Sailkatugabeak

Gorputzarentzat odola bezala

Tolosako inauterietara lehenengo aldiz joaten dena mozorroen festaren giroak harrapatuko du. Zaila da tolosarren eta inguruko herritarren parte hartzea gainditzea: mozorroturik ez dagoenari lekuz kanpo sentiarazten dio. Bada beste fenomeno bat ere bisitaria harrituta utzi ohi duena: txarangak.

Txupinazoa jaurtitzeko ohorea Poca Tripa txarangak du aurten. 50 urte beteko ditu, eta Kabi Alai elkarteak, festei hasiera emateko ardura duenak, Inauterizale Kuttun izendatu du. Javier Arrizibita Poca Tripa txarangako kideak argi du: "Inauterientzat txarangak gorputzarentzat odola bezala dira". Arrizibitak dio "oso ondo" pasatzen dutela txarangarekin aritzen direnean: "Guk jotzen dugun egunean ez gara konpartsez asko jabetzen. Musikarekin festa alaitzen saiatzen gara, gehienbat zezen plazan eta dantzaldian".

Tolosan kaleko musika beharrezkoa dela dio. "Udalak gauerako ere kontratatzen ditu txarangak. Ostegun Gizenean jendea kalean dago 23:00etan. Alaitasun handia sortzen dute", esan du Poca Tripako kideak. Berdura plazan egiten den dantzaldia "oso polita" dela gaineratu du: "Txaranga batek bukatzen duenean, beste bat igotzen da. Eta biek elkarrekin jotzen dute pieza bat". Arrizibitarentzat une bereziena Alde Zaharretik zezen plazara egiten duten bidea da: "Alde Zaharretik zoazenean txarangaren soinua berezia da, eta ikusten duzu jende guztia zezen plazara alai doala".

Emakumeen parte hartzea

Txaranga asko herriko elkarteren batetik sortuak dira. Poca Tripa da salbuespenetako bat, hainbat elkartetako kideek osatutakoa baita. Pintxana da horietako beste txaranga bat; kaleko sagardotegi batean elkartzen ziren talde batetik orain urte asko sortutakoa. Bertako kidea da Mila Garcia de Iturrospe, txaranga bat zuzentzen aurrenetako emakumea. "Gure garaian gutxi ginen, baina orain emakume dezente ikusten dira txarangetan", dio. Pintxanan beste bi emakume ere izan dira zuzendari. Postua aldatu egiten dute kideen artean, tarteka, Garcia de Iturrospek azaldu duenez: "Lau edo bost kanta joz atera daiteke Pintxana txaranga, eta nik uste dut taldea gidatzeko aukera eman behar zaiola jendeari".

Txikitatik bizi izan du musika eta txaranga giroa Garcia de Iturrospek: "Nire etxean denak oso inauterizaleak izan dira. Saxofoiarekin hasi nintzenean, gero txarangetan sartu nintzen". Harentzat inauterietan musika "oso garrantzitsua" da: "Pentsa ezazu, asteazkenetik Ostegun Gizenerako gauerdian [inauteriak hasi aurretik], Vista Alegre txaranga ateratzen denean, sekulakoa da jendea nola hasten den saltoka".

San Esteban elkarteko txarangan ere jotzen du Garcia de Iturrospek. Aurten, habanera berri bat sortu dute. Izan ere, elkarteek, euren txarangekin kalean giroa sortzeaz gain, doinuen errepertorioa aberasten dute.

Kexak ere izaten dituzte musikariek. Ramon Zubeldia San Esteban txarangako zuzendariak karroza eta konpartsen ondotik igarotzean bolumena jaisteko eskaria egin du. Bestalde, zezen plazatik Alde Zaharrera joateko kalejira bizkortu dezala eskatu dio udalari: "Betidanik aurrerantz izan da. Baina, iaz, lau pauso aurrerantz eta bost atzerantz ematen zituen jendeak".

Horrelako gaiak eztabaidatzen dituzte txarangetako ordezkarien eta udalaren arteko bileran. Bertan urte bakoitzeko arautegia adosten dute. Izan ere, hamar txaranga daude ofizialak direnak, eta horien jardunari eragiten diete batez ere arauek. Esaterako, Zaldunitan, Astelenitan eta Asteartitan (inauterietako igandea, astelehena eta asteartea), egun bakoitzean hiru txaranga ofizial daude, eta txandatu egiten dira urtetik urtera.

