Sailkatugabeak

HARRIARI LOTUTAKO BIZIPENEN ERAKUSLE

Donostiako San Telmo museoko Harrijasotzaile: harriaren indarra erakusketak harria gertutik ezagutzen duen emakume bat izango du bihar gidari: Idoia Etxeberria. Bere bizipenen berri emango du 12:00etatik aurrera, eta, ondoren, erakustaldi bat egingo d...

Baserriko produktuak, eskura

Baserrietan ekoizten diren produktuak merkaturatu eta horiek identifikatzeko, Bertatik Bertara proiektua sortu dute Goierrin, eta Ormaiztegiko, Gabiriako, Ezkio-Itsasoko, Legazpiko, Zumarragako eta Urretxuko udalek, baserritarrek eta merkatariek bat e...

Euskal Jaia, lehenengoz

Euskal JaiaIruraAurten, lehenengoz, Euskal Jaia antolatu dute Irurako ikastolak eta herriko jai batzordeak, udalaren laguntzarekin. Horrela, urtero egin ohi duten garagardo azoka euskal festarekin ordezkatuko dute. Martxan da jaia atzotik, eta igander...

“Babes sare soziala asko ahuldu da”

Iaz jasotako datuekin, herrialdeko gizartearen egungo egoeraren argazki bat osatu du Gipuzkoako Caritasek. Oraintsu arte laguntza behar larriagoa izan duten kolektiboetako pertsonekin batera, beste talde batzuetako gero eta jende gehiagok jo du elizbarrutiaren elkartera. 2011n baino 5.000 pertsona gehiagori eskaini zien babesa iaz. Datu horiei eta egungo "krisi" egoerari buruz hitz egin du Kontxi Elexpe Gipuzkoako Caritaseko administratzaileak (Irura, 1966). 25 bat urte daramatza elkartean lanean, eta "errealitatea nola aldatzen ari den konturatzeko moduan" dago.

Zein zerbitzu eskaintzen ditu Caritasek?

Bi zatitan banatu genitzake. Batetik, Gipuzkoa osoan parrokiatan banatuta gaude. Hor egiten zaie lehenengo harrera: zer behar duten, zein arazo dituzten, zergatik etortzen diren... Atzetik dagoen arazoa zein den ikustea ere bada egitekoa. Askotan, diru laguntza eskatu dezakete, baina haratago joaten gara, ikusteko zeintzuk diren arazoaren eragileak. Hor 20.000 pertsona inguru izan ditugu. Bestetik, zerbitzuak daude: tailer okupazionalak, hiesa daukatenentzako aterpe zentroak, Hotzaldi neguko hotzetik babesteko irekitzen dugun zerbitzua... Horietan, 8.300 izan dira artatuak.

Aipatu zenitzake iazko datu esanguratsuenak?

2012. urtean gurekin izan diren pertsonak 29.081 izan dira, aurreko urtean baino 5.000 gehiago. Azpimarratzekoa da profil aldaketa. Azken urte hauetan, lehendik ere zetozenez gain, bertako jende gehiago dator. Zeintzuk? Umeak euren kargu dituzten ama bakarrak; haurrak dauzkaten bikote gazteak eta langabezia egoera dela-eta zailtasunak dituztenak; kide guztiak langabezian dituzten eta hilaren bukaerara iristen ez diren familiak; langabezian urte asko daramatenak; etorkinak...

Erreferentea da Caritas?

Errazagoa da Caritas erreferentea izatea etorkinentzat edo oso kalekoak diren pertsonentzat. Hemengo pertsonei gogorra egiten zaie Caritasera etortzea: baliabide eta sare guztiak bukatzen dituzte gugana jo aurretik. Hemengo jendeak askotan esaten du: 'Ni nola joango naiz Caritasera? Laguntza hori beste batzuek behar dute, oso gaizki daudenek'. Guk nahiko genuke pentsatzeko modu hori daukatenak ere gerturatzea. Diru iturri dezente ditugu, Gipuzkoa ahalegin guztia egiten ari da diru iturrietan. Gu ez gaude diru hori jasotzeko eta edukitzeko; diru hori banatzeko gaude.

Zeintzuk dira diru iturri horiek?

