Sailkatugabeak

Etsitzea debekatuta dago

Esnatzea asko kostatzen zaio Iker Galani; egun batzuetan, ohi baino gehiago, edonori bezala. Hark, ordea, sendabide ezagunik ez duen gaitz degeneratibo bat du: mitokondria gaitz bat. Hori dela eta, gaitasun asko galduak ditu, eta loak hartzeak, esnatzeak eta gisako ekintza sinpleenak ere ahalegin handia eskatzen dio. Berari, eta bere gurasoei. Eguneroko borroka etengabean bizi dira halako gaitzak dituzten haurren senideak. "Lelo bat ere asmatu dugu, gure artean, sare sozialetan erabiltzen duguna", dio Ana Belen Martinez umearen amak: "Etsitzea, debekatuta".

Zeluletan eragiten dute mitokondria gaixotasunek, eta indarrik gabe utzi ohi dute gorputza. Bi hilabete eskas zituenerako antzeman zuten gurasoek haurra ez zela normal garatzen ari; martxoan beteko ditu 3 urte. "Halako eritasunek, oso txikitan agertzen direnean, eragin handiagoa izaten dute burmuinean, oraindik guztiz garatu gabe egoten delako", dio Martinezek. Ia egun batetik bestera, mitokondria gaitzetan aditu bihurtu da. Semeak nahikoa kaltetua du burmuina, eta ezin du hitzik egin. Ia ezinezko zaio mugitzea ere; buruari zuzen eusteak, esaterako, ahalegin berezia eskatzen dio. "Panpina bat bezalakoa da", azaldu du amak.

Ez da gorputzeko tenperatura egonkor mantentzeko gai, eta hipotermia edo sukar handiak izan ditzake edozein gorabeheragatik. Azken krisialdiaren ondoren, barre eta negar egiteko gaitasunak ere galdu zituen, eta oxigenoa eta bihotz taupadak kontrolatzeko aparatu bati lotuta dago une oro.

Esku bateko hatzekin zenbatu litezke halako kasuak Euskal Herrian. Barakaldoko (Bizkaia) Jon Francesen senideekin badute harremana, eta baita Espainiako beste hainbatekin ere. Abian dira zenbait ikerketa, sendabideren bat aurkitzeko asmoz, baina ez asko. Zaragozako (Espainia) Julio Montoya doktorea, adibidez, gaitzaren diagnosia hobetu nahian dabil. Sevillako Pablo de Olavide unibertsitatean (Espainia), berriz, sendagai bat patentatzeko helburuarekin ari dira lanean, eta aurrerapenak ere egin dituzte. "Bi urte daramatzate horretan, eta beste bi falta zaizkie proiektua amaitzeko", kontatu du Martinezek. Ikerketarako zeuden diru laguntzak, ordea, murriztu ez ezik, errotik moztu dituzte. "40.000 euro behar dira. Hortik entzuten diren zifrekin, huskeria", kexatu da, telebistari begira: "Tristea da, baina hori da errealitatea".

Proba batzuk ere ari dira egiten AEBetan, mitokondria zelulei energia egonkortzen laguntzen dien molekula batekin. Proba horiek inguruko ospitaleetara ekarri nahian ere ari dira, baina diru asko behar da halako bakar bat egiteko ere.

Keinu txikiak, laguntza handia

Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban laguntza gehiago izan ohi dutela dio Martinezek: "Beste leku batzuetako jendearekin hitz egitean, harrituta geratzen naiz: 'Baina hori ere kendu dizuete?'". Dena den, azkenaldian hasi dira haiek ere murrizketak nabaritzen; adibidez, osasun arloan.

Egoera zaila izanda ere, ez dira besoak gurutzaturik geratzekoak AEPMI Mitokondria Patologiadun Gaixoen Elkartekoak. Botiletako tapoiak biltzen hasi ziren lehenbizi, baina nahikoa etekin ateratzeko, lan asko dago egin beharra, Martinezek kontatzen duenez. "1.000 kilo tapoi bildu behar dira 250 euro irabazteko". Dena den, eskertuta dago jasotako laguntzagatik. Bergarako Udalak, esaterako, lokal bat utzi zien, tapoiak gordetzeko.

