Sailkatugabeak

Sintromen kontrola, etxean bertan

Behatza ziztatu, odol tanta bat atera, zerrenda batean jarri, tresnan sartu, eta emaitzaren arabera, Sintrom botika hartu. Hori egin behar izaten du Rosa Sistiagak jaiotzatik duen eritasun batengatik. Orain arte, Pasai Donibaneko osasun zentrora joan ...

Zailtasunen aurkako pilotakadak

Elbarritasuna ez dela oztopo frontoian kirola egiteko erakusten dute astero zortzi pilotarik. Zubietako pilotalekuan elkartzen dira palan jokatzeko. Entrenamendu saioak ez ezik, txapelketa egitera ere animatu dira, eta abian jarri dute, aurten bigarren aldiz, aulki gurpildunean diharduten pilotarien Gipuzkoako Pilota Txapelketa. Gipuzkoako Pilota Federazioak eta Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioak hartu dute beren gain antolaketa. Jurgi Olasagasti aritzen da entrenatzaile lanak egiten pilotari taldearekin. "Hasieran, ariketaren asmoa aisialdiaren eta osasunaren ikuspegitik abiatu zen, beraien bizi-kalitatea hobetzeko asmoz", azaldu du. "Baina pixkana ikusi zuten entrenamenduen bitartez hobetzen ari zirela, eta partidak jokatzea eskatu zuten". Lehendabizi erakustaldiak jokatzen hasi ziren, eta gero etorri zen txapelketa antolatzeko ideia.

Kirol egokituaren mundua pixkana zabaltzen ari dela dio Olasagastik, eta hainbat kirol egin daitezkeela: "Lasterketak, saskibaloia, mahai tenisa, tenisa, esgrima… Zailtasunen bat duten pertsonek pentsatu ohi dute kirolik ezin dutela egin, eta hori ikusteak pena ematen dit, ez baita horrela. Ez dute ezagutzen nora jo dezaketen", nabarmendu du.

Lehenengo, pilotalekuan jokatzen hasteko, aulki gurpildunak eskuratu zituzten bi federazioen bitartez. Materialak gastu handia ekartzen duela dio Olasagastik: "Aulki bakoitzak 3.600 euroko salneurria du". Gipuzkoan bakarrik egiten dute kirol hori. Zubietan aritzen den taldeaz gain, Errenterian ere beste bat sortzeko asmotan dabiltza. "Orain Bizkaian ere jarri nahi dute martxan". Sei aulki dituzte, eta denak beharrezkoak direla dio Olasagastik: "Kirola egin nahi dutenek aukera izan behar dute bi orduz aritzeko, eta ez aulkia txandatuz ibiltzeko. Urrutitik etortzen denarentzat gogorra da bidaia egitea".

Saio bakoitzean egiten dutena azaldu du: "Beroketa egiten dugu, eta batez ere besoak lantzen ditugu. Gero, tiro trebetasuna lantzen dugu, komunikazioa, kokapena, tantoak egiteko estrategiak… Edozein pilota jokamoldetan lantzen dena". Pala arinagoak dituzte, eta pilota frontenisean erabiltzen dena da, baina presio gutxiago du, eta, horregatik, bote txikiagoa egiten du.

"Aurre samarrean jokatzen da, normalean laugarren koadrotik edo lau t'erditik aurrera", azaldu du Olasagastik. "Pilotak bote handiagoa egingo balu, tantoak berehala amaituko lirateke". Bestalde, zenbait arau berezi ditu aulki gurpildunaren jokamoldeak: pilotak gehienez bi bote eman ditzake, eta sakea hirugarren koadrotik egiten da, eta bigarren eta laugarren koadroaren artean egin behar du botea.

