Sailkatugabeak

Zarataren Legeak bete dituen urteak.

2003an sartu zen indarrean 37/2003 Legea, azaroaren 17koa, zaratari buruzkoa. Espainiako Estatuko legea da. Helburu nagusiak kutsadura akustikoa saihestea, gutxitzea eta horren inguruko ikuskatzeak egitea dira.

Mozorrotuen kalejira

Inauteriak

Donostia

Donostiako inauterietako desfilea, azkenean, igandean egingo da erdialdeko kaleetan. Joan den asteburuko eurite, haize eta eguraldi txarraren ondorioz, bertan behera geratu ziren larunbatean eta igandean Donostiako kaleetan egitekoak ziren inauterietako desfileak. Halere, hiriburuko konpartsetako kideek azken hilabeteetan prestatu dituzten mozorro, karroza eta ikuskizunak Donostiako kaleetan erakusteko aukera izango dute igandean. Horrela erabaki zuten Donostia Festak erakundeak eta konpartsetako kideek egindako bileran.

17:00etan abiatuko da desfilea igandean Bulebarretik, eta Hernani, Askatasunaren Hiribidedea, Urbieta, Prim, Bergara, Idiakez, Gipuzkoa plaza eta Legazpi kaleetatik igaroko dira,eta gero berriz Bulebarrera itzuli. 25 konpartsetako kideek parte hartuko dute erakustaldian: Aitor ikastola, Alaia, Alegria de Alza, Betiko Zuhaitz, Eureka, Fama, Furius, Gurera, Ilae, Intxaur Txiki, Kaos, Karmelo Txiki, Lagun Artea, Mi Nuevo Potosi, Mundo Nuevo, Mystic, Odissey, Santa Barbara, Show Time, Tantai Loiolako Konpartsa, Thamessis, Toxic, Trumoiak, Txasiss eta Zuhaitzak. Beraz, joam den astean parte hartzekoak ziren konpartsa guztiak izango dira, bi izan ezik: Boveda eta Denok Taldea.

Donostiako erdigunean ez ezik, Trintxerpen ere ospatuko dituzte inauteriak asteburuan. Larunbata arratsaldean eta igande goizean, Trintxerpeko kaleetan ibiliko dira konpartsak, igande arratsaldean Donostiako erdigunera joan aurretik. Berez, larunbatean eta igandean, arratsaldez atera behar ziren Trintxerpen, baina erdiguneko desfilearen egun aldaketaren ondorioz, igandean goizean irtengo dira.

Datorren astean, Altzan

Donostiako erdiguneko desfilearen ondorioz, Altzako inauterietan ere aldaketak izango dira. Igandean egitekoa zen inauterietako piñata astebete atzeratuko da, eta datorren igandean, hilaren 24an egingo dute. Asteburu horretan, Altzan ez ezik, Donostiako Bidebietan ere ospatuko dituzte inauteriak. Datorren larunbatean, hilaren 23an, dozena bat konpartsa elkartuko dira auzoko kaleetan.

“Euskaraz bizi ahal izateko borondatea ezinbestekoa da”

San Telmo museoa eraberritu zutenetik, hango arduradunek argi zuten euskarari erakusketa bat eskaini nahi ziotela; euskarari erakusketa bat zor ziotela. Ideia horri tiraka, iazko azaroaren erdialdean ireki zuten Badu, Bada: euskara mundu eleanitzean erakusketa. Etxepare Institutuak eta San Telmo museoak elkarlanean egindako proiektu erraldoia izan da. Erakusketa bizia, askotarikoa eta berezia prestatu dute, hiru hilabetean 14.000 bisitaritik gora jaso dituena. Erakusketa bukatzeko egun pare bat besterik geratzen ez denean, Aizpea Goenaga Etxepare Institutuko zuzendari eta erakusketako eragile eta koordinatzaileak oso balorazio ona egin du.

Nola sortu zen Badu, bada erakusketa, hain parte hartzailea, hain berezia?

