Sailkatugabeak

Gipuzkoako esperientzia

Zumaia eta Mutriku arteko geoparkerako bisita, oinez edo itsasontziz; gero, han inguruko jatetxe batean bazkaldu itsasoko produktu freskoekin, eta lo egitera Donostiara. Hurrengo egunean, Astigarragako sagardotegi batera edo Getariako txakolindegi eko...

Mutrikutik Hendaiara lasterka

Bihar Bizkaitik sartuko da Korrika 18 Gipuzkoara lasterketaren azken kilometroak egitera; Mutrikutik sartuko da herrialdera, 09:05ean. Festa giroan egingo diote harrera. Debara egingo du ondoren, eta Zestoara, eta itsasertzetik jarraituko du bidea. 12...

Gipuzkoako ohe kopurua.

Mota guztietako ostatuak daude Gipuzkoan. Hotelez gain, apartamentuak, kanpinak eta aterpetxeak ere badaude. Duela gutxi ireki zuten aterpetxe bat Donostian. Bi kanpin irekitzeko proiektuak ere badaude: Zumaian eta Donostian.

Arraina gordetzeko 30.000 tupper eskuragai

DONOSTIA. Arraina gordetzeko 30.000 tupper berrerabilgarri banatu dituzte Donostiako Udalak eta Kutxa Ekoguneak. Arrandegietan paper eta plastikoen erabilera murriztu nahi dute era horretan. Joko garbia izeneko kanpainaren barruan abiatu du Donostiako...

“Amsterdamek aukera ematen dit musika oso maila onean egiteko”

Orain 11 urte atera zen Jon Etxabe Arzuaga (Tolosa, 1978) herritik, koru abeslari gisa bere bidea egiteko. Amsterdamera joan zen, eta bertan jarraitzen du. "Tolosatik atera nintzenean ez nuen pentsatzen luzerako etorkizun batean; helburu zehatz bat nuen, hau da, Amsterdameko kontserbatorioan onartu nindutenez, bertan ikasketak betetzea; lau urteren ondoren, buru-belarri ekin nion abeslari lanbideari", azaldu du Etxabe Arzuagak. Euskal Herrian abeslari gisa bizitzea "ezinezkoa" dela dio: "Nik dakidala, abesbatza profesional bakar bat ere ez dago. Herbehereetan, berriz, ez da erraza, baina aukera askoz gehiago daude; urteetan gobernu eta erakundeek arreta eta dirua jarri dute musika arloan, hezkuntzatik hasita, noski. Nire kasuan, hemen egoteak musika oso maila onean egiteko aukera ematen dit".

Abesbatza abeslari gipuzkoar batek afizioa ofizio bilakatu nahi badu etxetik urrun egoteko prest egon behar duela dio Etxabe Arzuagak: "Atzerrian ere ikasketak egin, audizioak egin, jendea ezagutu, hizkuntza berriren bat ikasi, egonkortasun ekonomikoa alde batera utzi...".

Batez ere, bi taldetan lan egiten du Etxabe Arzuagak: "Cappella Amsterdam ganbera abesbatza bat da, partaide kopuruan malgua; zenbaitetan, zortzi abeslari izan gaitezke, eta hainbatetan, 32. Hainbat orkestrarekin lan egiten dugu, eta, noski, bakarrik ere bai". Errepertorioa oso zabala dute; antzinako musikatik hasi eta musika garaikideraino: berpizkunde garaiko polifonia, barrokoa, erromantikoa, klasikoa... Zenbait lan berri ere estreinatu izan dituzte. "Horrez gain, laukote batekin ere lan egiten dut, Egidius Kwartet taldearekin. Lau gizonek osaturiko taldea da, eta XVI. mendeko polifonia lantzen dugu bereziki, gehienbat musikagile flandriarrena". Azkenaldian beste hainbat talderekin ere abestu du, eta bakarlari gisa ere lan egiten du.

