Sailkatugabeak

Bekatariak

Aurten, lehenengo aldiz ikusi dut Aste Santuko prozesio bat. Beti ekidin izan ditut. Beldurra ematen didate Ku Klux Klaneko kideen modura mozorrotuta doazen horiek, eta ez dut ulertzen oin hutsik edo belauniko doanaren sufrikarioa. Baina oraingo honetan ustekabean harrapatu nau; Cacereseko kaleetan pozik dabilen turista bat besterik ez naiz, kamera eskuan, txoko guztiak ezagutu nahian. Kale zabal batean barrena goazela konturatu naiz jende gehiena alboetan jarrita dagoela; solasean batzuk, isilik besteak, eta telefonoari begira beste zenbait. Bitxia iruditu zait denak kale bazterrean egotea, baina hain gustura noa nire hanka motzak kalearen erdi-erditik paseatuaz, ez dut beste ezertan erreparatu.

Tupustean, aurretiko abisurik gabe, pare-parean ikusi dut Ku Klux Klaneko baten antzera jantzitako bat, eskuan daraman kanpaitxo bat astinduz, eta horren atzetik otzan-otzan hamar bat emakume beltzez jantzita doaz (apainorrazi, belo eta guzti), bakoitza bere kandelatxoarekin. "Diooos, prozesioa!", pentsatu dut, baina beranduegi da aurrera egin eta hoteleko ateraino iristeko. Beraz, albo batera joan eta gainontzeko fededunen artean nahastu gara. Gaurkoan ikusi egingo dut, zer arraio, antzerki obra bat balitz bezala begira geratuko naiz.

Ostiral santuan ezin da haragirik jan, bekatua da. Bekatua… sekula ulertu ez dudan hitza. Badakit ez dela inor jo edo iraindu behar, badakit ez dela lapurtu behar eta badakit gezurrik ez dela esan behar —tira, gezur txikiak bai, egia gehiegi baloratuta dago zenbaitetan—. Eta hortik aurrera zer? Ostiral santuan haragirik jaten ez duena pertsona hobea da akaso? Txerriki klase guztiak afalduta bapo geratu ondoren, sabela bekatuz gainezka dudala, hantxe jarri naiz, besteek beren bekatuak nola garbitzen dituzten begira.

Eta ez da besterik gertatu, antzezlana bukatu da, Ku Klux Klanekoek txapel horiek kendu dituzte, kubatak hartu eta parrandara joan dira; beltzez doazen emakumeak liskarrean ikusi ditut, argazkilariak gertutik zein harrapatu ote duen eztabaidatu nahian, eta gu txerrikiaren betekada arintzeko paseotxo bat ematera joan gara. Bekatariak denok.

Ñañarri, rallyesprint bat baino gehiago

Aurten jadanik bi rallyesprint jokatu dira, Gabiriakoa eta Hondarribikoa. Hirugarrena Ñañarrikoa izango da, hilaren 20an. Alegiatik Amezketara joan behar dute gidariek, Orendain eta Abaltzisketatik igaroz. Rallyesprint horrek, baina, badu berezitasun bat: Irurako ikastolak antolatzen du, eta lortzen den dirua ikastolaren eraikin berria ordaintzeko izango da.

Iñigo Iñurrita da Ñañarri Rallyesprinteko koordinatzailea. 2008an egin zen lehenengo aldiz, urte horretako Kilometroak Iruran izan zirenean. "Dirua ateratzeko zer ekitaldi egin zitekeen pentsatzerakoan, rallyesprinta antolatzea otu zitzaigun", dio Iñurritak. Beraz, automobilismoaz gozatzeaz gain, zaleek ordaindutako dirua beste helburu batzuetara ere bideratzen da.

Arrakasta izan ohi du Ñañarrikoak, bai gidari asko joaten delako, baita zaleen erantzuna ona izaten delako ere. Iñurritak probara joatera animatu ditu zaleak: "Arratsalde on bat pasatuko dute, eta Irurako Ikastolari lagundu". Baina eskaera bat ere egin die joango direnei: "Proban dauden komisarioei kasu egin behar zaie, adibidez, leku jakin batean ez jartzeko esaten badute".