Egitarauko ekitaldi garrantzitsuenetan parte hartzen dute txaranga ofizialek: zezen plazarako eta handik ateratzeko kalejiretan, zezen plazan bertan eta Berdura plazan egiten den dantzaldian. Arautegiak, adibidez, zezen plazan txaranga bakoitzak izango duen kokalekua zehazten du, edota zezen plazara joaterako kalejiran txaranga doinuen errepertorioaren 7. eta 14. abestiak jo behar direla, hau da, Praskhuarena eta Irureta.

Errepertorio propioa

Abesti ugari daude, baina klasikoak edo betikoak zein diren jakiteko egokiena, etzi, Tolosako Musika Bandaren Inauteri Kontzertura joatea da. Bertan, txarangazaleen oroimen musikalean dauden hogei bat abesti jotzen dituzte: Diana, Pello Ziri-Ziri, Galtzaundi, Artillero, Gaur txantxo naiz, Polka, Isabelita... Enrike Arostegi bandako zuzendariak emanaldi berezia dela dio: "Berdura plaza bete egiten da. Gure kontzerturik jendetsuena da. Bandan aurretik aritu direnak ere etortzen dira".

Arostegik ere inauterietan musikak eta txarangek duten garrantzia nabarmendu du: "Inauteriak leku askotan daude, baina Tolosan ezberdina da, denbora guztian kalean musika dagoelako, eta gainera errepertorio propioa dugu". Arostegik Urdiña Txiki txarangan jotzen du. "Tolosan inauterietan gelditzen den musikariak txarangaren batean parte hartzen du", dio. Hain justu, musika eskola eta musika banda izaten dira txarangetan jotzen dutenen harrobia.

Udalak ere argi du txarangek "berebiziko garrantzia" dutela. Mikel Arreseigor zinegotziak dioenez, "herriko beste hainbat eragile bezala ezinbestekoak dira inauterietan. Haiek gabe inauteriek ez lukete zentzurik izango".

Inauterietako doinuak herriz herri zabaltzen txarangek asko lagundu dutela esan du Arreseigorrek. "Aurten, gainera, udaleko euskara zerbitzukook, doinuak zabaltzeko asmo horretan, euskarazko inauteri kantuen liburuxka bat argitaratu dugu. Inauterietan egunero txarangek jotzen dituzten abestietako hitzak jasotzen dira bertan", gaineratu du. Txarangen musika oso barneratuta dagoela dio: "Tolosako inauterizaleok txarangen atzetik dantzan joatea maite dugu, eta hori kanpotik datorrenari ere kutsatu egiten zaio".

Datorren ostegunean, Ostegun Gizenean, suziriarekin batera lehertuko da jaia. Eta txarangek musikaz bustiko dituzte, beste behin, Tolosako kaleak.

Bi bertsolari, diren moduan

Ander Lizarralde eta Unai Muñoa. Bihar buruz buru ibiliko dira Andoaingo Bastero kulturgunean. Bertsolari moduan egin dituzten urte hauetan guztietan ehunka aldiz egin duten keinua izan da taula gainera igotzea. Kasu honetan, ordea, ez dute betiko moduan egingo. Ez dute gai-jartzailerik izango alboan. Gaia eurak izango dira, eta eurei buruz hitz egingo dute.

Ez gara Palestinaz ari... emanaldiaren estreina baino astebete lehenago —joan den ostiralean—, Basteron bertan ari dira ikuskizunari azken ukituak ematen. Bertsotan aritu dira, gairik gordinenak azaleratzeko tresna gisa; aktore lanetan aritu dira, umorea ere ikuskizun horretako osagai garrantzitsua baita. Eta alboan bi musikari izan dituzte: Aitor Atxega gitarran, eta Imanol Kamio pianoan eta akordeoian.

Bat-batekoa albo batera utzi dute, eta orain mezua beste modu batera adieraztera doaz. Mugimendua, keinua, begirada... dena da adierazgarri, eta atrezzoa ere erabili behar dute. Amaia Vazquez psikologoaren gomendioak adi entzun dituzte Lizarralde oiartzuarrak eta Muñoa lasartearrak, estreinaldiaren egunean okerrik ez egiteko.

