Sailkatugabeak

“Praktikoak gara: korrika egiten dugu norbait labanaz badator”

Zilarrezko bi dominarekin itzuli da Kenpoko Munduko Txapelketatik Iosu Letona (Arrasate, 1980). Lehendabiziko aldiz hartu du parte lehiaketan, eta oso gustura dago emaitzarekin. Eskoriatzako Atama kenpo taldeko kidea da duela zortzi urtetik, eta orain Iker anaiarekin batera eskolak ematen ditu Arrasaten. Apirilaren amaieran Turkian jokatutako lehiatik itzulitakoan ingurukoek zoriondu dute, eta komunikabideek ere beregana jo dute. "Lotsatuta" dago horregatik; "dominak nahi nituen, baina ez beste guztia".

Bi euskaldun izan zarete munduko txapelketan Espainiako selekzioarekin. Atama taldekoak biak.

Bai, nire maisua den Rafa Carriet eta biok izan gara lehian, eta biok ondo ibili gara. Rafak laugarren postua eskuratu du master modalitatean. Mina zuen aldakan, eta ezin izan zuen berak nahi zuen lana egin. Beraz, emaitza ona dela uste dut. Erreferentziarik ez genuen, proba egitera joan ginen, eta emaitzekin gustura gaude.

Bigarren postua lortzerik ez zenuen espero.

Ez. Semi Kenpo modalitatean lehenengo egunean lortu nuen domina, eta horrek presioa kendu zidan; ondo etorri zitzaidan. Semi Kenpo modalitatean, lehenengo ukitzean gelditu egiten da lehia, eta epaimahaiak erabakitzen du nori eman garaipena. Oso azkarra da lehia mota hori. Bigarren egunean Full Kenpo modalitatean parte hartzeko asmoa nuen. Baina ikusi nuen hirugarren eguneko lanarekin ez zela oso bateragarria, eta ez parte hartzea erabaki nuen. Inoiz lehiatu gabea nintzen modalitate horretan, eta lesio asko ikusten ari nintzen. Hortaz, buruarekin jokatzea erabaki nuen.

Eta erabaki horri esker, bigarren domina iritsi zen azken egunean, ezta?

Bai. Hirugarren egunean K1 modalitatean aritu nintzen, eta bigarren egin nuen berriz ere. Aurkaria KO uztea da helburua. Inoiz borroka egin gabe nintzen, eta hasieran apur bat urduri egon nintzen, baina gauzak ondo atera ziren. Hala ere, finala oso motza izan zen, bertan behera utzi behar izan nuen; finalaurrekoan izterrean min hartuta nengoen, eta toki berean kolpe bat jaso eta berehala utzi behar izan nuen lehia.

Helburua aurkaria KO uztea izanda, halako asko egon al ziren txapelketan?

Eskuak eta hankak erabiliz lor daiteke norbait KO uztea, baina txapelketan ez dut ikusi halakorik. Hiru minutuko denbora egoten da lehiatzeko, eta denbora hori igarotakoan epaileek erabakitzen dute nori eman garaipena.

Lesionatuta zaude orain. Zer gertatu zitzaizun zehazki?

95 kilotik gorakoen kategorian parte hartu nuen. Nik 107 kilo pisatu nituen han, eta aurkariekin alderatuta txikitxoa nintzen. Ez dakit zenbat kiloko aurkariak bizpahiru kolpe eman zizkidan toki berean, eta ez dakit zuntz haustura txiki bat edukiko dudan ala kontraktura handi bat. Oso handituta eduki dut izterra, eta ez didate ezer esan. Baina hobera doa eta, beraz, pozik nago. Nire asmoa hango martxa ikustea eta min handirik gabe bueltatzea zen; ez naiz gaizki itzuli.

Okerragoa izan zitekeen, noski.

Bai. KO bat jasatearen beldurrik ez nuen; gero osatu eta kito. Beldur handiagoa ematen zidan ukondo bat puskatzeak edo halako zer edo zerk. Kasu horietan denbora asko behar da osatzeko. Min handirik hartu gabe amaitu nahi nuen txapelketa.

Kolpe batzuk jaso dituzu. Eman ere egingo zenituen, ezta? KOrik egin duzu?

Ez, kolpeak, batzuk eman ditut. Berotan ez duzu nabaritzen, baina hurrengo egunetan akordatzen zara.

Zer moduzko giroa aurkitu duzue txapelketan?

Oso ona. K1 finalean ere, minagatik utzi nuenean, aurkariak barkamena eskatu zidan, ez zuela nahita egin esan zidan. Beldurra ematen zuen errumaniarrak, benetan handia zelako, baina jatorra iruditu zitzaidan. Oro har, jende jatorra topatu genuen.

Parte hartzaileei buruz zer esango zenuke? Onak al dira?

