Sailkatugabeak

Negarraldi fetitxista

Aspalditik erretiratuta zeneukan, eta gaur berriz gustura janzten duzun alkandora vintage den bezala, esku artean darabilzun paper eta tinta piloa retro-chic askoa da, modaz agudo pasako dena. Baina Zarak tarteka apaletan ipintzen dituen zango estuko prakak ez bezala, egunkaria betiko desagertzera doa. Ez duzu zure postontzian aurkituko goizero, eta okindegian ere ez dizute alerik eskainiko sekula berriz. Kontatzen dizudan hau espero baino lasterrago izango da, eta gertatutakoan xehetasunen bila beste nonbait jo beharko duzu.

Optimista setatsuek lasai egoteko esango dizute, sarea informazio askea zabaltzeko eta jasotzeko plazez josita dagoelako. Komunitatea, parte hartzea, gardentasuna eta halako hitz potoloak entzungo dizkiezu. Ezkorragoak garenok erredakzio handiak izango ditugu gogoan, eta Imanol Murua Uria, Gorka Zabaleta eta Juan Luis Zabala parez pare lanean ikusi genituen garaiaren hutsunea sumatuko dugu. Agintari bat baino gehiago gustura irudikatuko ditugu, azpijokorako traba gutxixeago izango dutelakoan. Baina ez larritu, ziur parrafo hasierako baikorrek arrazoi dutela.

Komunikabideen etorkizunari buruzko eztabaidek Interneten jarraituko dute, eta "sektore estrategikoen defentsa" eta "hausnarketa sakona" aldarrikatzen duen testu mordoa bertan topatuko duzu. Euskarazko kazetari on asko, berriz, irakasle, tabernari edo komertzial bihurtuko dira, isilpean. Are okerrago dena, egongo da Bilduko zinegotzi moduan birziklatuko denik ere...

Inguruko beste egunkarien errotatibak ere banaka-banaka isiltzen joateak ez nau kontsolatuko. Haietan ekoizten diren produktu gehienek zuri bezain gutxi erakartzen nauten bezala, beste askori igandetako gosari mordoa gozatu dizkiete. Gainera, inoren langabezia gorriaz poztea ez zait oso elegantea iruditzen, inor horrek Sergio Sauca izena ez badu behintzat —sentitzen dut, hori nola-hala sartu beharra neukan, futbola gorrotatzera iristea lortu du ia memeloak—.

Antikapitalista zintzoaren gidan irakurriko zenuen komunikabideen atzean gizaki ezin maltzurragoak ezkutatzen direla, asmo ezin ilunagoekin. Bestelako ereduak posible direla frogatu dugun ez daukat oso argi. Paperaren heriotzarekiko kezka ez da fetitxismo kontua, eta batzuk trantzean bereziki sufrituko dugulakoan nago. Besteak beste, Twitterren egunero horoskopoa euskaraz grazia pixka batekin txiokatzen duen inor ez dut aurkitu oraindik.

ALDARRIKAPENA ETA KIROLA, BAT EGINIK

Kirola eta aldarrikapena uztartu, eta 3.000 emakume lasterkarik Donostiako kaleak hartu zituzten igandean, inoiz egin den Lilatoirik jendetsuenean; iaz baino 600 parte hartzaile gehiago izan ziren. Elena Silvestrek irabazi zuen lasterketa. 1990ean ant...

Krudeltasunaren gailurra

Preso egona da Maria (Brasil, 1977). Nahiko luke etiketa hori kendu; askotan pisutsuegia bihurtzen duen motxila bizkarretik behera erortzen utzi. Baina ezin du. 2008ko irailean espetxeratu zuten, eta urtebete eta lau hilabetez egon da preso Martutenen...

Webgunea.

Arrats elkartea

www.arrats.com.

Harremanetarako. Arrats elkartearen webgunean mezu bat idatzita edo bulegoan: Iruresoro Pasaia 6 behea, 3 (Donostia).

Loiolaetxea

Webgunea. www.loiolaetxea.org.

Harremanetarako. loiolaetxea@hotmail.com helbidera idatzita edo bulegoan: Ategorrietako Galtzara Zaharra, 34 (Donostia).