Aurten beste ikastola batek ere antolatuko du rallyesprint proba bat. Lazkaoko ikastolak ekainaren 1erako Motor Eguna antolatu du, 50. urteurreneko ekitaldien barruan, eta egun horretan egingo da Goierriko I. Rallyesprinta. Aurretik, hainbat urtetan, Azpeitiko Ikasberri ikastolak ere antolatu zuen rallyesprinta.

PEDALKADAZ PEDALKADA HELMUGARA

Nairo Quintana Movistarreko txirrindulariak irabazi zuen Euskal Herriko Itzulia joan den larunbatean; azken egunean, Beasainen hasi eta amaitu zen erlojupekoa, eta sailkapena irauli zuen Quintana kolonbiarrak, Richie Porte eta Sergio Luis Henao atzean...

Automobilismoa eta abiadura, zale ugari biltzen dituen formula

Motorrak eta abiadurak zale asko ditu Gipuzkoan, bai gidari kopuruagatik, baita automobilismo probetara joaten diren ikusleengatik ere. Guztira 600 federatu daude Gipuzkoako Automobilismo Federazioan —gidari, gidarikide eta epaileak kontuan hartuta—, eta ehunka ikusle joaten dira probetara. Hamabost bat egiten dira urtero, modalitate guztien artean.

Iñigo Cuesta Gipuzkoako Automobilismo Federazioko lehendakariak zehaztasun batzuk egin ditu, mundu horretako txapelketak hobeto ulertzeko: "Batetik, rallyak daude. Bi pertsona joaten dira autoan, gidaria eta gidarikidea. Elkar ondo ulertu behar dute, eta gidarikideak aurretik hartu dituzten oharrak esaten dizkio". Rallyak zati bat baino gehiago izan behar du. Rallyesprinta aldaera bat da, eta zati bakarra du. Bai batean eta bai bestean, egindako denbora guztiak kontuan hartzen dira.

Bestetik, mendi igoerak daude. Hor gidaria bakarrik doa, eta hiru aldiz egiten du zati bera. Hiru saioetan lortutako denborarik onena hartzen da kontuan. Azkenik, eslalom probak daude. Horietan, errepide batean zirkuitu bat muntatzen da, konoak jarriz. Gidariek zirkuitua ahal den azkarren egin behar dute, konoak ukitu gabe eta bidetik atera gabe.

Mendi igoerek Gipuzkoan tradizio handia dutela dio Cuestak: "Euskadiko Txapelketako mendi igoera guztiak eta rallyesprinten erdiak baino gehiago hemen egiten dira". Hain justu, herrialdean egiten diren proba guztiak gero "Euskadirako puntuagarriak dira".

Automobilismoa ez da kirol merkea, baina Cuestak zehaztasunak eman ditu gai horretan ere: "Gastatu nahi duzunaren arabera izaten da. Badago jendea asko gastatzen duena, eta beste batzuek gastuei eusten diete. Esaterako, zenbaitzuek gurpil berriak jartzen dituzte proba gutxi batzuk egin eta gero, eta beste batzuek aurrekoek erabiltzeari uzten dioten gurpilak hartzen dituzte".

Ez dago adin jakinik probetan parte hartzeko; baldintza bakarra gidatzeko baimena izatea da. "Badago jendea lehenengo soldatak erabiltzen dituena auto bat erosteko, eta parte hartzen hasten da", esan du Cuestak. Askok dirua aurrezten dute autoak norberak konponduz eta prestatuz, eta gidarien artean elkar laguntzen dute: "Probetan ikusten dira talde bateko kideak beste auto bati laguntza ematen, eta hori oso polita izaten da".

Ez dago gidari profesionalik. Gidari batek broma eginez esandakoa ekarri du gogora Cuestak: "Babesle bat dut dena ordaintzen didana: ni neu".

