Sailkatugabeak

Iraganeko erronka baten itzalean

Hirurogei urte egin behar da atzera Ordiziako herria eta Txindoki mendia joan-etorrian lotzeko egin zen lehen ahaleginari buruz hitz egiteko. Pedro Aierbek Juan Jose Rezola itsasondoarrari erronka bota zion, ezetz ibilbide hori hiru orduren azpitik egin. Rezolak erronka onartu zuen. Txuleta bat zegoen jokoan. 1953ko irailaren 6a zen. Juanito Ormazabal senidea lagun zuela abiatu zen Rezola, 08:00etan. Jendez gainezka zegoen Ordiziako Gudarien Etorbidea. Larraitzera bizikletarekin igotzeko 22.30 minutuko denbora behar izan zuen; Txindokira korrika igotzen 48 minutu, jaisten 18; eta Ordiziara bizikletaz itzultzen 13.30. Denera, ordubete eta 42 minutu. Apustua, bistan denez, Rezolak irabazi zuen. 46 urte zituen, 170 zentimetroko garaiera eta 48 kiloko pisua. Hilaren 15ean gogora ekarriko dute balentria hura Ordizia-Txindoki-Ordizia duatloiarekin, baita gero Iñaki Maiorak egindakoa ere.

Rezolaren balentriaren ondoren, askok eta askok egin zuten Itsasondokoaren marka ontzeko ahalegina; hori bai, isilpean. Hogeita bost urte geroago, Iñaki Maiora txirrindulariak (Ormaiztegi, 1954) heldu zion erronkari. Profesionaletako lehen urtean, 1975. urtean, Ordizian jokatu zen Espainiako Ziklo-Kros txapelketa, eta hirugarren sailkatu zen; Rezolaren marka ontzeko desafioari baietza eman zionean, berriz, Kas talde ezagunean ari zen.

"Inguruak bultzatutako kontu bat izan zen. Orduan, gure garaiko giroa kirola zen, kirola eta mendia. Goierri eskolan ikasi nuen, Ordizian, eta orduan sortu zen eztabaida kuadrillan, Rezolak egindako marka nik hobetu nezakeela, ez nezakeela...". Ziklo-krosa zen haren kirola, eta neguko denboraldia prestatzeko proba hori egitea ondo letorkiokeela pentsatuta, aurrera egitea erabaki zuen.

"Txapel-Gorri elkarteko Sanz eta Etxebarrietarrekin harremana banuen; proba egin nahi nuela esan nien, eta ea haiek lagunduko ote zidaten galdetu nien. Haiek prest zeuden, eta haien ilusioak eta nireak bat egin zuten".

Uda baliatu zuen prestaketa egiteko. Partzialak egin zituen lehendabizi, eta nabarmendu du ibilbide osoa erronka baino astebete lehenago soilik egin zuela. 1978ko irailaren 24a izan zen eguna. Han azaldu zen Maiora Ordiziako Olano tabernaren parera, praka motz urdinak eta Bai Euskarari lelodun elastikoa soinean, eta oinetako eta eskularru parea jantzita, "bizikletari eta harkaitzei heltzeko". Jose Mari Riaño —autoarekin— eta Angel Mari Mujika Etxabu lehengusua izan zituen laguntzaile. Ordiziako Gudarien Etorbidea jendez gainezka zegoela abiatu zen, 09:00etan.

Larraitz barrenera iristeko 17.54 minutuko denbora behar izan zuen; Txindokira 41 minutu eta 43 segundoan igo zen; jaitsi 15 minutu eta 13 segundoan; eta Ordiziara bizikletaz 11 minutu eta 38 segundoan. Azken denbora: 1.26.28, Rezolak baino 16 minutu gutxiago. "Zaldibiatik Ordiziarako tartea izan zen niretzat okerrena, bete-bete eginda nindoan. Gainera, beherakoan tatxetak ere bota zituzten errepidera —apustuak egindako jendeak seguru asko—, baina nik ez nuen zulaturik izan".

