Sailkatugabeak

Piano hotsen asteburua

Piano lehiaketaDonostiaMundu osoko pianisten topagunea izango da asteburu honetan Donostia: Donostia Hiria XVIII. Nazioarteko Piano Lehiaketa egingo da gaur, bihar eta etzi. Adin ia guztietako ikasleen topalekua da Donostia Kulturak antolatzen duen le...

Espeziearen onerako

Estatu Batuetako bigarren hezkuntzako irakasleen %60 ez daude ados eskoletan eboluzioaren teoria ematearekin. Eztarritik gora bihotzerrea eragiten zidan esaldia da. Papertxo batean dut idatzia, ordenagailuko letra lodiz, eta beti txamarrako poltsikoan...

Hondakinak atez ate biltzen hasiko dira Tolosaldean

Udara baino lehen. Epemuga jakin bat jarri dute Anoeta, Irura, Alegia, Villabona eta Zizurkilgo udal ordezkariek hondakinak atez ate biltzeko sistema ezartzen hasteko. Hil honetan bizilagunekin bilerak egiten hasiko dira, sistema zertan den esplikatzeko eta ekarpenak jasotzeko. Hartara, sistemari egin dakizkiokeen "egokitzapenak" aztertuko dituztela esplikatu dute. Asteartean agerraldi bat egin zuten udal horietako ordezkariek honen berri emateko, Orendainen.

Hondakinak biltzeko sistemarik merkeena hori dela argudiatu dute, eta iraunkorrena. Hain zuzen ere, era horretan hondakinen %80 birziklatzen direla azaldu dute, eta horretara heltzen den beste sistemarik ez dagoela. Tolosaldean hondakinak biltzeko sistema hori ezartzen aitzindari izango dira udalerriok. Izan ere, oraingoz Usurbilen, Hernanin, Oiartzunen eta Antzuolan bakarrik dago ezarrita atez atekoa. Nolanahi ere, litekeena da laster udalerri gehiago ere gehitzea; izan ere, orain urtebete Gipuzkoako 34 herritako alkateek atez ateko sistema ezarriko zutela agindu zuten. Udalerri horien artean zeuden, hain zuzen ere, Tolosaldeko lau herri horiek.

Datozen hilabeteetan atez atekoa ezartzekoak diren udalerrien artean daude Astigarraga, Legorreta, Lezo, Itsasondo, Oñati eta Zaldibia. Beste hainbat herritan, berriz, atariko urratsetan dabiltza udal agintariak. Zenbait tokitan bilketa eredu horren kontrako plataformak osatu dira; oihartzun handia lortu dute, eta horrek ez du batere erraztu prozesua. Legazpin, esate baterako, ozen altxatu du ahotsa plataforma horrek azkenaldi honetan, eta auziari buruzko erreferendum bat egingo duela iragarri du.

Birziklatzearen alde

Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, aste honetan birziklatzea sustatzeko asmoen aldeko konpromisoa berretsi du berriro: milioi bat euro bideratuko du horietara. Diputazioko bozeramaile Larraitz Ugartek eman du aste honetan horien berri: 450.000 euro hiri hondakinen birziklatzea sustatzeko programentzat izango dira, eta 490.000, berriz, zaborren berrerabiltzea sustatu nahi duten komunikazio eta heziketa kanpainentzat. Lehenengo diru sail horretako laguntzak banatzeko orduan lehenetsi egingo ditu aldundiak hondakin organikoak tratatzeko urratsak eginak dituzten udal eta mankomunitateak.

Bilduk, nola udaletan hala aldundian ere, apustu irmoa egin du hondakinak biltzeko eta tratatzeko eredu berri baten alde, eta horren defentsan ari da. Eredu berri horren berri emateko, Ingurumen diputatu Iñaki Errazkin buru hartuta, Europako Parlamentuak gaiari buruz antolatutako mintegi batera joango da Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaritza bat datorren astean.

