Sailkatugabeak

Oiloak libre, naturarekin bat

Nahi dutenean jan. Nahi dutenean paseatu. Nahi dutenean barruan, eta nahi dutenean kanpoan. Horrela hazten ditu Jexux Agirresarobek (Usurbil, 1969) bere oiloak. Oilategitik ateratzeko zulo bat daukate, eta hortik zuzenean belardira joaten dira. Han go...

Euskoa eta paradisu fiskala

Euskoa abiatzekotan zela irakurrita bilbotarren beste asmakari bikain baten aurrean geundela pentsatu nuen, eta Arriaga Antzokian 100.000 euroko billete berri baten aurkezpen ekitaldia irudikatu. Botxoko patrikak arintzeko oso baliagarria litzateke berritasuna; soinean bost bakarrik eramanda, igande eguerdiko txikiteora lasai irten ahalko lirateke.

Imajinazioak kale egin zidan beste behin. Euskoa Baionan asmatu dute antza, ez da Athletic zaleak erosoago bizi daitezen propio sortutako euro erraldoi bat. Tokiko ekonomia eta ingurumena sustatu eta euskararen alde jarduteko txanpona omen da dagoeneko Ipar Euskal Herriko bazterretan dabilena.

Ekimen burutsua eta ausarta dela iruditzen zait, eta ukitu erromantikoa ere ez zaio falta. Listua agortzen dugu gizarteak goitik behera aldatu beharko lukeela oihukatuz. Batzuk, ordea, —jendarte horren zati dira beraiek ere— ari dira bidea jorratzen. Bejondeiela. Billete karrikaratu berriak eder askoak dira, gainera.

Bidasoaren beste aldeko herrietan bizi direnak jator bezain hippy eta esoterikotzat hartu ohi ditugu, baina euskal pastelaren errezetaz gain badugu haingandik zer ikasi. Slow filosofiaz eta hazkundearen mantra deusezteaz zutabe andana idatzi dira —ditugu— gure berripaperetan. Kanbotik Sarara osteratxoa egitea nahikoa da beste bizimodu bat posible dela egiaztatzeko. Geldoagoa, ama lurrarekin adeitsuagoa.

Morroi arraro samarrak direnaren aurreiritzia ez dut nik zapuztuko, ordea, eta Hitza-koek lagatzen didaten artean testu populista bezain gezurteroak bidaltzen jarraituko dut, gero aldarrikatutakoaren kontrakoa egunero egiteko. Eta ziur asko euskoa lau nekazari maitagarrik erabiliko duten bitxikeria bezala geratuko da. Gutako askok aleren bat azkar asko gureganatu nahiko dugu, hori bai, diru-zorroan gordeta eraman eta tabernetan-eta harro erakusteko. Batzokietan-eta hit galanta izango da, haren berri izaten badute.

Tamalez ia hobe izango da moneta berriarena Ipar Euskal Herriko laborari eta merkatariek bakarrik kudeatzea. Hegoaldekook parte hartuko bagenu, laster genuke inflazioa zeruan, pare bat burbuila autoktonok lagunduta. Ez hori bakarrik: euskoa benetan indartsua balitz, paradisu fiskal bihurtzeko tentaldian erortzeko arriskuan geundeke, eta Kutxabank Suitzako banketxeen txapeldunen ligan lehiatzeko moduko munstro bilakatu liteke. 22 milioi euro koltxoi azpian gordeta dituzten alderdi politikoetako kideak azkar asko lirakete gurean, kontu-korronte berria zabaltzearen truke oparitutako zartagina eta maletaren bila.

Irteeren artean asko, adinekoei laguntzeko

DYAk egiten dituen irteeren erdiak baina gehiago gizarte zerbitzuetakoak izaten dira. Zerbitzu horren barnean legoke, adibidez, adineko pertsonak eguneko zentroetara, bazkaltzera edo lagunekin egotera eramatea, eta baita bakarrik bizi diren pertsonen ...