Zehatz-mehatz ezin dizut esan nork erabaki zuen hala egitea; ideia eta proposamen askoren elkarketa izan zen, baina hasieratik argi izan genuen erakusketa askotarikoa nahi genuela, euskara bera bezalaxe, askotarikoa, aberatsa. Horregatik, hainbat ikuspegi eskaintzen ditu erakusketak, euskaraz bizitzeko, eta euskara bizitzeko modu asko daudelako.

Mezu, datu eta gune ugarirekin, bisitariaren parte hartzea zenuten helburu; lortu duzue?

Bai, ederki lortu ere. Badu, bada oso erakusketa probokatiboa da. Ni San Telmo museoan izan naizen aldi oro lagun kuadrillak ikusi ditut han eta hemen erakusketa berari buruz edo erakusketan irakurri, ikusi edo entzundako daturen baten inguruan eztabaidan, solasean, eta hori oso ona da. Euskararen inguruan eztabaida eta gogoeta sorrarazi du erakusketak jendartean.

Hiru hilabetean, 14.000 bisitariren muga gainditu du, gainera...

Bai, ez dakit zergatik, baina momentu egokia izan da, eta asmatu dugula uste dut, bai garaiarekin eta bai formatuarekin ere. Oso harrera ona izan du, eta nik jaso ditudan balorazio guztiak onak izan dira. Berez, oso erakusketa aberatsa da, alor askotako pertsonen ekarpenek ere asko osatu dute, eta jendeari izugarri gustatu zaio hori. Amaitzen ez den erakusketa da Badu, bada, bisita bakarrean ezinezkoa baita guztia barneratzea; egunaren eta konpainiaren arabera ere aldatzen dira mezuak.

Behin baino gehiagotan ikusi beharreko erakusketa da, beraz?

Nik baietz esango nuke. Sarritan izan naiz han, eta niri gertatutako bitxikeria txiki bat kontatuko dut, nolako ikuspegi ezberdinak sorrarazten dituen azaltzeko. Mexikon bizi diren bi lagun astrofisikorekin egin nuen bisita erakusketara, behin. Lagunetariko batekin euskal hiztunen datuak komentatzen ari nintzela, bigarren laguna, hiztun kopurua islatzen zuen dorrea koskaz koska zenbatzen ari zela ohartu nintzen. Erakusketak ematen zituen datuetan, koska bakoitzak zortzi biztanleren datuak erakusten zituela kalkulatu zuen lagun zientzialariak... Hortik abiatuta, pentsa zenbat txoko dituen, eta zenbat irakurketa egin daitezkeen.

Ia berrogeita hamar jarduera antolatu dira Badubatzen atalaren barnean, erakusketaren osagarri, ze garrantzia izan dute ekimen horiek?

Hasieratik nahi izan genuen euskararen inguruko erakusketa berezi bat egitea. Joxean Muñoz, erakusketaren komisarioak ere hala esan zidan behin, "hau euskararen inguruko erakusketa bat baino ez da; mila egin daitezke". Eta horixe da gakoa, mila egin daitezkeela, eta guztiak ezberdinak. Euskararen aniztasuna, hiztunen aniztasuna, historia, garapena, jasandako aldaketak, ñabardurak... San Telmo museoak espazio izugarria eskaini badio ere, ezinezkoa da euskararen ezaugarri guztiak lau paretaren artean mugatzea. Horregatik, nire ustez, erakusketarekin batera antolatu diren jarduera horiek guztiek bizitasun izugarria eman diote erakusketari, eta bisitariek asko gozatu dute.

Hain erakusketa bizia izanik, ez al da izugarrizko hutsunea sumatuko orain?

Fisikoki ikusgai, aztergai egon den garaia bukatu da bai, baina Badu, bada: euskara mundu eleanitzean erakusketa ez da amaitu. Bizirik jarraituko du on line formatuan. Badubada.com webgunearen bidez betirako erakusketa bihurtzea nahi dugu. Erakusketa birtuala elikatzen eta eguneratzen jarraituko dugu, denek, hemengoek nahiz kanpokoek bisitatzeko aukera izan dezaten.