Lasterketaren makinistak

"Eromena da!". Borja Arbelaitz (1976, Errenteria) Oarsoaldeko AEK-ko arduraduna da. Korrika askoren antolaketan parte hartzea egokitu zaio, eta lasterketaren atariko hilabeteak euskaltegian zurrunbilo bat izaten direla dio. "Batez ere, bigarren hiruhi...

‘Poza’, edertasunaren bila

Zulorik sakonenean argi izpia bezala egoerarik makurrenean ere irribarre bat topa daitekeela ondorioztatu du Metrokoadroka kolektiboak, eta, hortik abiatuta, antzezlan bat estreinatuko du datorren ostiralean —20:30ean— eta larunbatean —20:00etan—, Donostiako Lugaritz kultur etxean: Poza. Zergatik dantzatzen dute bosniarrek?. Lan hori edertasunaren bilaketaren emaitza izan da, eta, zehazki, poza landu nahi izan dutela azaldu dute proiektuaren sortzaile Oier Guillanek eta Idoia Beratarbidek. Errenteriarra da bat, oiartzuarra bestea. Taula gainean agertzen dira biak.

Errenteria bisitatu zuten hainbat lagun bosniarrek piztu zuten proiektuaren atzean daudenen harra, eta, era berean, haiek eman diote izena antzezlanari. Oier Guillanen arabera, irudi batetik abiatu zen dena. Afari bat egin zuten zenbait lagun bosniarrekin, eta parranda batean bukatu zuten. Irudia hau zen: jendea dantzatzen, kantatzen, mahaira igota... Guillanek gogoan du "sekulako talka" izan zela, pertsona horiek beste testuinguru batean ezagutu zituztelako, eta garai horretan kontatu zizkieten istorio zenbaitek asko hunkitu zituztelako. "Ikusten duzunean pertsona hori bera gero bizitza ospatzen modu horretan, esaten duzu: 'Ni zertan ari naiz eguneroko bizitzan'?".

Horrek edertasunaren eta pozaren oinarrian zer dagoen pentsarazi zien, eta horrekin zerikusia zuten zenbait testu topatu zituzten. Horietako bat esanguratsua egin zitzaion Guillani, Eusebio Calongeren liburu batekoa: "'Edertasunak itxaropena sortzen du, eta horregatik da arriskutsua, eta horregatik izaten da erasoa'". Ideia horretan sakontzen hasi ziren. "Gure alderik ilunenera joan gara, eta hor ere edertasuna topatu dugu, eta horrek sortzen digu itxaropena. Dena desastre bat denean gogoratzen dizu zergatik ari zaren borrokatzen", adierazi du Guillanek.

Testuetatik inprobisaziora

Kontzeptu hori oinarri hartuta, Guillanek berak zenbait testu idatzi zituen, eta horiek lantaldera eraman zituen. Testu horiek bakoitzari zein irudi iradokitzen zizkioten landu zuten lehenbizi, eta, gero, irudi horiek antzezten eta inprobisatzen hasi ziren. Proiektuan arte diziplina askotako lagunek parte hartu dutenez —pinturan, Beratarbide; musikan, Ander Fernandez; poesia eta literaturan, Guillan eta Asier Sarasola; antzerkian, Jabi Barandiaran—, bakoitzak bere dizi- plinaren araberako ekarpenak egin dituela azaldu du Beratarbidek.

Urteak daramatzate Metrokoadroka kolektiboko zenbait kidek arte diziplinak eszenan nola bat egin dezaketen ikertzen, eta antzerkia elkargune aproposa izan daitekeela bururatu zitzaien. Alde horretatik, arte diziplina jakin batean iaioa denak bere espezializatearekin lotutako ekarpena egin arren, "denek denetik" egin behar izan dutela gaineratu du Beratarbidek: "Nik, esaterako, marraztu eta antzezteaz gain, musika ere jotzen dut". Bere espezializatea izan ez arren, ez dagoela urduri azaldu du Beratarbidek, orain arte hainbat entsegu egin baitituzte, irekiak, gainera, eta jendearen feed back-a lortu dute. Azkena, Leioako Kultur Maratilan egindako aurrestreinaldia izan zen, Bizkaian. Lugaritzeko testuingurua antzekoa izango delakoan dago.

