Sailkatugabeak

“Mendi elkarteak federaziora hurbiltzea da gure erronka”

Gipuzkoako Mendi Federazioaren zuzendaritzan aldaketa izan berri da. Tolosako Oargi mendi elkarteko zazpi kide jarri dira gidari. Garbi dute zein den beraien helburua: "Federazioaren erronka da elkarteak federaziora hurbiltzea, eta elkarteen erronka da jendea mendira hurbiltzea. Federazioak egon behar du elkarteak koordinatzeko, eta ez beste gauza bat izateko. Elkarteek federazioaren erabakietan parte hartzea da gure nahia".

Laureano Urkiza da federazioko lehendakari berria; Juan Manuel Serrano lehendakariordea; Iñaki Blanco diruzaina; Eneko Elola idazkaria; eta batzordekide karguetan, Urtzi Kalonje, Iñigo Berasategi eta Egoi Muñoz daude. Serrano Oargiko lehendakaria da, eta azken urteotan federazioko zuzendaritzan izan da. Haren ustez, zuzendaritza berrian elkarte berekoak izateak eta elkar ezagutzeak abantailak ditu: "Beti errazagoa izango da federazioa ezagunen artean eramatea, eta ez lehen bezala, bakoitza eskualde eta elkarte batekoa, eta ia elkar ezagutzen ez genuela. Modu hori pluralagoa izan daiteke, baina oraingo modu honetara edozein gauza egiteko antzeko ideia gehiago izan ditzakegu".

Urkizak gaineratu duenez, egitasmoak gehiago mamitzeko aukera izango dute: "Eztabaida luzeagoa da. Gu hilean behin elkartzen gara irteera bat egiteko Pirinioetara. Bestalde, karguak hartu baino lehen, gure eztabaidak izaten genituen federazioaren inguruan. Hain justu, gure eztabaida nagusia izaten zen zeinen urrun dagoen federazioa mendizaleengandik eta, bide batez, elkarteengandik".

Federazioko zuzendaritzara ez zelako inor aurkezten hartu zuten hautagai izateko erabakia Oargiko kideek. "Elkarteek nahiko arazo dituzte jendea bilatzeko eta lana egiteko elkarteetan bertan, eta ez dute parte hartzen federazioan", dio Serranok. Elkarteei laguntza emateko izan beharrean, federazioa erakunde independente bihurtu dela esan du Serranok. "Elkarteekin harreman handirik ez du. Horrek ez du esan nahi horrela gertatzea nahi zenik. Jendeak nahiko kontu baditu bere bizitzan; lanaz aparte nahiko gauza ditu, eta ez du denbora edo gogo nahikorik parte hartzeko beste gauza batzuetan. Azkenean, horregatik ez du inork federazioan aritu nahi", azaldu du Serranok.

Federazioa "kudeaketa kontu bat" bihurtu dela dio Urkizak. "Mendizaleentzat zer da federazioa? Seguru bat, eta kito. Bide horretatik atera nahi dugu. Programa bat aurkeztu beharko da aurki egingo den batzarrean, eta ez dago gure esku bakarrik hori aurrera eramatea: ikusi behar da zer erantzuten duten elkarteek".

Bestalde, federazioa nola dagoen antolatuta ondo ezagutu behar dela eta elkarteetara ondo iristeko zer baliabide dauden ikusi behar dela esan du Urkizak. "Ez dugu nahi elkarteak batzar batera joatea eta erabakien berri izatea eta kito. Haiek ere erabakietan parte hartzea nahi dugu, proposamenak egitea, eta batzarrez aparte harremana izatea", adierazi du Serranok.

Arazoei erantzunak eman

Aurrera begira, mendi elkarteen arazo komunak aztertu behar direla esan du Urkizak. "Elkarteek harreman handiagoa izango balute, gauza asko lortu ahal izango genituzke", azaldu du Serranok. "Garraioaren aldetik, esaterako, autobus enpresa batekin hitz egin daiteke prezio hobeak lortzeko; eta aterpetxeen inguruan ere berdin, denon artean gauza gehiago egitea legoke". Mendi irteeren egutegi bateratuak egiteko aukera egon daitekeela ere esan du Urkizak.

