Sailkatugabeak

“Praktikoak gara: korrika egiten dugu norbait labanaz badator”

Zilarrezko bi dominarekin itzuli da Kenpoko Munduko Txapelketatik Iosu Letona (Arrasate, 1980). Lehendabiziko aldiz hartu du parte lehiaketan, eta oso gustura dago emaitzarekin. Eskoriatzako Atama kenpo taldeko kidea da duela zortzi urtetik, eta orain Iker anaiarekin batera eskolak ematen ditu Arrasaten. Apirilaren amaieran Turkian jokatutako lehiatik itzulitakoan ingurukoek zoriondu dute, eta komunikabideek ere beregana jo dute. "Lotsatuta" dago horregatik; "dominak nahi nituen, baina ez beste guztia".

Bi euskaldun izan zarete munduko txapelketan Espainiako selekzioarekin. Atama taldekoak biak.

Bai, nire maisua den Rafa Carriet eta biok izan gara lehian, eta biok ondo ibili gara. Rafak laugarren postua eskuratu du master modalitatean. Mina zuen aldakan, eta ezin izan zuen berak nahi zuen lana egin. Beraz, emaitza ona dela uste dut. Erreferentziarik ez genuen, proba egitera joan ginen, eta emaitzekin gustura gaude.

Bigarren postua lortzerik ez zenuen espero.

Ez. Semi Kenpo modalitatean lehenengo egunean lortu nuen domina, eta horrek presioa kendu zidan; ondo etorri zitzaidan. Semi Kenpo modalitatean, lehenengo ukitzean gelditu egiten da lehia, eta epaimahaiak erabakitzen du nori eman garaipena. Oso azkarra da lehia mota hori. Bigarren egunean Full Kenpo modalitatean parte hartzeko asmoa nuen. Baina ikusi nuen hirugarren eguneko lanarekin ez zela oso bateragarria, eta ez parte hartzea erabaki nuen. Inoiz lehiatu gabea nintzen modalitate horretan, eta lesio asko ikusten ari nintzen. Hortaz, buruarekin jokatzea erabaki nuen.

Eta erabaki horri esker, bigarren domina iritsi zen azken egunean, ezta?

Bai. Hirugarren egunean K1 modalitatean aritu nintzen, eta bigarren egin nuen berriz ere. Aurkaria KO uztea da helburua. Inoiz borroka egin gabe nintzen, eta hasieran apur bat urduri egon nintzen, baina gauzak ondo atera ziren. Hala ere, finala oso motza izan zen, bertan behera utzi behar izan nuen; finalaurrekoan izterrean min hartuta nengoen, eta toki berean kolpe bat jaso eta berehala utzi behar izan nuen lehia.

Helburua aurkaria KO uztea izanda, halako asko egon al ziren txapelketan?

Eskuak eta hankak erabiliz lor daiteke norbait KO uztea, baina txapelketan ez dut ikusi halakorik. Hiru minutuko denbora egoten da lehiatzeko, eta denbora hori igarotakoan epaileek erabakitzen dute nori eman garaipena.

Lesionatuta zaude orain. Zer gertatu zitzaizun zehazki?

95 kilotik gorakoen kategorian parte hartu nuen. Nik 107 kilo pisatu nituen han, eta aurkariekin alderatuta txikitxoa nintzen. Ez dakit zenbat kiloko aurkariak bizpahiru kolpe eman zizkidan toki berean, eta ez dakit zuntz haustura txiki bat edukiko dudan ala kontraktura handi bat. Oso handituta eduki dut izterra, eta ez didate ezer esan. Baina hobera doa eta, beraz, pozik nago. Nire asmoa hango martxa ikustea eta min handirik gabe bueltatzea zen; ez naiz gaizki itzuli.

Okerragoa izan zitekeen, noski.

Bai. KO bat jasatearen beldurrik ez nuen; gero osatu eta kito. Beldur handiagoa ematen zidan ukondo bat puskatzeak edo halako zer edo zerk. Kasu horietan denbora asko behar da osatzeko. Min handirik hartu gabe amaitu nahi nuen txapelketa.

Kolpe batzuk jaso dituzu. Eman ere egingo zenituen, ezta? KOrik egin duzu?

Ez, kolpeak, batzuk eman ditut. Berotan ez duzu nabaritzen, baina hurrengo egunetan akordatzen zara.