Artisten sarea

Talde lanean egin dute Poza, baina ez da bakarra izan, Metrokoadrokak bospasei lan aurkeztu baititu 2008tik. Urte batzuk lehenago hasi ziren askotariko diziplinetako zenbat lagun elkarlanean —gehienak Oarsoaldekoak—, eta urte horretan bertan estreinatu zuten Metro koadro bat lanetik bururatu zitzaien kolektiboa formalizatzea eta izen bat jartzea. "Ikuskizun horretako protagonistak metro koadro batean bizitzea erabakitzen zuen, eta, mundua desastre bat dela ikusita, bere mundu perfektua eraikitzea. Kontzeptu hori kontuan hartuta eman genion izena", gogora ekarri du Guillanek. Helburua harreman artistiko eta pertsonalen bitartez proiektuak egin ahal izatea dela esan du: "Nahiko eragozpen eta azpiegitura arazo izaten dira beste edozein proiektu aurrera ateratzeko gaur egun. Sare bat sortuta, askoz ere egingarriagoa dela uste dugu".

“Faltan sumatu izan ditut nire haurtzaroko ipuinen istorio sinpleak”

Libe Anduezak (Legazpi, 1972) haurrentzako bere lehenengo ipuina argitaratu berri du, Maitagarri txikiak: Sorgintxo lagun berria izenburupean. Andueza, dena dela, ez da idazlea ogibidez. Ingeniari teknikoa da, eta Mondragon Korporazio Kooperatiboan lan egiten du, diseinu mekanikoaren alorrean.

Ipuina egiteko ideia "egun batetik bestera" sortu zitzaiola aitortu du. Hala ere, beti izan du gustuko gauzak sortzea. Baina ez da ezerekin "gustura" sentitu, Maitagarri txikiak iritsi arte. Lehenengo liburua kalean da, baina proiektua ez da hemen amaitzen. Bigarren alea "ia amaituta" dauka, eta hirugarrena egiteko ideiak ere pentsatuak ditu dagoeneko.

Nola bururatzen zaio ingeniari tekniko bati haurrentzako ipuin bat egitea?

Egia esan, ia egun batetik bestera sortu zitzaidan ipuina egiteko ideia. Nirea den zerbait egiteko gogoa izan dut beti, baina orain arte ez dut jakin oso ondo zer. Gauza ezberdin asko egin dut, eta ipuineko pertsonaiak aspalditik nituen buruan bueltaka. Azkenean, buruan nuen hori paperean marraztera animatu nintzen.

Margotzeko zaletasuna duzu orduan?

Esandako eran, denetarik egin izan dut; tartean, baita margotu ere. Gauza asko hasi ditut, baina ezer gutxi amaitu. Nire bokazioa zein den asmatzea kostatu egin zaidala esango nuke. Ikastaro asko ere egin ditut; azkena, Photoshop programari buruzkoa. Ikaragarri ondo etorri zait bertan ikasitakoa ipuineko marrazkiei azken ukitua emateko.

Egin duzun guztiaren artean, zergatik azkenean haurrentzako ipuin bat?

Esan dudan eran, pertsonaiak aspalditik definituak nituen, eta garbi nuen haurrei begirako zerbait izan behar zuela. Gainera, 5 eta 8 urteko bi haurren ama ere banaiz: Izaro eta Ikerrena. Beti esan izan diet txantxetan seme-alabei egunen batean ipuin bat egingo nuela. Eta, azkenean, ia konturatu gabe, egia bihurtu da.

Pertsonaiak sortu zenituen, beraz, ipuina bera baino lehenago?

