Sailkatugabeak

Nick Lowe, gaueko izarra

MusikaDonostiaNick Lowe eta Mery May artisten zuzenekoak hartuko du bihar Kutxa Kultur Musika egitasmoa. 20:00etan izango da, Donostiako Antzoki Zaharrean. Sarrera 20 euro kostatuko da.Nick Lowe abeslari britainiarra izango da biharko emanaldiko izar ...

Esan ala izan

Andoni Iruñean jaio zen familia erdaldun batean, orain 50 urte inguru, eta zortzi urte zituela, aitari lana eskaini ziotelako Bartzelonara joan ziren bizitzera. Bertan pasa zituen gaztaroko urteak eta Bartzelonan egin zituen unibertsitate ikasketak ere. Karrera burutzen ari zela, lagun bi egin zituen, bata gipuzkoarra eta bestea baztandarra. Lagunek euskara hutsez jarduten zutelako batetik, eta hizkuntza erakargarria zitzaiolako bestetik, erabaki zuen Andonik Bartzelonan euskaltegira joan eta euskara ikasten hastea. Bere hitzetan, euskaraz eta euskal kulturaz maitemindu zen, eta hiru hilabetetarako barnetegi batera joatea erabaki zuen; horrela, euskara maila txukuna lortu zuen. Euskal kulturarekiko arrak, azkenean, Euskal Herrira ekarri zuen. Egun, euskaraz bizitzeaz gain, euskarazko komunikazio sistema bateko arduraduna da. Beste horrenbeste egin zuen Beatrizek ere; Argentinan sortu, hogeitaka urterekin Euskal Herrira etorri, euskaltegiko ikasle eta irakasle izan, eta ondoren, euskara teknikari lanbidea hartu zuen.

Gure hirugarren protagonista, Marta, Bartzelonan sortu zen, orain 40 urte inguru. Espainiako herrialde askotatik bezala, bere gurasoek Extremadurako gogortasuna utzi eta Katalunian bota zituzten erroak, euren seme-alabentzat bizimodu erosoago baten bila. Bizi guztia Katalunian egin ondoren, maitasunaren ondorioz, Martak Euskal Herrian bota ditu erroak. Bere seme-alabek eta senarrak euskara dute euren arteko hizkuntza, eta kalekoa ere bai. Baina familia horretako amak, Martak, jaioterrian katalana ikasi ez zuen moduan, Euskal Herrian ere ez du euskararik ikasi, espainolez edozein lekutan jardun daiteke.

Aurreko astean, Korrikan parte hartzen nenbilela, Marta ikusi nuen, korrika, beste asko bezala. Andoni ez nuen ikusi. Ondoren berarekin egon nintzen, eta penatuta, Korrikan parte hartzeko aukerarik ez zuela izan adierazi zidan. Azken urteetan lehenengo aldiz. Seme-alabekin parte hartu nahi zuen, eta horrexek ematen zion min, seme-alabekin korrika egin ezinak.

Ukaezina da Korrikaren arrakasta, kilometroz kilometro, herriz herri, nola biltzen duen euskararen inguruan horrenbeste jende. Hala ere, hemen ere, bizitzan sarri askotan gertatzen den bezala, kontraesanak nagusi. Andonik eta Beatrizek ez dute zalantzarik eta eredu dira askorentzat, baina argi dago agerian uzten dituztela Martaren egoeran daudenen kontraesanak. Andonik dio Euskal Herrian bizi eta euskaraz ez jakitea herri honekiko errespetu falta larria dela. Ez du zalantzarik berak.

Sahararrei laguntzeko melodiak

Zestoako elizan dagoen zinema zaharrean dute entsegu tokia, baina handik urrun jarrita helburuak. 2006tik Saharako emakumeei laguntzea izan du helburu Zestoako Leok'k musika kultur elkarteak, eta urtetako lanari esker, Saemel (Saharar Emakumeei Elkart...

Bilduk ez du irudimenik

Laster bi urte beteko dira Bilduk Foru Aldundia eta udal mordo bat eskuratu zituenetik. Beste nonbait irakurri edo Klaudio Landaren tertuliakideren bati entzun baino lehen, nik esango dizut: Bilduren orain arteko jarduna erabateko bluf-a izan da.Inuze...

“Ez nuen espero mutilekin lehiatzean txapelketa irabaztea”

Trialsin edo biketrial munduan indar handiarekin hasi du bere ibilbidea Irene Caminosek (Tolosa, 1998). Bizikleta berezi batzuekin aritzen dira, oinekin lurra ukitu gabe, oztopoak gainditzen ahal duen denbora gutxienean. "Lagun bat ikusi nuen bizikleta horrekin ibiltzen, gustatu zitzaidan, eta aitari eskatu nion", dio Caminosek. Orain bi urte izan zen hori, eta berehala hasi zen lehiatzen. "Hirugarren denboraldia da aurtengoa; lehenengoan, erdialdean hasi nintzen". Eta lorpenak ere segituan iritsi ziren: bitan Euskadiko txapelduna izan da nesken haurren mailan; Gipuzkoako txapelduna izan da bi aldiz, lehenengoa nesken haurren mailan ere, eta aurten kadete-junior-senior mailan, mutilekin batera lehiatzen, maila horretan neska bakarra baitzen.