Marka onduz gero, penarik ez

Apustu asko jokatu ziren garai hartan, eta, Maiorak dioenez, Ormaiztegi aldean ere izan zen "diru dezente irabazitako" jenderik. "Guk ez genuen ezer jokoan, eta nire kirol bizitzan ere ez dut apusturik egin. Hori bai, lauzpabost kilo galdu nituen proba horretan, eta argi esan dezaket nire kirol bizitzako esfortzurik handiena orduan egin genuela". Oraindik ere jende askok gogorarazten dio balentria hura Maiorari. Bihar zortziko duatloian norbaitek bere marka ontzea gustatuko litzaiokeela dio. "Inori ez zaio gustatzen norberaren markak haustea, baina 35 urte dira, eta egiten duenari nik emango diot lehen besarkada". Gakoa gorakoan denbora irabaztea izango da.

Pertsonengan oinarritutako Donostia nahi du udalak

Donostiako Udalean bi urtetan egindako lanarekin pozik agertu da Juan Karlos Izagirre alkatea. "108 milioi euro gutxiagoko aurrekontua dugu, eta, halere, aurreztea lortu dugu". Momentu onak eta txarrak bizi izan dituztela azaldu du: uholdeak eta "arra...

Bilduren aldundiko kudeaketa txarra salatu du oposizioak

Duela bi urte, 2011ko maiatzaren 22an, Bilduk irabazi zituen Gipuzkoako foru hauteskundeak, eta, hilabete geroago, Martin Garitano aukeratu zuten Gipuzkoako ahaldun nagusi Batzar Nagusietan. Beraz, laster bi urte beteko dira Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundiaren gidaritza hartu zuenetik. Gipuzkoako Hitza-ri azaldu diotenez, ia alderdi guztiak ados daude testuinguru ekonomiko zaila izan duela foru gobernuak; dena den, bi urte hauetako lanaren balantze desberdina egin dute batzuek eta besteek.

IDOIA ORMAZABAL

Bilduren bozeramailea Batzar Nagusietan

"Kudeaketa publikoa beste modu batera egin daitekeela erakutsi du Bilduk"

Egoera ekonomiko eta sozialari dagokionez, "bi urte oso zail" izan direla azaldu du Idoia Ormazabalek, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Bilduren bozeramaileak. "Halere, kudeaketa publikoa beste modu batera egin daitekeela erakutsi du Bilduk, herritarrak erdigunean jarrita". Desberdinen arteko akordioak lortzeko gaitasuna dutela uste du Ormazabalek: "Aurrekontuetan, zerga sisteman eta gizarte politikako gaietan ikusi da hori". Ekonomia eta enplegua bultzatzeko batzorde txostengilea ere jarri du adibidetzat. "Alderdi guztien babesa lortu zuen, PPrena izan ezik; baina, gero, PPk ere parte hartu du. Gipuzkoako berrogei eragileri entzun diegu ekonomian eta lan sorkuntzan ezarri beharreko politikei buruz". Izan ere, erakundeen kudeaketa herritarrei ireki behar zaiela pentsatzen du Ormazabalek: "Parte hartzeko bideak jarri, eta kudeaketa garden baterantz urratsak egin behar dira".

Bestalde, uste du "azpiegitura handien ereduari" balazta jarri diotela. "Eredu horrek hondamendira eta xahuketara eramango gintuzke. Ezkerreko politikak ezarri ditugu bai politika sozialean baita zerga sisteman ere; gehien duenak gehien ordain dezan". Etorkizunerako asko dago egiteko, eta abian jarritako ereduarekin jarraituko dute: "Iraunkorra, orekatua eta parte hartzailea".

MARKEL OLANO

EAJren bozeramailea Batzar Nagusietan

"Gobernatzeko moduan eta arlo ekonomikoan, Bilduren kudeaketa oso txarra izan da"

Bi urtetan Bilduren gobernuak "inposizioaren bidea" hartu duela uste du Markel Olano Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJren bozeramaileak. "Elkarrizketa gutxi izan da, eta, ahal duen neurrian, bere politikak inposatu ditu. Hori nabaritu da batez ere hondakinen kudeaketan. Politika egiteko modu bat da hori: edozein tresna baliagarria da helburu politiko bat lortzeko".