Zer moduzko giroa aurkitu duzue txapelketan?

Oso ona. K1 finalean ere, minagatik utzi nuenean, aurkariak barkamena eskatu zidan, ez zuela nahita egin esan zidan. Beldurra ematen zuen errumaniarrak, benetan handia zelako, baina jatorra iruditu zitzaidan. Oro har, jende jatorra topatu genuen.

Parte hartzaileei buruz zer esango zenuke? Onak al dira?

Ondo aritzen direla esango nuke. Espezialitate asko daude, eta egia esan, asko aldatzen da txapelketatik txapelketara; Espainiakotik mundukora bai, behintzat. Guk ez ditugu batere landu modalitate batzuk, lurrekoak esaterako, eta hor gauza oso-oso politak ikusi nituen. Bestetik, zakarkeriak ere egon ziren. Gehien harritu ninduena 13 urteko mutiko baten jarrera izan zen: aurkariari ukondoa apurtu zion, eta zutitu eta egindakoa ospatzen hasi zen. Horrek zer pentsatua eman zidan, eta baita bigarren eguneko Full Kenpo modalitatean parte ez hartzeko erabakia bultzatu ere.

Nola ikusi zenituen zure kategoriakoak?

Jende pisutsua eta oso handia zen, baina agian ez ziren oso azkarrak. Puntukako lehian ikusi nituen pare bat oso onak, baina... Oso ondo ari ziren, baina nahikoa lasai ibili nintzen, ez nintzen tokiz kanpo sentitu. K1 modalitatean ere jende handia aurkitu nuen; onak baino gehiago, indartsuak iruditu zitzaizkidan. Beharbada, beste modalitate batzuetan maila hobea izango dute kirolari horiek.

Kalean tokatu al zaizu kenpoa erabili beharra?

Ez, eta horretaz harro nago.

Baina norbaitek eraso egin nahi balizu, jakingo zenuke kontra egiten, ala horiek filmetako kontuak dira?

Praktikoak gara gu: norbait labanarekin badator eraso egitera, korrika egiten dugu. Beste erremediorik ez badugu, orduan dakiguna egingo genuke, baina buruarekin jokatu behar da.

Ez da oso kirol ezaguna kenpoa. Nola deskribatuko zenuke? Zertan oinarritzen da?

Defentsa pertsonalean oinarritzen da. Kenpo mota asko daude; tradizionalak daude, modernoak ere bai, eta barruan estilo asko daude. Karatearen antzeko kolpeak erabiltzen ditugu. Kenpo modernoa etengabe garatzen ari da, eklektikoa da. Ez dugu uste borroka arte mota bat besteak baino hobea denik; bateko eta besteko elementuak hartzen ditugu, gustatzen zaizkigunak.

Zuek, esaterako, Full Defence izeneko kenpo mota egiten duzue, ezta?

Bai. Rafa Carrietek sortu duen sistema da, eta defentsa pertsonalean oinarrituta dago hura ere. Mugimenduen loturak lantzen ditu, koreografia antzekoak. Teknika, oreka... lantzeko da. Horretaz gain, borroka ere lantzen dugu. Espainiako federazioak ofizialtasuna ematea nahi genuke. Gure elkarteak emaitza onak lortu ditu aurten, eta ea horrek laguntzen digun helburu horretan.

Eskoriatzako taldea da Atama, baina pixkanaka zabaltzen ari zarete inguruko herrietara, ezta?

Bai. Anaiak eta biok eskolak ematen ditugu Arrasaten, eta Oñatin Iñaki Zubillaga aritzen da.

Udaletan, gerrikoa estututa

Krisiak bete-betean eragin du Gipuzkoako udalerrietako kontuetan. Diru sarrerak nabarmen murriztu zaizkie askori, eta, ondorioz, udal ordezkari gehienek diote ez direla "inbertsio handietarako garai onenak". Halere, gerrikoa estutu, gastu arruntak murriztu, eta haien lehentasunak finkatu dituzte. Garai zail hauetan, gizarte zerbitzuei garrantzi handia ematen diete, eta horretara bideratu dute askok aurrekontuaren zati handi bat. Zailtasunak zailtasun, 2013rako aurrekontuak onartu dituzte udal gehienek. Hona hemen adibide batzuk:

LORE AGIRRE

Tolosako Ogasun zinegotzia

"Hirukoiztu egin dugu behar bereziak dituzten pertsona eta familiei laguntzeko poltsa"

"Gastu soziala" izan da Tolosako Udalaren lehentasuna 2013ko aurrekontuetan, Lore Agirre Tolosako Ogasun zinegotziaren arabera. 25,86 milioi euroko aurrekontua dute. "Gizarte politikan eta enpleguan egindako ahalegina aipatuko nuke. Gizarte zerbitzuetan, behar bereziak dituzten pertsona eta familiei laguntzeko poltsa ia hirukoiztu egin dugu. Bestetik, 600.000 euro inbertitu ditugu, sei hilabeterako 50 bat lanpostu sortuz". 2011n udalean sartu zirenean 26 milioi euroko zorra topatu zutela azaldu du. Egoerari buelta ematen saiatu dira, gastu arruntean gutxiago gastatuz: "Gastu sozialari eutsi diogu, baina udalaren funtzionamendu gastuen kontrola berreskuratu dugu, eta zorra murriztu dugu. 2012an bost milioi euro murriztu genuen zorra, udalari arnasbide bat eskainiz eta proiektu berriak aurrera eramatea ahalbidetuz". Halere, aurrekontuetan murrizketa nabarmenik ez dutela egin azaldu du Agirrek; sailetara bideratutako dirua izoztu dute.

Hainbat proiektu ere badituzte. "Zeharkako proiektuak sustatu nahi izan ditugu, partaidetza oinarri hartuz". Herri baratzen proiektua, irispideak errazteko plana eta mugikortasun plana aipatu ditu, besteak beste.

1,37 milioi euroko kreditua eskatu du Tolosako Udalak: "Ez gastu arrunta finantzatzeko, inbertsio sozial bat egiteko baizik; eraikin bat eraberritu, eta gazteentzako etxebizitza sozialak egokituko dira; proiektu hori aurrera ateratzeko Jaurlaritzaren diru laguntza ere badugu". 2012an likidatutako sarrera arruntekiko %53,47ko zor bizia du Tolosako Udalak.

IRATXE ZEZIAGA

Arrasateko zinegotzia

"Urte gogorra izango da, baina kontuak onbideratuta edukitzea espero dugu"

"Behar gehien duten herritarren beharrei erantzutea" izan da irizpide nagusienetakoa Arrasateko Udaleko aurrekontuak egiterakoan. Horrela azaldu du Iratxe Zeziaga zinegotziak. Iazkoaren aldean, %4,34 murriztu dute aurten aurrekontua; 29,8 milioi izango dituzte. Ondorioz, gastu arruntetan "zorrotz" jokatuko dute. Gainera, ez dute inbertsio handirik egingo. Horretarako, hainbat konpromiso berraztertu, eta hainbat urtetan banatu dute inbertsioa. "%18,5 murriztu ditugu inbertsioak; ongizate sailera, berriz, 2012ko gastu erreala baino diru gehiago bideratu dugu. Beharrezkoa bada, alor horretan diru gehiago erabiliko dugu".

Beraz, gizarte gaiei eman diete lehentasuna, eta herritarrei "kalitatezko zerbitzuak eskaintzera ere" diru kopuru "handia" bideratu dute. Mugikortasun plana, euskara sustatzeko jarduerak, zero zabor sortzea helburu duen hondakinen kudeaketa, Kurtzetxiki mendiaren berreskurapena eta herritarren parte hartzerako proiektuak nabarmendu ditu.

%18,59ko zorra dauka Arrasateko Udalak, eta aurten ez dute beste krediturik eskatzeko asmorik. "Urte gogorra izango da. Baina orain arteko irizpideei jarraituz, espero dugu gure kontuak onbideratuta edukitzea".

MIGUEL ANGEL PAEZ

Irungo Ogasun zinegotzia

"Aurten inbertsio gehiago egiteko asmoa dugu"

Iazko urtearekin alderatuta, aurrekontu handiagoa izango dute aurten Irunen: %3,34 gehiago. 67,8 milioi guztira. "Aurten inbertsio gehiago egiteko asmoa dugu, batez ere, hornikuntza eta obra publikoetan", azaldu du Miguel Angel Paez Irungo Udaleko Ogasun zinegotziak. "Inbertsioei ez diegu atea itxi nahi, administrazio publikoa garen aldetik, ekonomia berreskuratzeko motor lana egin behar dugula uste baitugu. Hiriko jarduera ekonomikoa dinamizatu nahi dugu, kontratazio berriak gauzatuz". Hezkuntzara eta gizarte politikara ere bideratu dute dirua. "Badakigu jende asko gaizki pasatzen ari dela; horien ondoan egongo gara, eta gizarte politikez arduratuko gara; hori baita gure lehentasuna".