Gabonetan deialdi berezi bat egin genuen, eta izugarrizko arrakasta eduki zuen. Horrek ekarri du ia milioi bat euroko aldea aurreko urtearekiko. 2006an krisia hasi zenetik 2012. urtera, ia bi milioi euroko igoerarekin gabiltza dohaintza arruntetan; hau da, bazkideak, enpresak eta bestelako egitasmoak kontatu gabe.

Zein egitasmo dira horiek?

Egitasmo asko egon dira. Adibidez, enpresa batzuek esan digute: 'Guk aurten hau egin beharrean, diru hau zuei eskaintzen dizuegu'. Beste batzuek zera esan dute: 'Herri lasterketa bat egin behar dugu, eta izen emate bakoitzeko euro bat zuei emango dizuegu'.

Egoeraren erantzuleei dagokienez, kontzientziazio lanik egiten al duzue?

Gipuzkoako Caritas gisa ez dugu salaketa askorik egiten. Baina bai Euskadiko Caritasek eta bai Espainiako estatuko federazioak. Behatokiak dauzkate ikusteko zein den errealitatea eta nondik datorren. Hor salaketa handiak egiten dira. Eta ez bakarrik salaketak; alternatibak ematen dira. Foessa informean —bazterketari eta garapen sozialari buruzko Espainiako agiria da Foessa—, arazoak identifikatu eta proposamenak egiten dira: enplegu alternatibak, prestakuntza alternatibak... Guretzat oso garrantzitsua da prestakuntza, eta momentu honetan, dena kendu da. Hori guretzat kalte handia izan da.

Eta prebentzio lanik egiten al da?

Boluntarioek izugarrizko lana egiten dute. Ia mila boluntario daude Gipuzkoan. Oso garrantzitsua da horien testigantza. Askotan, horiek dira gure begiak, eta horrela badakigu zein erantzun eman edo nondik jo.

Babes sare sozialak, baldin badaude, mantentzen al dira?

Hemengoek badaukate sarea, baina ahultzen ari da nabarmen. Krisian, familia izugarrizko babesa izan da; etorkinek ez daukate horrelakorik. Horrek adore falta handia dakar. Ez da bakarrik ekonomikoa, gogo aldartearena ere bada, eta babes hori amaitzen ari da, ahultzen.

Instituzioei zein dei zabalduko zenieke?

Erakundeei eskatuko nieke ez murrizteko laguntza sozialak. Behar dutenei kentzen badiegu, okerrago gelditzen gara. Etxegabetzeei dagokienez, apustu sendoak egin ditzatela. Pertsona bat etxerik gabe gelditzen denean, bizitza guztia desegituratzen zaio. Bestetik, kalean pertsona asko daude osasun mentalari dagozkion gaixotasunekin, eta horiei bizi-kalitatea hobetzeko eskatuko nieke, Osakidetzarekin koordinazioa hobetzeko. Duela urte batzuetatik badaukagu hitzarmen bat sinatuta erakundeekin. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin izandako harremana oso ona da, eta harreman horri eusten diogu. Esan behar da horrekin guztiarekin gure jarduera ekonomiko osoa zortzi milioi eurokoa dela; %30 da erakunde publikoetakoa, aldundiarena, alegia.

Eta gizarteari?

Gizartea solidarioa da, berez. Baina besteen arazoekiko sentsibilizazioa eskatuko nioke, norbera aurkitu baitaiteke egoera berean.

Beste eragile batzuekin ba al duzue harremanik?

Caritas sartuta dago hirugarren sektoreko sare guztian; esaterako, Hedatzen Gipuzkoako Gizarte Ekimen eta Esku-Hartzerako Entitateen Elkartean gaude.

Motorrik gabeko garraiorantz

Motorrik gabeko mugikortasun iraunkor baterako bidean, bizikletaren erabilera sustatzeko urrats bat gehiago egin zuten Gipuzkoako Batzar Nagusiek joan den ekainaren 5ean: Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Plana (LAP) jasotzen duen foru araua onartu zuten alderdi guztiek aho batez. Bizikletaren erabilera sustatzea da planaren helburua; baina, batez ere, bizikleta eguneroko joan-etorrietarako erabiltzea nahi dute. "Gipuzkoak dituen ezaugarriekin, bost kilometroko distantzietan motordun ibilgailuen alternatiba erreala da bizikleta; distantzia horretan egoten dira herriak, industria poligonoak eta baita ikasteko lekuak ere", azaldu du Unai Erroitzenea aldundiko mugikortasun arloko zuzendariak.