Egungo testuinguru ekonomiko larria ere aipatu du Olanok. "Bilduk ez du inolako ideiarik, proposamenik eta ekimenik; ekimen apurrak oposizioaren eskutik etorri dira, eta hori oso larria da. Hasieratik, ez da inolako plangintzarik jarri mahai gainean, eta horren ondorioa inprobisazioa izan da. Beraz, gobernatzeko moduan eta arlo ekonomikoan kudeaketa oso txarra izan da".

Ikuspegi demokratikotik, herritarren eta erakundeen iritzia errespetatzeko beharra azaldu du Olanok: "Batzar Nagusietan, esaterako, gehiengoa dagoenean errespetatu egin behar da; gutxieneko oinarri demokratikoa da, eta Bilduren gobernuak ez du betetzen. Elkarrizketa eta malgutasun gehiago behar dira gehiengo demokratikoarengana gerturatzeko". Hemendik aurrera ere aldundiaren politikak gertutik jarraituko dituzte: "Gaizki egiten dutenarekin zorrotzak izango gara, eta gure erakarpenak egingo ditugu, erantzukizunez jokatuz".

RAFAELA ROMERO

PSE-EEren eleduna Batzar Nagusietan

"Bildu jabetu da inposizioa ez dela bidea; gai gatazkatsuetan akordioak lortzea da onena"

Bilduren gobernuak bi urte hauetan egin duena baino gehiago egin zezakeela pentsatzen du Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusietako PSE-EEren bozeramaileak. "Bi urte pasa ditugu hondakinei buruz eztabaidan, eta orain alferrik jardun garela ikusi dugu; Gipuzkoako gehiengoak akordioa egin dezakegu birziklatze tasari buruz eta hondakinak biltzeko dauden moduei buruz". Errepideen finantzaketarekin gauza bera gertatu dela uste du: "Bidesaria jartzea aztertzen ari zirela esan digute, eta, azkenean, ez da ezer egongo". Alde horretatik, Bildura "arrazoibidea" iristea espero du: "Inoiz ez da berandu asmoa ona bada, eta Bildu jabetu da inposizioa ez dela bide onena Gipuzkoa bezain herrialde plurala gobernatzen denean; gai gatazkatsuetan akordioak lortzea da onena".

Egungo testuinguru politikoa ere aipatu du: "Indarkeriarik gabeko testuinguruan protagonismo handiagoa izan beharko luke Bilduk; beste aldekoengana hurbiltzen saiatu behar luke".

Dena den, lehentasuna egoera ekonomiko larria dela dio. "Horretan denok ados gaude. Langabezia tasa handitzen ari da, eta enpresa txiki eta ertainak itota daude. Hiru helburu nagusi ditugu: familia eta pertsonei laguntzea; lanpostuak sortzea eta enpresa txiki eta ertainei laguntzea; eta, azkenik, lan eremu berriak bilatzea. Hori onartu dugu ekonomia eta enplegua sustatzeko batzorde txostengilean".

JUAN CARLOS CANO

PPren bozeramailea Batzar Nagusietan

"Agenda politikotik dena baztertu dute, eta horren aurrean ez dute alternatibarik"

"Eredu sozioekonomiko berri baten izenean, orain arte alderdiek zituzten adostasun guztiekin hautsi dute". Horrela azaldu du Juan Carlos Canok, Gipuzkoako Batzar Nagusietako PPren bozeramaileak. "Dena suntsitu dutela diot, agenda politikotik dena zalantzan jarri edo baztertu egin dutelako. Baina horren aurrean ez dute alternatibarik, eta hori da larriena. Adibide bat jarriko dut: bi urtetan, garapen ekonomikorako foru aurrekontua %70 jaitsi da. Gipuzkoan, foru aurrekontuaren tresna daukagu, eta ez dute erabili etorkizunean inbertitzeko. Hori etorkizunean ordainduko dugu".

