. "Baserrian gelditzea erabaki nuenean sartu nintzen sindikatuan, eta zuzendaritzako kide izatea egokitu zitzaidan". 2008an zuzendaritzan jende gazte eta berria jarri zuten, sindikatuarekin harreman gutxi izan zuena; "arazo pertsonalak" gainditu eta sindikatuak aurrera egitea zen helburua. "Jende berria jarri arren, azkenean, aurretik zeuden arazo horiek azaleratu egin dira".

Azken urteetan administrazioak ere "espezializazioa" eta "ekoizpen handiak" bultzatu dituela uste du Murgiondok: "Ekoizpen kostuak handitu egin dira; beraz, etekinetarako tarteak ere txikitu egin dira. Etekinak lortzeko ekoizpen handietara jo da. Ondorioz, iraunkorrak ez diren ereduak sortu dira; batzuek hortik onurak atera dituzte, baina besteek horren ondorio txarrak jasan dituzte".

Ekoizle handien "indarra"

Sindikatuaren barnean sektore batzuek indar handiagoa dutela ere azaldu du Murgiondok. "Horiek boterea hartzen dute. Azkenean, 1.200 kideren ordezkaria da sindikatua, baina indarra dutenen interesak hartzen dira kontuan". Azpillagak uste du ekoizle handiek izan dutela leku gehien Gipuzkoako EHNEn, batez ere sektore zehatzek: esnea, haragia eta basoak aipatu ditu. "Ahalmena dutelako eta oso espezializatuta daudelako, horiek egin dute indarra sindikatuan. Aurrera begira hori aldatu behar dela ikusten dugu, gizartea eta sektorea ere aldatzen ari direlako".

EHNEren egitura zaharkitua gelditu dela pentsatzen du Azpillagak. "Sektorean bilakaera ematen ari da, eta EHNEk ez du asmatu egoera berrira egokitzen; egitura zaharkitua gelditu da". Egungo krisi ekonomiko eta identitarioaren ondorioz bide berriak irekitzen ari direla dio. "Elikadura burujabetzaz eta kontsumo lokalaz hitz egiten da; sektorea erakargarri bihurtzen ari da hiriko jendearentzat. Baina ekoizpen modu berriei lekua egitea kostatzen ari zaio sindikatuari".

EHNEko kideek garbi dute nekazaritza "burujabea" eta "menpekotasunik gabea" nahi dutela. Ekoizpenean eta salmentetan menpekoak bihurtu direla azaldu du Murgiondok: "Ez gara gai izan ekoizten dugun hori zuzenean saltzeko; arlo horretan lan egiten saiatu gara EHNEn azkenaldian. Saltzeko beste bide batzuk garatu dira. Esaterako, kontsumo taldeak bultzatu ditugu". Murgiondok azoketan eta baserrian saltzen du gazta. Harategi eta denda txiki batzuekin ere lan egiten du. Horrez gain, Aretxabaletako kontsumo talde batean ere badago. Harategi txikiekin lan egitea kontsumitzailearengana iristeko bide laburra dela uste du, nahiz eta salmenta zuzena ez izan. "Bestela, banatzaile handiek kontrolatzen dute merkatua, eta horiek ezartzen dituzte prezioak; ekoizleontzat etekin tarte txikia geratzen da, eta kontsumitzaileentzat, prezio altuak. Ahalik eta salmenta zuzenenarekin, bitartekariak kendu eta kostuak jaisten dira".

Azpillagak adierazi du nekazaria agroindustriaren menpe dagoela: "Nekazariok ez gara gai izan produktuei prezioa jartzeko, eta langile soil bihurtu gara. Horrek etsipena ekarri du, irabazi txikiak eta baserri asko ixtea azken 30 urteetan. Horren aurrean, nekazariak autonomia berreskuratu behar du".

Euskal Herrira begira

Nekazaritza ereduaz gain, sindikatuaren beraren egitura aldatzeko premia ere aldarrikatu dute Azpillagak eta Murgiondok. "Boteregune" eta "sektorialismo handiak" daudenez, herrialde bakoitzean boteregune horiek galtzeko "beldurra" dagoela dio Murgiondok. "Denok ados gaude Euskal Herri mailako sindikatua nahi dugula. Lehenengo Gipuzkoa barneko gatazka konpondu behar dela diote batzuek. Gure ustez, berriz, Gipuzkoako EHNE agortuta dago, egungo egoeran baserritarren beharrei ez baitie erantzunik ematen; gatazka gainditzeko bidea Euskal Herri mailako egitura sortzea da, probintzialismoa gaindituz".