Zuk zeuk zein egoeratan ikusten duzu euskara?

Nire ustez, Aizpea Goenaga moduan, ez Etxepare Institutuko zuzendari eta ez erakusketako koordinatzaile moduan ere, Aizpea bezala, euskaraz bizi ahal izateko borondatea behar dela uste dut. Hizkuntza badugu, trasmisiorako baliabideak ere bai, baina borondatea ezinbestekoa da. Oinarrizkoa da euskaraz bizitzea erabakitzea. Agian, erosoagoa izan daiteke gizarteko joerei segiz edo oztopoek mugaturik bizitzea; baina euskaraz bizitzeko erabakia sendo hartu eta borondate hori lantzen bada, lor daiteke. Horregatik, euskararen etorkizuna neurri batean gazteen esku dagoela uste dut; euskaraz bizitzea erabakitzeko adinean dauden gazte horien esku.

Eta euskara mundura ateratzeko ardura duen Etxepare Institutuko zuzendari izanik, nola dago euskara mundu eleaniztunean?

Ongi dagoela esango nuke. Hain tamaina txikia izanik, nahiko ongi irauten duela uste dut mundu eleaniztunean. Erabiltzen da, eta sarean ere indar handia hartzen ari da. Itzulpengintzan eta euskara mundura kanporatzean daukagu, agian, erronkarik handiena. Euskara eta euskaren inguruan sortzen den kultura guztia kanporatu, erakutsi, zabaldu behar da, eta hor lan asko daukagu oraindik egiteko.

Erakusketa berriro ikusteko aukerarik izango al dugu?

Bai, oraindik ezin dut toki zehatz bat izendatu, baina bai, izango da berriro ikusteko aukera. Izugarrizko arrakasta izan du, eta leku askotatik deitu digute. Dena den, oraingo Badu, bada San Telmo Museorako egindako erakusketa izan da. Etorkizunean, herri eta espazio ezberdinetara egokitu beharko da. Hiru hilabetez egon da Donostian, baina erakusketa bizia denez, ateak zabalik geratzen dira.

“Amerikarrek uste dute edozer lor dezaketela”

Euskal komunitateak presentzia handia duen hiri batean bizi da Nere Lete (Errenteria, 1964): AEBetako Boise hirian. Euskal Herritik urrun egon arren, euskal kulturarekin erabat lotuta jarraitzen du; bai bere lanean —Boiseko Unibertsitateko euskal ikasketetako arduraduna da—, baita familian ere, euskal jatorriko estatubatuar batekin ezkonduta baitago. Duela 24 urte joan zen Lete AEBetara bizitzera. "Hainbeste urte igaro eta gero, badirudi krisi existentzialen bat izan behar dudala, ea nongoa naizen. Hemen bizitzera oso ohituta nago, baina garbi dut Euskal Herrikoa naizela".

Euskal filologia ikasi zuen Letek, Donostian. Ikasketak amaitu ondoren, 1988an, AEBetara joan zen euskara irakastera, Renoko Unibertsitatera. "Gurasoen etxetik kanpora bizitzera joan nintzen lehen aldia izan zen. Abentura harekin jarraitu nahi nuen; beraz, beste urtebete geratu nintzen gaztelania irakasten". Ondoren, Literatura Erkatuan eta Itzulpengintzan graduatu zen, Iowako Unibertsitatean.

Iowan ikasten ari zela, senarra duena ezagutu zuen. "Duela hemeretzi urte ezkondu ginen, eta, harrezkero, Boisen bizi gara". Chris Bieter da senarra, David Bieter Boiseko alkatearen anaia. Ofizioz abokatua da, baina egun epaile aritzen da. "Amaren aldeko familia Bizkaikoa zen; amona Lekeitiokoa zen, eta aitona, Larrabetzukoa. 18 urterekin euskaraz ikasi zuen senarrak". Hiru seme-alaba dituzte: Maddalen 18 urtekoa, Josu 15 urtekoa eta Andoni 13 urtekoa.