Orain, berriz, sakelako telefono zaharrak biltzen ari dira. Hainbat kaxa uzten dituzte han eta hemen, eta, gero, jasotako gailuak sakelakoak birziklatzen dituen enpresa batera bideratzen dituzte. Konfiantzazko enpresa bat dela dio, birziklatze prozesua Espainian egiten duena. "Ondo begiratu nahi izan dugu gauzak nola egiten dituzten; ez diet beste haur batzuei kalterik egin nahi nirearen alde egiteagatik". Teknologia gailuak ume txiroak lanerako erabiltzen dituzten herrialdeetara eramaten dituzten enpresez ari da. Badute inguruan laguntzeko borondatearen indarrez ari denik. Enpresa batek, esaterako, sakelako ugari biltzen dizkie, eta telefono dendetan ere lortzen dituzte dezente.

Orain gutxi, merkatu txiki bat ere antolatu zuten herrian, Martinezen ahizparen dendako jostailuekin. Itxi egin behar izan zuen saltokia, eta soberan zituen jostailuak atera zituzten kalera. "Dirua zertarako den jakiten duenean, beti erosten du jendeak zerbait", dio, esker onez. Bestelako egitasmo batzuk egitea ere badute buruan —kontzertu, gala eta antzekoak—, baina oraingoz ez daukate baieztatuta ezer berririk. Horiez gain, kontu korronte bat ere badute, zuzenean diruz lagundu nahi duenarentzat: "Badakigu nolakoa den egoera, baina, nahi izanez gero, lagun dezakegu. Hiru edo bost euroko laguntzak ere iristen dira. Laguntza txiki askok dena egin dezakete".

Jaiotzetik gaixo

Martinezek jaiotzetik ezagutu du semea eri, baina oroitarazi du edozein adinekin ager daitekeela. Pertsona helduagoetan agertzen denean, gehiago eragin ohi du gihar jakin batzuetan, garuna garatuta egon ohi delako. "Edozeini gerta dakioke, egun batetik bestera", ohartarazi du: "Zuri gertatzen zaizunean ohartzen zara nolako injustizia den. Baina pixkanaka onartu egiten duzu: beste bati gertatuta ere, berdin izango litzateke injustizia bat, ezta?".

Egunez egun, semea ahalik eta ondoena zaintzea da Martinezen eguneroko zeregina gaur egun. Kolpe gogorra da halako zerbait onartu beharra. Zeharo aldatu zaio bizitza: eguneko hogeita lau orduak semeari eskaintzen dizkio orain, ingurukoen laguntzarik falta ez zaion arren. Guztiarekin ere, ikasi du alde onei begiratzen. Alde horretatik, esan liteke 3 urteko semeak asko irakatsi diola: "Mundua beste modu batera ikusten dut orain; Ikerren begietatik ikusten dut bizitza".

Emakumeak ere zelaian

Duela bi urte, Hernanin emakume talde bat elkartu eta elkarrekin entrenatzen hasi ziren, errugbi talde bat sortzeko helburuarekin. "Aspalditik zegoen gogoa, baina ez zuten lortzen nahikoa emakume biltzea", azaldu du Nora Fuentes Hernaniko jokalariak (...

Andrazko artistak, kalera

Margolaritza kaleanOrdiziaMartxoaren 8an Emakumeen Nazioarteko Eguna izango da, eta, horren harira, ekitaldi ugari antolatuko dira datozen egunetan Euskal Herri osoan. Hitzaldiak, kultur arloko ekitaldiak eta mobilizazioak ere izango dira. Datorren os...