Lurralde guztirako oinarrizko bizikleta bideen sarea jaso dute egitasmoan; helburuak, ezaugarriak eta jarduera programak zehaztu dituzte. Azpiegitura horiek egiteko epeak ezarri dituzte; lehentasunen arabera, bide batzuk hurrengo lau urteetan egitea aurreikusten dute, eta beste batzuk, berriz, zortzi urte baino lehen. Dena den, badira zortzi urte barru berrikusteko utzi dituzten ibilbideak ere, "bidea nondik izango den erabat definituta ez dagoelako edo bestelako zailtasunak daudelako". Proiektuen epeez gain, laurteko bakoitzean bidegorrien sarean aldundiak egin beharreko inbertsioak ere zehazten ditu foru arauak.

Mugikortasun irizpideen arabera erabaki dute zeintzuk izango duten lehentasuna: "Eguneroko joan-etorrietarako erabilgarriak diren zatiei eman diegu lehentasuna; bizikleta lanerako, ikastera joateko eta eguneroko zereginetarako erabiltzea nahi baitugu". Hiri barneetako bideez gain, elkarrengandik gertu dauden herriak lotzea da garrantzitsua: "Horietan, bizikleta oso erabilgarria da. Errepideetatik ibilgailuak ateratzea eta mugikortasun kultura aldatzea denontzat onuragarria da".

Guztira, bederatzi ibilbidetako proiektua dago Gipuzkoan; herrien arteko loturak ibilgailu motordunik gabe egiteko aukera emango dute; hau da, bizikletaz eta oinez. "Eskualdea egituratzeko azpiegiturak dira; funtzio soziala betetzen dute". Guztira, 439,1 kilometroko oinarrizko bidegorri sarea dago aurreikusita Gipuzkoan; oraindik, 262,3 kilometro daude egiteko,%59.

Udalekin elkarlanean

Gipuzkoako oinarrizko bidegorri sarean, herri arteko ibilbideak bakarrik egiten ditu aldundiak; herri barneko sarea udalen eskumena da. Ondorioz, bizikleta bideen artean, oinarrizko foru sarea eta oinarrizko udal sarea bereizten dituzte. Udal sareko 74,4 kilometro burutu dituzte, eta 75,9 kilometro daude egiteko. Foru sareari dagokionez, 102,4 kilometro daude amaituta, eta plangintzaren arabera, beste 186,4 kilometro egingo dituzte datozen urteetan. Batzar Nagusietan onartutako egitasmoa bete beharrekoa da aldundiarentzat, baina udalentzat gomendiozkoa da. Udalekin koordinazioan lan egin behar dela uste du Erroitzeneak. "Elkarlana beharrezkoa da bi sareen arteko loturak ondo egiteko. Ez du zentzurik guk herri arteko bidegorria egitea eta gero horren lotura den herri barneko bidea egin gabe egotea. Udalei ere urratsak egitea eskatzen diegu".

Plana behin betiko hil honetan onartu duten arren, zazpi urte lehenago hasi zen prozesua. "Bitartean, parte hartzeko hainbat gune izan ditugu udalekin, garapen agentziekin eta baita bizikletaren inguruko eragileekin ere". Dokumentuko irizpide eta lehentasunak kontuan hartuta egin dituzte orain arteko ibilbideak ere.

Aurten, bi bidegorri inauguratu dituzte: Arrasate eta Oñati artekoa da bat; Urnieta eta Andoain arteko zati bat da bestea. Andoain eta Sorabilla auzoaren artean ere lanean ari dira. Zumaia-Narrondo eta Hernaniko Karabel-Portu ingurukoak izango dira hurrengo proiektuak. "Diru kopuru xumea eskatzen duten proiektuak dira; hemendik urte bukaera arte dugun aurrekontuarekin horiek egin ditzakegu". Datorren urte hasieran, berriz, Ordizia-Itsasondo bidegorria abian jartzea aurreikusten dute.

