Sailkatugabeak

%10,76

Langabeziaren igoera iazko apiriletik. Gipuzkoan 50.268 langabe zeuden apiril amaieran, iazko hilabete berean baino %10,76 gehiago, Espainiako Enplegu Ministerioak astelehenean emandako datuen arabera. Urtebetean, beraz, 4.882 langabe gehiago daude.

Mirandaolako gurutzearen miraria

Legazpi, maiatzaren 3a, igandea, Santikutz eguna, 1580. urtea. Olagizonak, jaieguna izanda ere, Mirandaolako burdinolan lanean ari ziren. Ez zuten kontzientzia garbi, jakitun baitziren ez zirela ari betetzen Eliza kristauak ezarritako agindua. Burdina lantzen ari ziren labean, barrenean hamabi edo hamahiru librako pisua zuen burdin zati bat baino ez zegoela ikusi zutenean. Are gehiago larritu ziren, burdin zati hark gurutze itxura zuela konturatu zirenean, eta jai egunean lanean aritzeagatik Jainkoak zigortu zituela uste izan zuten.

Gertakaria ezkutatzeko modurik onena gurutzea desagerraraztea zela erabaki zuten, eta ondoko burdinola bateko soberakinetara bota zuten. Baina gurutzearen miraria laster hasi zen bizilagunen artean zabaltzen, eta isilean hasi ziren legazpiarrak gertakari haren inguruko errituak egiten. Gurutzea berreskuratu, eta alboan zegoen San Migel ermitan gorde zuten.

Hirurogeiko hamarkadan, Patricio Etxeberria enpresaburuak Mirandaolako burdinola berreraikitzeko agindua eman zuen, eta 1580ko maiatzaren 3ko jazoera Legazpiko jai nagusien ardatza da ordutik. Egun horretan gurutze santuaren prozesioa egin ohi dute herriko parrokian, eta egun horri jarraitzen dion igandean Mirandaolan irudikatzen dute miraria bera.

Igandean egin zituzten aurtengo ospakizun ekintzak Mirandaolan, ohitura den erromeriarekin. Herri gunetik Mirandaolara sorbaldan hartuta eraman zuten 1580ko gurutzea, eta Victoriano Etxabek egindako mezaren ondoren hasi zen festa. Zuri-gorriz jantzitako ezpata dantzariek saioa egin zuten bertako olagizonen omenez, eta sugarrez inguratuta irekita zuten ola, bisitariek garai hartan burdina nola lantzen zuten ikus zezaten. Olagizonek orduko jantziak —soineko luze zuri bat— eta txapela jantzita hartu zituzten ehunka bisitari, eta herri bazkaria eginez ospatu zuten miraria.

Erromeria egunean ohikoa izaten den moduan, herriko bertsolariek, dantzariek eta trikitilariek saioa egin zuten Mirandaolako frontoian, giro ona lagun bertaratu ziren herritarren gozagarri. Legazpira bueltan eman zieten bukaera Santikutz jaiei herritarrek. Aurrerantzean, urrira arte, igandero jarriko dute martxan XVII. mendeko ola, eguerdietan.

Historialarien ikergaia

Gaur egun festa eguna dena, ordea, historialari askoren ikerlana izan da urtetan. Antonio Prada historialariak Historia eclesiástica de Legazpi liburuan Mirandaolako gertakaria aztertu zuen. Horretarako, Donostiako Elizbarrutiko artxiboan gaia lantzeko garai hartan ireki zen espedientea aztertu zuen. Pradak zehaztu duenez, miraria "Legazpi Seguraren menpe zegoen garaian" gertatu zen. Garai hartan, "olagintzari lotutako bizitza sozial eta politikoa nekazaritza eta abeltzaintzari lotutakoa bezain garrantzitsua zen". XVII. mende hasieratik aurrera, ordea, legazpiarren egoera ekonomikoa "iraultzen" hasi zen. Ordura arte artisautzan eta burdingintzan oinarrituta egon zen ekonomia "ahulduz" zihoan, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren mesedetan. Burdinolak ordurako "ez zituzten herritarrek zuzentzen, kanpotarrek baizik".

Pradak bere buruari galdetzen dio giro nahasi hartan Mirandaolako gertakaria jarduera sozioekonomikoetan eta politikoetan kontrola ez galtzeko olagizonen azken saioa izan ote zen. Hausnarketa horrek "baduela zerbait" esan du, "burdingintzatik bizi zirenek ez baitzuten boterea galdu nahi".

Badira gertakari hura inguratzen duten zenbait portaera ilun. Gurutzearen miraria jazo, eta 53 urtez eutsi zioten gertakariari isilpean legazpiarrek. Jose Antonio Azpiazu historia adituaren ustetan, "egon ziren nahikoa arrazoi mende erdiz gertakari misteriotsu hura isilarazteko".

