Sailkatugabeak

Elkartasunaren ordezkariak

Udaro bezala, oporretan pentsatzen ibiliko dira hainbat euskal herritar, atzerrira egingo duten bidaian. Baina haien gogoetetan, ez da hondartza, mendi edo turismorik izango. Askapena mugimendu internazionalistaren brigaden bitartez, turistentzat idatzitako gidaliburuetatik at dauden errealitateak ezagutuko dituzte: urteetako zapalkuntzari aurre egiten ari zaizkion herriak, prozesu bolivartarrean buru-belarri dabiltzan komunitateak, elkartasun eta elkarlanean altxatu diren lantokiak... Euskal Herritik mundura, internazionalismoaren elkartasunaren eskutik.

Joan den azaroan, 25 urte bete zituen Askapenak; mende laurdena, internazionalismoa ikur gisa hartuta herrien arteko elkartasuna sustatzen. Urte horietan guztietan antolatu dituzte brigadak, eta aukera eman diete milaka euskal herritarri borrokan dauden herrien egunerokoa bertatik bertara ezagutzeko. Urteak pasatu ahala, aldatu egin dira helmugak, beti unean uneko beharretara eta errealitateetara egokituta. Prozesu sandinistak erakarrita, elkartasun uholdea sortu zen lehenengo urteetan; ez Nikaraguara soilik, baita Erdialdeko Amerikako beste hainbat herrialdetara ere. Zapatistak Mexikon matxinatu zirenean, urte batean ehun brigadista inguru joan ziren hara.

Argentina, Bolivia, Venezuela, Sahara eta Palestina izango dira uda honetako herrialdeak. Urtero, Euskal Herriak dituen beharrak eta nazioarteko egoera nolakoa den aztertzen dute brigadetako arduradunek, nora joan erabakitzeko. Aurten, egoera ekonomiko latzak bultzatuta, Argentinan langileek berek kudeatzen dituzten fabrikak ezagutuko dituzte. Venezuelan ere herritarrek auzolanean ateratako proiektuen berri izango dute. Bolivian, berriz, prozesu bolivartarra eta komunitate gutxituen arazoak eta nolakotasuna izango dituzte aztergai. Saharan eta Palestinan, ikusiko dute nola erantzuten duen herri batek zapalkuntzaren aurka.

Brigada bakoitzak errealitate desberdin bat ardatz duen moduan, brigadisten ezaugarriak ere desberdinak dira. Julen Zulaika Askapenaren brigadetako arduradunetako baten aburuz, "beste errealitate batzuk ezagutzeko gogoa behar da, jakin-mina". Denbora librea izatea ere ezinbestekoa da, gutxienez bizpahiru aste emango baitituzte atzerrian. Ez da gauza bera Palestinara joatea —"hizkuntza tarteko, ingelesez jakitea beharrezkoa da"— edo Boliviara —"euskal kultura ezagutzea, euskalduna izatea garrantzitsua da, han etniek pisu handia baitute"—.

Joan-etorriko prozesua

Brigadak lan tresna politiko garrantzitsu eta aberasgarritzat ditu Zulaikak, eta azaldu du atzerriko komunitateetara egindako bidaia brigadisten zereginen "hasiera" besterik ez dela; izan ere, "joan-etorriko" prozesu moduan ikusten ditu Askapenako kideak. "Norbera aberasteko balio dute brigadek, eta bertan jasotzen dugun esperientziaren motxila norberaren baitan ez geratzea planteatzen dugu, baizik eta ezagutza hori zabaltzea. Beti esaten dugu brigadisten lana itzultzean hasten dela". Urtero, Askapenak hainbat hitzaldi antolatzen ditu Euskal Herrian, atzerrian izan diren brigadistek ekarpenak egin eta hainbat eragileren artean bizi izandakoa plazaratu dezaten.

Argi du Zulaikak: "Internazionalismoa ez da balioetan geratzen den zerbait; herriok asko dugu elkarrengandik ikasteko". Haren ustez, brigaden helburu nagusia Euskal Herriari gainontzeko herrien ekarpena egitea da. Ekarri horretan, etorri izan dira atzerritik Euskal Herrira, parte hartu dute hainbat mobilizazio edo topaketatan. "Baina kanpoan ez dute lantzen brigada kontzeptu gisa, nahiz eta interesgarria izango litzatekeen. Brigada kontzeptua gehiago da gu joatea, haiek etortzea baino".