Zerga sisteman egin dituzten aldaketak ere gogor kritikatu ditu Canok: "Zerga bilketa Gipuzkoako enpresa txikien gainean ari dira jartzen; Europan hori egin duen lurralde bakarra da. Hazkunderako eta zerbitzu publikoak finantzatzeko bidea dira enpresak; PFEZ, BEZ eta sozietate zergaren bidez". Gipuzkoako etorkizuna jokoan jartzen ari direla uste du: "Ekintzailetzan eta pertsonek arriskuak hartzeko gaitasunean, Gipuzkoan liderrak izan gara, eta orain alor horietan trabak jartzen ari dira". Zerga sistemaz gain, arlo publiko eta pribatuaren arteko kolaboraziorik eza aipatu du: "Gizarte garatuenen arrakastaren giltza da, eta Bilduren gobernuak erabat ezabatu du".

Beste alderdien jarrera ere kritikatu du Canok: "PSE-EEk lagundu dio Bilduri zerga sisteman aldaketa horiek egiten. EAJ, berriz, foru gobernuari erasotzen jardun da, bere interesei begira. Gure lau batzarkideekin, hondar aleak jarriz arazoak konpontzen lagundu nahi dugu".

MAITE SARASUA

Aralarren eleduna Batzar Nagusietan

"Aldundiak ahalegin berezia egin du oposizioko taldeekin elkarlana bideratzeko"

Egun agintean dagoen aldundiari "inoizko legealdirik zailena" egokitu zaiola kontuan hartuta, positibotzat jo du orain arteko jarduna Maite Sarasuak, Aralarrek Gipuzkoako Batzar Nagusietan duen eledunak. Haren ustetan, "ahalegin berezia egin du oposizioko taldeekin elkarlana bideratzeko", eta nabarmendu du onartu diren foru arau guztiek gutxienez oposizioko bi talderen babesa izan dutela.

Bilduren gobernuak hiru arlotan egindako lana goraipatu du Sarasuak: zerga politikan, gizarte politikan eta bide azpiegituretan. Zerga politikan, EAJko gobernuen politika "atzerakoia" amaitu dela iritzi dio, eta oraindik egin beharreko "gauza asko" dauden arren, norabidea marraztuta dagoela uste du —errentaren gaineko zergaren erreformarekin eta iruzurraren aurkako neurriekin, esaterako—. Sarasuaren arabera, gizarte politikak murrizketatik "blindatu" ditu aldundiak, eta mendekotasunaren esparruan Espainiak ezarritako murrizketei aurre egin die. Bide azpiegituren arloan aldundia 900 milioi euroren zorra ordaintzeko egiten ari den esfortzua nabarmendu du, "herritarrak zigortu gabe", betiere.

Itxaropentsu agertu da Sarasua legealdia amaitu aurretik geratzen den denborarekin: "Oraindik bi urte falta dira, eta normalean azken bi urteak emankorrenak izan ohi dira". Uste du epe horretan enplegua eta garapen ekonomikoa sustatzearen alde egin beharko lukeela gobernuak. Aralarrek bide beretik jarraituko du, orain arteko helburuarekin: "Ezkerreko politikak bultzatzea eta krisia pairatzen ari diren langileen alde egitea".

‘ZERTARAKO HEGOAK’, BIRAREN AZKENETAN

Asteburua azken aukera izango da BERRIAren hamargarren urteurreneko biraren barnean Zertarako hegoak antzezlana ikusteko. Gaur, Elgoibarren ariko da Metrokoadroka taldea, Herri Antzokian, 20:30ean. Igandean, berriz, Donostian eskainiko dute emanaldia,...

Elkartasunaren ordezkariak

Udaro bezala, oporretan pentsatzen ibiliko dira hainbat euskal herritar, atzerrira egingo duten bidaian. Baina haien gogoetetan, ez da hondartza, mendi edo turismorik izango. Askapena mugimendu internazionalistaren brigaden bitartez, turistentzat idatzitako gidaliburuetatik at dauden errealitateak ezagutuko dituzte: urteetako zapalkuntzari aurre egiten ari zaizkion herriak, prozesu bolivartarrean buru-belarri dabiltzan komunitateak, elkartasun eta elkarlanean altxatu diren lantokiak... Euskal Herritik mundura, internazionalismoaren elkartasunaren eskutik.