Hiru azpimarratzen ditu batez ere: "Elizak jaiegun hartan lan egin zuten olagizonen aurkako neurriak har zitzakeen, eta Legazpi Segurarengandik banatzeko ahaleginetan zebilen; horrek gertakaria legazpiarren independentzia asmoak zapuzteko erabil zezakeen. Gainera, XVI. mende amaierako izurriteak kalte handiak eragin zizkion Mirandaolako burdinolaren ardura zuen familiari; bizilagunek hogei urte lehenago gertatu zenaren zigortzat hartzen zuten hura, isilean".

Mende erdiz isilpean

Komunitateak ustezko errudunak Elizaren zigorretatik aske zeudela iritzi zionean bakarrik jakinarazi zen gertakaria, 1633an; "1580ko maiatzeko zorigaiztoko igande hartan lanean aritu zen azken olagizona zendu zen urtean". Ignacio Arbide historialariak azaldu duenez, "monsinore Pedro Zorrila Iruñeko gotzaina Urretxun bisitan zegoela eskatu zion Legazpiko herriak miraria aitortzeko". Prozesu bat ireki zuen gotzainak, eta, gertakaria aztertu ondoren, "Mirandaolako gurutzearen kultua onartu eta aitortu" zuen Elizak.

Mirandaolako fenomenoa laikotasunarekin lotzeko zantzuak ere aurkitu ditu Arbidek. "Laikoak ziren miraria jazo zen egunean lanean aritu ziren olagizonak, laikoa, baita ere, gurutzea lehenengoz ikusi zuen gizona, baita hori San Migel ermitan gorde zutenak edo gotzainari miraria aitortzeko eskatu zioten herritarrak ere". Mirandaolak ez du santutegi handien bilakaerarik izan, baina "Euskal Herriko historia erlijiosoaren gune garrantzitsua da".

Ramon Martin historialariarentzat, "garai hartako kultur testuinguruan errotutako fenomeno erlijioso bat da" Mirandaolan gertatutakoa. Elizak garai hartako erlijio kristaua indartzeko egindako mugimendu bat izan zen Martinentzat gertaera mirari aitortzea. Horren bitartez "jaiegunak gordetzeko agindua betearazteko eredua" bilatu nahi zuen.

Erlijioa eta ohiturak

Iruñeko gotzainak miraria aitortzeko izan zuen presa "erlijio kristau ofiziala aldatzen ari zen" zantzua da. Izan ere, "hamar eguneko epean eta gertakaria entzutez soilik ezagutzen zuten pertsonen testigantzetan oinarrituta" aitortu zuten miraria. Horregatik, gertaeraren izaera laikoa baino gehiago "bi erlijioen arteko kontrastea" da Mirandaolakoa Martinentzat.

Argitzerik ez dago gertakaria kontatzen den bezala jazo zen, benetan miraria izan zen ala interes jakin batzuengatik asmatutako istorio bat den. Baina orduan gertatutakoak bizirik dirau, eta legazpiarrek urtero gurtzen dute Mirandaolako gurutze santua Santikutz jaien testuinguruan.

Kiribilkatzeak

Aske Guneko azken irudiei begira, trikuek beren defentsarako egiten duten mugimendua adierazteko frantsesek darabilten hitza etorri zitzaidan gogora: volvation. Bere baitara biltzea esan nahi du eta, gizakion jarrera psikologiko bat adierazteko erabil...

30 herrik parte hartuko dute Herri Arteko Pilota Txapelketan

Herri Arteko Pilota Txapelketak badu xarma berezia: pilotariek ez dute elkarte edo klub bat ordezkatzen, euren herria baizik. Ardura horrek bi aurpegi ditu, Juan Karlos Etxeberria Gipuzkoako Pilota Federazioko kirol zuzendariak dioenez: "Zure herria ordezkatzea zerbait polita eta motibagarria da. Era berean, ardura horrek tentsioa sortzen du; kadete mailako pilotariek parte hartzen dute eskuan eta zesta puntan, eta batzuetan haien norgehiagokan erabakitzen da herriak txapelketan aurrera egiten duen".

Txapelketari asteburu honetan emango diote hasiera. Hiru modalitatetan —esku-huskan, palan eta zesta puntan—, 30 herrik parte hartuko dute. Horietatik 22 herri esku-huskakoan ariko dira, bederatzi palakoan eta lau zesta puntakoan. Ia herri guztiek modalitate bakarrean hartuko dute parte. Salbuespenak dira Donostia, hiruretan ariko dena; Oiartzun eta Errenteria, palan eta eskuz ariko direnak; eta Tolosa, eskuz eta zesta puntan ariko dena.

