Sailkatugabeak

Martxoaren 8aren biharamuna

Martxoaren 8a pasa da, egun batez handik eta hona, askoren ahotan emakumeon eskubideak aldarrikatzen entzun ditugu: asko aurreratu dela, baina oraindik egiteko asko geratzen dela… Berdin gehiago dela… Baina, bestalde, aurrekontu publikoak murrizten ari dira berdintasuneko politika publikoetan (Emakundek aurrekontuaren %20 gutxiago. Hori bai politika publikoak indartzea... Posible ote?). Eskerrak Mugimendu Feministak mezu ideologikoa eta politikoa bere horretan kokatu duen!!

Izan gaitezen serioak: egungo sistema hetereopatriarkala emakumeon zapalkuntzan oinarritzen da, besteak beste, eta horren barnean ez dago emakumeon eskubideak gauzatzerik. Formalki eskubideen aitortza emango da, bai! Baina sistema eraldatzen ez den bitartean, jai dugu emakumeok! Eta zeri orduan bueltaka? Zergatik administrazio publiko gehienetatik ez da jartzen kolokan egungo sistema zapaltzailea? Zergatik ez feminismotik abiatu eta beste politika mota batzuen alde egin? Euskal Herri txiki honetan "akordio nazionalen" beharra askotan entzun dugu, berriki mikroakordioak terminoa ere ezagutu dugu. Noizko berdintasun politika publikoen ardura duten alderdien artean eta mugimendu feministaren arteko mikro (edo zergatik ez makro) adostasunak?

Ez dago denbora galtzerik, ez dugu 2014ko martxoaren 8ra itxaron beharrik, aldatu agenda politikoak eta has daitezen (gaitezen)! Dietarik gabeko bilerak behar ditugu, aurrekontu publikoak emakumeon eskubideen alde jarri behar ditugu, murrizketarik gabeko kalitatezko zerbitzu publikoak behar ditugu, indarrean dauden botere harremanei buelta eman behar diegu, bizitzaren prebarikazioa gelditu behar da, eta bizitzaren kalitatea ardatz duen eredu sozioekonomikoa behar dugu… Pertsonak bizitzeko Euskal Herri Berria sortu behar dugu.

DFERIA, ARTE ESZENIKOEN TOPAKETA

Hilaren 17an hasi eta 23a bitartean, Dferia azoka egingo da Donostian. Hainbat antzezlan eta dantza ikuskizunen erakusleiho izaten da, batez ere antzezlanak programatzen diharduten profesionalentzat. Jaialdia hasteko, igande honetan, Antzoki Zaharrean, Hika antzerki taldeak Hitzak taularatuko du, bikote harremanetan sarri izaten diren hitz ozpinduei buruzko obra bat —irudian, entsegu bat—. 19:30ean izango da. Programazio osoa ikusteko: www.dferia.com.

Elkarte gastronomikoak, Gipuzkoan.

758 elkarte gastronomiko daude Gipuzkoan; horietatik, 119 Donostian. Gaur egun oraindik irekita dagoen elkarterik zaharrena Donostiako Union Artesana da; 1870ean sortu zen. La Fraternal elkartea itxi ondoren sortu zuten.

Parekidetasuna eltze artean

Tolosako Aurrera gastronomia elkartean sartzea nahi zuen Itsaso Basterretxeak (Tolosa, 1988). Nerea Bordagaraik (Usurbil, 1988), berriz, Usurbilgo Mahaspildegin. Duela gutxi arte emakumeei itxita egon diren elkarte gastronomiko horietan haientzat leku...