Joan den azaroan, 25 urte bete zituen Askapenak; mende laurdena, internazionalismoa ikur gisa hartuta herrien arteko elkartasuna sustatzen. Urte horietan guztietan antolatu dituzte brigadak, eta aukera eman diete milaka euskal herritarri borrokan dauden herrien egunerokoa bertatik bertara ezagutzeko. Urteak pasatu ahala, aldatu egin dira helmugak, beti unean uneko beharretara eta errealitateetara egokituta. Prozesu sandinistak erakarrita, elkartasun uholdea sortu zen lehenengo urteetan; ez Nikaraguara soilik, baita Erdialdeko Amerikako beste hainbat herrialdetara ere. Zapatistak Mexikon matxinatu zirenean, urte batean ehun brigadista inguru joan ziren hara.

Argentina, Bolivia, Venezuela, Sahara eta Palestina izango dira uda honetako herrialdeak. Urtero, Euskal Herriak dituen beharrak eta nazioarteko egoera nolakoa den aztertzen dute brigadetako arduradunek, nora joan erabakitzeko. Aurten, egoera ekonomiko latzak bultzatuta, Argentinan langileek berek kudeatzen dituzten fabrikak ezagutuko dituzte. Venezuelan ere herritarrek auzolanean ateratako proiektuen berri izango dute. Bolivian, berriz, prozesu bolivartarra eta komunitate gutxituen arazoak eta nolakotasuna izango dituzte aztergai. Saharan eta Palestinan, ikusiko dute nola erantzuten duen herri batek zapalkuntzaren aurka.

Brigada bakoitzak errealitate desberdin bat ardatz duen moduan, brigadisten ezaugarriak ere desberdinak dira. Julen Zulaika Askapenaren brigadetako arduradunetako baten aburuz, "beste errealitate batzuk ezagutzeko gogoa behar da, jakin-mina". Denbora librea izatea ere ezinbestekoa da, gutxienez bizpahiru aste emango baitituzte atzerrian. Ez da gauza bera Palestinara joatea —"hizkuntza tarteko, ingelesez jakitea beharrezkoa da"— edo Boliviara —"euskal kultura ezagutzea, euskalduna izatea garrantzitsua da, han etniek pisu handia baitute"—.

Joan-etorriko prozesua

Brigadak lan tresna politiko garrantzitsu eta aberasgarritzat ditu Zulaikak, eta azaldu du atzerriko komunitateetara egindako bidaia brigadisten zereginen "hasiera" besterik ez dela; izan ere, "joan-etorriko" prozesu moduan ikusten ditu Askapenako kideak. "Norbera aberasteko balio dute brigadek, eta bertan jasotzen dugun esperientziaren motxila norberaren baitan ez geratzea planteatzen dugu, baizik eta ezagutza hori zabaltzea. Beti esaten dugu brigadisten lana itzultzean hasten dela". Urtero, Askapenak hainbat hitzaldi antolatzen ditu Euskal Herrian, atzerrian izan diren brigadistek ekarpenak egin eta hainbat eragileren artean bizi izandakoa plazaratu dezaten.

Argi du Zulaikak: "Internazionalismoa ez da balioetan geratzen den zerbait; herriok asko dugu elkarrengandik ikasteko". Haren ustez, brigaden helburu nagusia Euskal Herriari gainontzeko herrien ekarpena egitea da. Ekarri horretan, etorri izan dira atzerritik Euskal Herrira, parte hartu dute hainbat mobilizazio edo topaketatan. "Baina kanpoan ez dute lantzen brigada kontzeptu gisa, nahiz eta interesgarria izango litzatekeen. Brigada kontzeptua gehiago da gu joatea, haiek etortzea baino".

Urtero brigadista berriak bilatzeko arazorik ez dutela azaldu du: "Badago jakin-mina, gogoa; beste gizarte horiek ezagutzeko premia sumatzen da jendearengan". Urtarrilaren 15ean hasi zuten 2013ko kanpaina, martxorako hegazkineko txartelak hartzea komeni baita; bestela, horiek garestitu, edo bestelako eragozpenak izan daitezke. Aurten, 50 brigadistatik gora izango ditu Askapenak —20-25 Gipuzkoan—, eta horietako %80 gazteak dira.