Federazioarentzat txapelketa guztiek dute garrantzi bera, Etxeberriak azaldu duenez. Herri artekoak zaleek eta komunikabideek gehiago jarraitzen dituzte, batez ere esku-huskakoa. "Herria ordezkatuz jokatzen denez, ikusle gehiago joaten da partidetara", esan du Etxeberriak. "Gipuzkoako Kluben Arteko Txapelketaren final nagusian berrehun ikusle inguru elkartu daitezke, eta esku-huskako herri artekoan Atano frontoia ia bete egiten da. Kanporaketetan ere ikusle asko joaten da herrikideei animoak ematera, eta frontoietan giro polita izaten da".

Eskuzkoan, faborito argirik ez

Txapelketaren xarma da baita ere herri txikiek aurrera egiteko aukera izan dutela. Eskuzkoa 45 aldiz jokatu da, eta, esaterako, Amezketak jantzi zuen txapela 1993an —orain arteko herririk txikiena—. Iaz, Berrobi izan zen txapeldunordea, eta final batera iritsi den herririk txikiena da. Arkaitz Aurkia da Berrobiko taldearen arduraduna, eta iaz finala jokatzea "historikoa" izan zela dio: "Ez dakit berriz horrelakorik lortzerik izango dugun datozen urteetan. Hiru mailak osatzeko zailtasunak izaten ditugu. Iaz, sekulako ilusioa eta giroa sortu zen herrian, eta aurten ere saiatuko gara ahal duguna egiten".

Tolosak eta Zumarragak jokatuko duten kanporaketan erabakiko da Berrobiren aurkaria. "Bietako edozein izanik ere, zaila izango da aurrera egitea. Tolosa izaten bada, eskualdeko herri handiena denez, pikea izango da ziur", esan du Aurkiak.

Esku-huskakoan iazko txapelduna Hernani izan zen. Hango ordezkaria da Rufino Rekalde: "Herri artekoak indar handia izan du Hernanin azken urteotan. Orain urte batzuk, talde on bat osatu zen; finalera iritsi, eta pixkana zaletasuna pizten joan da. Guretzat berezia da herri artekoa, eta pilotariek, konpromiso handiak izan arren, lehentasuna ematen diote txapelketa honi".

Hernani azken hamalau urteetan hamar finaletan izan da, eta bost txapel eskuratu ditu. "Aurten, aspaldi ez bezala, ikaragarrizko berdintasuna ikusten dut", esan du Rekaldek. "Sei edo zortzi herri nahiko parekatuta ibiliko garela uste dut. Pausoz pauso joan behar dugu".

Herri txikiek aurrean egoteko aukera dutela erakusten duen beste adibide bat Olaberria da. Iaz, pala modalitatean txapelduna izan zen, eta dagoeneko bost txapel ditu, kopuru handiena Donostiarekin eta Errenteriarekin batera. Garikoitz Arrieta taldeko ordezkari eta pilotariak azaldu duenez, hasieran parte hartu zuten, eta gero urte batzuk aurkeztu gabe izan ondoren, 1998an hasi ziren parte hartzen "taldearen bizkarrezurra" izan diren pilotariak. "Bost txapel lortu izanaz harro gaude, Olaberria ez baita mila biztanlera iristen".

Palarentzat protagonismo handiagoa eskatu du Arrietak, eskuzko modalitateak askotan lekua jaten baitie komunikabideetan: "Telebista dela eta, azken urteetan eskuzkoa promozionatu da". Palan pilotariak nagusi mailan lehiatzen dira, binaka eta bi jokamoldetan, paleta larruz eta pala motzean. Aurtengo txapelketarako Arrietak Andoain ikusten du pixka bat beste faboritoen aurretik, baina berriro irabazteko aukera izango dutela espero du.

Zesta puntan, ligaxka

Zesta puntan Zumaia izan zen iazko txapelduna. Luis Mari Etxabe da taldearen arduraduna: "Pilotarientzat ohorea izaten da herria ordezkatzea". Azken sei urteetan herrian ez dute frontoirik zesta puntan jokatzeko. "Hala ere, taldea mantentzen dugu, sakrifizio handiak eginez bai pilotariek, bai gurasoek eta baita elkarteak berak ere", esan du. "Zain gaude arazoak noiz konponduko diren frontoia lehenbailehen egiteko".

Hamalau aldiz jokatu da modalitate horretan txapelketa, eta horietatik zortzitan irabazi eta beste bostetan txapeldunorde izan dira zumaiarrak. Aurtengoan ahal dutena egitera joango direla dio Etxabek: "Ezustekoak izaten dira txapelketa hauetan, eta denetara egokitu beharra dago". Beste bi modalitateetan kanporaketak jokatzen dituzte, baina zesta puntan, lau herri izanik, ligaxka jokatzen dute denen artean, eta lehen bi sailkatuak finalera sailkatzen dira.

Egutegia hiru modalitatetan zehaztuta dagoenez, lehia hasteko pilotak dantzan jartzea besterik ez da falta.