Inbertsioen menpe

Planean hemendik lau urtera egin beharrekoa zehazten den arren, horrek inbertsio bat eskatzen du. Egungo egoera ekonomikoak inbertsio horiek zenbateraino baldintzatuko dituen beldurra badago: "Ikusi beharko da urtero gai garen planean zehaztutako inbertsioak egiteko. Dena den, aldundiaren lehentasuna da mugikortasun iraunkorra bultzatzea; beraz, aurrekontuetan ere isla izan beharko luke".

Azpiegituretatik harago, bizikletaren erabilera sustatzea ere bada planaren helburua: "Gipuzkoako bizikletaren estrategia garatu behar da. Epe motzean, aholkularitza kontratu bat aterako dugu; bizikletaren estrategia garatu beharko du, hainbat eragilerekin elkarlanean, prozesu parte hartzaile baten bidez. Jarraitu beharreko politikak eta bizikleta sustatzeko tresnak definituko ditu. Zortzi urterako estrategia izango da".

Bizikleta sustatzeko ahalegin horretan, bizikletaren erabilera dagoeneko handitzen ari da. Horrela ondorioztatu dute azken urteetako datuek. Aldundiak hainbat bidegorritan kontagailuak jarri ditu, eta urtero ateratzen dituzte bide horien erabilera txostenak. Inkestak ere egiten dituzte erabiltzaileen artean, bidegorriak zertarako erabiltzen dituzten jakiteko. "Tresna garrantzitsua da guretzat, politikak eta helburuak zehazteko".

Oinezkoentzat eta bizikletentzat prestatuta daude bidegorri gehienak, baina oinezko erabiltzaileak txirrindulariak baino gehiago dira. "Kasu gutxi batzuetan, ibilgailuak ere pasatzen dira bide horietatik, baserri bideetan eta horrelakoetan". Iazko datuen arabera, bidegorrien erabiltzaileen %26 txirrindulariak dira, eta %74, oinezkoak. Oinezkoek, gehienbat, aisialdian erabiltzen dituzte bide horiek; oinezkoen %70ek. Txirrindularien artean, berriz, %46k eguneroko joan-etorrietarako erabiltzen dituzte bidegorriak: lanera edo ikastera joateko edo eguneroko bestelako zereginetarako.

Onura ekonomikoak

Era batera edo bestera, bizikletaren abantailak kontaezinak dira. "Modu iraunkorrean mugitzeko aukera emateaz gain, ibilgailuak errepidetik aterata ingurumenean ere eragin onuragarria du. Osasun aldetik ere kirola bultzatzen du. Erabiltzaileentzat onura ekonomikoak ere badauzka, merkeagoa baita".

Mugikortasun iraunkorrerako bidean, garraio publikoa bezain "garrantzitsuak" dira bizikleta bideak Erroitzenearentzat. "Horrela mugitzera ohituago dauden herriak badaude; guri ere ohitura eta kultura aldaketa eskatuko digu". Donostian eta herri handietan ere bizikletarako joera handiagoa ikusten du. "Bizikleta sustatzean, ez dira bakarrik azpiegiturak jarri behar; ibilgailuei oztopoak jartzea ere eskatzen du, jendea horrela mugikortasun iraunkorreko ohituretara bideratzeko".

Esker onaren esker onez

Beste igande bat da, baina ez bat gehiago. Beste igande bat Aiako Andatza auzoan, igande euritsua baina hunkigarria, hainbaten begietan euri tantak negar malkoekin nahasterainokoa. Astero-astero dantzan jartzen diren hamarnaka oinak bikoiztu edo hirukoiztu egin dira; guztia, Aristerrazuko erromeriari leialak diren horien omenez. Eguraldia petralduta esnatu bada ere, auzora iristerako nabari da gaur ere ez dutela hutsik egin. Autoak marra zurietatik kanpo, inprobisatutako aparkalekuak eta trikiti doinuak plaza aldetik. Jendetza batu zuen igandean Andatza erromeria elkarteak antolatutako festak. Esker ona bikoitza izan zen: antolatzaileek zaleei, eta zaleek prestaketetan aritzen direnei.