Euskara eta ikastola

Etxean batzuetan egiten dute euskaraz. "Askotan senarra ni baino militanteagoa da. Batez ere Euskal Herrira joatekotan gaudenean, haurrei euskaraz hitz egin behar diegula esaten dit". Hiru seme-alabek dakite euskaraz. "Bizimodua ingelesez egiten duten arren, euskaraz ondo moldatzen dira".

Boiseko ikastolan ikasi zuten seme-alabek. Duela hamalau-hamabost urte inguru sortu zuten ikastola. "Alaba jaiotzeko zegoela, euskaraz ikasteko ikastola izatea ondo egongo litzatekeela pentsatu genuen". Beste familia gazte batzuekin eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin ikastola abian jarri zuten. "Euskal Herritik irakasleak ekarri genituen, Euskal Herriko metodologia eta pedagogia erabiltzea nahi baikenuen. Amerikarrek edozer lor dezaketela uste dute; ikastola ere bai. Nire senarrak esaten zidan: 'Ikastola, zergatik ez?'. Baikortasun horrekin, azkenean, lortu genuen".

Maddalen alaba ikastolako lehen belaunaldikoa izan zen. "Hemengo jendeak pentsatzen du eleaniztasunarekin hizkuntzetako bat ez dutela ondo menperatuko. Hori horrela ez dela ondo azaldu behar izan genien gurasoei. Ikastolaren ondoren ere, ikasleak Amerikako eskola sisteman oso ondo egokitu dira". 5 urte arte ikasten dute haurrek ikastolan.

Ikastolaz gain, euskararekin eta euskal kulturarekin lotutako elkarte gehiago ere badituzte Boisen: euskal etxea, euskal museoa eta kultur zentroa, Oinkari dantza taldea, euskal jatetxeak... Hiriaren erdigunean dagoen euskal auzoan daude. Urtero euskal jaialdia ere ospatzen dute. Gainera, euskal jatorriko agintariak izan dituzte hirian bertan eta baita Idaho estatuan ere. Euskal etxean 800 bazkide inguru daude. "Euskal jatorriko 5.000-6.000 pertsona inguru egongo dira Boise inguruan". Boisek 180.000 biztanle inguru ditu. "Euskaldunek presentzia handia dute hirian. Gure unibertsitatera irakasle berriak etortzen direnean, presidenteak euskal auzora gonbidatzen ditu".

Euskal ikasketetak

Duela hamalau urte inguru euskara irakasten hasi zen Lete Boiseko Unibertsitatean. "2005-2006tik aurrera, Euskal Ikasketak abian jarri genituen; Etxepare Institututik jasotzen dugu laguntza. Unibertsitate mailako bigarren mailako ikasketak dira, bi urtekoak". Lete da ikasketa horien arduraduna. Euskal gaiak irakasten dituzte, gehienbat gaztelaniaz eta ingelesez: euskal kultura, historia, zinema, literatura... "Euskara irakasteko ikasgaian erabiltzen dugu euskara". Bi urte horien ondoren, ikasleak Euskal Herrira bidaltzen dituzte.

Asteburuetan euskal kulturarekin lotutako ikastaroak antolatzen dituzte. "AEBetan dauden euskal ikasketetako beste irakasle batzuk gonbidatzen ditugu". Ikastaro eta ikasgai horiek unibertsitateko beste departamentuetako ikasleek ere egin ditzakete, eta horren truke kredituak lortzen dituzte. "Urtean 15-20 ikaslek egiten dute Euskal Ikasketen programa osorik, baina iaz, urte osoan, 714 ikaslek egin zuten gure ikasgaietakoren bat. Unibertsitatean beste departamentuekin sarea zabalduz goaz". Parte hartzen duten ikasleak oso gustura ateratzen omen dira. "Euskal Herriko errealitatea hobeto ezagutzen dute. Hemen komunitate estu bat ikusten dute folkloreari eta artzaintzari lotuta. Ez dakite Euskal Herria Europa barnean lurralde modernoa dela".