ATEZ ATEKOAREN BEDERATZIGARRENA

Hondakinak atez ate biltzeko sistema martxan jarri berri dute Lezon. Orain arte, hondakinen %28 birziklatzen zuten, eta sistema berriarekin, %80 birziklatzera iritsi nahi dute. Astelehena "egun handia" izan zuten herrian, Ainhoa Zabalo alkateak adierazi zuenez —orduan egin zuten udal ordezkariek agerraldi publikoa—. Bereziki nabarmendu zuen herritarrek izandako jarrera. Atez ateko sistema jarri duen Gipuzkoako bederatzigarren herria da Lezo.

Zorpetze handiaren kalteak, Mutrikun eta Errezilen

2012an, arazo ekonomiko larriak izan zituzten hainbat udalek. Esaterako, Errezilek eta Mutrikuk. Zorpetze handia zegoen bi herrietan; iaz, %118ko zor bizia zuten Mutrikun, eta %128,3koa Errezilen. Egoera horretatik atera, zorra jaitsi eta udaleko kont...

EGUNSENTIA, ABESLARIEN ELKARGUNE

Emanaldi berezia izango da gaur hainbat musikarik Hernanin eskainiko dutena. Ez dira bi musikari izango, ez hiru, ezta lau ere; zortzikote bat igoko da Biteri kultur etxeko oholtza gainera: Pier Paul Berzaitz, Magali Zubillaga, Estitxu Pinatxo, Erramu...

Baratze Parkeen Sarea haziz doa pixkanaka

Puri-purian dagoen ohitura da hirietan edo herrietan baina landa eremuetatik urruti bizi den jendeak norbere baratzeak egiteko lursailak eskuratzea. Kutxa Ekoguneak, elikadura eta ohitura osasuntsuak sustatzeko helburuarekin, Baratze Parkea Sarea egitasmoa jarri du abian Gipuzkoako hainbat udalerritan.

Lezo izan da egitasmoarekin bat egin duen lehen udalerria. Aste honetan Usurbil eta Tolosako baratze parkeak jarri dituzte martxan. Urtea bukatzerako Alegia, Zegama eta Errenteriak ere sendotuko dute sarea, eta jomugara heltzerako, hamasei udalerrik egitasmoarekin bat egitea espero dute Kutxa Ekoguneko arduradunek. Udan Ekoguneko egoitza berria ere zabalduko dute Donostian.

Beraz, pixkanaka sendotasuna hartzen ari den proiektua da Baratze Parke Sarea, eta herri bakoitzak bere erritmoa darama. Bakoitzak bere lursailak, erabiltzaileak, baldintzak eta betebeharrak zehazten ditu, baina guztiek helburu eta erronka berak dituzte: ekologia aintzat hartuta, baratzeak aisialdia era aktiboan lantzeko topagune bihurtzea.

Ekologia da abiapuntua

Ekologia. Horixe da Baratze Parke Sarean parte hartzeko errespetatu behar den lehen araua. "Baratzeen lanketa modu ekologikoan egitea da eskatzen den lehen baldintza, eta horretarako, erabiltzaileek ikastaro bat egiten dute baratzeak lantzen hasi baino lehen", dio Zuriñe Sanchezek, Kutxa Ekoguneko komunikazio arduradunak.

Ekoguneak Baratze Parke Sarean parte hartzen duten udalerrien arteko koordinazio lana egiten du. Formazio, aholkularitza eta finantzaketa lanetan laguntzen die herriei, baina gero udalerriak eurak dira baratzeen erabiltzaileekin harremana zehazten dutenak. Hainbat herritan, baratzeetarako egokitutako lursailak eskuratzeko, behar bereziak dituzten pertsonek lehentasuna dute, adibidez. Lursailen tamaina, banaketa eta ustiaketa herriaren araberakoa izango da, beraz.

Dena dela, Baratze Parke Sarea aipatzean, sare hitzak bere zentzu zabalena hartzen du. Hau da, baratzeen erabiltzaileek egitasmoan parte hartzen duen edozein herritan erabil ditzakete Ekoguneak eskaintzen dituen zerbitzuak. Usurbildar batek Tolosan egin ditzake ikastaroak. Gainera, erabiltzaileek foro bat ere edukiko dute eskura, baratzeak lantzeko orduan sortutako arazo edo zalantzak gainerako erabiltzaileekin trukatzeko.

Normalean, Baratze Parke Sareko baratzeen erabilera gutxienez urte batekoa izaten da, eta gehienez lau urtera luza daiteke erabilera hori. Dena den, hori ez da izaten erabiltzaileentzako aitzakia, eskaria eskaintza baina handiagoa baita beti. "Jendeak oso harrera ona egin dio proiektuari", Zuriñe Sanchezen arabera. "Azken urte hauetan kontsumo ohiturak aldatzen ari dira, garaian garaikoak eta bertakoak edo ingurukoak diren produktuak kontsumitzen ditu jendeak. Badirudi gure aitona-amonen garaira bueltatzeko joera nabarmena dela, eta gero eta gehiago dira bere baratzea eduki eta norberak ereindakoa jan nahi dutenak".