Espetxe Pastoraltza

Webgunea. www.elizagipuzkoa.org.

Harremanetarako. espetxepastoraltza@elizagipuzkoa.org helbidera idatzita edo bulegoan: Donostiako Gotzaindegia. Zabaleta, 5 (Donostia).

Emakume presoen ehunekoa. Hego Euskal Herriko presoen %9 dira emakumezkoak. 2012ko abenduko datu ofizialen arabera, Hego Euskal Herriko kartzeletan 161 emakume preso zeuden. Martuteneko espetxean 22 emakume presorentzako tokia dago.

62

Eibarren eraikiko dituzten etxebizitza babestuak. Eibarko Egazelai esparruan 62 etxebizitza babestu eraikitzeko hitzarmena sinatu dute Eibarko Udalak eta Visesak. 1.400 metro koadroko lur sail batean eraikiko dira, eta 2016ko amaierarako lanak bukatuta egongo direla pentsatzen dute; obrak hasi eta bi urtera.

Ez da aski baliabide Martuteneko preso andrazkoentzat

"Donostiako Martuteneko kartzelan emakume presoei ez zaizkie beharrezko tresnak eskaintzen beraien autonomia hobetu dadin, eta aske geratzen direnean beraien autonomia maila ez da espetxeratu aurrekoa baino hobea". Horixe da Emakunderentzat egindako ikerketa batek ondorioztatu duena. Emakumezko preso ohiak, hauskortasuna eta autonomia izeneko ikerketa lana Hego Euskal Herriko espetxeak kontuan hartuta egin dute bost emakumezkok. Edurne Bengoetxea donostiarra eta Laura Vara pasaitarra dira egileetako bi. 2011. eta 2012. urteen artean egin zuten azterlana, eta hemeretzi emakumeren testigantzak jaso zituzten bertan. Andrazkoek jasaten duten diskriminazio anizkoitzaren inguruko beka bat atera zuen Emakundek, eta espetxe arloa aukeratu zuten ikerlariek azterlana egiteko.

Martuteneko kartzelako emakumezkoen moduluan egondako sei emakume elkarrizketatu zituzten, eta espetxe horren inguruan lan egiten duten hainbat erakunde eta elkarterekin ere hitz egin zuten. Espainiako Espetxe Zuzendaritzaren partetik, apenas lortu zuten argibiderik: "Behin eta berriz eskatu genizkien datuak, baina ez ziguten ezer eman. Espetxera sartzea ere eskatu genuen, lana egiteko aberasgarria iruditzen zitzaigun, baina ezezkoa eman ziguten. Ikerketa Emakunderentzat egiten ari ginela esan arren, alferrik izan zen".

Martutenekoa "espetxe berezia" dela azaldu dute; oso txikia da, eta bertako arauak beste hainbat kartzelatakoak baino malguagoak direla nabarmendu dute Bengoetxeak eta Varak. Hala ere, balorazioa ezkorra da: "Defizitarioa da zentzu guztietan". Espazio aldetik, adibidez: "11 ziega bikoitz ditu, baina 22 preso baino gehiago egon ohi dira normalean". Osasun arloan zer hobetua badagoela uste dute, eta bereziki andreei eskaintzen dizkieten erremintei dagokienez "hutsune nabarmenak" atzeman dituzte. "Hainbat elkarte eta erakundek lan egiten dute kartzelan, baina ez dute sustatzen emakumeak autonomoak izatea kalera ateratzen direnerako. Erakundeen bidez egiten diren gauzak ez daude horretara bideratuta".

Espetxe barruko egoeraren adierazgarri diren emakumeak elkarrizketatu nahi izan dituzte: "Etorkinak daude, alde batetik; ijitoak —horiengana iristea ez da oso erraza, askotan ez direlako gizarte zerbitzuetara joaten familiaren babes handia dutelako—; droga menpekotasun handia dago, eta talde hori ere hartu dugu kontuan; eta nahiz eta egoera oso desberdinean egon, preso politikoen taldea ere nabarmendu nahi genuen". Emakume horien egoera aztertu dute, hiru momentu kontuan hartuta: kartzelara sartu aurreko egoera, espetxealdikoa eta berriro aske geratu direnekoa. "Gure ondorioetako bat izan da andre hauek hauskortasun egoera batean zeudela kartzelara sartu aurretik, eta espetxealdiak areagotu egin duela hori guztia; diskriminazioak areagotzen ditu, eta kanpora ateratzen direnean, preso ohia izatea oztopo bat da beraien autonomiarentzat", dio Varak.