Ondo aritzen direla esango nuke. Espezialitate asko daude, eta egia esan, asko aldatzen da txapelketatik txapelketara; Espainiakotik mundukora bai, behintzat. Guk ez ditugu batere landu modalitate batzuk, lurrekoak esaterako, eta hor gauza oso-oso politak ikusi nituen. Bestetik, zakarkeriak ere egon ziren. Gehien harritu ninduena 13 urteko mutiko baten jarrera izan zen: aurkariari ukondoa apurtu zion, eta zutitu eta egindakoa ospatzen hasi zen. Horrek zer pentsatua eman zidan, eta baita bigarren eguneko Full Kenpo modalitatean parte ez hartzeko erabakia bultzatu ere.

Nola ikusi zenituen zure kategoriakoak?

Jende pisutsua eta oso handia zen, baina agian ez ziren oso azkarrak. Puntukako lehian ikusi nituen pare bat oso onak, baina... Oso ondo ari ziren, baina nahikoa lasai ibili nintzen, ez nintzen tokiz kanpo sentitu. K1 modalitatean ere jende handia aurkitu nuen; onak baino gehiago, indartsuak iruditu zitzaizkidan. Beharbada, beste modalitate batzuetan maila hobea izango dute kirolari horiek.

Kalean tokatu al zaizu kenpoa erabili beharra?

Ez, eta horretaz harro nago.

Baina norbaitek eraso egin nahi balizu, jakingo zenuke kontra egiten, ala horiek filmetako kontuak dira?

Praktikoak gara gu: norbait labanarekin badator eraso egitera, korrika egiten dugu. Beste erremediorik ez badugu, orduan dakiguna egingo genuke, baina buruarekin jokatu behar da.

Ez da oso kirol ezaguna kenpoa. Nola deskribatuko zenuke? Zertan oinarritzen da?

Defentsa pertsonalean oinarritzen da. Kenpo mota asko daude; tradizionalak daude, modernoak ere bai, eta barruan estilo asko daude. Karatearen antzeko kolpeak erabiltzen ditugu. Kenpo modernoa etengabe garatzen ari da, eklektikoa da. Ez dugu uste borroka arte mota bat besteak baino hobea denik; bateko eta besteko elementuak hartzen ditugu, gustatzen zaizkigunak.

Zuek, esaterako, Full Defence izeneko kenpo mota egiten duzue, ezta?

Bai. Rafa Carrietek sortu duen sistema da, eta defentsa pertsonalean oinarrituta dago hura ere. Mugimenduen loturak lantzen ditu, koreografia antzekoak. Teknika, oreka... lantzeko da. Horretaz gain, borroka ere lantzen dugu. Espainiako federazioak ofizialtasuna ematea nahi genuke. Gure elkarteak emaitza onak lortu ditu aurten, eta ea horrek laguntzen digun helburu horretan.

Eskoriatzako taldea da Atama, baina pixkanaka zabaltzen ari zarete inguruko herrietara, ezta?

Bai. Anaiak eta biok eskolak ematen ditugu Arrasaten, eta Oñatin Iñaki Zubillaga aritzen da.

Udaletan, gerrikoa estututa

Krisiak bete-betean eragin du Gipuzkoako udalerrietako kontuetan. Diru sarrerak nabarmen murriztu zaizkie askori, eta, ondorioz, udal ordezkari gehienek diote ez direla "inbertsio handietarako garai onenak". Halere, gerrikoa estutu, gastu arruntak murriztu, eta haien lehentasunak finkatu dituzte. Garai zail hauetan, gizarte zerbitzuei garrantzi handia ematen diete, eta horretara bideratu dute askok aurrekontuaren zati handi bat. Zailtasunak zailtasun, 2013rako aurrekontuak onartu dituzte udal gehienek. Hona hemen adibide batzuk:

LORE AGIRRE

Tolosako Ogasun zinegotzia

"Hirukoiztu egin dugu behar bereziak dituzten pertsona eta familiei laguntzeko poltsa"

"Gastu soziala" izan da Tolosako Udalaren lehentasuna 2013ko aurrekontuetan, Lore Agirre Tolosako Ogasun zinegotziaren arabera. 25,86 milioi euroko aurrekontua dute. "Gizarte politikan eta enpleguan egindako ahalegina aipatuko nuke. Gizarte zerbitzuetan, behar bereziak dituzten pertsona eta familiei laguntzeko poltsa ia hirukoiztu egin dugu. Bestetik, 600.000 euro inbertitu ditugu, sei hilabeterako 50 bat lanpostu sortuz". 2011n udalean sartu zirenean 26 milioi euroko zorra topatu zutela azaldu du. Egoerari buelta ematen saiatu dira, gastu arruntean gutxiago gastatuz: "Gastu sozialari eutsi diogu, baina udalaren funtzionamendu gastuen kontrola berreskuratu dugu, eta zorra murriztu dugu. 2012an bost milioi euro murriztu genuen zorra, udalari arnasbide bat eskainiz eta proiektu berriak aurrera eramatea ahalbidetuz". Halere, aurrekontuetan murrizketa nabarmenik ez dutela egin azaldu du Agirrek; sailetara bideratutako dirua izoztu dute.