"Etxean itañol moduko bat hitz egiten dugu, hau da, italiera eta gazteleraren arteko nahasketa bat", dio Etxabe Arzuagak. "Kalean, berriz, nederlandera nagusiki". Amsterdamera iritsi zenean ingelesez moldatzen zen, bai kontserbatorioan eta bai kalean. "Baina garrantzitsua eta ona da bat dagoen lekuko jatorrizko hizkuntza ikasten saiatzea; belarriak ireki, akatsak egiteko beldurrik ez izan eta aurrera...".

Amsterdam, askotarikoa

Ordutegi aldetik oso irregularra da kantariaren egunerokotasuna: "Askotan asteburuetan lana egiten dut, eta asteko edozein egunetan libre izaten dut. Gerta daiteke bi astez ia lanik ez edukitzea eta ondoren 40 egunez atsedenik ez izatea". Lana dela eta, asko bidaiatzen du. Euskal Herrira ere etorri da abestera: "Oso atsegina da familia, betiko lagun eta ezagunen aurrean abestea, normalean beste herrialdeetan egiten dudana etxean ere egitea". Aisiagatik bidaiatzea ere gustatzen zaio: "Eguzki bila izaten da, hemen gutxi ikusten dugu eta".

Amsterdamen bizimodua atsegina dela dio. "Ez da oso hiri handia; beraz, dena eskura dago; mugitzeko modu arruntena eta errazena bizikleta da: ez du kutsatzen, zaratarik gabekoa da, aparkatzeko arazorik ez du, eta gainera osasungarria da". Aisialdiari dagokionez, hiriak eskaintza zabala duela dio.

Hiritarren aniztasuna nabarmendu du: "800.000 biztanle ditu, eta erdiak atzerritarrak dira; guztira 177 nazionalitate biltzen dira, eta horrek badu bere eragina. Beraz, gizartearen zati nagusi bat bada irekia, pertsona oso ezberdinekin elkarbizitzea egunerokoaren parte baita. Hori bai, Amsterdam berezia da, eta ezin da esan Herbehereetan dena horrela denik".

Herbeheretarrek, euskaldunekin alderatuz, besteek esango diotenari ez diote garrantzi handirik ematen, Etxabe Arzuagaren esanetan. "Nahiko indibidualistak" direla gaineratu du. Bestalde, "oso pragmatikoak" direla dio: "Gauzek funtzio bat dute, eta modu berean elikadurak, janzkerak, harremanak…".

Familiarekin eta lagunekin oraindik harreman estua duela dio: "Tolosara maiz joaten naiz, Eguberriak, inauteriak, sanjoanak direla, eta urtean zehar ere bai. Inauterietan beti joaten naiz; 11 urte hauetan behin bakarrik galdu ditut, eta saiatzen naiz berriro gerta ez dadin. Festa zoragarriak dira, paregabeak. Inauteriek ahalmen terapeutiko handia dute".

"Pertsonak, familia, lagunak eta horren gurea den zerbait: ezagunak". Horien falta sumatzen du abeslariak. "Kaleko giroa, pintxo batzuk jatea, arrandegi eta harategi onak, Uzturrera igotzea, eta nahiz eta batek baino gehiagok barre egin, eguraldiaren falta ere sumatzen dut". Gustatzen zaiona egiteko aukera ematen dion lekuan ikusten du etorkizuna. "Oraingoz, abestu egin nahi dut, eta, horretarako, Amsterdam oso leku egokia da. Tolosara orain arte bezain maiz joateko aukera izanda kontent nago. Egia da geroz eta etxekoagoa sentitzen naizela hemen eta Tolosan geroz eta kanpotarragoa".

Zer, nora eta noiz, sakelakoan begiratuta

Birziklapen datuak gora egitea da hondakinen bilketan helburu nagusia, hondakinak biltzeko sistema edozein dela ere. Hala, Bilketa taldeko kideek sakelakorako Gaika aplikazioa sortu dute, hondakin mota bakoitza zein edukiontzitara bota jakiteko eta birziklapena sustatzeko. Martxoaren 5etik dago eskuragarri aplikazioa Android sistema duten sakelakoetaako, eta, atez ateko eredua zein bost edukiontzien bidezko bilketa kontuan hartuta, hondakin bakoitza nola sailkatu zehazten du. Ios sistemarako ere garatzen ari dira aplikazioa, baina oraindik ezin da eskuratu.