Autonomia, ekonomiari lotua

Autonomiaz hitz egitean, hainbat alor hartu dituzte kontuan: autonomia ekonomikoa, fisikoa —autoestimua eta norbere gorputzari buruzko eskubideen jakitun izatea— eta gizarte eta kultura arloko autonomia. Ondorioa argia da: "Elkarrizketatu ditugun emakumeen arabera, sartzerakoan autonomia baxua zuten, hau da, lan prekarioak, ezegonkorrak, gaizki ordainduak zituzten; zaintza emakumeen gain zegoen, indarkeria jasan zuten batzuek, eta gehienak ez ziren etxebizitzaren eta halako ondasunen jabe". Espetxetik irtetean ere, egoera iluna: "Gutxienez sartu aurreko zailtasunak zituzten, eta horiei gehitu behar zaie aurrekariak izatea, horrek sortzen duen estigma, eta bidean galdutakoa: besteak beste, etorkinen kasuan paperak, eta ama direnek seme-alaben jagoletza zenbaitetan".

Elkarrizketatutako emakumeek lanaren garrantzia nabarmendu dute, batez ere. Laguntza alor horretan behar dutela jakinarazi dute. "Ateratzen direnerako diru iturri bat egotea oso garrantzitsua da, eta lan bat aurkitzea ezinbestekoa da; hori da, batez ere, denek azpimarratzen dutena: espetxean eta handik ateratzean lanari lotutako erreminta gehiago eta egokiagoak jartzea beraien eskura". Argi daukate: "Preso egondakoek ez dute uste gizarteratzeko beharrik dutenik, lan duin bat baizik. Hor ikusten dute arazoa". Espetxeko esperientzia bakoitza desberdina izan arren, ikerketan parte hartu duten preso ohi guztiek esan dute kartzelak ez duela ezertarako balio eta ez dituela bere helburuak lortzen. "Hortaz, hor lan asko dago egiteko, eta emakumeen kasuan gehiago, gizartean dauden diskriminazioak espetxean ere badaudelako. Gizartearen ispilu dira espetxeak".

Ikerketaren arabera, egoera ekonomikoak bultzatuta egindako delituengatik daude espetxean andrazko gehienak. "Osasun publikoaren kontrako delituengatik zigortu dituzte emakume gehienak, ez dira beste munduko delituak, eta ezartzen zaizkien zigorrak gizonenak baino altuagoak dira. Beraz, hausnartu behar dugu dagoen pentsamenduaz, jendea sentsibilizatu behar dugu, beste diskurtso batzuk ere garatu behar ditugu, publiko egin behar ditugu, emakumeak kontuan izan behar ditugu, haien ahotsa entzun behar dugu, eta eragile gisa hartu behar ditugu", adierazi dute Bengoetxeak eta Varak.

Bakardadeari eta erruduntasunari buruzko gogoeta ere egin dute ikerketan. "Normalean, gizonekin alderatuz, bisita gutxiago jasotzen dituzte emakumeek. Bakardade handiagoa sufritzen dela esaten da, batik bat emakume etorkinen kasuan, askotan familiarik ez dutelako hemen. Eta ateratzen direnean harremanak berreskuratzea kostatu egiten da, estigma hor dagoelako. Zama handia da", azaldu du Bengoetxeak. Gainera, "gizonek ez bezala", emakumeek erruduntasun sentimendua izan ohi dute: "Familiaren arduradun sentitzen direlako; familiari huts egin diotela esan digute gehienek".

“Baserritarrek ahalegin guztiak egin izan dituzte maiorazkoari eusteko”

Hitzez emakume baserritarren elkarteak hala eskatuta, oinordekotzari buruzko argibideak eman ditu Manu Barrenetxea abokatuak (Donostia, 1952). Nekazaritza gaietan lan egiten du gehienbat, eta aurreko astean Deban hitzaldi bat ematera gonbidatu bazuten ere, "berriketan" aritu zen bertaratu ziren baserritarrekin. "Zenbait puntu azaltzen hasi, eta gero galdera-erantzunen formatuan segitu genuen; oso interesgarria izan zen denentzat: haientzat nik esandakoa, eta niretzat haiek esandakoa".