Gazteek mendi elkarteetan duten parte hartzeak kezka sortzen die. "Gazte jendea non dago mendi elkarteetan? Zein gazteri sortzen zaio mendizaletasuna elkarteen bidez?", galdetu du Urkizak. "Egutegiak ez dira gazteentzat izaten, gehiago izaten dira jende helduarentzat". Gaur egun gazteek mila jarduera egiten dituztela dio Urkizak: "Eskia, amildegiak, ferratak, horiek denak batera, kobazuloak... Haientzat erakargarri izan behar dute jarduerek. Azken finean, larunbat gauekin lehiatzen ari zara". Elkarte askok horrelako jardueretan ez dutela sartu nahi esan du Serranok: "Zerbait gertatuz gero, agian elkartearen kontra salaketa bat izan daiteke, eta horren beldur izaten dira elkarteko arduradunak. Nahiago izaten dute beste jarduera batzuk antolatu, arrisku gutxiago izan ditzaketenak".

Oro har, federatuen kopurua handitzen ari da azken urteotan. Euskal Mendi Federazioan federatu gehien dituena Gipuzkoakoa da. 14.000 federatu inguru ditu; Bizkaiak, 8.000 eta Arabak, 6.000. Mendizaleak elkarteetara gerturatzeko, ikastaroak bide bat izan daitezkeela dio Serranok: "Elkarteek gehiago parte hartuko balute ikastaroak antolatzerakoan, batez ere oinarrizkoak antolatzerakoan, askoz jende gehiagorengana iritsiko lirateke. Elkarteak gertuago daude mendizaleengandik".

Ganbaratxoa

Ondo egindako teilatu baten garrantziaz aritu ginen lehengo egunean berriketan hiru lagun, badirelako berri-berriak egindako teilatu penagarriak etxerik dotoreenean ere.

Teilatu batek izan dezakeen garrantzia ulertzeko, itoginak ezagutu behar dira. Negu gogorrean, euria gogotik ari duenean, etxe barruan euri tantak entzutea ezinbestekoa da txapelaren beharra sentitzeko, ondo egindako txapela desiratzeko.

Etxea behetik gora egin behar dela dudarik ez badugu ere, goialdea osasuntsu mantendu behar urteak joan eta urteak etorri… Esaterako, badira bostehun urteko baserri eder askoak, horma sendoz eraikiak, baina horiek ere, teilatu berria behar gainontzekoa mantenduko bada. Teilatua behera badator, akabo baserria, nekez berriro biziberrituko den baserria…

Hiri handi eta ilun bati argia ematen dioten elementuak dira teilatuak. Behetik ikusi ezin badugu ere, pisu altu batetik hiriari begiratuz gero, koloreak antzeman daitezke, hiriaren taupada senti daiteke… Hasi gorritik eta beltz ilunerainokoak beha ditzakegu, batzuk berriak, gehienak zaharrak… Baina, erantzun honi: ez dakizula zein koloretakoa den zure etxearen teilatua?

Txikia nintzela, izebak aipatzen zuen hitz bat datorkit gogora: "Ganbaratxoa". "Estali ezazu ganbaratxoa, hoztu egingo zara eta". "Kontuz makurtzerakoan, ganbaratxoa mindu gabe"…

Gure herrian, gazteleraz ari garenean, ganbara hitza ganbarote bezala itzultzen dugu… Euskaraz ez dakienari sekulako grazia egiten dio hitz hori entzuteak… Hiztegian begiratu eta azaltzen ez dela ikustean, are eta handiagoa egiten digu guri!

Urteak aurrera egin ahala, "ganbaratxoari" garrantzia ematen hasten gara. Izan ere, gorputzak izan dezakeen min fisikorik arruntenetarikoa izango da ganbarak jasaten duena, pilula batek aise konpon dezakeena. Baina bestelako buruhausteak ere ematen ditu gorputzaren atal gorenak, pilulekin ezin konpon daitezkeenak. Etxeari teilatu berria egitea baino zailagoa da "ganbaratxoa" berritzea…

Ondo jantzitako makina bat ganbara ezagutzen ditugu, ilustratuak, kultuak… Gure inguruetako hainbat baserritakoak bezala: baba, intxaurra, urra… gainezka dituzten horietakoak.

Badira, ordea, hutsak daudenak ere, lizunduak, itoginez beteak, hautsez josiak… Horietakoak ugaltzen ari ote diren inpresioa daukat azkenaldian.