Aplikazioa deskargatu eta herria aukeratzea da lehen pausoa. Oraingoz, Astigarraga, Hernani, Oiartzun, eta Usurbil daude aukeran, eta aste honetan bertan Legorreta, Itsasondo, Zaldibia eta Antzuola gehituko dituzte zerrendara. Apirilean Lezo sartuko dute, eta poliki-poliki joango dira osatuz Gipuzkoako herrien zerrenda —Ormaiztegi, Legazpi, Segura... sartuko dituzte, adibidez, datozen hilabeteetan—. Luze gabe, Nafarroako Bortzirietako herriak sartuko dituzte, eta, etorkizunean, Euskal Herri osoko herriak sartzea da helburua.

Hizkuntza ere aukeratu daiteke; Bea Lasagabaster Bilketa taldeko kideak azaldu duenez: "Euskaraz, gaztelaniaz eta katalanez dago erabilgarri aplikazioa, eta frantsesezko bertsioa ere bidean da". Frantsesezkoa sortzen ari dira, baina ez dute zehaztu noiz egongo den erabilgarri.

Herria aukeratuta, herri horretan dagoen hondakin bilketa zehaztuta agertzen da —atez atekoa edo edukiontzi bidezkoa—, eta, atez ateko bilketaren kasuan, hondakin mota bakoitza zein egunetan eta zein ordutan jasoko duten zehazten da egutegi baten bidez. Gainerakoan, dozenaka produktuz osatutako zerrenda egin dute, "etxeetara banatu dituzten liburuxketatik eta jada atez ateko bilketa martxan den herrietan jasotako informazioarekin". Gai bakoitza zein ontzitara bota jakiteko, nahikoa da izenaren gainean klikatzea.

Gauzak "errazteko"

Hondakinak biltzeko moduak herri bakoitzera egokitzen ari direla ikusita elkartu ziren Bea Lasagabaster, Josu Igoa eta Mikel Harreguy. "Jendeak ez du oso argi hondakin bakoitza zein edukiontzitara bota behar den, eta zalantza horiek argitzeko asmoarekin hasi ginen aplikazio lantzen", zehaztu du Lasagabasterrek. Denbora librea horretan eman dute azken hilabeteetan Bilketako hiru kideek.

Hiru aste dira aplikazioa erabilgarri dagoela, eta hainbat akats identifikatu dituzte denbora honetan. Hala, aplikazioa erabiltzen dutenek ere lagundu dezakete aplikazioa osatzen. Falta diren gaiak proposatzeko eta dauden akatsak jakinarazteko gaikabilketa@gmail.com helbidera idatzi behar da.

Sofbola, oraindik ezezaguna

Sofbola amerikarrengandik jasotako kirola da. Ia hogei urte badira Euskal Herrian txertatu zenetik, baina gaur egun oraindik gutxiengo baten kirola eta ia ezezaguna dela esan daiteke. Beisbolaren antz handia du sofbolak, eta berez nesken nahiz mutilen kirola bada ere, emakumeek jokatzen dute gehienbat. Izan ere, olinpiar jokoetan beisbol partidak antolatzen dira mutilentzat eta sofbol partidak neskentzat. Orel Morales Donostiako Atletikoko sofbol taldeko entrenatzailea kritikoa da horrekin. "Bereizketa horrek asko mugatu du sofbola, eta oro har neskek jolasten badute ere, hemen Donostian bada Mariñelak, mutilen sofbol taldea". Dena dela, mutilen talde hori afizioz aritzen da, ofizialki nesken taldea bakarrik lehiatzen baita.

Sofbol taldeek jasotzen duten laguntza guztia gutxi da aurrera egiteko. Hala ere, emakumezkoen bi talde ari dira Gipuzkoan, sofboleko Espainiako Ohorezko Mailan: Orioko Bate Bizkorrak eta Donostiako Atletiko. Orel Moralesek oihartzun txikia dutela dio. "Ez gara hedabideetan ateratzen; beraz, ia ikusezinak gara. Baina gure jokoa egiten dugu, eta punta-puntan ibiltzen gara. Estatu mailako sailkapenetan, maila guztietan lehen lauren artean beti izaten da euskal talderen bat".

