XIX. mende hasierako Donostiako planoa eskuetan, garai hartan Bulebarrean zegoen harresia irudikatu zuten hainbat herritarrek joan den igandean, Donostian. Parte Zaharrera begira jarri, eta harresiaren alde batean, eskuinean, Santiagoko baluartea zegoen. Bestaldean, gaur egun Alderdi Eder dagoen lekuan, San Felipeko baluartea. Pixka bat aurrerago, Bretxa paretik sartu ziren Donostiara ingeles eta portugaldar tropa aliatuak 1813ko abuztuaren 31 hartan; Urumea ibaiaren ertzetik. Duela berrehun urte Donostia suntsitu zuten gertakariak nola izan ziren hobeto ezagutzeko, garai hartako leku esanguratsuenetan bisita egin dute 20-25 lagunek, Alvaro Aragon historialari eta EHUko irakaslearen gidaritzapean: "Unibertsitatean ikerketa asko egiten ditugu; bisita hauen bidez, herritarrengana plazaratzen ditugu".
Ibilbide guztian euria egingo zuela iruditu arren, herritarrak ez dira kikildu, eta aterkia irekita amaitu dute bisitariek ibilbidea Abuztuaren 31 kalean eta, gero, San Bizente elizako aterpean. Eguraldia ez da goizeko anekdota bakarra izan. Donostiako maratoi erdia dago ia ordu berean, Bulebarrean; behin baino gehiagotan gurutzatu behar izan dute bisitariek korrikalarien ibilbidea. Hainbat momentutan, atzetik Bulebarreko bozgorailuak entzuten direla entzun dituzte Aragon historialariaren azalpenak; zabor bilketako kamioiaren zaratak eta San Bizente elizako kanpaiek ere isilarazi dute behin baino gehiagotan. "Historiaz gain, hiriko kutsadura akustikoa ere ezagutu dugu", dio parte hartzaile batek.
1813ko gertakarien 200. urteurrenaren harira, Eusko Ikaskuntzak antolatutako bisita gidatuetan lehenengoa da: Ezbeharraren aztarnen atzetik: ibilaldi bat Donostiaren setio, suntsiketa eta berreraiketaren eskenatokietatik. Donostia eta inguruetako herritarrak dira bildutako gehienak. Junkal Lertxundi irakaslea da horietako bat. "Gure historiari buruz kalean entzundakoa dakigu; historialari batekin ikasi nahi genuen zer gertatu zen. Irakasleak garenez, gero umeei ere kontatu ahal izateko. Gainera, orain, 200. urteurrena denez, interes handiagoa dago". Iñaki Rezabal arkitektoa da, eta hiriaren historiak erakartzen du, batez ere, garai hartatik gaur egun artekoak: "Hiriaren berreraikitzea eta hedapena nola egin zen interesatzen zait batez ere".
Agindu emaileaz galdezka
Donostia erretzeko agindua nork eman zuen galdetu diote gidariari; azken urteetan, zalantza sortu baita. Ia ziurtzat jo du Aragonek Francisco Javier Castaños Espainiako armadako jenerala ez zela egon erasoaren atzean. "Ez dago horrelakorik frogatzeko dokumenturik. Gainera, Castañosek ez zuen Donostiako setioan parte hartu; garai hartan, agindua ematen zuena lekuan bertan egoten zen". Egungo frogen arabera, Wellingtongo dukeak agindutako erasoa izan zela adierazi du. Ondoren, 69 lekukoren testigantzak jaso zituzten, eta horietako batzuek Castañosen izena aipatu zuten, ingeles soldaduei entzun zietela.
Horiek "zeharkako testigantzak" direla azaldu du Aragonek; gainerako dokumentu eta frogek kontrakoa adierazten dutela. "Garai hartako gertakariak ulertzeko zailak egiten zaizkigu, orduan ez baitzeuden gaur egungo balio eta kontzeptu asko. Baina orduko testuingurua kontuan hartu behar da. Gertakari haiei buruzko interpretazio asko gaurko ikuspegitik egin dira".
Gertakariak garaiko testuinguruan kokatu ditu historialariak. 1808an, Europa guztian hedatzen ari ziren Napoleonen tropei Espainian sartzen utzi zieten, Portugalera bidean. Baina Frantziako tropek penintsula guztia okupatu zuten. Ondoren, Espainiako, Portugalgo eta Erresuma Batuko tropek frantsesak penintsulatik botatzeko borrokatu ziren. Donostia ere frantsesek okupatutako hiria zen.
San Bizenteko ospitalean
Parte Zaharreko San Bizenteko eliza izan da bisitaren abiapuntua. "Parte Zaharreko San Bizente eta Santa Maria elizak ez ziren sutean erre, eta horietan ospitaleak egon ziren; bi elizetan artatzen zituzten zaurituak". Handik Bulebarrera, garai bateko harresiak egon ziren lekura; orduko planoaren laguntzaz, orduko hirian kokatu ahal izateko. Alderdi Eder izan da beste geraleku bat: San Felipeko baluartea egon zen han. Lehen ingeles tropak itsasoz iritsi zirela azaldu du Aragonek; 1813ko ekainaren hasieran izan zen hori.
La Antiguako —egun, Miramar jauregia— eta San Bartolomeko komentuetan ere izan ziren borrokaldi batzuk. Izan ere, 63 egun iraun zuen Donostiako setioak, eta uztailaren erdialdetik abuztuaren amaierara arte, hiriaren aurkako bonbardaketak etengabeak izan ziren.
Donostia barnean, Frantziako 4.500 soldadu zeuden setiatuta. 9.000 biztanle zituen hiriak; baina horietatik 4.000-5.000 lagun bizi ziren hirigunean. "Aurretik, hiritik ateratzeko aukera eman zieten herritarrei. Donostia erre zutenean mila edo bi mila herritar geldituko zirela kalkulatzen da".
Gipuzkoa plazan jarraitu du Aragonek kontakizunarekin. Bi baluarte erdiko gotorleku bat zegoen bertan, harresi baxuago bat. Bretxa parean eman ditu erasoaren xehetasun gehiago. Hortxe zegoen harresia, eta atzean, itsasoa; Bretxa eta Urumea arteko zatia geroago egindako betelana da. Hortik sartu ziren Donostiara, itsasgora aprobetxatuz. Goizean izan zen, hamaikak aldera. Horretarako, harresia leherrarazi zuten. Orduan erre zuten Donostia, eta herritarren aurkako gehiegikeriak hasi ziren. Egun euritsua zen, eta haize handia zebilen.
Merkatarien kalea lehenengo
Hiriko Kale Nagusiko etxeak erre zituzten lehenengo. Aragonek pentsatzen du ez zela kasualitatea izan. "Kale Nagusian zeuden merkatarien etxeak; merkataritza gune oso garrantzitsua zen Donostia. Handik Plaza Zaharrera —egungo Konstituzio plazara— zabaldu zen sutea: han zeuden udaletxea eta kontsulatua".
Egungo Abuztuaren 31 kale esanguratsuan amaitu da ibilbidea; eraso hartan zutik geratu zen kale bakarrean. Seiehun etxe suntsitu zituzten. Frantziako armadako 3.000 soldadu hil zituzten, eta beste 2.000 atxilotu. 2.500 hildako eta 900 zauritu izan zituzten aliatuek. Bertakoen artean, 1.500 hildako izan ziren. Baina erasoaren egunean zendutako herritarrak 200-300 ziren; erasoaren ondorengo malaria izurritearen eraginez hil ziren gehienak.