Izan ere, baratze horien helburua ez da barazkiak salduz etekinak ateratzea: barazkien prozesu naturala ezagutu, garaiko landareen berri izan eta kontsumo ohitura osasuntsu eta ekologikoak bultzatzea baizik.

“Praktikoak gara: korrika egiten dugu norbait labanaz badator”

Zilarrezko bi dominarekin itzuli da Kenpoko Munduko Txapelketatik Iosu Letona (Arrasate, 1980). Lehendabiziko aldiz hartu du parte lehiaketan, eta oso gustura dago emaitzarekin. Eskoriatzako Atama kenpo taldeko kidea da duela zortzi urtetik, eta orain Iker anaiarekin batera eskolak ematen ditu Arrasaten. Apirilaren amaieran Turkian jokatutako lehiatik itzulitakoan ingurukoek zoriondu dute, eta komunikabideek ere beregana jo dute. "Lotsatuta" dago horregatik; "dominak nahi nituen, baina ez beste guztia".

Bi euskaldun izan zarete munduko txapelketan Espainiako selekzioarekin. Atama taldekoak biak.

Bai, nire maisua den Rafa Carriet eta biok izan gara lehian, eta biok ondo ibili gara. Rafak laugarren postua eskuratu du master modalitatean. Mina zuen aldakan, eta ezin izan zuen berak nahi zuen lana egin. Beraz, emaitza ona dela uste dut. Erreferentziarik ez genuen, proba egitera joan ginen, eta emaitzekin gustura gaude.

Bigarren postua lortzerik ez zenuen espero.

Ez. Semi Kenpo modalitatean lehenengo egunean lortu nuen domina, eta horrek presioa kendu zidan; ondo etorri zitzaidan. Semi Kenpo modalitatean, lehenengo ukitzean gelditu egiten da lehia, eta epaimahaiak erabakitzen du nori eman garaipena. Oso azkarra da lehia mota hori. Bigarren egunean Full Kenpo modalitatean parte hartzeko asmoa nuen. Baina ikusi nuen hirugarren eguneko lanarekin ez zela oso bateragarria, eta ez parte hartzea erabaki nuen. Inoiz lehiatu gabea nintzen modalitate horretan, eta lesio asko ikusten ari nintzen. Hortaz, buruarekin jokatzea erabaki nuen.

Eta erabaki horri esker, bigarren domina iritsi zen azken egunean, ezta?

Bai. Hirugarren egunean K1 modalitatean aritu nintzen, eta bigarren egin nuen berriz ere. Aurkaria KO uztea da helburua. Inoiz borroka egin gabe nintzen, eta hasieran apur bat urduri egon nintzen, baina gauzak ondo atera ziren. Hala ere, finala oso motza izan zen, bertan behera utzi behar izan nuen; finalaurrekoan izterrean min hartuta nengoen, eta toki berean kolpe bat jaso eta berehala utzi behar izan nuen lehia.

Helburua aurkaria KO uztea izanda, halako asko egon al ziren txapelketan?

Eskuak eta hankak erabiliz lor daiteke norbait KO uztea, baina txapelketan ez dut ikusi halakorik. Hiru minutuko denbora egoten da lehiatzeko, eta denbora hori igarotakoan epaileek erabakitzen dute nori eman garaipena.

Lesionatuta zaude orain. Zer gertatu zitzaizun zehazki?

95 kilotik gorakoen kategorian parte hartu nuen. Nik 107 kilo pisatu nituen han, eta aurkariekin alderatuta txikitxoa nintzen. Ez dakit zenbat kiloko aurkariak bizpahiru kolpe eman zizkidan toki berean, eta ez dakit zuntz haustura txiki bat edukiko dudan ala kontraktura handi bat. Oso handituta eduki dut izterra, eta ez didate ezer esan. Baina hobera doa eta, beraz, pozik nago. Nire asmoa hango martxa ikustea eta min handirik gabe bueltatzea zen; ez naiz gaizki itzuli.

Okerragoa izan zitekeen, noski.

Bai. KO bat jasatearen beldurrik ez nuen; gero osatu eta kito. Beldur handiagoa ematen zidan ukondo bat puskatzeak edo halako zer edo zerk. Kasu horietan denbora asko behar da osatzeko. Min handirik hartu gabe amaitu nahi nuen txapelketa.

Kolpe batzuk jaso dituzu. Eman ere egingo zenituen, ezta? KOrik egin duzu?

Ez, kolpeak, batzuk eman ditut. Berotan ez duzu nabaritzen, baina hurrengo egunetan akordatzen zara.

Zer moduzko giroa aurkitu duzue txapelketan?

Oso ona. K1 finalean ere, minagatik utzi nuenean, aurkariak barkamena eskatu zidan, ez zuela nahita egin esan zidan. Beldurra ematen zuen errumaniarrak, benetan handia zelako, baina jatorra iruditu zitzaidan. Oro har, jende jatorra topatu genuen.