Joan den asteburuan hasi zen Ohorezko Mailako Sofbol Liga, eta igande honetan bi talde gipuzkoarrak lehiatuko dira elkarren aurka. Orion izango da jardunaldia, Mendibeltz zelaian, 11:00etan lehen partida, eta 13:00etan bigarrena. Horixe da, agian, sofbolaren beste berezitasun bat: bi partida jokatzen dituzte jarraian.

Kirol tropikala

Klima epeletako herrialdeetakoa eta udako kirola da sofbola, baina ederki egokitu da Gipuzkoan ere. Morales sortzez kubatarra da. Han kirol nazionala da sofbola, eta ederki ezagutzen du. "Duela hiru urte arte ez genuen sofbolean aritzeko pista egokirik; futbol zelaietan jokatzen genuen. Orain, Loiolako Erriberako zelaian jokatzen dugu, eta gero eta jende gehiago etortzen da".

Kanpoaldean egiteko kirola da sofbola, eta sarritan entrenamenduak areto estalietan egiten badituzte ere, oso kirol dinamikoa eta atsegina da ikusteko. Patxi Arnal Orioko Bate Bizkorrak taldeko entrenatzailea bat dator: euria ez dute lagun. "Eguraldi txarrarekin partidak bertan behera geratzen dira, zehaztasun handiko kirola delako, eta pilota bustitzen bada, ezin da ondo jokatu". Beisbolaren antz handia du sofbolak, baina baditu bere berezitasunak ere. Sofboleko zelaiak txikiagoak dira, adibidez, eta pilota, berriz, handiagoa da. Beisbolean goitik behera jaurtitzen dute pilota, eta sofbolean, berriz, behetik egiten dira jaurtiketak. "Sofbolean besoaren mugimendua behetik egiten dena, askoz ere naturalagoa da, eta gorputzarentzat ez da hain mugimendu bortitza", azaldu du Arnalek.

Oso kirol azkarra eta dinamikoa da, jaurtitzaileak hogei segundo besterik ez baitu izaten pilota botatzeko. Gainera, baseen arteko distantzia beisbolean baina txikiagoa da, eta horrek ere asko azkartzen du jokoa.

Kirol erakargarria bada ere, oso zaila iruditzen zaie beste kirolekin lehiatzea. Morales: "Saiatzen gara ikastetxeetan edo aisialdiko jardueretan sofbolaren berri ematen, azken finean, talde horietan bilatu behar baititugu etorkizuneko jokalariak, baina oso zaila izaten da neskatoak erakartzea".

Ia hogei urte daramatza Orioko Bate Bizkorrak taldeak sofbolean jokatzen, eta hamarretik gora Donostiako Atletikok. Sarritan, zailtasunak izan ohi dituzte maila guztietan taldea osatzeko. Orioko taldeak, adibidez, aurten ez du gazteen talderik osatu, diru kontuak direla eta. Donostiako Atletiko, berriz, trantsizio betean dago. Ohorezko Mailan aritzeko jokalari helduak dituen arren, hainbat jokalari gazte ere sartu dituzte taldean. Hala, adin ezberdinetako jokalariak nahastuz, hiru bat urtean seniorren maila indartzea da haien helburua.

Sofboleko bi talde gipuzkoarrek erronka ezberdinak dituzte aurtengo denboraldirako. Orioko taldea Espainiako Ohorezko Mailako Liga eskuratzen edo gutxienez bigarren postuan geratzen saiatuko da. Gainera, Europako Kopa jokatuko dute abuztuan, Bulgarian, eta han ere emaitza onak lortzea espero dute. Donostiako Atletikok, berriz, Ligako finala jokatu nahiko luke kadete mailan, lau lehenengoen artean sailkatzea gazteen taldea, eta seniorretan, berriz, azkenak ez geratzen saiatuko dira, hartara Erreginaren Kopan lehiatzeko aukera izateko.