Ganbara hutsarenak egin du, baina zer litzateke betea eta ondo jantzia arimarik edo bihotzik gabe? Hutsaren pareko…

Zenbat etxe eraiki da azken urteotan gure herrietan, teilatu ederrekoak, ganbara ahulekoak eta batere bihotzik gabeak? Denborarekin lizunduko direnak, itoginez beteko direnak… Zenbat teilatu zaharretako ganbara sendori kendu diogu arima eta bihotza azkenaldian? Ganbara ahulak ondokoaren zoriontasunik desio ez…

Ipuinetako ganbarak ditut maite. Sagutxoak bizi diren horiek, kutxa sekretuak gordetzen dituztenak, haurrak ezkutaketan jolasteko aproposak direnak, maitaleak gordetzen direnekoak, traste zaharrez beteta daudenak, istorioz ederki hornitutakoak, urteak pasa arren arimarik galtzen ez dutenak…

Ondoko etxearen teilatu zaharra berritzen ari dira. Hotz egiten du etxe horretan, teilatua berritzeko lanetan tximinia geldi dagoelako, baina etxeko txikienen barre algarak entzun ditzaket nire etxetik, "Txiki, txiki, txikia… Handitzen handitzen, ari naiz handitzen…" amak kantatzen dien bitartean. Hipoteka ordaintzeko arazoak dituzte, baina badaezpada, azken txanponak teilatu berria egiten xahutu dituzte.

Turismoan urtea ondo hasi dela azaldu dute datuek

"Emaitzak onak dira". Urtarrileko bisitarien datuak aztertu dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiko turismo arduradunek, eta urteari begira iragarpen "baikorrak" egiten hasi direla azaldu dute. "Turismoak pozak emango ditu, eta lanpostuak eta aberastasuna l...

Aldaketak Lurraldebusen eta Dbusen erabiltzaileentzat

Orain arte Lurraldebus izan duten erabiltzaile gehienek txartel horrekin jarraitu ahalko dute hemendik aurrera ere. Dena den, 18 urte baino gehiago dituzten gazte txarteldunek, 65 urtetik gorakoek eta urritasunen bat dutenek frogatu beharko dute ez di...

“Ez zaizu etxera eskutitzik iritsi?”

Astegun buruzuria, 10:15. Donostiako Poliklinika ondoan dagoen geltokian gizon bat dago autobusaren zain, txakurra ondoan duela. Hori da bidaiaren abiapuntua; autobus eta trenean joan da Gipuzkoako Hitza, tarifa sistema berriari buruz garraio publikoaren erabiltzaileekin hitz egiteko. Hernanira jaisteko autobusaren zain dago Luis Gorrotxategi. Garraio publikoaren eta, batez ere, autobusaren ohiko erabiltzailea da, eta Lurraldebus txartela erabiltzen du ordaintzeko; ikusmen urritasuna duenez, orain arte hobari berezia egiten zioten garraio publikoa erabiltzerakoan. Orain, tarifa sistema berriarekin, diru sarreren arabera izango du hobaria. Horren berri ematen zion gutuna etxean jaso zuen. "Ziurrenik diru sarrerak gaindituko ditut, eta urritasunagatik nuen hobaria galduko dut. Kasu horretan, Mugi txartel arruntera pasako naiz". Urritasunen bat dutenen taldean sartuz gero, txartel arruntarekiko %108ko hobaria izango luke. Halere, sistema bateratua Gipuzkoan "aurrerapauso handia" izango dela uste du.

Adoracion Santacruz ere autobus geltokira iritsi da. Andoainera doa; ia egunero hartzen du autobusa, baina ez dauka Lurraldebus txartelik, eta ez du Mugi txartela ateratzeko asmorik ere.

Minutu gutxira iritsi da ospitaleetatik Donostia erdigunera doan 28. autobusa. Noizbehinkako txartela 1,55 euro kostatzen da. Astelehenetik aurrera, 1,60 euro balioko du; Mugi edo Lurraldebus txartelekin ordainduz gero, 0,88 euro kostako da gehienez.

