Sailkatugabeak

%12,4

Turista kopuruaren igoera martxoan Gipuzkoan. Eustat estatistika erakundeak kaleratutako datuen arabera, martxoan %12,4 ugaritu da turista kopurua Gipuzkoan, iazko datuekin alderatuz gero. Gaua igaro dutenen kopurua ere nabarmen igo da lurraldean iaztik: %21,2.

Tren geltokietako segurtasuna, kolokan

Anoetako trenbidea gurutzatzen ari zela tren batek harrapatuta hil zen emakume bat joan den larunbatean. Gipuzkoako Renfeko geltokietako segurtasun gabeziaren ondorioa izan dela salatu du Eguzki ekologista taldeak. "Urtero bi edo hiru hildako izaten d...

Gernika, gune sinboliko dinamikoa ala fosilizatua?

Apirilaren 26aren bueltan memoria hotsek zeharkatu ohi dituzte hedabideak, zer esanik ez, urteurren beteetan. Iazko urtean, esaterako. Presentzia mediatiko apalxeagoarekin bada ere, baina, urtero antolatu ohi dira gertaera hura oroitzeko ekimen ugari. Eta ezaguna denez, ekimen horietan guztietan, ezin ahaztu sekula Picassoren Gernika margolana. Badirudi Picassoren lanaren arrakastaren eta hedapenaren ondorioz ezinezkoa dela gertaera historiko hori dimentsio kultural horretaz beste ulertzea, jasotzea eta geureganatzea. Eta nolabait, gertakari historikoaren balio sinbolikoak gero eta presentzia handiagoa hartu du —margolanaren balio sinbolikoarekin batera—, eta arindu egin dira gertakariaren inguruko interpretazio historikoak (batik bat Gernika margolana erabili ohi denean memoriaren arrastoak azalarazteko bitartekari gisa).

Jakina denez, hasiera-hasieratik Gernika margolana borroka sinbolikorako gudu-zelai bihurtu zuten. Bernardo Atxagak Markak (2007) saiakeran gogorarazten digun moduan, faxistek Gernika margolanaren hedapena geldiaraztea ezinezkoa izango zela ikusirik, margolanaren interpretazioa baldintzatu nahi zuten, eta hartara, margolanaren inguruko diskurtsoa sortu eta hedatu zuten: faxisten diskurtso hartan, Gernika margolana (berr)adiskidetzearen eta bakearen ikurra zen. Gernika-ren irakurketa sinbolikoak egiteko joera ez zen orduan eten, eta bizi-bizi dugu egun. Alegia, gehiagotan aipatu ohi da Gernikako bonbardaketa herritar zibilen aurkako erasoen ikurtzat (Gaza, Gernika berria eta halako leloek iradoki bezala), edota gerrako sarraskien ondorio lazgarritzat, egiazki testuinguru historiko batean kokaturiko gertaeratzat baino. Bernardo Atxagaren ustez, esaterako, margolana zentzuz blaitu da urteetan, eta egun "giza sufrimenduaren sinbolo" bihurtu da.

Inpresioa dut Gernika-ren balio sinbolikoetarako joera horrek indar berezia hartu duela azkenaldian. Gernika margolanaren agerpena areagotu egin da gertaera kultural, sozial eta politikoetan; eta kasu askotan, gainera, Gernika margolanaren agerpenak ez du helburutzat gertaera historiko hura gogoraraztea, edo salatzea. Bestelakoak omen dira margolanaren balio sinbolikoak.

Bide horretatik, deigarria egin zait nolako hari fina eraiki den Gernikako bonbardaketaren eta egungo euskal gatazkaren artean —baita konponbidearen errepresentazioetan ere—. Haginetako mina (Txalaparta, 2008) antologian, gatazkaren inguruko narrazio-antologian, adibidez, Picassoren Gernika ageri da azalean. Antza, ikur hori egiten baitzuten bere egile guztiek, ideologiak ideologia. Ziur asko, Gernika horren atzean hamaika Gernika eta hamaika sinbolo daudelako. Batzuek 36ko gerraren ikurtzat hartuko zuten, eta beste batzuek, aldiz, gerraren edo biolentziaren ikurtzat, ikuskera orokortuago batetik.

Antzeratsu, Gara egunkariak ETAk su-eten iraunkorraren berri emateko ere Gernika ekarri zuen gogora, orduko hartan Zumetaren Gernika margolanaren zatiak josiz erreportajearen bueltan. Ez dakit ongi zergatik, baina orduko hartan ezinegona sorrarazi zidan lotura hark. Picassoren Gernika (berr)adiskidetzearen eta bakearen ikurtzat hartzeak hotzikara sortzen baitit, akaso, horixe izan zelako beste testuinguru batean batzuek margolanari erantsitako balio sinbolikoa; akaso, margolan horrek bakearen sentimendua helarazteak kezkatzen nauelako. Ziur asko, erreportaje hartan iraganari egin nahi zitzaion erreferentzia, memoria historikoari, edo, Atxagaren bidetik, "giza sufrimenduari" egin nahi zitzaion erreferentzia. Ez dakit. Baina, ikusirik Gernikako Akordioak ere Gernika duela erakusleiho eta bakea zein (berr)adiskidetzea helburu…

Argi dago Gernika askotariko herritarren erreferentzia dela eta, hartara, elkargune izan daitekeela, baina… erne!, Gernika margolana gune sinboliko fosilizatu bilaka ez dadin.