Etorkizunera begira

Erronka ezberdinak baina aldarrikapen eta kezka bertsuak dituzte Gipuzkoako bi sofbol taldeetako entrenatzaileek. Arnalek argi du: "Kirolgiren, udalaren eta federazioen laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke aurrera egitea". Kirolzaletasuna dago sofbolaren iraupenaren oinarrian. "Norbere lanbide edo ikasketez gain, sofbolari ordu asko eskaintzen zaizkio; pozik eta borondatez egiten da gainera, inork ez baitu ezer kobratzen", azaldu du Arnalek. Bestetik, kirol amerikarra izaki, euskal kirolen artean oraindik tradizio handirik ez duela onartzen du Moralesek. "Euskadiko selekzioaren izenean beisbol eta sofbol talde bat osatzeko aukera izan zen duela urte batzuk, baina erakundeek ez zuten babesik eman, eta halaxe geratu zen".

Baliabide askorik gabe aurrera egiten ohituta daude sofboleko bi talde gipuzkoarretako partaideak, eta aurrerantzean ere gogotsu jarraituko dutela adierazi dute, beste edozein kiroletan bezala, jokalarien poza delako ahalegin eta oztopo guztien truke jaso ohi den saririk onena.

“Harrera ama izateak begiak zabaldu dizkidala esango nuke”

Zuondoan elkartearen sortzaileetako bat da Itziar Elias (Azkoitia, 1980), eta harrera ama duela bi urtetik. Harrera familien gaiari argia eman nahian, Gu ere harrera familia gara dokumentala eta Maddi eta Antton antzezlana aurkeztu berri ditu elkarteak. Asmo argi bat dago ekoizpen horien atzean: "Harrera prozesuak eta familiak naturaltasunez erakustea".

Gu ere harrera familia gara dokumentala aurkeztu berri duzue Zuondoan elkarteko kideek. Zein da helburua?

Joan den urtean sortu genuen Zuondoan elkartea, eta bertan ari garen lau lagunek komunikazioan dihardugu, arlo ezberdinetan. Orain arte ikusi dugu aldundiak prentsarekin egiten duela lan batez ere, eta estatistikak ematen dituela normalean. Dokumentalaren bidez harrera familien gaineko informazioa eman nahi dugu, eta, horretarako, harrera familietako amak, anai-arrebak, amonak, izebak azaltzen dira ekoizpen horretan. Bakoitzak bere esperientzia kontatzen du, nola bizi duen eta zer ekarri dion pertsonalki harrera familia izateak; hori erakustea da helburua.

Harrera familiak naturaltasunez azaldu nahi dituzuela nabarmendu duzue...

Bai, hala da. Adopzioa zer den denok dakigu, eta denok oso natural ikusten dugu. Harrerak, ordea, gutxi izan dira, eta horietatik asko ezkutuan egindakoak. Hori da aldatu nahi duguna; harrerak naturaltasunez ikustea nahi dugu, eta arlo horretan laguntza handia behar dela ulertzea. Harrera familiak ohiko familiak garela erakutsi nahi dugu, hainbat lanbidetakoak. Gure bizitzaren une jakin batean honetan laguntzeko hautua egin izanak batzen gaitu. Askotan kanpotik izugarrizko esfortzua egingo bagenu bezala ikusten gaituzte, eta batek baino gehiagok esan digu bihotz handia dugula... Ez gara aparteko ezer, ordea, ez gara heroiak, haur hauei txoko bat egin eta maitasuna ematea daukagula erabaki dugu, besterik gabe.

Zuondoan orain urtebete sortu zela esan duzu. Zerk eraman zaituzte elkartea sortzera?

Harrera familien gainean dagoen informazio faltari erantzuteko erabaki genuen Zuondoan elkartea eratzea. Harrera ama naiz, eta informazio falta zuzenean bizitzen ari nintzen. Harrera gurasoen bilkura batean ginela, aldundiko arduradunari informazio falta hori saihesteko zer egin genezakeen galdetu nion. Hori amaitzea gurasoen esku zegoela erantzun zidan, guk ezagutzen dugulako inork baino hobeto gaia. Bueltak ematen hasi, eta lau lagun elkartuta elkartea sortzea erabaki genuen. Orain, berriz, dokumentala eta Maddi eta Antton haurrentzako antzezlana aurkeztu berri ditugu.