Jendea kirola egitera animatzen du Olasagastik: "Kirol honetan bada, guretzat hobeto. Gure asmoa horrelako talde bat beste leku batzuetan sortzea da. Horretarako, babesleak ongietorriak izango lirateke". Bien bitartean, pilotariak txapelketaren hurrengo jardunaldia prestatzen ari dira. Gipuzkoako Txapelketan hiru jardunaldi jokatuko dituzte, eta, ondoren, finala. Bidania-Goiatzen jokatu behar zuten lehen jardunaldia otsailean, baina elurra egin zuen, eta bertan behera gelditu zen. Azkenean, lehen jardunaldi hori aurreko astean jokatu zuten, Zubietako frontoian. Bigarren jardunaldia bihar jokatuko dute, hilaren 16an, Donostiako Antigua auzoko frontoian. 11:00etan hasiko dira partidak. Hirugarren jardunaldia Soraluzen izango da, apirilaren 13an, eta finala Usurbilen egingo dute, ziurrenik apirilaren 20an.

Zortzi parte hartzaile ari dira lehian aste hauetan, lau bikotetan banatuta: Hilario Olano (Alegia) eta Edorta de Anta (Tolosa), Patxi Fadrique (Lasarte) eta Iñaki Esnaola (Donostia), Beñat Lizaso (Usurbil) eta Andoni Aizpeolea (Usurbil), eta Edurne Unamuno (Soraluze) eta Aingeru Senperena (Bidania-Goiatz).

“Jende aurrean behin kantatuz gero, bertsoak ez dira ahazten”

Erraietaraino sartua du Roman Elosegik (Zaldibia, 1953) bertsoetarako zaletasuna. Hainbeste, ezen buruz ikasiak dituen denak bata bestearen atzetik kantatzen hasita "lau-bost ordu" aise pasatuko lituzkeen. Irakurri edo entzun dituen bertsoak gustatzen zaizkionean, jarriak nahiz bat-batekoak, buruan hartzen ditu. Gero, jende aurrean kantatzen ditu, otordu ondorenetan-eta. Imanol Lazkanori abenduan Ordizian egin zioten omenaldian, hark behin amonari jarritakoak bota zituen, mila entzuleren aurrean.

Ordizian harritu zenituen denak.

Ondo kantatu al nituen? Ez ditut aditu. Telebistak hurrengo egunean emango zituela, baina ez zituen eman. Kantatuko nituela banuen nik konfiantza; baina, orain, nola kantatuko nituen... Mikrofonotik behin ere aritu gabe nago.

Lehenengo saioa zenuen jende aurrean, plazan?

Bai, mikrotik lehenengoa. Jende aurrean aritu izan naiz makina bat aldiz, afal ondorenetan, tabernetan eta horrela. Ordizian kantatu nituen bertsoak mila aldiz kantatuta egongo naiz. Horregatik, segurantzia baneukan kantatuko nituela. Orain, nola... Askotan, tonua-eta ez da tabernan bezala izaten.

Zer irudipen egin zizun oholtzak?

Nahiko lasai aritu nintzen. Batek esan zidan: "Etxean bazkalduta ez hadi joan!". Neure artean, arrazoia eman nion. Belarriko bertigoak mareoak ematen dizkit, eta, egun hartan, eman zidan. Etxean bazkalduta, eta urarekin, gainera. Arratsalderako, horregatik, pixka bat arindu zitzaidan. Ardo trago bat egin nuen, eta hankak zabaldu eta eskuak zutik jarrita, asentua badaezpada ere. Hangoak ez zidan bertigorik eman; pasatuta neukan ordurako gehiena.

Lazkanok zer esan zizun?

Lazkano zoratzen egoten da. Lehen ere adituta zegoen. Goierriko bertsolariek bazkari bat egiten dute, urtero, eta, azkeneko bietan, Akapulko esaten diogun lekuan egin dute, gure etxetik gora. Lazkano andrearekin urtero etortzen da. Ni azkeneko bi urteetan joan naiz, eta kantatu nizkien bertsoak. Lehengo batean ere Lazkanoren etxean izan ginen, berak gonbidatuta, bazkaltzen. Omenaldia antolatzen ibili zirenak, Ordiziako ikastolakoak, Azpeitikoak... 30 bat lagun ginen. Kantatu nituen, eta ni, gustura.

Zeinen bertsoak dakizkizu?