Riechmannekin eskolan

Lantegia

Errenteria

Pentsamendu ekologikoren lantegia. Izen hori jarri diote igandean, Errenterian, Mikelazulo elkartean egingo duten egun osoko ekinaldiari. "Mikelazuloko unibertsitatearen" jardunaren emaitza izango dela azaldu dute, eta gonbidatu berezi Jorge Riechmann idazle eta soziologoa izango dute. Ekologiari buruzko gogoeta ezinbestekoa dela oroitarazi dute antolatzaileek. "Krisi ekologikoak erronka definitibo baten aurrean jartzen gaitu", esplikatu dute. "Klima iraulketak, biodibertsitate ekologiko eta kulturalaren hondamenak, hiritartze prozesu erraldoiak, energiaren krisiak, bizimoduaren pozoitzeak... Horrek guztiak gizadi osoarentzat sufrimendu itzela sortzean gain, gizadiaren etorkizuna kolokan jartzen du. Horregatik egitasmo iraultzaileenak proban jartzen ditu. Egitasmo emantzipatzailea zuzendu, aberastu eta bizkortu beharra dago".

Egoera horrek arduratuta antolatu dute lantegia. "Ezagutza lantzea da helburu, ezagutza bizigarria, osasuntsua. Hau da, geure eta bakoitzaren esperientzia argitzen laguntzen duen eta esperientzia berrituetara bultzarazten gaituen lantegia nahi dugu" Hartara, lantegia espazio "ireki eta askea" izatea nahi dute. "Lantegian elkar loturik joango dira gogoeta teorikoak eta esperientzia praktikoak. Batak bestea elikatzen baitu eta bion batasunak osatzen du pentsamendu aske eta bizia. Lan-metodologian uztarketa hori zainduko da", azaldu dute.

Gonbidatu berezi gisara Jorge Riechmann hautatu dute. Mugimendu praktikoan eta lanketa teorikoan saiatzen del azaldu dute, eta aparteko ekarpena egin dezakeela gogoetan behar bezala aritzeko. Lantegia 09:30ean hasi eta iluntzera arte luzatuko da, eta hainbat gai jorratuko dituzte parte hartzaileek. Tartean bazkari begetarianoa izango dute, eta bazkaritarako orduan, "poema kosmikoen" irakurraldia ere izango da. Lantegian parte hartzeko Mikelazulon eman behar da izena.

Saioan, hainbat liburu jarriko dira parte hartzaileen esku eta Jorge Riechmannen azken bi liburuak (Al socialismo sólo se llega en bicicleta eta ¿Cómo vivir? Acerca de la vida buena) salgai egongo dira. Argibide gehiagorako: www.mikelazulo.com.

“Barruko nahi, beldur, behar eta amets berdinak ditugu denok”

Urte asko daramatza Patxi Alberdik (Ibarra, 1949) Danimarkan, Mette emaztearekin ezkonduta eta psikiatra gisa lanean. Hala ere, ez du euskara galdu eta ez du eten Euskal Herriarekiko harremana. Tolosatik sartuta, Ibarrako lehen etxean jaioa da Alberdi —Benta Zabal izenekoan—; Eskolapioetan ikasi zuen, eta 10 urterekin seminariora joan zen; aurrera Lizarrara (Nafarroa) eta gero, 14 urterekin, Orendainera, garai hartako beste haur askoren gisan, "jaungoikoaren deia barrenean sentituta". "Garai hartan ez zen txorakeria, egia garbia baizik. Jaungoikoa gaur baino askoz hurbilago ibiltzen zen, baina pixkanaka urrundu egin zen, eta 16 urterekin, beste lagun askok bezala, haren deiei entzungor egin nien; etxera itzuli, eta Eskolapioetan bukatu nuen batxilergoa". Gogoan du Euskal Herrian orduan zebilen "modernitate haizea".

Batxilergoa bukatuta, Tolosako lagun batzuekin Bordele aldera joan zen frantsesa ikastera. "Etxetik lehen aldiz urrun eta 1968ko maiatza gertu, kanpoan eta, batez ere, gure barrenean iraultza osoa ibili zen". Han neska daniar batekin maitemindu zen —Mette zen—, baina etxera itzuli, eta Iruñera joan zen mediku ikasketak egitera. Ikasketez gain, "beste gauza asko" hasi zen egiten. "Iruñeko giro iraultzaile, berritzaile, borrokalari, euskaltzale, itxaropentsu hartan, gogorra eta utopikoa aldi berean. Sarrionandiak Argia-n esan berri duenez: Ziurtasun gutxi eta ilusio asko". Neska daniarra hilabete batzuk pasatzera etorri zitzaion Iruñera; familiari, ordea, ez zitzaion ondo iruditu harekin egotea, eta Danimarkara joatea ebatzi zuten orduan biek. "Gogorra eta penagarria izan zen, min handia izan nuen bihotzean", gogoratu du.