Beste errealitate batzuk

Gazte horietako bat da Manex Mantxola, 21 urteko urretxuarra. Pare bat aste egingo du Saharan, eta gogotsu dago. Interesgarritzat du Askapenaren brigaden planteamendua, "herrialde baten errealitatea ezagutzeko bide aproposa" iruditzen baitzaio. Hala, eta bidaiaren xehetasunak guztiz zehaztu gabe dituzten arren, ezagutuko ditu, besteak beste, Aaiun hiria, unibertsitatea, Marokok eraikitako harresia, Tindufeko iheslari kanpamendua eta Saharako Emakume Taldea.

Amalur Alvarez da Gipuzkoako aurtengo beste brigadistetako bat; 25 urteko donostiar horrek "aspalditik" zuen brigadista joateko gogoa, eta aurrekoetan alde batera utzi ondoren, lehentasun gisa hartu du aurten. Palestinan izango da, hiru asterako. Biek aurretik zuten Askapenaren brigaden berri; ezagutzen zuten egitasmo horretako kide izandako jendea, eta haien testigantza nolabaiteko akuilu izan dute erabakia hartzeko garaian.

Saharako eta Palestinako errealitatea ezagutzeko "gogotsu" daude biak. Mantxolak dioenez, "Saharako herria ez da erraz makurtzen"; "zer ikusi eta zer ikasi" izango dutela uste du. Alvarezek badaki egoera "gogorrak" pasatuko dituela, baina badaki, era berean, "esperientzia oso aberasgarria" izan daitekeela. Harreman bizia izango dute; izan ere, hango errealitatea ezagutzeaz gain, Euskal Herrikoaren berri ere emango dute, "inori leziorik eman gabe". Brigadak, hain zuzen, antzekoak diren bi komunitateen arteko trukea baitira.

Alvarezek Askapenak emandako formazioa nabarmendu du. "Brigada bakoitzak, bere helmugaren inguruko prestakuntza emateaz gain, Euskal Herriaren inguruko ezagutza ere ematen digu, gure egoeraren berri emateko gai izan gaitezen". Askapenak garrantzi handia ematen dio bidaia aurreko prestakuntzari. Zulaikak azaldu duenez, Palestinari eta Saharari dagokienez, ez hainbeste, baina Hego Amerikako brigadistek elkarrizketa eta agerraldi ugari egiten dituzte hango hedabideetan, eta horretarako prest egon behar dute.

Mantxolak eta Alvarezek ez dute zalantzarik; oraindik Euskal Herrian dauden arren, brigadak gomendatuko lituzkete. Mantxolaren esanetan, norbait "turismoaz aspertu bada, eta bidaiatzeko gogoz badago, eraikin politak baino, nahiago badu esperientziak izan eta gauzak aldatzen hasi, izena eman beharko luke Askapenaren brigadetan". Alvarezen irudiko, "Askapenak lan bikaina egiten du; prestakuntza saioetara joate hutsak merezi du". Aurretik Askapenarekin izandako jendearen kontakizunek animatu dute donostiarra behin betiko pausoa ematera, eta, horregatik, bueltan "hitz ederragoak eta osatuagoak" izango dituela uste du.

Izan ere, Zulaikak arestian azaldu duenez, brigadisten zeregina itzultzean hasten da. Orduan bihurtuko dira elkartasunaren ordezkari. Haien hitzak lagungarri izango dira hurrengo urtean beste hainbeste brigadista egon daitezen. Ahoz aho, elkartasunaren haria eten gabe.

%56,35

Zahar etxeetan akordioa lortu duten langileak. Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileen %56,35ek akordio bat egin dute enpresarekin, ELAk igandean emandako datuen arabera. Azken hitzarmenak Villabona, Oñati, Zestoa eta Donostiako lau egoitzatan lortu dituzte. Maiatzaren 13an hasi zuten greba mugagabea sektoreko langileek.

Auzoa, dantzarako gune

DantzaDonostiaDonostiako Egia auzoa hartuko du dantzak asteburuan. Kalera ez ezik, hainbat zentro eta tabernatara ere helduko da Dantzategia. Gaur eta bihar, zenbait dantza saio ikusteko aukera izango da auzoan.Lau dantzari eta koreografok parte hartu...