Sailkatugabeak

Hotzaldi programako boluntarioak.

Neguko tenperatura baxuetatik babesteaz gain, etxegabeei entzutea eta babesa ematea da programaren helburua. Boluntarioei esker, lan hori errazagoa da, eta, gauero, bi edo hiru lagun gaua pasatzera joaten dira.

Leon eta Kastillo Arte Ederrak-en aurrean

Amara Berritik abiatuta, Parte Zaharrerantz doaz Leon eta Kastillo. Prim eta Urbietako kale kantoian Arte Ederrak eraikinarekin egin dute topo.

—1914an altxatu zuten; beraz, datorren urtean, ehun urte —informatu du Leonek—. Seguruena ez da mendeurrena ospatzera iritsiko, ordea. Izan ere, udalak murriztu dio orain arteko babesa. Horrela, jabeak, Sade enpresak, aspaldiko proiektu bat gauzatu ahal izango du: eraikina bota eta bertan hotel bat paratu. Ekainean bertan botatzeko asmoa omen dute.

—Horrela bada, ez da ondare galera makala izango —erantzun du Kastillok—. Seguru asko Donostian zinematograforako propio sortutako lehen eraikina da, eta ezbairik gabe zinema gela aitzindari haietatik zutik geratzen den bakarra. Donostian zinemaren inguruko kultura handia dago, edo hori diogu, behintzat, harrotasun puntu batekin, gainera. Beraz, harrigarria ere bada urte hauetan guztietan Arte Ederrak nola edo hala errekuperatzen saiatu ez izana, eta orain, berriz, botatzen uztea. Halaber, zabalgune erromantikoen kalitatea da Donostiaren edertasunaren giltzarri nagusietako bat. Bada, eraikin honek zabalgune horietako baten ertza biribiltzen du; beraz, ez da edozein eraikin.

—Zeharo hormazahartuta dago, baina —argudiatu du Leonek.

—Jakina! Hogeita hamar urtez abandonatuta egon da eta! Hori da lorontzi bati bultza egin, eta gero, "erori egin da" esatea bezalakoa!

—Jabeari ere eskubideren bat aitortu beharko zaio, ezta? —Leonek berriro, Kastilloren erantzunaren tonuak pixka bat suminduta—.

—Jabeak egin du jabe batengandik espero daitekeena. Orain dela urte batzuk hotela aurrera ateratzen saiatu zen. Ezin izan zuen, udaletxean kontua behar bezain garbi ez zegoelako, beste arrazoien artean herritar batzuen oposizioa handia izan zelako. Beraz, Sadek eraikina usteltzen utzi du, udalak botatzeko aukera ematea denbora kontua baino ez zela sinetsita. Estrategian bete-betean asmatu duela aitortu beharko da, baldin eta udalaren partetik azken uneko erabakirik ez badago.

—Egongo ote?

—Orain dela urte batzuk bezala, oraingoan ere herritarren presioa erabakigarria izan daiteke, baina urteak ez dira alferrik igaro, eta maniobra aukera are txikiagoa da. Zaila da azken unean hartzea urtetan hartu ez den erabakirik. Are gehiago eraikin pribatu baten gainean. Izan ere, ez da begi bistatik galdu behar udalak azken urteotan gupidagabe bota dituela izugarri eraikin publiko garrantzitsuak. Horra hor gas fabrika; horra hor San Martingo merkatua. Bere buruari ezarri ez dion zorroztasuna partikular bati ezarriko ote dio?

—Nolanahi ere, hotel berriak errespetatuko luke eraikin zaharraren itxura…

—Bai, beste pastixe bat. Egia esan, itxura gordetzea, itxurak egitea, beti izan da Donostia ofizialaren ezaugarrietako bat.

Urbietatik barrena jarraitu dute. Denda baten aurretik pasatzean, biak ala biak pausatu dute begirada eskaparateko pegatinan: "Donostia 2016"; kulturaren Europako hiriburua. Aurrera egin dute ezer esan gabe, horri buruzko edozein iruzkin agerikoegia iruditu zaie eta.

Osasun eskubidea baino gehiago

Elkarrizketan eta errespetuan oinarritutako aniztasunaren ideia gizarteratzea da gure asmoa. Gehienbat ideia horrek batzen gaitu hemen gauden eragile eta talde guztiak". Jatorri anitz, herri bat egitasmoko kide Xabat Laborderen hitzak dira. Euskal Her...

Premium spa

Sarritan entzun izan dut euskaldunok janaren inguruan bakarrik biltzen garen kontu hori. Bada, gaurkoan mito bat apurtzeko kapritxoarekin jaiki naiz. Duela egun batzuk oso bestelako plana egin berri dugu lagun talde batek, Beauty Party deritzona. Edertasunaren festa hau duela gutxi jaio den enpresa batek antolatzen du. Nora Chouza donostiarraren gidaritzapean, enpresa aitzindari eta berritzaile bat sortu da: Premium Spa; berri usaina dario oraindik, baina esperientziaren eta jakituriaren zaporea du lehenengo mokadutik. Zerbitzu sorta zabala badu ere (ezkongaientzako luxuzko tratamentuak barne), guk Beauty Party delakoa egiteko aukera izan dugu.

Sei lagun mahai baten inguruan, bakoitzak ispilutxoa, urez betetako ontzia, eta aurpegiko azalaren zaintzarako beharrezkoak diren materialak aurrean ditugula. Pausoz pauso azaldu digu bakoitzaren azal motaren arabera egokiena den tratamentua. Eta garrantzitsuena, norberak bere buruari egiten ikasi du. Ongizatea eta edertasuna batzen ditu Norak bere tratamenduetan, eta bete-betean asmatu du. Askotan emakume idealizatuaren irudia izaten dugu erreferente bezala, eta besteen argazkiak gehiago begiratzen ditugu geure ispilua baino. Nahikoa da! Hain gozagarria da zeure burua maitatzea eta mimo piloa oparitzea… Hain polita da ispiluari begiratu eta "hau naiz ni, eta zaintzarik onena merezi dut" esatea! Bai, badakit edertasuna barruan dagoela eta fisikoak garrantzirik ez duela esango duela zenbaitek, eta erantzungo diet ez naizela edertasunaren kanonetaz hizketan ari, norberak bere gorputza maitatzeaz baizik. Arima zaintzen den moduan maitatu behar da gorputza.

Plan zoragarria, beraz, animatzen zaretenontzat; nik kuadrillakoekin antolatu berri dut beste Beauty Party bat, engantxatzen ari ote naiz? Edonola ere, ditxosozko mito hori apurtzeko ondo etorriko zaigu plan berri hau; izan ere, beti janaren inguruan biltzen garen horietakoak gara.

Azken hausnarketa moduan, iritzi zutabe hau amaitutzat jotzekotan nagoela, galdera bat sortu zait gutxien espero nuenean. Zein ausartzen da gaur egun negozio berri bat martxan jartzera? Ez da pauso erraza, baina eskerrak banaka batzuek beldurrari aurre egiten dioten, bestela jai genuke. Bada oraindik eguzki printzarik, bada errealitate gogor honetan bere ametsen alde apustu egitera ausartzen den gazterik. Arriskatzen ez duenak ez omen du sekula irabazten; jokoan jarri duzun lan eta ilusio zakukada hori fruituz betetzen denean, hor egongo gara zeure garaipena ospatzeko, Nora.