Bi urtez lantzen aritu diren proiekuaren atzerako kontua hasi dute, eta hasi dira beldurra nabaritzen. "Askok pentsatzen dute ehunka lagunen aurrean bertsotan aritzea ausarta dela. Izan daiteke, baina nire eskema zaharretik ateratzea, niri behintzat, asko kostatzen zait", adierazi du Lizarraldek. "Guk formatu hori ikasia daukagu, eskuak patriketan sartu eta gauzak oso serio botatzen. Hortik aurrera, irribarre bat egitea, edo eskuak mugitzea... ikaragarri kostatzen zait", gaineratu du.

Muñoa ez du horrenbeste beldurtzen aktore lanetan aritzeak, baina bai jendaurrean den bezala agertzeak: "Beldur eszenikoa parte bat da, baina niri beldur gehiago ematen dit jendearen aurrean garen bezala jartzeak, 'hau naiz ni' edo 'hau da nire parte bat'".

Gizona eta emozioak

Beldurrez bezala, kezkatzen dituzten beste hainbat gaiez hitz egingo dute bihar bi bertsolariek. Oraingoan, ordea, ez dute gai sozialez hitz egingo, proiektuaren abiapuntua horixe baitute, eurei buruz hitz egitea, eta horregatik bota dute honako galdera hau: "Erreparatzen al diogu gure buruari?". Emozioez hitz egitea, oro har, kosta egiten dela esan dute, eta euren kasuan, gizonak izanda, are gehiago. "Gizonek oraindik ezkutatuago daukagun aldea da hori. Itxura sendoa eman behar dugu, beti babesa eman behar duenaren itxura, eta ez babestua izan behar duenarena. Horri ekarpen bat egin nahi diogu", zehaztu du Muñoak. Gizontasunarekin eta beldurrarekin batera, beste gai batzuk ere landuko dituzte ordubete pasatxoko emanaldian: haurtzaroa, egoa eta askatasuna, kasurako.

Haurtzaroa, hain zuzen, ikusleari nor diren hobeto ulertzen laguntzeko landuko dute. Egoa ere azaleratuko dute, "lotsaz gordeta" eduki duten zati hori. Gainera, emanaldia eurei buruzkoa izanda, "egozentrismo ariketa bat" izan daitekeela uste dute. Eta askatasuna, berriz, Euskal Herriaren askatasunari erreparatzen dion gizartean askatasun pertsonala ere aldarrikatzeko.

Muñoak azaldu duenez, urteak dira harremana egin zutenetik, eta biek ibilbide beretsua egin dute euren barne munduaren lanketari dagokionez. "Kontua zen guk elkarrekin hitz egiten genituen gaiak eta konpartitzen genuen intimitate hori, nola sumatzen genuen gure inguruan ez dela hain ohikoa, ez gaudela hain ohituak gure miseriak kontatzera, gure ahuluneak azaleratzera. Ohartu ginen denbora asko pasatzen dugula gai estratosferikoez hitz egiten, eta gutxi ematen dugula gutaz hitz egiten".

Lizarralderen arabera, barruan zuten korapiloa kanporatzeko ariketa bat egiten ari dira ikuskizun honen bidez: "Behar bat genuen askatzeko, barruan genuen hori azaleratzeko. Bertsoa eta musika instrumentu gisa hartu ditugu, barruan horrenbeste estutzen gintuen behar hori azaleratu eta adierazteko".

"Mezua jantzi"

Proiektua mezutik abiatu da, eta bertsolari bakoitzak bere sorta egin du. Behin sorta egin eta txukunduta, musikaz jantz zitekeela bururatu zitzaion bikoteari, eta Aitor Atxega gitarristarengana jotzea erabaki zuten. Gero, pianoak emanaldia are gehiago jantzi zezakeela bururatu zitzaien, eta Imanol Kamiorekin jarri ziren harremanetan. Akordeoia ere jotzen du Kamiok ikuskizunean.

Oinarria hartuta, forma ematen hasi ziren, eta horrek egin du ikuskizunak, bertsolaritzaz gain, musikatik, poesiatik eta antzerkitik edatea. "Konturatu ginen emanaldia oso trinkoa zela, gaiak oso sakon lantzen direlako. Orduan, umorea behar genuen. Umorea esketxen bidez egitea erabaki genuen, eta orduan, antzerkitik hasi ginen hartzen. Bi ahotsetara politago gera zitekeela bururatu zitzaigun orduan, eta kantaritik ere hasi ginen hartzen. Joan gara elementuak bilduz, mezua janzteko", azaldu du Muñoak.