Hainbat proiektu ere badituzte. "Zeharkako proiektuak sustatu nahi izan ditugu, partaidetza oinarri hartuz". Herri baratzen proiektua, irispideak errazteko plana eta mugikortasun plana aipatu ditu, besteak beste.

1,37 milioi euroko kreditua eskatu du Tolosako Udalak: "Ez gastu arrunta finantzatzeko, inbertsio sozial bat egiteko baizik; eraikin bat eraberritu, eta gazteentzako etxebizitza sozialak egokituko dira; proiektu hori aurrera ateratzeko Jaurlaritzaren diru laguntza ere badugu". 2012an likidatutako sarrera arruntekiko %53,47ko zor bizia du Tolosako Udalak.

IRATXE ZEZIAGA

Arrasateko zinegotzia

"Urte gogorra izango da, baina kontuak onbideratuta edukitzea espero dugu"

"Behar gehien duten herritarren beharrei erantzutea" izan da irizpide nagusienetakoa Arrasateko Udaleko aurrekontuak egiterakoan. Horrela azaldu du Iratxe Zeziaga zinegotziak. Iazkoaren aldean, %4,34 murriztu dute aurten aurrekontua; 29,8 milioi izango dituzte. Ondorioz, gastu arruntetan "zorrotz" jokatuko dute. Gainera, ez dute inbertsio handirik egingo. Horretarako, hainbat konpromiso berraztertu, eta hainbat urtetan banatu dute inbertsioa. "%18,5 murriztu ditugu inbertsioak; ongizate sailera, berriz, 2012ko gastu erreala baino diru gehiago bideratu dugu. Beharrezkoa bada, alor horretan diru gehiago erabiliko dugu".

Beraz, gizarte gaiei eman diete lehentasuna, eta herritarrei "kalitatezko zerbitzuak eskaintzera ere" diru kopuru "handia" bideratu dute. Mugikortasun plana, euskara sustatzeko jarduerak, zero zabor sortzea helburu duen hondakinen kudeaketa, Kurtzetxiki mendiaren berreskurapena eta herritarren parte hartzerako proiektuak nabarmendu ditu.

%18,59ko zorra dauka Arrasateko Udalak, eta aurten ez dute beste krediturik eskatzeko asmorik. "Urte gogorra izango da. Baina orain arteko irizpideei jarraituz, espero dugu gure kontuak onbideratuta edukitzea".

MIGUEL ANGEL PAEZ

Irungo Ogasun zinegotzia

"Aurten inbertsio gehiago egiteko asmoa dugu"

Iazko urtearekin alderatuta, aurrekontu handiagoa izango dute aurten Irunen: %3,34 gehiago. 67,8 milioi guztira. "Aurten inbertsio gehiago egiteko asmoa dugu, batez ere, hornikuntza eta obra publikoetan", azaldu du Miguel Angel Paez Irungo Udaleko Ogasun zinegotziak. "Inbertsioei ez diegu atea itxi nahi, administrazio publikoa garen aldetik, ekonomia berreskuratzeko motor lana egin behar dugula uste baitugu. Hiriko jarduera ekonomikoa dinamizatu nahi dugu, kontratazio berriak gauzatuz". Hezkuntzara eta gizarte politikara ere bideratu dute dirua. "Badakigu jende asko gaizki pasatzen ari dela; horien ondoan egongo gara, eta gizarte politikez arduratuko gara; hori baita gure lehentasuna".

Aurrekontua egiterakoan "herritarren parte hartzea" bultzatu dutela ere adierazi du Paezek. "Herritar guztiei irekitako bilera publikoa egin genuen, eta herriko erakunde eta elkarteekin elkartu gara. Webgunean atal bat daukagu, herritarrek haien proposamenak egin ahal izateko".

Proiektu garrantzitsuenen artean, liburutegia dago. Hiriko alde zaharra berriro urbanizatzeko eta dinamizatzeko asmoa ere badute; hiri barneko bideak ere egokituko dituzte.

35,5 milioi euro inguruko zorra dute gaur egun; %60 inguruan dabiltza. "Zor horretan sartzen da Foru Ogasunari itzultzen ari garena; datorren urtean amaituko dugu; beraz, 2014tik aurrera egoera erosoagoa izango da".

JOSE LUIS VALLES

Eibarko Ogasun zinegotzia

"Ditugun diru sarreren arabera gastatuko dugu"

Diru sarrerak gutxitzen ari direla eta errealitate horretara egokitu behar dela gogoratu du Jose Luis Valles Eibarko Ogasun zinegotziak. Halere, Eibarko Udalaren egoera "nahiko ona" dela gaineratu du. 28,8 milioi euroko aurrekontua dute aurten; iaz baino bi milioi gutxiago. "Nik ez dut murrizketei buruz hitz egiten; diru sarrera batzuk baditut, horien arabera gastatuko dut. Sarrerak gutxitzen badira, inbertsiotarako gutxiago izango dut". Aurten, inbertsioa 2,8 milioi eurora jaitsi dute: "Ez du askorako ematen, baina oraindik inbertsio gaitasuna badugu". Ohiko gastuak ere "egokitzen" saiatu dira. Argi du lehenengo lehentasunak ezarri behar direla, eta, gero, gelditzen dena beste alorretan banatu.