ATEZ ATEKOAREN ERABILTZAILEAK

Atez ateko bilketa sistemari buruzko mezu argi bat zabaldu zuten joan den larunbatean Oiartzun, Hernani, Usurbil eta Antzuolako bizilagunek: "Bizimodu normala egiten segitzen dugu". Bilketa sistema horri buruz entzuten ari den "gezur erauntsiari" eran...

“Gure lagunentzat, guztiz arraroa da hau”

Batxilergoa ikasten ari dira Ane Bereziartua (Azpeitia, 1995) eta Mikel Arenas (Azpeitia, 1995). Adiskideen eta ikasketen inguruan harilkatzen dute beren eguneroko bizitza. Eskolako jardunaz harago, piano ikasleak dira biak, eta, azken urte hauetan, organoa jotzen ikasten ere ari dira. Azpeitian bertan, Esklabatako elizan jasotzen dituzte eskolak, eta, asteburuetan, inguruko elizetan ibiltzen dira hainbat elizkizunetan organoa jotzen. Irri artean aitortzen diete lagunei, lotsatuta ere bai sarri: "Gure lagunentzat, guztiz arraroa da hau".

Jose Luis Franzesena (Azpeitia, 1942) dute irakasle. Musikari ezaguna da; Azpeitiko Musika Bandako zuzendari ohia, eta Azkoitiko Santa Maria La Real elizako organista titularra —"Cavaille-Coll dotorea da"—. Erretiroa hartu zuenean erabaki zuen organo eskolak ematen hastea. Kezkatuta hasi zen. "Ikusi nuen inguruko organisten artean zaharrena eta gazteena neu nintzela", oroitu da. Inguruan organo oso dotoreak dituzte: Azpeitiko eta Azkoitiko Cavaille-Coll organoak, Errezilgoa, Urrestillakoa... Ulertu zuen horien inguruko jarduna biziberritzeko ezinbestekoa dela gazteak organora hurbiltzen saiatzea.

Musika eskolatik

Azpeitiko Musika Eskolatik bideratzen dizkiote ikasleak, gazteak gehienetan. Zenbaitetan, hartzen ditu edade handiagoko ikasleak ere. Gazteen erantzunak harritzen du, batez ere. Oinekin eta eskuekin jo behar izaten da organoa; postura bihurriak hartu behar izaten dira sarri, eta gehienak bikain egokitzen direla dio: "Gazteak erraz jartzen dira".

Geroa oraindik luzea eta lausoa izaten den nerabezaroaren sasoi horretan daude Bereziartua eta Arenas. Ez dakite datorren ikasturtean zer unibertsitate ikasketa hasiko dituzten; ez non; ez norekin; ez nola. Ez dakite musika ikasketekin jarraituko duten, ezta organoarekin ere. Oraingoz, esperientzian murgilduta dabiltza. Arenasek dio zenbat eta gehiago jo orduan eta gustagarriagoa dela: "Pianoa baino konpletoagoa da; zuk bakarrik jotzeko ere, osoagoa". Elizara hain sarri joan behar hori, horixe egiten zaie, batez ere, bitxia. "Eta mezetan, finean, laguntzaile bat besterik ez zara", dio Bereziartuak. "Hori bai, mezak oso eskasak izaten dira organorik gabe". Ikasle gazteokin batera, badu beste bat ere Franzesenak: Inazio Arakistain. "14 urte ditu, eta oso ondo aritzen da",aditzera eman du maisuak.

Instrumentu "profanoa"

Aitor Olea (Durango, 1969) ere organista da, Bergarako San Pedro elizakoa. "Orain dela lau urte izendatu ninduten organista titular; aurretik, Lekeition izan nintzen hogei urtez". Hasi eta berehala, organo eskola bat sortzea proposatu zion bertako abadeak. Egun, zortzi ikasle ditu, denak helduak. Baina eduki izan ohi ditu gazteak ere: "14-15 urtekoak". Instrumentuaren inguruko "ezjakintasuna eta aurreiritziak" eragozpen direla dio. Soilik elizarekin erlazionatze horrek zama dakarrela argi du, eta, gainera, ez deritzo oso egokia: "Instrumentu hau XIII. mendetik aurrera hartu zuen Elizak beretzat...". Ordura arte iragan "profanoa" izan zuela dio: "Kalekoa". Instrumentu eramangarria izaten zen, batetik bestera eramateko modukoa.