Bai. Maitagarri txikiak dira ipuineko protagonistak. Guztiak dira neskak, eta bakoitzak berarekin bizi den animalia txiki bat dauka, maskota moduan. Maddalen eta Esnetxo untxia, Burbu eta Borobiltxo arratoia, Izaro eta Lili txakurra eta Pati eta Elurtxo pinguinoa dira.

Zer kontatzen duzu?

Oso istorio sinplea da. Helburua ez da mezuren bat zabaltzea izan. Lehenengo liburu honetan, pertsonaiak aurkeztu ditut, batez ere. Maitagarri txikiek Sorgintxo eta haren animaliatxo Dordo barraskiloa ezagutuko dituzte, eta horrek ireki dit pertsonaietan pixka bat sakontzeko bidea. Seme-alabei irakurri dizkiedan haurrentzako ipuin asko oso konplexuak iruditu zaizkit, horietako batzuk baita bortitz samarrak ere. Faltan sumatu izan ditut nire haurtzaroko ipuinen istorio sinpleak.

Ipuineko testuak euskaraz eta ingelesez idatzi dituzu.

Idaztea ez zait inoiz askorik gustatu izan, baina ipuinerako idaztea nahikoa erraza suertatu zait. Ingelesari garrantzia eman nahi izan diot, haurrek hasieratik har dezaten modu naturalean hizkuntza hori. Ni gazte-gaztetatik nabil ingelesa ikasten, eta oraindik ez dut horren ongi menperatzen. Ez dut nahi gaur egungo haurrei hori bera gertatzerik.

Marrazkiak ere zuk zeuk egin dituzu.

Bai, horiek dira, gainera, ipuinaren muina. Akuarela margoekin eta pastelekin egin ditut marrazkiak. Eskaneatzeko orduan, ordea, konturatu nintzen kalitatea asko galtzen zutela. Azkenean, Photoshop-en bidez zenbait ukitu emanda konpondu nuen arazoa.

Liburua esku artean izan arteko bidea gogorra izan al da?

Orain, distantziarekin, gauza onak baino ez ditut gogoratzen, baina egia da ez dela dirudien bezain erraza izan. Argitaletxe askotako ateak jo ditut, baina bakar batek ere ez dit eskurik luzatu. Hasieran, batzuek esan zidaten marrazkien kalitatea ez zela behar adinakoa; gero, beste batzuek nire ipuina ez zela euren aurrekontuetan sartzen. Azkenean, ipuina nik neuk inprimatzea erabaki nuen.

Eta nola joan da?

Oraingoz, bostehun ale inprimatu ditut. Aitortu behar dut liburua esku artean izan arte urduri egon nintzela. Izan ere, ez didate probako alerik erakutsi; zuzenean bidali zuten inprimatzera, eta azken emaitza nolakoa izango zen jakin gabe egoteak egonezina sortu zidan.

Emaitza, hala ere, zure gustukoa izan da azkenean.

Bai, oso gustura nago nola gelditu den ikusita. Egia esan, hainbeste denboran buruan irudikatu nuen hori esku artean izatean, nolabaiteko asebetetzea sentitu nuen. Guztietan zailena banaketa lana izan da. Oraingoz, Arrasateko, Oñatiko, Legazpiko, Zumarragako, Ordiziako, Beasaingo eta Tolosako dendetan dago salgai, baita Elkarren ere. Hala ere, zuzeneko salmentan hobeto joan zait.

Lagunek-eta asko erosi dizkizute?

Bai, eta lantokian ere asko saldu ditut! Abenduan, San Tomas azokan izan ginen Donostian, eta ale asko saldu genituen. Ondoren, asmoa Durangoko Azokan saldu ahal izatea da.

Aurrera begira, zer-nolako asmoak dituzu?