Udaleko lanpostuei eustea da lehentasunetako bat. "Hamar milioiko gastua dugu langileetan; gastu handia da, baina horiei eutsi behar zaie, batez ere krisi garaietan". Oinarrizko beharrizanak estaltzen ere saiatu dira; batez ere, gizarte ongizateari dagozkionak. "Behar handiena dutenei lagundu behar zaie".

Inbertsioak egiterakoan ere, lan ugari aipatu ditu: hezkuntza zentroen eraberritzea, errepideetako asfaltoaren ohiko mantentzea, hilobiaren erreforma, informatikako inbertsioa... "Gauza txikiak" baina "garrantzitsuak" direnak ez direla ahaztu behar pentsatzen du Ogasun zinegotziak: "Une hauetan ez dira egokiak lehen bezalako proiektu handiak; etorriko dira horiek egiteko garai hobeak". Egin beharreko lanen artean ere lehentasunak finkatu dituzte: "Obra batzuk lehenbailehen egin beharrekoak dira; beste batzuek pixka bat itxaron beharko dute, datorren urtera arte".

Zorpetzeri dagokionez, %29ko zor bizia dute; Vallesen arabera, "foru aldundiak ezarritako %95eko mugatik urrun". Aurrekontuekin zorrari "erraz" aurre egin diezaioketela azaldu du.

IÑAKI EIZAGIRRE

Zarauzko Ogasun zinegotzia

"Zerga sisteman egin ditugun aldaketa batzuen ondorioz, diru sarrerak handitu dira"

Herrian egiten duten "parte hartze prozesuari" garrantzia eman nahi izan dio Iñaki Eizagirre Zarauzko Ogasun zinegotziak. "Aurrekontuei buruz hitz egiteko, hamazazpi bilera egin ditugu; herritarrekin auzoetan, hainbat arlotako eragileekin eta udal langileekin bildu gara". Bi helburu nagusi ezarri dituztela ere azaldu du: "Gardentasuna eta eraginkortasuna".

Zarauzko Udalaren kasuan, %3,4 handitu dute aurten aurrekontua; 29,4 milioi izango ditu udalak. "Zerga sisteman egin ditugun aldaketa batzuen ondorioz, diru sarrerak igo egin dira". Esaterako, ondasun higiezinen zergan ohikoak ez diren etxebizitzei tasa berria ezarri die. 600.000 euroko diru sarrerak aurreikusten dituzte bide horretatik.

Bestalde, zor handia dutela gogoratu du Eizagirrek: "Gure gastuen %8,7 bankuetara doa". Hogei milioi euro inguruko zorra dute; 2011n udalean sartu zirenean baino hiru milioi gutxiago. Zor bizia, berriz, %71koa da. Horrek guztiak udaleko aurrekontuak baldintzatzen ditu. Halere, gizarte laguntzak eta ongizatea indartu nahi izan dituzte: "Krisitik atera nahi dugu, baina inor alde batera utzi gabe". Iaz baino %4 gehiago bideratuko dute aurten ongizatera.

Enplegu plana, eta kultur arloan eta gazteriaren alorrean dauden beharrak asetzea dira beste lehentasunetako batzuk. Euskararen sustapenerako ere, ekonomia eta giza baliabideak jarriko dituztela zehaztu du Eizagirrek. Alde Zaharra oinezkoentzat egokitzen ari dira, eta hori da une honetan proiektu garestiena. "Buruan ditugun proiektuak gauzatzen ari gara, baina ditugun baliabideak kontuan hartuta, poliki-poliki".

Aurrekontuetan aurten bi milioiko mailegu bat eskatzea aurreikusi zuten. "Egun gauden baino gehiago ez zorpetzeko helburua jarrita daukagu. Urtero 2,5 milioi bideratzen ditugu zorra ordaintzera; ezin dugu kopuru hori baino gehiago eskatu. Halere, ikusiko dugu urtea nola doan, eta, horren arabera, abenduan erabakiko da mailegua eskatu edo ez".

Dantzarien bilgune txiki

Dantza

Zumarraga

Dantzarien bilgune izango da igandean Zumarraga. Gipuzkoako hainbat herritako dantzariek bat egingo dute herrian, Dantzari Txiki Egunean. Goizetik arratsaldera bitarte, askotariko emanaldiak eskainiko dituzte zenbait dantzari gaztek.