Zomorro bat iparra galduta

Marienburger kaleko etxearen alokairua laster amaitzera doa. Atzerrian jarraitu edo auzora bueltatu erabaki nahi, eta beste mila konturen inguruan sakon hausnartu behar dudalako presioa sentitzen ari naiz. Duela ez asko, Berlinen edo Zarautzen bizitzea bi aukera ederren artean deliberatzea zen. Oraindik ere hala da, horratio. Bat bestea baino hautu zentzuzkoagoa dela ezin dut burutik kendu, ordea.

Ez ninduke kikildu beharko itzuliz gero dekadentzia ekonomikora kondenaturik dagoen txokoan trabatuta egongo nintzatekeela jakiteak. Institutuan letren bidezidorra hartu nuenean imajinatzen nuen ez nituela sekula poltsikoak diruz lehertzear edukiko. Buelta batzuk eman ondoren, nire erreparoa oso bestelakoa dela jabetu naiz, ordea. Berekoi samarra naiz, eta porrot egin duenaren sentipena duen belaunaldi triste baten partaide izatera iristeak arduratzen nau gehien.

Begiratu zure ingurura, eta hasi zenbatzen 30 aspalditxo beteta eta langabezian urteak daramatzaten ezagunak. Konturatzerako, zerrendatxoa osatuko duzu. Gehitu erdipurdiko enplegudunak, ordu gutxiz beharrean arituz nola hala irauteko ehunka euro batzuk pilatzea lortzen duten horiek. Eragiketa amaitzeko, sartu zakuan ikastaro batetik bestera ari diren guztiak, NASAn lan egiteko adina formakuntzarekin Zaran lanerako onartzen ez dituztenak.

Horiek guztiek luzaro horrela jarraituko dutela —dugula— imajinatzeak zu bezainbeste estutzen nau. Baina bada are goibelagoa suertatzen zaidanik: patu beltz horren parean, banaka-banaka jaiki eta borrokatzeko adore nahikoa izango ez dugula susmatzen dut. Mamuek jarri gaituzte belauniko, eta mamuen aurka matxinatzea kixoteen gauza da.

Hiltegi penagarri horretara kondenatuta dauden askok badakite gauza piloa egiten. Gaitasunez gain, haien kemena ere beharko genuke, ordea, txikitik eraikitzen hasteko. Eta guztia galtzen dugun arte ez dakit ausardia hori inondik azalduko ote den.

Lagun eta familiartekoekin hitz eginda, gehienek alde egitea hartzerik zegoen erabaki burutsuena dela errepikatu didate (ni bezalako zomorro bat begien bistatik desagertzea ere nahiko zuten, dudarik ez). Auzoa gain behera datorrenean atzerrira hanka egitea zilegi da, noski. Eta ni bezala ekarpen itxurazkorik okurritzen ez zaiona hobe dago, beharbada, milaka kilometrora bake santua ematen.

Iparrorratza falta duen herritik irten, eta munduan iparrorratzik gabe sentitzen naiz ni ere, barkadazu.

Tokikoaren aldeko apustua

Aspaldi geratu ziren atzean zinemaren urrezko garaiak. Dela krisi ekonomikoa, dela teknologia aurrerapena, dela multizinema aretoen gorakada... Arrazoia bat edo bestea izan, kontua da azken urteotan areto asko itxi egin dituztela. Udalek esku hartzea ...

BERRI TXARRAK-EN ROCKA, KURSAALEAN

Gorka Urbizuk, David Gonzalezek eta Galder Izagirrek osatutako hirukoteak kontzertua emango du bihar, Donostiako Kursaalean; Berri Txarrak taldeak horrelako leku batean jotzen duen lehen aldia izango da. Duela urte eta erdi inguru kaleratu zuten azken...

Ikusleen galera, milioitan.

Krisi ekonomikoa dela eta ez dela, milioi bat ikusle baino gehiago galdu dituzte Gipuzkoako zinema aretoek zazpi urteko epean. 2003an, ia 2,6 milioi ikusle zenbatu ziren; 2005ean, 2,1 milioi inguru, eta 2010ean, 1,6 milioi azpitik.

Ibaiak leheneratzen

Naturaldia TolosaBizirik al daude gure ibaiak? Horixe planteatzen du hasi berri den Tolosako Naturaldia natur jardunaldiak.Lurraldean azken mendean izandako garapenak lurraldeko ibai eta kostako eremu asko hondatzea ekarri du, eta, horregatik, Natural...