Teresa Otxoa autobusean doa. Amaran bizi da, eta Donostiako hiri autobusaren erabiltzailea da; Lurraldebus txartela dauka. 65 urte baino gehiago ditu Otxoak, baina ez du hemendik aurrera Mugi txartelarekin izango diren aldaketen berririk. "Ez zaizu Lurraldebusetik etxera eskutitzik iritsi?", galdetu dio Mari Carmen Villastrigok, atzeko eserlekutik; hark badaki 65 urtetik gorakoei dagokien %108ko hobaria izateko lehenengo diru sarrerak frogatu behar dituela. "Nik dagoeneko dokumentuak aurkeztu ditut. Orain erantzunaren zain gaude". Dbus Donostiako hiri autobusaren txartela izan du orain arte Villastrigok, eta hori laster desagertu egingo da. "Gastatu arte erabiliko dut Dbus. Mugi txartel berria ere eskatu dut".

Autobusa jendez lepo iritsi da erdigunera. Ondoren, Euskotrenen geltokian ere mugimendu handia dago. Zarautzera joateko treneko noizbehinkako txartelak 2,20 euro balio du; astelehenetik aurrera, 2,30 euro ordaindu beharko da. Baina Lurraldebus edo Mugi erabiliz gero, 1,27 euro. Izan ere, Mugi edo Lurraldebus txartelarekin trena ere ordain daiteke.

Nagore Uranga eta Leire Esnal Oriora doaz trenez. Biak Donostian igo badira ere, Uranga Errenteriatik dator; Donostian tren batetik jaitsi eta beste batera igo da. Bi trenak Euskotrenenak direnez, Mugi txartelarekin ordainduko balu, bidaia merkeena ez luke ordainduko. Baina Urangak eta Esnalek urteko bonua daukate, eta oraingoz ez dute beste txartelik ateratzeko asmorik.

Irene Aizpurua eta Kontxita Arratibel ere tren berean doaz. Egunero egiten dute Usurbildik Donostiarako joan-etorria. Autobusa ere badute, baina trena erosoago egiten zaie. "Asteburuetan hartzen dugu autobusa, goizean goiz trenik ez dagoelako". Trenak maizago izatea gustatuko litzaieke. Hileko bonuarekin ordaintzen dute trena. Arratibelek Lurraldebus txartela ere badu autobuserako. 65 urte baino gehiago ditu, baina ez dauka informazio askorik; ez daki txartela aldatu behar duen edo ez.

Kontxita Letamendiak, aldiz, argi du Mugi txartela aterako duela. Donostiatik Zumaiara doa ahizpa bisitatzera, hamar bidaiako bonuarekin. "Dbus txartela dut, Donostiako autobusetarako; baina hori desagertu egingo da. Mugirekin trenak eta autobusak denak txartel berarekin ordainduko ditut". Josefina Urkidi bidaiariak bere kexa azaldu nahi izan du. "Txartel berriarekin Eibarreraino bakarrik ordain daiteke. Baina ni Zaldibarrera noa".

Autobusa, merkeago

Zarautzen trenetik jaitsi eta autobus geltokia nahiko gertu dago. 2,05 euro balio du Zarauztik Donostiara joateko txartelak; trenak baino 15 zentimo gutxiago. Tarifa sistema bateratuarekin ez da horrelakorik gertatuko; trena edo autobusa hartu, bi herriren arteko zerbitzuak prezio bera izango du.

Oriora doa Iñigo Aiertza. Aian bizi da, eta ez dago oso gustura autobus zerbitzuarekin; Aiatik Zarautzera eta Oriora jaisteko autobusak asko gutxitu dizkietela dio. Lurraldebus txartela dauka duela bost urtetik, baina Mugi txartel berria ere eskatu du. Leire Osa, berriz, Zarauztik Donostiara doa lanera. Ez du autobusa askotan erabiltzen, baina Lurraldebus txartela badauka: "Gutxi erabili arren, Lurraldebusekin egiten didaten deskontuak merezi dit". Usurbilen igo da autobusera Eunate Artola. Autobusaren eta trenaren ohiko erabiltzailea da. "Orain arte, bi edo hiru txartelekin ibili behar nuen. Deskontuak egiteko treneko eta autobuseko bidaiak kontatzea ere abantaila izango da".

Donostian, ospitaleetara igotzeko autobusa hartu, eta hor amaitu da bidaia. Hiru autobus eta tren bat hartuta, eskudirutan ordinduta, 7,35 euro kostatu da. Tarifa sistema berriarekin, garraio aldaketetan deskontu handia egingo dute; beraz, 2,98 euro kostatuko litzateke bidaia, Mugi edo Lurraldebus txartelekin.