"Ez nuen espero mutilekin batera lehiatzean txapelketa irabaztea. Gehiago motibatzen du, lehia handiagoa izaten da". Trialsina gutxiengoen kirola da, eta horrelako beste kiroletan gertatu ohi den moduan, nesken parte hartzea urriagoa izaten da. "Mutilekin lehiatzean ondo moldatu naiz. Trialsinean indarra eta abilezia behar da".

Aurtengo Espainiako Txapelketan ere hasi da parte hartzen. Iaz, lehen aldiz parte hartzean, zortzigarren egin zuen. "Aste Santuan lehenengo proba izan da Huelvan (Espainia). Hirugarren amaitu dut eta gustura nago egindakoarekin. Orain beste bost proba falta dira eta guztietan parte hartzeko asmoa dut".

Espainiakoan nesken maila dago, eta adin guztietakoek batera parte hartzen dute: baina zenbat eta gazteagoa izan, zigorrak gutxiago balio du. Kataluniarrak dira nagusi, eta hangoa da munduko txapelduna. "Iaz nire aurretik egin zutenei irabazi diet, eta beste entrenatzaileek esan dute urtebetean aurrerapen handia egin dudala". Hurrengo proba Tarragonan (Herrialde Katalanak) izango du, hil honen amaieran.

Espainiako Txapelketaren ondoren, Euskal Herrikoa iritsiko da, eta hor kadete mailan lehiatuko da Caminos, eta neskek eta mutilek batera parte hartuko dute. "Mutil batzuk pipertu egiten dira nesken aurka lehiatzean. Orokorrean giro ona izaten da, kirolari gutxi gara, eta denok ezagutzen dugu elkar".

Bizikleta bereziak

Entrenamenduak kalean eta Tolosako Usabal kiroldegiaren ondoan dagoen zirkuituan egiten ditu. Udalaren laguntzarekin sortu zuten Usabal kiroldegiaren ondoko zirkuitua, eta aurten handitu egin dute. "Astegunetan kalean aritzen naiz, ostiraletan zirkuituan, eta euria egiten badu pabiloian". Kirolariek erabiltzen dituzten bizikletak bereziak dira: "Oso balazta onak dituzte, askotan gurpil baten gainean bakarrik jartzen gara, eta beharrezkoa izaten da balazta onak izatea. Tamaina txikia dute, eta arinak dira. Ez dute eserlekurik, piñoia txikiagoa da eta bakarra". Egun entrenamenduak uneoro bizikleta erabiliz egiten ditu. Federazioaren diru laguntzarekin, Caminos eta beste txirrindulari bat Usabalgo teknifikazio zentroa erabiltzen hasiko dira laster, ikusteko entrenamenduetan zer landu behar den. "Batetik, eztanda egiten duen kirola da, eta, bestetik, nahiko berria da, eta pixkana ikusi behar da zer landu behar dugun".

Bizikleta ez da erosoa batera eta bestera ibiltzeko, eta hori ondo ezagutzen du Caminosek: "Orain gutxi Uzturre mendira igo nintzen bizikletarekin, eta gogorra izan zen; behin eginda nahikoa izan da".

Irristailuentzako pistetan ibiltzen diren BMX bizikletekin zerikusirik ez dutela dio Caminosek: "BMX bizikletak arranpetan ibiltzeko dira, eta horiek ez dute balaztarik. Eserlekuak ere badituzte. Beste kontu bat dira horiek. Batzuk biketrialeko bizikletak erosten dituzte eta gero hodiak jartzen dizkiete, baina ez dakit zertarako balio dien horrek, biketrialeko bizikletarekin pedalei eragitea askoz zailagoa baita".

Kirol honetan garrantzitsua da norbere buruan konfiantza izatea, une oro oztopoei aurre egin behar baitzaie oreka galdu gabe, eta konfiantza hori erakutsi du Caminosek bere ibilbidean. Berehala ikusi zuen trialsinean aritzeko abilezia zuela, eta aurrera egiteko gogo handia jarri du. Bizikletarekin ordu asko aritzen da, eta horrek sakrifizioak eskatzen dizkio.

Pixkana kirola zabaltzen

Aurrera begira, Espainiako Txapelketan "ahal den ondoen egitea" du asmoa. Gero, udan, Europako Txapelketako probaren batean parte hartu nahi du. Iaz seigarren egin zuen. Horrez gain, Munduko Txapelketako proba batean parte hartu nahiko luke Caminosek: "Ikasteko helburuarekin joango naiz Munduko Txapelketara".