Ohorezko jokoaren jaia

Giro adeitsua nabari da Ordiziako eta Hernaniko errugbi jokalarien artean. Gehienek elkar ezagutzen dute, eta gogotsu agurtu dute elkar. Elkarrekin nahiz elkarren aurka jokatu izan dute. "Kalean ikusiz gero ere, elkarrekin tragoren bat hartu izan dugu", azaldu du Asier Alvarez de Eulate Ordiziako jokalariak. Ordiziako Altamira errugbi zelaian elkartuko dira bihar, 16:00etan, bi taldeetako jokalariak; Ampo Ordizia eta Hernaniren arteko derbian. Partida garrantzitsua izango da errugbizaleentzat. Gainera, jai giroan ospatuko dute eguna jokalariek eta zaleek, joan den azaroan Hernanin egin bezala. Ohorezko A Mailako partida horri buruz eta, oro har, errugbiari buruz hitz egiteko elkartu dira sei jokalari, Altamiran, derbia jokatuko duten leku berean: Hernaniko Igor Genua (Hernani, 1988), Jon Otxotorena (Hernani, 1987) eta Ekhi Aranburu (Hernani, 1992); bestalde, Ordiziako Joanes Aierbe (Ordizia, 1977), Asier Alvarez de Eulate (Ordizia, 1987) eta Iñaki Suso (Tolosa, 1983).

Derbiari begira, bakoitzak argi du non dagoen bere lekua. "Faboritoa Ordizia da; horrekin jokatzen jakin behar dugu, eta gure lana ahalik eta ondoen egin", aitortu du Hernaniko Ekhi Aranburuk.Ordiziak eta Hernanik, biek Ohorezko A mailan jokatzen duten arren, hernaniarrak igo berriak dira. Ordiziarrek zazpi urte daramatzate Espainiako Ligako maila gorenean; iaz Kopa irabazi zuten, eta Ligan txapeldunorde izan ziren. Joan den asteburuan Santboianaiaren aurka galdu ondoren, laugarren postuan dira ordiziarrak sailkapenean. Hernaniarrak, berriz, nahiko txukun hasi ziren arren, bolada txarra pasa dute; sei partida jarraian galdu dituzte, baina joan den asteburukoa irabazi egin zuten, Landaren, El Salvadorren aurka. Zelaira "ahal den guztia ematera" aterako direla azaldu du Ordiziako Joanes Aierbek: "Faborito moduan gu gaude. Baina konfiantza gehitxorekin ateratzen bazara eta aurkariak ere motibatuta etortzen badira… gaizki hasiz gero, buelta ematea zaila da".

Garrantzitsuena, esperientzia

Herriko eta inguruko jokalariekin osatuta dago Hernaniko taldea. Aurrerantzean ere klubak horrela jarraitzeko asmoa omen du. "Ez dago ez asmorik ez dirurik oraingoz Hernanira kanpoko jokalariak ekartzeko", dio Jon Otxotorenak. Ordizian badituzte hainbat atzerritar taldean, eta jokatzean antzematen da aldea. "Taldekideek antzematen dute, eta haien aurka jokatzen dugunok ere bai", gaineratu du Hernaniko Igor Genuak.

Atzerritarrek laguntzen dute, baina hori baino garrantzitsuagoa "esperientzia" dela azpimarratu du Alvarez de Eulatek: "Gu duela zazpi urte igo ginen Ohorezko A mailara, eta duela hiru urte arte, azken partidetan lortu genuen mailari eustea. Ikaragarri sufritu dugu, maila galtzeko arriskuan egon garelako; bat-batean, bigarrenak gelditu ginen. Beste eskarmentu eta esperientzia bat dugu orain; ikasi egiten duzu erritmo horretan jokatzen".

Genuak ere aitortu du partida batzuk galdu dituztela maila gorenean lehen urtea dutelako, esperientzia faltagatik: "Lehen, akats bat egiteak ez zuen hainbesteko garrantzirik, baina orain aurkariek ez dizute ezer barkatzen", azaldu du.