“Hemen ez dago inprobisaziorik: lotuta izan nahi dute dena”

Bere etxeko leihotik begiratu, eta dena zuri-zuri ikusten du Leire Alcalak (Errenteria, 1990). Zuri eta altu. Bertako mendiak ez dira berde eta harri kolorekoak, elurrez gainezka daudelako. Bi mila metro baino gehiagoko mendiz inguratuta dago Austriako Vorarlberg estatu federaleko Bludenz herria; 14.000 biztanle ditu. Italia, Suitza, Alemania eta Liechtenstein arteko mugan dago, herrialdearen mendebaldean, eta Viena hiriburutik urrunen dauden herrietako bat da Austrian. Han ikasten eta irakasten ari da errenteriarra; alemana hobetzen, eta bi ikastetxetan gaztelania irakasten, hango ikasleen laguntzaile gisa nahiz eskolak ematen, gaztelaniaren praktikara bideratutako eskolak, batez ere.

Itzulpengintza ikasi zuen Alcalak, eta karrera bukatuta, beka bat eskatu, eta Austriara joateko aukera izan zuen. Ekainean izan zen hori; hortaz, hilabete gutxi batzuk daramatza Europa erdialdean. Baina igarri du bertakoak "oso atseginak" direla; "beharbada, euskaldunak baino irekiagoak". Izan ere, nabarmendu du atzerritarrak beti prest daudela laguntzeko; trenean, kalean, edozein tokitan hurbildu zaio jendea abegikor. "Nongoa naizen esaten diedanean, askok gaztelaniaz zerbait hitz egiten dakitela esaten didate. Saiatzen dira atzerritarrengana hurbiltzen".

Hori bai, kalean bizitza gutxi egiten dute. Eta horren falta sumatzen du Alcalak: "Herri txikia da ni bizi naizena, baina handietan ere antzera gertatzen da. Arratsaldeko seietan ez duzu ia inor kalean ikusten, apenas dagoen soinurik, tabernen atarietan ez da jenderik izaten. Horri aurre egitea kostatu zait. Errenterian, inolako planik egin gabe atera zaitezke, kalean afalduko ote duzun erabaki gabe, esaterako. Hemen inprobisazioak ez du tarterik: lotuta izan nahi dute dena". Alpeen erdi-erdian egonda, bertakoen ohiturek-eta mendiarekin harreman handia dutela zehaztu du, "turismoarekin eta eskiarekin lotutako jarduerekin. Oso barruan dute mendiarekiko harremana".

Euskara zabaltzen

Alemanarekin ondo moldatzen da Alcala, aurretik hizkuntza hori bazekielako. Baina Bludenz herria bakartuta dago, eta horko alemana oso berezia dela antzeman zuen hasiera-hasieratik. "Bertako dialektoan hitz egiten dutenean, gauza gutxi ulertzen ditut". Zenbait euskalkirekin gertatzen den antzekoa dela dio, hain zuzen ere.

Gaztelania eskoletan laguntzaile modura jardun arren, eta praktikarako irakasle izan arren, harro mintzo da errenteriarra esatean austriarrei euskararen berri eman diela: "Jolas antzeko batekin saiatu nintzen azaltzen Euskal Herria non dagoen, euskara zer den. Hori egiteko, Kataluniaren adibidea jarri nien, bertako asko Bartzelonan egondakoak direlako eta badakitelako Katalunian hizkuntza propioa dutela. Euskaraz hizketan hasi nintzaien, eta harrituta gelditu ziren; 'ez da deus ere ulertzen', esan zidaten". Izan ere, Austriako ikasleek uste zuten latinetik eratorritako hizkuntza izan zitekeela euskara, eta hori horrela ez zela ikusi zutenean, harrituta gelditu ziren. Xehetasunetan sartu gabe, euskara zer den azaldu nien". Hala, batzuek besteek baino gehiago, bertakoek Euskal Herriaren berri badutela esan du errenteriarrak, "gatazka politikoagatik edo turismoagatik, esaterako. Donostia oso polita dela esaten dute. Dantzen, kirolen—arraunaren— argazkiak ere erakutsi nizkien".