Azken urteetako ohiturari jarraituz, ekitaldi nagusienak Eitza auzoan egingo dituzte, San Isidro jaiak direla eta. Egitaraua ere aurreko urteen parekoa izango da. 10:45ean hasiko dute eguna. Talde guztiak Geltokietako plazan elkartuko dira, bederatzi guztira: Jakintza (Ordizia), Goruntz (Gabiria), Oin Arin (Lazkao), Korosti (Legazpi), Lurra (Urretxu), Mollarri (Zarautz), Oñatz (Oñati), Elizalde Herri Eskola (Oiartzun) eta Irrintzi (Zumarraga-Urretxu).

Talde guztiak batu ondoren, herriko kaleetan hainbat dantza saio egingo dituzte 11:30etik 13:00etara. Hurrengo geldialdia Eitzako pilotalekuan izango da. Han aurreskua eta Ikurrin dantza eskainiko dituzte talde guztiek elkarrekin.

Bazkaltzeko atsedenaldi bat egin eta gero, arratsaldean jarraipena izango du festak. Indarrak hartu ondoren, Eitzako pilotalekua dantza gune bilakatuko da berriro ere. 17:00etan hasi eta 18:30era arte, dantza ekitaldia prestatu dute.

Irrintzi dantza taldeak antolatzen du Zumarragan Dantzari Txiki Eguna, udalaren laguntzarekin.

Musika kalean

Dantza saioez gain, beste hainbat jarduera ere izango dira igandean Eitza auzoan, San Isidro jaien barruan. Antxiñako Ama taldeko txistulariak goizetik irtengo dira kalera, eta txalaparta saio bat ere izango da, Zuhaitzaren Soinua taldearen eskutik. 11:00etan, Goiargi abesbatzak emanaldia egingo du auzoko elizan, eta, ondoren, Zumarragako musika bandak herriko kaleak hartuko ditu.

DANTZARI TXIKI EGUNA

Non. Zumarragan.

Noiz. Igandean, 10:45etik aurrera.

Parte hartzaileak. Jakintza, Goruntz, Oin Arin, Korosti, Lurra, Mollarri, Oñatz, Elizalde Herri Eskola eta Irrintzi.

Udaberri, landare eta lore berri

Udaberriarekin batera, nekazari eta baserritarrak buru-belarri dabiltza beren lursailak prestatzen. Uzta oparoa jasotzeko asko dira aurrez egin beharreko lanak, ordea. Nekazari eta baserritarrak lanez gainezka, eta kaletarrak, berriz, lursail baten irrikaz. Izan ere, lurra urte guztian emankorra izaten bada ere, garai hauxe da baratzeek inbidia gehien ematen duten urte sasoia. Eguraldi ona eta uzta oparoa eguneroko otorduak osatzeko. Hiritar asko dira lursail baten faltan, beren etxeko lorategiak edo balkoiak moldatu eta baratze bihurtu dituztenak.

Gero eta gehiago zabaltzen ari den ohitura da etxean etxerako barazkiak landatzea, eta Kristinaenea fundazioak gizartearen behar horiei erantzuteko konpromisoa hartu du.

1. Udaberriko ikastaroak

Landareen ezagutza eta zainketa abiapuntutzat hartuta hasi dira Kristinaenea fundazioaren udaberriko ikastaroak. La huerta en tu balcón izenburupean, bost eguneko ikastaroa abian jarri dute aste honetan. Ekainaren 4ra arte, asteartero izango dute saioa Ingurumen Baliabideen Etxean, 17:30etik 19:00etara.

Arrakasta izugarria dute ikastaro horiek, eta dagoeneko 25 laguneko taldea osatu dute. Uxua Arana, Kristinaenea fundazioko Hezkuntza teknikariaren arabera, "ez da inolako ezagutzarik izan behar ikastaroetan parte hartzeko, baina denetariko jendea etortzen da. Batzuk, zalantza zehatzekin, eta beste batzuk, nondik hasi ez dakitela".

Ikastaroetan etxean jartzeko garaian garaiko landareak noiz eta nola erein, ureztapena edo ongarri motak, lan tresnak, edo gaitz eta tratamendu ohikoenak ikasten dituzte, besteak beste.

2. EtxEKOlanda

Duela pare bat urte jarri zuten abian EtxEKOlanda egitasmoa. Proiektu horren helburua, hiriko nahiz etxeetako baratzeak modu ekologikoan sortzen edo lantzen hasi nahi duten pertsonei oinarrizko ezagutza eta laguntza ematea da. Norbere kontsumorako elikagai osasuntsuak eta zaporetsuak ekoizteaz gain, pertsonak lurrarengana, naturara eta landareen ziklo naturaletara gerturatzea lortzen dute, gainera.

Funtsezko helburu horiek betetzeko, hainbat alorretan egiten du lan fundazioak. Alde batetik, Donostia Kulturarekin elkarlanean, Lugaritz eta Intxaurrondo kultur etxeetako tresnak erabiltzen dituzte formazioa emateko.