Batzuk mailaz igo berriak direnez eta besteak Kopako txapeldunak eta Ligako txapeldunordeak, itxaropen desberdinak dituzte. Beren buruari helbururik ez diotela jarri azaldu du Ordiziako Aierbek: "Poliki-poliki hazten joan gara, baina presioa klubetik baino gehiago herritarrengandik antzeman dugu. Badirudi behin txapeldun izan garelako hurrengo urtean ere lortu behar dugula. Baina besteek ere jokatzen dute". "Denboraldia hasten zenean, mailari eutsiko genion galdetzen ziguten lehen; orain, zer irabaziko dugun, Kopa edo Liga", gaineratu du Alvarez de Eulatek. Lana ondo egiten ari direla pentsatzen du Aierbek: "Kluba lasai dago, hasieratik apustu onak egin direlako. Gure helburua ahalik eta ondoen jokatzea da. Gero, zerbait badator, ongi etorria izango da".

Hernaniarrak helburu horietatik urruti daude: "Mailari eustea" eta "ikastea" da xedea. "Denboraldi hasieran jendea asko emozionatu zen, baina denborak jarri du bakoitza bere tokian", nabarmendu du Aranburuk. Oraindik partida batzuk irabazi eta "ezusteko pare bat" emango dituztela uste du Genuak.

Zelaia, urez beteta

Errugbi zelaiarekin ere izan dituzte gorabeherak. Hernanin, euriteekin ibaiak gainezka egin, eta behin baino gehiagotan urpean gelditu izan zaie Landare. Urtero izaten dituzte arazoak, eta aurtengo euriteekin, areagotu egin dira. Horrelakoetan, entrenatzera Zubietara joaten dira, eta partidak Donostian jokatzen dituzte, Bera Bera taldearen zelaian. Beste urte batzuetan Zarautzen ere jokatu izan zuten. Aldaketa horiek arazoak eragiten dituztela azaldu du Genuak, beraien laneko errutinak ere aldatu egiten baititu. "Behintzat jokatzeko bi zelai ditugu". "Eta arropa garbia", gaineratu du Aranburuk.

Ordiziakoek belar artifizialeko zelaian jokatzen dute azken hiru urtean: Altamiran. Alde horretatik, urte guztian "kalitatezko entrenamenduak" egin ditzakete. Halere, Trebijano zelai zaharraren falta sumatzen dute. Hala azaldu du Alvarez de Eulatek: "Geu bakarrik geunden, eta oso erosoa zen; orain futbolekoekin eta atletsimokoekin batera gaude". Aierbek ere " xarma" bazuela dio, "jendea oso gertu zegoen...".

Errespetu handiko kirola

Beti izan du errugbiak kirol gogorraren ospea. "Partida bat lehen aldiz ikustean badirudi sekulako zartakoak eman eta jasotzen ditugula, baina, kirola jarraituz gero, konturatzen da nolako errespetua zaion arbitroari eta arerioari", azaldu du Genuak. Sarri errugbia saltzeko modua "bi talde mutur joka" aritzea izan dela uste du Aierbek. "Baina pixkanaka aldatzen ari da hori ere". Errugbiaren ikuskizunak jendea erakarri egiten duela ere uste dute. "Ulertu edo ez ulertu, behin partida bat ikusi, eta ia astebururo etortzen dira batzuk; erakarri egiten du", adierazi du Susok. Izan ere, hankaz gora erortzea "ikusgarria" izan daiteke. Baina haiek zelaian ez dira horretaz jabetzen. Minik ez hartzeko, erortzen jakitea "teknika" kontua da.