Ekonomiaz

Inguru aberatsa eta garestia da Bludenz herria, oparoa. Euskal Herriko ikuspegitik begiratuta bai, behintzat. Kafe batek hiru euro inguru balio duela azaldu du Alcalak, eta erosketak egitera joaten denean, hogei euroko billeteak oso gutxi irauten diola; "bi gauza erosi, eta dagoeneko billetearenak egin du". Argi utzi du, beraz, hangoen soldatak Euskal Herrikoekin alderatuta askoz handiagoak direla. "Bertako jende askok, esaterako, Liechtensteinen egiten du lan. Esan didatenez, 7.000 euroko soldatak omen dituzte, pentsa!".

Gainera, lana badagoela esan du Alcalak, krisiaren arrastorik ez dutela Austrian. "Espainiako Estatutik etorri den jende asko dago hemen lanean. Ingeniariak dira gehienak, eta azken hilabeteetan etorri dira. Kalifikazioko lanpostuak badaude, espezializatutako jendearentzat. Lan eskaintza badago", aditzera eman du.

Ondo bizi da Alcala Austrian. Gustura dago. Urtebeteko epea eman dio bere buruari gero zer egin nahi duen erabakitzeko. Sorterritik faltan dituenen artean, arrauna dago. Hibaika arraun elkarteko arraunlaria da, eta Interneten kideen estropadetako argazkiak-eta ikusten dituenean herrimina sentitzen duela dio; "pixka bat etsigarria bada hori". Hala ere, gimnasioan frustrazio horri aurre egiten dio, ergometroan, Errenteriatik hurbilago sentitzen delako arraunean.

“Baserritarrek ahalegin guztiak egin izan dituzte maiorazkoari eusteko”

Hitzez emakume baserritarren elkarteak hala eskatuta, oinordekotzari buruzko argibideak eman ditu Manu Barrenetxea abokatuak (Donostia, 1952). Nekazaritza gaietan lan egiten du gehienbat, eta aurreko astean Deban hitzaldi bat ematera gonbidatu bazuten ere, "berriketan" aritu zen bertaratu ziren baserritarrekin. "Zenbait puntu azaltzen hasi, eta gero galdera-erantzunen formatuan segitu genuen; oso interesgarria izan zen denentzat: haientzat nik esandakoa, eta niretzat haiek esandakoa".

Hitzez emakume baserritarren elkartekoek zuregana jo zutenean, zuk zertaz hitz egitea nahi zuten?

Bi gai aipatu zizkidaten. Alde batetik, oinordekotzari buruz, maiorazkoaren egoera zein zen, emakumearen egoera zein zen... Halakoez hitz egin nahi zuten. Bestetik, titulartasun partekatua izeneko legeari buruz jardun nahi zuten. 2011. urtean jarri zuten martxan Espainian. Motzean esanda, babestu egiten du baserriko martxa eramateko titularrak senar-emazteak erdi bana izatea. Orain arte, bat izaten zen titularra, eta bestea bigarren titularra. Gainera, berrikuntza bat ere badakar: bikotea bananduz gero eta demagun emakumeak baserria utzi behar duela, baserria uzten duenak zer eskubide dituen zehazten du legeak.

Zer eskubide aitortzen dizkio?

Emakume horrek —normalean emakumea izango da— baserri horretan egindako lanen ordainen bat jaso beharko lukeela dio legeak. Eta ordain hori kalkulatzeko, kontuan izan behar da zenbat urteko lana egin duen, zein den baserri horretako ustiapen balioa eta zenbateko lanorduak egin dituen; egun osokoa izan den edo egun erdikoa. Eta hori da dagoen berrikuntza.

Lege horretaz baliatzeko zer egin behar da?

Baldintza batzuk zehazten ditu legeak. Esaterako, errolda batean izena eman behar da, irabazi guztiek erdibana izan behar dute, baita diru laguntzek ere. Hala ere, Gipuzkoako Foru Aldundian galdetu dut lege berri honi buruz, eskaerarik jaso duten jakiteko, eta oraindik ez omen du inork eskatu ez Gipuzkoan, ez Bizkaian.

Eta aipatu duzun horrek ba al du zerikusirik testamentuen gaiarekin?

Emakume batek titular partekatua izanda, bere senarra bada maiorazkoa eta hiltzen bada, berak jarraitzeko eskubidea izango luke. Beraz, lotuta badaude.