Lugaritz kultur etxea izan zen egitasmoarekin bat egin zuen lehenengoa. Eraikinaren gainean zuen solairua erabilgarri jarri zuten, eta baratzeak egin zituzten. Hala, Kristinaenea fundazioa alde didaktikoaz arduratzen da ikastaroak antolatuz, eta udala espazioa mantentzeaz arduratzen da.

Helduek nahiz gaztetxoek dute baratzeak lantzen ikasteko aukera, ikastetxeetara ere zabaltzen baita Kristinaenea fundazioaren formazio eskaintza. Orain gutxi Intxaurrondoko Kultur Etxeak ere bat egin du egitasmoarekin. Kultur etxearen atzealdeko lursaila baratzeak egiteko egokitu dute. Aranaren arabera, "kultur etxeetako baratzeak elkargune bihurtu dira askorentzat, bai ikasle eta bai ikastaroetan parte hartzen duten helduentzat. Oso harrera ona izan du kultur etxea horretarako egokitzeak, eta aurrera begira, egitasmoa beste kultur etxeetara zabaltzea gustatuko litzaiguke. Auzo bakoitzean hiritarrek baratzeak lantzen ikasteko txoko bat edukitzea bikaina litzateke, han ikasitakoa gero etxean praktikan jartzeko".

3. Eskola baratzeak

Donostiako Agenda 21 ingurumen sentsibilizazioaren programaren barruan, hiriko baratzeen erabilera eta sentsibilizazio ekologikorako eskola praktikoetan parte hartzeko aukera ematen zaie ikastetxeei EtxEKOlanda egitasmoaren bitartez. Dena den, hainbat esparrutan garatzen da Kristinaenea fundazioaren eskaintza. Azarotik maiatzera kultur etxeetako baratzeak zaintzeko aukera emateaz gain, eskola baratzea duten ikastetxeei aholkularitza emateaz arduratzen dira. Izan ere, Aranaren hitzetan, "asko dira ikastetxean lursail bat egokitu eta lurraren lanketa hezkuntza programan barneratu nahi dutenak".

Gainera, haurrek, garaian garaiko produktuak ezagutzen dituzte modu atseginean. "Hasieran eskuak zikintzeko beldurra edukitzen dute askok, baina zoratuta ibiltzen dira gero", dio Aranak. Landareen prozesu osoa ezagutzen dute haurrek: haziak erein, landareak nola kimatu, zenbat ureztatu, eta fruitua edo landarea bera bildu arte.

IATko zerbitzua, kolokan

Aurrera jarraitzen du Urnietako eta Irungo IAT Ibilgailuen Azterketa Teknikoko langileen grebak. Enpresan ez ezik, bezeroengan ere eragina izaten ari da lanuztea, eta TUV Rheinland enpresak ohartarazi berri du erabiltzaileetako batzuk zerbitzurik gabe gera daitezkeela. Hilaren 18ra arte Irungo egoitzan eguna eta ordua hartuta daukatenei zerbitzua emateko konpromisoa hartu zuen astelehenean; Urnietan, ordea, esan du ezin duela halakorik bermatu. Beraz, azken horretan ordua dutenei Irungo bulegora joatea gomendatu die, edo joan daitezela IATko beste lantegi batera —Bergaran, Arbizun eta Donezteben daude gertukoenak—.

Langileek, baina, euren aldarrikapenekin jarraitzeko asmoa dute, gauzak aldatu ezean. Lan ituna berritzen ez bada, mobilizazio gehiago egiteko prest daude; horrek berriro lantegien ohiko jarduna oztopatuko luke. Bi lantegietako lan hitzarmenak 2011ko abenduan utzi zion indarrean egoteari, eta, geroztik, ezin izan dute akordiorik erdietsi zuzendaritzaren eta enpresa batzordearen artean.

Bezeroei "ulermena eta babesa" eskatu diete beharginek, bai baitakite grebak arazoak sor ditzakeela. Dena den, ziurtatu dute greba eskubidea baliatzen ez dutenean zerbitzua ahalik eta hoberen emateko ahalegina egingo dutela.

Otsailean 56 eguneko greba iragarri zuten bi plantetan, eta martxoaren 25ean hasi zituzten lanuzteak. Langileek "arduragabe" jokatzea egozten diote enpresari, hitzarmena berritzeari uko egin diolako. Aurreko akordioa sei hilabeteko lanuztea egin ondoren lortu zuten; hain justu, 2010ean —lan baldintzak pareka zitzatela eskatzen zuten—. Orain, itun hori luzatzea eskatzen dute; zuzendaritzak, ordea, ez du horren aldeko pausorik ematen, langileen arabera.

Ibilgailuen azterketa teknikoaren zerbitzua TUV Rheinland enpresak kudeatzen du gaur egun, baina, uztailetik aurrera, gauzak alda daitezke. Orduan, Eusko Jaurlaritzak bere esku hartuko ditu hitzarmenik ez duten enpresak, kudeaketa hori beste enpresa batzuei adjudikatzeko.