Urtero brigadista berriak bilatzeko arazorik ez dutela azaldu du: "Badago jakin-mina, gogoa; beste gizarte horiek ezagutzeko premia sumatzen da jendearengan". Urtarrilaren 15ean hasi zuten 2013ko kanpaina, martxorako hegazkineko txartelak hartzea komeni baita; bestela, horiek garestitu, edo bestelako eragozpenak izan daitezke. Aurten, 50 brigadistatik gora izango ditu Askapenak —20-25 Gipuzkoan—, eta horietako %80 gazteak dira.

Beste errealitate batzuk

Gazte horietako bat da Manex Mantxola, 21 urteko urretxuarra. Pare bat aste egingo du Saharan, eta gogotsu dago. Interesgarritzat du Askapenaren brigaden planteamendua, "herrialde baten errealitatea ezagutzeko bide aproposa" iruditzen baitzaio. Hala, eta bidaiaren xehetasunak guztiz zehaztu gabe dituzten arren, ezagutuko ditu, besteak beste, Aaiun hiria, unibertsitatea, Marokok eraikitako harresia, Tindufeko iheslari kanpamendua eta Saharako Emakume Taldea.

Amalur Alvarez da Gipuzkoako aurtengo beste brigadistetako bat; 25 urteko donostiar horrek "aspalditik" zuen brigadista joateko gogoa, eta aurrekoetan alde batera utzi ondoren, lehentasun gisa hartu du aurten. Palestinan izango da, hiru asterako. Biek aurretik zuten Askapenaren brigaden berri; ezagutzen zuten egitasmo horretako kide izandako jendea, eta haien testigantza nolabaiteko akuilu izan dute erabakia hartzeko garaian.

Saharako eta Palestinako errealitatea ezagutzeko "gogotsu" daude biak. Mantxolak dioenez, "Saharako herria ez da erraz makurtzen"; "zer ikusi eta zer ikasi" izango dutela uste du. Alvarezek badaki egoera "gogorrak" pasatuko dituela, baina badaki, era berean, "esperientzia oso aberasgarria" izan daitekeela. Harreman bizia izango dute; izan ere, hango errealitatea ezagutzeaz gain, Euskal Herrikoaren berri ere emango dute, "inori leziorik eman gabe". Brigadak, hain zuzen, antzekoak diren bi komunitateen arteko trukea baitira.

Alvarezek Askapenak emandako formazioa nabarmendu du. "Brigada bakoitzak, bere helmugaren inguruko prestakuntza emateaz gain, Euskal Herriaren inguruko ezagutza ere ematen digu, gure egoeraren berri emateko gai izan gaitezen". Askapenak garrantzi handia ematen dio bidaia aurreko prestakuntzari. Zulaikak azaldu duenez, Palestinari eta Saharari dagokienez, ez hainbeste, baina Hego Amerikako brigadistek elkarrizketa eta agerraldi ugari egiten dituzte hango hedabideetan, eta horretarako prest egon behar dute.

Mantxolak eta Alvarezek ez dute zalantzarik; oraindik Euskal Herrian dauden arren, brigadak gomendatuko lituzkete. Mantxolaren esanetan, norbait "turismoaz aspertu bada, eta bidaiatzeko gogoz badago, eraikin politak baino, nahiago badu esperientziak izan eta gauzak aldatzen hasi, izena eman beharko luke Askapenaren brigadetan". Alvarezen irudiko, "Askapenak lan bikaina egiten du; prestakuntza saioetara joate hutsak merezi du". Aurretik Askapenarekin izandako jendearen kontakizunek animatu dute donostiarra behin betiko pausoa ematera, eta, horregatik, bueltan "hitz ederragoak eta osatuagoak" izango dituela uste du.

