Sailkatugabeak

Kiratsaren nostalgia

Uste dut Zuzeu-n irakurri niola norbaiti tabernetan erretze hutsa baino gehiago, barran jarrita kafearen eta zigarretaren konpainian ematen zuen ordu erdi baketsu haren falta sumatzen duela. Lege berria indarrean jarri zutenetik pare bat urte besterik ez da pasa, baina antzeko sentipena daukat. Kea kanpora egotzi behar horrek korridore bihurtu ditu ostatuak, lehen txoko bakarrean kieto egin zitekeena bi espaziotan banatu baita. Nik ere lehengoa nahiago nuen, eta arraroxeagoa da beharbada, sekula ez dut-eta bizio hori izan.

(Bai, Inaxio, mozkortutakoan Ainhoari porroak egiteko kaka ematen zioat, baina, badakik, haiei putz egiten ibiltzen nauk, era patetikoan, ezer irentsi gabe).

Jakin gabe geratu nintzen, eta inork ezingo dit azaldu zein eragozpen zegoen auzo bakoitzean erretzaileentzat lizentzia berezia izango luketen lokalak egoteko. Herriko hirutik bat, esaterako. Erretzaileak gure ingurutik alde egitera ez, beraien ohiturei uko egitera derrigortu genituen. Patxadaz aritzeko behar luketen espazioetan deseroso sentitzera. Niri atarietan bakar-bakarrik dale fuego ari direnei barkamena eskatzeko gogoa ere sartu izan zait.

Berlinen legea batere urratu gabe taberna askotan oraindik erretzen dela ikusteak pozten nau. Orain länder gehienetan indarrean dagoena baino arau gogorrago bat onartu zuten Alemanian joan zen hamarkadan. Baina urteekin hain neurri gogorren beharrik ez zegoela jabetu ziren. Garagardoarekin zigarreta bat erre nahi duenak badaki nora jo, eta airea garbi-garbi nahi duenak ere bai. Lagunarte aspergarriaz nekatu den orok aitzakia ezin hobea du, gainera, haiengandik ihes egiteko.

Tira, niri ere izorratzen dit igandeetan kriston biharamunarekin esnatu —hori ezin legediak galarazi, ez— eta jakak Febreze-arekin astintzen ibili behar izateak, kirats deabruzkoa kendu ezinik. Baina pub batean oxigeno puruaz gozatzea eskubide bat denik ez daukat batere argi. Ordu horietan galduta dabilenak merezi du biriketan zabor pixkat itsatsita geratzea.

Eta guztiz jota egongo naiz, baina bakarrik eserita ikusten ditudan erretzaile beteranoei halako miresmen bat hartzen hasia naiz aspaldian. Egitekoak utzi eta bost minutuz direnei eta ez direnei buruz bueltak ematen lasai dabiltzala ikusteak inbidia eragiten dit. Benetako inbidia sanoa horixe izango da, ziur asko.

“2001eko krisia adinakoa ez, baina zerbait larria gertatuko dela dirudi”

Gero eta gazte gehiago joaten dira Euskal Herritik kanpora lan baten bila. Lan kontuengatik bizi da Argentinan Shanti Arrieta Manterola ere (Orio, 1986), baina bera ez da derrigorrean joandakoa: "Gasteizen geratzeko aukera ere eskaini zidaten, baina, bikotekidearekin hitz egin ostean, Buenos Airesen hautua egin genuen. Ez genuen inolako dudarik izan. Latinoamerika pixka bat ezagutzen genuen ordurako (Mexiko, Kuba, Venezuela, Kolonbia...), eta Argentina ezagutzeko irrikan geunden". Eusko Jaurlaritzako Kanpo Ekintza Sailaren Kanpoan diren euskal herritarrak eta gizataldeak beka eskuratuta bizi da Argentinan, orain dela urtebetetik.

"Buenos Aires da Latinoamerikan ezagutu dugun hiri handirik ordenatuena", Arrietarentzat. Baina "kaosak" ere bisitatzen omen du hiria: "Erdigunean, egunero manifestazio dezente ikusten dira, eta horrek askotan kaos handia sortzen du. Dena den, hiriak erraztasun asko ematen ditu. Autobus publikoek 24 orduz funtzionatzen dute, eta taxia ez da garestia. Gauez, erraza da batetik bestera mugitzea".