Ildo horretan, esaten dute ez direla kantariak baina kantatu egiten dutela, ez direla aktoreak baina antzeztu egiten dutela, ez direla poetak baina poesia egiten dutela. Bertsolaritzaren bidez biluztuko dira, baina alde batetik eta bestetik hartu dituzten elementuen bidez jantziko dute igorriko duten mezu hori.

Ikus-entzuleek mezu hori jasotzea falta da orain. Asmoa da beraiek azaleratuko dituzten zenbait gairekin identifikatuta sentitzea eta, era berean, gogoeta egitea. "Haurtzaroaz hizketan, agian bere haurtzarora joango da, edo nik nire beldurrarekin azaltzen ditudan elkarrizketen bidez, agian euren beldurrarekin ere konektatuko dute. Helburua da gai horiekin galderak piztea, eta beraiek gu ispilu gisa erabiltzea", esan du Muñoak.

Estreina gainean dutela konturatu da Lizarralde zer egitera doazen, baina era berean, horrek motibatzen duela esan du: "Norbait publikotik altxatzen bada eta esaten badigu 'gizajo batzuk zarete', horrek ere zerbait positiboa ekarriko digu. Hala ere, ez gara oso ezberdinak gure artean, eta enpatia lortzeko ariketa ona izan daiteke".

Publikoaren epaia ere proiektuaren beste fase bat izango dela iritzi dio Muñoak, bi bertsolariak diren bezala edo, behintzat, haien parte bat ikusiko dutelako. "Badakigu batzuk epaitu egingo gaituztela, eta arrisku hori hartzen dugu. Hori kudeatzea izango da prozesuren zati bat".

Atez Atekoaren kontrako sinadurez

AAB Atez Ateko Bilketaren aurkako plataformek egindako sinadura bilketan 70.000 sinadura bildu dituztela diote. GZZeko kideok sinadura horien inguruan egiten dugun hausnarketa artikulu honen bidez plazaratu nahi dugu. Plataforma horien sorreraz eta si...

‘3Lak’, hiru poeta handi

Lertxundi eta Valverde

Donostia

Xabier Lizardi, Esteban Urkiaga Lauaxeta eta Xabier Lete. Hiru poeta handi horien lanak ikuskizun bakar batean bildu dituzte Anjel Lertxundi idazleak eta Antton Valverde musikariak, eta euskal literaturaren klasiko horien poetikari buruzko kontzertu hitzaldia atondu dute, 3Lak izenburupean. Lizardi, Lauaxeta eta Lete dira hiru L-ak, eta haien eleak dira Lertxundik eta Valverdek taularatuko duten ikuskizuna harilkatzen dutenak.

Letrei, lirikotasunari eta literaturari dagozkie, halaber, hiru L horiek, eta hirurak izango dituzte aztergai Lertxundik eta Valverdek. Hala, Valverderen kantaldia hiru poeten hitzekin osatuko da, Lertxundik hitzezko argibideak ematen dituen bitartean. L-ak esanahi gehiago ere badu, hiru poetei erreferentzia egiteko orduan: "Luma lehenak, lanean libreak, lekuko leialak".

Lertxundi eta Valverderen emanaldia Donostiako San Telmo museoko ekitaldi aretoan izango da, datorren asteazkenean, 19:00etan. Hain zuzen ere, museo horretan joan den azaroaren 16tik ikusgai dagoen Badu Bada. Euskara mundu eleanitzean erakusketaren barnean antolatu dute kontzertu hitzaldia.

Erakusketa azken txanpan sartzen ari da, otsailaren 17rako iragarri baitute amaiera, baina haren inguruko ekitaldiak ez daude inolaz ere amaitzear. Datorren asterako, esaterako, hiru ekitaldi antolatu dituzte. Heldu den asteartean, asteartero egin duten moduan, hizkuntzarekin lotutako zerbitzu eta erreminta teknologikoen aurkezpen gune izango da Badu Bada erakusketa; eta Bi Tanta diseinu grafiko, web eta komunikazioko enpresa gazteak eta EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak parte hartuko dute. Ostegunean, berriz, Xose Estevez historialariak erakusketari buruzko ikuspegi pertsonala emango du, bisita gidatu baten bitartez. Bisita galegoz izango da. Orain arte, hainbat pertsona ezagunek egin dute bisita gidatua Badu Bada erakusketan, eta haren edukien gaineko interpretazioa eskaini diote bertaratutako bisitariari: Iñaki Perurena, Luistxo Fernandez, Ibon Sarasola, Harkaitz Cano, Maialen Lujanbio eta abar.

