Gaur egun arte, lau urtean behin botoa ematera mugatu izan da, gehienetan, herritarrek erakunde publikoen jardunean eragiteko duten ahamena. Azken urteetan, ordea, gero eta gehiago entzuten dira parte hartze politiken beharra azpimarratzen duten diskurtsoak, herritarren zein erakundeen ahotik. Diskurtsotik harago, herritarren "eskubidea eta betebeharra dena praktikan jartzeko bideak" ireki nahi ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, udalen arteko Herritarrekin sarearen bidez. "Geure bizitzaz eta herrietan gertatzen denaz jabetu behar dugu", foru aldundiko Herritarren Partaidetzarako zuzendari Arantza Ruiz de Larrinagaren hitzetan: "Herri boterean oinarritutako gizartea nahi genuke. Badakigu oso urrun gaudela, baina horretarako jartzen ditugu martxan parte hartze esperientziak, sistema politikoa eraldatzen joateko".
2001ean egin zituen Europako Batasunak parte hartzeari buruzko lehen gomendioak, eta horiek erreferentziatzat hartuz onartu zuten Gipuzkoako Foru Araua, 2010eko uztailean. Bertan, "ezinbestekotzat" jotzen da erakundeak "partaidetzarako beste modu batzuetara zabaltzea, sistema demokratikoa aberasteko". Araua bera esparru gisa "ondo" dagoela onartu arren, EAJren gobernuak egindakoa "beharragatik" egin zuela uste du Ruiz de Larrinagak: "30 urte goitik beherako gobernatzeko modu batean igaro ondoren, lidergoa galtzen joan ziren, eta horretaz ohartu zirenean jarri zuten mahai gainean parte hartzearen gaia".
2011ko maiatzeko udal eta foru hauteskundeen ostean etorri zen, kopuruari dagokionez behintzat, parte hartze prozesuen gorakada. 2007 eta 2011 arteko legegintzaldian, 30 parte hartze esperientzia gauzatu zituen foru aldundiak. Herritarrekin sarea martxan jarri zenetik, berriz, 130 prozesu baino gehiago izan dira urtebetean, 77 udalekin lankidetzan. 527.000 euro eman ditu horretarako foru aldundiak; gehienak, udalek bultzatutako prozesuak laguntzeko, baina izan dira herri eragileen ekimenez abiatutakoak ere.
Hainbat udaletako hautetsi eta langileek parte hartu zuten, elkarrekin, sarea bera sortzeko prozesuan, iazko urtarril eta martxo artean. "Hori egiteko modua ere ezberdina izan da", nabarmendu du Ruiz de Larrinagak. Herrien arteko koordinazio gune baten beharra nabaritu zuten, esperientziak trukatu eta trebakuntzan sakontzeko. Izan ere, barne mailako lan hori oso garrantzitsua da foru aldundiko Herritarren Partaidetzako zuzendariarentzat: "Teknikariak, adibidez, erraztaile bihurtu behar ditugu, herritarrentzat ez baizik herritarrekin lan eginez".
Koordinazio batzorde bat ari da iraunkorki lanean, baina bi topaketa ere egin dituzte jada. Donostian egin zuten lehena iazko ekainean, eta legegintzaldia hasi zutenetik garatutako esperientziak —aurrekontu parte hartzaileak, galdeketak, herriko eraikinak berrantolatzeko prozesuak...— trukatu zituzten 30 udaletako ordezkariek. Joan den otsailaren 1ean elkartu ziren bigarrenez, Hernanin, 48 udaletako hautetsi eta teknikariak. Aurrez, ordea, hainbat hausnarketa saio egin zituzten, euren herrien biztanle kopuruaren arabera banatuta. Horrela, parte hartzaileek berek egin zituzten aurkezpenak, denen artean galdera bati erantzun nahian: nolakoa izan behar du herri baten parte hartze sistemak herritarren boteretzea lortzeko?
Zailtasunen gainetik, aurrera
Ruiz de Larrinagak aitortzen du ez dutela erantzun osorik. Gainera, aurrera egiteko zailtasunak ere badaudela dio: adibidez, erakundeen egitura. "Oso zaharkituak daude; funtzionamendua ez da egokiena", dio. Erakundeetako politikaren "prestigiorik eza" ere bada oztopo bat, baina Gipuzkoan egoera berezia dela gogoratu du: "Jende ezberdin eta berri mordoa iritsi da erakundeetara. Legez kanporatzeen ondorioa izan da, baina parte hartzearen ikuspegitik badu bere alde ona".
Zailtasunak zailtasun, argi du udalerri bakoitzak erabaki behar duela zein diren haien errealitatera ondoen egokitzen diren mekanismoak. Oro har, ordea, "etengabea eta zeharkakoa" izan behar du sistemak. "Hainbat gauza egin behar dira aldi berean eta iraunkorki", dio Ruiz de Larrinagak. Bide horretan, ezinbestekotzat du baliabideak eskaintzea —horretara bideratutako diru laguntza berriak laster onartzea espero dute—, trebakuntza ematea, elkarlana bultzatzea eta herritarrei informazioa eskuragarri jartzea.
Laster Herritarrekin sarearen webgune berri bat aurkezteko asmoa ere badute, herri guztietako parte hartze prozesuak mapa batean bildu eta parte hartzaileei informazioa eskura jarriko diena. "Borondatea izanez gero, aurkitzen dira bideak", dio.