Bestalde, bizitzeko "hiri zoragarria" da Boise. "Idahoko hiriburua eta estatuko hiririk handiena izan arren, oso lasaia da. Ibai ederra dauka, oso garbia, eta jendea arrantzan ibiltzen da. Inguruan basamortua dagoen arren, hirian zuhaitz eta parke ugari daude; oso hiri berdea da". Hiriaren atzealdean mendiak dituzte. AEBetan ohikoa den bezala, auto ugari daude, baina jende asko ibiltzen omen da bizikletan. Horretarako, bidegorria dute. "Euskal Herriko jende gaztearentzat agian isilegia da. Tabernetara ezin da sartu 21 urte egin arte. Baina familia bat hazteko oso leku egokia da".

Erabiltzaileak hasiak dira Mugi txartela eskuratzen

Gipuzkoako garraiobide publiko gehienak ordaintzeko Mugi txartela erabili ahalko da martxoaren 4tik aurrera. Dagoeneko egin daitezke txartel berria eskuratzeko eskaerak. Lurraldebusen, Donostibusen, Euskotrenen, eta Irungo, Errenteriako, Hernaniko eta...

“Enpresa bideragarria da”

Zizurkilgo Huyck Wangner enpresaren ibilbidea Tolosan hasi zen, Telares Metalicos izenarekin, orain 90 urte inguru. Gero, Perot enpresak erosi zuen, eta, ondoren, lantegia Alemaniako Wangner enpresak bereganatu zuen. Azken hori Austriako Huyck enpresarekin elkartu zen, eta, azkenean, hortik sortutako enpresa Xerium Technologies multinazionalaren barne sartu zen. Orain, nagusiek itxi egin nahi dute Zizurkilgo lantegia. Enpresa batzordeko hiru ordezkariak ELA sindikatukoak dira, eta horietako bat da Asier Moreno (Tolosa, 1975). Enpresak paper fabriketako oihal sintetikoak egiten ditu.

Zenbat langileren lanpostua dago arriskuan lantegiaren itxierarekin?

75 langilerena, hau da, 75 familiaren etorkizuna. Langileen batez besteko adina 35 urte ingurukoa da. Horrek esan nahi du adin horretan seme-alabak dituzula eta hipoteka bat ere bai. Ikusita gaur egungo egoera nola dagoen, kalean geratzeaz gain, epe ertainean etorkizunik gabe geratuko ginateke.

Nola jaso zenuten albistea?

Txanda aldaketa batean jaso genuen albistea. Urtarrilaren 18a zen, ostirala, eta lantegiko arduradun batek enpresa batzordekoak bildu gintuen; bulegora eraman gintuen, eta han egon ginen enpresa taldearen abokatuekin. Eta haiek esan ziguten astelehen horretan, hilaren 21ean, bilera bat izango genuela Donostiako hotel batean. Guk pentsatzen genuen bileraren garrantzia handia izango zela, baina ez genuen uste hainbesterakoa izango zenik.

Asteburu horretan, jendea oso urduri zegoen, ordurako lur jota. Astelehenean, bilerara joan ginen, eta, bertan, Xerium Technologies enpresa taldearen kontseilari ordezkaria izan zen; Ameriketako Estatu Batuetan egoten da, eta haren berri behin ere ez dugu izan. Enpresaren abokatuak ere bertan zeuden, eta lantegia itxi nahi zutela esan ziguten; hau da, kontratua eteteko espediente bat aurkeztu zutela eta 75 langileri eragingo ziela.

Gero, langileei horren berri eman behar izan zenieten.