"Benetan merezi dute omenaldia, euritan ere beraiek dira dantzan ari direnak". Hala mintzo da Iosu Arrizabalaga Izer; trikitilari eta erromeriazale izateaz gain, omenaldian laguntzaile dabil. Ondo baino hobeto ezagutzen du Aristerrazuko erromeria. Igandero joaten da normalean, soinua jotzera ez bada, erromeriaz gozatzera. "Etxe bat", "familia bat" da harentzat jaieroko martxan han sortutakoa. Azalpenak eman bitartean, plazako oholtza gainetik igarotzen jarraitzen dute trikitilari eta pandero jotzaileek, txandaka-txandaka; hirurogeiren bat izango dira egun osoan. Tartean, erromeriazaleen omenez ondutako doinua entzungai. Zirimiriaren pean osatu da dantzarako taldea, eta, inguruan, aterkien errenkada.

Eguerditik jai giroan dabiltza hara eta hona. Euritik babesteko aterpean bildu dira asko arratsalde partean; beterik dago taberna ingurua. Oholtzatik jaisten doazen heinean, agertuz doaz musikariak ere, jan-edanen berora. "Dantzarako gogoz dago jendea, baina...". Guztiek dute eguraldia hizpide. Hala ere, dantzarako ez ezik, berriketarako elkargune ere izaten ari da eguna. Aspaldiko —eta ez hain aspaldiko— garaiak gogoan dituzte uralitaren azpian daudenek. Erromeriazaleen omenezko plaka jarri dute han, argazkiz osatutako mosaiko itxurako bat ondoko paretan, eta egunerako propio jarritako pantaila batean, irudi gehiago: jaiero ateratako argazkiak. Jende ugari dabil haiei begira, euren burua noiz ikusiko zain.

Hizketaldi eta trago artean hasi da inguruan zirkulu bat irekitzen. Juani Iriondo eta haren kuadrilla dira erromeriaren jarraitzaile finenetako batzuk. "Ia igandero etortzen gara hamalau laguneko kuadrilla; dantza egin, eta gero hemen afaltzen dugu". Mendarokoa da Iriondo, eta Azpeitiko taldea du lagun. "Zoragarria" deritzo Andatzak antolatutako jaiari, eta euria egitea "lastima" bada ere, hori ez da geldirik geratzeko aitzakia: "Hasi egin behar lekua egiten!". Eta hasi dira. Hasi dira oinak dantzatzen; banaka lehenik, bikoteka gerritik helduta ondoren. Aristerrazuko esentzia, bete-betean.

Gainerakoei, dantzan egitea kosta. Izerrek bazekien erromeriazaleak ez direla hain erraz kikiltzen. "Hauei ez zaie kostatzen, hauek beste batzuk bultzatzen dituzte, eta guretzat babes handia dira". Dantzari eta musikariek zalea dute lagun; zaleak dantza eta musika behar ditu gertu. Hori dela eta, omenaldia ez dute soilik ausartenei eskertzeko baliatu. Jende asko hurbiltzen da dantzara, baina beste horrenbeste elkartzen da bazterretik begiratzera. Izerri aitortutakoa da honako hau: autoan gidari etorritako bat autotik bertatik entzutera geratutakoa da, "agian ausartzen ez zelako edo".

Iluntzen hastear da, eta ez dirudi plazaren bueltan etxerako presarik dagoenik; afaritarako garaia dantzaldiaren lagun banaezina da Aristerrazun.

Azken saioa, etzi

Amaitzear da Aristerrazun iganderoko jarduna; hilaren 16an, igandean, Izer eta Alabierrek egingo diote ongietorria udari, dozenaka erromeriazaleren babesean. Urrian itzuliko dira, hirurogei urtetan baino gehiagotan bildutako bizipen eta istorioak pilatzen jarraitzeko. Udan, ordea, ez da atsedenik erromeriazale nekaezinentzat: gogotsu dira edozein herritako plaza dantzan jartzeko.

3

Metalgintzan deitutako greba egunak. CCOO, LAB eta UGT sindikatuek hiru eguneko grebara deitu dute Gipuzkoan, sektoreko hitzarmenaren alde. Hilaren 17, 19 eta 21erako deitu dute lanuztera.