Maddiren rola egiten duzu antzezlan horretan. Apirilaren 17an aurkeztuko duzue. Zertan datza?

Harrera ume baten rola egiten dut nik antzezlanean, eta Iñigo Aranbarri Antton da, harrera familia bateko anaia. Bien arteko elkarrizketa eta jolasen bidez harrera familia zer den kontatzen diegu haurrei. Haur Hezkuntzako 3. mailatik hasi eta Lehen Hezkuntzako 2. mailara arteko haurrentzat da lana. Asmoa herriz herri zabaltzea da, eta haurrek behin ikusita gaia etxera eramatea, interesa duten helduei dokumentala erakusteko ondoren.

Harrera familia izateko egin behar den bidea zaila al da?

Adopzio prozesuetan egin beharreko tramite berak egin behar izaten dira harrera familia izateko. Lauka elkartera jo behar da lehenik. Familia hauekin lotura egiten duen elkartea da, eta heziketa ikastaroa ematen dute lehenik. Test psikologikoak egin behar dira ondoren, eta etxea ikustera ere etortzen dira, lekua fisikoki ezagutu eta familia baduzu hori ere ezagutzeko. Izena emateko ordena ez da errespetatzen; adopzioan ez bezala, haur jakin batentzat egokia zarela ikusten badute zuzenean ematen dizute, nahiz eta zerrendan azkena izan. Harrera familiatan denek dute lekua gainera, berdin du heterosexuala, homosexuala edo banakakoa zaren, baita adina ere.

Bi urte beteko dituzu harrera ama moduan. Zer ekarri dizu?

Aldaketa handia ekarri dit; harrera ama izateak begiak zabaldu dizkidala esango nuke. Egunerokoa eta ingurukoa baloratzen ikasi dut, eta ohartu naiz izan dudan zorteaz, familia bat dudalako, goizero "egun on" eta gauero "gabon" esaten dizun ama duzulako, uneoro eta baldintzarik gabe ondoan izango duzuna. Guk dugun hori beraiei oso garesti atera zaie. Errurik izan gabe jaiotzetik gizartetik eratorritako zama izugarria jaso dute, eta gehienak ez gara horretaz kontziente. Kanpora begira jartzen gara askotan kalean bizi diren haurrak daudelako. Euskal Herrian kaleko umerik ez daukagu, aldundiak lan bikaina egiten duelako, haurrak jasotzen dituelako, zentro onetara eramaten dituelako eta hezitzaile onekin daudelako... Hain ongi jasota daude, haur horien errealitatea ez da ikusten, baina hor dira.

Krisiarekin areagotu egin al dira harrera familia baten babesa behar duten neska-mutilak?

Gizarte honetan denak du, azken batean, eragina. Une honetan emandako azken datuen arabera, 254 haur daude zentroetan harrera familia bila. Laguntza behar da, eta familiak behar dira. Haurren harrera zentroetan sartu-irten bat denok egin beharko genukeela esaten dut nik, haur horiei aurpegira begiratu, eta gero erabaki.

Hondakinak atez ate biltzen hasi dira Goierriko hiru udalerritan

Legorreta, Itsasondo eta Zaldibia izan dira Goierri eskualdean hondakinak atez ate biltzen hasi diren lehen hiru herriak. Atzo kendu zituzten azken edukiontziak, eta atzo bertan hasi ziren atez ateko bilketa sistemarekin. Zaldibian aldaketa egiteko unean bertan izan ziren Joxan Etxabe alkatea, Azeari Andonegi Sasieta Mankomunitateko lehendakaria eta Iñaki Errazkin Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatua. Bi astetan banatu dituzte hiru herrietan edukiontzi indibidualak, eta kuboak uzteko tokiak nahiz landa eremuko bilketa guneak ere prestatu dituzte.