Parte hartzaileei buruz zer esango zenuke? Onak al dira?

Ondo aritzen direla esango nuke. Espezialitate asko daude, eta egia esan, asko aldatzen da txapelketatik txapelketara; Espainiakotik mundukora bai, behintzat. Guk ez ditugu batere landu modalitate batzuk, lurrekoak esaterako, eta hor gauza oso-oso politak ikusi nituen. Bestetik, zakarkeriak ere egon ziren. Gehien harritu ninduena 13 urteko mutiko baten jarrera izan zen: aurkariari ukondoa apurtu zion, eta zutitu eta egindakoa ospatzen hasi zen. Horrek zer pentsatua eman zidan, eta baita bigarren eguneko Full Kenpo modalitatean parte ez hartzeko erabakia bultzatu ere.

Nola ikusi zenituen zure kategoriakoak?

Jende pisutsua eta oso handia zen, baina agian ez ziren oso azkarrak. Puntukako lehian ikusi nituen pare bat oso onak, baina... Oso ondo ari ziren, baina nahikoa lasai ibili nintzen, ez nintzen tokiz kanpo sentitu. K1 modalitatean ere jende handia aurkitu nuen; onak baino gehiago, indartsuak iruditu zitzaizkidan. Beharbada, beste modalitate batzuetan maila hobea izango dute kirolari horiek.

Kalean tokatu al zaizu kenpoa erabili beharra?

Ez, eta horretaz harro nago.

Baina norbaitek eraso egin nahi balizu, jakingo zenuke kontra egiten, ala horiek filmetako kontuak dira?

Praktikoak gara gu: norbait labanarekin badator eraso egitera, korrika egiten dugu. Beste erremediorik ez badugu, orduan dakiguna egingo genuke, baina buruarekin jokatu behar da.

Ez da oso kirol ezaguna kenpoa. Nola deskribatuko zenuke? Zertan oinarritzen da?

Defentsa pertsonalean oinarritzen da. Kenpo mota asko daude; tradizionalak daude, modernoak ere bai, eta barruan estilo asko daude. Karatearen antzeko kolpeak erabiltzen ditugu. Kenpo modernoa etengabe garatzen ari da, eklektikoa da. Ez dugu uste borroka arte mota bat besteak baino hobea denik; bateko eta besteko elementuak hartzen ditugu, gustatzen zaizkigunak.

Zuek, esaterako, Full Defence izeneko kenpo mota egiten duzue, ezta?

Bai. Rafa Carrietek sortu duen sistema da, eta defentsa pertsonalean oinarrituta dago hura ere. Mugimenduen loturak lantzen ditu, koreografia antzekoak. Teknika, oreka... lantzeko da. Horretaz gain, borroka ere lantzen dugu. Espainiako federazioak ofizialtasuna ematea nahi genuke. Gure elkarteak emaitza onak lortu ditu aurten, eta ea horrek laguntzen digun helburu horretan.

Eskoriatzako taldea da Atama, baina pixkanaka zabaltzen ari zarete inguruko herrietara, ezta?

Bai. Anaiak eta biok eskolak ematen ditugu Arrasaten, eta Oñatin Iñaki Zubillaga aritzen da.

Udaletan, gerrikoa estututa

Krisiak bete-betean eragin du Gipuzkoako udalerrietako kontuetan. Diru sarrerak nabarmen murriztu zaizkie askori, eta, ondorioz, udal ordezkari gehienek diote ez direla "inbertsio handietarako garai onenak". Halere, gerrikoa estutu, gastu arruntak murriztu, eta haien lehentasunak finkatu dituzte. Garai zail hauetan, gizarte zerbitzuei garrantzi handia ematen diete, eta horretara bideratu dute askok aurrekontuaren zati handi bat. Zailtasunak zailtasun, 2013rako aurrekontuak onartu dituzte udal gehienek. Hona hemen adibide batzuk:

LORE AGIRRE

Tolosako Ogasun zinegotzia

"Hirukoiztu egin dugu behar bereziak dituzten pertsona eta familiei laguntzeko poltsa"

"Gastu soziala" izan da Tolosako Udalaren lehentasuna 2013ko aurrekontuetan, Lore Agirre Tolosako Ogasun zinegotziaren arabera. 25,86 milioi euroko aurrekontua dute. "Gizarte politikan eta enpleguan egindako ahalegina aipatuko nuke. Gizarte zerbitzuetan, behar bereziak dituzten pertsona eta familiei laguntzeko poltsa ia hirukoiztu egin dugu. Bestetik, 600.000 euro inbertitu ditugu, sei hilabeterako 50 bat lanpostu sortuz". 2011n udalean sartu zirenean 26 milioi euroko zorra topatu zutela azaldu du. Egoerari buelta ematen saiatu dira, gastu arruntean gutxiago gastatuz: "Gastu sozialari eutsi diogu, baina udalaren funtzionamendu gastuen kontrola berreskuratu dugu, eta zorra murriztu dugu. 2012an bost milioi euro murriztu genuen zorra, udalari arnasbide bat eskainiz eta proiektu berriak aurrera eramatea ahalbidetuz". Halere, aurrekontuetan murrizketa nabarmenik ez dutela egin azaldu du Agirrek; sailetara bideratutako dirua izoztu dute.