Gehienak Imanol Lazkanorenak, eta Manuel Lasarte zenarenak, oraindik gehiago. Bi horien liburuak dauzkat, eta leitzen aritu, eta saio bat gustatzen bazait, buruan hartzen ditut. Gero, jendearen aurrean behin kantatuz gero, ez dira ahazten. Beti neure kasa berritu egiten ditut.

Ikasten asko kostatzen zaizu? Irakurri ahala barneratzen dituzu?

Irakurri ahala, ez, baina erraz, bai. Garai batean eskola baino errazago! Pentsatu izan dut lehenago bertso eskolak egon balira ni apuntatuko nintzela aurrenekoa.

Zein beste bertsolariren bertsoak dakizkizu?

Lazkao Txikirenak ere asko, txapelketetan kantatutakoak-eta. Bilintxek potajeari jarritakoak, Txirritarenak, Uztapiderenak... Liburuetatik irakurritakoak eta zintetatik entzundakoak dira; adituaren poderioan geratu egiten zaizkit. Joxe Agirre Oranda hil berria denak badauzka andrea zenari jarritakoak, eta aurrekoan, Amezketako batek ekarri zizkidan paperean, nik ikasiko nituzkeela eta. Segituan ikasi nituen. Larunbat batean ekarri, eta jai gauean lanera joan behar nuen, eta aberia makinan. Egunkaria leitzen ari nintzela, burura etorri zitzaidan autoan nituela Agirreren bertsoak. Haiek hartu —bi orduko geldialdia baitzegoen aberiarekin—, eta, bi orduan, hamabi bertsoak ikasi nituen. Etxera etortzerako, denak kantatu nituen; neure kasa buruan pasatu nituen denak. Ordenagailuan sartuta daude jada.

Horiek oraintxe kantatzeko gai izango zinateke, hasi eta buka?

Bai, denak. Hurrengo afaria egiten dugunean, amezketarra etortzen denean kantatu beharko ditut. Orain, ez da giro hauek kantatzen. Jainkorik ez du aipatzen, baina... Fabrikan kantatzen ari nintzela, malkotan egon nintzen. Andre zenari jarritakoak dira, sentimenduzkoak oso. Afal ondorenerako, tristeak.

Eta, horrela, zenbat bertso dituzu?

Ez ditut kontatu. Orain dela gutxi, lagun batek esan zidan polita; pasadizo bat kontatzen ari zen, eta esan nion ez nintzela gogoratzen. Erantzun zidan: "Hortaz ez haiz akordatzen? Bostehun bertso edukiko dituk buruan eta!". Bada, eduki igual. Nik kalkulatzen dut lau-bat ordutik bostera ariko nintzatekeela buruz dakizkidan denak kantatzen.

Non kantatzen dituzu?

Otordu ondorenetan-eta. Jendeak eskatzen dizkit, holako edo halako. Gehiena kantatzen dudana izaten da udan, artzainek Enirion bazkaria egiten dutenean. Beharko kantatu! Etortzen dira, bat-batean, bertsotan oso poliki aritzen direnak ere, baina ez diete uzten haiei; nik kantatu behar.

Gehiena zein eskatzen dizkizute?

Omenaldian kantatutako haiek, Lazkanok amonari jarritakoak. Ederrak dira. Bestela, ama-alabei jarritakoak gehientsuen: Lazkano ama, eta Sebastian Lizaso alaba, gaia jarrita. Bat-batean kantatutakoak dira. Ikaragarri dotoreak dira launa bertso biek.

Bertsotan bat-batean aritzen zara?

Bai, aritzen gara zerbait, lagun artean bakarrik. Inora ateratzeko moduan, ez. Lehen, gehiago aritzen ginen. Afizioa ume-umetatik izan dut. Behizain beti bertso libururen bat hartuta joaten nintzen, txapelketako bertso liburuak-eta. Niretzat, bertsolariak ez ziren mundu honetakoak; beste mundu batekotzat jotzen nituen. Nik ez nuen pentsatzen bertsorik kantatzerik zegoenik ere. Gero, 17-18 urterekin ateratzen hasi ginenean, lagun artean-eta kantatzen genuen. "Ez duk horren zaila eta". Ez, zaila ez... [barreak]

Bertsolarietan, garai batekoak ala oraingoak dituzu nahiago?