Zaldibian eta Legorretan, asteko egutegi baten arabera eta edukiontzi indibidualetan jasoko dute zaborra orain; eta Itsasondon, aurretik zegoen sistema mistoarekin jarraituko dute, baina, kubo indibidualetan jasotzen zuten errefusaz gain, atzotik gai organikoa, papera eta ontziak ere modu indibidualean jasoko dituzte, egutegian zehaztuakoaren arabera.

Sasieta Mankomunitatetik emandako datuen arabera, batez beste hiru herrietako familien %90ek jaso dituzte hondakinak sailkatzeko edukiontzi indibidualak. Zaldibia izan da orain arte ontzi gehien banatu duen herria —%90 inguru—, Legorretan ontzien %87 banatu dituzte eta Itsasondon ontzien %83. Enrike Enparantza Sasietako teknikariak azaldu duenez, ohiko datuak dira horiek, "jaso ez dituztenak asteburuetan etortzen diren familiak edo etxe hutsak direlako. Kontuan hartu behar da errolda erreala eta teorikoa ez direla gauza bera, eta beraz, normala da banaketa %100era ez iristea".

Banaketa, gainera, "arazorik gabe" egin dute, nahiz ea "desobedientzia zibilerako" deia egina zuten atez ateko bilketaren aurkako taldeek. "Askok sinatu dute hondakinak biltzeko sistema berriaren aurka, baina halabeharrez hartu behar izan dituzte edukiontziak hiru herrietan, eta ez da arazorik izan".

Hiru herrietan 39 bilera egin dituzte herritarrak informatzeko. Baina edukiontziak jasotzeko ordua iritsi denean izan dira galderak. "Oraindik ere bakarren bat edukiontziak zertarako ziren jakin gabe etorri da kuboak jasotzera", esan du Enparantzak.

Kexa gehien Itsasondon entzun dute Sasietako teknikariek; izan ere, herritar askoren ustez, orain arteko bilketa sistema mistoa emaitza onak ematean ari zen, eta ez dituzte ondo hartu berriro aldaketa egiteko arrazoiak.

Hiru herrietan edukiontziak, poltsa konpostagarriak eta hondakinak ondo bereizteko gida banatu ditu Sasietak. Baserri eta landa eremuko bizilagunentzat, berriz, bilketa gune komunitarioa erabiltzeko txartel elektronikoak banatu ditu. Prozesuaren hasiera "arrakastatsua" izan dela azaldu dute mankomunitateko arduradunek. "Herritarren parte hartzea eta erakutsi duten ardura benetan txalotzekoa izan da", zehaztu du Azeari Andonegik.

Apirilaren 2an, Astigarragan

Goierrin atez ateko bilketa sistema jartzen lehenak izan dira Zaldibia, Legorreta eta Itsasondo, baina eredu izan dituzte Usurbil, Oiartzun, Antzuola eta Hernani. Eta atez ateko bilketa ezarriko duten Gipuzkoako herrien zerrenda ere osatzen doa poliki-poliki. Astigarragan apirilaren 2an ezarriko dute, eta ondoren etorriko dira, besteak beste, Legazpi eta Segura Goierrin —uda aurretik— eta Tolosaldeko hainbat herri. Goierriko hiru herrietan bezala, Astigarragan ere ahalik eta birziklatze tasa handienak lortzeko xedearekin erabaki dute atez ateko bilketa sistema ezartzea.

Askorentzat, baina, bosgarren edukiontziaren aldeko apustuak "eztabaidaezina" izaten jarraitzen du, eta balkoietan zintzilikatutako zabor poltsekin erakutsi dute atez ateko bilketa ez dutela gustuko; eta Legazpin herri galdeketa ere egingo dute datozen asteetan. Maiatza ingururako ezarri nahi dute atez ateko sistema Legazpin. Gipuzkoa mailan atez ateko sistemaren aurka egin den manifestaziorik handiena han egin da orain arte, eta Sasietako arduradunek ere susmoa dute arazoak izan daitezkeen, behin parte hartze prozesua amaitu eta erabakia hartzen duten bitartean.