Azterketa herrian

Ibilgailua beste norabait lekualdatu gabe, herrian bertan azterketa egiteko aukera eskaintzen du hainbatek. Zarautzen, esaterako, ziklomotorren azterketa egin ahal izango da gaur, bihar eta astelehenean, Astiko aparkalekuan.

Kolore berriak

Ingelesa praktikatzera joateko leku berri bat aurkitu berri dut. Londres, Dublin edo Glasgow baino askoz ere merkeagoa, hurbilagoa eta eguzkitsuagoa; Malaga. Hala da, bai, Malaga hiriburutik zertxobait urrunduz, kostako eremu turistikoetara arrimatzen bazara, inguratzen zaituen pertsona bakoitzaren ezpainetan ingelesa baino dantzatzen ez dela ohartuko zara. Eta hori da gutxienekoa, turistak, azken finean, hori besterik ez dira, turista hutsak; baina edozein jatetxetara sartu eta zerbitzari gehienek ingelesez bakarrik jakitea, edota jakien karta ingeles hutsean egotea, hori kolonizazio urratsik garrantzitsuena da. Eta niri zer? Pentsatu dut, azken finean nire ingelesari hauts pixka bat kentzeko balio izan dit, arduratu dadila norbera bere herriaz. Baina ene… zenbaterainoko antzekotasuna duen Euskal Herriko egoerarekin!

Donostiako denda batean kartel bat ikusi nuen aurreko astean: "Se necesita personal que hable castellano y francés", zioen. Egia esango dizuet, karteleko bi hizkuntza horietatik bat ere ez dut soberan ikusten, benetan eta inongo damurik gabe pentsatzen dut, gainera. Soberakorik ez, baina falta bat ikusten dut, hutsune handi bat, bertako hizkuntzarena, Malagan gertatzen den moduan. Batzuetan oso logikoak diruditen irizpideak dira lortzeko zailenak. Nola emango diogu bada gure herriari merezi duen batasuna, indarra eta errespetua, geure zaborrekin zer egin behar dugun adosteko gaitasunik ez dugu eta? Hau da, bai, gure errealitatea, hain lotsagarria eta hain gordina.

Berotzen hasi naiz, "kietooo Garmendia", ez dut liskar horretan katigatzeko gogorik, hain polita izan da Malagako bidaia! Hizkuntzaz haratagoko aurkikuntzarik ere egin dut. Kolore berri bat ezagutu dut. Batek pentsatzen du hiru hamarkada bizi ostean ikasi beharreko kolore guztiak ikusiak dituela jada —berde menta, gorri Valentino, eta antzeko pitokeriak barne—; baina ez, bat-batean ohartzen zara badela oraindik ikusi gabeko kolore berririk: gorri fosforitoa. Hori da, hain zuzen, Malagako turisten azal zuriak hondartzan eta eguzkitako kremarik gabe uzten duzunean hartzen duen kolorea. Malagako turista diodanean, beste toki askotako turistek ere balio dute adibide gisa, Kanariar Uharteak, Baleareak… Mila toki ezberdin, baina osagai berdinak beti: eguzkia, Espainiako hondartzak, garagardoa eta haragi zuri piloa.

Baina inork ez daki zenbat barre egin dugun amak eta biok gorri fosforitoaren kontura! Eta zenbat kilometro egunero… ibili eta ibili, badirudi besterik ez dugula egin. Konturatu naiz nire amak ez dakiela paseatzen. Paseatzeko, nire ustez behintzat, erritmo jakin bat eraman behar da, lasaia, patsadatsua. Nire amak ez daki hori egiten; nola joan liteke hain bizkor nik baino hanka motzagoak ditu eta? Malaga puntarik punta zeharkatu dugu Korrekaminos eta biok; gorri fosforitoaren artean bazen beste kolorerik.

“Europan hizkuntza gehien hitz egiten den estatua da Italia”

Duela 31 urte, 1982an, joan zen Alex Mendizabal (Donostia, 1961) Italiako hiriburura musika ikastera; harrezkero, "Eroman" bizi da, "r bat galdu zuen hirian". Mendizabal musikaria da; dena den, musikaria ez den inor ez duela ezagutzen dio. "Denok egiten dugu musika, nahi ala nahi ez, konturatu ala konturatu ez".