Hitzez emakume baserritarren elkartekoek zuregana jo zutenean, zuk zertaz hitz egitea nahi zuten?

Bi gai aipatu zizkidaten. Alde batetik, oinordekotzari buruz, maiorazkoaren egoera zein zen, emakumearen egoera zein zen... Halakoez hitz egin nahi zuten. Bestetik, titulartasun partekatua izeneko legeari buruz jardun nahi zuten. 2011. urtean jarri zuten martxan Espainian. Motzean esanda, babestu egiten du baserriko martxa eramateko titularrak senar-emazteak erdi bana izatea. Orain arte, bat izaten zen titularra, eta bestea bigarren titularra. Gainera, berrikuntza bat ere badakar: bikotea bananduz gero eta demagun emakumeak baserria utzi behar duela, baserria uzten duenak zer eskubide dituen zehazten du legeak.

Zer eskubide aitortzen dizkio?

Emakume horrek —normalean emakumea izango da— baserri horretan egindako lanen ordainen bat jaso beharko lukeela dio legeak. Eta ordain hori kalkulatzeko, kontuan izan behar da zenbat urteko lana egin duen, zein den baserri horretako ustiapen balioa eta zenbateko lanorduak egin dituen; egun osokoa izan den edo egun erdikoa. Eta hori da dagoen berrikuntza.

Lege horretaz baliatzeko zer egin behar da?

Baldintza batzuk zehazten ditu legeak. Esaterako, errolda batean izena eman behar da, irabazi guztiek erdibana izan behar dute, baita diru laguntzek ere. Hala ere, Gipuzkoako Foru Aldundian galdetu dut lege berri honi buruz, eskaerarik jaso duten jakiteko, eta oraindik ez omen du inork eskatu ez Gipuzkoan, ez Bizkaian.

Eta aipatu duzun horrek ba al du zerikusirik testamentuen gaiarekin?

Emakume batek titular partekatua izanda, bere senarra bada maiorazkoa eta hiltzen bada, berak jarraitzeko eskubidea izango luke. Beraz, lotuta badaude.

Oinordekotzen inguruko legedia Kode Zibilak arautzen du, eta hori 1889koa da. Azken urteetan beste aldaketarik ezagutu al du?

1992. urtean aplikatu zen lege bat Gipuzkoan baserri mailan testamentua aldatzeko: testamentu forala. Hala, berreskuratu egin zen Foruen garaiko lege bat. Gaur egun, Nafarroan, Araban eta Bizkaiko zenbait tokitan indarrean dago lege hori: baserriko nagusiak badu aukera baserria seme edo alaba bakarrari uztekoa, era horretan baserriak irauteko. Bati uzteak, gainera, esan nahi du besteak ezer gabe utz ditzakeela, beste ondasunik ez badago. Beste ondasun batzuk baldin baditu, besteak banatu beharko lituzke denen artean. Lege hau berreskuratu bitartean, baserritarrek ahalegin guztiak egin dituzte baserria bakarrik bati pasatzeko, maiorazkoari eusteko.

Zer motatako ahaleginak?

Batzuetan, herentzia donazio bihurtuz lortzen zen baserria seme-alaba bakarrarentzat izatea; beste batzuetan, salmenta eginda... Baina orduan ezer gabe gelditzen ziren beste senideek erabaki horren kontra auzitara jo zezaketen, eta urte luzeetako borrokaren eta gastu handien ondoren, ahalegin hori ezerezean geldi zitekeen. Eta horrek baserri askoren porrota ekarri zuen. Beraz, lege honekin badago aldaketa bat. Gainera, lege honek dio maiorazkoa semea zein alaba izan daitekeela. Praktikan kostatu egiten da oraindik, zama kultural batzuek hor jarraitzen dutelako.

Legea bera al da baserrian ustiapena dagoenean edo baserriak etxebizitza zentzua bakarrik duenean?