Aurrekontua egiterakoan "herritarren parte hartzea" bultzatu dutela ere adierazi du Paezek. "Herritar guztiei irekitako bilera publikoa egin genuen, eta herriko erakunde eta elkarteekin elkartu gara. Webgunean atal bat daukagu, herritarrek haien proposamenak egin ahal izateko".

Proiektu garrantzitsuenen artean, liburutegia dago. Hiriko alde zaharra berriro urbanizatzeko eta dinamizatzeko asmoa ere badute; hiri barneko bideak ere egokituko dituzte.

35,5 milioi euro inguruko zorra dute gaur egun; %60 inguruan dabiltza. "Zor horretan sartzen da Foru Ogasunari itzultzen ari garena; datorren urtean amaituko dugu; beraz, 2014tik aurrera egoera erosoagoa izango da".

JOSE LUIS VALLES

Eibarko Ogasun zinegotzia

"Ditugun diru sarreren arabera gastatuko dugu"

Diru sarrerak gutxitzen ari direla eta errealitate horretara egokitu behar dela gogoratu du Jose Luis Valles Eibarko Ogasun zinegotziak. Halere, Eibarko Udalaren egoera "nahiko ona" dela gaineratu du. 28,8 milioi euroko aurrekontua dute aurten; iaz baino bi milioi gutxiago. "Nik ez dut murrizketei buruz hitz egiten; diru sarrera batzuk baditut, horien arabera gastatuko dut. Sarrerak gutxitzen badira, inbertsiotarako gutxiago izango dut". Aurten, inbertsioa 2,8 milioi eurora jaitsi dute: "Ez du askorako ematen, baina oraindik inbertsio gaitasuna badugu". Ohiko gastuak ere "egokitzen" saiatu dira. Argi du lehenengo lehentasunak ezarri behar direla, eta, gero, gelditzen dena beste alorretan banatu.

Udaleko lanpostuei eustea da lehentasunetako bat. "Hamar milioiko gastua dugu langileetan; gastu handia da, baina horiei eutsi behar zaie, batez ere krisi garaietan". Oinarrizko beharrizanak estaltzen ere saiatu dira; batez ere, gizarte ongizateari dagozkionak. "Behar handiena dutenei lagundu behar zaie".

Inbertsioak egiterakoan ere, lan ugari aipatu ditu: hezkuntza zentroen eraberritzea, errepideetako asfaltoaren ohiko mantentzea, hilobiaren erreforma, informatikako inbertsioa... "Gauza txikiak" baina "garrantzitsuak" direnak ez direla ahaztu behar pentsatzen du Ogasun zinegotziak: "Une hauetan ez dira egokiak lehen bezalako proiektu handiak; etorriko dira horiek egiteko garai hobeak". Egin beharreko lanen artean ere lehentasunak finkatu dituzte: "Obra batzuk lehenbailehen egin beharrekoak dira; beste batzuek pixka bat itxaron beharko dute, datorren urtera arte".

Zorpetzeri dagokionez, %29ko zor bizia dute; Vallesen arabera, "foru aldundiak ezarritako %95eko mugatik urrun". Aurrekontuekin zorrari "erraz" aurre egin diezaioketela azaldu du.

IÑAKI EIZAGIRRE

Zarauzko Ogasun zinegotzia

"Zerga sisteman egin ditugun aldaketa batzuen ondorioz, diru sarrerak handitu dira"

Herrian egiten duten "parte hartze prozesuari" garrantzia eman nahi izan dio Iñaki Eizagirre Zarauzko Ogasun zinegotziak. "Aurrekontuei buruz hitz egiteko, hamazazpi bilera egin ditugu; herritarrekin auzoetan, hainbat arlotako eragileekin eta udal langileekin bildu gara". Bi helburu nagusi ezarri dituztela ere azaldu du: "Gardentasuna eta eraginkortasuna".