Hasiera "zaila" izan omen zuen; jendea, ohiturak, eguraldia, janaria eta, batez ere, hizkuntza oso desberdinak zirelako. Etxebizitza bat elkarrekin alokatu ahal izateko, ezkondu egin behar izan zuten —"gaur egun sinestezina badirudi ere"—; hiru hilabete pasatu eta gero, emazteak esan zion han bizitzeko daniera ikasi beharko zuela eta handik aurrera etxean daniera hutsez hitz egingo zutela. "Gora Euskadi! Nora etorri naiz ni?", pentsatu omen zuen, baina halaxe ikasi zuela dio. Baita ingelesa ere, mediku ikasketetako liburu guztiak ingelesez zeudelako, eta pixkanaka norvegiera eta suediera ere bai, ikasketak bukatu eta bi urtez Norvegian egon baitziren. "Hizkuntzak ikasteko ez naiz azkarra, ezta pentsatu ere. Beharra izan da motibo bakarra", azaldu du. Hiru seme-alaba izan zituzten, eta alaba zaharrenari hasieran euskaraz egiten hasi zitzaion, baina haurtzaindegiko pedagogoak esan zion euskara hizkuntza polita zela, baina haurrarentzat ez zela ona bi hizkuntzatan aritzea. Sinistu, eta hala egin zuen, danieraz hitz egin zion. Gerora ibili omen dira seme-alabak euskara ikasten, baina ez omen da hain erraza, "beharrik ez dutelako".

Gurasoak euskaldunak izan arren —aita tolosarra; ama irurarra— eta etxean euskaraz hitz egin arren, beti euskara kaxkarra izan duela dio Patxi Alberdik; senide guztiek Eskolapioetan eta Jesusen Alabetan ikasita "erdara pixkanaka etxean sartu zela" dio. "Hasieran senideen artean, gero gurasoei erantzuten, eta, azkenean, dena erdara hutsez egiten genuen". Lizarrako seminarioan hitz bat ere ez omen zuen entzuten euskaraz; gelakide zuen Tolosako Urkizu auzoko Ezeizabarrena ametsetan aritzen zenean besterik ez. "Zaila da esatea zer sentitzen nuen nik hari entzutean: nostalgia, lotsa, jakin-mina, dena nahastuta. Danimarkara joan, berdin sentitu, eta euskaraz irakurtzen hasi nintzen, oraindik burmuinean edo gibelean edo ez dakit non gordeta nituen euskal tantak ez galtzeko". Lizardi, Xabier Lete eta Xabier Azurmendiren liburuak, Zeruko Argia eta Jakin aldizkariak, geroago Egunkaria eta Galtzaundi aldizkaria… Orain "luxua" deritzo Internetez nahi duena irakurri ahal izatea.

Joan diren 30 urteotako gisan, mediku lanetan jarraitzen du Alberdik, psikiatra Kopenhageko ospitale batean. Lehen hogei urteetan eri psikotikoekin egin zuen lan, eta azken hamarretan depresio, etsipen, estutasun, antsietate eta horrelakoak dituzten gaixoekin ari da. "Gauza asko ikasten da eroetxe batean, baina ikasi dudan garrantzitsuena da ariman, gogoan edo jarri nahi duzun izeneko horretan, daniarrek edo euskaldunok, eroak edo normalak izan, gure barruko nahi, beldur, behar eta amets berdinak ditugula", azaldu du.

Aditzera eman duenez, hortik atera daitezke bere zaletasunak: poesia irakurri, pelikula eskandinaviarrak eta malenkoniatsuak ikusi, familia eta lagunekin lasai egon eta ondo jan. "Eta Aralarren bakar-bakarrik edota ilobekin, poetak esan zuen bezala, mendi hegaletan gora, oroitzapen den gerora, ihesetan ibiltzea. Zahartzen ari naiz, badakit, agerian dago".