Oso gogorra izan zen. Jendea lur jota zegoen. Senar-emazteak eta anai-arrebak daude langileen artean. Kolpe handia izan zen; ondoren, pixkanaka albistea barneratzen joan ginen, eta, hortik aurrera, lanean hasi ginen, hau aurrera ateratzeko.

Lantegian, egoera erabat aldatuko zen, ezta?

Albistea jaso, eta, aste horretan, lanean jarraitu genuen. Hilaren 19an bertan, zaintzaileak jarri zituzten, eta identifikatzen ez baginen, horiek lantegira sartzea eragozten ziguten. Hori ez zen behin ere gertatu. Hilaren 25ean, ez ziguten utzi autoekin sartzen. Lehenengo, 75 langile botako dituztela esatea neurriz kanpoko erabakia da bideragarria den enpresa batean, eta, gero, segurtasun neurri horiek hartzea…

Langileek greba mugagabea egitea erabaki zenuten.

Bai, noski. Guztiz neurriz kanpoko erabakia hartu du enpresak. Lantegia egunean dago, ez du kargarik, eta erabaki hori ezin dugu inolaz ere onartu. Urtarrilaren 25etik gaude greban.

Zer arrazoi eman dute itxierari ekiteko?

Kontratua eteteko espedientea aurkeztu dute, eta lan erreformak neurri horri bidea irekitzen dio. Arrazoi ekonomikoak, antolakuntzakoak eta produkziokoak aurkeztu dituzte, guk kontrolatzen ez ditugun datuak erabiliz txostena egiteko. Gu ez gaude batere ados txosten horrekin. Lantegi hau bideragarria da. 2012an, %90ean aritu ginen lanean. Enpresa ondo doa, eta krisiaren urte hauetan beti izan ditu irabaziak.

Grebara deitzearekin batera, enpresara doan bidearen sarreran jarri zarete langileak. Zertarako?

Txandaka gaude langileak bertan, inor ez dadin sartu lantegira. Ezin dugu utzi lantegitik makinarik ateratzen; zerbait ateratzen badute, ez da berriz itzuliko. Eta lantegia da gure bizimodua aurrera ateratzeko bidea. Gurea dena zaintzen ari gara, eta bertan egongo gara, gurea dena lortu arte.

Enpresaren nagusia multinazional bat izateak nola eragiten du egoera honetan?

Zenbaki batzuk bagina bezala ikusten gaituzte. Lantegi guztien artean, langileko produkzio ratio onena dugu Zizurkilen. Lantegi honek ez du arazorik, agian beste batzuek dituzte. Eta guk ordaindu behar dugu egoera hori? Enpresak berak esaten digu oso onak garela lanean, eta, gero, itxi egingo dutela esaten dute.

Horrek amorru handia sortuko du langileen artean, ezta?

Enpresa honek 90 urte inguru daramatza eskualdean. Nola utz dezakegu ondo dagoen enpresa bat ixten? Horrelako enpresak hemen gelditzeko ahalegina egin behar da. Soldata handien arazoa ere ez da. Huyck Wangnerreko beste hiru lantegietan, Alemanian, Austrian eta Italian daudenetan, soldata handiagoak dituzte.

Babesa jasotzen ari zarete eskualdeko hainbat udaletatik eta sindikalismotik ere. Larunbatean Tolosan egindako manifestazioa jendetsua izan zen.

Erakundeak inplikatu nahi ditugu, eta udal guztiak babesa ematen ari dira. Harritu egin gaitu larunbateko manifestaziora zenbat jende etorri zen ikusteak; ez genuen espero hain babes handia jasotzea. Itxiera nolabait gelditu egin behar dugu, eta arazoa gizarteratu behar da. Orain, guri eragiten digu, baina, hurrengoan, ondokoari gerta dakioke. Gobernatzen dutenek zerbait egin behar dute. Ez da posible enplegua horrela suntsitzea.

Nola erantzuten ari dira lankideak enpresaren erabakiaren inguruan?