Oinordekotzen inguruko legedia Kode Zibilak arautzen du, eta hori 1889koa da. Azken urteetan beste aldaketarik ezagutu al du?

1992. urtean aplikatu zen lege bat Gipuzkoan baserri mailan testamentua aldatzeko: testamentu forala. Hala, berreskuratu egin zen Foruen garaiko lege bat. Gaur egun, Nafarroan, Araban eta Bizkaiko zenbait tokitan indarrean dago lege hori: baserriko nagusiak badu aukera baserria seme edo alaba bakarrari uztekoa, era horretan baserriak irauteko. Bati uzteak, gainera, esan nahi du besteak ezer gabe utz ditzakeela, beste ondasunik ez badago. Beste ondasun batzuk baldin baditu, besteak banatu beharko lituzke denen artean. Lege hau berreskuratu bitartean, baserritarrek ahalegin guztiak egin dituzte baserria bakarrik bati pasatzeko, maiorazkoari eusteko.

Zer motatako ahaleginak?

Batzuetan, herentzia donazio bihurtuz lortzen zen baserria seme-alaba bakarrarentzat izatea; beste batzuetan, salmenta eginda... Baina orduan ezer gabe gelditzen ziren beste senideek erabaki horren kontra auzitara jo zezaketen, eta urte luzeetako borrokaren eta gastu handien ondoren, ahalegin hori ezerezean geldi zitekeen. Eta horrek baserri askoren porrota ekarri zuen. Beraz, lege honekin badago aldaketa bat. Gainera, lege honek dio maiorazkoa semea zein alaba izan daitekeela. Praktikan kostatu egiten da oraindik, zama kultural batzuek hor jarraitzen dutelako.

Legea bera al da baserrian ustiapena dagoenean edo baserriak etxebizitza zentzua bakarrik duenean?

Ustiapenik ez dagoen kasuan, foru legerik ez litzateke aplikatuko. Baserri ustiapenik egon gabe norbaitek testamentuan baserria seme-alaba bakarrari uzten badio, besteek horren kontra jotzeko aukera izaten segituko lukete.

Pertsona bat baserrira ezkondu eta han lana egiten badu, zer pauso eman behar ditu alargundu edo banatuz gero ezer gabe ez gelditzeko?

Debako hitzaldian aritu ginen horri buruz hizketan. Beharrezkoa da hitz egitea bai bikotekidearekin, bai haren gurasoekin —haiek badira baserriko nagusiak—, eta gauzak argi esatea. Gainera, harremana ona den bitartean egitea komeni da; hori da momentu egokia, eta ez gauzak okertzen direnean. Askotan uste dugu agiri bat egitea konfiantza falta dela, baina nik uste dut egin behar direla, eta gero eta gehiago egiten dira. Eta horretan egin beharko luke pertsona horrek indarra. Bikotekidearekin hitz egiten duena idatziz jaso. Hor gauza asko lotu behar dira: irabaziak, lanak, egoerak... Bananduz gero, bietako batek baserritik alde egingo du, eta halako agiri bat egitea ondo dago.

Eta nondik hasi?

Egin beharreko lehen gauza baserri horretan erroldatzea da. Ez itxaron, presarik ez dagoela esanez. Egoitzaren berri udaletxean eta aldundian azaldu behar da; arrastoak utzi behar dira.

Gipuzkoarrok Kode Zibila dugu, arabarrek, nafarrek... Foru Araua. Hango zerbait ekarriko al zenuke gurera?

Nafarroan, esaterako, ama edo aita batek posible du bere ondasun guztiak seme-alabak ez diren beste norbaiti utzi. Hori da desberdintasun nabarmena, eta zalantza ere hor dago, bietan zein den hobea.

Ondare kontuengatik familia askotan daude haserreak. Ba al dago arazoa ematen duen ezaugarri nagusi bat, arazo orokorren bat?

Testamenturik ez egiteak arazoak sortzen ditu, baita testamentua egin eta gero azalpenik ez emateak ere. Nik izan ditudan esperientzietan, testamentu bat egon denean eta senideak ondo konpondu direnean, zergatia galdetuz gero esaten dute testamentua eginda zegoela eta amak edo aitak banan-banan edo denekin batera hitz egin zuela hartutako erabakien arrazoiez. Azalpenik ez dagoenean, errezeloak egon ohi dira. Nik uste dut bi puntu horiek beteta arazo asko konponduko liratekeela.