Beste kirol batzuekin alderatuta, proportzioan lesio larri gutxi izaten direla diote. "Gutxi gorabehera, parez pare ibiltzen gara lesioetan futbol jokalariak eta gu", azaldu du Alvarez de Eulatek. "Kolpeak izaten ditugu, aurpegia urratuta ere bai, baina horiek ez dira larriak", gaineratu du Otxotorenak; "txapakoak", erantzun diote besteek. Askotan lesio larrienak era "tontoenean" heltzen direla diote. Ordiziako Susok kontatu du, esaterako, aurten bi lesio larri izan dituztela taldean; "batek berak bakarrik jauzi egiten hartu zuen mina".

Errugbiak trasmititzen dituen balioak ere kirol horren filosofiaren erakusgarri dira. Ez dela kirol baztertzailea esan du Aierbek: "Txikiago, handiago, potoloago edo mehago izan, denek dute lekua errugbian". Laguntasuna eta errespetua ere garrantzitsuak dira, "taldekideen artean eta baita aurkariarekiko ere". Balio horiek landu egiten dituztela gaineratu du Alvarez de Eulatek: "Entrenatzaileak beti erakutsi digu balio horien garrantzia".

Idatzi gabeko arau horiek denek errespetatzen dituzte. Horien barnean sartzen da errugbiko hirugarren denbora ospetsua ere. Partida amaitutakoan, bi taldeetako jokalariak elkarrekin joaten dira zerbait jatera; emaitza dena delarik ere, hala egingo dute bihar ere. Umetatik erakusten zaie ohitura hori. "Errugbian lehen entrenamendura etorri nintzenean, amaitutakoan, patata frijituak, kakahueteak, edariak eta beste eman zizkiguten. Harrituta geratu nintzen; errugbian jarraitzeko arrazoietako bat hori izan zen. Harremanak sortzen asko laguntzen du", azaldu du Genuak.

Errugbirako zaletasuna aspalditik dago Ordizian eta Hernanin; halere, azken urteetan gorakada nabarmena antzeman dute. Maila gorenera igotzeak asko eragin zuen herriko zaletasunean. "Herritarren babes handiagoa dago, errugbi eskolan mutiko gehiago daude, eta errugbi giroa berriro pizten hasi da", adierazi du Aierbek. Igoerak errugbia gehiago ezagutarazteko ere balio izan du.

Hernani Ohorezko Mailara iaz igo bazen ere, duela urte batzuk ere maila horretan jokatutako taldea da, 1977. eta 1987. urteen artean. Urte horietan lau aldiz izan ziren txapeldunorde. Errugbiari oso lotuta egon den herria izan den arren, urte batzuetan beherakada antzeman dutela azaldu du Genuak. "Baina azken urteetan berriz errugbi giroa berpizten ari da, oinarriko lana pixkanaka lantzen ari baitira". Iaz, mailaz igotzeko zeudenean, eta aurten, maila gorenean, partidetara jende gehiago joaten dela nabari dute.

Zale aldetik, nagusi

Zaletasunari dagokionez, ia kirol nagusia da errugbia bi herrietan. "Zaila da futbolarekin lehiatzea, baina herritar gehiagok jarraitzen dute errugbia", dio Aierbek. Ordizian ezezik, taldea Goierri osora zabaltzeko ere lan handia egin dute; errugbi taldeak eskualdeko eskoletan egiten duen lana da horren erakusgarri. Horietan dago harrobiaren etorkizuna.

Oro har, 1.000-1.500 zale inguru joaten dira bi taldeen partidak ikustera; halere, partida berezietan kopuru horiek txiki geratzen dira. Duela bi urte La Vila taldearen aurka jokatutako partida gogoan du Alvarez de Eulatek: "Ia 3.000 pertsona etorri ziren. Lehen aldiz bigarren geratu ginenean izan zen. Azken partida zen, jai txiki bat zegoen antolatuta, eta oso eguraldi ona egin zuen. Dena gure alde genuen". Hernaniarrek, berriz, iaz mailaz igotzeko jokatu zituzten kanporaketak aipatu dituzte; Ciencias Cajasolen aurkako partidan, 2.000 pertsonatik gora bildu ziren. Azaroan Ordiziaren aurka jokatu zutenean ere, jendetza izan zen.