Zarauzko Udalaren kasuan, %3,4 handitu dute aurten aurrekontua; 29,4 milioi izango ditu udalak. "Zerga sisteman egin ditugun aldaketa batzuen ondorioz, diru sarrerak igo egin dira". Esaterako, ondasun higiezinen zergan ohikoak ez diren etxebizitzei tasa berria ezarri die. 600.000 euroko diru sarrerak aurreikusten dituzte bide horretatik.

Bestalde, zor handia dutela gogoratu du Eizagirrek: "Gure gastuen %8,7 bankuetara doa". Hogei milioi euro inguruko zorra dute; 2011n udalean sartu zirenean baino hiru milioi gutxiago. Zor bizia, berriz, %71koa da. Horrek guztiak udaleko aurrekontuak baldintzatzen ditu. Halere, gizarte laguntzak eta ongizatea indartu nahi izan dituzte: "Krisitik atera nahi dugu, baina inor alde batera utzi gabe". Iaz baino %4 gehiago bideratuko dute aurten ongizatera.

Enplegu plana, eta kultur arloan eta gazteriaren alorrean dauden beharrak asetzea dira beste lehentasunetako batzuk. Euskararen sustapenerako ere, ekonomia eta giza baliabideak jarriko dituztela zehaztu du Eizagirrek. Alde Zaharra oinezkoentzat egokitzen ari dira, eta hori da une honetan proiektu garestiena. "Buruan ditugun proiektuak gauzatzen ari gara, baina ditugun baliabideak kontuan hartuta, poliki-poliki".

Aurrekontuetan aurten bi milioiko mailegu bat eskatzea aurreikusi zuten. "Egun gauden baino gehiago ez zorpetzeko helburua jarrita daukagu. Urtero 2,5 milioi bideratzen ditugu zorra ordaintzera; ezin dugu kopuru hori baino gehiago eskatu. Halere, ikusiko dugu urtea nola doan, eta, horren arabera, abenduan erabakiko da mailegua eskatu edo ez".

Leon eta Kastillo Arte Ederrak-en aurrean

Amara Berritik abiatuta, Parte Zaharrerantz doaz Leon eta Kastillo. Prim eta Urbietako kale kantoian Arte Ederrak eraikinarekin egin dute topo.

—1914an altxatu zuten; beraz, datorren urtean, ehun urte —informatu du Leonek—. Seguruena ez da mendeurrena ospatzera iritsiko, ordea. Izan ere, udalak murriztu dio orain arteko babesa. Horrela, jabeak, Sade enpresak, aspaldiko proiektu bat gauzatu ahal izango du: eraikina bota eta bertan hotel bat paratu. Ekainean bertan botatzeko asmoa omen dute.

—Horrela bada, ez da ondare galera makala izango —erantzun du Kastillok—. Seguru asko Donostian zinematograforako propio sortutako lehen eraikina da, eta ezbairik gabe zinema gela aitzindari haietatik zutik geratzen den bakarra. Donostian zinemaren inguruko kultura handia dago, edo hori diogu, behintzat, harrotasun puntu batekin, gainera. Beraz, harrigarria ere bada urte hauetan guztietan Arte Ederrak nola edo hala errekuperatzen saiatu ez izana, eta orain, berriz, botatzen uztea. Halaber, zabalgune erromantikoen kalitatea da Donostiaren edertasunaren giltzarri nagusietako bat. Bada, eraikin honek zabalgune horietako baten ertza biribiltzen du; beraz, ez da edozein eraikin.

—Zeharo hormazahartuta dago, baina —argudiatu du Leonek.

—Jakina! Hogeita hamar urtez abandonatuta egon da eta! Hori da lorontzi bati bultza egin, eta gero, "erori egin da" esatea bezalakoa!

—Jabeari ere eskubideren bat aitortu beharko zaio, ezta? —Leonek berriro, Kastilloren erantzunaren tonuak pixka bat suminduta—.

—Jabeak egin du jabe batengandik espero daitekeena. Orain dela urte batzuk hotela aurrera ateratzen saiatu zen. Ezin izan zuen, udaletxean kontua behar bezain garbi ez zegoelako, beste arrazoien artean herritar batzuen oposizioa handia izan zelako. Beraz, Sadek eraikina usteltzen utzi du, udalak botatzeko aukera ematea denbora kontua baino ez zela sinetsita. Estrategian bete-betean asmatu duela aitortu beharko da, baldin eta udalaren partetik azken uneko erabakirik ez badago.

