Motorrik gabeko mugikortasun iraunkor baterako bidean, bizikletaren erabilera sustatzeko urrats bat gehiago egin zuten Gipuzkoako Batzar Nagusiek joan den ekainaren 5ean: Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Plana (LAP) jasotzen duen foru araua onartu zuten alderdi guztiek aho batez. Bizikletaren erabilera sustatzea da planaren helburua; baina, batez ere, bizikleta eguneroko joan-etorrietarako erabiltzea nahi dute. "Gipuzkoak dituen ezaugarriekin, bost kilometroko distantzietan motordun ibilgailuen alternatiba erreala da bizikleta; distantzia horretan egoten dira herriak, industria poligonoak eta baita ikasteko lekuak ere", azaldu du Unai Erroitzenea aldundiko mugikortasun arloko zuzendariak.
Lurralde guztirako oinarrizko bizikleta bideen sarea jaso dute egitasmoan; helburuak, ezaugarriak eta jarduera programak zehaztu dituzte. Azpiegitura horiek egiteko epeak ezarri dituzte; lehentasunen arabera, bide batzuk hurrengo lau urteetan egitea aurreikusten dute, eta beste batzuk, berriz, zortzi urte baino lehen. Dena den, badira zortzi urte barru berrikusteko utzi dituzten ibilbideak ere, "bidea nondik izango den erabat definituta ez dagoelako edo bestelako zailtasunak daudelako". Proiektuen epeez gain, laurteko bakoitzean bidegorrien sarean aldundiak egin beharreko inbertsioak ere zehazten ditu foru arauak.
Mugikortasun irizpideen arabera erabaki dute zeintzuk izango duten lehentasuna: "Eguneroko joan-etorrietarako erabilgarriak diren zatiei eman diegu lehentasuna; bizikleta lanerako, ikastera joateko eta eguneroko zereginetarako erabiltzea nahi baitugu". Hiri barneetako bideez gain, elkarrengandik gertu dauden herriak lotzea da garrantzitsua: "Horietan, bizikleta oso erabilgarria da. Errepideetatik ibilgailuak ateratzea eta mugikortasun kultura aldatzea denontzat onuragarria da".
Guztira, bederatzi ibilbidetako proiektua dago Gipuzkoan; herrien arteko loturak ibilgailu motordunik gabe egiteko aukera emango dute; hau da, bizikletaz eta oinez. "Eskualdea egituratzeko azpiegiturak dira; funtzio soziala betetzen dute". Guztira, 439,1 kilometroko oinarrizko bidegorri sarea dago aurreikusita Gipuzkoan; oraindik, 262,3 kilometro daude egiteko,%59.
Udalekin elkarlanean
Gipuzkoako oinarrizko bidegorri sarean, herri arteko ibilbideak bakarrik egiten ditu aldundiak; herri barneko sarea udalen eskumena da. Ondorioz, bizikleta bideen artean, oinarrizko foru sarea eta oinarrizko udal sarea bereizten dituzte. Udal sareko 74,4 kilometro burutu dituzte, eta 75,9 kilometro daude egiteko. Foru sareari dagokionez, 102,4 kilometro daude amaituta, eta plangintzaren arabera, beste 186,4 kilometro egingo dituzte datozen urteetan. Batzar Nagusietan onartutako egitasmoa bete beharrekoa da aldundiarentzat, baina udalentzat gomendiozkoa da. Udalekin koordinazioan lan egin behar dela uste du Erroitzeneak. "Elkarlana beharrezkoa da bi sareen arteko loturak ondo egiteko. Ez du zentzurik guk herri arteko bidegorria egitea eta gero horren lotura den herri barneko bidea egin gabe egotea. Udalei ere urratsak egitea eskatzen diegu".
Plana behin betiko hil honetan onartu duten arren, zazpi urte lehenago hasi zen prozesua. "Bitartean, parte hartzeko hainbat gune izan ditugu udalekin, garapen agentziekin eta baita bizikletaren inguruko eragileekin ere". Dokumentuko irizpide eta lehentasunak kontuan hartuta egin dituzte orain arteko ibilbideak ere.