Hainbat proiektu ere badituzte. "Zeharkako proiektuak sustatu nahi izan ditugu, partaidetza oinarri hartuz". Herri baratzen proiektua, irispideak errazteko plana eta mugikortasun plana aipatu ditu, besteak beste.

1,37 milioi euroko kreditua eskatu du Tolosako Udalak: "Ez gastu arrunta finantzatzeko, inbertsio sozial bat egiteko baizik; eraikin bat eraberritu, eta gazteentzako etxebizitza sozialak egokituko dira; proiektu hori aurrera ateratzeko Jaurlaritzaren diru laguntza ere badugu". 2012an likidatutako sarrera arruntekiko %53,47ko zor bizia du Tolosako Udalak.

IRATXE ZEZIAGA

Arrasateko zinegotzia

"Urte gogorra izango da, baina kontuak onbideratuta edukitzea espero dugu"

"Behar gehien duten herritarren beharrei erantzutea" izan da irizpide nagusienetakoa Arrasateko Udaleko aurrekontuak egiterakoan. Horrela azaldu du Iratxe Zeziaga zinegotziak. Iazkoaren aldean, %4,34 murriztu dute aurten aurrekontua; 29,8 milioi izango dituzte. Ondorioz, gastu arruntetan "zorrotz" jokatuko dute. Gainera, ez dute inbertsio handirik egingo. Horretarako, hainbat konpromiso berraztertu, eta hainbat urtetan banatu dute inbertsioa. "%18,5 murriztu ditugu inbertsioak; ongizate sailera, berriz, 2012ko gastu erreala baino diru gehiago bideratu dugu. Beharrezkoa bada, alor horretan diru gehiago erabiliko dugu".

Beraz, gizarte gaiei eman diete lehentasuna, eta herritarrei "kalitatezko zerbitzuak eskaintzera ere" diru kopuru "handia" bideratu dute. Mugikortasun plana, euskara sustatzeko jarduerak, zero zabor sortzea helburu duen hondakinen kudeaketa, Kurtzetxiki mendiaren berreskurapena eta herritarren parte hartzerako proiektuak nabarmendu ditu.

%18,59ko zorra dauka Arrasateko Udalak, eta aurten ez dute beste krediturik eskatzeko asmorik. "Urte gogorra izango da. Baina orain arteko irizpideei jarraituz, espero dugu gure kontuak onbideratuta edukitzea".

MIGUEL ANGEL PAEZ

Irungo Ogasun zinegotzia

"Aurten inbertsio gehiago egiteko asmoa dugu"

Iazko urtearekin alderatuta, aurrekontu handiagoa izango dute aurten Irunen: %3,34 gehiago. 67,8 milioi guztira. "Aurten inbertsio gehiago egiteko asmoa dugu, batez ere, hornikuntza eta obra publikoetan", azaldu du Miguel Angel Paez Irungo Udaleko Ogasun zinegotziak. "Inbertsioei ez diegu atea itxi nahi, administrazio publikoa garen aldetik, ekonomia berreskuratzeko motor lana egin behar dugula uste baitugu. Hiriko jarduera ekonomikoa dinamizatu nahi dugu, kontratazio berriak gauzatuz". Hezkuntzara eta gizarte politikara ere bideratu dute dirua. "Badakigu jende asko gaizki pasatzen ari dela; horien ondoan egongo gara, eta gizarte politikez arduratuko gara; hori baita gure lehentasuna".

Aurrekontua egiterakoan "herritarren parte hartzea" bultzatu dutela ere adierazi du Paezek. "Herritar guztiei irekitako bilera publikoa egin genuen, eta herriko erakunde eta elkarteekin elkartu gara. Webgunean atal bat daukagu, herritarrek haien proposamenak egin ahal izateko".

Proiektu garrantzitsuenen artean, liburutegia dago. Hiriko alde zaharra berriro urbanizatzeko eta dinamizatzeko asmoa ere badute; hiri barneko bideak ere egokituko dituzte.

35,5 milioi euro inguruko zorra dute gaur egun; %60 inguruan dabiltza. "Zor horretan sartzen da Foru Ogasunari itzultzen ari garena; datorren urtean amaituko dugu; beraz, 2014tik aurrera egoera erosoagoa izango da".