Nik zaharrak nahiago, geu ere zaharrak gara eta. Bertsoak, denak gustatzen zaizkit, baina grazia handiagoa lehengo zaharrek egiten didate. Orain ere bai, irratitik eta entzuten ditudanean. Berriak ere gustuko ditut; ematen dituzten saio denak entzuten ditut.

Gazteetan, zein dituzu gogoko?

Orain ari direnetan, Sebastian Lizaso, Egaña, Lujanbio... Arzallus bestea, fenomenoa dena. Egañaren bertsoak bat edo beste baditut, baina besteenak ez. Libururik ez dute oraindik eta. Jarritakorik ere ba al dute? Batere ez. Horiek, etorri ahala bota.

Liburuetakoak bertso hobeak al dira bat-batekoak baino?

Jarritakoak, normalean, txukunagoak izaten dira. Bat-batekoak ere ederrak badira. Ama-alabena, esaterako, bat-bateko saioa da, eta ikaragarri barregarria da. Jendeari izugarrizko grazia egiten diote; gazteei ere bai.

Bertso sortaren bat ba al duzu ikasi nahian, begiz jota?

Gustura entzungo nukeen saioa da Agirre zena eta Azpillagarena. Santa Ageda eskeko doinuan, gaia jarri zieten: Azpillaga joaten da Orandaren baserrira, Santa Ageda eskean; Azpillaga kanpotik, eta Agirrek barrenetik erantzuten dio. Kristoren saioa da, eta inon ez ditut aurkitzen horiek. Aspaldikoak dira bertsoak, orain dela hogeitaka urtekoak, baina grabatuta daude. Hamar-dozena bat kopla izango dira. Azpillagak atean kantatu eta Agirrek barrenetik erantzuten dion bezala, hori da zorroztasuna.

200.000

Eginda bidaliko dituzten errenta aitorpenak. Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du 200.000 zergadunek baino gehiagok eginda jasoko dutela aurten iazko errentaren aitorpenaren gaineko kitapen proposamena. Kanpaina apirilaren 16an hasi eta ekainaren 25era bitartean egingo da. Nolanahi ere, etxean jasotako proposamenei apirilaren 10etik aurrera eman ahal izango zaie baiezkoa.

Arrazakeria eta murrizketak salatuko dituzte igandean

Hamaseigarren urtez, behin ere hutsik egin gabe. Aurten ere gogotsu egingo dute Arrazakeria eta Xenofobiaren Aurkako Martxa, igande honetan. 11:30ean aterako dira Trintxerpeko merkatuaren paretik eta 13:00 aldera espero dute iristea Donostiako Bulebar...

Hiru urte

Idazten dudanari umore ukitu bat ematea gustatu izan zait askotan, eta horretan saiatzen naiz tarte honetan ere —gaiak uzten didanean, behintzat—. Intentzio horrekin eseri naiz gaur ere ordenagailu aurrean; inguruko gai bat hartu eta horri buruz idatzi nahi dut, umorea armatzat dudala; "ez ziok erraza". Gai politagorik ez al da albistegietan edo egunkarietan? Denen artean ea bat topatzen dudan kolore pixka bat bat emateko adina grazia duena: Hugo Chavezen heriotza batetik, Barcenasen iskanbila bestetik, bilbotar batek bere buruaz beste egin omen du bere etxetik kaleratu behar zutelako, Iberiakoak greban, osasun publikoaren aurkako etengabeko erasoak… Material horrekin guztiarekin umorea egitea sagardotegian ardoa eskatzearen parekoa da, ausarta, berritzailea, baina lekuz kanpokoa.