Abiaduraren zirrara

Joxe Labaka azpeitiarra da egungo txapelduna Gipuzkoako eta Euskadiko rallyesprint txapelketetan. 52 urte ditu, eta aurtengoa 35. denboraldia da eskuen artean bolantea hartzen duena. "18 urterekin hasi nintzen; gustura ibiltzen naiz, eta inguruan beti izan ditut laguntzaile onak; bestela ezin da aurrera egin", esan du.

Gidari beteranoaren iritziz, adina ez da arazo probetan parte hartzeko garaian. "Gogoa bera dugu, eta saiatu ere hala egiten gara. Gaztetan agian zati batzuetan azkarrago joaten nintzen. Orain erregularragoa naiz, gehiago pentsatzen dut. Gidatzerakoan, adinagatik behintzat, ez dut arazorik", gaineratu du.

Pozik dago lortutako emaitzekin. "Zortea ere behar da; erregularra izan behar duzu puntuak jasotzen joateko, proba asko baitaude. Txapelketa ez badugu irabazten ere, saiatu egiten gara, eta ahal dugun azkarren eta ondoen ibiltzera joaten gara".

Bizimodu normalean azkar ez dela ibiltzen dio: "Probetan gastatzen dugu azkar ibiltzeko gogoa". Prestaketa lanak gustatzen zaizkio, probako zatiak ikustera joatea, autoa prestatzea, probako egunean izaten den giroa... "Lasterketa arazorik gabe amaitzen bada, oso zoriontsu sentitzen naiz. Gauza ederra da, ez dakit ondo nola azaldu; biziago sentitzen naiz".

Monika Muñoz oñatiarrak 37 urte ditu, eta aurtengoa bigarren denboraldia du automobilismoaren munduan. Senarrarekin elkarbanatzen du afizioa. "Gaztetatik dudan afizioa da, senarrak eta biok izan duguna beti", esan du Muñozek. "Ez dut izan aukerarik parte hartzeko orain arte. Haurra izan genuen, eta hura gehiago hazi arte, ez genuen auto bat erosi".

Rallyesprintean, senarrak gidatu eta Muñoz gidarikide joaten da, eta mendi igoeretan, Muñoz da parte hartzen duena. "Afizioa odolean eramaten da. Nik ez dut etxetik jaso, nire senarrak bezala, baina da gauza bat gustatzen zaizuna ala ez, barrutik sortzen dena". Muñozi "adrenalina pila bat eta askatasun sentsazioa" ematen dio automobilismoak.

Iazko denboraldian bi emakume gidari aritu ziren probetan, baina aurtengoan Muñoz da bakarra. "Emakume gutxi animatzen dira. Ondo egongo litzateke gazte gehiago animatzea; ni agian pixka bat berandu hasi naiz. Nire asmoa gustura aritzea eta gozatzea da", esan du.

Muñozek ez du ikusten diskriminaziorik automobilismoaren munduan: "Beti egoten da norbait ez dizuna harrera onik egiten, baina oro har ez dut ikusi diskriminaziorik. Are gehiago, gidarien artean laguntasuna eta animoak ikusi ditut, hasiera-hasieratik, aurretik ezagunak ez izan arren. Oso gustura sentitu naiz probetan".

Emakume etxeen aitzindari

Pixkanaka ugaritzen ari dira Emakume Txokoak deituriko emakumeentzako espazio fisiko publikoak Gipuzkoan. Gaur egun badituzte halako tresnak Donostian, Hernanin, Eibarren, Azpeitian eta Arrasaten. Hain zuzen ere, azken herri hori izan zen lehen harria jarri zuena, orain hamar urte. "Berdintasun politikak eta proiektuak garatzeko espazio fisiko bat ere beharrezkoa zela ikusi genuen. Emakumeentzako erreferentea izango zen tokia alde batetik, eta horrez gain berdintasun politika publikoen debate, formazio, proposamen... gunea ere izango zena". Hala gogoratzen du hasiera hartako asmoa Maite Barreñak. Arrasateko Udaleko berdin- tasun teknikaria zen orduan, eta hala da gaur egun ere.