Gipuzkoan eta Euskal Herrian afizioa badago. Guztira, hamar proba inguru egiten dira urtean. Tolosan Biketrial taldea sortu dute orain bi urte eta bertako kidea da Caminos. Harekin batera, taldean Igor Irazu eta Oier Lakunza daude. Unai Iraola da hiruren entrenatzailea, eta taldeko jardueretan gurasoek ere parte hartzen dute. "Gurasoen laguntza oso garrantzitsua da horrelako kirol batean aritzeko", azaldu du Caminosek.

Talde bat izateak kirola zabaltzeko aukera ematen du. "Entrenatzaileak ikastaro batzuk eman ditu, eta biketrialean interesa dutenak etorri dira". Bestalde, Caminosek egin izan du erakustaldiren bat edo beste.

Aurrera egin ahala, lehiaketaren eskakizuna ere areagotuz joango da, baina Caminosek gogotsu begiratzen dio etorkizunari.

Igartza: garai berrietara egokituz

Beasainek azken hamarkadetan izan duen hiri eraldaketaren adibide garrantzitsua da Igartza multzoa. Herriaren ondare kulturalaren erakusgarri izateaz gain, haren benetako izaeraren eta industriaren oinarria ere bada urteek ezabatzea lortu ez duten mu...

Goraka doa andrazko alkate eta zinegotzien kopurua Gipuzkoan

Gipuzkoak 88 udal eta beste horrenbeste alkate ditu gaur egun. Alkate lanetan, berriz, 63 gizonezko eta 25 emakumezko. Aldea nabarmena da; alkateen %31,2 dira andrazkoak. Eta, hala ere, datua positiboa da. Izan ere, azken hiru agintaldietan, goraka doa alkate eta zinegotzi emakumezkoen kopurua Gipuzkoan. Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak emandako datuek hala diote: 2003-2007ko agintaldian, 18 andrazko iritsi ziren alkatetzara Gipuzkoan; 2007-2011ko agintaldian, berriz, 22 izan ziren; eta, oraingoan, 25 ari dira eginkizun horretan. Zinegotzi kopuruak ere gora egin du azken urteetan: 2003-2007ko agintaldian, 227 ziren; aurreko agintaldian, 326; eta, oraingoan, 353.

Asko dago egiteko, hala ere. Eta ez da bakarrik kopuru horiei begira gelditu behar. "Zenbaki bat baino gehiago gara", esana du Eudeleko presidente Ibone Bengoetxeak. Arlo politikoan ere beharrezkoak dira berdintasunaren alde lan egiteko tresnak eta egitasmoak. Eta horretan ari dira hainbat mailatako instituzioak, eta baita politikariak berak ere.

Udalean bertan, eta udaletik eguneroko eginkizunetan, genero ikuspegia txertatzeko lanean ari dira Gipuzkoako hainbat herritan, hainbat alkate eta zinegotzi, andrazkoak nahiz gizonezkoak. Herri bakoitzaren ezaugarrien arabera, aldatu egiten dira beharrak, lan egiteko moduak eta helburuak. Nola bizi dute alkate zeregina emakume izanda, esaterako, Pasaian, Deban eta Beizaman?

AMAIA AGIRREGABIRIA

Pasaiako alkatea

Genero ikuspegiari dagokionez, eman beharreko pausoak argi dituzte Pasaian, eta ttipi-ttapa ari dira. Amaia Agirregabiria bera da Berdintasun Saileko arduradun politikoa (Donostia, 1975). "Berdintasuna zeharkako lerrotzat dugu; hau da, departamenduz departamendu egiten diren politiketan berdintasunaren ikuspegitik ere lan egiten saiatzen gara, eta, hori horrela izan dadin, hainbat egitasmo ari gara lantzen, elkarlana oinarri hartuta". Hala ere, Agirregabiriak aitortu du "maila teknikoan" oraindik badituztela "oso maskulinizatutako departamenduak" udalean bertan: zerbitzuak eta udaltzaingoa aipatu ditu. "Erronka polita dugu parekidetasunerako bidean".

Politikagintza, oro har, "gizonezkoen neurrira diseinatuta" dagoela uste du Pasaiako alkateak. Eta berak politika egiteko "beste modu batean" sinesten du: "Kargu politiko baten erantzunkizuna handia da; ordutegirik ez dago, baina horrek ez du inondik inora mugatu behar pertsona gisa aberasten gaituzten hainbat alor edo jardun. Kontrakoa agian; herriko egunerokotasuna ere ezagutu behar du arduradun politikoak, erraza baita bulego baten hormen barruan perspektiba galtzea", azaldu du.

