Gipuzkoako Mendi Federazioaren zuzendaritzan aldaketa izan berri da. Tolosako Oargi mendi elkarteko zazpi kide jarri dira gidari. Garbi dute zein den beraien helburua: "Federazioaren erronka da elkarteak federaziora hurbiltzea, eta elkarteen erronka da jendea mendira hurbiltzea. Federazioak egon behar du elkarteak koordinatzeko, eta ez beste gauza bat izateko. Elkarteek federazioaren erabakietan parte hartzea da gure nahia".
Laureano Urkiza da federazioko lehendakari berria; Juan Manuel Serrano lehendakariordea; Iñaki Blanco diruzaina; Eneko Elola idazkaria; eta batzordekide karguetan, Urtzi Kalonje, Iñigo Berasategi eta Egoi Muñoz daude. Serrano Oargiko lehendakaria da, eta azken urteotan federazioko zuzendaritzan izan da. Haren ustez, zuzendaritza berrian elkarte berekoak izateak eta elkar ezagutzeak abantailak ditu: "Beti errazagoa izango da federazioa ezagunen artean eramatea, eta ez lehen bezala, bakoitza eskualde eta elkarte batekoa, eta ia elkar ezagutzen ez genuela. Modu hori pluralagoa izan daiteke, baina oraingo modu honetara edozein gauza egiteko antzeko ideia gehiago izan ditzakegu".
Urkizak gaineratu duenez, egitasmoak gehiago mamitzeko aukera izango dute: "Eztabaida luzeagoa da. Gu hilean behin elkartzen gara irteera bat egiteko Pirinioetara. Bestalde, karguak hartu baino lehen, gure eztabaidak izaten genituen federazioaren inguruan. Hain justu, gure eztabaida nagusia izaten zen zeinen urrun dagoen federazioa mendizaleengandik eta, bide batez, elkarteengandik".
Federazioko zuzendaritzara ez zelako inor aurkezten hartu zuten hautagai izateko erabakia Oargiko kideek. "Elkarteek nahiko arazo dituzte jendea bilatzeko eta lana egiteko elkarteetan bertan, eta ez dute parte hartzen federazioan", dio Serranok. Elkarteei laguntza emateko izan beharrean, federazioa erakunde independente bihurtu dela esan du Serranok. "Elkarteekin harreman handirik ez du. Horrek ez du esan nahi horrela gertatzea nahi zenik. Jendeak nahiko kontu baditu bere bizitzan; lanaz aparte nahiko gauza ditu, eta ez du denbora edo gogo nahikorik parte hartzeko beste gauza batzuetan. Azkenean, horregatik ez du inork federazioan aritu nahi", azaldu du Serranok.
Federazioa "kudeaketa kontu bat" bihurtu dela dio Urkizak. "Mendizaleentzat zer da federazioa? Seguru bat, eta kito. Bide horretatik atera nahi dugu. Programa bat aurkeztu beharko da aurki egingo den batzarrean, eta ez dago gure esku bakarrik hori aurrera eramatea: ikusi behar da zer erantzuten duten elkarteek".
Bestalde, federazioa nola dagoen antolatuta ondo ezagutu behar dela eta elkarteetara ondo iristeko zer baliabide dauden ikusi behar dela esan du Urkizak. "Ez dugu nahi elkarteak batzar batera joatea eta erabakien berri izatea eta kito. Haiek ere erabakietan parte hartzea nahi dugu, proposamenak egitea, eta batzarrez aparte harremana izatea", adierazi du Serranok.
Arazoei erantzunak eman
Aurrera begira, mendi elkarteen arazo komunak aztertu behar direla esan du Urkizak. "Elkarteek harreman handiagoa izango balute, gauza asko lortu ahal izango genituzke", azaldu du Serranok. "Garraioaren aldetik, esaterako, autobus enpresa batekin hitz egin daiteke prezio hobeak lortzeko; eta aterpetxeen inguruan ere berdin, denon artean gauza gehiago egitea legoke". Mendi irteeren egutegi bateratuak egiteko aukera egon daitekeela ere esan du Urkizak.
Gazteek mendi elkarteetan duten parte hartzeak kezka sortzen die. "Gazte jendea non dago mendi elkarteetan? Zein gazteri sortzen zaio mendizaletasuna elkarteen bidez?", galdetu du Urkizak. "Egutegiak ez dira gazteentzat izaten, gehiago izaten dira jende helduarentzat". Gaur egun gazteek mila jarduera egiten dituztela dio Urkizak: "Eskia, amildegiak, ferratak, horiek denak batera, kobazuloak... Haientzat erakargarri izan behar dute jarduerek. Azken finean, larunbat gauekin lehiatzen ari zara". Elkarte askok horrelako jardueretan ez dutela sartu nahi esan du Serranok: "Zerbait gertatuz gero, agian elkartearen kontra salaketa bat izan daiteke, eta horren beldur izaten dira elkarteko arduradunak. Nahiago izaten dute beste jarduera batzuk antolatu, arrisku gutxiago izan ditzaketenak".
Oro har, federatuen kopurua handitzen ari da azken urteotan. Euskal Mendi Federazioan federatu gehien dituena Gipuzkoakoa da. 14.000 federatu inguru ditu; Bizkaiak, 8.000 eta Arabak, 6.000. Mendizaleak elkarteetara gerturatzeko, ikastaroak bide bat izan daitezkeela dio Serranok: "Elkarteek gehiago parte hartuko balute ikastaroak antolatzerakoan, batez ere oinarrizkoak antolatzerakoan, askoz jende gehiagorengana iritsiko lirateke. Elkarteak gertuago daude mendizaleengandik".