Erdigunetik gertu bizi da, hegoaldean, San Telmo auzoan. "Bere garaian, jende diruduna bizi zen bertan. Izurrite bat izan zen 1871n, eta dirudunak iparraldeko auzoetara joan ziren bizitzera. Nahikoa ospe txarra zuen auzoak duela urte gutxi arte, baina berpiztu egin da auzoa". Gaur egun, nahasketa "polita" du auzoak, Arrietak azaldu duenez: "Auzo zaharra da, baina nahiko ondo mantentzen da. Kaleak galtzadarrizkoak dira, eta eraikin zahar dotoreak ditu. Mende bat atzera egin duzula dirudi. Gazte asko bizi da auzoan—bohemioak eta atzerritarrak—, eta giro ederra egoten da. Bizitza osoa han daraman jendea ere bizi da".

Parrandarako ez da auzo txarrean bizi, antza: "Makina bat taberna daude hemen, eta giro ederra egoten da. Asteko edozein egunetan egin daiteke parranda auzoan".

Lanerako bidea oinez egiten du egunero, eta hori "luxua" dela uste du, hiria "erraldoia" delako. Aisiari dagokionez, azaldu du Buenos Airesen ez dagoela aspertzeko aukerarik. Izan ere, "izugarrizko eskaintza kulturala dago, eta gauza asko doan dira, gainera". Euskal etxe bat baino gehiago dago Argentinako hiriburuan, eta han ere izaten da ekintzarik asteburuetan. "Nire lanaz gain, euskara irakasle nabil Euskaltzaleak euskara eskolan, eta ia astebururo antolatzen dugu ekitaldiren bat".

Krisia, gertu

Txanpon guztietan bezala, han ere bi alde daude, ordea. Esaterako, inflazioa %30 dela azaldu du oriotarrak. Hiria, "oro har, garestia" da, eta krisia gertu ikusten du: "%30eko inflazioa izan dute urteko, eta prezioak goraka doaz, etengabe. Soldatak ere gorantz doaz, baina ez dira proportzio berean igotzen ari. Beraz, uste du halako batean egoera jasangaitz bihurtuko dela eta beste krisi handi bat izango dela. Laster gerta daiteke hori. Ez dut uste 2001eko krisia adinakoa izango denik, baina zerbait larria gertatuko dela ematen du".

Azken urteetako egoera ekonomikoa ere izan du hizpide: "2001eko corralito-aren ondoren, hondoa jo zuen herrialdeak. Gero, Nestor Kirchnerren gobernuak zorra berriz negoziatu zuen hartzekodunekin, eta, pixkanaka, egoerari buelta eman zioten. Badirudi ekonomia nahiko ondo zebilela, langabezia tasa baxuarekin, baina, azken bi urteetan, egoera okerrera doa", azaldu du.

Beste urtebeterako kontratua du Argentinan, eta gero ez daki zer egingo duen. "Etxera bueltatzea gustatuko litzaidake, baina lan egonkor bat topatzeko aukerak baldin baditut bakarrik. Egoerak horrela jarraitzen badu, ez dut uste bueltatuko naizenik. Irakasle ikasketak egin ditut, eta, hezkuntzan egiten ari diren murrizketak ikusita, zaila ikusten dut nirean ezer topatzea". Argentinan gustura bizi da, gainera: "Argentinarrak, oro har, oso jatorrak dira. Erraza da bertan integratzea. Gainera, euskalduna zarela esateak asko laguntzen du, euskal jatorriko jendez betea baitago; biztanleen %10, diotenez".

Etzi irekiko dute Oñati eta Arrasate arteko bidegorria

AZPIEGITURAK. Arrasate eta Oñati elkartzen dituen bidegorria inauguratuko du igandean Gipuzkoako Foru Aldundiak. Oinez zein bizikletaz egiteko bidea izango da, zortzi kilometro eta erdi da luzean, eta zatirik handienean hiru metro eta erdi da zabalean. Ia ez dauka aldaparik.

Hezkuntza laguntzak aurkeztu ditu Donostiak

HEZKUNTZA. Donostiako Udalak 124.800 euro baliatuko ditu ikastetxeak eta irakaskuntzari loturiko elkarteak sustatzeko. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dute deialdia, eta udalaren laguntza nahi duten elkarteek hilabeteko epea izango dute e...

Bihartik aurrera egingo dute III. Geoparkeen Astea

INGURUMENA. III. Europar Geoparkeen Astea egingo du bihartik ekainaren 9ra bitarte Euskal Kostaldeko Geoparkeak. Egun horietarako egitarau zabala prestatu dute Debako, Mutrikuko eta Zumaiako udalek, askotariko ekitaldiekin. Nortzuk izan ginen eta nort...

50.000

Grebara deitu dituzten metalgintzako langileak. ELAk, LABek, UGTk eta CCOOk grebara deitu dituzte Gipuzkoako metalgintzako langileak, maiatzaren 24rako. Uztailaren 7an agortuko da indarrean dagoen lan hitzarmena, eta Adegi ituna sinatzera behartu nahi dute.