Pasaiako Udaleko langileen errealitatea ere azpimarratu du: "Oraindik emakumezkoek erabiltzen dituzte bizitza pertsonala eta lana bateragarri egiteko baliabideak; udalean ere nabaria da zaintzak lotura zuzena duela emakumezkoekin. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu zaintzak duen gizarte balorazioan eragitea, hori baita elkarbizitzaren sostengua eta motorra".

Pasaiako Berdintasun Mahaiaren eskutik, Pasaiako Jabetze Eskola eratzen ari dira, eta eskualdean ere lanean ari dira: "Aurrerapauso garrantzitsuak ematen ari gara politika feministak egituratzeko orduan". Uste du eskualdeko alkateen "%75 emakumeak" izateak baduela horretan zerikusia. Hala ere, oharra: "Badakigu emakume izateak ez duela bermatzen egiten dugun politika feminista izatea. Horregatik, konpromiso hori benetan praktikara eramateko, abiarazia dugu eskualdeko berdintasun arloko ordezkari politiko zein teknikoak elkarlanean aritzeko gune bat: Eskualdeko Berdintasun Mahaia".

Agirregabiria ez da herriko lehen emakume agintaria; aurretik beste bi ere aritu izan dira, eta, alde horretatik, herritarrak ohitu egin direla uste du: "Hiru agintaldiren ondoren, arraroa ere ikusiko litzateke gizon batek alkatetza hartuko balu", dio umoretsu.

BEGOÑA GARMENDIA

Beizamako alkatea

Pasaiarekin zerikusi gutxi duen herria da Beizama. Mendialdean dago, eta 174 biztanleko nekazari herria da. Bertako alkateak eta zinegotziek betiko lanetan jarraitzen dute, eta hura amaitutakoan lan egiten dute herriaren alde. Begoña Garmendiarentzat (Kordoba, 1957), herria txikia izatea da arazo nagusia, oro har, baita berdintasunaren bidean lan egiteko ere. Esaterako, orain arte ezin izan dute parte hartu Saiaz mankomunitateak martxan jarritako Berdintasun Planean, "baliabide faltagatik". Aurten, horretarako aukera izango dute.

Ez da erraza Beizamaren moduko herri batean alkate lana egitea, are gutxiago emakumeentzat: "Herri txikia izan arren, bilera asko izaten ditugu, eta egiten dugun guztia gure lanetik aparte egiten dugu. Nik 55 urte ditut, eta alabak haziak, eta horrek asko errazten dit dena uztartzea. Baina, bestela, asko dago egiteko". Garmendiak argi du baliabideak jarri behar direla arlo pertsonala eta politikoa "bateragarri" egiteko: "Emakumeentzat, bateragarria egin behar da amatasuna, edo familia, edo bikote bizitza eta lan edo eginkizun publikoa. Asko falta da bai indibidual gisa, hau da, etxean, eta bai kolektibo gisa ere, zerbitzuak eta baliabideak sortzeko bidean partaidetza hori erreala izan dadin".

Nolanahi, aurrerapausoak ere ikusten ditu Garmendiak: "Gauza bat da emakumeok politikan aritzea, eta beste gauza bat da genero ikuspuntu hori eguneroko jarduera politikoan txertatzea. Arlo horretan, dezente falta da gure balioak eta gure moduak txertatzeko; baina, era berean, uste dut bide bat irekita dagoela, eta iruditzen zait hortik jarraitu behar dugula".

MAIDER ZUBIKARAI

Debako alkatea

"Udala gizartearen isla dela uste dut". Maider Zubikarai Debako alkatearen (Deba, 1976) hitzak dira, udal barrutik genero ikuspegia nola ikusten duen galdetuta. Udal langileei dagokienez, erdiak inguru emakumezkoak direla azaldu du, baina lan jarduera motak sexuaren arabera bereizita daudela. Horregatik konparatu du udala gizartearekin: "Emakumeak idazkaritzan, gizarte zerbitzuetan eta halako alorretan ari dira lanean. Hirigintza eta halakoetan, berriz, gizonezkoak daude. Gizartearen isla da hori: zaintza eta halakoak emakumeentzat, eta udalaren zutabeetan, gizonak". Horretan eragitea da asmoa: "Politika feministan urratsak egitea nahi dugu, eta, lanpostuetarako hizkuntza irizpideak dauden moduan, genero irizpideak ere txertatu nahi ditugu. Berdintasun Planeko irizpideetako bat da udalak genero berdintasunaren bidean urratsak egitea, eta horretan ari gara".

Debako lehen andrazko alkatea da Zubikarai, eta bere buruari erronka gogorra jarri dio: "Zinegotzi moduan aurkeztu nintzen, eta alkate izatea tokatu zait. Lehen alkate emakumezkoa naiz Deban, eta harro nago, baina ardura ere bada; genero ikuspegia ondo lantzeak arduratzen nau".