Hamar urteren buruan, egindako bidearen balorazio positiboa egiten du: "Egitasmo berritzailea izan zen, momentu hartan eredurik ez zuena, eta uste dut Arrasateko Emakume Txokoak lortu duela eredugarri izatea Euskal Herrian, eta batez ere Arrasaten erreferente bihurtu den espazioa dela uste dut", azaldu du. "Orain oso zaila litzateke herriko berdintasun politika gune hori gabe ulertzea; elementu estrategikoa bihurtu da", gaineratu du.

Emakumeen Saila aspaldi sortua zen udalean, eta momentu jakin batean gune fisiko bat edukitzea "beharrizana" bihurtu zen; "egiten genituen ekimenak sakabanatuta gelditzen ziren, eta batzen gintuen espazio baten beharra agerian gelditu zen", azaldu du. "Gainera, emakumeen parte hartzea erraztu egin zuen haientzako gunea udaletxetik kanpora kokatzeak".

Formazio ikastaroak, tailerrak, hitzaldiak, jardunaldiak... era askotako ekintzak egiten dituzte Emakumeen Txokoan. Esku artean dituzten datuen arabera, guneak arrakasta handia du, "hiruhileko bakoitzean 200 emakume" pasatzen direlako bertatik. "Emakumeen Txokoa Arrasaten erreferente bihurtu dela uste dugu, politika publikoak eta jabetze proiektua emakumeentzat erreferentea direla, eta batez ere ikusten duguna da Emakumeen Txokoak feminismorako leiho bat eskaintzen duela; gune honetara etortzen den emakumea berriz itzultzen da".

Jabetze Eskolaren garrantzia

Arrasateko Emakume Txokoak hainbat proiektu ditu, baina Jabetze Eskola da garrantzitsuenetako bat, eta Barreñak azpimarratu egin nahi izan du. "Jabetze Eskolaren planteamendua hau da: jabetu gaitezen emakume bakoitza, banaka, jabetu gaitezen emakumeok kolektibo bezala, planteatu ditzagun irtenbide feministak egungo sisteman, eta ikuspuntu horretatik, gizarte justuago eta berdinago batera joateko proiektua izango dugu".

Eguneroko lanean jarraitzen duten arren, urteurren ospakizunei tartea ere eskainiko diete, apirilaren 19an eta 20an. Hitzaldi eta tailerrak, herri bazkaria eta kontzertuak egingo dituzte, besteak beste.

@sarean

II. Berdintasun Planarekin lotutako informazioa dago webgune hauetan.

www.gipuzkoa.net. Berdintasun plana osorik irakurgai dago.

www.berdintasuna.tv/eu/hasiera. Planaren prozesuari buruzko dokumentala (30 minutu) eta trailerra (3 minutu) ikusgai daude bertan.

Berdintasun politikako neurrientzat 10 milioi euro ditu aurten aldundiak

Aste honetan aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak Emakumeen eta Gizonen Arteko Berdintasunerako II. Plana (2013-2020). Martxoaren 5ean onartu zuen diputatuen kontseiluak, eta bi legegintzalditan garatuko dute, gutxienez. Laura Gomez aldundiko Berdintasun zuzendariak azpimarratu du "gobernuak berdintasunaren arloan duen plana" dela: "Ez gure sailarena". Hala, argi utzi nahi izan du "foru departamentu guztien ardura" dela planaren garapena. Hain zuzen, aurten 10 milioi euroko aurrenkontua izango du aldundiak, sailez sail, berdintasun arloko neurriak abiatzeko.