Lurralde bakoitzak bere ezaugarriak izan arren, Murgiondoren hitzetan, batak bestearen beharra du. "Araban zereala dago, eta guk hori behar dugu animalientzat; Arabako eta hemengo baserriak desberdinak dira, baina ikuspegi global batetik begiratuta, batera funtzionatu behar dugu". Izan ere, askotan kanpoko lehengaiak erosten dira bertakoak baino merkeagoak direlako, bertakoei konpetentzia eginez. "Bertakoen artean aliantzak eta elkarlana behar dira. Ekoizle txiki askoren ereduaren alde gaude gu; ez ditugu nahi herrialde bakoitzean bi ekoizle handi". Arazoa Gipuzkoan azaleratu den arren, eztabaida beste herrialdeetan ere eman behar dela pentsatzen du.

Krisia, aldaketarako unea

Krisi garaia aldaketarako unea dela gaineratu du Murgiondok: "Sistema honek porrot egin du, baina ez baserrietan bakarrik, eraikuntzan, bankuetan, enpresetan… Gipuzkoako EHNEn egin beharreko hausnarketaz ari gara, baina gizartean ere egin beharko litzateke. Beste eredu batzuk abian jartzeko garaia da".

Gizartearen krisi identitarioarekin nekazaritza sektorea jendea erakartzen ari dela adierazi du Azpillagak, baina "egitura txikietara" doa jendea: "Orain arte egin den ekonomia ez da erreala izan. Erreala dena da elikagaiak ekoiztea. Gizarte batek burujabe izan nahi badu, eta herri bezala funtzionatu, beharrezkoa da elikagaien ekoizpena lehentasunezkoa izatea. Orain arteko sisteman, hori ez da lehentasunezkoa izan. Krisi honek eramango gaitu errealistak izatera eta nekazariei behar besteko balioa ematera".

MUSIKA EGUNERAKO DOINUAK, KALERA

Gaur Musikaren Nazioarteko Eguna dela eta, hainbat kontzertu antolatu dituzte biharko Donostian, Loiola kalean. Napoka Iria, Los Coronas, Airbag eta Codigo Bushido taldeak ariko dira jotzen; lehen taldeak 13:00ean emango du kontzertua, eta gainerakoek...

13

Hondakinak atez ate biltzen dituzten herriak. Aste honetan Anoeta, Alegia, Irura eta Zizurkilen hasi dira hondakinak atez ate biltzen. Gipuzkoan hamahiru herrik dute sistema hori.

Gipuzkoako EHNEren bazkideak, gaur egun.

Nekazaritzan eta abeltzaintzan lan egiten duten 1.200 bazkide daude gaur egun Gipuzkoako EHNEn. Joxi Azpillagaren arabera, horietatik ehun inguru dira kide aktiboak: "Nekazaritza indartsuago zegoen garaian, mila ziren".

Urteurreneko jai handia

BERRIAren jaia

Andoain

Apirilaren 12an BERRIAk hasitako ospakizun bira amaierara iritsiko da bihar. Bi hilabete pasatxo eman ditu Euskal Herri osoko hainbat herri eta hiritan, eta, hamaika ekitaldi eskaintzearekin batera, ehunka lagunen babesa jaso du. Biharkoa festa biribiltzeko eguna izango da: goizetik arratsaldera bitarte, askotariko jarduerak izango dira Andoainen, Martin Ugalde kultur parkean. Bira osoan bezala, antzerkia, musika, bertsoak eta beste izango dira egun osoan. Ekitaldiak ez ezik, txosna, ogitartekoak eta pintxoak ere ez dira faltako.

Irrien Lagunak klubaren Kanta eta dantza ikuskizunarekin hasiko da eguna, 11:00etan. Ordu berean, eta ordu eta erdiz, BERRIA barrutik ezagutzeko aukera izango dute parkera biltzen direnek. 12:00etatik 13:00era, sagardo dastatzea prestatu dute, eta, tartean, bertsolarien saioa izango da: Arrate Illaro, Odei Barroso eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek bat egingo dute festarekin.

Kontzertuak arratsaldean

Eguneko ekitaldi nagusia 13:30ean izango da. Horretan, Beatriz Zabalondo BERRIA Taldeko lehendakariak eta Iban Arregi kontseilari ordezkariak hartuko dute hitza. Hainbat sorpresa ere iragarri dituzte. Ekitaldiaren ondoren, bazkaria egingo dute.

Arratsaldean musikak hartuko du Martin Ugalde kultur parkea. 16:00etatik aurrera, Napoka Iria, Petti eta Morau ariko dira kantuan. Haien ondotik helduko da Goseren kontzertua, 18:00etan.

BERRIAK HAMAR URTE: EGUN OSOKO JAIA, BIHAR

11:00etan. Irrien Lagunak, Kanta eta dantza.

11:00etatik 12:30era. BERRIA ezagutzeko aukera.

12:00etatik 12:30era. Bertsolarien saioa: Arrate Illaro, Odei Barroso eta Beñat Gaztelumendi.

12:00etatik 13:00era. Sagardo dastatzea.

13:30ean. Ekitaldi nagusia, hainbat sorpresarekin.

14:00etan. Bazkaria.

16:00etatik aurrera. Napoka Iria, Petti eta Morau.

18:00etan. Gose.