—Egongo ote?

—Orain dela urte batzuk bezala, oraingoan ere herritarren presioa erabakigarria izan daiteke, baina urteak ez dira alferrik igaro, eta maniobra aukera are txikiagoa da. Zaila da azken unean hartzea urtetan hartu ez den erabakirik. Are gehiago eraikin pribatu baten gainean. Izan ere, ez da begi bistatik galdu behar udalak azken urteotan gupidagabe bota dituela izugarri eraikin publiko garrantzitsuak. Horra hor gas fabrika; horra hor San Martingo merkatua. Bere buruari ezarri ez dion zorroztasuna partikular bati ezarriko ote dio?

—Nolanahi ere, hotel berriak errespetatuko luke eraikin zaharraren itxura…

—Bai, beste pastixe bat. Egia esan, itxura gordetzea, itxurak egitea, beti izan da Donostia ofizialaren ezaugarrietako bat.

Urbietatik barrena jarraitu dute. Denda baten aurretik pasatzean, biak ala biak pausatu dute begirada eskaparateko pegatinan: "Donostia 2016"; kulturaren Europako hiriburua. Aurrera egin dute ezer esan gabe, horri buruzko edozein iruzkin agerikoegia iruditu zaie eta.

Osasun eskubidea baino gehiago

Elkarrizketan eta errespetuan oinarritutako aniztasunaren ideia gizarteratzea da gure asmoa. Gehienbat ideia horrek batzen gaitu hemen gauden eragile eta talde guztiak". Jatorri anitz, herri bat egitasmoko kide Xabat Laborderen hitzak dira. Euskal Her...

GREBA, HITZARMEN DUIN BATEN ALDE

Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileak bost eguneko grebara deitu dituzte aste honetan ELAk eta LABek, lan hitzarmen duin bat aldarrikatzeko. Hiru mila langile baino gehiago deitu dituzte lanuztera. Lehen greba egunean —irudian—, 800 lagunek egin zuten bat Donostian antolatutako manifestazioarekin, eta, Gipuzkoako hiriburuan ez ezik, hainbat egoitzatan ere egin zituzten protestak. Akordiorik ezean, greba mugagabera deitzeko asmoa du ELAk.

Musiken babes eta erakusleiho

Nekez aurki daiteke Euskal Herrian hain isilik eta aldi berean kantuz eta doinuz hain beterik dagoen leku bat. 200.000 dokumentutik gorako ondarea biltzen du Eresbil musikaren euskal artxiboak, Errenterian. Ez da erraza guztiak banan-banan zenbatzea, ezta sailkatzea ere; asko izanda ere, ordena da nagusi haien inguruan. Materiala apaletan pilatua dute liburutegian, guztien begi bistan; eraikineko beste hainbat txokotan benetako altxorrak gordetzen dituzte, ezkutuago. Jon Bagues Eresbileko zuzendaria gidari, nahi adina denbora igarotzeko moduko materiala eta bitxikeriak topa daitezke artxiboaren pareten artean.

Euskal musikagileen ekoizpena bildu, gorde, babestu eta zabaltzea du xede artxiboak. Ez soilik musikagileenak, baita interpretazioan aritzen direnenak ere. Ez soilik klasikoak, baita pop-rock eta bestelako estilokoak ere. Euskal musikari dagozkion dokumentu guztiak biltzea da asmoa, azken finean. Han aurki daitezke eskuz idatzitako edo inprimatutako partiturak, grabaketak, liburuak, kantutegiak, diskoak, argazkiak, kartelak, dosierrak... Urteetan gero eta material gehiago biltzen joan diren arren, argi dute "barru-barruko muina Euskal Herriarekin zerikusia duen edozein dokumentu" dela.

Bitxia da ikustea nola norbanako baten ondarea guztien ondare bihurtzen den denbora gutxian, etxe edo denda batetik Eresbilera lekualdatuta. Getxoko ontzi buruzagi batek egindako ekarpena gogoan du Baguesek: "Musikazalea zen oso, eta mundu osoan bidaiatzen ari zela diskoak erosten zituen. Haren 3.000 disko ditugu orain". Hizpide du Donostian Diaz y Cia argitaletxeak ateak itxi zituenekoa ere. XIX. mendean sortutako argitaletxe horrek 7.000 partitura eraman zituen artxibora.