Boterearen atez ateko demokratizazioa

Azken boladan Bergarak protagonismo berezia eskuratu du Euskal Herriko eta Espainiako hedabideetan. Bergarako etxe askotako balkoiak zabor poltsaz bete dituzte protesta gisa. Aitortu beharra dago eraginkorra izan dela protesta egiteko modua. EAJk Bilduko udal korporazioari egotzi dio ez duela herritarren hitza errespetatu. Hori entzunda, pentsa daiteke EAJk Bergaran eta Euskal Herriko beste hainbat herritan ere sarritan praktikatu izan duela herri galdeketaren ariketa demokratikoa; nahiz eta inor gutxik gogoratuko duen alderdi jeltzaleak eginiko kontsultarik.

Herri galdeketa izan daiteke boterea demokratizatzeko modurik eraginkorrena, betiere erabilera egokia egiten denean. Pertsonok berezkoa dugu boterea kontzentratzeko joera, eta horixe da erakundeak demokratizatzeko izan ohi duten eragozpen nagusia. Egitura sinpleenetik hasi eta konplexuenera, zaila gertatzen da boterea demokratizatzea; nahiz eta boterea sozializatzea den demokraziak duen benetako indarraren klabea.

Erabakiak behetik gora hartzea da egitura demokratikoen funtsa, baina ideia sinple horrek badauka ñabardurarik. Erabakiak hartzeko informazioa behar da, eta informazioaren transmisio edo kudeaketak helburu bi izan ditzake: herritarrek erabakiak ahalik eta egokien hartzea, edo informazioa manipulatu, eta interesatzen den erabakiak gehiengoaren babesa lortzea. Boterea demokratizatzeko borondaterik ez dagoenean, bigarrena egingo da. Gardentasuna da, beraz, demokratizaziorako giltzetako bat. Informazioaren kudeaketa zintzoarekin hartzen diren erabakiak zilegitasun maila altuagoa dute. Eta egoera kritikoen aurrean, erabakitzen dutenek nahiz erabakiek sendotasun maila altua dute.

Hori esan ondoren, zenbat erakunde garden eta demokratiko ezagutzen ditugu? Erakunderik sinpleenean ere, botere kontzentraziorako daukagun joeragatik, informazioa ezkutatu, moldatu edo komeni denean dosifikatuta erabiltzen da, erabilera estrategikoa eginez. Baina horrek partaideen atxikimendua galtzea eragiten du; urrundu egiten dira, eta erakundeko arduradunenganako konfiantza galtzen dute.

Benetako erresistentziak ditugu boterea demokratizatzeko. Zein erabaki laga behar dira herritarren esku? Atez atekoa, bai ala ez? Azpiegitura handiak, bai ala ez? Herritarrek badute irizpide eta gaitasunik erabakiak hartzeko? Eta lau urtean behin aukeratzen ditugun politikariak edo arduradunak aukeratzeko? Eta aukeratutako horiek badute erabakitzeko gaitasunik? Enpresetan, sindikatuetan, udaletxeetan, auzo elkarteetan, herri mugimenduetan… Beti daude formalki langileek, herritarrek edo bazkideek hartzen dituzten erabakiak, baina benetan zenbateraino dira kontzienteki hartutakoak?

Gardentasunaz dihardudanez, garbiago esango dut. Erakunde bateko arduradunek ematen duten edo ez duten informazioa edo desinformazioa, oposizioaren informazio edo desinformazioa baino garbiagoa ote da? Inork ematen al du intentzionalitate gabeko informaziorik? Non, nork eta nola neurtzen du egien, erdi egien, iruzurren eta gezurren tamaina?

Alerten zurrunbiloan

Euria dela, elurra dela, haize zakarra, muturreko beroa, laino itxia, sute arriskua, izotza edo olatuak direla... Fenomeno klimatologiko eta naturalak tarteko, maiz ematen ditu Eusko Jaurlaritzak kolore ezberdinetako abisuak. Etengabe alerta egoeran g...