Izan ere, Zulaikak arestian azaldu duenez, brigadisten zeregina itzultzean hasten da. Orduan bihurtuko dira elkartasunaren ordezkari. Haien hitzak lagungarri izango dira hurrengo urtean beste hainbeste brigadista egon daitezen. Ahoz aho, elkartasunaren haria eten gabe.

%56,35

Zahar etxeetan akordioa lortu duten langileak. Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileen %56,35ek akordio bat egin dute enpresarekin, ELAk igandean emandako datuen arabera. Azken hitzarmenak Villabona, Oñati, Zestoa eta Donostiako lau egoitzatan lortu dituzte. Maiatzaren 13an hasi zuten greba mugagabea sektoreko langileek.

Auzoa, dantzarako gune

DantzaDonostiaDonostiako Egia auzoa hartuko du dantzak asteburuan. Kalera ez ezik, hainbat zentro eta tabernatara ere helduko da Dantzategia. Gaur eta bihar, zenbait dantza saio ikusteko aukera izango da auzoan.Lau dantzari eta koreografok parte hartu...

Ura, norberaren ispilu

"Berrogei litro ur behar dira letxuga bat hazteko, 185 litro tomate kilo baterako, mila litro sagar kilo baterako, 15.000 litro haragi kilo baterako". Nahi beste luza daiteke zerrenda, baina ura da nahi beste ez dagoena. Hala ondoriozta daiteke Yann Arthus-Bertranden La Soif du Monde (Munduaren egarria) dokumentaletik. Uraren Astearen barruan, astelehenean eskaini zuten argazkilari frantziarraren lana Donostian, Aquariumeko ekitaldi aretoan.

Zero askoko zenbakiak eta errealitate gordinak plazaratu dituzte asteon ikusi ahal izan diren lanek. Uraren Zikloa, Bizitza Zikloa dokumental sortaren barruan, munduko hainbat herrialdetako egoera eta bizimodua ezagutzeko parada izan dute jardunaldiekin bat egin duten ikusleek. Herrialdeok Euskal Herritik kilometro dezentera egon arren, Uraren Asteko antolatzaileek behar-beharrezkotzat jo dute atzerriari begiratzea: "Globalean pentsatu, tokikoan jarduteko". Halaxe laburbildu zuen Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak zikloaren lehen eguneko aurkezpenean.

Berezia izan da aurten urari eta ingurumenari eskainitako astea. Uraren Esparruko Lankidetzaren Nazioarteko Urtea da, eta horrekin bat eginda, uraren saneamenduaz eta garapenaz gogoeta egitera bultzatu nahi izan dituzte herritarrak. Antolatutako saioekin, hain justu, gizarteari egungo egoeraren berri ematea izan da Uraren Euskal Agentziaren helburua —astearen antolatzaileetako bat da Ura—. Egoera gogor eta zailaren erakusle da ura luxutzat dutenen kopurua: munduan 800 milioi lagun daude ur edangarria izan gabe.

Gaur beste bi saio

Arthus-Bertranden Planet Ocean eta Albert Sole katalanaren El sueño del agua dokumentalak ere ikusgai izan dira Donostian. Gaur beste lan bat emango dute Aquariumean, azkena, 18:30etik aurrera: Iciar Bollain zuzendariaren También la lluvia.

Donostiara ez ezik, Hondarribira ere heldu da Uraren Astea. La Soif du Monde dokumentala emango dute gaur Itsas Etxean (18:30). Ikus-entzunezkoez gain, erakusketa bat ere prestatu dute. Urak bizitzaren garapenerako duen ezinbesteko rolaren inguruan sakondu nahi dute horretan, hainbat argazkiren bitartez. Zuloaga etxean bisita daiteke dagoeneko, eta ekainaren 9ra arte egongo da zabalik.

“Faltan sumatzen dugu mendi buelta bat egitea”

Normalean Periferiatik izeneko sail honetan etxetik urrutira bizitzera joan den euskaldun bat agertzen da, kasu gehienetan gaztea. Gaurkoa kasu berezia da: familia oso bat da, bost seme-alabakoa, gainera. Andu Martinez de Rituerto Gorputz Hezkuntzako irakasle lazkaotarra eta Izaskun Zeberio sendagile tolosarra Maren, Eunate, Libe, Ander eta Xabier seme-alabekin joan ziren duela ia bi urte Tolosatik New Yorkera bizitzera. Lehendabizi, urtebeterako joan ziren, baina esperientzia gustatu, eta bigarren ikasturtea bukatzen ari dira bertan. Zeberiok bertan gelditzeko eskaintza jaso arren, uda honetan itzuliko dira etxera.