Hernanin eta Ordizian dagoen zaletasun hori ez dute ikusi beste hainbat lekutan. Adibide bat jarri du Susok: "CRC Madrilgo taldeak liga irabazi zuenean, 300 ikusle egongo ziren". Hemengo zaleak, berriz, asko mugitzen direla adierazi du Aierbek: "Badira Madrilera edo Valladolidera partida ikustera egunpasa joaten direnak; leku horietan pasa izan zaigu ia Ordiziako ikusle gehiago egotea". Biharkoan ez dute hain urrutira joan beharrik izango bi herrietako zaleek errugbiaz eta kirol horren inguruko jaiaz gozatzeko.

Bazkide, Ordizian.

Errugbirako zaletasun handia dago Gipuzkoako hainbat herritan. 1.047 bazkide dituzte Ordiziako taldean, eta 920 Hernanin. Horiez gain, Donostian, Zarautzen, Eibarren, Arrasaten eta Irunen ere badituzte taldeak. Lasarten duela gutxi sortu dute berriro.

4.800. Gipuzkoako zahar etxeetako langileak.

Itunpeko lekuak eskaintzen dituzten Gipuzkoako zahar etxeetan eta eguneko zentroetan 4.800 langile ari dira gaur egun lanean. Emakumeak dira gehienak: %91. Horien lan baldintzak hobetzeko ari dira negoziatzen sindikatuak patronalarekin.

“Ohikoa da 60 ordutik gorako lanaldiak egitea”

Gaztea izan arren, urteak daramatza Sergio Carbajok (Donostia, 1985) munduan barrena. Ikasketak bukatzen aurrena, eta lan txikiak egiten gero; gaur egun Boston du bizitoki (AEB), baina, hara iritsi arte, munduko txoko asko ezagutu ditu.

Goi Mailako Telekomunikazio Ingenieritza ikasketak egin zituen Donostiako Tecnunen, Nafarroako Unibertsitateko Ingenieritza Eskolan. Ikasketa horiek bukatzen ari zela atera zen lehen aldiz atzerrira, 2008. urtean: Austria izan zen lehendabiziko jomuga. "Azken seihilekoa kanpoan bukatu, eta nire aleman kaxkarra hobetzea zen helburua". Austriatik Hernanira bueltatu beharrean, ordea, Coloradora (AEB) egin zuen jauzi.

Ikerlari aritu zen lanean, eta hango unibertsitatean bukatu zituen Ingenieritza Elektriko eta Informatikako Master Zientifikoko ikasketak. "Coloradokoa izan zen ikerkuntza sailean nire ibilbide profesionalaren hasiera, laser eta fisika arloan". 2009. urtean, proiektua aurkeztu eta ikasketa tituluen bila itzuli zen etxera. Baina maletak desegiteko ia denborarik hartu gabe itzuli zen Coloradora, ikasketekin jarraitzera. "Coloradon egondako hiru urteetan bidaia asko egin ditut, ia hilero, batez ere Ipar Amerikara, hitzaldiak eta kolaborazioak egitera".

Etengabeko joan-etorri eta lan horietan buru-belarri murgilduta zebilela jaso zuen bere biziko eskaintza Bostondik.

Ikerkuntza lanak

Bostongo Massachusetts Institute of Technlogytik bertako ikerkuntza talde batean sartzeko aukera eskaini zioten Carbajori. Kontratua eskuetan zuela, lanean hasi aurretik, ordea, sei hilabeteko atsedenaldia hartzea erabaki zuen; ez etxera itzultzeko, gehiago bidaiatzeko baizik.

Ipar Amerikan eta Karibe inguruan ibili zen gehienbat. "Tobagoko herrixka txiki batean pasatu nituen bi hilabete, Charlottevillen. Lehen ere askotan egona nintzen bertan, urpekari gida eta monitore gisa lanean. Kostalde horretan, Karibe itsasoko ur epelen eta Ozeano Atlantikoko ur hotzen nahasketak urpeko bizitza ikusgarria sorrarazten du".