Krisi garaia aintzat hartu dute plana garatzerakoan. "Krisi egoeraren azterketatik abiatuta" errealitatearen irakurketa zehatz bat eginda ezarri dituzte planaren lehentasunak. "Izan ere, gure ustez krisia ez da hasi 2007ko finantza leherketarekin; dimentsio asko dituen krisia da: zainketen krisia da, eta demokrazia ereduarena, besteak beste". Gomezen esanetan, krisi garai hauetan planaren lehentasunetako bat da pertsonen eta, zehazki, emakumeen bizi-baldintzen prekarizazioa geldiaraztea. Gomezek emandako datuen arabera, "2008-2012 artean %4,1etik %7,3ra igo da pobrezia arriskua, eta %14,6tik %19,9ra pertsonen ongizate falta". Berdintasun zuzendariak gogorarazi du finantza krisiaren aurretik ere emakumeak gizonekiko gizarte desberdintasun egoera batean zeudela Gipuzkoan, eta orain beren oinarrizko baldintzak gehiago okertu direla. "Familiak eta haien barruan bereziki emakumeak dira gastu publikoan egindako murrizketen ondorioak beren gain hartzen ari direnak", adierazi du Gomezek. Datu gehiago ere eman ditu: Gipuzkoan, emakumeak buru dituzten familia unitateetan, beren kargura mendeko pertsonak dituztenean, "hiru bider gehiago pairatzen dute pobrezia erreala (%11,1), unitate buruak gizonezkoak direnean baino (%3,7)".

Bestetik, krisian dagoena elkarbizitza antolatzeko eredu sozioekonomikoa dela uste du aldundiko gobernuak. "Horregatik, plan honek erreminta izan nahi du eredu hori eraldatzen eta gizarte talde bezala berriz asmatzen laguntzeko". Ardatza lan merkatuan jartzen duen eredu kapitalista eta patriarkala kritikatu du Gomezek. Zaintza lanek pertsonen ongizate fisikoa eta emozionala ahalbidetzen dutela azaldu du, eta lan horiek direla eredu honi eusten diotenak. "Inork emango ez balizkigu zaintza material eta afektibo horiek, inor ez litzateke lan merkatura lanera joango. Zaintza horiek ari dira ahalbidetzen merkatuaren zerbitzura jartzen den lan indarra ugaltzea. Zaintza lan horiek ez dira ikusten, ezkutuan daude, feminizatuta daude, baita egoera prekarioan ere". Pertsonen zaintza gizarte lehentasunen erdian jarri nahi du aldundiak.

Urte eta erdiz aritu dira plana osatzen, hainbat eragile eta norbanakorekin elkarlanean. "Une honetan dauden arazoak zein diren eta irtenbideak zein izan daitezkeen denon artean eztabaidatzen aritu gara".

Zaintzaren lan arloa duintzen

Sei lan ildo nagusi ditu planak, eta horietatik bi "funtsezkoak" dira Gomezentzat. Horietako bat zaintza eskubideak bermatzearekin lotutakoa da. "Emakumeen %90 pertsonen bizitzaren zaintzaz arduratzen dira", eta zaintza eskubide horretan aurrerapausoak emateak Gomezentzat esan nahi du "emakumeek zaintzaile izan nahi duten erabakitzeko eskubidearen alde egitea". Arlo horretan, planaren helburuetako bat da zaintzaile profesionalen lan baldintzak duintzea. Neurri batzuk dagoeneko jarri ditu martxan aldundiak: "Foru gobernu honek erabaki du ez murriztea mendekotasun laguntza ekonomikoak. Bestetik, zabaldu egin du mendekotasun maila guztietako laguntza pertsonalari dagokion estaldura. Laguntza hori zuzenean mendekotasuna duen pertsonari ematen zaio, eta gainera aldundiak erregulatu egingo ditu laguntza horrekin langileak kontratatzeko baldintzak". Horrekin bi gauza lortu nahi dituzte: emakumeen rol tradizionala erreproduzitzea saihestea —emakumea etxean gelditzea zaintzaile gisara— eta zaintzaile profesionalentzat lan baldintza duinak bermatzen ahalegintzea.