Hasieran euren ardura euskal musika bazen ere, urteekin zabaldu egin da eremu hori. Euskal musikarien bilduma zen hasieran, baina musikaren euskal artxibo bihurtu da Eresbil. Adibide gisa, Musikenen dauden atzerriko ikasleen piezak: haien arrastoei jarraitzen diete, Euskal Herrian jaiotakoak izan gabe ere musikaren bueltan herrialdean aritutakoak direlako.

Dantzari tartea

Musikarekin batera, dantzak ere badu bere tokia Eresbilen. "Dantza gune txiki bat" osatzen ari dira duela lau urtetik hona, beste Eresbil txiki bat. Liburuak, bideoak, dosierrak eta abar bildu dituzte oraingoz. Bi pianok babesten dituzte guztiak, eta, tarteka, dantzan jartzen dituzte partiturak probatzera gela hartara joaten diren bisitariek.

Bistan dagoena baino gehiago da, ordea, Eresbil. "Hiru zirkuitu daude: langileena, bezeroena eta dokumentuena; eta normalean ez dira gurutzatzen". Dokumentuak artxibora heltzerakoan sailkatu egin behar dira, egokiak ote diren erabaki, eta orduan hasten da jendearentzat eskuragarri jartzeko prozesua. Badira, baina, herritarren eskura egonda ere begien aurrean ez daudenak. Segurtasun neurri bereziak dituzte, hezetasuna eta tenperatura jakinak; ohiz kanpoko edozein mugimendu antzemateko tresnen babesean daude, beste solairu batean. Han dago gordeta, besteak beste, artxiboko dokumenturik zaharrena: XIII. mendeko pergamino bat. Baita euskarazko lehen dokumentua ere, 1705. urtekoa, eta musika euskarririk zaharrena, argizarizko zilindro bat.

Eresbil "libre" da. Libre sarrerarako, dokumentuak eramateko, eta libre irteerarako, nahi den guztia eskuratzeko. Ikerlari nahiz musikariak joan ohi dira gehien, musika munduan aritzen diren profesionalak. Kopiak egiten dituzte, norberak bere erabilerarako balia ditzan. Normalean partituren bila jotzen dute musikariek, eta euren tesia osatzeko informazio eske ikerlariek. Baina badira festarako Eresbilera biltzen direnak ere, inauteriak aitzakia: "Erromatar mozorroa jantziko dugu inauterietan; baduzue garai hartako musikarik?". Halako eskaerak jasotzea egokitu zaie. Nostalgiak bultzatuta ere iritsi da baten bat, gaztetako garaiak gogoratzeko doinu bila.

Sorrera, 1974an

Andra Mari abesbatzaren ekimenez sortu zen musikaren euskal artxiboa,1974an. Beharra ikusi zuten, Euskal Herri osoan euskal musikagileen lanak jasotzeko halako artxibategirik ez zegoelako. Hasieran, partiturekin hasi ziren batik bat. "Musika klasikoan egilearen ideia adierazten duen jatorrizko dokumentua" dela dio Baguesek. Liburuak eta grabaketak jasotzen hasi ziren ondoren; gero, funtsak heldu ziren —musikagile bat hiltzen denean emandako ondarea—.

Eresbilek, materiala biltzen jarraitzen duen bitartean, harreman estua du Euskal Herriko beste artxiboekin, "garrantzitsuena ondarea ondo gordeta eta eskuragarri dagoen jakitea" baita.

Gizarte ekintza gauzatzeko zentro ugari ditu Caritasek

Eutsi. Alkohol kontsumoarekin arazoak dituztenentzako eguneko zentroa.

Aterpe. Etxerik gabeei janaria eta bestelako oinarrizko zerbitzuak eskaintzen dizkien eguneko zentroa.

Lamorus. Hezkuntza eta prestakuntza lantegia, etxegabeentzat.

Betania. Hiesa duten etxegabeen gabeziei erantzuteko harrera etxea.

Trintxer. Gizartean bazterturik dauden 40 eta 60 urte bitarteko gizonentzako egonaldi luzeko zentroa.

Laguntza Etxea. Etorkinentzako harrera zentroa.

Sorabilla. Gizartetik baztertuak izateko arriskuan dauden gazteentzako harrera etxea.