Sailkatugabeak

Dantza eta koreografia ikastaroak uztailean

Choreographic Summer Stage ikastaroa antolatu du Pilar Peña dantza eskolak uztailerako, Hondarribian. Dantza ikasle, irakasle eta dantzariek hainbat dantza estilo lantzeko aukera izango dute: dantza garaikidea eta hip hopa, besteak beste. Informazio gehiago Dantzanstage.com webgunean.

Jaialdiak Aretxabaletan eta Hondarribian

Dantza programazioari dagokionez, hilabete oparoa izaten da maiatza Gipuzkoan. Horren adibide dira hainbat herritan egiten dituzten jaialdiak. Esaterako, Hondarribia Dantzan egingo dute asteburuan. Jean Mixel Bedaxagarrek maskaradei buruzko hitzaldia ...

ANIZTASUNA JAI GIROAN

Kultura Aniztasunaren Nazioarteko Egunaren harira, hainbat jarduera antolatu dituzte asteon. Asteartean, Burubeltz konpartsa aurkeztu zuten Donostian, ekainaren 1erako prestatu duten jaialdia animatzeko. Festa horrekin "Euskal Herriko kultur aniztasun...

BIZARDUNEN BABESA URTEURRENEAN

Bizardunak taldea oholtza gainera igoko da asteburuan, BERRIAren hamargarren urteurreneko biraren barruan. Bihar eskainiko du kontzertua, Elgetan, Espaloia kafe antzokian, 22:30etik aurrera. Sarrerak BERRIAren urteurreneko webgunean eskura daitezke ha...

Dantzarako bultzada eske

Maiatza dantzaren hilabetea izan da urte askoan Gipuzkoan. Badira urte batzuk Maiatza Dantzan egitasmoa desagertu zela, dantzaren inguruan Donostian antolatzen zen jaialdia. Dantza ekitaldiak hilabete batean bildu beharrean, dantza programazioa urte g...

Lan ikusezina borrokan

Badira ezertarako balio ez duten lanak. Badaude duin egin ordez, pertsonak okertzen dituzten lanak. Badaude beharrezkoak ez diren lan mota asko, gehiegi, ez dutelako ekarpenik egiten, jasangarriak ez direlako edo soilik egingarriak direlako beste pert...

Poesia, hitz eta iruditan

Poesia emanaldia

Errenteria

Literaturak bere txokoa du asteon Errenterian. Maiatzean eta ekainean askotariko jarduerak antolatu dituzte Mikelazulo elkartean, eta iganderako prestatu dute hurrengo ekitaldia: Edipotoa emanaldia eta Mma taldearen kontzertua izango dira, 19:00etatik aurrera.

Edipotoa Nagore Legarretak argitaratutako argazki liburua da, hainbat idazleren poemekin osatua. Emanaldian, Legarretaren argazkien proiekzioa Gorka Setien eta Haizea Arregi idazleen testuekin uztartuko dute, Mariano Hurtadoren kontrabaxuaren musikarekin.

Berezia da Legarretak argazkiak egiteko erabili duen bidea: kamera estenopeikoa. Argazkigintzako oinarrizko teknika erabiltzen du kamerak, ez dauka botoirik, eta poto batekin eraiki daiteke. Argazki horiek hainbat poesiarekin batuz osatu du liburua; bost ataletan banatuta dago lana.

Edipotoa-ren ondoren helduko da Mma taldearen musika. Okene Abrego abeslariak eta Mariano Hurtado musikariak osatzen dute taldea.

Hurrengo asteko saioak

Igandeko saioa ez da izango ez lehenengoa, ez azkena. Hurrengo asterako beste bi emanaldi antolatu dituzte Mikelazulon. Ekainaren 6an, 19:30ean, Ataramiñe elkarteko kideen emanaldiaz gozatu ahal izango da. Kartzelaz eta sorkuntzaz ariko dira parte hartzaileak, eta espetxeko bizipen propioak Ataramiñe euskal errepresaliatu politikoen literatura koadernoetan argitaratutako olerkien bidez azalduko dituzte.

Ekainaren 7rako bi idazleren poesia emanaldia antolatu dute. Hedoi Etxartek eta Oier Guillanek euren liburuak ardatz hartuta egingo dute saioa. Susa argitaletxearekin argitaratutako lan banarekin helduko dira. Etxartek Sinplistak liburua taularatuko du; horretan, gaur egungo bizimodu arruntaren hainbat alderdi jorratzen ditu, artifiziorik gabe eta ikuspegi kritiko batetik. Guillanen Elkartasun basatia norbanakoaren eta taldearen arteko harremanez mintzo da. Liburuko poemak harreman horretan sortzen den tentsioan daude idatziak, idazlearen hitzetan.

“Gosari irlandarra izugarria da; babarrunak ere izaten ditu”

Dublinera anaiari bisita egitera joan zen Jaione Hermida (Urretxu, 1984). Atzerrira egiten zuen lehendabiziko bidaia zen: "Asko gustatu zitzaidan, eta pentsatu nuen: zergatik ez?". Hermida psikologoa da; Bilboko Deustuko Unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta master bat egin zuen ondoren. Euskal Herrian psikologo lanetan ari zen Irlandara bizitzen joatea erabaki zuenean: "Lan baldintza hobeak eskatu, eta ez nituen lortu; horrek joatera bultzatu ninduen". Bi urte eta erdi dira Carrigaline herrian bizi dela, Cork konderrian, Irlandan.