"Izaskunen aspaldiko ametsa zen familia osoa atzerrira joatea, baina seme-alabak txikiak zirela eta, nik traba ugari ikusten nituen", azaldu du Martinez de Rituertok. Orain dela bost bat urte ametsa egia bihurtzen hasteko garaia zela ikusi zuten. Horretarako, Zeberio egonaldi interesgarri bat eskainiko zion ospitale baten bila hasi zen, eta senarrak doktoretza egiteko bidea hasi zuen, baimen ordaindu bat lortzeko aukerak handituko zituelakoan. Horiek horrela, orain dela hiru urte New Yorkeko Memorial Sloan-Ketterin Cancer Center ospitalean elkarrizketa bat egiteko aukera izan zuen Zeberiok. Urtebeteko egonaldia egiteko eskaintza egin zioten, eta ondoren, han zirela, beste urtebeterako luzatzeko aukera eman zioten.

Ez zen hain erraza izan, ordea. Denbora luzeko egonaldietarako bisa behar da, lantoki, ikastetxe edo unibertsitateak bideratuta. Hori lortu ondoren, etxea bilatu behar izan zuten eta ikaragarri garestia da alokairua New Yorken. Azken ordura arte ez zuten topatu. Lehen bi egunak argindarrik gabe pasatu zituzten, baina handik aurrera, "zailtasunak zailtasun", dena hobera joan da.

Martinez de Rituerto lehendabiziko urtean Eusko Jaurlaritzak material didaktikoa sortzeko eskaintzen duen beka batekin aritu zen, ariketa fisikoa eta osasunaren inguruko webgune didaktiko bat egiten. "Aurten, berriz, nire kabuz, entrenatzaile pertsonal gisa ari naiz. Oso interesgarria suertatzen ari da", esan du.

Eguneroko bizitza "erosotik" ateratzea kosta egiten dela eta hasiera "gogorra" izan zela onartzen dute: herrialde berri bat, hizkuntza ezezaguna, lagunik edo senitartekorik ez izatea... "Hutsetik hasita berriz ere gure bizitza eraikitzeko gai izan garela ikusteak poz handia ematen du", diote. Manhattanen ondoan, Roosevelt Island izena duen irla txiki batean bizi dira, eta bere kokapena dela eta —Nazio Batuen Erakundetik gertu eta bi unibertsitate eta ospitale handietatik gertu— , mundu guztiko jendea bizi da han, eta lagun asko egin dituzte. Ideia bat egiteko, eskolan 56 herrialdetako ikasleak daude. Lagunez gain, hizkuntza berri bat txukun samar ikasteak mundu berri baterako ateak irekitzen dituela diote.

Hizkuntza izan daiteke herrialde berri baten oztopoa, baina ez da Martinez de Rituerto-Zeberio familiaren kasua izan, lehen hiru edo lau hilabeteak aita eta seme-alabentzat "gogorrak" izan arren. Zeberiorentzat ere ez zen erraza izan, "ingelesez jakin arren, lan esparruan erabat ingelesez" aritu behar duelako.

"Gure eguneroko bizimodua ez da horrenbeste aldatu: eskola, lana, kirolak, musika... Faltan sumatzen dugu asteburuetan mendi buelta bat egitea, hori bai". Hiri handia izan arren, metroan edozein tokitara nahiko bizkor iristen dira. New Yorkek berdegune eta parke ugari ditu, eta haien arabera, horrek arnasa ematen dio hiriari.

Zaborrak eta zulo beltzak

Tituluan ikusi duzuen bezala, biologo xume honen zutabe hau zabor eta hondakinei buruzkoa da. Beraz, zaborra hitza herriko plazan, egunkarian eta telebistan ikusteaz nazkatuta dagoen orok hementxe utz dezala irakurketa. Baina zaborrei eta espazioan ba...