Eta osasunaren gaiari jarraiki, oraingoan ginekologiaren alorrari erreparatu diot. Orain arte, urtean behin zitologia egiteko aholkatzen ziguten, baina azkenaldian iritzia aldatu dute nonbait, eta hiru urtean behin egitearekin nahikoa omen da. Arrazoia gastuak murriztea dela denok dakigun arren, ez digu inork halako azalpenik eman: "Kito, emaitzak hilabete inguruan jasoko dituzu; ezer berezirik bada, deituko dizugu. Hurrengo zitologia hemendik hiru urtera egitearekin nahikoa duzu. Jantzi zaitezke". Eta zuk pentsatzen duzu: "Hiru urte trago txar hau pasa beharrik gabe? Ederki!" Baina hasierako poz horren ondoren konturatzen zara zertara datorren bat-bateko aldaketa hori, eta denok dakigu geure kalterako dela. Itxarongelako hormetan minbizia garaiz atzemateko zitologia egitea zein garrantzitsua den gogorarazten duten kartelak daude zintzilik, eta medikuari agur esanez irteten zara bertatik, hiru urte barru itzultzeko intentzioarekin. Errealitatearen bi aurpegiak eta betiko kontraesana.

Bitartean La Milagrosa ospitaletik, Juan Carlos Espainiako erregearen egoera azaltzen digute, 24 ordutik behin. Hernia ebakuntzaren ondoren ondo lo egin duela, belauna 90 gradu tolesteko gai dela, eta makuluekin bere kabuz ibiltzen omen dela. Emakume batzuei uterotik bekainetaraino minbizia zabaltzen zaien denbora tarte horretan, erregeak oinez nola ikasten duen begira egongo gara. Hiru urte barru, berandu atzemandako minbizien ehunekoa igoko da. Hiru urte barru, erregea makuluak utzi eta elefanteak akabatzera joango da berriro ere. Hiru urte, besterik ez.

Tolosako jaiak aztertuko dituzte, genero ikuspegitik

Elkarte gastronomikoekin abiatu duten parte hartze prozesuaz gain, herritar talde bat ere osatu dute Tolosako jaiak aztertzeko eta genero ikuspegitik dituzten jai ereduei buruz hausnartzeko. Sanjoanak, inauteriak eta Babarrun Astea aztertuko dituzte. ...

Martxoaren 8aren biharamuna

Martxoaren 8a pasa da, egun batez handik eta hona, askoren ahotan emakumeon eskubideak aldarrikatzen entzun ditugu: asko aurreratu dela, baina oraindik egiteko asko geratzen dela… Berdin gehiago dela… Baina, bestalde, aurrekontu publikoak murrizten ari dira berdintasuneko politika publikoetan (Emakundek aurrekontuaren %20 gutxiago. Hori bai politika publikoak indartzea... Posible ote?). Eskerrak Mugimendu Feministak mezu ideologikoa eta politikoa bere horretan kokatu duen!!

Izan gaitezen serioak: egungo sistema hetereopatriarkala emakumeon zapalkuntzan oinarritzen da, besteak beste, eta horren barnean ez dago emakumeon eskubideak gauzatzerik. Formalki eskubideen aitortza emango da, bai! Baina sistema eraldatzen ez den bitartean, jai dugu emakumeok! Eta zeri orduan bueltaka? Zergatik administrazio publiko gehienetatik ez da jartzen kolokan egungo sistema zapaltzailea? Zergatik ez feminismotik abiatu eta beste politika mota batzuen alde egin? Euskal Herri txiki honetan "akordio nazionalen" beharra askotan entzun dugu, berriki mikroakordioak terminoa ere ezagutu dugu. Noizko berdintasun politika publikoen ardura duten alderdien artean eta mugimendu feministaren arteko mikro (edo zergatik ez makro) adostasunak?

Ez dago denbora galtzerik, ez dugu 2014ko martxoaren 8ra itxaron beharrik, aldatu agenda politikoak eta has daitezen (gaitezen)! Dietarik gabeko bilerak behar ditugu, aurrekontu publikoak emakumeon eskubideen alde jarri behar ditugu, murrizketarik gabeko kalitatezko zerbitzu publikoak behar ditugu, indarrean dauden botere harremanei buelta eman behar diegu, bizitzaren prebarikazioa gelditu behar da, eta bizitzaren kalitatea ardatz duen eredu sozioekonomikoa behar dugu… Pertsonak bizitzeko Euskal Herri Berria sortu behar dugu.