Izan ere, musikaren ikuspuntu zabala du Mendizabalek. Donostiako kontserbatorioan ikasi zuen, baina berak beste filosofia bat du: "Oso leku arriskutsua da hura. Handik pasatakoen artean, hogei urte ondoren begiratu besterik ez dago; entzungo duzu zein musika gutxi eta zenbat frustrazio". Musikarekin esperimentatzea gustatzen zaio. Euskal Herrira itzultzen denean, Ertz beste musiken jaialdian parte hartu izan du, eta baita inprobisazio txapelketan ere; txapelketa irabazi zuen arren, argi eta garbi du: "Nik ez dut inprobisazioan sinesten". Mota guztietako tresnak erabili izan ditu musika egiteko. Dena den, ez du bere bizimodua musikari lotuta ikusten: "Ez dut ezagutzen musika lotzeko modurik". Baina berak oso argi du: "Denok musikariak gara, eta musika etengabe egiten ari gara. Baina kontuan izan behar da musika ederra dela musikariak lo daudenean, baita ur azpian ere".

Euskanta proiektua

Musikarekin ez ezik, euskararekin eta Euskal Herriarekin ere harremanean jarraitzen du Mendizabalek Italian. Associazione Culturale Euskara (ACE) elkarteko kidea da. "ACE duela 11 urte Italian sortutako euskal etxea da". Marlene Merikaetxebarriak eta biek parte hartu zuten sorreran. Ondoren, 2005ean, UPTER Unibertsitateko Euskal Saila sortu zuten. "Unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultur Sail bakarrenetarikoa da mundu osoan. ACEren eta Euskal Sailaren artean urtean etengabeko kultur programazioa antolatzen dugu". Euskararekin eta Euskal Herriarekin lotutako hainbat ekitaldi antolatzen dituzte. Iaz, esaterako, Anarik, Tapia eta Leturiak, Maialen Lujanbiok eta beste hainbatek parte hartu zuten Settimana Basca jaialdian (Euskal Astea). Euskara ere irakasten dute: "Haurrak, adinekoak, gazteak, elbarri psikikoak, unibertsitarioak eta analfabetoak daude gure ikasleen artean. 90 ikasletik gora ditugu; Eroma-n, Milanon eta Palermon egin ditugu hainbat egitasmo".

Euskanta da ACE elkarteko proiektu aipagarri bat. Ikastetxe publiko bateko haurrei, bederatzi eta hamar urte artekoei, italieraz poesia bat idazteko eskatzen diete; ondoren, elkartekoek euskarara itzultzen dute. Gero, ikasleek musika jartzen diote euskarazko letrari, eta grabatu egiten dute. Ondoren, Euskanta proiektuaren webgunean jartzen dituzte sorkuntza horiek. "Haur horiek ez dira musika ikasleak, euskara ikasleak baizik; euskara ikasten dute, beraiek egiten dituzten kantuen bidez". Aurten, 45 haurrek parte hartu dute, eta beste horrenbeste kantu sortu dituzte. www.euskanta.worldpress.com eta www.euskara.it webguneetan dago ikastaroari eta ACE elkartetik egiten dutenari buruzko informazio gehiago.

1982az geroztik, bere bizileku finkoa Italian izan duen arren, beste herrialde batzuetan ere bizi izan da bere familiarekin. Lazkaon bizi izan ziren urtebetez. "Kasualitatez amaitu nuen Lazkaon. Aurretik, New Yorken bizitzen egon ginen, eta Donostia ez zen beste herri batera joan nahi genuen, eta, azkenean, Lazkaon amaitu genuen".

Italiari eta hango kulturari buruz hitz egitean, berriz, pluraltasuna nabarmendu du Mendizabalek. "Italia asko eta asko dago. Europan hizkuntza gehien hitz egiten den estatua da: ladinera, friulera, serbokroaziera, alemana, frantsesa, albaniera zaharra, greko zaharra... Hizkuntza oso nabarmenduak, baina baita napoletanoa, siziliarra eta amaigabeko beste hizkuntza zerrenda luzea ere". Hizkuntzaz gain, gastronomia ere aipatu du. "Gastronomia eta hizkuntza aukera ikaragarria dago. Gainera, Italia estatu oso gaztea da, 152 urte besterik ez. Kultur aukera handia dago han eta hemen, eta estetikarako joera nabarmena da Italian".

Euskal Herrira bisita ugari

Italiatik gehien gustatzen zaiona Paola bere emaztea da. Harekin batera, baita hango kultura, eztabaidarako eta disidentziarako joera ere. "Olibak, industria super dinamikoa eta politika —oso interesgarria—" ere erakargarri egiten zaizkio Italian. Kontrapuntua, allegro ma non troppo (pozik baina ez gehiegi) eta ad libitum (bakoitzaren erara) aipatu ditu. Dena den, gaineratu du leku guztietan daudela gauza onak eta txarrak: "Gu hemen bizi gara, ez nuke esango hau paradisua denik, baina gutxienez Caput mundi (munduko hiriburua) da, kar kar".

Hainbeste urte Italian pasatu ondoren, eromatarra sentitzen dela dio, baina baita "lazkaotarra, ijitoa eta ping-pong zalea ere". Urrun bizi arren, urtean lau edo bost aldiz itzultzen da Euskal Herrira. Argi du zeren falta sumatzen duen gehien: "Euskal Herritik kanpo kartzelatan dauden presoena".