Baserrian ala kalean, non sortzen da arazo gehiago?

Debako hitzaldian denok bat gentozen gauza batean: baserritarrak era batera ikusten du baserria eta haren balioa. Hark baserriaren morroi jotzen du bere burua, nahiz eta nagusia izan, eta kaletarrarentzat, berriz, baserria sekulako pagotxa da: asko balio duen ondasuna. Ikuspegi desberdina dago, beraz. Eta kaleko senideak eska dezake bere partea, eta dirutza eskatu.

Baserritarren artean, ba al dago eskaeraren bat legeari dagokionez?

Ez dut uste. Hala ere, Deban baserritarrek argi esan zidaten: gauza bat da eskubideak izatea, bestea eskubide horiek ezagutzea, eta gero, eskubideak gauzatzea. Eta esan zuten, adibidez, lege aldetik dauden aldaketen eta aukeren berri askorik ez dutela. Eta aurpegiratzen ziguten arlo juridikoan gabiltzan abokatu, notario eta halakoei ez dugula informazio handirik ematen. Esaterako, Gipuzkoako notaritza batzuetan baserritar bat testamentua egitera joan, eta batzuetan esplikatzen diotela bazela lege berri bat, eta berriz beste batzuetan ez. Eta hori esaten zuten: legea ateratzea ondo dagoela, baina gero lege horren berri ez bada ematen ia alferrikakoa dela. Eta gero, lege hori betearazteko bitartekoak ez badira jartzen... Hor bai, esan zuten beharbada lan gehiago egin beharko luketela erakundeek, notarioek, abokatuek... Aldaketa horien guztien berri ematen eta zabaltzen.

‘Balitzen hioa’, hitzez hitz

Antzerkia

Villabona

Korrika Kulturalaren eskaintzari lotuta, gaur Balitzen hioa ikuskizuna emango du Begiradak antzerki taldeak, Villabonan, Gurea aretoan. Ikuskizun horrek bertsolaritzan du abiapuntua. Lau bertsolariri proposamen bat egin zieten; nahierara, hitzen inguruan hainbat testu idazteko eskatu zieten, eta, gero, testu horiek haria balira bezala, ikuskizuna josi dute horiek erabilita. Ainhoa Agirreazaldegi, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdiren hitzak erabili dituzte.

Hitzaren inguruko gogoetak eta iruzkinak dira ikuskizunaren ardatza. Orotarikoak. Oroitzapenak daude: "Txikitan, liluratu egiten ninduten hitzek. Hiztegia nire territorio librea zen", oroitu da, esaterako, Ainhoa Agirreazaldegik. Galderak ere bai: "Edonork esan dezake edozer? Nola ulertuko dut orduan hitzek zer esan nahi duten?", itaundu du Maialen Lujanbiok. Baieztapenak daude: "Hitzak egin gaitu, eta, aldi berean, geuk sortzen dugu hitza", nabarmendu du Andoni Egañak. Eta umore zertzeladak ere badira: "Lehen, baziren bost duroko hitzak. Baina gero, zuloa egin zieten bost durokoei, eta gutxiago balio zuten", ondorioztatu du Uxue Alberdik. Jolaserako eta itzulinguruka ibiltzeko proposamena argia da, eta ildo horretan asmatu dute ikuskizunaren izena bera: Balitzen hioa. "Hitzen balioa aurkitu nahi genuen... eta hizkiak lekuz mugitu zaizkigu", esplikatu dute antzezlanaren egileek obra aurkezteko.

Hiru antzezle

Oholtza gainean, hiru lagun agertzen dira: Esti Curiel, Leire Ugarte eta Hodei Unzueta. Ikuskizuna Ainhoa Alberdik zuzendu du, eta Oskar Estangak jarri dio musika. Korrika Kulturalaren barruan, obra hau Tuteran (Nafarroa) eman zuten lehendabizikoz, otsailaren 21ean. Ordutik, Eskoriatzan eman dute, eta Santurtzin ere bai (Bizkaia). Gaur, Villabonan 22:30ean ikusi ahal izango da, eta bihar azken emanaldia izango da, berriro ere Bizkaian, Igorreko Lasarte antzokian, hain justu.