Bigarren ipuina amaitzekotan naiz; Maitagarri txikiak: Sancho eta Iker izena eramango du. Hirugarren ale baterako ideiak ere pentsatuta dauzkat dagoeneko. Nesken bizitzan, bi mutil agertuko dira, eta maitasun kontuek ere izango dute tarterik. Hirugarrenean, nesken eta mutilen munduak bat egingo dute, nolabaiteko oreka bermatzeko.

“Benetako integrazioa” helburu

Zailtasun eta gorabehera ugari izan ohi dituzte Gielmar Gipuzkoako Elbarriak Martxan taldekoek eguneroko bizitzari aurre egiteko. Baina indartsuak izaten ikasi dute halabeharrez, eta umorez ekiten diote egunari. Beren gaixotasun eta urritasunek eskatz...

Negarraldi fetitxista

Aspalditik erretiratuta zeneukan, eta gaur berriz gustura janzten duzun alkandora vintage den bezala, esku artean darabilzun paper eta tinta piloa retro-chic askoa da, modaz agudo pasako dena. Baina Zarak tarteka apaletan ipintzen dituen zango estuko prakak ez bezala, egunkaria betiko desagertzera doa. Ez duzu zure postontzian aurkituko goizero, eta okindegian ere ez dizute alerik eskainiko sekula berriz. Kontatzen dizudan hau espero baino lasterrago izango da, eta gertatutakoan xehetasunen bila beste nonbait jo beharko duzu.

Optimista setatsuek lasai egoteko esango dizute, sarea informazio askea zabaltzeko eta jasotzeko plazez josita dagoelako. Komunitatea, parte hartzea, gardentasuna eta halako hitz potoloak entzungo dizkiezu. Ezkorragoak garenok erredakzio handiak izango ditugu gogoan, eta Imanol Murua Uria, Gorka Zabaleta eta Juan Luis Zabala parez pare lanean ikusi genituen garaiaren hutsunea sumatuko dugu. Agintari bat baino gehiago gustura irudikatuko ditugu, azpijokorako traba gutxixeago izango dutelakoan. Baina ez larritu, ziur parrafo hasierako baikorrek arrazoi dutela.

Komunikabideen etorkizunari buruzko eztabaidek Interneten jarraituko dute, eta "sektore estrategikoen defentsa" eta "hausnarketa sakona" aldarrikatzen duen testu mordoa bertan topatuko duzu. Euskarazko kazetari on asko, berriz, irakasle, tabernari edo komertzial bihurtuko dira, isilpean. Are okerrago dena, egongo da Bilduko zinegotzi moduan birziklatuko denik ere...

Inguruko beste egunkarien errotatibak ere banaka-banaka isiltzen joateak ez nau kontsolatuko. Haietan ekoizten diren produktu gehienek zuri bezain gutxi erakartzen nauten bezala, beste askori igandetako gosari mordoa gozatu dizkiete. Gainera, inoren langabezia gorriaz poztea ez zait oso elegantea iruditzen, inor horrek Sergio Sauca izena ez badu behintzat —sentitzen dut, hori nola-hala sartu beharra neukan, futbola gorrotatzera iristea lortu du ia memeloak—.

Antikapitalista zintzoaren gidan irakurriko zenuen komunikabideen atzean gizaki ezin maltzurragoak ezkutatzen direla, asmo ezin ilunagoekin. Bestelako ereduak posible direla frogatu dugun ez daukat oso argi. Paperaren heriotzarekiko kezka ez da fetitxismo kontua, eta batzuk trantzean bereziki sufrituko dugulakoan nago. Besteak beste, Twitterren egunero horoskopoa euskaraz grazia pixka batekin txiokatzen duen inor ez dut aurkitu oraindik.

ALDARRIKAPENA ETA KIROLA, BAT EGINIK

Kirola eta aldarrikapena uztartu, eta 3.000 emakume lasterkarik Donostiako kaleak hartu zituzten igandean, inoiz egin den Lilatoirik jendetsuenean; iaz baino 600 parte hartzaile gehiago izan ziren. Elena Silvestrek irabazi zuen lasterketa. 1990ean ant...