Langile profesionalen lan baldintzak hobetzeko neurri gehiago ere biltzen ditu planak. Aldundiak adinekoen egoitzen eta eguneko zentroen hitzarmen alorrean hainbat neurri proposatu du. Esaterako, 8,2 milioi euroko inbertsioa egitea soldatak hobetzeko, atsedenaldiak luzatzeko eta langile profesionalen kontratazioa handitzeko. Horretaz gain, enpresaren errentagarritasuna %5etik %3ra murriztea proposatu du. "Zerbitzu publikoak dira nahiz eta kudeaketa pribatua izan, eta enpresa errentagarritasuna ezin da lortu langileen baldintzak okertuz. Bizitza mantentzeko lan ezinbestekoa denez, duindu eta goratu egin behar dugu".

Neurri ekonomikoak

"Pertsonen bizitzen zaintza erdian kokatuko duen ekonomia baterantz aurrerapausoak ematea" da aldundiarentzat beste lan ildo garrantzitsuenetako bat. Arlo horretan "funtsezkoak" diren neurri batzuk zehaztuak dituzte: "Bereziki emakumeek bizitza autonomoak garatu ditzaten baliabide egokietara iristea bermatzeko neurriak dira; esaterako, Sarrera Bermerako Laguntza. Legegintzaldi honetan jarri du martxan diputazioak". Eusko Jaurlaritzaren Oinarrizko Errentaren "hutsunea" betetzeko sortu dute, laguntza hori jasotzeko hiru urtez erroldatuta egon behar delako EAEn. "Aldundiak salatu izan du baldintza horrek jende asko uzten duela laguntza jasotzeko aukerarik gabe. Tresna honen bitartez, sei hilabeteko errolda edukitzea nahikoa izango da. Neurri gehiago ere jarriko ditugu martxan, laguntzak jasotzera bideratuta. Ezin guztiak aipatu, asko dira".

Zerga sisteman genero ikuspegia ezartzea da planaren beste asmoetako bat. Oraingoz aztertzen ari dira zein diren erreforma egiteko aukerak, eta hortik abiatuta ikusiko dute zein neurri har daitezkeen. Izan ere, batzar nagusiek dute neurri fiskalak onartzeko ahalmena, eta, beraz, aldundiko gobernuak "politikoki negoziatu ahalko diren proposamenak" erabaki beharko ditu. Erreformarekin, "sistema sozioekonomiko honi eusten dioten lanak agerian utzi nahi ditugu, ikusgai bihurtu. Ikerketa batzuen arabera, zaintza orduak kontuan hartuko balira aberastasuna neurtzeko erabiltzen den BPG adierazlean garapen ekonomikoaren motor funtsezko bezala agertuko litzateke". Horregatik uste dute neurri birbanatzaileak jarri behar direla martxan politika fiskalean, "gizarte erantzunkidetasuna ahalbidetzeko". Beste era batera esanda, "pertsonen zainketak gizarte lehentasunen erdian egon behar badu, gizarteak bere osotasunean arduratu behar du horri eusteaz, ez bakarrik emakumeek. Bizitzaren iraunkortasuna ezin da pribatizatuta egon, gaur egun dagoen bezala. Hortaz, politika fiskala erreminta oso erabilgarria da dirua eskuratu eta egoki birbanatzeko, gizartea bere osotasunean bizitzaren kargu eginez".

Horri lotuta, aldundiaren kontratazio publikoetan, hitzarmenetan edo laguntzetan genero ikuspegiaren aldeko baldintzak ezartzea garrantzitsutzat jotzen du Gomezek. "Diru publikoaren zati handi bat alor horietan gastatzen da. Beraz, garrantzitsua da haietan parte hartzen duten entitateak baldintza batzuk betetzera derrigortzea; hala, errealitate injustu baten gizarte eraldaketan lagunduko dute haiek ere".

Planak 223 neurri ditu, datozen zortzi urteetan garatzeko.

20

Gipuzkoako errepideetako radar finkoen kopurua. Laster bat gehiago egongo da GI-636 errepidean, Pasaiako saihesbidean, Irunerako bidean. Radarraren berri ematen duten kartelak jarrita daude jadanik.