Aurten, bi bidegorri inauguratu dituzte: Arrasate eta Oñati artekoa da bat; Urnieta eta Andoain arteko zati bat da bestea. Andoain eta Sorabilla auzoaren artean ere lanean ari dira. Zumaia-Narrondo eta Hernaniko Karabel-Portu ingurukoak izango dira hurrengo proiektuak. "Diru kopuru xumea eskatzen duten proiektuak dira; hemendik urte bukaera arte dugun aurrekontuarekin horiek egin ditzakegu". Datorren urte hasieran, berriz, Ordizia-Itsasondo bidegorria abian jartzea aurreikusten dute.
Inbertsioen menpe
Planean hemendik lau urtera egin beharrekoa zehazten den arren, horrek inbertsio bat eskatzen du. Egungo egoera ekonomikoak inbertsio horiek zenbateraino baldintzatuko dituen beldurra badago: "Ikusi beharko da urtero gai garen planean zehaztutako inbertsioak egiteko. Dena den, aldundiaren lehentasuna da mugikortasun iraunkorra bultzatzea; beraz, aurrekontuetan ere isla izan beharko luke".
Azpiegituretatik harago, bizikletaren erabilera sustatzea ere bada planaren helburua: "Gipuzkoako bizikletaren estrategia garatu behar da. Epe motzean, aholkularitza kontratu bat aterako dugu; bizikletaren estrategia garatu beharko du, hainbat eragilerekin elkarlanean, prozesu parte hartzaile baten bidez. Jarraitu beharreko politikak eta bizikleta sustatzeko tresnak definituko ditu. Zortzi urterako estrategia izango da".
Bizikleta sustatzeko ahalegin horretan, bizikletaren erabilera dagoeneko handitzen ari da. Horrela ondorioztatu dute azken urteetako datuek. Aldundiak hainbat bidegorritan kontagailuak jarri ditu, eta urtero ateratzen dituzte bide horien erabilera txostenak. Inkestak ere egiten dituzte erabiltzaileen artean, bidegorriak zertarako erabiltzen dituzten jakiteko. "Tresna garrantzitsua da guretzat, politikak eta helburuak zehazteko".
Oinezkoentzat eta bizikletentzat prestatuta daude bidegorri gehienak, baina oinezko erabiltzaileak txirrindulariak baino gehiago dira. "Kasu gutxi batzuetan, ibilgailuak ere pasatzen dira bide horietatik, baserri bideetan eta horrelakoetan". Iazko datuen arabera, bidegorrien erabiltzaileen %26 txirrindulariak dira, eta %74, oinezkoak. Oinezkoek, gehienbat, aisialdian erabiltzen dituzte bide horiek; oinezkoen %70ek. Txirrindularien artean, berriz, %46k eguneroko joan-etorrietarako erabiltzen dituzte bidegorriak: lanera edo ikastera joateko edo eguneroko bestelako zereginetarako.
Onura ekonomikoak
Era batera edo bestera, bizikletaren abantailak kontaezinak dira. "Modu iraunkorrean mugitzeko aukera emateaz gain, ibilgailuak errepidetik aterata ingurumenean ere eragin onuragarria du. Osasun aldetik ere kirola bultzatzen du. Erabiltzaileentzat onura ekonomikoak ere badauzka, merkeagoa baita".
Mugikortasun iraunkorrerako bidean, garraio publikoa bezain "garrantzitsuak" dira bizikleta bideak Erroitzenearentzat. "Horrela mugitzera ohituago dauden herriak badaude; guri ere ohitura eta kultura aldaketa eskatuko digu". Donostian eta herri handietan ere bizikletarako joera handiagoa ikusten du. "Bizikleta sustatzean, ez dira bakarrik azpiegiturak jarri behar; ibilgailuei oztopoak jartzea ere eskatzen du, jendea horrela mugikortasun iraunkorreko ohituretara bideratzeko".