Atsedenaldiaren ondoren, 2012ko ekainaren 1ean, Bostongo ikerketa zentroan jarraitu zituen doktoretza ikasketak. Sergio Carbajoren lanak kokagune bikoitza du gainera: bata, AEBetan, eta bestea, Alemanian. "Denbora gehiena Bostonen pasatzen dut, baina noizbehinka Alemaniara joaten naiz, gehienez bi edo hiru asterako". Tarteka, gainera, eskolak hartu eta eman behar izaten ditu bere laneko jardueran. "Beraz, agenda aurki betetzen zait".

Potentzia eta energia handiko laserrak diseinatu eta eraikitzen lan egiten du Carbajok, ikerlari moduan. Laser horiek medikuntzarako eta industriako hainbat arlotarako erabiltzen dira.

Urruti bizitzera ohitua

Carbajo berehala ohitu da AEBetako bizimodura. "Hemengo bizimodua oso Mendebaldekoa da; beraz, ez da hain desberdina. Gainera, onerako edo txarrerako, Ameriketatik datorren guztia aspaldi kontsumitzen dugunez, ia ezer ez da arrotza egiten".

Hala era, desberdintasun nabarmen batzuk ere sumatzen ditu Carbajok; lan munduan, adibidez. "Bostonen ohikoa izan daiteke langileek astean 60 ordutik gorako lanaldiak egitea, askok lanbidearen inguruan antolatzen baitute bizimodua. Ez dago euskaldunon bizipoza alderatzerik".

Bestalde, Boston milaka aukera eskaintzen dituen hiria omen da. "Herrialde osoko unibertsitate eta eskola hoberenetarikoak eskutara edukita —MIT, Harvard eta Berkeley, esaterako— erdigune kultural eta intelektual garrantzitsua da". Charles ibaia eta itsasoa ere hortxe dauzka: "Eta udaran ia egunero joaten naiz ikerketa zentroko belaontziren batean nabigatzera, bazkaldu eta gero siesta egin beharrean".

Bizi-kalitateari dagokionez, bada aldea: "Politika sozialetan oso kaskar dabiltza AEBak; beraz, hezkuntza eta osasun zerbitzuak norbere patrikaren araberakoak dira, eta horrek klaseen arteko aldea areagotu besterik ez du egiten hemen".

Amerikarrak oso usadiozaleak iruditzen zaizkio Carbajori, batez ere aberri kontuetan; Independentzia Eguna eta Eskerrak Emateko Eguna deituetan, adibidez, herrialde osoa batzen omen da, arrazak eta joera politiko edo erlijiosoek eragindako bereizketak baztertuta. "Elkartu bai, baina Euskal Herriko pintxo-poteo eta antzekorik ez dago hemen. Koadrilarekin tabernaz taberna patxadaz ibiltzea... Horrelakorik ez dago beste inon. Euskal Herriko bizitza soziala gero eta bitxiagoa iruditzen zait", adierazi du.

Urruti dagoenez, aurkako sentimendu asko nahasten zaizkio Carbajori: herrimina, familia eta lagunekin geratzeko gogoa alde batetik, eta kanpokoa ezagutzeko premia bestetik. Familiari eta lagunei denbora gutxi eskaintzea sarri gogorra iruditzen bazaio ere, erronka pertsonal eta profesionalak dakarren ahalegina hausnartu, eta distantziaren mugetara egokitzen ikasi du.

‘Swap’, angulak eta enpresak

Azken asteetan argitara atera diren zenbait berriren inguruan egiten dugun hausnarketa jakitera eman nahi dugu adierazpen hau sinatzen dugun gizarte eragileok. Errauste plantaren finantzaketarekin lotutako swap-a, finantzaketa lotu izana ospatzeko ard...