Eliza gotikoen handitasunak ekarri zuen, hein batean, egun ezagutzen diren organoen tankera: kaxa erraldoiak dira, tutuz betetakoak. Ezin dira higitu, baina abantaila handi bat dute: "Orkestra baten soinuak sor ditzakezu zuk bakarrik". Espazioaren eta hotsaren arteko "misterioan" jolasteko aukera ematen dute —"akustika bilatzekoa"—, eta horrek erakartzen ditu, dioenez, ikasle asko. Eta horretan sakondu nahi dute. "Instrumentua herriratu nahi dugu. Instrumentu hori herriaren sormenetik irten denez, uste dut guk ere zor diogula hori, eta hurrengo belaunaldiei ere laga behar diegula". Oleak argi du tresnak horretarako bidea ematen duela: "Edozein abesti herrikoi jo daiteke organoarekin".

Gorka Cuestak osatzen du organista titularren taldea

Donostiako Koruko Andre Mariaren basilikako organista titularren taldea Gorka Cuestak osatzen du (Donostia, 1969). Organista ezaguna da, eta konpositorea ere bai; organorako musika sortu du, besteak beste. Gainerako organisten bestelako martxa ibiltze...

Iraganaren doinu biziberritua

Rolls Royce automobil baten parekoa da". "Gozoa da, eta, era berean, indartsua". "Poesia da". Donostiako Koruko Andre Mariaren basilikako organoak Cavaille-Coll etxearen ikurra du; XIX. mendean, aro erromantikoan, organo ugari egin zituen Frantziako e...

7.000

Eresbilen iaz erregistratutako agiri berriak. Musikaren Euskal Artxibo Eresbilek 7.000 agiri berri erregistratu zituen iaz eta denera 215.00 dokumentu dituzte bertan. Errenterian du egoitza artxibategi honek, eta urtero Musikaste antolatzen du, Euskal Musikaren Astea. Aste batean egin beharrean, bi asteburutan egingo dute aurten.

“Hemengo petrolioaren prezioa jaisten ez bada, ez dute arazorik”

Lehen Hezkuntzako irakasle ikasketak Euskal Herriko Unibertsitatean amaitu, eta, beste hainbat gazte bezala, ikasitako horretan lanean aritzeko aukerarik ez zuelako joan zen Norvegiara Iñigo Igartza (Zumarraga, 1990). Udalekuetan begirale, zerbitzari, eta "beste lan txiki batzuk" egiten aritu zen, "baina ikasitakoarekin lotutako ezer ez". Hala, "nahia eta beharra" aldi berean elkartu zitzaizkion, eta mundu zabalera irtetea erabaki zuen: "Irakaskuntzan lana aurkitzeko dagoen zailtasunagatik eta ingelesa hobetzeko gogoa nuelako". Irakasle lanetan ez, baina hezitzaile lanetan ari da gaur egun lanean Igartza. Familia bateko bost haur zaintzen ditu, eta haien ardura du.

Norvegiako Evanger hirian bizi da, Oslotik 416 kilometrora eta Bergen hiritik 82 kilometrora.

Norvegian daraman denboran "administrazio publikoak zein geldo lan egiten duen" harritu du gehien Igartza. "Ez nuen uste burokrazia horren motela izango zenik; kanpoan ez dute ospe hori".