JOSE LUIS VALLES

Eibarko Ogasun zinegotzia

"Ditugun diru sarreren arabera gastatuko dugu"

Diru sarrerak gutxitzen ari direla eta errealitate horretara egokitu behar dela gogoratu du Jose Luis Valles Eibarko Ogasun zinegotziak. Halere, Eibarko Udalaren egoera "nahiko ona" dela gaineratu du. 28,8 milioi euroko aurrekontua dute aurten; iaz baino bi milioi gutxiago. "Nik ez dut murrizketei buruz hitz egiten; diru sarrera batzuk baditut, horien arabera gastatuko dut. Sarrerak gutxitzen badira, inbertsiotarako gutxiago izango dut". Aurten, inbertsioa 2,8 milioi eurora jaitsi dute: "Ez du askorako ematen, baina oraindik inbertsio gaitasuna badugu". Ohiko gastuak ere "egokitzen" saiatu dira. Argi du lehenengo lehentasunak ezarri behar direla, eta, gero, gelditzen dena beste alorretan banatu.

Udaleko lanpostuei eustea da lehentasunetako bat. "Hamar milioiko gastua dugu langileetan; gastu handia da, baina horiei eutsi behar zaie, batez ere krisi garaietan". Oinarrizko beharrizanak estaltzen ere saiatu dira; batez ere, gizarte ongizateari dagozkionak. "Behar handiena dutenei lagundu behar zaie".

Inbertsioak egiterakoan ere, lan ugari aipatu ditu: hezkuntza zentroen eraberritzea, errepideetako asfaltoaren ohiko mantentzea, hilobiaren erreforma, informatikako inbertsioa... "Gauza txikiak" baina "garrantzitsuak" direnak ez direla ahaztu behar pentsatzen du Ogasun zinegotziak: "Une hauetan ez dira egokiak lehen bezalako proiektu handiak; etorriko dira horiek egiteko garai hobeak". Egin beharreko lanen artean ere lehentasunak finkatu dituzte: "Obra batzuk lehenbailehen egin beharrekoak dira; beste batzuek pixka bat itxaron beharko dute, datorren urtera arte".

Zorpetzeri dagokionez, %29ko zor bizia dute; Vallesen arabera, "foru aldundiak ezarritako %95eko mugatik urrun". Aurrekontuekin zorrari "erraz" aurre egin diezaioketela azaldu du.

IÑAKI EIZAGIRRE

Zarauzko Ogasun zinegotzia

"Zerga sisteman egin ditugun aldaketa batzuen ondorioz, diru sarrerak handitu dira"

Herrian egiten duten "parte hartze prozesuari" garrantzia eman nahi izan dio Iñaki Eizagirre Zarauzko Ogasun zinegotziak. "Aurrekontuei buruz hitz egiteko, hamazazpi bilera egin ditugu; herritarrekin auzoetan, hainbat arlotako eragileekin eta udal langileekin bildu gara". Bi helburu nagusi ezarri dituztela ere azaldu du: "Gardentasuna eta eraginkortasuna".

Zarauzko Udalaren kasuan, %3,4 handitu dute aurten aurrekontua; 29,4 milioi izango ditu udalak. "Zerga sisteman egin ditugun aldaketa batzuen ondorioz, diru sarrerak igo egin dira". Esaterako, ondasun higiezinen zergan ohikoak ez diren etxebizitzei tasa berria ezarri die. 600.000 euroko diru sarrerak aurreikusten dituzte bide horretatik.

Bestalde, zor handia dutela gogoratu du Eizagirrek: "Gure gastuen %8,7 bankuetara doa". Hogei milioi euro inguruko zorra dute; 2011n udalean sartu zirenean baino hiru milioi gutxiago. Zor bizia, berriz, %71koa da. Horrek guztiak udaleko aurrekontuak baldintzatzen ditu. Halere, gizarte laguntzak eta ongizatea indartu nahi izan dituzte: "Krisitik atera nahi dugu, baina inor alde batera utzi gabe". Iaz baino %4 gehiago bideratuko dute aurten ongizatera.

Enplegu plana, eta kultur arloan eta gazteriaren alorrean dauden beharrak asetzea dira beste lehentasunetako batzuk. Euskararen sustapenerako ere, ekonomia eta giza baliabideak jarriko dituztela zehaztu du Eizagirrek. Alde Zaharra oinezkoentzat egokitzen ari dira, eta hori da une honetan proiektu garestiena. "Buruan ditugun proiektuak gauzatzen ari gara, baina ditugun baliabideak kontuan hartuta, poliki-poliki".

Aurrekontuetan aurten bi milioiko mailegu bat eskatzea aurreikusi zuten. "Egun gauden baino gehiago ez zorpetzeko helburua jarrita daukagu. Urtero 2,5 milioi bideratzen ditugu zorra ordaintzera; ezin dugu kopuru hori baino gehiago eskatu. Halere, ikusiko dugu urtea nola doan, eta, horren arabera, abenduan erabakiko da mailegua eskatu edo ez".