Jendea borrokatzen ari da. Enpresak aurrean izango gaitu. Horrelako egoera batean, jendea elkartu egiten da, eta lankideak sekulako erantzuna ematen ari dira. Familia bat gara, elkartuta gaude, eta enpresa batzordearen lana horren gainean oinarritzen da. Bizitzak egoera honetan jarri gaitu, eta, orain, horri aurre egitea dagokigu.

Oiloak libre, naturarekin bat

Nahi dutenean jan. Nahi dutenean paseatu. Nahi dutenean barruan, eta nahi dutenean kanpoan. Horrela hazten ditu Jexux Agirresarobek (Usurbil, 1969) bere oiloak. Oilategitik ateratzeko zulo bat daukate, eta hortik zuzenean belardira joaten dira. Han go...

Euskoa eta paradisu fiskala

Euskoa abiatzekotan zela irakurrita bilbotarren beste asmakari bikain baten aurrean geundela pentsatu nuen, eta Arriaga Antzokian 100.000 euroko billete berri baten aurkezpen ekitaldia irudikatu. Botxoko patrikak arintzeko oso baliagarria litzateke berritasuna; soinean bost bakarrik eramanda, igande eguerdiko txikiteora lasai irten ahalko lirateke.

Imajinazioak kale egin zidan beste behin. Euskoa Baionan asmatu dute antza, ez da Athletic zaleak erosoago bizi daitezen propio sortutako euro erraldoi bat. Tokiko ekonomia eta ingurumena sustatu eta euskararen alde jarduteko txanpona omen da dagoeneko Ipar Euskal Herriko bazterretan dabilena.

Ekimen burutsua eta ausarta dela iruditzen zait, eta ukitu erromantikoa ere ez zaio falta. Listua agortzen dugu gizarteak goitik behera aldatu beharko lukeela oihukatuz. Batzuk, ordea, —jendarte horren zati dira beraiek ere— ari dira bidea jorratzen. Bejondeiela. Billete karrikaratu berriak eder askoak dira, gainera.

Bidasoaren beste aldeko herrietan bizi direnak jator bezain hippy eta esoterikotzat hartu ohi ditugu, baina euskal pastelaren errezetaz gain badugu haingandik zer ikasi. Slow filosofiaz eta hazkundearen mantra deusezteaz zutabe andana idatzi dira —ditugu— gure berripaperetan. Kanbotik Sarara osteratxoa egitea nahikoa da beste bizimodu bat posible dela egiaztatzeko. Geldoagoa, ama lurrarekin adeitsuagoa.

Morroi arraro samarrak direnaren aurreiritzia ez dut nik zapuztuko, ordea, eta Hitza-koek lagatzen didaten artean testu populista bezain gezurteroak bidaltzen jarraituko dut, gero aldarrikatutakoaren kontrakoa egunero egiteko. Eta ziur asko euskoa lau nekazari maitagarrik erabiliko duten bitxikeria bezala geratuko da. Gutako askok aleren bat azkar asko gureganatu nahiko dugu, hori bai, diru-zorroan gordeta eraman eta tabernetan-eta harro erakusteko. Batzokietan-eta hit galanta izango da, haren berri izaten badute.

Tamalez ia hobe izango da moneta berriarena Ipar Euskal Herriko laborari eta merkatariek bakarrik kudeatzea. Hegoaldekook parte hartuko bagenu, laster genuke inflazioa zeruan, pare bat burbuila autoktonok lagunduta. Ez hori bakarrik: euskoa benetan indartsua balitz, paradisu fiskal bihurtzeko tentaldian erortzeko arriskuan geundeke, eta Kutxabank Suitzako banketxeen txapeldunen ligan lehiatzeko moduko munstro bilakatu liteke. 22 milioi euro koltxoi azpian gordeta dituzten alderdi politikoetako kideak azkar asko lirakete gurean, kontu-korronte berria zabaltzearen truke oparitutako zartagina eta maletaren bila.