Ustiapenik ez dagoen kasuan, foru legerik ez litzateke aplikatuko. Baserri ustiapenik egon gabe norbaitek testamentuan baserria seme-alaba bakarrari uzten badio, besteek horren kontra jotzeko aukera izaten segituko lukete.

Pertsona bat baserrira ezkondu eta han lana egiten badu, zer pauso eman behar ditu alargundu edo banatuz gero ezer gabe ez gelditzeko?

Debako hitzaldian aritu ginen horri buruz hizketan. Beharrezkoa da hitz egitea bai bikotekidearekin, bai haren gurasoekin —haiek badira baserriko nagusiak—, eta gauzak argi esatea. Gainera, harremana ona den bitartean egitea komeni da; hori da momentu egokia, eta ez gauzak okertzen direnean. Askotan uste dugu agiri bat egitea konfiantza falta dela, baina nik uste dut egin behar direla, eta gero eta gehiago egiten dira. Eta horretan egin beharko luke pertsona horrek indarra. Bikotekidearekin hitz egiten duena idatziz jaso. Hor gauza asko lotu behar dira: irabaziak, lanak, egoerak... Bananduz gero, bietako batek baserritik alde egingo du, eta halako agiri bat egitea ondo dago.

Eta nondik hasi?

Egin beharreko lehen gauza baserri horretan erroldatzea da. Ez itxaron, presarik ez dagoela esanez. Egoitzaren berri udaletxean eta aldundian azaldu behar da; arrastoak utzi behar dira.

Gipuzkoarrok Kode Zibila dugu, arabarrek, nafarrek... Foru Araua. Hango zerbait ekarriko al zenuke gurera?

Nafarroan, esaterako, ama edo aita batek posible du bere ondasun guztiak seme-alabak ez diren beste norbaiti utzi. Hori da desberdintasun nabarmena, eta zalantza ere hor dago, bietan zein den hobea.

Ondare kontuengatik familia askotan daude haserreak. Ba al dago arazoa ematen duen ezaugarri nagusi bat, arazo orokorren bat?

Testamenturik ez egiteak arazoak sortzen ditu, baita testamentua egin eta gero azalpenik ez emateak ere. Nik izan ditudan esperientzietan, testamentu bat egon denean eta senideak ondo konpondu direnean, zergatia galdetuz gero esaten dute testamentua eginda zegoela eta amak edo aitak banan-banan edo denekin batera hitz egin zuela hartutako erabakien arrazoiez. Azalpenik ez dagoenean, errezeloak egon ohi dira. Nik uste dut bi puntu horiek beteta arazo asko konponduko liratekeela.

Baserrian ala kalean, non sortzen da arazo gehiago?

Debako hitzaldian denok bat gentozen gauza batean: baserritarrak era batera ikusten du baserria eta haren balioa. Hark baserriaren morroi jotzen du bere burua, nahiz eta nagusia izan, eta kaletarrarentzat, berriz, baserria sekulako pagotxa da: asko balio duen ondasuna. Ikuspegi desberdina dago, beraz. Eta kaleko senideak eska dezake bere partea, eta dirutza eskatu.

Baserritarren artean, ba al dago eskaeraren bat legeari dagokionez?

Ez dut uste. Hala ere, Deban baserritarrek argi esan zidaten: gauza bat da eskubideak izatea, bestea eskubide horiek ezagutzea, eta gero, eskubideak gauzatzea. Eta esan zuten, adibidez, lege aldetik dauden aldaketen eta aukeren berri askorik ez dutela. Eta aurpegiratzen ziguten arlo juridikoan gabiltzan abokatu, notario eta halakoei ez dugula informazio handirik ematen. Esaterako, Gipuzkoako notaritza batzuetan baserritar bat testamentua egitera joan, eta batzuetan esplikatzen diotela bazela lege berri bat, eta berriz beste batzuetan ez. Eta hori esaten zuten: legea ateratzea ondo dagoela, baina gero lege horren berri ez bada ematen ia alferrikakoa dela. Eta gero, lege hori betearazteko bitartekoak ez badira jartzen... Hor bai, esan zuten beharbada lan gehiago egin beharko luketela erakundeek, notarioek, abokatuek... Aldaketa horien guztien berri ematen eta zabaltzen.