Anaia lana galdu eta gero joan zen Irlandara, eta arreba atzetik joan zitzaion, bere bizitza erabat aldatuz. Ez zuen, halere, hiri batean bizi nahi: "Hasieran, Dublinera joatea pentsatu nuen, anaiaren gerizpean, baina ez nengoen prest egun osoan gaztelaniaz hitz egiten aritzeko, eta Carrigaline herria aukera hobea iruditu zitzaidan; etortzeko parada izan nuenean, ez nuen dudarik egin".

Carrigalinek 15.000 biztanle ditu; Cork konderrian dago, Munster izeneko probintzian, Irlandako hegoaldean. Herria Cork hiritik 15 bat kilometrora dago. Hiri hori da Irlandako garrantzitsuena, Dublinen atzetik, eta munduko portu naturalik handienetakoa da.

Carrigaline herriari gaelikoz Carraig Uí Leighin esaten diote; lehoiaren haitza esan nahi du, hain justu. Urretxuk eta Zumarragak batera biztanle gutxiago du, eta, horregatik, Hermidak herriko jende gehiena ezagutzen duela dio. "Hizkuntza ikasteko aukerak asko handitzeaz gain, hemen erosoago sentitzen naiz; herrian bizitzeko eginda dagoen neska bat naizelakoan nago".

'Au pair' "printzesa"

Hasieran hizkuntza "sekulako traba" izan zela dio: "Nire ingeles maila eskolan ikasitakoa zen, eta ez zen nahikoa izan. Horregatik, Carrigalinen ingelesa ikasten ari naiz buru-belarri". Atera du jada lehenengo ingeles titulua, eta bigarrena lortzeko ikasten ari da orain.

Maletak egin, eta Carrigalinera iritsi zen au pair gisa lan egitera. "Herrialde ezezagun batera joateko modu erosoa da". Au pair-ak familietan bizi dira; astero soldata jasotzen dute, eta haurrekin laguntzea da haien lan nagusia, nahiz eta egokitzen zaien familiaren arabera egoerak asko aldatzen diren. "Nik oso zorte ona izan nuen; denetarik ikus dezakezu, baina niri familia on-ona egokitu zitzaidan". Lau ume zaintzen zituen; bere logela eta komuna zituen, baita autoa ere. "Ezkerretik gidatzen ikasi nuen. Jaten ematen zidaten, eta autoko asegurua zein gasolina ordaintzen zizkidaten. Printzesa bat bezala bizi nintzen".

Familia berean, urtebete eta zortzi hilabete egin zituen Hermidak. Ingelesa gogotik ikasi zuen. "Baina gehiago ikasteko nire unibertso soziala zabaldu behar nuela sumatu nuen, eta beste lan bat bilatu nuen". Carrigalineko hotelean zerbitzari lanetan dabil orain urretxuarra; zortzi hilabetez, bi lanak aldi berean egin zituen, harik eta familiatik "independente" egin zen arte. "Au pair bizimodua utzi nuen, eta etxe bat alokatu nuen, lagun batekin batera".

Eguneko ordu gehienak lanean egiten ditu orduz geroztik. "Lana egin, ingelesa ikasi, eta lagunekin pintak edatera ateratzea dira nire egunerokoa betetzen duten ekintza nagusiak. Ez naiz batere gaizki bizi hemen". Hala eta guztiz ere, Euskal Herrian utzitako "familia, lagunak eta ohiturak" faltan sumatzen dituela dio. "Dena dela, ez nago oso urrun, eta tarte bat dudanean, hegazkina hartu, eta Urretxura joaten naiz".

Irlandak badu zerbait Euskal Herrira hurbiltzen duena; "irlandarrek eta euskaldunok konexio berezia dugula esaten du hemengo jendeak, geure herrien historiak badituelako hainbat antzekotasun. Irlandar askok ezagutzen dute euskaldunon historia". Hermidaren iritziko, irlandarrak "oso alaiak dira, eta beti daude laguntzeko prest". Euskaldunak eta irlandarrak gerturatzen dituen beste ezaugarri bat antzeman du Hermidak: "Parranda euskaldunoi bezainbeste gustatzen zaie".

Arrotzena, otorduak

Oro har, jendeak "oso ondo" hartu duela dio. "Asko lagundu didate eta laguntzen didate oraindik ere. Ez bakarrik irlandarrak, mundu zabaleko jende ugari dago hemen. Etxean, hungariar batekin bizi naiz, eta, lagun taldean, frantsesak eta poloniarrak ere baditut".

Hermidari kosta egin zaio eguneroko ohiturak hartzea; batez ere, otorduei dagokienez. "Hemen, eguna hasteko irish breakfast jaten dute, gosari irlandarra. Izugarria da; babarrunak ere izaten ditu!". Eguerdian, bazkari xumea egiten dute, ogitartekoa edo sandwicha, eta arratsaldeko seiak aldera afaltzen dute: "Lehenengo egunetan, afaria ez, hura bazkaria zela esaten nion familiari. Ohitu naizen arren, zerealak gosalduta nahikoa daukat oraindik ere".