Euskaldunen eta norvegiarren artean antzik topatu du, hala ere: "Jatun onak garela bi lekuetan!". Baina ezberdintasunak ere bai, jateko ordutegian, adibidez. "Beranduenera bostetan afaltzen da, eta ez dute gure moduko bazkaririk egiten". Norvegiarrak legea errespetatzen arduratsuak direla dio. "Publikoa den guztia asko zaintzen dute; errespetu handiz tratatzen dute". Trenean txartelik gabe bidaiatzea, zehaztutako abiadura mugen gainetik gidatzea, lurrera zaborra botatzea eta halako ekintzarik ez du ikusi Igartzak norvegiarren artean.

Norvegiera ikasten

Lana amaituta, aisialdira bideratzen du bere denbora zumarragarrak. Kirola egitea atsegin du, eta horretan aritzen da sarri; herrian bertan duten laku ertzean korrika eginez edo mendira joanez. "Astean behin herriko suhiltzaile boluntario batzuekin kirol pixka bat ere egiten dut, eta norvegiera ikasteko eskoletara ere joaten naiz". Izan ere, Norvegiara ingelesa praktikatzeko helburuarekin joan bazen ere, hango egunerokoan murgiltzeko norvegieraz jakitea garrantzitsua da Igartzarentzat.

Norvegiarrek "etxean ordu asko" ematen dituztela ere esaten du, "baina patinatzera, eskiatzera edo zinemara ere sarri joaten dira". Euskal Herrian tabernara joateko dagoen ohiturarik ez omen da Norvegian, eta aisialdirako kultur ekintza gutxi. "Hori bai, daudenean herriko jende guztia elkartzen da!".

Ibaiaren ertzean dago Evanger, eta, uraren bideari jarraituz, turismoa egiteko ere aprobetxatzen du denbora librea Igartzak. "Negua, ordea, ez da garairik onena hara eta hona ibiltzeko; hotz handia egiten du, eta argi gutxiko egunak izaten dira". Turismoa egiten jarraitzeko asmoa du, gainera, Igartzak, "oraindik leku asko" baititu ezagutzeko.

Aintzira artean

Leku humela eta lakuz betetakoa da Evanger ingurua; Igartzaren ustez, "inguru zoragarria". Euskal Herrira eta Gipuzkoara ere hango ur pixka bat ekarriko luke, Goierri aldean lakuren bat eraikitzeko. "Laku asko daude, eta denak oso ederrak dira. Hemengo bat edo beste ere eramango nuke Euskal Herrira".

Etxean ere gauza ederrak ditu, ordea, eta bat baino gehiago eramango lukeen arren —"familia eta lagunak, noski"—, bada bat harentzat benetan berezia dena: "Urretxu-Zumarragako gaztetxea ekarriko nuke, dudarik gabe!".

Krisia ere hizpide du Zumarragakoak. Gipuzkoan eta Euskal Herrian ez bezala, "Evangerren, inguruko hirietan eta orokorrean Norvegian ez baitute krisirik sumatzen. Badakite munduan krisi handia eta sakona dagoela, baina hemengo petrolioaren prezioa jaisten ez den bitartean, Norvegian ez dute arazo handirik izango".

Norvegian lanean daraman denboran, hango eta hemengo lagunak egiteko aukera izan du Igartzak. Zenbaitetan Euskal Herriaz eta Espainiaz aritzen da haiekin hizketan, bertako eta Norvegiako egunerokotasunaz. Eta badituzte erreferentziak: "Jende askok daki Euskal Herrian eta Espainian gatazka politiko bat dagoela eta ETA erakundea badela. Horrekin lotuta, anekdota gisa konta dezaket norvegiar batek galdetutakoaren harira: Kanariar uharteetara oporretara joatekoa zen, eta ea bertan ETArekin arazoak izango zituen galdetu zidan", oroitu du.

Igartzak azaldu duenez, norvegiarrak Espainiara doaz oporretan, eta Espainiarrak Norvegiara lan bila: "Familia ugari etortzen ari da Norvegiara, lana erraz bilatuko dutelako ustearekin, baina hemen lana aurkitzeko norvegieraz jakitea ia ezinbestekoa da; ez da nahikoa ingelesez jakinda".